www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

JEREMIAS PROFETAREN LAMENTAZIOAK

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        ALEPH. 1. Nola gelditu da bakarra, len jendez alako moduan betea zegoen erria! Erreñuen andra gelditu da alarguna bezela. Probinzien erregiña da orain kotiztaria.

        BETH. 2. Txit negar andiak egin ditu gau guztian, eta bere masallak malko jarioan daude. Bere maitatzalle guztien artean ez dago iñor ere gozatzen duenik. Bere adiskide guztiak mezpreziatu dute, eta bere etsai itzuli zaiozka.

        GHIMEL. 3. Aldatu eta barreiatu zan Juda, zegoelako atsekabetua era askotako katiberioarekin. Bizitu izan zan erreñuen artean; baña etzuen atsedenik arkitu. Estutu zuten aldamen guztietatik bere persegitzalle guztiak.

        DALETH. 4. Negarrez daude Siongo bideak, ez dagoelako nor etorri bere jai andietara. Bere ate guztiak desegiñak daude, bere apaizak malko jarioan; bere birjiñak zurbilduak, eta bera mingoiztasunez estutua.

        HE. 5. Bere etsaiak bere jabe egin dira. Aier ziotenak aberastu dira berari arrapatutako ondasunakin, zeren Jaunak bere kontra erabakia eman zuen, bere gaiztakerien ugaritasunagatik. Bere mutikotxoak katiberiora eramanak izan dira, menderatzalleak zirikatuta.

        BAU. 6. Siongo alabak galdu du bere edertasun guztia. Bere prinzipeak etorri dira izatera, bazkarik arkitzen ez duten aritoak bezelakoak; eta joan dirade desalaituak, daramazkiten persegitzallearen aurretik.

        ZAIM. 7. Jerusalenek dakarzki bere oroipenera bere atsekabeko egun aiek, eta bere bidegabeak, eta anziñako denboretan iduki zituen ondasun guztiak. Oroitu zan oiekin guziokin, erortzen zanean bere erria etsaien eskuetan, eta etzeukanean nork lagundu. Ikusi zuten bere etsaiak, eta bere jai andiai irri egin zieten.

        HETH. 8. Bekatu txit andia zan Jerusalenena, argatik bera koloka gelditu da. Bera alabatzen zuten guztiak mezpreziatu dute, ikusi dituztelako bere zikinkeriak, eta berak negarrez biurtu zuen atzerontz bere arpegia.

        THET. 9. Bere oñetaraño allegatzen dira bere zikinkeriak. Bera etzan oroitu bere atzenarekin. Txit azpiratua dago, arkitu gabe nork gozatu dezan. Begiratu zaiozu, Jauna, nere atsekabeari, zeren etsaia urgullutu dan.

        JOD. 10. Etsaiak bere eskua ezarri zien, Jerusalenek zeuzkan gauzarik ederrenai, eta ikusi ditu sartzen santuarioan jentillak, zeñakgatik zuk agindu zenduen, etziteztela sartu zure elizan.

        KAPH. 11. Bere erri guztia dago negarrez, eta dabil ogiaren billan; zeuzkaten gauzarik onenak eman dituzte, idukitzeagatik mokadu bat, biziarekin gelditzeagatik. Begiratu ezazu arren Jauna, eta oartu zaite, nolako egoera zatarrean nagoen.

        LAMED. 12. O zuek bide onetatik iragotzen zeraten guztiak, begiratu ezazute, eta oartu zaitezte, ote dagoen nere oñazea bezelako oñazerik, zeren Jaunak, lendanaz esan zuen bezela, mendaindu nau bere aserre sumiñeko egunean.

        MEM. 13. Goitik sartu zuen sua nere ezurren barrenen, eta eman dizkit erakutsiak. Zabaldu zuen sare bat nere oñetan, bota ninduen atzerontz. Utzi nau atsekabetua, egun guztian tristezaz ondatua.

        NUN. 14. Nere gaiztakerien uztarria, agudo ibilli zan nere gañera etortzeko; berak bere eskuakin jiran bildu, eta ipiñi zituen nere lepoaren gañean. Indarrikan gabe gelditu nintzan: Jaunak jarri nau, beragandik ezin libratuko naizanaren eskuetan.

        SAMEK. 15. Kendu ditu Jaunak nere erditik nere prinzipe guztiak. Epean izendatu du nere kontra denbora, zeñean galduko dituen nere gazte autuak. Jaunak berak zapaldu ditu, dolare batean bezela, kastigatzeko birjiña, Judako alaba.

        AIN. 16. Argatik nago ni negarrez, eta nere begiak urezko iturriak dirade, nigandik urrutian dagoelako gozatzalle, nere animari berriz biztu eraziko diona. Galdu dirade nere semeak; zeren etsaia garaipenarekin irten dan.

        PHE. 17. Sionek luzatzen ditu bere eskuak, baña ez dago bera gozatuko duenik. Jaunak ots egin die Jakoben etsaiai, bere inguruan jarri ditezen. Emakume ilberakin kutsutua bezela, ala da Jerusalen beren erdian.

        SADE. 18. Justoa da Jauna, baña nik, bere aginteen kontra jartzen nintzala, aserretu erazi nion. Erriak guztiak, aditu dezazutela erregututzen dizutet, eta zaudete arretaz nere oñazeari begira. Nere donzellak, eta nere mutil gazteak katiberiora eramanak izan dirade.

        KOPH. 19. Zuzendu nintzan nere adiskideetara, eta engañatu ninduten. Nere apaizak, eta nere zarrak erriaren barrenen il dirade; alperrik billatzen dutela janaria, beren biziari iraunerazitzeko.

        RES. 20. Begiratu ezazu, o Jauna, nola nagoen atsekabetua. Nere erraiak mugituak daude. Nastu da nere biotz guztia. Mingoiztasunez betea nago. Kanpotik ezpatak ematen du eriotza; eta etxearen barrendik dago gosea; zeña dan beste eriotza mota bat.

        SIN. 21. Aditu dituzte nere negarrak; eta ez dago iñor ere ni gozatzekorik. Nere etsai guztiak jakin dituzte nere zorigaitzak; poztu dirade, zuk bialdu dizkidazulako. Zuk bialduko didazu bozkarioko eguna; eta orduan berak arkituko dira, ni arkitzen naizan egoeran.

        THAU. 22. Ipiñi ezazu zure begien aurrean beren gaiztakeria guztia, eta egin ezazu berakin, nerekin egin dezuna, nere gaiztakeria guztiak gatik, zeren aspertu gabe nago ni negarrez, eta nere biotza desalaituaz dijoa.

 

BIGARREN KAPITULUA

        ALEPH. 1. Nola estali zuen Jaunak illuntasunez, bere aserrearen erdian, Siongo alaba! Berak aurtiki du zerutik lurrera Israel argitsua, eta ez da ere oroitu bere oñen ondopearekin bere aserreko egunean.

        BETH. 2. Jaunak desegin du, ezerere utzi gabe, Jakobgan zegoen gauza eder guztia, beera bota ditu bere aserrearen erdian Judako birjiñaren baluarteak, eta arrasatu ditu. Tratatu ditu erreñua eta bere prinzipeak, gauza kutsutu bat bezela.

        GHIMEL. 3. Bere aserrearen berotasunaren erdian, auts biurtu du Israelko indar guztia. Eraman zuen atzerontz bere eskuieko esku laguntzallea, etsaia etorri zaneko, eta erazeki zuen Jakoben su bat, bere garrarekin iretsitzen duena, inguruan dagoen guztia.

        DALETH. 4. Jarri zuen punterian bere uztaia, etsai batek egiten duen bezela, eta arerioa balitza bezela, sendo jarri zuen bere eskuieko eskua, eta il zuen, Siongo alabaren etzauntzean zegoen, irudi ederreko gauza guztia. Aurtiki zuen sua bezela bere aserrea.

        HE. 5. Jauna egin da Jerusalenen etsaia bezela. Aurtiki du Israel, desegin ditu bere murru guztiak; arrasatu ditu bere baluarteak; eta txit azpiratuak jarri ditu Judako alabaren gizasemeak, eta emakumeak.

        BAU. 6. Eta desegin du bere etzauntza, baratza bateko txaola bat bezela. Beera bota du bere Tabernakuloa. Jauna aztu da Siongo jai andiakin, eta larunbatakin; eta utzi ditu lotsarian, eta bere aserreko sumintasunean erregea eta apaiza.

        ZAIN. 7. Jaunak aurtiki du bere aldarea, madarikatu du bere santuarioa. Ipiñi ditu bere murruak eta dorreak etsaien eskuetan; zeñak ari diraden bozkariozko deadarretan, jai andi batean bezela.

        HETH. 8. Erabaki zuen Jaunak desegitea Siongo alabaren murruak, bota zuen bere soka, eta etzuen atzeratu bere eskua, desegin zuen arteraño. Lokatu zan murruaurrea, eta laster gelditu zan murrua ere arrasatua.

        THETH. 9. Estaliak gelditzen dirade bere ateak, lur montoien artean. Jaunak desegin eta zatitu zituen bere morrolloak, deserritu zituen erregea, eta bere andizkiak erreñuen artean. Ez dago onezkero legerik; eta bere profetak ez daukate onezkero Jaunaren ikusketarik.

        JOD. 10. Eseriak daude lurrean, eta ixiltasun andi batean, Siongo alabaren zarrak. Beren buruak autsez estaliak dauzkate, zilizioz jantzi ziraden, lurreraño beeratua daukate beren burua, Jerusalengo birjiñak.

        KAPH. 11. Itsutu ziran nere begiak negarraren negarrez, ikaraz jarri ziraden nere erraiak, isuri zan lurrean nere biotza, ikusirik nere erriko alabaren naigabea, txikitxoak eta titiko aurrak gosez aldigaiztoa eginda, erortzen ziradenean erriko plazaetan.

        LAMED. 12. Berak esaten zien beren amai: Non dira ogia eta ardoa? Zaurituak bezela, illaz zijoazenean erriko karrikaetatik, ematen zituztenean beren atzeneko asnasak, beren amaen altzoan.

        MEM. 13. Zeñekin berdinduko zaitut, edo zer gauzari irudituko zaitut, o Jerusalengo alaba? Zeñ adiña zerala esango dizut, zu gozatzeko, o birjiña Siongo alaba? Zeren andia da, itsasoa bezela, zure atsekabea. Nork eman dezakezu sendagarririk?

        NUN. 14. zure profetak lendanaz adirazi zizkizuten gezurrak, eta erakeriak; eta ez zizkizuten agertzen zure gaiztakeriak, beren penitenzia egin erazitzeko; baizik zure etsaien kontrako gertakari gezurrezkoak, eta galmenak.

        SAMEK. 15. Bidetik iragotzen ziraden guztiak, irri egiten zizuten txaloakin. Ari ziran zuri txistuka, eta mugitzen zituzten beren buruak, Jerusalengo alabaren kontra, esaten zutela: Au ote da edertasun osoko, mundu guztiaren bozkarioko erria?

        PHE. 16. Idiki zituzten zure kontra beren aoak zure etsai guztiak, txistuka ari ziraden; egiten zituzten ortz karraskotsak, eta esaten zuten: Guk iretsiko degu, allegatua da zai geunden eguna; etorri zan, aurrean daukagu.

        AIN. 17. Jaunak egin du erabakita zeukana. Kunplitu du adirazita zeukana anziñako denboretatik; desegin zaitu, eta ez dizu barkatu, poztu du etsaia zure gañean, eta goratu du zuri gorroto zizutenen anditasuna.

        SADE 18. Setiatuta zeudenen biotzak, ots egin zion Jaunari deadarrez, Siongo alabaren murruen gañetik: isuri itzatzu malkoak ugolde baten gisara gauaz ta egunaz; ez ezazu atsedenik artu, eta ez bitez ere aspertu zure begiak negar egitez.

        KOPH. 19. Jaiki zaite, deadarrez ots egin zaiozu Jaunari gauaz, beillaen asieratikan. Isuri ezazu ura bezela zure biotza bere aurrean, jaso itzatzu beraganontz zure eskuak, adirazten diozula zure aurtxoen bizia, zeñak dauden gosez iltzen kantoi guztietan, eta karrikaetako bibideetan.

        RES. 20. O Jauna, begiratu ezazu arren, eta konturatu zaite, zeñ dan onela arrasatu dezuna. Eta izango ote da egia emakumeak jango dituztela beren semeak, eskuko arraiaren neurriko aurrak? Eta, illak izango diradela Jaunaren santuarioaren barrenen apaiza eta profeta?

        SIN. 21. Illda etzinik daude kanpoan mutilla, eta zarra, nere birjiñak, eta nere mutil gazteak ezpataz iragoak izan dirade. Galdu erazi diezu zure aserreko egunean. Eriotzako zauriak egin dieztezu urrikalmendurikan batere gabe.

        THAU. 22. Ots egin ziñien, jai andi baterako bezela, ikaratuko nindutenai ingurutik; eta zure aserreko egun artan etzan izan iñor ere, iges egin zezakeanik, eta biziarekin irten zitekeanik. Nik azi nituenak, eta jaten eman nienak, galdu ditu nere etsaiak.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        ALEPH. 1. Ni naiz gizon bat, ikusten nagoena nere premia Jaunaren aserreko zigorrean.

        ALEPH. 2. Illuntasunetan ibilli erazi dit, eta ez argitan.

        ALEPH. 3. Aspertu gabe ari da bere eskua ezarten nere gañera, egun guztian.

        BETH. 4. Zartu erazi die nere larruari, eta nere aragiari, eta nere ezurrak zatitu ditu.

        BETH. 5. Jaso du pareta bat nere inguruan, ingurutu nau mingoiztasunez eta antsiaz.

        BETH. 6. Ipiñi nau toki illun batean, betiko il diradenak bezela.

        GHIMEL. 7. Esiz ingurutu ninduen aldamen guztietatik, igesik egin ez nezan, jarri zizkidan zepo astunak.

        GHIMEL. 8. Eta nik deadar egin, eta erregutu arren ere, ez die begiratzen nere eskariai.

        GHIMEL. 9. Zarratu ditu nere bideak, arlanduakin bezela. Desegin ditu nere bidetxigorrak.

        DALETH. 10. Etorri da izatera neretzat, artz bat azeloan bezela, leoe bat toki ezkutuan bezela.

        DALETH. 11. Nere bidetxigorrak nastu ditu, eta desegin nau; utzi nau antsia andian.

        DALETH. 12. Jarri zuen punterian bere uztaia, eta ipiñi ninduen bere saieten siñaletzat.

        HE. 13. Tinkatu ditu nere gerrian, bere gezitokiko fletxak.

        HE. 14. Etorri naiz izatera nere erri guztiaren lotsaria, eta egun guztian ari dirade neri kantak ateratzen.

        HE. 15. Samintasunez bete nau, moskortu nau asensioz.

        BAU. 16. Nere ortz guztiak ausi ditu, ondarrez beteriko ogia emanik: autsa eman dit jaten.

        BAU. 17. Urrutiratua dago nere animatik pakea. Ez dakit onezkero zer dan doatsu izatea.

        BAU. 18. Eta esan nuen: Joan zan nigandik nere gaitzen bukaera, eta Jaunagan neukan itxedopen guztia.

        ZAIN. 19. Oroitu zaite, Jauna, nere premiarekin, eta persekuzioarekin, eta edanerazitzen didaten asensio, eta beazunarekin.

        ZAIN. 20. Beti dauzkat gauza oiek gogoan, eta nere anima nere barrenen txit usteltzen da.

        ZAIN. 21. Alaere oroitzen naizala gauza oiekin nere biotzaren barrenen, Jaunagan nere itxedopena arkituko det.

        HETH. 22. Jaunaren urrikaltasun bat da, ez izatea gu osotoro desegiñak; zeren bere biguñtasunak beñere ez duten uts eman.

        HETH. 23. Egunoro daude biguntasun berriak txit goizetik. Andia da, o Jauna, zure leialtasuna.

        HETH. 24. Nere herenzia, esaten du nere animak, Jauna da. Argatik nere itxedopena beragan ipiñiko det.

        TETH. 25. Ona da Jauna beragan itxedotzen dutenentzat, bera billatzen duten animentzat.

        TETH. 26. Ongi da itxedotzea ixiltasunean, Jaungoikoagandik datorren osasuna.

        TETH. 27. Ongi da gizonarentzat, bere gazte denboratikan uztarria eraman izatea.

        JOD. 28. Geldirik eta ixillik egongo da, bere gañean uztarria artu duelako.

        JOD. 29. Bere aoa autsean ipiñiko du, ikusteko orazioarekin iritxitzen ote duen itxedotzen duena.

        JOD. 30. Aurkeztuko dio bere masalla jotzen duenari. Lotsariz aseko da.

        KAPH. 31. Baña Jaunak ez du beragandik botako betiko.

        KAPH. 32. Baldin berriz bota bagaitu, oraindikan errukituko da gurekin, bere urrikaltasunen ugaritasunaren araura.

        KAPH. 33. Berak ez dituen ezkero gogotik beeratzen, eta botatzen ere gizonen semeak,

        LAMED. 34. Txeatutzeko bere oñazpian lurreko katibu guztiak,

        LAMED. 35. Ez du ere pisatzen balantza gaiztoarekin, bere aurrean, gizonaren gauza.

        LAMED. 36. Ez dio ere kalterik egiten sentenzia gaiztoarekin gizon bati ere, ori ez daki Jaunak egiten.

        MEM. 37. Zeñ da esan duena, gauzaren bat egiten dala, Jaunak agindu gabe?

        MEM. 38. Onak eta gaitzak ez al datoz Jaunaren agindutik?

        MEM. 39. Zergatik bada murmuratuko du beñere gizon biziak, bere bekatuen kastiguagatik?

        NUM. 40. Esamiñatu eta aztertu ditzagun gure pausoak, eta Jaunagana biurtu gaitezen.

        NUM. 41. Altxatu ditzagun zerura, Jaunaganontz, eskuakin batean, gure biotzak.

        NUM. 42. Guk gaizki egin degu, eta aserretuerazi dizugu. Argatik ez diguzu iñolaere aditu nai.

        SAMEK. 43. Sumintasunez estali ziñan, eta kastigatu ginduzun, egin ziñituen eriotzak, iñori ere barkatu gabe.

        SAMEK. 44. Ipiñi zenduen odei bat zure aurrean, gure erreguak etzitezen allegatu zure aurrera.

        SAMEK. 45. Zuk arras atera gaituzu, eta aurtiki zimaurra bezela, errien erdian.

        PHE. 46. Etsai guztiak idiki dute beren aoa, gure kontra.

        PHE. 47. Profezia biurtu zan gure izu eta lazo, eta gure galmen.

        PHE. 48. Urezko ibaiak irtetzen dira nere begietatik, ikusirik nere erriko alabaren pena.

        AIN. 49. Desegiten dira nere begiak betiko negarrarekin, zeren atsedenik batere ez dagoen.

        AIN. 50. Aliketa Jaunak itzuli ditzan bitartean zerutik bere begiak, eta jarri dedin artean guri begira.

        AIN. 51. Isuri ditudan malko ugariak nere erriko alaba guztien zorigaitzakgatik, leortu dute nigan bizitzako ezade guztia.

        SADE 52. Eizatokian egaztiarekin bezela, nere jabe egin ziraden nere etsaiak, nik berai biderik eman gabe.

        SADE 53. Erori zan putzuan nere anima, jarri dute nere gañean arlosa.

        SADE 54. Atsekabezko urak erori ziran ugolde bat bezela nere buruaren gañean. Nik orduan esan nuen: Galdua naiz.

        KOPH. 55. Ots egin nion, o Jauna, zure izen santuari lizearen tokirik zakonenetik,

        KOPH. 56. Eta zuk aditu zenduen nere boza, ez itzatzu bada itxi zure belarriak nere negar eta deadarretara.

        KOPH. 57. Zuk alderatu ninduzun, ots egin nizun egunean; eta esan ziñidan: Etzaite beldur izan.

        RES. 58. Zuk eman zenduen erabakia nere animaren alde, o Jauna, o nere biziaren Salbatzallea.

        RES. 59. Ikusi ziñituen, o Jauna, beren gaiztakeriak nere kontra: justizia egin zadazu.

        RES. 60. Ikusi ziñituen beren sumintasun guztia, beren asmazio guztiak nere kontra.

        SIN. 61. Zuk aditu ziñituen, o Jauna, berak neri emandako lotsariak, bere erabakiak nere kontra,

        SIN. 62. Eta gerra egiten didatenen itz gaiztoak, eta nere kontra beti asmatzen ari diran guztia.

        SIN. 63. Ikusi itzatzu, o Jauna, beren joanak, eta jirak. Nigana zuzentzen dira beti beren kantak.

        THAU. 64. zuk emango diezu, o Jauna, beren eskuetako lanak diña diradena.

        THAU. 65. Jarriko dituzu beren biotzaren gañean, ezkutuaren lekuan, bialduko diozkazun atsekabeak.

        THAU. 66. Zuk, o Jauna, persegituko diezu aserrearekin, eta arras kenduko dituzu zeruaren azpitik.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        ALEPH. 1. Nola illundu da urrea, eta aldatu bere kolore txit ederra? Barreiatuak dabiltza Santuarioko arriak, karrika guztietako kantoietatik.

        BETH. 2. Siongo seme ospatsu, urre txit fiñezko tisuz jantzitzen ziradenai, nola begiratzen zaie, balirade bezela buztiñazko ontziak, buztingillaren lana?

        GHIMEL. 3. Lamiak berak ere agertzen dituzte beren bularrak, eta ematen die eznea beren umetxoai, baña nere erriko alaba biotz gogorrekoa da, eremuko saiea bezelakoa.

        DALETH. 4. Bularreko aurrari itsatsitzen zaion bere mingaña aosapaian, zeukan egarriagatik; gaztetxoak ogia eskatzen zuten, eta ez zegoan iñor ere berai txikitzeko.

        HE. 5. Ederki jaten zutenak, gosez il dira karrikaetan; purpura artean azi ziradenak, ikusten dira zimaurtzetan.

        BAU. 6. Eta andiagoa izan da nere erriko alabaren gaiztakerien kastigua. Sodomatarren bekatuarena baño, zeñ izan zan batbatean desegiña, gizonaren eskuak ezerere egin gabe.

        ZAIN. 7. Bere Nazarenoak ziran, elurra baño zuriagoak, eznea baño distiatsuagoak, anziñako marfila baño origorriagoak, zafiroa baño ederragoak.

        HETH. 8. Baña orain ikatza baño baltzago daude beren arpegiak, eta karrikaetatik ez dirade ezagutuak. Itsatsia daukate beren larrua ezurrai, leortu da, eta egin da makilla bat bezelakoa.

        TETH. 9. Obeto joan zaten ezpataz illak izan ziradenai, gosez il ziradenai baño, zeren oiek ezereztuaz zijoazen, eta desegiñaz, lurrak ez emanarekin.

        JOD. 10. Emakumeen esku urrikaltsuak ipiñi zituzten egositzen beren semeak. Oiek izan ziraden beren janaria, nere erriko alabaren atsekabeko denboran.

        KAPH. 11. Ase du Jaunak bere sumintasuna, isuri du bere gozakaitzeko aserrea; erazeki du Sionen su bat, zimenduetarañokoa iretsi duena.

        LAMED. 12. Etzuten sinisten lurreko erregeak, ez munduan bizi ziraden guztiak ere, etsai eta kontrarioa Jerusalengo ateetatik sartuko zala,

        MEM. 13. Baña sartu zan, beren profeten bekatuak gatik, eta beren sazerdoteen gaiztakeriakgatik; zeñak bere erdian justoen odola isuri zuten.

        NUN. 14. Zebiltzan batetik bestera itsuak bezela karrikaetatik, odolarekin zikintzen ziradela, eta ezin ziraden ibilli zikindu gabe, beren soñekoen ertzak jasotzen bazituzten ere.

        SAMEK. 15. Alde egin ezazute zikiñak, esaten zien deadarrez besteai, urrutiratu zaitezte, zoazte kanpora, ez zaguzute ukitu, zeren argatik iduki zituzten aserreak beren artean; eta erreñuen artean barreiatuak izan ziradenak, esan zuten: Ez da berriz biziko Jauna beren artean:

        PHE. 16. Jaunaren arpegi aserretuak barreiatu ditu. Ez diote onezkero berak begiratuko, ez diote lotsa gorde sazerdoteai, eta zarrakin ere ez dirade urrikaldu.

        AIN. 17. Oraindikan zerbait bagiñanean, desalaitzen ziran gure begiak, alperrik itxedotzen zutela gure laguntasuna, geundela begira, ezin salbatu ginduen erreñu bati.

        SADE. 18. Ibiltzean gure karrikaetatik, gure oñak arkitzen zituzten beaztopoak. Alderatu zan gure atzena, kunplitu ziran gure egunak, zeren gure muga allegatu dan.

        KOPH. 19. Zeruko agilak baño agudoagoak izan dirade gure etsaiak, persegitu gaituzte mendietatik, azeloak jarri dizkigute eremuan.

        RES. 20. Jaunaren Kristoa, gure aoko asnasa arrapatua izan da gure bekatuakgatik, esan giñona, zure itzalean biziko gera erreñuen artean.

        SIN. 21. Gozatu eta bozkariotu zaite, o Edomgo alaba, Husko lurrean bizi zerana, zuri ere allegatuko zatzu atsekabeko kaliza, moskortua izango zera, eta ondasun guztiez gabetua.

        THAU. 22. O Siongo alaba, badauka muga, zure gaiztakerien kastiguak. Jaunak beñere ez dizu berriz, beste erri batera irago eraziko. Baña berak kastigatuko du, o Edomgo alaba, zure gaiztakeria, berak agertuko ditu zure txarto egiñak.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        Jeremias profetaren orazioa.

        1. Oroitu zaite, o Jauna, gertatu zagunarekin. Begiratu zaiozu, eta ikusi ezazu arretaz gure lotsaria.

        2. Gure herenzia irago da jende arrotzen eskuetara, gure etxeak erbestekoen mendean daude.

        3. Gelditu gera, umezurtzak bezela, aitarik gabe. Gure amak daude alargunak bezela.

        4. Gure ura diruagatik edaten degu, eta diruarekin erosten degu gure egurra.

        5. Lepotik lotuta garamazkite, nekatuai etzaiote atsedenik ematen.

        6. Luzatzen dieztegu gure eskuak ijitoai, eta Asiriatarrai, ogiz ase gaitezen.

        7. Bekatu egin zuten gure gurasoak, eta onezkero ez daude emen; eta beren gaiztakerien kastigua, guk daramagu.

        8. Gure morroi mendekoak gurekin jabetu dira; etzan arkitu nork libratu gaitzan beren eskuetatik.

        9. Gure bizien irriskuarekin goaz toki eremutuetara ogiaren billan, beti ezpataren beldurra daukagula.

        10. Errea, labe bat bezela ipiñi du gure larrua gosearen anditasunak.

        11. Desonratzen zituzten andreak Sionen, birjiñak Judako errietan.

        12. Zinzilika jarriak eskutik zur batean izan dirade prinzipeak; ez die lotsarikan batere gorde zarrai.

        13. Txit gaizki nabarmenkiro erabilli dituzte gizaseme gazteak; eta mutillak erortzen ziran egurraren pisuarekin.

        14. Ez dago onezkero gizaseme zarrik ateetan, eta mutil gazteak ez dira ikusten, soñuak jotzen dituztenen koruan.

        15. Aitu da gure biotzeko bozkarioa, lutu biurtu dira gure dantzak.

        16. Koroeak gure buruetatik erori dira. Ai, gure doakabeak, bekatu egin degulako!

        17. Argatik tristezan gelditu da gure biotza; argatik gure begiak galdu zuten argia.

        18. Zeren arrasatua dagoen Siongo mendia, azeriak dabiltza an.

        19. Baña zuk, o Jauna, beti iraungo dezu; zure tronua izango da mendez mende.

        20. Zergatik betiko aztuko zera gurekin? idukiko gaituzu urte luzeetan utziak?

        21. Konbertitu gaitzatzu, o Jauna, zugana, eta konbertituko gera: berriztatu itzatzu zuk gure egun doatsuak, asieratikan bezela.

        22. Baña zuk, o Jauna, bota gaituzu betiko bezela, ikaragarriro aserretu zera gure kontra.

 

aurrekoa hurrengoa