Just love
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 13, 1988ko abendua

 

JUST LOVE

 

beti bezala

zuek biok herriko

nere kontaktu afektibo bakarrak,

joan naiz

maite zaituztedala ahozkatu ezinean.

paper pirtzilikatuaren ezkinean

idazten dut

ez ahanzteko

asko maite zaituztedala.

iparruntz garamatzan trenaren zaratarekin

batera bien izenak

zorion mutuaren melopeia minberak

marmarikatzen ditut

musika lineala moldatzeraino.

eta zuek biok hemen

sahetsean

urradura garratzik gertatu ez bailitzan

sahetsean

itxuratzen zaituztet.

ghettoko karriketan kurutzatzen garenean

    gogoa dut

    nere besoetan zuen materialitatea

    tinkatzeko,

    arpegi zaurituak laztantzeko,

    lakrimogenoek erre begiak aireztatzeko.

ghettoko karriketan lehenago nola.

sahetsean.

monologo mentalean dihardut.

edo ostatuetako mahain mainguetan bildurik

ohizko giroak burtxoratzen gaituenean

    nahiko nuke

    hamabostero

    kasko hustuegia

        baten zein bestearen sorbaldetan

        pausatu

        denbora larrutzaleari bake orduak

        lapurtzearren.

baina ez naiz ausartatzen.

paper pirtzilikatuaren ezkinean idazten dut ...

 

 

Just love
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 13, 1988ko abendua