www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

EKLESIASTESEN LIBURUA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Eklesiastes, Dabiden semearen, Jerusalengo erregearen itzak.

        2. Urgulleria txit andia, esan zuen Eklesiastesek, urgulleria txit andia, eta guzia da urgulleria.

        3. Zer ateratzen du gizonak bere lan guzitik, zeñean arazoz nekatzen dan eguzkiaren azpian?

        4. Gizaldi bat iragotzen da, eta beste gizaldi bat dator; lurra berriz beti dago geldirik.

        5. Eguzkia ateratzen da, eta sartzen da, eta bere tokira itzultzen da. Eta andik berriz aterarik,

        6. Egoerontz zuzentzen da, eta gero zeartzenda ifarrerontz. Aizea dabil lurraren inguru guztitik, eta berriz asitzen ditu bere jirak.

        7. Ibai guztiak itsasoan sartzen dirade, eta itsasoak ez du gañezik egiten: irtetzen diraden tokira biurtzen dirade ibaiak, berriz ere korrika joateko.

        8. Gauza guztiak dirade gaitzak, ez ditzake gizonak itzez adirazi. Ez da begia asetzen ikustez, eta ez da ere belarria betetzen aditzez.

        9. Zer da izan zana? izango dana bera. Zer da egiña izan zana? Egiña izango dana bera.

        10. Ez dago gauza berririk eguzkiaren azpian, eta ez dezake iñork esan: Ona emen au gauza berria da, zeren gu baño lenagoko gizaldietan izandu zan.

        11. Ez dago lenbiziko gauzen oroipenik, eta geroko gauzen oroipenik ere ez da izango, atzenean izango diradenetan.

        12. Ni Eklesiastes izan nintzan Israelko erregea Jerusalenen,

        13. Eta erabaki nuen nere biotzean, egitea azterren eta billakuntzak jakinduriarekin, eguzkiaren azpian gertatzen diraden gauza guztien gañean. Lantegi txit nekau au eman zien Jaungoikoak gizonen semeai, beratan ari zitezen.

        14. Ikusi nuen eguzkiaren azpian egiten dan guztia eta ona emen non guztia dan urgulleria eta espirituko atsekabea.

        15. Anima txit gaiztotuak nekez ondutzen dira; eta atzengabea da zentzurik ez daukatenen zenbata.

        16. Itz egin nuen nere biotzean, esaten nuela: Ona emen non andia egin naizan, eta atzera utzi ditut jakindurian, Jerusalenen ni baño lenago izan ziran guztiak, eta nere espiritua arreta andiarekin egon da gauza askori begira, eta asko ikasi det.

        17. Orobat nere biotza itsatsi det ezagutzera zentzua, eta dotrina, eta utsegiteak eta errakuntzak. Baña ikusi det au bera ere nekea, eta espirituko atsekabea dala.

        18. Jakinduria andiak berarekin naigabe asko dakarren ezkero, eta jakinduria geitzen duenak, lana ere geitzen du.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Orduan esan nuen nik nere biotzean: Joango naiz, eta idukiko ditut atsegiñak ugari, eta ondasunetan gozatuko naiz. Eta ikusi nuen, au ere utsa balio duen gauza zala.

        2. Farra iduki nuen gezurtzat, eta gozotasunari esan nion: Zergatik alferrik engañatzen aiz?

        3. Pensatu nuen nere biotzean ez ematea ardorik nere aragiari, nere biotza jakinduriaganatzeko, eta errakuntzan ez erortzeko, ikusi artean, zer gauza izango zan onena gizonen semeentzat; zer egingo duten eguzkiaren azpian bizi diran egunetan.

        4. Agindu nuen obra txit andiak egiteko, etxeak egin nituen, eta ipiñi nituen mastiak,

        5. Egin nituen baratzak eta jardinak, eta ipiñi nituen zuaitz mota guztiak.

        6. Egin nituen urak idukitzeko putzuak, ernetzen ziran zuaitzen basoa erregatzeko.

        7. Izan nintzan mendeko gizaseme eta emakumeen Jauna, eta familia andia iduki nuen, baitaere abere eleak, eta ardi talde andiak, ni baño lenago Jerusalenen izan ziran guztiak baño geiago.

        8. Montoitu nituen zillarra eta urrea; eta erregeen eta probinzietako ondasunak; autu nituen gizaseme eta emakume kantariak, eta gizonen semeentzat gozagarria izan liteken guztia, basoak eta pitxarrak ardoa serbitzeko.

        9. Eta ondasun geiago iduki nuen, ni baño lenago Jerusalenen izan ziran guztiak baño. Jakinduriak ere iraun zuen nerekin.

        10. Ez nien ukatu nere begiai gura izan zuten gauzarikan batere, ez nion ere nere biotzari galerazi atsegin guztia iduki zezala, eta gozatu zedilla, nik prestatu nituen gauzetan, eta uste nuen au zala nere zoriontasuna, nere lanak neronek gozatzea.

        11. Eta biurtu nintzanean nere eskuak egin zituzten obra guztietara, eta ni alferrik izerditu nintzan lanetara, ikusi nuen guztiak utsa balio zuela, eta etzegoala beretan biotzeko atsekabea baizik, eta etzegoala eguzkiaren azpian gauza iraunkorrik batere.

        12. Emendikan irago nintzan jakinduriari arretaz begiratzera, eta gizonen errakuntzai, eta zentzugabetasunari; (baña zeñ da gizona, esan nuen, bere Egilla Erregearen obrai jarraitu al izateko?),

        13. Eta ikusi nuen, ainbeste eramaten diola jakinduriak zentzugabetasunari, nolako desberdintasuna dagoen argiagandik illuntasunetara.

        14. Jakintsuaren begiak bere buruan, zentzugabea illuntasunetan dabil, eta ikasi nuen, bat bera zala bataren eta bestearen eriotza.

        15. Eta esan nuen nere biotzean: Zentzugabearen eta nere eriotza bat izango bada, zer balio dit jakinduria iritxitzeko alegin geiago egin izateak? Eta nere biotzarekin itz egin ezkero, ezagutu nuen, au ere utsa balio zuen gauza zala.

        16. Zeren jakintsuaren oroipena ez da betikoa izango, nola zentzugabearena ere ez dan; eta geroko denborak guztia estaliko dute aztutzearekin. Jakintsua, ezjakiña bezela iltzen da.

        17. Eta argatik nazkagarria zan nere bizitza neretzat, ikusirik eguzkiaren azpian gaitz mota guztiak zeudela, eta gauza guztiak diradela utsa eta espirituko atsekabea.

        18. Berriz gorrotoz begiratu nien nere alegin guziai, zeñtzuekin egin nuen nigan zan guztia, nere ondoren primu bat idukitzeko,

        19. Zeñ ez dakit izango ote dan jakintsua, ala zentzugabea; baña bera izango da nere lanen jabe, zeñatan nik ainbeste izerdi bota nuen, eta ainbeste arazo iduki nuen. Eta gauza ain alferrikan bai al dago?

        20. Argatik utzi diet gauza guzi oiei, eta erabaki det nere biotzean, ez berriz arazorikan batere artzea mundu onetako gauza batgatik ere.

        21. Ikusirik nekatu ezkero bat, lanean jakinduria eta dotriñarekin, eta egin ezkero beloak, utzitzen diola batek irabazi duena alfer bati, zeñ dan egiaz utsa balio duen gauza, eta zorigaitz andia.

        22. Zeren, zer balioko dio gizonari beren lan guziak, eta espirituko atsekabeak, zeñarekin dan oñazkatua eguzkiaren azpian?

        23. Bere egun guztiak oñazez eta doakabez beteak daude, eta gauaz ere ez du bere gogorazioak atsedetzen, eta ez al da au utsa balio duen gauza bat?

        24. Ez al da obe jatea, eta edatea, eta ezagutu erazitzea bere animari bere lanen ondasunak? Baña doai au Jaungoikoaren eskutik dator.

        25. Nork ala iretsiko ditu, eta idukiko ditu gozotasunak nik bezin ugari?

        26. Jaungoikoak, bere gogokoa dan gizonari, ematen diozka jakinduria, eta aditza, eta poza; bekatariari berriz bialtzen diozka atsekabea eta ajola alperrak bildu eta montoitzeko ondasunak, utziteko Jainkoak dakianari, baña au ere da utsa balio duen gauza, eta animako arazo alperra.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Gauza guztiak dauzka beren denbora, eta guztiak beren tokietatik iragotzen dira eguzkiaren azpian.

        2. Bada jaiotzeko denbora, eta iltzeko denbora.

        Landatzeko denbora, eta landatu dana ateratzeko denbora.

        3. Iltzeko denbora, eta sendatzeko denbora.

        Desegitzeko denbora, eta egiteko denbora.

        4. Negar egiteko denbora, eta farra egiteko denbora.

        Suspirioetako denbora, eta dantzan egiteko denbora.

        5. Arriak zabaltzeko denbora, eta biltzeko denbora.

        Laztantzeko denbora, eta laztantzetatik urrutiratzeko denbora.

        6. Irabazteko denbora, eta galtzeko denbora.

        Gordetzeko denbora, eta botatzeko denbora.

        7. Urratzeko denbora, eta josteko denbora.

        Ixillik egoteko denbora, eta itz egiteko denbora.

        8. Amorioaren denbora, eta gorrotoaren denbora.

        Gerrarako denbora, eta pakeko denbora.

        9. Zer geiago dauka gizonak bere lanetik?

        10. Ikusi det Jaungoikoak gizonen semeai eman dien atsekabea, berarekin bete ditezen.

        11. Gauza guztiak egin zituen onak bere denboran, eta eman zuen mundua beren ezbaietarako, ez dezan gizonak arkitu, Jaungoikoak asieratik azkeneraño egin zuen obra.

        12. Eta ezagutu nuen, ez zegoala gauza obeagorik, nolakoa dan poztutzea, eta ongi egitea bizi dan artean.

        13. Zeren jaten eta edaten duen edozeñere gizonek, bere nekeen frutua gozatzen duela, au da jaungoikoagandik artzen duen doai bat.

        14. Ikasi nuen, Jaungoikoak egin dituen obra guztiak, beti irautzen dutela. Ezerere ezin itsatsi ez kendu genezakiokegu, Jaungoikoak egin zuenari, bera beldurrez begiratua izan zedin.

        15. Egiña izan zanak, orrek irautzen du, izango diraden gauzak, izan ziran onezkero, eta Jaungoikoak berriztatzen du, irago zana.

        16. Ikusi nuen eguzkiaren azpian juizioaren lekuan gaiztakeria, eta justiziaren lekuan bidegabetasuna.

        17. Eta nere biotzean esan nuen: Justoa eta gaiztoa Jaungoikoak juzgatuko ditu, eta gauza guztiak zuzentzeko denbora orduan izango da.

        18. Esan nuen nere biotzean gizonen semeen gañean, Jaungoikoak probatuko zituela, eta erakutsiko zuela, zirala abereen antzekoak.

        19. Zeren gizona abereen antzera iltzen da eta il bear izatean, biak dirade berdiñak; bada nola iltzen dan gizona, ala berak ere iltzen dirade. Era batean guztiak asnasa artzen dute, eta ez dauka gizonak abereak baño geiago, guztia dago urgulleriaren mendean.

        20. Eta guztia toki batera dijoa, gauza guzti oiek lurraz egiñak izan ziran, eta berriz ere orobat lur izatera itzultzen dirade.

        21. Nork daki Adanen semeen espiritua goira igotzen ote dan, eta abereen espiritua beera jetxitzen ote dan?

        22. Eta aditu nuen, ez dagoela gauza obeagorik batere, nolakoa dan poztutzea gizona bere lanean, eta au dala berari dagokiona. Zeren nork imiñi dezake, bere egunak iragota gertatuko dana ezagutzeko eran?

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Itzuli nintzan beste gauza batzuetara, eta ikusi nituen eguzkiaren azpian iragotzen diran bidegabetasunak, eta obengabeen negarrak, eta ez zegoela gozatzallerik batere, eta berak ere zeudela ezin gogor eginik erasoari, egonik, dauden bezela, iñoren laguntasunik gabe.

        2. Eta geiago alabatu nituen illak, biziak baño.

        3. Eta bata ta bestea baño doatsuagotzat iduki nuen, oraindikan jaio ez zana; eta ikusi ere ez dituena, eguzkiaren azpian egiten diran gaiztakeriak.

        4. Berriz jarri nintzan arretaz begira gizonen lan guztiai, eta ikusi nuen bakoitzaren eginalai ondamuz begiratzen diela lagun urkoak, eta onetan ere urgulleria eta ajola alferra daude.

        5. Zentzugabeak bere eskuak gurutzez ipintzen ditu, eta jaten ditu bere aragiak, esaten duela:

        6. Obe da eskubetetxo atsedenarekin, esku biak bete nekearekin, eta biotzeko atsekabearekin baño.

        7. Pentsatzen nengoala, utsa balio duen beste gauza bat ere arkitu nuen eguzkiaren azpian.

        8. Badago bat bakarrik, eta ez dauka bigarrenik, ez semerik, ez anaiarik; eta alaere ez da lan egitez aspertzen, eta bere begiak ere ez dirade ondasunez aspertzen, eta ez da ere beregantzen, esaten duela: Zeñarentzat ari naiz lanean, eta utzitzen det nere anima ondasun oiek gabe? Au ere utsa balio duen gauza, eta atsekabe txit andia da.

        9. Obe da bada bi elkarrekin egotea, bat bakarrik baño, zeren beren elkartasuneko laguntasuna daukate.

        10. Bat erortzera badijoa, besteak eltzen dio. Ai, bakarrik dagoenaren urrikigarria! Zeren erortzen danean, ez dauka nork jaso dezan.

        11. Eta bi elkarrekin lo badatzate, elkar berotuko dute, bat bakarra nola berotuko da?

        12. Eta norbaitek geiago egiten badio bati, bik gogor egingo diote: iru toleseko soka bat, nekez urratutzen da.

        13. Obeago da mutil beartsu eta jakintsua, Errege zar eta zentzugabeko, gero ongi izateko neurriak artzen ez dakiena baño.

        14. Zeren karzelatik eta kateetatik irtetzen da batzuetan norbait, erreñatzeko, eta beste bat izan arren erregeen jauregian jaioa, premian iltzen da.

        15. Ikusi nituen nik, eguzkiaren azpian bizi diran gizon guztiak, aitaren lekuan erreñatuko duen gazteari laguntzen diotela.

        16. Neurrigabea da, bere aurretik joan ziraden guztien erriaren zenbata; eta gero egongo diradenak, ez dirade beragan poztuko. Baña au ere urgulleria eta espirituko atsekabea da.

        17. Zaitu ezazu zure oña Jaungoikoaren etxean sartzen zeranean, eta alderatu zaite aditzera. Zeren asko obeago da obediezenzia, zentzugabeen eskeñtzak baño, zeñak ez duten ezagutzen zeñ gaizki egiten duten.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Ez ezazu itzik egin oarkabe, eta zure biotza ere ez bedi ariña izan itza esateko Jaungoikoaren aurrean. Zeren Jaungoikoa zeruan dago, eta zu lurraren gañean. Argatik gutxi izan bitez zure arrazoiak.

        2. Ajola askori amesak jarraitzen diezte, eta itz askoan barbullkeria arkituko da.

        3. Jaungoikoari eskeñtzaren bat ekin badiozu, ez ezazu luzatu kunplitzea, zeren Jaungoikoa ez da doañ desleial eta ajolagabearen zalea. Baizik kunplitu ezazu eskeñi dezun guztia.

        4. Eta asko obeago da ez botorik ekitea, botoa egin eta gero eskeñia ez kunplitzea baño.

        5. Ez bizaio zure mingañak zure gorputzari bekatu ekiñerazi. Eta ez ezazu ere esan Aingeruaren aurrean: Ez dago Probidenziarik. Aserreturik Jaungoikoa zure itzen kontra, desegin ez ditzan zure eskuen lan guztiak.

        6. Ames asko dagoen lekuan, an gauza uts txit asko dago, eta ezin kontatu adiña itz: baña zu Jaungoikoaren beldur izan zaite.

        7. Ikusiko baziñitu beartsuak menderatuta, eta gogortasun geiegik agintzatzen duela erabakietan, eta justizia goibetua dagoela probinzian, etzaite egite onekin miraritu, zeren goikoa baño gorago dago beste bat; eta oien gañean ere beste goratuago batzuk daude,

        8. Eta gañera Erregeak agintzen dio, bere mendean dagoen lur guztiari.

        9. Zikoitza ez da diruz aseko, eta aberastasunak maitatzen dituenak, ez du beretatik fruturikan batere aterako, eta au ere utsa balio duen gauza da.

        10. Aberastasun asko dagoen tokian, an daude ere berak jaten dituzten asko. Eta zer mesede ateratzen du beren jabe danak, bere begiakin aberastasunak ikustea baizik?

        11. Gozoa da loa langillearentzat, naiz asko jan dezala, nai gutxi; asetasunak ordea ez dio utziko aberatzari lorik egiten.

        12. Bada ere beste eritasun txit gaizto bat, eguzkiaren azpian ikusi nuena, aberastasunak gordeak bere jabearen kalterako.

        13. Zeren ikusten ditu ezkutatzen dirala bere atsekabe ikaragarri batekin. Beragandik sortutako semeak ikusiko du bere burua premiarik andienean.

        14. Nola larrugorrian atera zan bere amaren sabeletik, ala itzuliko da, eta bere lanetik ezertxoere ez du berarekin eramango.

        15. Egiaz zorigaitz txit negargarria da au: nola etorri zan, ala itzuliko da. Zer balio dio bada aizearentzat lanean aritu izateak?

        16. Bere bizitzako egun guztietan jan zuen illuntasunean, eta kezka askoren erdian, eta urri eta itun.

        17. Argatik nik ongi egintzat daukat, gizonak jan eta edan dezala, eta pozez gozatu dedilla bere lanean, zeñean nekau zan bera, Jaungoikoak eman ziozkan bere bizitzako egunetan, eta au da berari dagokiona.

        18. Eta Jaungoikoak ematen diozkanean gizon bati ondasunak eta azienda, eta ematen ere dionean beretatik jateko eskubidea, eta gozatzea berari dagokiona, eta bere lanean poztutzea, au Jaungoikoaren doai bat da.

        19. Zeren bere bizitzako egunakin ez da asko oroituko, zeren Jaungoikoak ipintzen du bere biotza gozotasunez betea.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Oraindik badago beste gaitz bat ere, eguzkiaren azpian ikusi nuena, eta egiaz maiz izan oi dana gizonen artean.

        2. Gizon bat, zeñi Jaungoikoak eman diozkan ondasunak, eta idukia eta onra, eta bere animak dauzkana nai dituen gauza guztiak, eta etzion eman Jaungoikoak beratatik jateko eskubiderik, baizik gizon arrotz batek iretsiko du. Arrokeria da au, eta zorigaitz andia.

        3. Kontu dezagun norbaitek dauzkala eun seme, eta bizi dala urte askotan edaderik andieneraño; baña bere anima ez dedilla gozatu jabe dan ondasunetan, eta atzenean etorri dedilla obirikan ere ez idukitzera, augatik esaten det nik, bera baño zori obeagokoa dala, amaren sabelean galdutako aurra.

        4. Zeren utserako etorri zan, eta illuntasunetara dijoa, eta bere izena aztuta oroipenikan gabe geldituko da.

        5. Etzuen ikusi eguzkia, eta etzuen ere ezagutu onaren eta gaitzaren arteko desberdintasuna.

        6. Bi milla urtean bizi izan bada ere, eta gozatu ez bada bere ondasunetan; gauza guztiak ez al dijoaz arin atzen batera?

        7. Gizonaren lan guztia bere aorako da; bere anima berriz ez da beteko.

        8. Zer dauka jakintsuak jakinduriagabeak baño geiago? Eta zer beartsuak, baizik jarraitzea arako bideari, non bizitza dagoen?

        9. Obe da ikustea nai dezuna, ezagutzen ez dituzun gauzen gura idukitzea baño; baña au ere urgulleria da, eta espirituko antustea.

        10. Izango dana, Jaungoikoak bere izenez ezagutua dauka, eta jakiña da gizona izango dala, eta eziñ leiatuko dala juizioan bera baño sendoago danaren kontra.

        11. Txit asko dirade itzak, eta urgulleria asko daukate elean.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Zer premia dauka gizonak ibiltzeko bera baño andiagoak diraden gauzen billan, ez jakiñik zer dagokion berari bere bizitzan, bideantez dagoen bere egun laburretan, eta itzala bezela iragotzen dan denboran? Eta nork agertu dizaioke, zer gertatuko dan eguzkiaren azpian bera ilda gero?

        2. Obeagoa da izen ona lurrinkairik baliotsuenak baño; eta eriotzako eguna, jaiotzako eguna baño.

        3. Obe da joatea lutua dagoen etxera, jostaketakora baño, zeren artan oroitzen da gizon guztien atzena, eta bizi danak pensatzen du, zer izango dan berarekin.

        4. Obe da aserrea, farra baño, zeren arpegiko tristezarekin zuzentzen da bekatu egiten duenaren biotza.

        5. Jakintsuen biotza dago tristeza dagoen lekuan; eta zentzugabeen biotza, poza dagoen lekuan.

        6. Obe da jakintsuak bati errierta egitea, zentzugabeen labañkeriarekin engañatua izatea baño.

        7. Zeren nolakoa dan eltzearen azpian erretzen dauden arantzen otsa, alakoa da zentzugabearen farra, baña au ere utsa balio duen gauza da.

        8. Gezurrezko asmazioak nastutzen du jakintsua, eta bere biotzeko sendotasuna galduerazitzen dio.

        9. Obeagoa da orazioaren atzena, asiera baño, obeagoa da sufritua, panparroia baño.

        10. Etzaite izan aserretzen erraza; zeren sumintasuna dago atsedetzen, zentzugabearen biotzean.

        11. Ez ezazu esan: Zergatik lendabiziko denborak oraingoak baño obeagoak izan ziran? Zeren bidegabekoa da onelako galdea.

        12. Jakinduria ondasunakin mesedegarriagoa da, eta onera geiago ekartzen diote eguzkia ikusten dutenai.

        13. Zeren nola jakinduria dan ezkutu bat, ala da dirua ere. Baña au geiago daukate Jainkoaren aditza eta jakinduriak, beren jabe diradenai bizitza ematen diela.

        14. Arretaz oartu zaite Jaungoikoaren obrakin, eta iñork ere ezin dezakela zuzendu, berak bere eskutik utzi duena.

        15. Zu bada egun ona daukazunean, gozatu zaite ondasunetan, eta lendanaz prestatu zaite egun gaiztorako, zeren nola hura Jaungoikoak egin zuen, ala egin zuen au ere, arkitu ez dezan gizonak bere kontra bidezko esparik.

        16. Oiek ere ikusi ditut nere bizitza argal eta badezpadako egunetan, justoa bere justizian galtzen dala, eta gaiztoa bere gaiztakerian bizi dala denbora luzean.

        17. Etzaite izan justoegia, eta ez ezazu ere jakin, bear dan baño geiago, kordegabetua gelditu etzaitezen.

        18. Ez itzatzu egin bekatuak bekatuen gañean, eta etzaite ere izan zentzugabea, atzeratutzen dezula Jaungoikoagana biurtzea, uste dezun baño lenago il etzaitezen.

        19. Ongi da lagundu dizaiozula justoari, baña argatik ez ezazu zure eskua atzeratu ez diradenakgandik; bada Jaungoikoaren beldur danak, ez du iñor ere beragandik botatzen.

        20. Jakinduriak egin zuen jakintsua, erri bateko amar Prinzipe baño sendoagoa.

        21. Zeren ez dago gizon justorik lurrean, ongi egiten duenik, eta bekaturik beñere egiten ez duenik.

        22. Ez ezazu berriz alderatu zure belarria esaten diraden itz guzietara, aditu ez dezazun zure mendeko gizasemeak zugatik gaizki esaten duela.

        23. Zeren zure konzienziak badaki, zuk ere maiz besteakgatik gaizki esan dezula.

        24. Al nuen guzia egin nuen jakinduria iritxitzeko. Esan nuen neregango: Jakintsua egingo naiz baña berak nigandik urrutira alde egin zuen,

        25. Zegoen baño asko geiago; eta andia da bere zakontasuna. Nork ukituko dio bere ondoari?

        26. Nere espiritua ibilli zan korrika gauza guztietatik, jakiteko, eta arretarekin begiratzeko, eta billatzeko jakinduria eta arrazoia; eta ezagutzeko zentzugabearen gaiztakeria, eta adimengabekoen errakuntza.

        27. Eta arkitu nuen emakumea zala eriotza baño mingoitzagoa, zeñ dan eiztarien lakioa, eta bere biotza sarea, bere eskuak zepoak. Jaungoikoaren gogokoa danak, beragandik iges egingo du; baña bekataria dana, berak arrapatua izango da.

        28. Ona emen nik arkitu dedana, esan zuen Eklesiastesek, elkarturik gauza bat bestearekin, arrazoia arkitzeko,

        29. Zeñ oraindikan nere animak billatzen duen, eta ez det arkitu, zeren milla gizonen artean bat arkitu nuen; eta emakume guztien artean batere ez.

        30. Au bakarrik arkitu nuen, Jaungoikoak gizona justizian egin zuela, eta bera nastu zala gogorazio gaizto askotan. Zeñ da jakintsuarekin berdintzekoa? Nork ezagutzen du parabola gaitz onen azaldaera?

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Gizonaren jakinduriak bere arpegian argi egiten du, eta Guztia dezakeanak argituko du bere begitartea.

        2. Ni arretaz nago aditzeko erregearen itza, eta Jaungoikoaren aginte, juramentuarekin sendotuak.

        3. Ez ezazu iduki, bere aurretik arin alde egiteko gurarik, eta ez ezazu ere iraun obra gaiztoan, zeren nai duen guztia egingo du.

        4. Bere itza eskubidez betea dago, eta iñork ezin esan dizaioke: Zergatik egiten dezu au?

        5. Bere aginteak gordetzen dituenak, ez du gaitzikan batere idukiko. Eta jakintsuaren biotzak, denbora eta erantzuna ezagutzen ditu.

        6. Gauza bakoitzak dauka bere denbora eta era, eta andia da gizonaren atsekabea,

        7. Zeren igaro diraden gauzak ez dakizki, eta ez dago mandataririkan batere, gero izango diradenak ezagutuerazi ditzazkiokeanik.

        8. Ez dago gizonaren eskuan bere espirituari geldituerazitzea; eta ez dauka eskubiderikan batere, bere eriotzako egunaren gañean, eta etzaio ere itxedotzerik ematen, keñatuaz jatorkan gerran, eta gaiztoa ere, ez du bere gaiztakeriak salbatuko.

        9. Gauza guzti oiek arretaz pensatu nituen, eta ipiñi nuen nere biotza, eguzkiaren azpian egiten diran gauza guztietan. Gizonak gizona menderatzen du batzuetan bere kalterako.

        10. Ikusi nituen gaiztoak obiratuak, oraindikan bizi ziranean ere toki santuan zeudenak, eta errian obra onetakoak bezela alabatuak ziradenak, baña au ere urgulleria da.

        11. Zeren gaiztoen kontrako sentenzia bereala emana ez dalako, gizonen semeak egiten dituzte gaiztakeriak beldurrikan batere gabe.

        12. Baña bekatariak eun alditan gaizki egiten badu ere, iragopenarekin sufritua izateak, onek beronek ezagutuerazi dit neri, doatsuak izango diradela Jaungoikoaren beldur diradenak, eta bere anditasunari beldurrez begiratzen diotenak.

        13. Ez dezala onik iduki gaiztoak, eta bere egunak ere ez ditezela izan luzetuak; baizik itzala bezela irago ditezela Jaunaren arpegiaren beldur ez diradenak.

        14. Bada beste arrokeria bat ere lurraren gañean egiten dana. Badirade justoak, gaitzak irago oi dituztenak, gaiztoen obrak egin izan balituzte bezela; eta badirade gaiztoak alako moduan beldur gabe bizi diradenak, justoen obrak egiñak baleuzkate bezela. Baña au ere juzgatzen det nik gauza txit alpertzat.

        15. Argatik alabatu nuen justoaren poza; ikusirik ez dagoela bizitza onetan gizonarentzat beste onik, baizik neurriz jatea eta edatea, eta pozik egotea, eta au bakarrik dala bere lanetik aterako duena bere bizitzako egun, Jaungoikoak lurrean eman diozkazanetan.

        16. Eta jarri nuen nere biotza jakinduria ikastera, eta aditzera lurrean dagoan ajolagabetasuna. Badago gizona ez egunaz ez gauaz bere begietan lorik artzen ez duena.

        17. Eta aditu nuen, gizonak ezin arkituko duela Jaungoikoaren obra guztien arrazoirikan batere, eguzkiaren azpian egiten diraden aienik, eta zenbat geiago nekatzen dan arkitzeko, anbat gutxiago arkituko duela, eta esango balu ere jakintsuak, berak badakiala, ezin arkituko du.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Gauza guzti oiek tratatu nituen nere biotzean berak aditzeko. Justoak, eta jakintsuak eta beren obrak Jaungoikoaren eskuetan daude; eta alaere ez daki gizonak amorioaren ala gorrotoaren diña dan,

        2. Baizik guztia gelditzen da badezpadan geroko; zeren orain gauza guztiak berdin gertatzen zaiozka justoari, nola gaiztoari, onari eta biurriari, garbiari eta garbi ez dagoenari, doañak eskeñtzen dituenari, eta eskentzak mezpreziatzen dituenari. Ala da tratatua obengabea, nola bekataria, eta egiarekin juramentu egiten duena, nola gezurrarekin egiten duena.

        3. Au da eguzkiaren azpian egiten diran gauza guztien artean gaiztoena, gauza batzuek berak guztiai gertatzea. Eta ala gizonen semeak, gaiztakeriaz eta mezprezioz betetzen dute beren biotza beren bizitzan, eta onen ondoan infernuetara eramanak izango dirade.

        4. Ez dago gizonik beti bizi danik, eta onen itxedopena daukanik. Obe da txakur bizia, leoe illa baño.

        5. Zeren bizi diradenak badakite ilko diradela; illak berriz batere geiago ez dakite, eta ez daukate ere onezkero ordañik, zeren beren oroipena, aztuta gelditu da.

        6. Amorioa, eta gorrotoa, eta ondamuak ere berakin batean galdu ziran, ez daukate ezerere gizaldi onetan, ez eguzkiaren azpian egiten dan obran.

        7. Zoaz bada, eta jan ezazu pozez zure ogia, eta edan ezazu gozotasunez zure ardoa; zeren zure obrak Jaungoikoaren gogokoak dirade.

        8. Denbora guztian izan bitez zuriak zure soñekoak, eta ez bedi faltatu olioa zure burutik.

        9. Gozatu zaite zure bizitzan zure emazte maitea lagun dezula, zure bizitza argaleko egun guztietan; zeñak emanak izan zazkizun eguzkiaren azpian zure urgulleriako denbora guztirako; zeren au da zuri dagokizuna bizitzan eta zure lanean, zeñarekin nekatzen zeran eguzkiaren azpian.

        10. Zure eskuak egin al dezakean edozeñere gauza, egin ezazu denborarik galdu gabetanik, zeren ez obrarik, ez arrazoerik, ez jakinduriarik, ez aditzarik izango da obian, nora arin zoazan.

        11. Itzuli nintzan beste gauza batera, eta ikusi nuen eguzkiaren azpian, ez dala lenengo allegatzea arin dabiltzanena, ez gerrako garaitza sendoena, ez ogia jakintsuena, ez aberastasunak adituenak, ez langilla onena ospea; baizik guztia dala badezpada eta ustekabea.

        12. Ez daki gizonak bere atzena, baizik nola arraiak arrapatzen diran amuarekin, eta nola egaztiak erortzen diran lakioan; ala gizonak dira arrapatuak denbora gaiztoan, gaitza beren gañera ustekabe etortzen zaiotenean.

        13. Baitaere ikusi nuen eguzkiaren azpian jakinduria au, eta ontzat eman nuen txit andia zalako.

        14. Bazan erri txiki bat eta beratan gizon gutxi. Etorri zan bere kontra errege andi bat, eta ingurutu zuen, eta gazteluak egin zituen inguruan, eta osoz ingurututa gelditu zan.

        15. Eta arkitu zan beratan gizon pobre eta jakintsu bat, eta libratu zuen erria bere jakinduriarekin, eta gero iñor ere etzan gizon pobre arekin oroitu.

        16. Eta nik esaten nuen, obeagoa dala jakinduria indarra baño. Nola bada izan da mezpreziatua pobrearen jakinduria, eta bere itzak ez dirade adituak izan?

        17. Jakintsuen itzak ixillean adituak dirade Prinzipearen deadarrak baño obekiago zentzugabeen artean.

        18. Obeagoa da jakinduria, gerrako armak baño; eta gauza batean bekatu egiten duenak, ondasun andiak galduko ditu.

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Lurrinkaian ildako euliak, galerazitzen diote bere usai gozoa, ala zentzugabetasun txiki eta iragankor batek gutxitzen du jakinduria eta gloria.

        2. Jakintsuaren biotza beti dago bere eskuieko eskuan, zentzugabearen biotza bere ezkerrekoan.

        3. Gañera bere bide okerrari jarraitzen dion zentzugabeak, nola bera zentzugabeko bat dan, besteak ere alakotzat dauzka.

        4. Eskubidea daukanaren espiritua zure gañera igoko balitza, ez ezazu zure tokia utzi, zeren egonik kontuan, bekaturik andienetatik libratuko zera.

        5. Badago eguzkiaren azpian beste gaitz bat ere nik ikusi nuena, zeñ errakuntzaz bezela Prinzipearen aurretik ateratzen dan:

        6. Zentzugabea dago diñade goratuan, eta aberatzak daude toki beeratuan.

        7. Ikusi nituen mendekoak zaldien gañetan, eta Prinzipeak oñaz zebiltzala, mendekoak balira bezela.

        8. Zuloa egiten duena, beratan eroriko da, eta luebagana desegiten duenari, sugeak utzikiko dio.

        9. Arriak batetik bestera daramazkianari, berak min emango diote, eta egurra txikitzen duena, berak zauritua izango da.

        10. Burnia moztua badago, eta ez badago len bezela, baizik ziagetua badago, lan andia bearko da zorroztzeko. Jakinduria ere lanaren ondoan etorriko da.

        11. Besteagatik ixillean gaizki esaten duena, ez da gutxiago, ots gabe utsikitzen duen sugea baño.

        12. Jakintsuaren aoko itzak graziaz beteak irtetzen dira, zentzugabearen ezpañak amiltoki batean botako dute.

        13. Bere itzen asiera, zentzugabetasuna da, eta bere aoko atzena, errakuntza txit gaiztoa.

        14. Zentzugabeak ugaritzen ditu itzak. Ez daki gizonak zer izan zan bera baño lenago, eta zer izango dan gero. Nork erakutsi dizaioke?

        15. Zentzugabearen nekean irabazia, atsekabea izango da, zeren ez dakite errira joateko bidea bederik.

        16. Ai zure doakabea, o lurra, zeñaen erregea dan aurra, eta zeñaen Prinzipeak goizean jaten duten!

        17. Doatsua lurra, zeñaen erregea dan odolgarbikoa, eta zeñaen prinzipeak bere denboran jaten duten; gorputza sendotzeko, ez atsegiñez asetzeko.

        18. Nagitasunagatik eroriko da tellatua, eta lanerako ajolagabetasunagatik, etxe guztia itozura bat izango da.

        19. Baliatzen dirade aiek ogiarekin, eta ardoarekin janedanean aritzeko, eta guztia dago diruaren mendean.

        20. Ez ezazu gaizki esan erregeagatik zure gogorazioan, eta ez ezazu ere gaizki esan aberatzagatik zure gelako ezkutuan, zeren zeruko egaztinak berak ere eramango dute zure boza, eta egoak dauzkanak, zure iritziaren berriak emango ditu.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Bota ezazu zure ogia iragotzen diran uren gañera, zeren denbora askoren buruan arkituko dituzu.

        2. Eman zaiezu zazpiri, baita zortziri ere, zeren ez dakizu zuk nolako gaitzak etorri ditezken lurraren gañera.

        3. Odeiak beteak badaude, isuriko dute euria lurraren gañera. Zura erortzen bada Egoerontz, edo Ifarrerontz, erortzen dan edozeñere tokitan, an geldituko da.

        4. Nolako aizea darabillan begira dagoenak, ez duen ezer ereitzen, eta odeiak daudela kontu ateratzen duenak, ez duen iñoiz ere uzta igitaituko:

        5. Nola ez dakizun zeñ dan espirituaren bidea, eta nola elkartzen diran aurregiteko dagoenaren sabelean ezurrak; ala ez dakizkizu ere Jaungoikoaren obrak, zeñ dan gauza guztien Egillea.

        6. Goizean erein ezazu zure azia, eta arratsaldean ez bedi gelditu zure eskua, zeren ez dakizu zeñ erneko dan lenago, au ala hura; eta bata eta bestea batean, obeago izango ote dan.

        7. Gozoa da argia, eta gauza atsegingarria begientzat, Eguzkia ikustea.

        8. Gizona biziko balitza urte askotan, eta guztiak pozez iragoko balitu ere, oroitu bear da denbora illunarekin eta egun luzeakin. Bada berak etortzen diradenean, ezagutua geldituko da, utsa balio dutenak izan zirala irago diran gauzak.

        9. Gozatu zaite bada, o mutilla, zure gaztetasunean; zure anima atsegiñez ase bedi zure gazte denborako egun loretsuetan; jarraitu zaiezu zure biotzeko griñai, eta zure begientzat atsedengarria danari; baña jakin ezazu gauza guzti oien kontua eskatuko dizula Jaungoikoak, juzgatzen zaituen egunean.

        10. Argatik atera ezazu zure biotzetik aserrea, eta alde erazi zaiozu gaiztakeria guziari zure aragitik. Gaztetasuna eta atsegiñak, utsa balio duten gauza batzuek baño ez diraden ezkero.

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Oroitu zaite zure Egillearekin zure gazte denborako egunetan, atsekabeko denbora etorri dedin baño lenago, eta alderatu ditezen baño lenago arako urteak, zeñakgatik esango dezun: Ez dirade nere gogokoak.

        2. Illundu ditezen baño lenago eguzkia, eta argia, eta illargia, eta izarrak, eta itzuli ditezen baño lenago odeiak, euriaren ondoan.

        3. Mugitzen diradenean etxeko gordetzalleak, eta zalanzan egongo diradenean gizon txit sendoak, eta alperrik daudenean gutxi eotzen dutenak, eta illuntzen diradenean leioetatik begiratzen dutenak.

        4. Eta ateak itxiko dituzte plazan, eotzen duenaren boz gutxiagatik, eta jaikiko dirade egaztiaren bozera, eta gortuko dira kantaren alaba guztiak.

        5. Toki goratuak ere beldur izango dirade, eta beldurra idukiko dute bidean, loretuko da almendrua, gizenduko da langosta, eta desegingo da alkaparra; zeren gizona joango da bere betikoirauneko etxera, eta adiagilleak plazan ingurutuko dute.

        6. Urratu dedin baño lenago zillarrezko soka, eta atzerontz joan dedin baño lenago urrezko benda, eta ausi dedin baño lenago pegarra iturriaren gañean, eta zatitu dedin baño lenago kurpilla urpetegiaren gañean,

        7. Eta itzuli dedin artean autsa bere lurrera, nongoa zan, eta espiritua eman zion Jaungoikoagana biurtu dedin artean.

        8. Urgullerien urgulleria, esan zuen Eklesiastesek, eta guztia urgulleria.

        9. Eta izanik txit jakintsua Eklesiastes, erakutsi zion erriari, eta kontatu zituen egin zituen gauzak; eta erabillirik berak gogoan, ipiñi zituen parabola asko.

        10. Billatu zituen itz mesedegarriak, eta eskribatu zituen izketa txit zuzenak, eta egiaz beteak.

        11. Jakintsuen esanak dira akulloak bezelakoak, eta txit barrenera sartutako iltzeak bezelakoak; eta esan oiek eman dizkigu Artzai bakarrak erakusleen erakutsiaren bitartez.

        12. Ez ezazu billatu, ene semea, oiek baño. Liburuak neurrigabe ugarituaz dijoaz, eta maiz egiten dan meditazioa, aragiaren nekagarria da.

        13. Guztiok batean aditu dezagun izketaren atzena. Izan zaite Jaungoikoaren beldur, eta gorde itzatzu bere aginteak, zeren au da gizonaren guztia.

        14. Eta egiten dan guztia, Jaungoikoak juiziora ekarriko du edozeñere errakuntzagatik, naiz izan dedilla hura gauza ona, naiz gaiztoa.

 

aurrekoa hurrengoa