Just love
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 13, 1988ko abendua

 

BIZITZA

 

hedoi euritsuen artetik memoria hustua bezala

larrua emeki usteltzen doakizu

itsas malinen sukar lehorrak

hezur nekatuen mamiak

hormetan itzatzen dizkizunean.

 

gutunak gero bakanago etortzen zaizkizun unean

konturatzen zara ilun apalean

urruntasunak sekretuen aintziretako

adiskidantza zintzoenak

lasaiki higatzen dituela.

 

nahiz betidanikan pentsamendu humano eskaseko

aberetzat hartu zaituzten

oro dezakezu justifika urteko karatsa

biharko heriotz ttipia

baita hemen egote hau ere.

 

keldarra gau piztien gisara ahosabai jabetuan

lotzen zaizu negarra begian

haserre zapalduen harrietan urtzeko

zorian zabiltza gero

karrika ezkinetan gohaindura.

 

horditzearen bidean ez zara gehiago ausartzen

atzoko kideekin hitzegiten

beldurrak astintzen zaitu eta ondartza

mikatzen eremuetan lerratzen da

minetik minera eraiki bizitza.

 

 

Just love
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 13, 1988ko abendua