Just love
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 13, 1988ko abendua

 

MUSIKA SAMINA

 

aspalditik ez zaitu hatsa hartzen uzten

kretinismo orokorraren kromosomo hedatuak

masai gudarien ahizparen errain lirainak

musukatzen dituzula desesperantzaren urak

hausten dituzu

          musika samina muinetan

hilabetero desgostuaren uholdeak antsi

garraituaren iturburuak hersten dizkizu.

 

genozidio nagusiaren esku makil leialenek

eskapatzera behartu zaituzte errudun xoila

zuhaur zinela sinets araziz mea culpa (bis)

gailur brumatsuetaz ametsetan lehertzean

sasiko loreak usanduz

          musika samina muinetan

badakizu prest direla euskaldun zintzoak

moral egile zaharrak ordezkatzeko.

 

batzuen matrakadak edo besteen erderakadak

non koka ditzazkezu haragi samurren desir

menperatuak hiriko ipular erretan etzanik

Djemila Maritxu baino hurbilago daukazula

tren anonimoetan ote? goizeko seiretan

          musika samina muinetan

oinarrizko gorrotoaren lehen nota beltzak

txixtukatzen dituzu etxeratzekoan.

 

bakardadearen inguma hitsari ahurra luza

diezaiokezu debaldetan mentalki amore ubel

mainguen pena hotsak elkortzen dituzunean

noiztenka zartagailu bizi bilakatu nahiko

zenuke hego haize baina

          musika samina muinetan

iraultza osoa edanez eztitasunez kargatu

telegrama urdinak igortzen dituzkezu.

 

ibai motelaren sabel karrankalarian gorde

eta oihuka has zaite ez dela itsasoa urrun

parke ilunetako trabestiak ikaraz apurtuko

dira orduan lantzurda pairatu damutuak

zure gorputzeko hildoak bustirik

          musika samina muinetan

ase ez ditezkeen gose berrien erroak

eraikiko ditu biharamonen squattean.

 

lauda bitez planttako urrikiz neutralizatu

zaituzten lagunak jainkoak begira ditzala

bizkarrak plegatu dituztenentzat izango da

tokia apezen zein notableen paradisuetan

kataklismoraino ihardoki ezazu

          musika samina muinetan

gau zurpailean hutsaren alu zauritua

milikatuko duzu ezpainak odoldu arte.

 

 

Just love
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 13, 1988ko abendua