Just love
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 13, 1988ko abendua

 

EURI EGUNAK

 

euri egunek atzo telefona hantzen zuten

ambre usaina denetan hedatuz

goroldio ubelak bihotzetan hazten ziren

itsas adarrak hil mihise zuhailetan

luzatzen zirenean.

 

attabal urrunen musikak saxoaren kantuak

urratzen zituen memoriaren landa

beldurtietan uhar metalikoak asmatzen

zenituen hiri berrietako karriketan

galtzen zinenean.

 

zenion: begira ttiki, kopetan dudan zulotxo

honetan amiltzen dira txori beltzak

itotzen dituzten uholde urdinak oro

eta gelaren ezkin ilunean kukubilkatzen

zinen ikaraz josirik.

 

sekretuki eraman zenituen herrenegun batez

argia amatzerainoko urratsak

bakardadearen geriza beharrezkoan.

bero handiegietako arratsalde moteletan

udako lantzurda herabeaz ametsetan

iharduten zenuen.

 

 

Just love
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 13, 1988ko abendua