www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZAKARIASEN PROFEZIA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Dario erregearen bigarren urteko zortzigarren illean, Jaunak itz egin zion Zakarias profeta, Barakiasen, Addoren semearen semeari, eta esan zion:

        2. Jauna zuen gurasoakin txit aserretua egon zan.

        3. Baña zuk esango diezu beren seme oiei: Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Biurtu zaitezte nigana, esaten du ejerzituen Jaunak, eta ni zuekgana biurtuko naiz, esaten du ejerzituen Jaunak.

        4. Etzaitezte izan zuen gurasoak bezelakoak, zeñai deadar egiten zien lengo profetak, esaten zutela: Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Biurtu zaitezte zuen pauso gaiztoetatik, eta zuen asmazio biurrietatik. Berak ordea ez ninduten aditu, eta etzidaten begiratu ere, esaten du Jaunak.

        5. Eta, non daude orain zuen gurasoak? Eta profetak beti biziko al dirade?

        6. Nere itzak bada, eta nere erabakiak, nere serbitzari profeten bitartez adiraziak, ez al zituzten zuen gurasoak iritxi? Berak biurtu ziran, eta esan zuten: Ejerzituen Jaunak gurekin egin du uste izan zuena egitea, ikusirik gure obrak, eta guk gendukan bizitzeko era.

        7. Amaikagarren illaren, Sabat izena duenaren, ogeita laugarren egunean, Darioren bigarren urtean, Jaunak itz egin zion onela Zakarias profeta, Barakias Addoren semearen semeari.

        8. Ikusketa au bada, gauaz iduki nuen: ikusi nuen gizon bat zaldi gorri baten gañean, zeñ zegoan geldirik zakonune batean zeuden arraian batzuen artean, eta bere atzean zeuden zaldi gorriak, pintanuak, eta zuriak.

        9. Eta nik esan nuen: Nere Jauna, zeñ dirade oiek? Eta nerekin itz egiten zuen aingeruak esan zidan: Nik ezagutu eraziko dizut, gauza oiek zer diraden.

        10. Onetan, arraianen artean geldirik zegoan gizon hurak erantzun zuen, eta esan zuen: Oiek, Jaunak lurrean ibiltzeko bialdutako aingeruak dirade.

        11. Eta aiek erantzun zioten, arraianen artean geldirik zegoan Jaunaren aingeruari, eta esan zuten: ibilli gera lurrean, eta ikusi degu guztia dagoela jendez betea, eta atsedeten dagoala.

        12. Eta Jaunaren aingeruak erantzun zuen, eta esan zuen: O ejerzituen Jauna, noizarteraño etzera bigunduko Jerusalen, eta Judako erriakin, zeñaen kontra aserretua zauden? Au onezkero irurogeita amargarren urtea da.

        13. Eta Jaunak esan ziozkan nerekin itz egiten zuen aingeruari itz onak, itz pozgarriak.

        14. Eta nerekin itz egiten zuen aingeruak esan zidan: Deadar egin ezazu, eta esan ezazu: Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Zelo andi batez betea arkitzen naiz Jerusalen eta Sionen amorioagatik;

        15. Eta erreñu almentsu aien kontra txit aserretua arkitzen naiz. Piska bat sumindua banengoan ni, baña berak gaitza geitu dute.

        16. Argatik oiek esaten ditu Jaunak: Nere begi urrikaltsuak itzuliko ditut Jerusalenerontz, eta an nere tenploa egiña izango da, eta beruna Jerusalenen gañean jarria izango da.

        17. Deadar egin ezazu oraindikan, eta esan ezazu: Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Nere erriak oraindikan ondasunez gañez egingo dute, eta oraindikan Jaunak Sion gozatuko du, eta berriz autuko du Jerusalen.

        18. Eta nere begiak altxatu nituen, eta egon nintzan begira, eta lau adar ikusi nituen.

        19. Eta nerekin itz egiten zuen aingeruari esan nion: Zer dirade oiek? Eta esan zidan: Oiek dirade Juda, eta Israel, eta Jerusalen aizetu zituzten adarrak.

        20. Eta Jaunak erakutsi zizkidan lau aingeru langilleen irudian.

        21. Eta esan nuen: Zer egitera ote datoz oiek? Eta berak erantzun zidan esaten zuela: Aiek dirade, Judako gizonak banan banan aizetu zituzten adarrak, beretatik batek ere burua jaso ezin zezakeala. Eta oiek etorri ziran berak izututeko, eta erreñuen adarrak beeratuteko, zeñak altxatu zituzten beren indarrak Judako lurraren kontra, bertan bizi ziradenak arras desegiteko.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Eta altxatu nituen nere begiak, eta banengoan begira, eta ona emen gizaseme bat, zeukana bere eskuan soka bat neurtzallearena bezelakoa.

        2. Eta esan nion: Nora zoaz? Banoa Jerusalen neurtzera, erantzun zidan, ikusteko zenbat dan bere zabalera, eta zenbat bere luzeera.

        3. Eta ona emen non kanpora irten zan nerekin itz egiten zuen aingerua, eta beste aingeru bat bidera irten zitzaion,

        4. Eta esan zion: Zoaz korrika, gazte orri itz egin zaiozu, eta esan zaiozu: Murru gabe biziko dirade Jerusalenen, bere barrenen idukiko dituen lagun, eta abere ugariakgatik.

        5. Baña ni izango naiz beretzat, esaten du Jaunak, suzko murru bat bezela, zeñak ingurutuko duen, eta ni bere erdian gloriaz betea izango naiz.

        6. A! iges egin ezazute, iges egin ezazute orain ifarreko lurretik, esaten du Jaunak, nik barreiatu zinduztedan ezkero zeruko lau aizeetatik, esaten du Jaunak.

        7. Iges egin ezazu, o Sion, zuk, Babiloniako errian bizi zeranak.

        8. Zeren ejerzituen Jaunak oiek esaten dituen: zeñak zuen gloria itzulita bialduko nauen, zuen gauzak arrapatu zizkizuten erreñuetara (zeren zuei ukitzen dizutenak, nere begietako ninian ukitzen dit).

        9. Ona emen non nik nere eskua beren kontra jasotzen dedan, eta beren mendekoak izan ziradenak, arrapatuko dituzte, eta ezagutuko dezute, ejerzituen Jaunak bialdu nauela.

        10. Kantatu itzatzu alabantzako himnoak, eta bozkariotu zaite, o Siongo alaba, zeren begiratu ezazu, Ni banator, eta zure erdian biziko naiz, esaten du Jaunak.

        11. Eta egun artan erreñu asko Jaunagana allegatuko dirade, eta izango ere dira nere erria, eta ni zure erdian biziko naiz, eta zuk ezagutuko dezu ejerzituen Jaunak zugana bialdu nauela.

        12. Eta Judaren jabe izango da, beren herenzia bezela lur santaan (sic), eta berriz Jerusalen autuko du.

        13. Mundu guztia egon bedi ixillik Jaunaren aurrean; zeren jaiki dan bera, eta bere toki santutik atera dan.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Eta Jaunak ikusi erazi zidan Jesus, Apaiz nagusia, zeñ zegoan zutik Jaunaren aingeruaren aurrean, eta Satan bere eskuietara zegoan berari aurkeztzeko.

        2. Eta Jaunak Satanasi esan zion: Errierta egin dizakala Jaunak, o Satanas, errierta egin dizakala Jaunak, o Satanas, diot berriz, zeñak Jerusalen beretzat autu duen. Ez al da au sutatik ateratako illeti bat?

        3. Eta Jesus soñeko zikiñakin jantzia zegoan, eta aingeruaren aurrean irautzen zuen zutik.

        4. Zeñak erantzun zuen, eta bere aurrean zeudenai esan zien: Soñeko zikiñak kendu zaiozkazute. Eta berari esan zion: Ona emen non zure gaiztakeria gañetik kendu dizudan, eta galako soñekoakin jantzi erazi zaitut.

        5. Eta gañera esan zuen: Jarri zaiozute buruan tiara garbi bat, eta jarri zioten buruan tiara garbi bat, eta soñekoak aldatu ziozkaten. Bitartean Jaunaren aingerua zutik zegoan.

        6. Eta Jaunaren aingeruak Jesusi onela itz egin zion, esaten ziola:

        7. Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Nere bideetatik ibilliko baziña, eta nere aginduak zaituko baziñitza, zu ere izango zera nere etxeko Juez, eta nere tenploko gordetzallea, eta emango dizkizut orain emen aurrean dauden aingeruetatik batzuek, zurekin joan ditezen.

        8. Aditu ezazu zuk, o Jesus apaiz nagusia, zuk eta zure adiskide, zurekin bizi diranak, zeñak mirarizko gizonak diraden. Aditu ezazu bada esaten dedanera: Nik nere serbitzari Sortaldeari, etorri eraziko diot.

        9. Zeren ona emen nik Jesusen aurrean ipiñi nuen arria, arri bakarra, eta zeñak zazpi begi dauzkan. Ona emen non nik zizelarekin landuko dedan, esaten du ejerzituen Jaunak, eta egun batean aurtikiko det nik lur artatik gaiztakeria.

        10. Egun artan, esaten du ejerzituen Jaunak, ots egingo dio bakoitzak bere adiskideari bere parraren, eta bere pikoaren itzalera.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Eta biurtu zan nerekin itz egiten zuen aingerua, eta esnatu ninduen, bere lotatik esnatzen dan gizon bat bezela.

        2. Eta esan zidan: Zer da ikusten dezuna? Nik ikusten det, erantzun nuen, kandelero bat, guztia urrezkoa, daukana gañean lanpara bat, eta zazpi lanparatxo, eta zazpi oditxo, esan diraden, kandeleroaren zazpi argientzat;

        3. Eta onen ondoaren gañean olibo bi, bata lanpararen eskuietara, eta bestea bere ezkerretara.

        4. Eta bereala esan nion, nerekin itz egiten zuen aingeruari: O nere Jauna, zer dirade oiek?

        5. Eta erantzun zuen, nerekin itz egiten zuen aingeruak, eta esan zidan: Beraz ez dakizu zuk gauza oiek zer adirazten duen? Ez, nere Jauna, esan nuen nik.

        6. Orduan erantzun zidan berak, eta esan zidan: Au da Jaunak Zorobabeli esaten dion itza: Ez da izango ejerzitu baten bitartez, ez indarrez, baizik nere espirituaren bertutez, esaten du ejerzituen Jaunak.

        7. Zer zera zu, o mendi andia, Zorobabelen aurrean? Zelai batera biurtua izango zera. Berak arri nagusia ipiñiko du, eta bere grazia, aren graziarekin berdinduko du.

        8. Eta itz egin zidan Jaunak, eta esan zidan:

        9. Zorobabelen eskuak jarri dituzte Tenplo onen zimenduak, eta bere eskuak berak bukatuko dute, eta ezagutuko dezute, ejerzituen Jaunak zuekgana bialdu nauela.

        10. Zeñ da egun txikiak mezpreziatu zituena? Bada au poztuko da, eta Zorobabelen eskuan berunezko arria ikusiko du. Oiek dira Jaunaren zazpi begi, lur guztitik dabiltzanak.

        11. Eta nik erantzun nuen, eta esan nion: Kandeleroaren eskuieko eta ezkerreko olibo bi oiek, zer dirade?

        12. Eta berriz galdetu nuen, eta esan nion: Zer dirade oliboen errama urrezko punta bien aldean daudenak, non urrezko tutuluak dauden?

        13. Eta erantzun zidan, esaten zuela: Ez al dakizu zer diraden oiek? Ez, Jauna, erantzun nuen.

        14. Eta berak erantzun zuen: Oiek dirade Jaungoikoaren bi igortziak, zeñak dauden mundu guztiko Agintariaren aurrean.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Eta biurtu nintzan, eta jaso nituen begiak, eta ikusi nuen liburu bat, egan zebillala.

        2. Eta aingeruak esan zidan: Zer da ikusten dezuna? Nik ikusten det, erantzun nuen, liburu bat, egan egiten duena, eta da ogei bat besokoa luzeeran, eta amarrekoa zabaleran.

        3. Eta berak neri esan zidan: Au da lur guztiaren gañera isuriko dan madarikazioa; zeren lapur guztiak, liburu artan eskribitua dagoanaren araura, izango dirade kondenatuak; eta gezurrezko juratzalleak ere, berak kondenatuak izango dirade.

        4. Nik aterako det kanpora, esaten du ejerzituen Jaunak, eta eroriko da lapurraren etxearen gañean, eta nere izenean gezurrarekin juramentu egiten duenaren gañean, eta bere etxeen erdian jarriko da, eta desegingo ditu beren zur, eta arriakin batean.

        5. Eta nerekin itz egiten zuen aingerua irten zan kanpora, eta esan zidan: Jaso itzatzu zure begiak, eta begiratu ezazu, zer dan agertzen dan ori.

        6. Eta nik esan nuen: Zer da ori? Da, erantzun zuen, pegar bat, aurrean jartzen zatzuna, eta gañera esan zuen: Ori da Israelko lur guzian berak begiratzen duena.

        7. Eta ikusi nuen gero, berunezko talentu bat ekartzen zutela, eta ikusi nuen emakume bat pegarraren erdian eseria.

        8. Eta aingeruak esan zuen: Au gaiztakeria da, eta pegarraren barrenera aurtiki zuen; eta ontzi aren aoaren gañean berun zatia ipiñi zuen.

        9. Eta jaso nituen nere begiak, eta begiratu nuen, eta ona emen non zetozten bi emakume, zeñaen egoak aizeak mugitzen zituen; zeñak ziran miruaren egoak bezelakoak, eta jaso zuten pegarra zeruaren eta lurraren bitartera.

        10. Eta esan nion nik, nerekin itz egiten zuen aingeruari: Nora daramate berak pegarra?

        11. Sennaarko lurrera, erantzun zidan, an etxe bat egin dizakeon, eta gelditu dedin an jarria, eta bere ondopearen gañean eseria.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Eta berriz jaso nituen nere begiak, eta begira egon nintzan, eta ona emen lau kotxe andi, eta ederki apaindutako, irtetzen ziradenak bi mendien erditik, eta mendi oiek brontzezko mendiak ziran.

        2. Lenbiziko kotxeak zeuzkan zaldi gorriak, eta bigarrenak zaldi beltzak.

        3. Irugarren kotxeak zaldi zuriak, eta laugarrenak zaldi pintanuak, eta errutsuak.

        4. Eta galdetu nion nerekin itz egiten zuen aingeruari: Zer da, nere Jauna, gauza oiek adirazten dutena?

        5. Eta erantzun zuen aingeruak, eta esan zidan: Oiek dirade zeruko lau aize, irtetzen diradenak, lur guztiko Agintariaren aurrean jartzeko.

        6. Zaldi beltxak zeuzkan kotxea, ifarreko aldameneko lurrerontz zuzentzen zan, eta bere ondoren zijoazen zaldi zuriak; eta zaldi pintanuak Egoeko aldameneko lurrerontz atera ziraden.

        7. Eta oiek, zeñak, ziradenak bizkorrenak, atera ziradeneko lur guztitik ibilli nai zuten. Eta aingeruak esan zien: Zoazte, ibilli zaitezte lurrean; eta egiaz lur guzitik ibilli ziran.

        8. Eta ots egin zidan, eta itz egin zidan, esaten zuela: Begiratu ezazu ifarreko aldameneko lurrerontz zuzentzen diraden aiek, egin dute, nere espirituak ifarreko aldameneko lurrean atseden dezala.

        9. Eta Jaunak itz egin zidan, esaten zuela:

        10. Artu itzatzu, katiberiotik etorri diran aien eskeñtzak, au da, Holdairenak, eta Tobiasenak, eta Idaiasenak, eta egun artan zu joango zera, eta sartuko zera, Josias, Sofoniasen semearen, bera ere Babiloniatik etorri zanaren, etxean.

        11. Eta urrea, eta zillarra artuko dituzu, eta egingo dituzu koroa batzuek, zeñak ipiñiko dituzun Jesus Apaiz nagusi, Josedek-en semearen buruaren gañean;

        12. Zeñi onela itz egingo diozun: Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Ona emen arako gizona, zeñaen izena dan Sortaldea, eta bera beragandik jaioko da, eta Jaunari tenplo bat egingo dio.

        13. Berak jasoko dio Jaunari tenplo bat, eta geldituko da gañetik gloriaz jantzirik, eta eseriko da, eta erreñatuko du bere egoleku goratuaren gañean, eta apaiza bere tronuaren gañean egongo da, eta tronu bien artean pakea, eta elkartasuna egongo da.

        14. Eta izango dirade koroeak oroipengarri bat bezela Helementzat, eta Tobiasentzat, eta idaiasentzat, eta Hem Sofoniasen semearentzat, Jaunaren tenploan.

        15. Eta toki urrutietan daudenak etorriko dirade, eta Jaunaren tenploa egiteko lanetan ariko dirade, eta ezagutuko dezute, ejerzituen Jaunak zuekgana bialdu ninduela. Baña au izango da, baldin zuek zuen Jaun Jainkoaren boza aditu nai badezute.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Dario erregearen laugarren urtean, Jaunak Zakariasi itz egin zion, bederatzigarren illaren laugarren egunean, zeñ dan Kasleurena.

        2. Sarasar eta Rogommelek eta berarekin zegoan jendeak bialdu zituztenean Jaungoikoaren etxera, orazio egitera Junaren aurrean;

        3. Galdetzera ejerzituen Jaunaren etxeko apaizai, eta profetai, esaten zutela: Nik negar egin bear al det bosgarren illean, edo garbitu bear al naiz, egin dedan bezela, katiberioak iraun zuen asko urteetan?

        4. Eta itz egin zidan ejerzituen Jaunak, eta esan zidan:

        5. Erantzun zaiezu lurreko erri guztiari, eta apaizai, eta esan zaiezu: Barau egiten zendutenean, eta negarrez ari oi ziñatenean bosgarren, eta zazpigarren illean irurogeita amar urtean, nigatik barauak egin al ziñituzteen?

        6. Eta jaten zendutenean, eta edaten zendutenean, ez al zenduten egiten zuekgatik begiratzen zendutela?

        7. Ez al dirade gauza oiek Jaunak esan zituenak, lenagoko profeten bitartez, oraindikan zegoala Jerusalen jendez betea, eta ondasun andiakin, ala bera, nola aldeko erriak, eta Egoeko aldamena, eta bere landak ere, jendez beteak?

        8. Eta Jaunak Zakariasi itz egin zion esaten ziola:

        9. Oiek dirade ejerzituen Jaunak agintzen dituenak: Juzgatu ezazute egiaren eta justiziaren araura, eta zuetatiko bakoitzak egin itzatzute ugari, urrikaltasuneko obrak, zuen anaiak ganako.

        10. Eta etzaiezute gezurrik asmatu andre alargunari, ez umetzurtzari, ez arrotzari, ez beartsuari; eta iñork ere ez beza gauza gaiztorik pensatu bere biotzean projimoaren kontra.

        11. Baña berak etzuten aditu nai, eta, alde egiten zutela, atzea itzuli zuten, eta estali zituzten beren belarriak, ez entzuteko.

        12. Eta gogortu zituzten beren biotzak diamante bat bezela, ez aditzeko legea, ez Jaunak bere espiritu, lengo profeten aoan jarritakoaren bitartez zuzendutako itzak. Nondik etorri zan, ejerzituen Jaunaren aserre andia.

        13. Eta egiztatu zan berak esan zuena, berak bere itzai aditzerikan eman nai etziela. Ala da, berak ere deadarrez ots egingo dutela, esaten du ejerzituen Jaunak, eta nik ez ditut adituko.

        14. Eta barreiatu nituen, berentzat ezezagunak ziraden erreñu guzietatik, eta beren lurra arrasatua gelditu zan, etzegoala iñor ere andikan iragotzen zanik. Onela eremu biurtu zuten atsegiñezko lurra zana.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zuen ejerzituen Jaunak, eta esan zuen:

        2. Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Nik Sionen zelo andiak iduki ditut, eta beragatik iduki ditudan nere zeloak, txit aserretua jarri ninduten.

        3. Baña oiek esaten ditu Ejerzituen Jaunak: Ni orain Sionera itzuli naiz, eta Jerusalenen erdian biziko naiz; eta Jerusaleneri ots egingo zaio, Egiaren erria, eta ejerzituen Jaunaren mendia, Mendi Santua.

        4. Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Oraindikan ikusiko dirade Jerusalengo karrikaetan gizaseme eta emakume zarrak, eta lagun asko beren edade andiagatik, eskuan makilla dutela joango diranak.

        5. Eta erriko karrikak mutiltxoz eta neskatxatxoz beteak egongo dirade, zeñak joango diran bere plazaetan jostatzera.

        6. Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Au gauza gaitza dala irudituko bada ere denbora artan, erri onetan geldituko diradenen iritzian, neretzat gauza gaitza izango al da? esaten du ejerzituen Jaunak.

        7. Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Ona emen non nik aterako dedan nere erria eguzkiaren Sortaldeko lurretik, eta Sartaldeko lurretik gaitzikan batere artu gabe.

        8. Eta berriz ekarriko det, Jerusalenen erdian bizi dedin; eta berak nere erria izango dirade; eta ni beren Jaungoikoa izango naiz egian eta justizian.

        9. Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Sendotu bitez bada zuen besoak, o zuek, egun oietan profeten aotik alako itzak aditzen dituzutenenak, orain, jarri diradenean onezkero ejerzituen Jaunaren Etxeko zimenduak Tenploa egiteko.

        10. Zeren egun oiek baño lenago, gizonak berentzat onerarik atera gabe ari ziraden lanean, eta abereak mesederik atera gabe ari ziraden lanean, eta ez sartzen ziradenak, ez irtetzen ziradenak zeukaten pakerik, arkitzen ziraden atsekabeagatik, utzi nien ezkero nik bata bestearekin gerran egon zedilla.

        11. Baña orain ez det nik egingo, esaten du ejerzituen Jaunak, len egin nuena, erri onen kutsuakin.

        12. Baizik izango dirade jende txit doatsu baten etorkia. Mastiak bere frutua emango du, eta lurrak bere muskilla botako du; eta zeruak beren intza bialduko dute; eta egingo det, erri onen kutsuak ondasun ugari guzi oiekin bizi ditezela.

        13. Eta gertatuko da, nola zuek Judako etxekoak, eta Israelko etxeak ziñaten madarikatuak erreñuen artean; ala nik salbatuko zaituztet; eta bedeikatuak izango zerate. Etzaitezte beldurtu; asnasa artu ezazute,

        14. Zeren ejerzituen Jaunak oiek esaten dituen: Nola nik zuek kastigatzea erabaki nuen, esaten du Jaunak, zuen gurasoak neri aserretu erazi zidatelako;

        15. Eta ez nuen zuekin urrikaltasunik iduki; ala kontrara, erabaki det, egun oietan mesedez betetzea Judako, eta Jerusalengo etxea. Ez daukazute zertan ezeren ere beldurrik iduki.

        16. Au da bada egingo dezutena: Egia esan beza bere projimuarekin zuetatiko bakoitzak. Eman itzatzute zuen tribunaletan egiazko sentenziak, eta pakeko juizioak.

        17. Eta ez bitza iñork ere bere biotzean asmazio gaiztoak iduki bere projimuaren kontra, eta gorrotoz begiratu zaiozute gezurrezko juramentuari, zeren gauza guzi oiek nik gorrotatzen ditudanak dirade, esaten du Jaunak.

        18. Eta ejerzituen Jaunak itz egin zidan, esaten zidala:

        19. Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Laugarren illeko baraua, eta bosgarren illeko baraura, eta zazpigarren illeko baraua, eta amargarren illeko baraua, gozotasuneko eta bozkarioko egunetan, eta jai andietan biurtuko dira; bakarrik zuek egia eta pakea maitatzen badezute.

        20. Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Oraindikan erriak etorriko dirade, eta asko erri jendez beteko dituzte;

        21. Eta erri batean bizi diradenak, joango dira esatera bestekoai: Goazen orazio egitera Jaunaren aurrean, eta ejerzituen Jauna billatu dezagun. Goazen, erantzungo dute, gu ere joango gerade.

        22. Eta etorriko dirade Jerusalenera erri asko, eta erreñu almentsuak ejerzituen Jaunaren billa, eta bere aurrean orazio egitera.

        23. Ala esaten du ejerzituen Jaunak: Au izango da amar gizon izkuntza bakoitzekoak, eta erreñu bakoitzekoak arrapatzen dutenean judu bat, eltzen diotela bere soñekoaren ertzetik, eta esaten diotenean: Zurekin joango gera, zeren ezagutu degun egiaz Jaungoikoa zuekin dagoala.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Jaunaren berri garratza Hadrak-ko lurraren kontra, eta Damaskoren kontra; zeren Jaunaren begiak begiratzen dien gizon guziai, eta Israelko tribu guztiai.

        2. Ematko erria ere arrapatua dago, berri garratz onen mugaen barrenen, eta orobat Tiro eta Sidon, zeren uste duten, jakinduria andia daukatela.

        3. Tirok egin ditu bere baluarteak, eta montoitu du zillarra, lurra balitza bezela, eta urrea karrikaetako basatza balitza bezela.

        4. Ona emen non Jauna bere jabe egingo dan, eta ondatuko duen itsasoan bere sendotasuna, eta suaren bazka izango da.

        5. Askalon, au ikusiaz, arritua geldituko da; eta andia izango da Gazaren oñazea; baita Askaronena ere, zeren berak itxedotzen zuena, iritxi gabe gelditzen dan; eta Gazak bere erregea galduko du, eta Askalon jende gabe geldituko da.

        6. Eta Azoto izango da arrotzen egolekua, eta nik Filistintarren urgulleria beeratuko det.

        7. Eta bere aotik odola kenduko det, eta bere ortzen artetik nazkagarriak; eta berak ere gure Jaungoikoaren mendean geldituko dirade, eta izango dirade erri andienetatiko bateko aldekoak Judan bezela, eta Akaronen bizi dana, Jebustarra bezelakoa izango da.

        8. Eta nere etxea zaitzeko ipiñiko ditut, nere serbitzoko soldadutzara dijoazenak, eta andikan datoztenak; eta ez da berriz agertuko beren artean eskalea; zeren nik orain, begi urrikaltsuakin begiratzen diedan.

        9. O Siongo alaba, txit bozkariotu zaite; pozez gora goraka ari zaite, o Jerusalengo alaba. Ona emen non zugana etorriko dan zure Erregea, Justoa, Salbatzallea. Bera beartsu etorriko da, asto eme baten, eta bere astokumetxoaren gañean.

        10. Orduan desegingo ditut Efraimgo gerrako gurdiak, eta Jerusalengo zaldiak; eta uztai gerrariak zatituak izango dirade; eta errege hurak jendeai pakea adiraziko die; eta itsaso batetik bestera agintatuko du, eta ibaietatik lurraren mugetaraño.

        11. Eta zuk zerorrek, o Salbatzallea, zure testamentuko odolaren bitartez, irten erazi diezu zureai, katibu zeudenai, urik ez dagoan putzutik.

        12. Zuzendu itzatzute zuen pausoak erri murruturontz, o zuek katibu, itxedopena daukazutenak; zeren adirazten dizut, o nere erria, bi alditan anbat ondasun emango dizudala.

        13. Zeren nik egin dedan Judarekin uztai zabaldu bat bezela nere serbitzorako, eta uztai zabaldu bat bezelakoa da neretzat Efraim ere. Eta zure semeai, o Sion, emango diet nik indarra, zure semeen gañean, o Grezia; eta egingo zaitut garaitu eziña sendoen ezpata bezela.

        14. Eta beren gañera agertuko da Jaun Jainkoa, zeñak aurtikiko dituen bere dardoak oñazkarrak bezela, eta Jaun Jainkoak tronpeta joko du, eta Egoeko aizebunbaden artean joango da.

        15. Ejerzituen Jauna bere gordetzallea izango da, eta desegingo dituzte, eta azpiratuko dituzte beren etsaiak abaillazko arriakin; eta edaten dutela beren odola, moiskortuko dirade ardoarekin bezela; eta berarekin beteko dirade, betetzen diraden bezela edanontziak, eta aldarearen kantoiak urez bustitzen diraden bezela.

        16. Eta beren Jaun Jainkoak salbatuko ditu egun artan, bere erriko talde autua bezela; zeren arri santuen gisara bere lurrean goratuak izango dira.

        17. Baña zeñ izango da beragandik etorritako gauza ona, eta beragandik etorriko zagun gauza ederra, autuen garia, eta birjiñak sortzen dituen ardoa baizik?

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Eskatu zaiozkazute Jaunari beranduko euriak, eta Jaunak elurra ere bialduko du, eta emango dizute euria ugari, eta belarra zuetatiko bakoitzaren kanpoan.

        2. Zeren ikusi dezute, idoloak erantzun alperrak eman dituztela, eta aztiak dauzkaten ikusketak gezurrezkoak diradela, eta ameslariak ganora gabe itz egiten dutela, utsean gelditzen diran bozkario batzuek ematen dituztela. Argatik zuen guraso siniskorrak, izan ziraden katiberiora eramanak, artalde bat bezela; zeren artzai gabe zeuden.

        3. Nere aserrea artzaien kontra erazeki da, eta akerrak kastigatuko ditut, zeren ejerzituen Jaunak zaituko du bere artaldea, Judako etxea, eta gerran bere zaldirik onena balitza bezelakoa egingo du.

        4. Judatik aterako da txokezkia, beratatik estaka, beratatik uztai gerraria; berebat beragandik aterako dirade eskale guztiak.

        5. Eta izango dirade gudari errutsuak bezelakoak, gudan etsaiak zapalduko dituztenak, karrikaetan lokatza zapaldua dan bezela, eta ariko dirade gudan, beren alde Jauna daukatela; eta zaldi ederren gañean dijoazanak, nastuak geldituko dirade.

        6. Eta nik sendotuko det Judako etxea, eta Joseren etxea salbatuko det, eta beren errakuntzetatik itzuli eraziko diet; zeren berakin urrikalduko naizan; eta izango dirade, nik aurtiki baño lenago izan ziraden bezelakoak; ni beren Jaun Jainkoa naizan ezkero, eta onez adituko ditut.

        7. Eta Efraimgo azkarrak bezelakoak izango dirade, eta beren biotza bozkarioz egongo da, ardoa edaten duenarena bezela; eta beren semeak, ikusten dituztenean, txit gozatuko dira, eta beren biotza Jaunagan bozkariotuko da.

        8. Nik bilduko ditut txistu batekin; zeren nik erreskatatu ditudan, eta ugarituko ditut, len ugaritutzen ziraden bezela.

        9. Eta erreñuen artean barreiatuko ditut, eta erririk urrutienetan ere nerekin oroituko dira; eta beren semeakin batean biziko dira, eta itzuliko dira.

        10. Nik bada Ejiptoko lurretik ekarriko ditut, eta bilduko ditut Asiriatik, eta Galaadko eta Libanoko lurrera eramango ditut, eta berentzat bear dan adiña toki ez da arkituko.

        11. Eta itsasoaren toki estua iragoko dute, eta Jaunak itsasoaren bagak joko ditu, eta ibaiaren toki zakonak agirian geldituko dira; eta Assurren urgulleria umillatua geldituko da, eta Ejiptoren gogortasuna, bukatuko da.

        12. Eta Jaunagan sendotuko ditut, eta nere izenean aurrera joango dirade, esaten du Jaunak.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Idiki itzatzu, o Libano, zure ateak, eta suak zure zedroak iretsi bitza.

        2. Egin itzatzu inziriak, o abetoa, zeren zedroak erori diran; zeren beera aurtikiak izan diran zuaitzik goratuenak. Zaudete inziriaka, o Basango arteak, zeren baso sendoa ebakia izan dan.

        3. Artzaien inzirien boza aditzen da, zeren beren anditasuna desegiña izan dan. Leoien orroen boza da, zeren Jordanen urgulleria beeratua izan dan.

        4. Nere Jaun Jainkoak oiek esaten ditu: Bazkatu itzatzu iltokiko ardi oiek,

        5. Zeñak beren jabeak eriotzara bialtzen zituzten, beren urrikalmendurik iduki gabe, eta saltzen zituzten, esaten zutela: Bedeikatua izan dedilla Jauna, gu aberastu gerade. Eta beren artzai aiek etzeukaten beren urrikalmendurik.

        6. Bada nik ere ez det onezkero lur onetan bizi diradenen urrikalmendurik batere idukiko, esaten du Jaunak. Ona emen non nik utziko ditudan gizon oiek, bakoitza aldekoaren mendean, eta bere erregearen mendean, eta beren lurra arrastua geldituko da, eta beren eskuetatik ez ditut libratuko.

        7. Eta argatik, o artaldeko gaxoak, iltokiko abere oiek nik bazkatuko ditut. Onetarako egin nituen bi zaimakilla, zeñatatik batari jarri nion izena dan Edertasuna, eta bestearena Soka, eta aberetaldea bazkatu nuen.

        8. Eta iru artzai illerazi nituen ill batean, eta berakgatik nere anima ansiatu zan, zeren beren animak ere etzuten iraun sendo nigan.

        9. Eta esan nuen: Ez det nai onezkero zuen artzai izan, iltzen dana, il dedilla, eta iltzen dutena, il dezatela, eta gañerakoak iretsi dezala bakoitzak bere projimuaren aragia.

        10. Eta artu nuen nere zaimakilla, Edertasuna izena zuena, eta ausi nuen, adirazteko ausitzen nuela, erri guztiakin egin nuen elkartasuna.

        11. Eta gelditu zan ezereztua egun artan, eta nere artaldeko gaxo, nere aginteak zaitzen dituztenak, ezagutu dute ala, au dala Jaunaren itza.

        12. Nik ordea berai esan nien: Ongi baderitzatzute, eman zadazute nere alogera, eta bestela, utzi zaiozute dagoala. Eta berak pisatu zituzten ogeita amar siklo zillarrezko, nere alogeratzat.

        13. Eta Jaunak esan zidan: Eman zaiozu eltzegilleari, ni preziatu nauten prezio eder ori. Artu nituen bada zillarrezko ogeita amar sikloak, eta aurtiki nituen Jaunaren Etxean, eltzegilleari eman zizaiezteen.

        14. Eta ausi nuen nere bigarren zaimakilla, Soka izena zuena, adirazteko Judaren eta Israelen arteko anaetasuna ausitzen zala.

        15. Gero Jaunak esan zidan: Artu itzatzu artzai zentzugabeko eta gaizto baten taldeak,

        16. Zeren ona emen non nik jasoko dedan lurrean artzai bat, utziak dauden ardiak bisitatuko ez dituena, eta barreiatuak billatuko ez dituena, eriak sendatuko ez dituena, osasunarekin daudenak bazkatuko ez dituena, baizik gizenen aragiak jango dituena, eta beatzalak ere ausiko diozkatena.

        17. O artzaia, edo obekiago, artzai irudipena, artaldea bakarrik utzitzen dezuna! Jaungoikoaren bengantzaren ezpatak zaurituko du besoan, eta bere eskuieko begian. Bere besoa sikatuko da, eta idortua geldituko da, eta bere eskuieko begia illuntasunez estalita lausotuko zaio.

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Jaunaren berri garratza Israelen kontra. Esaten du Jaunak, zeruak zabaldu zituenak, eta lurraren zimenduak jarri zituenak, eta gizonak bere barrenen daukan espiritua formatzen duenak:

        2. Ona emen non nik egingo dedan Jerusalenekin jateketako eta ordikeriako toki bat, inguruetako erri guztientzat; eta Juda bera ere, Jerusalengo setioan egongo da.

        3. Eta nik egingo det egun artan, Jerusalen izan dedilla arri txit andi bat bezelakoa erri guztientzat, eta bera altxatzen asitzen diraden guztiak, larrua urratuta geldituko dirade. Lurreko erreñu guztiak bere kontra elkartuko dirade.

        4. Egun artan, esaten du Jaunak, zaldiak arria bezela, eta zaldi gañekoak illak bezela utziko ditut, eta idikirik nere begi urrikaltsuak, Judako etxearen gañean ipiñiko ditut; eta itsutuko ditut erreñu guztietako zaldiak.

        5. Eta Judako agintariak beren biotzetan esango dute: Jerusalenen bizi diradenak, beren itxedopena beren Jaungoiko ejerzituen Jaunagan jarri bezate.

        6. Egun artan egingo det, Judako agintariak izan ditezela, suzko txingarrak egur leorraren azpian bezela; eta gar erazekia belarluze sikuaren azpian bezela, ezker, eskuietara erreko dituzte inguruan dauden erri guztiak, eta Jerusalenen biziko da jendea, Jerusalen len zegoan tokian bertan.

        7. Eta Jaunak zaituko ditu Judako beste etzauntzak, len asieran bezela, Dabiden etxea txit gloriaz betea izan ez dedin; eta Jerusalenen bizi diradenak Judaren kontra urgullutu ez ditezen.

        8. Jaunak egun artan zaituko ditu Jerusalenen bizi diradenak, eta beren arteko erbalenak izango dirade denbora artan beste Dabid batzuek, eta Dabiden etxea izango da beren aurrean, Jaungoikoaren etxea bezelakoa, Jaunaren aingeru bat bezelakoa.

        9. Eta nik egun artan artuko ditut neurriak, Jerusalenen kontra datozten jende guztiak desegiteko.

        10. Eta Dabiden etxearen gañera, eta Jerusalenen bizi diradenen gañera, graziako, eta orazioko espiritua isuriko det; eta beren begiak ipiñiko dituzte nigan, zeñ burniz batetikan bestera irago zuten; eta negar egingo dute zauritu duenagatik, Seme bakar baten eriotzan negar egiten dan bezela; eta beragatik progua egingo dute, Seme lenbizisortu baten eriotzan egin oi dan bezela.

        11. Egun artan Jerusalenen negar andia izango da, Adrademmonen progua Majeddongo lauan bezela.

        12. Eta lurra lutoz jarriko da; familia batzuek besteakgandik berezituta, berezian Dabiden etxeko familiak, eta berezian beren emazteak.

        13. Berezian Natanen etxeko familiak, eta berezian beren emazteak. Berezian Lebiren etxeko familiak, eta berezian beren emazteak. Berezian Semeiren familiak, eta berezian beren emazteak.

        14. Berezian beste familietatik bakoitza, eta berezian beren emazteak.

 

AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Egun artan egongo da iturri idiki bat Dabiden etxearentzat, eta Jerusalenen bizi diradenentzat, bekatariaren, eta emakume kutsutuaren mantxak garbitzeko.

        2. Eta egun artan, esaten du ejerzituen Jaunak, nik arras kenduko ditut lurretik idoloen izenerañokoak, eta ez da beren oroipenik geiago geldituko; eta gezurrezko profetak eta espiritu zikiña lurretik arras kenduko ditut.

        3. Eta andikan aurrera, baldin iñork profetizatuko balu, esango diote bere aitak eta bere amak, zeñakgandik sortua izan zan: Zu illa izango zera, zeren Jaunaren izenean gezurrak zabaltzen dituzun. Eta berak profetizatzen duenean, burniz iragoko dute, bere aita eta ama, izatea eman ziotenak.

        4. Eta geldituko dira nastuak egun artan profetak, bakoitzak bere ikusketagatik profetizatzen dutenean, eta ez dira estaliko penitenziako mantuarekin, gezurra esateko;

        5. Baizik beretatik bakoitzak esango du: Ez naiz ni profeta. Lurraren langille bat naiz ni. Adan izan da nere irudia nere gazte denboratik.

        6. Eta esango diote: Zer zauri dirade oiek zuen eskuen erdian? Eta erantzungo du: Maitatzen nindutenen etxean, zauri oiek egin zizkidaten.

        7. O ezpata! Magitikan irten adi nere artzaiaren kontra, eta nerekin elkartua dagoen gizonaren kontra, esaten du ejerzituen Jaunak, zauritu ezak artzaia, eta barreiatuko dituk ardiak, eta luzatuko det nere eskua aurren gañera.

        8. Eta gertatuko da lur guztian, esaten du Jaunak; bertan bizi diranetatik bi zati izango dirade barreiatuak, eta galduko dirade; eta irugarren zatia bertan geldituko da.

        9. Eta irugarren zati oni, sutatik iragoeraziko diot, eta garbituko det zillarra garbitzen dan bezela; eta sukatilluz garbituko det, urrea sukatilluz garbitzen dan bezela. Berak nere izenari ots egingo diote, eta nik urrikaltasunez adituko ditut. Nik esango det: Zu nere erria zera; eta berak esango du: Zu nere Jaungoiko eta Jauna zera.

 

AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Ona emen non Jaunaren egunak datozten, eta zuri arrapatutako gauzak zure erdian partituko dira.

        2. Eta nik bilduko ditut erreñu guziak, joan ditezen Jerusalenen kontra gudatzera, eta erria arrapatua izango da, eta etxeak beera aurtikiak, eta emakumeak bortxatuak; eta erriko jenderik erdia katiberiora eramana izango da, eta jendearen gañerakoa, errian geldituko da.

        3. Eta aterako da gero Jauna, eta gudan ariko da erreñu aien kontra, guda artako egunean gudan ari zan bezela.

        4. Berak egun artan jarriko ditu bere oñak oliboen mendiaren gañean, zeñ dagoan Jerusalengo aurkez, Sortalderontz. Eta oliboen mendia zatituko da erditik Sortalderontz, eta Sartalderontz epai txit andi batekin; eta mendiaren erdiak alde egingo du ifarrerontz, eta beste erdiak Egoerontz.

        5. Eta zuek iges egingo dezute mendi aien ibarrera; zeren mendi aien ibarra aldeko mendiari itsatsia egongo da, eta iges egingo dezute, iges egin zenduten bezela lurdardararen beldurrez, Ozias Judako erregearen denboretan. Eta etorriko da Jauna, nere Jaungoikoa, eta santu guztiak berarekin.

        6. Eta egun artan ez da argirik egongo; baizik bakarriz otza, eta jela.

        7. Eta etorriko da egun bat, Jaunak bakarrik ezagutua dana, zeñ ez dan izango ez eguna, ez gaua, baña arratsaldearen atzenean argia agertuko da.

        8. Eta egun artan ur bizi jarioak egongo dira Jerusalenen, beretatik erdia sortaldeko itsasorontz, eta beste erdia sartaldeko itsasorontz. Beti jarioan egongo dirade udan eta neguan.

        9. Eta Jauna lur guztiko erregea izango da, denbora artan Jauna bakarra izango da; eta ez da beste izen beneragarririk egongo, berea baño.

        10. Eta Judako lurra berriz, jendez betea izango da Eremuraño, Remmonen muñotik Jerusalengo Egoeko aldameneraño; eta goratua izango da, eta bere tokian jendea biziko da, Benjaminen atetik, lenbiziko ateko tokiraño, eta kantoien ateraño, eta Hananeelen dorretik erregearen dolareetaraño

        11. Eta bertan jendea biziko da, eta ez da madarikatua izango; baizik Jerusalenek beldurrikan gabe atsedengo du.

        12. Jaunak Jerusalenen kontra gudatu diran jende guziak, zaurituko dituen plaga, au izango da: Konsumituko zaiozka bakoitzari bere aragiak, zutik dagoala, eta ustelduko zaiozka begiak bere zakon unetan; eta bere mingaña, bere aoan desegingo zaio.

        13. Egun artan Jaunak mugituko du matxiñada andi bat beren artean, eta bakoitzak bestearen eskuari elduko dio, eta atzemango dio bere anaiaren eskuari.

        14. Eta Juda bera gudatuko da Jerusalenen kontra: eta bilduak izango dirade inguruetako jende guztien ondasunak, urrea, eta zillarra, eta soñekoak ugaritasun andian.

        15. Eta zaldiak, eta mandoak, eta gameluak, eta astoak, eta kanpo aietan arkitzen diran abere guztiak, galmen onek arrapatuko ditu.

        16. Eta Jerusalenen kontra etortzen diran jende guztietatik, gelditzen diraden guztiak, igoko dira urte guztietan Erregea, ejerzituen Jauna adoratzera, eta Tabernakuloen jaia zelebratzera.

        17. Eta Judako lurreko familietatik edozeñ izan dedilla, eta joango ez balitza Jerusalenera adoratzera erregea, zeñ ejerzituen Jauna dan, ez da euririk berentzat etorriko.

        18. Eta baldin Ejiptoko familiaren bat ez balitza mugituko, eta etorriko ez balitza, bere gañera ere ez du euririk egingo; baizik Jaunak kastigatuko ditu galmen oso batekin, Tabernakuloen jaia zelebratzera joaten ez diraden jende guztiak.

        19. Au izango da Ejiptoren bekatu andia, eta au jende guztien bekatua, Tabernakuloen jai andia zelebratzera ez joatea.

        20. Egun artan zaldiaren brida apaintzen duen gauza eder guztia, Jaunari konsagratua izango da; eta Jaunaren etxeko pertzak, anbat izango dira, zenbat diran aldareko edanontziak.

        21. Eta Jerusalengo, eta Judako pertza guztiak, ejerzituen Jaunari konsagratuak izango dirade; eta sakrifizioak eskeñtzen dituzten guztiak, etorriko dira, eta artuko dituzte beretan aragiak egositzeko. Eta denbora artan Jaunaren tenploan ez da merkataririk batere egongo.

 

aurrekoa hurrengoa