www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

ISAIASEN PROFEZIA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Isaias, Amosen semeak iduki zuen ikusketa, Judako eta Jerusalengo gauzen ganean, Josiasen, Joatamen eta Akazen, Judako erregeen denboran.

        2. Aditu ezazute, o zeruak, eta zu, o lurra, zaude arreta guziarekin, zeren Jauna dan itz egiten duena. Semeak azi ditut, eta goratu ditut, eta berak mezpreziatu naute.

        3. Idiak berak ere ezagutzen du bere jabea, eta astoak bere nagusiaren ganbela, baña Israelek ez nau ezagutzen, eta nere erriak ez du aditzen nere boza.

        4. Ai erreñu bekatariaren, gaiztakeriaz betea dagoen erriaren, arraza biurriaren, eta seme dongen doakabeak! Utzi dute Jauna, Israelko Santuagatik gaizki esaka ari dirade, atsea eman diote.

        5. Zertarako izango da otsa otsaren gañean zuei ematea, bekatuari bekatua itsasten ari bazerate? Buru guzia eri dago, eta biotz guzia miñez.

        6. Oñaren azpitik buruaren garairaño ez dago beragan osasunarekin dagoen gauzarik, baizik zauriak, eta zanbroa eta arraza usteldu, izan ez dana ondatua, ez inguruan lotua, ez balsamuarekin biguñdua.

        7. Zuen lurra eremutua dago, zuen erriak suz erazekiak, zuen aurrean iretsiten ditue arrotzak zuen gauzak, eta etsaien gisara arrasatzen dituzte.

        8. Eta Siongo alaba geldituko da masti bateko itzaltokia bezela, eta meloidi bateko txaola bezela, eta indarrez arrapatutako erri bat bezela.

        9. Alako moduan, non, baldin ejerzituen Jaun Jainkoak utzi izan ez baligu jatorria, Sodoma bezelakoak izango giñan, eta Gomorraren antzekoak.

        10. Aditu itzatzute Jaunaren itzak o Sodomako prinzipeak, zaude kontuan belarriakin entzuteko gure Jaungoikoaren legea, zu, o erri Gomorraren antzekoa.

        11. Zertarako det nik, esaten du Jaunak, zuen eskeñtzen ugaritasuna? Onezkero nazkatua naukate. Ez naiz ni arien holokaustoen, ez idi gizenen gantzaren, ez txalen, ez bildotsen ez auntz akerren odolaren zalea.

        12. Nere aurrean agertzen zeratenean, nork agindu dizute zuen eskuetan alako doañak eramateko, ibilteko nere atarietatik?

        13. Etzadazute onezkero eskeñtza alferrikakorikan egin, zeren inzensoa nazka det. Illargiberria, eta larunbata, eta beste jaiak ezin sufritu ditut onezkero denbora geiagoan, zeren zuen batzarreak gaiztoak diraden.

        14. Zuen kalendak eta zuen jai andiak aier ditu nere animak; gorroto diotet, nekatua nago sufritzez,

        15. Eta niganontz eskuak jasotzen dituzutenean, nik alde eraziko diot zuekgandik nere arpegiari: eta zenbat eskari geiago egiten didazuten, anbat gutxiago adituko zaituztet, zeren zuen eskuak odolez beteak dauden.

        16. Garbitu zaitezte bada, zuritu zaitezte, alde erazi zaiozute nere begietatik zuen gogorazioen gaiztakeriari, utzi zaiozute gaizki egiteari.

        17. Ikasi ezazute ongi egiten, billatu ezazute zuzentasuna, lagundu zaiozute menderatuari, justizia egin zaiozute umezurtzari, zaitu ezazute andre alarguna,

        18. Eta orduan, atozte, eta arkitu zadazute, esaten du Jaunak, zuen bekatuak grana bezela jarri bezaituzte ere, zuen animak geldituko dirade elurra bezela; eta bermejoia bezin gorri jarriko balirade ere, biurtuko dirade illerik zurrenaren kolorea idukitzera.

        19. Nai badezute eta aditzen banazute, zuen lurreko frutuakin bazkatuak izango zerate.

        20. Baña baldin naiko ez bazendute, eta aserretu eraziko baziñidate, etsaien ezpatak iragoko ditu zuen eztarriak, zeren ala esan du Jaunak bere aoz.

        21. Nola erri leial eta zentzu andiko bat itzuli da emakume galdu bat bezelakoa izatera? Bera beste denbora batean justiziaren tokia izan zan, gaur berriz da gizon erallena.

        22. Zure zillarra sarra biurtu da, eta zure ardoa uraz nahasi da.

        23. Zure juezak desleialak dirade, guziak dirade doañ zaleak. Diruaren ondoren dijoaz. Ez diote justiziarik egiten umezurtzari, eta ez dute zaitzen andre alargunaren auzia.

        24. Argatik ejerzituen Jaun Jainkoak, Israelko Jainko sendoak esaten du: Zeñ ederki gozatuko naizan nere etsaien gañean, eta nere arerioai, bengatuko natzaien!

        25. Eta zuzenduko det nere eskua zugana, eta garbitzen zaitudala, kenduko det zure sarra, eta berezituko det zugandik estañu guztia.

        26. Eta berriz ipiñiko ditut zure juezak, egiten dedala izan ditezela len bezelakoak, eta zure konsejariak anziña izan ziraden bezelakoak. Oien ondoan Justoaren erria, erri leiala deitua izango zera.

        27. Bai, Sion izango da juizioan erredimitua, eta justizian berriz bere autakeran jarria.

        28. Baña bereala Jaungoikoak desegingo ditu gaiztoak, eta bekatariak, eta ezereztuak izango dirade, Jauna utzi zutenak.

        29. Idoloak berak, zeñaen aurrean egin zituzten eskeñtzak, izango dira beren lotsarik andiena, eta lotsatuko zerate autatu dituzuten jardiñakin.

        30. Orduan izango zerate, osto gabe gelditu dan artelatza bezelakoak, eta ur gabeko baratza bat bezelakoak.

        31. Eta zuen sendotasuna izango da, mulloaren geldoa bezelakoa, eta zuen obrak txinparta bezelakoak, bata ta bestea egongo dirade iñork ere itzaliko ez duen suan erazekiak.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Isaias Amosen semeak ikusi zituen gauza, Jerusalen, eta Judari dagozkienak.

        2. Atzeneko egunetan Jaunaren Etxea bere gañean egiña izango dan mendiak idukiko ditu bere zimenduak mendi guzien gañean, eta muñoen gañera igoko da, eta erreñu guziak beragana joango dirade.

        3. Eta erri asko etorriko dirade eta esango dute: Ots, igo gaitezen Jaunaren mendira, eta Jakoben Jaungoikoaren etxera; eta berak erakutsiko dizkigu bere bideak, eta bere bidetxigorretatik ibilliko gera, zeren Siondikan legea aterako dan, eta Jaunaren itza Jerusalendikan.

        4. Eta bera izango da jende guzien jueza, eta asko erriri adiraziko die gaizki ibilli diradela, zeñak beren ezpatakin egingo dituzte golde ortzak, eta beren lantzakin igitaiak. Erri batek ez du beste baten kontra ezpata magitikan aterako, eta ez dirade ere berriz gerrako arteak ikasten arituko.

        5. O zuek Jakoben etxekoak, atozte, eta Jaunaren argitan ibilli gaitezen.

        6. Bada zuk, o Jauna, bota dezu zure erria, Jakoben etxekoak, zeren dauden, anziña bezala gaiztakeriaz beteak; eta iduki dituzte aztiak Filistintarrak bezela, eta gozatzen dirade arrotzak mendean idukitzen.

        7. Beren erria zillarrez eta urrez gañez egiña dago, eta beren tesoroak agortu eziñak dirade.

        8. Beren lurra zaldiz estalia dago, eta beren kotxeak zenbatu ezin adiña dirade. Eta beren erria idoloz betea dago, eta adoratu dute beren eskuen obra, beren beatzakin egin zutena.

        9. Eta obra onen aurrean gizonak lepoa makurtu zuen, eta umillatu zan bere aurrean gizasemea. O Jauna, ez, etzaiozu barkatu.

        10. Sartu adi aitzartean, erri desleiala, ezkutatu adi lurraren utsunetan, iges egin ezak Jaun aserretuaren arpegiaren aurretik, eta bere anditasunaren gloriatik.

        11. Gizonaren begi goratuak umillatuak izango dirade; eta andizkien andiustea beeratuak geldituko da, eta Jauna bakarrik izango da egun artan goratua.

        12. Zeren ejerzituen Jaunaren eguna arrigarria dijoan agertzera arro eta urgullutsu guzientzat, eta andiuste guzientzat, eta umillatuak izango dirade.

        13. Eta Libanoko zedrorik goratuen, eta zutatuen guztientzat, eta Basango arte guzientzat;

        14. Eta mendi goratu guzientzat, eta muño altu guzientzat;

        15. Eta dorre goratu guzientzat, eta murru sendotu guzientzat;

        16. Eta Tarsisko ontzi guzientzat, eta begientzat ederra dan gauza guzientzat.

        17. Eta gizonen urgulleria azpiratua izango da, eta umillatua andizkien lepoa, eta Jauna bakarrik izango da egun artan goratua.

        18. Eta idolo guziak piskatuak izango dirade.

        19. Eta sartuko dirade gizonak aitzen zuloetan, eta lurraren utsunetan, Jauna aurrean ikusteak ematen dien beldurragatik, eta bere anditasunaren gloriagatik, jaikitzen danean lurra kastigatzeko.

        20. Egun artan arriturik gizonak aurtikiko ditu beragandik urrutira bere idolo zillarrezkoak, eta bere otallu urrezkoak; eta satorren eta sagusiarren irudi, berak adoratzeko egin zituenak.

        21. Eta sartuko da arkaizdien bitartetatik, eta aitzen zuloetatik, arriturik Jaunaren beldurragatik eta bere anditasunaren gloriagatik, lurra kastigatzeko jaikitzen danean.

        22. Utzi zaiozute bada espiritua sudurretan daukan gizonari aserretu erazitzeari, zeren bera dan izan dana idukia Goratutzat.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Zeren ona non ejerzituen Jaun Nagusienak kenduko ditu Jerusalen, eta Judatik gizon sendo eta errutsu guztiak, eta ogizko janari guztia, eta urezko edari guztia;

        2. Eta gizon alai ta gerraria, eta jueza eta profeta eta aztia, eta zarra,

        3. Eta berrogeita amar gizonen agintaria, eta gizon irudi beneragarrikoa, eta konsejaria, eta langilla jakintsua, eta gizon zentzuduna gauza onen gañeko izketan.

        4. Eta emango dieztet prinzipetzat mutikoak, eta gizaseme emetuak idukiko dituzte berak mendean eta berai agintzen.

        5. Eta aurtikiko da sendo erria, gizona gizonaren kontra, eta bakoitza bere projimuaren kontra. Jaikiko da gaztea zarraren kontra, eta giza zatarra odolgarbikoaren kontra.

        6. Gertatuko da eltzea batek besotikan bere anaia, bere aitaren etxean azitakoari; esaten diola: Aizazu, zu, ongi jantzia zaude, izan zaite gure prinzipea, zaitu gaitzatzu galmen onetan.

        7. Berak orduan erantzungo dio: Ez naiz ni sendagillea, eta nere etxean ez dago zer janikan, ez zer jantzirikan. Ez nazazutela arren erriko prinzipe egin.

        8. Zeren Jerusalen eroriaz dijoa, eta galdu bear du Judak, zeren beren mingaña ta beren asmazioak Jaunaren kontrakoak dirade, bere anditasuneko begiai aserretu erazitzeraño.

        9. Ipintzen duten arpegiera lotsagaldukoak beren kontra itz egiten du, zeren, Sodomakoak bezela gozatzen dirade beren bekatuak zabaltzen, eta ez dituzte estalitzen. Ai bere animen doakabeak! Zeren emango zaie, diña diraden kastigua.

        10. Eman zaiozute gizon justoari ongietorria; zeren berak jango ditu bere obra onen frutuak.

        11. Ai gaitzerako gaiztoa danaren doakabea! Zeren emango zaio ordaña, bere egiteak diña diraden araura.

        12. Nere erria bere eskaleak ezerere gabe utzi dute, eta bere agintariak emakumeak dirade. Nere erria, doatsua deitzen dizutenak, oriek dirade engañatua zarabiltzatenak, eta desegiten dute zuk jarraitu bear diozun bidea.

        13. Ona emen non dagoan Jauna justizia egiteko, ona emen non dagoan erriak juzgatzeko.

        14. Jaunak artuko diezte kontuak bere erriko Zarrai, eta bere Prinzipeai. Zeren zuek zerate, esango diote, nere mastia iretsi dezutenak, eta zuen etxeetan daude beartsuai egindako lapurretak.

        15. Eta zergatik zatitutzen dezute nere erria, eta beartsuen arpegiak otsakin zapaltzen dituzute, esaten du ejerzituen Jaun Jainkoak?

        16. Eta Jaunak esan ere zuen: Siongo alabak goratu diradelako, eta lepo jasoarekin dabiltzalako, begiakin keñuak eta eskuakin siñuak, eta beren oñakin otsak egiten dituztela, eta pausu apainduakin dabiltzalako,

        17. Moistuko ditu Jaunak Siongo alaben buruak, eta utziko ditu illerikan gabetanik.

        18. Egun artan kenduko diezte Jaunak oñetakoetako eta, buruko illargierdietako apaingarriak,

        19. Eta lepandeak, eta soñeko ederrak eta besakiak, eta buruko kofiak;

        20. Eta ille berezitzalleak, eta lokarriak, eta katetxoak, eta usai gozozko ontzitxoak, eta zirzilluak,

        21. Eta ille berezitzalleak, eta beren kopetetatik zinzilika dauden arri baliotsuak,

        22. Eta aldatzeko dauzkaten soñekoak, eta mantuak, eta beloak, eta orratzak,

        23. Eta ispilluak, eta eun finak, eta zintak, eta udako soñekoak;

        24. Eta usai gozoen lekuan idukiko dute kiratsa, eta gerrikotzat soka bat, eta ille kiskurtuen tokian kasket motsa, eta bularreko fajaren tokian zilizioa.

        25. Zure gizonik galantenak ere ezpataren aoz eroriko dirade, eta zure gerraririk sendoenak gudan ari diradela etzunik geldituko dira.

        26. Eta Jerusalengo ateak eremutuak, tristezaz eta lutuz beteak egongo dirade, eta Jerusalen bera arrasatua, egongo lurrera eroria.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Eta egun artan zazpi emakume atxituko dute gizon bat, esaten dutela: Guk jango degu gure ogia, eta gure soñekoakin jantziko gera. Asko degu zure izena guri adiraztea. Gure lotsaritik libratu gaitzatzu.

        2. Egun artan Jaunaren muskillak irtengo dira anditasun eta gloriarekin, eta lurreko frutuak goratuak izango dirade, eta izango da Israeltik salbatzen diraden aien bozkarioa.

        3. Eta gertatuko da, Sionen utziak diraden guzi aiei eta Jerusalenen gelditzen diradenai, santuen izena emango zaiote, Jerusalen bizitzarako eskribatua dagoen guziari.

        4. Eta oiek gertatuko dirade Jaunak garbitzen dituenean Siongo alaben zikinkeriak; eta garbitzen duenean Jerusalen loitua daukan odola justiziazko espirituaren eta zelozko espirituaren bitartez.

        5. Eta egin ta ipiñiko du Jaunak Siongo mendiko toki guzietan eta berari ots egiten dioten edozeñ tokitan odei itzalez beteriko bat egunaz, eta argi sutsu bat gauaz, zeren kutxa gloriaz beteriko guziaren gañean argi egingo du bere bitartekotasunak.

        6. Eta tabernakuloak balioko du itzaltzat egunazko berotasunaren kontra; eta gordetzalle, eta ezkutatokitzat ekaitz eta euriaren kontra.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Orain kantatuko diot nere maiteari nere aidearen kanta bere mastiaren gañean. Erosi zuen nere maiteak masti bat muño txit ugari batean.

        2. Zeñ esiz ingurutu zuen, eta kendu zituen ango arriak, eta ipiñi zituen matszepa autuak, eta bere erdian egin zuen dorre bat, baitaere egin zuen bertan dolare bat, eta itxedon zuen matsak eman artean, eta eman zituen astamatsak.

        3. Orain bada Jerusalenen bizi zeratenak, eta o Judako gizonak, izan zaitezte juezak nere, eta nere mastiaren artean.

        4. Zer da egin bear nuena, eta egin ez nuena nere mastiagatik? Ote da itxedon nuelako eraman zitzala matsak, eta berak eman zituelako mats zoritu gabeak?

        5. Bada orain argiro esango dizutet zer egitera noan nere mastiarekin: kenduko diot bere esia, eta desegiña izango da; botako det bere pareta, eta zapaldua izango da.

        6. Utziko diot otadi biurtzen, ez da izango podatua, ez aitzurtua, eta aziko dirade bertan sasiak, eta arantzak, eta agindu diot odeiai, euri tantorik ere ez dezatela bota bere gañera.

        7. Orain bada ejerzituen Jaunaren mastia Israelko etxea da, eta Judako gizonak dirade bere muintegi atsegingarria, eta itxedotzen nuen berakgandik zentzua, eta ez ditut ikusten gaiztakeriak baizik, zuzentasuna, eta ez det aditzen menderatuen deadarrak baizik.

        8. Ai zuen, etxea etxearekin elkartzen dezutenen, eta soroak soroai, lurrik geiago gelditu ez dedin artean itsasten diezutenen doakabeak! Zuek bakarrik bizituko al zerate lurraren erdian?

        9. Gauza oiek nere belarrietara allegatzen dirade, esaten du ejerzituen Jaunak. Iduki ezazute ziertotzat, etxe andi, eta eder asko geldituko dirala eremutuak eta beretan iñor ere bizi ez dala.

        10. Zeren amar goldeko mastiak ez du emango pitxar txiki bat bete ardo baizik; eta ogeita amar modio ereinda, ez da artuko iru modio baizik.

        11. Ai zuen doakabeak, goizean jaikitzen zeratenenak moskortzeko, eta geiegi edaten egoteko gaberaño, ardoz erreak gelditu artean!

        12. Zitara, eta lira, eta zaldabaia eta txirola zuen janedanetan, eta ez diozute begirakune bat bederik egiten Jaunaren obrari, eta ez darabiltzute ere zuen gogoan bere eskuen obrak.

        13. Argatik nere erria katibu eramana izandu zan, etzuelako jakinduriarik iduki, eta bere odolgarbiko gizonak gosez il ziran, eta erriko jendea egarriz galdu zan.

        14. Argatik infernuak zabaldu zuen bere barrena, eta idiki zuen bere ao neurrigabekoa, eta bertara eroriko dira bere gizonik errutsuenak, eta erria, eta bertan dauden gauzarik argitsuenak eta gloriaz beteenak.

        15. Eta makurtu bearko du erriko jendeak, eta umillatu andizkiak, eta beeratuak izango dirade urgullutsuen begiak.

        16. Eta ejerzituen Jauna goratua izango da bere erabakien zuzentasunagatik, eta Jaungoikoaren santutasuna izango da ezagutua berak egiten duen justiziagatik.

        17. Eta bildotsak bazkatuko dirade beren oituraren araura, eta arrotzenak izango dirade kanpo eremutu, landa ugari biurtuak.

        18. Ai zuen doakabeak, arrastaka daramazutenak gaiztakeria urgulleriako sokakin, eta bekatua gurdiaren gisara, zeñi tiraka ari zeraten!

        19. Zoaztenak esaten: ibilli bedi arin, eta betor agudo berak egin nai duena, ikusi dezagun bera; eta alderatu bedi, eta egin bedi Israelko Santuak erabakita daukana, eta jakingo degu.

        20. Ai zuen doakabeak, deitzen dezutenenak gaitza onari, ta ona gaitzari, eta artzen dituzutenenak illuntasunak argitzat, ta argia illuntasuntzat, eta daukazutenenak samiña gozotzat, eta gozoa samintzat!

        21. Ai zuen doakabeak, zauzkatenenak jakintsutzat zuen begietan, eta zentzuduntzat an zuen barrenen!

        22. Ai zuen doakabeak, zeratenenak errutsuak ardoa edateko eta gizon sendoak moskortzeko ardo mota askorekin!

        23. Zuek, doañak gatik ontzat ematen dezutenak gaiztoa, eta utziten dezutenak justoa berari zegokiona gabe.

        24. Argatik, nola suaren mingañak iretsitzen duen mulloa, eta garraren berotasunak erretzen duen; ala beren sustraia izango da geldoa bezela, eta autsa bezela desegingo da bere muintegia. Zeren aurtiki duten ejerzituen Jaunaren legea, eta gaizki esan duten Israelko Santuaren itzagatik.

        25. Argatik Jaunaren sumintasuna erazeki zan bere erriaren kontra, eta luzatu zuen bere eskua bere gañera, eta zauritu zuen, eta mendiak dardaraz jarri ziraden, eta beren gorputz illak datzaz zimaurra bezela plazen erdian. Eta gauza guzi oiekin ere ez da bere sumintasuna paketu. Oraindikan bere eskua jasota dago.

        26. Eta jasoko du bandera bat, izan dizakion siñaletzat urrutiko erri bati, eta ots egingo dio txirola batekin lurraren atzeneko mugetatik, eta ona non, nola dan arduratsua, agudo etorriko da.

        27. Beragan ez dago nekatu, ez arikatuko danik; ez logalea daukanik, ez lotirik. Batek ere ez du kenduko uala bere pretinatik, eta ez du ere askatuko bere oñetakoetako lokarria.

        28. Bere saietak zorroztuak daude, eta bere uztai guztiak sendo punterian ipiñiak; bere zaldien beatzalak txingar arria bezelakoak dirade, eta bere gurdien burpillak ekaitz andi bat bezelakoak.

        29. Orroa egingo du leoiak bezela, orroa egingo duk leoitxo talde batek bezela, eta egingo ditu orroak, eta aurtikiko da arrapatu nai duen gauzaren gañera, eta elduko dio, eta ezin iñork ere kenduko dio.

        30. Eta bere dunbotsa izango da egun artan Israelentzat itsasoaren orroa bezela. Begiratuko diogu lurrari, eta ona non aldamen guztietatik dauden naigabezko illuntasunak, zeñaen illuntasunak illunduko duten egunaren argitasuna.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Ozias erregea ill zan urtean ikusi nuen Jauna zegoala eseria jargoi altu eta goratu batean, eta bere soñekoen franjak betetzen zuten tenploa.

        2. Jargoiaren inguruan zeuden serafinak, beretatik bakoitzak sei ego zeuzkan. Birekin estalitzen zuten beren arpegia, eta birekin estalitzen zituzten oñak, eta birekin egan egiten zuten.

        3. Eta deadar andiakin kantatzen zuten aldizka, esaten zutela: Santua, Santua, Santua, ejerzituen Jaun Jainkoa, lur guzia dago bere gloriaz betea.

        4. Eta dardaratu ziraden ateen ataburu eta opoak kantatzen zuenaren bozera, eta tenploa keez bete zan.

        5. Eta esan nuen: Nere zorigaiztokoa! Zeren ez det itzik egin, ezpañ zikinduetako gizona naizelako ni, eta bizi naizelako erri baten erdian, zeñaen ezpañak loituak dauden, eta nere begiakin ikusi det ejerzituen Jaun ta erregea.

        6. Eta serafiñetatik bat etorri zan egan niganontz, eta bere eskuan zeukan, aldarearen gañetik orrikakin artu zuen txingar erazeki bat.

        7. Eta berarekin ukitu zion nere aoari, eta esan zuen: Ona non txingarrak ukitu dien zure ezpañai, eta kendua izango da zure gaiztakeria, eta zure bekatua garbitua izango da.

        8. Eta andik laister aditu zuen Jaunaren boz bat, esaten zuena: Zeñ bialduko det? Eta zeñ joango da gutatik? Eta nik erantzun nuen: Emen nago, bialdu nazazu.

        9. Eta orduan esan zuen Jaunak: Zoaz, eta esango diozu erri orri: Adituko dezute, eta geiago adituko dezute, eta ez dezute konprenditu naiko. Eta ikusiko dezute zer jartzen dedan zuen begien aurrean, eta ez dezute ezagutuko.

        10. Astundu ezazu erri orren biotza, estali itzatzu bere belarriak, eta itxi zaiozkazu bere begiak, bere begiakin ikusi ez dezan, eta bere belarriakin aditu ez dezan, eta bere adimenarekin zenprenditu ez dezan, eta nigana itzuli ez dedin, eta arkitu ez nadin bera sendatzeko premian.

        11. Eta esan nuen nik: Noizarteraño, Jauna, iraungo du zure aserreak? Eta erantzun zuen: Aliketa arrasaturik bere erriak, iñor ere beretan bizi ez dala gelditu ditezen bitartean, eta etxeak jende gabe, eta lurra eremutua.

        12. Eta Jaunak aurtikiko ditu gizonak beren erritik urrutira, eta lurraren gañean gelditzen diradenak ugarituko dirade.

        13. Eta oraindikan oiek ere amarrenduak izango dirade, eta berriz ere biurtuko dirade Jaunagana, eta erakutsiko dute beren lengo anditasuna terebinto batek bezela; eta arte zar, bere erramak txit urrutira luzatzen dituena bezela; eta berakgandik geldituko dan azia, azi santu bat izango da.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Eta gertatu zan agintzen zuela Judean Akaz Joatanen semeak, Oziasen semeak, etorri zan Rasin Siriako erregea, Fazek Romeliaren Israelko erregearen semearekin Jerusalen gañera bere kontra gudatzera, eta ezin izan zuten arrapatu.

        2. Adirazi zioten bada Dabiden etxeari, esaten zutela: Siria elkartu da Efraimekin, eta mugitu ziran Akazen biotza, eta bere erriaren biotza, zuaitzak basoetan mugitzen diraden bezela aize andi batekin.

        3. Eta esan zion Jaunak Isaiasi: Zoaz, eta atera zatzakio bidera Akazi, zu eta Jasub, gelditzen zatzun semea, goiko ainzirara ura daraman odiaren atzenera, Bataneroen kanpora zuzentzen dan bidetik.

        4. Eta esango diozu: Zaude geldirikan, etzaite beldur izan, aserre sumiñean kea dariotela dauden, ille ikondo bi oiek, Rasin Siriako erregea, eta Romeliaren semea ikusteagatik.

        5. Eta danik geien badirade ere zure kontra darabiltzaten asmazio gaiztoak Siriak, Efraimek, eta Romeliaren semeak, esaten dutela:

        6. Goazen Judaren kontra, eta aupadak egin dizaiozkagun, eta atera dezagun indarrez, eta bere erdian ipiñi dezagun erregetzat Tabeelen semea.

        7. Bada au da Jaun Jainkoak esaten duena: Ez du ongi irtengo, ez da egiztatuko alako asmazioa,

        8. Baizik Damasko Siriako errege uria, eta Rasin Damaskoko agintaria, desegiñak izango dirade, eta emendikan irurogeita bost urtera, Efraim ez da erria izango.

        9. Eta Samaria ere ez da izango Efraimgo errege-erria, eta Romeliaren semeak ere ez du Samarian agintatuko. Baldin zuek ez badezute sinisten etzerate iraunkorrak izango.

        10. Eta berriz itz egin zion Jaunak Akazi, esaten zuela:

        11. Eskatu zaiozu zure Jaun Jainkoari siñale eta mirari bat, naiz infernuaren barrenekoa, naiz goikoa zeruaren guenekoa.

        12. Eta erantzun zuen Akazek: Ez det alakorik eskatuko, Jauna ez tentatzeagatik.

        13. Orduan esan zuen Isaiasek: Aditu ezazu bada zuk orain, o Dabiden jatorria. Gutxi al deritzatzute gogaikarriak izatea gizonentzat, nere Jaungoikoarentzat ere izaten ausartatzen zeratenok?

        14. Argatik Jaunak berak siñalea emango dizute, Jakin ezazute birjiña bategan sortua izango dala, eta au aur seme batez erdiko dala, eta bere izena izango da Emmanuel.

        15. Guria eta eztia jango ditu, aliketa jakin dezan artean txartzat ematen gauza gaiztoa, eta aututzen gauza ona dana.

        16. Zeren aur semeak jakin dezan baño lenago gauza gaiztoa txartzat ematen, eta gauza ona dana autatzen, zuk aier dezun lurra, bere bi erregeak utzia izango da.

        17. Bialduko ditu Jaunak Asiriako erregearen bitartez zure gañera, zure erriaren gañera, eta zure aitaren etxearen gañera alako denborak, eta ain samiñak, nolakorik ez dan izan, Efraim Judatik berezitu zan egunetik.

        18. Eta gertatuko da egun artan txistu egitea Jaunak, Egiptoko ibaien atzena euliak bezela estalitzen duten erriai, eta beste batzuei, zeñak erleak bezela dauden Asurko lurrean.

        19. Eta etorriko dira egan, eta geldituko dira guztiak ibarretako erreketan, eta aitz zuloetan, eta arantzadietan, eta zirritu guztietan.

        20. Egun artan Jaunak alogerean artutako labaña batekin, au da Eufrates ibaiaren beste aldamenean bizi diranen bitartez, Asiriatarren erregearen bitartez mostuko ditu buru guztiak, oñetako illeak, eta bizar guztiak.

        21. Eta gertatuko da egun artan gizon batek azitzea bei bat, eta bi ardi;

        22. Eta ezne geiegiagatik guria jango du, zeren guria eta eztia jango ditu, errian gelditzen dan guziak.

        23. Eta gertatuko da egun artan, len milla mats zepak milla diru zillarrezko balio zituzten lekuan, ez ditu emango arantzak eta sasiak baizik.

        24. Sartuko dira bertan fletxakin eta uztaiakin, zeren sasiz eta arantzaz betea egongo dan lur guzti hura.

        25. Eta aitzurrarekin eta jorraiarekin landutzen ziran mendi guztiak, ez dute onezkero idukiko berak zaitzeko len inguruan zeuzkaten arantza eta sasien izua, baizik izango dira idiak bazkatzeko, eta abereak etzateko.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Esan ere zidan Jaunak: Artu ezazu liburu andi bat, eta eskribatu ezazu bertan letra argietan. Artu itzatzu agudo kutsuak, zoaz arin arrapatua artzera.

        2. Eta artu nituen eskribitzen nuenaren testigu leialtzat, Urias apaiza, eta Zakarias Barakiasen semea.

        3. Eta bizitu izan nintzan nere emazte profetisarekin, eta bera aurdun gelditu zan, eta aur seme bat egin zuen. Eta Jaunak esan zidan: Jarri zaiozu, zerbait adirazten duen izen bat. Artu itzatzu arin arrapatutako gauzak, ibilli zaite agudo artzeko arrapatu dezuna.

        4. Zeren aurrak aitaren eta amaren izenak esaten ikasi baño lenago, Asiriatarren erregeak desegin izango du Damaskoren indarra, eta arrapatu Samariako ondasunak.

        5. Eta berriz itz egin zidan Jaunak, esaten zuela:

        6. Erri onek nai izan ez dituelako Siloeko ur, Sionen astiro dijoazenak, eta naiago izan dituen ezkero Rasin, Eta Romeliaren semea,

        7. Argatik ona non Jaunak ekarriko dituen beren gañera Eufrates ibaiko ur ugari, eta arin dijoazenak (au da Asiriatarren erregea bere indar guztiakin) eta igoko dira bere erreka guzien gañera, eta zabalduko dira beren erribera guztietatik.

        8. Eta joango dira Judako erritik, eta iragotzean ondatuta ipiñiko dute guztia, eta eztarriraño allegatuko dira. Eta ibai onek bere egoen zabalerarekin beteko du, o Emmanuel, zure erriaren lurreko zabalera guztia.

        9. Bildu zaitezte, o erriak, eta atozte, bada garaituak izango zerate, zuek, o alderririk urrutienekoak, aditu ezazute, alaitu zaitezte, eta izango zerate garaituak; jarri zaitezte gudarako gertuak, eta garaituak izango zerate.

        10. Iduki itzatzute batzarreak, eta desegiñak izango dirade zuen asmazioak. Eman itzatzute aginteak, ez dirade kunplituko, zeren Jaungoikoa gurekin dago.

        11. Bada oiek esan zizkidan Jaunak, esku sendoarekin esan zidanean, ez nendilla joan erri onen bidetik. Begira,

        12. Etzaitezte egon esaten: Matxiñada, zeren erri orrek ez du besteren gañean itzik egiten matxiñaden gañean baizik, bestera, ez ezazute iduki bera beldur dan gauzaren beldurrik, eta etzaitezte ere ikaratu.

        13. Ejerzituen Jauna, au alabatu ezazute, bakarrik bera da beldurrez eta ikaraz begiratu bear diozutena. Eta bera da santutuko zaituztena.

        14. Bitartean izango da beaztopoko arria, eta eskandaluko arria Israelko bi etxeentzat, eta txibistea, eta galmena Jerusalenen bizi diradenentzat.

        15. Eta beretatik txit askok beaztopo egingo dute, eta eroriko dirade, eta zatituko dirade, eta ikusiko dirade txibistean arrapatuak, eta geldituko dirade atxituak.

        16. Artu ezazu orain testimonioa, sillutu ezazu legea nere jarraitzalleentzat.

        17. Nik alaere itxedotzen det Jaunagan, zeñak ezkutatu duen bere arpegia Jaunagandik, eta itxedopen onetan iraungo det.

        18. Ona emen non naukazun ni, eta Jaunak eman zizkidan nere semeak; izan ditezen Israelentzat siñalea eta miraria, Siongo mendian bizi dan ejerzituen Jaunaren aldetik.

        19. Baldin berriz esaten badizute: Zoazte galdeak egitera azti ta asmatzalleai, zeñak irringa egiten duten beren sorgindeetan, erantzun zaiezute: Erria ez al da zuzendu bear bere Jaungoikoagana? illakgana joango al da bizien berriak jakitera?

        20. Legea da eta kutxa santa, zuzendu bear duten tokia. Eta baldin ez badute itz egiten esan danaren araura, ez da zabalduko berentzat argitasuneko eguna.

        21. Eta argia bere etxetik iragoko da gelditu gabe; eta berak eroriko dira lurrera, eta gose izango dira; eta gose diranean suminduko dira, eta madarikatuko dute beren erregea, eta beren Jaungoikoa, eta begiak goirontz altxatuko dituzte,

        22. Eta lurrerontz beeratuko dituzte, eta ez dute ikusiko, baizik atsekabea, eta illuntasunak, eta ondamena, eta antsia, eta itzalbeltz persegitzen dituena, eta eginalak eginda ere, ezin libratuko dira bere estutasun anditik.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Lenengoan gutxiago atsekabetuak izan ziran Zabulongo lurra, eta Neptaliko lurra; eta gero txit zauritua izan zan itsas aldea, erreñuen Galilea, Jordandik arontzagokoa.

        2. Illuntasunetan zebillan erriak ikusi eban argi andi bat, argitu zitzaien eguna eriotzaren alderri illunean bizi ziradenai.

        3. Ugaritu zenduen jendea; baña etzenduen ugaritu poza. Alaere poztuko dirade egunen batean zure aurrean, poztutzen diradenak bezela uztako denboran; edo poztutzen diraden bezela garailariak partitzen dituztenean etsaiai arrapatutako ondasunak.

        4. Zeren bere uztarri pisua, eta bizkarrak zauritzen zituen zigorra, eta bere eskateratzallearen eskumakilla, zuk zatitu ziñituen, Madiango egunean bezela.

        5. Zeren indarrez eta matxinadarekin arrapatutako gauza guzia, eta odolez mantxatutako soñekoak, izango dira erreak, eta suaren bazka egiñak.

        6. Orain jaio zaigunean, aur seme txikitxo bat, eta emana izan zaigunean seme bat, zeñak bere bizkarraren gañean daraman lenendizatea, eta idukiko du izentzat Miragarria, Konsejaria, Jaungoikoa, Sendoa, etortzeko dagoan gizaldiaren Aita, pakeko Prinzipea.

        7. Bere agintaritza zabaldua izango da, eta pakeak ez du mugarikan idukiko. Dabiden jargoiaren gañean eseriko da, eta izango da bere erreñuaren jabe sendotzeko, eta indartzeko agintatu erazirik berdintasunari eta zuzentasunari oraindandik betiko. Ejerzituen Jaunaren zeloa da gauza oiek egingo dituena.

        8. Aurtiki zuen Jaunak itz bat Jakoben kontra, eta Israelen gañera erori zan.

        9. Eta jakingo du Efraimgo erri guztiak, eta Samarian bizi diradenak, zeñak biotzeko andiuste eta urgulleriarekin dabiltzaz esaten:

        10. Adrilluak erori dira, baña guk arlanduakin egingo ditugu, pikoarrak ebaki dituzte; baña beren lekuan zedroak ipiñiko ditugu.

        11. Bitartean Jaunak egingo du etsaiak Rasin garaitu dezatela, eta bilduko ditu gero nahasian etsaiak berak Efraimen kontra.

        12. Sirotarrak eguzkiaren Sortaldetik, eta Filistintarrak Sartaldetik, eta sumintasunez beteak nola egongo diran, iretsiko dute Israel. Oiekin guziokin ere ez da bigunduko bere aserrea, baizik oraindikan bere besoa jasoa dago.

        13. Zeren erria ez da biurtu zauritu duenaganontz, eta ejerzituen Jauna ez du billatu.

        14. Eta Jaunak desegingo die egun batean burua; eta alla, ala obeditzen dutenai, nola agintzen dutenai.

        15. Zarra eta gizon beneragarria, ori da burua: gezurrak saltzen dituen profeta, ori da alla.

        16. Eta ala erri oni doatsua deitzen diotenak, engañatzen dutela, nola doatsuak deituak diradenak berak, galduko dirade zorigaitzakin.

        17. Argatik ez da samurtuko Jauna erri orretako gaztetxoakin, eta ez du ere idukiko bertako umezurtz, ez andre alargunen errukirik, zeren erri ori guzia da onirudi utsa, eta gaiztoa, eta bere ao guziak ez dute esaten gauza eragabeak baizik. Gauza guzti oiekgatik bere aserrea ez da bigunduko, baizik oraindikan bere eskua jasoa dago.

        18. Zeren gaiztakeria erazeki zan, sasi eta arantzak iretsitzen dituen sua bezela, eta baso zarratuan indarra artzen duena, eta kee txit trinkozko txirimola goira dijoana bezela.

        19. Lurra dago txit izutua ejerzituen Jaunaren aserreagatik, eta erria izango da suaren bazka bezela; gizonak ez dio barkatuko bere anaiari ere.

        20. Eta itzuliko da eskuiera, eta oraindikan gose izango da, eta jango du ezkerrean, eta alaere ezin aseko da, bakoitzak iretsiko du bere besoko aragia. Manassesek Efraim, eta Efraimek Manasses, gero biak Judaren kontra elkartuko dira.

        21. Gauza guzi oiekin ere ez dago bigundua Jaunaren aserrea, baizik oraindikan bere besoa jasoa dago.

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Ai lege gaiztoak ipintzen dituztenen, eta aspertu gabe sentenzia dongak eskribatzen dituztenen doakabeak!

        2. Menderatuteko beartsuak juizioan, eta indar egiteko nere erriko errukarriai, iretsitzeko andre alargunak bazka bezela, eta umezurtzai kentzeko daukatena!

        3. Zer egingo dezute, kontuak artzen zazkizuten egunean, eta urrutitikan keñatuaz datorren atsekabean? Zeñgana zuzenduko zerate lagundu dizazuten? Eta non utziko dezute zuen anditasuna,

        4. Ez makurtzeko lepoa kateari, eta illen artean ez erortzeko? Gauza guzi oiekin ere ez dago bigundua Jaunaren aserrea, baizik oraindikan bere eskua jasoa dago.

        5. ¡Ai Asurren doakabea! Nere aserrearen zigorra eta eskumakilla. Bere eskuan nere aserrea ipiñi det.

        6. Bidalduko det itza zaitzen ez duen erri baten kontra, eta nere aserrea biztu duen erri baten kontra, eta emango diozkat aginteak eraman ditzan berari arrapatutako gauzak, eta arrapatu dezan bertan dagoena, eta ipiñi dezala oñazpian zapaltzeko eran plazetako lokatsa bezela.

        7. Egia da ez duela berak ala pensatuko, eta bere biotzean ez duela alako usterik idukiko. Bere biotzeko erabakiak bakarrik egongo dirade desegin, eta arrasatzen erreño ez gutxi.

        8. Zeren esango duen:

        9. Nere jauregitarrak ez al dirade beste anbeste errege? Karkamisi gertatu zaiona ez al zaio gertatu Kalanori? Eta Ematena Arfadi? Samariari ez al zaio irago Damaskorena bera?

        10. Nola nere eskuak irabazi zituen idolo askoren erreñuak, era berean garaituko ditut Jerusalengo eta Samariako iduriak ere.

        11. Egin nuena Samariarekin eta bere idoloarekin, ez al det egingo Jerusalenekin eta bere iduriakin ere?

        12. Baña Jaunak bukatzen dituenean bere obra guztiak Siongo mendian, eta Jerusalenen, berak kontuak artuko diozka Asiriako erregeari bere biotz urgullutsuko asmazioen gañean, eta bere begi arroen andikeriaren gañean.

        13. Esan duen ezkero: Nere eskuaren indarrarekin egin nuen, egin nuena, eta nere jakinduriarekin artu nituen neurriak. Eta aldatu ditut errien mugak, eta kendu ditut beren erregeak, eta daukadan eskubidearekin beera aurtiki ditut toki goratuetan zeudenak.

        14. Eta errien indarra zan nere sendotasunarentzat txori kabia bat bezelakoa; eta nola biltzen diran utziak izan diran arraultzak, ala jarri nuen nik nere eskubidearen mendean lur guztia, eta etzegoan nork mugitu zezan ego bat, ez nork idikirinokorik, ez nork egin pi-rik.

        15. Baña eta aizkora gozatu al liteke berarekin ebakitzen duenaren kontra, edo urgullutuko al da zerra darabillenaren kontra? Ori da jaikiko balitza bezela zigorra eskuan daukanaren kontra, eta arrotuko balitza bezela eskumakilla, zeñ atzenean makilla bat baizik ez dan.

        16. Argatik ejerzituen Jaun andiak bialdu die ergitasuna bere gerrari sendoai, eta bere gloriaren azpian egongo da erazekia, su andia bezelako bat, zeñak desegingo dituen.

        17. Eta Israelko argia sua izango da, eta bere Santua garra, zeñarekin erazekiko diran eta egongo diran erazekiak Asurko arantza eta sasiak egun bakar batean.

        18. Eta baso onetako eta Karmelo onetako gloria izango da ezereztua gorputz eta anima, eta berak (Senakeribek) iges egingo du urduria.

        19. Eta baso onetan gelditzen diran zuaitzak kontatu alko dirade gutxi diralako, eta aur batek eskribituta ipiñi alko ditu.

        20. Eta orduan izango da noiz Israeltik gelditzen diradenak, eta Jakoben etxekoetatik iges egin dutenak, ez dirade berriz fiatuko zauritzen dituenean, baizik txit gogotik ipiñiko dute beren itxedopena Jaunagan, Israelko Santuagan.

        21. Jakoben kutsuak berriz, kutsuak esaten det, Jaungoiko sendoagana itzuliko dirade.

        22. Zeren erria, o Israel, itsasoko ondarra adiña balitza ere; bakarrik bee kutsuak dirade nigana biurtuko diradenak, baña ondamenean bizirik gelditzen diradenak, justizian gañez egiñak egongo dirade.

        23. Zeren ejerzituen galmena eta gutxituera egingo du Jaunak Judako lur guztian.

        24. Argatik au da ejerzituen Jaun Jainkoak esaten duena: Sionen bizi zeran nere erria, ez ezazu Asiriatarren beldurrikan iduki. Berak zigorrarekin joko zaitu, eta altxatuko du zure kontra bere eskumakilla Egiptora dijoan bidetik.

        25. Baña denbora gutxiren barrenen, txit laister, bere gaiztariakgatik biztutako nere aserrea, eta nere sumintasuna allegatuko dirade goenengo mallara.

        26. Eta ejerzituen Jaun Jainkoak altxatuko du bere besoa Asiriatarren kontra, eta egingo du berakgan, Madiantarrakin Horebko aitzean egin zuen ondamena. Eta nola jaso zuen bere zigorra Itsasgorriaren gañean, era berean jasoko du Egiptoko bidean ere.

        27. Eta egun artan kendua izango da zure bizkarren gañetik Asurren pisua, eta bere uztarria zure lepotik, eta uztarria ustelduko da olioaren ugaritasunagatik.

        28. Allegatuko da Asiriako erregea Aiaberaño, iragoko da Magronera, Makmasen ipiñiko du bere bagakia.

        29. Iragoko dira albait ariñen, eta Gaban ipiñiko dituzte beren etzauntzak, Rama dago arritua, Saulen Gabaat dijoa agudo igesi.

        30. Sendo deadar egin ezazu, o Galimgo erria, begiratu ezazu zugatik, o Laisa; eta baita zuk ere Anatot gaixotxoa.

        31. Medemena joan da beste toki batera. Zaudete sendo Gabimen bizi zeratenak.

        32. Oraindikan badago egun bat Noben gelditutzeko. Andik jasoko du Senakeribek bere eskua, mugituko du keiñatzen dituela Siongo alabaren mendia eta Jerusalengo muñoa.

        33. Baña ona non ejerzituen Jaun goratuak desegingo duen sendo, lurrezko ontzia, eta goianteak izango dira ebakiak, eta goian daudenak beeratuak.

        34. Eta baso zarratua burniarekin ebakia izango da, eta Libano bere zedro goratuakin eroriko da.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Eta Jeseren sustraitik zigor bat aterako da, eta bere sustraitik igoko da lora bat.

        2. Eta bere gañean egonga da atsedetera Jaunaren Espiritua, jakinduriako eta aditzako espiritua, konsejuko eta sendotasuneko espiritua, jakindeko eta biotz beratasuneko espiritua.

        3. Eta Jaunaren beldurrezko espirituaz betea geldituko da. Ez du berak juzgatuko, begien aurrean kanpotikan agiri danetik, eta ez du ere iñor kondenatuko, esaten dutela aditzen danagatik bakarrik,

        4. Baizikan juzgatuko ditu beartsuak justiziarekin, eta artuko du zuzentasunarekin lurreko umillak zaitzea; eta bere aoko zigorrarekin lurra zaurituko du, eta bere ezpañetako asnasarekin ilko du gaiztoa.

        5. Eta justizia izango da bere gerri inguruko lokarria; eta fedea, uala zeñarekin lotuko duen bere gorputza.

        6. Otsoa bildotsarekin batean biziko da, eta katamotza egongo da etzinda antxumearen aldean. Txala, leoia eta ardia elkarrekin ibilliko dirade, eta aurtxo bat izango da beren artzaia.

        7. Idiskoa eta artza bazka bat batzuetara joango dirade; eta beren umeak toki batean etzinda egongo dirade: eta leoiak lastoa jango du idiak bezela.

        8. Eta oraindikan titia artzen duen aurra jostaketan ariko da suga lotari baten zuloan; eta titia kendu berri dagoenak eskua sartuko du ersugearen ezkutatokian.

        9. Berak ez diote iñori kalterik egingo eta ez dute ere iñor ilko nere mendi santu guztian, zeren Jaunaren ezagerak beteko du lurra, urak itsasoa betetzen duten bezela.

        10. Egun artan erreñuak ots egingo diote Jeseren sustraiko zigor, ipiñita dagoenari siñaletzat errientzat, eta bere obia gloriaz betea izango da.

        11. Eta egun artan luzatuko du Jaunak berriz bere eskua erakarteko bere erriko kutsu, gelditzen diradenak Asiriatarren artean, eta Egipton, eta Fetrosen, eta Etiopian, eta Elamen, eta Senaarren, eta Ematen, eta itsasoko ugartetan.

        12. Eta zutik ipiñiko du estandarte bat erreñuen artean, eta bilduko ditu Israelko igeslariak, eta batuko ditu Judako barreiatuak lurraren lau aldamenetatik.

        13. Eta kendua izango da Efraimgo zeloa, eta desegiñak izango dirade Judaren etsaiak. Efraimek ez du Judaren ondamurikan idukiko, eta Judak ez dio gerrarik egingo Efraimi.

        14. Eta egan joango dirade elkarrekin Filistintarren gañera itsasoaren aldamenetik, eta batean arrapatuko diozkate beren ondasunak eguzkiaren sortaldeko semeai. Idumea eta Moabtarrak txit laister izango dirade beren eskuz arrapatuak, eta obedituko diozkate Ammonen semeak.

        15. Jaunak leortuko du Egiptoko itsasoaren mingaña, eta luzatuko du bere eskua ibaiaren gañera bere aize sendoarekin, eta bere zazpi aoetan zaurituko du, alako eran non irago alko dan oñustu gabe.

        16. Eta geldituko zaie iragotzeko bidea nere erriko kutsu Asiriatarrak bizirik utzi zituztenai, Israelek iduki zuen bezela Egiptoko lurretik atera zan egun artan.

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Eta egun artan esango dezu: Alabatuko zaitut, o Jauna, zeren nerekin aserretua zeunden, eta urrutiratu zan zure sumintasuna, eta gozatu nazulako.

        2. Ona emen non Jaungoikoa dan nere salbatzallea. Itxedopenez beterik biziko naiz, eta ez naiz beldur izango, zeren nere sendotasuna eta nere gloria Jauna dan, eta berak bere kontura artu du nere salbazioa.

        3. Pozik aterako dezute ura Salbatzallearen iturrietatik;

        4. Eta egun artan esango dezute: Eman zaiozkazute eskerrak Jaunari, eta bere izenari ots egin zaiozute, adirazi zazkiezu jendeai bere asmazioak. Oroitu zaitezte bere izena goratua dala.

        5. Eman zaiozkazute alabantzak Jaunari, gauza andiak egin dituelako: zabaldu ezazute au mundu guzitik.

        6. Pozez goragoraka ari zaite, eta kantatu itzatzu alabantzazko kantak, o Siongo etxea; zeren andia agertzen dan zure erdian Israelko Santua.

 

AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Babiloniaren kontra berri garratz, Isaias Amosen semeari zerutikan adirazia.

        2. Illuntasunaz estalia dagoen mendiaren gañean jarri ezazute estandartea, altxatu ezazute boza, luzatu ezazute eskua, eta gialariak ateetatik sartu bitez.

        3. Nik eman dieztet nere aginteak, prestatuak dauzkadan gerrariai, ots egin diotet nere aserrean nere gudari sendo bozkarioz beteai nere gloria zaitzeko.

        4. Jendetza andiaren, erri askorena bezelakoaren murmurra mendien gañean, prinzipeen, eta bilduak dauden erreñoen boz nahasiak. Ejerzituen Jaunak eman diozka bere aginteak gudaritegi gerralariari,

        5. Zeñ datorren toki urrutietatik munduaren atzenetik, Jauna eta bere aserreko erremientak datoz lur guztia soildua utzitzera.

        6. Ari zaitezte sendo alarauka, zeren Jaunaren eguna aldean dan: ondamena izango da Jaunaren eskuarena bezelakoa.

        7. Argatik beso guziak beren bizitasuna galduko dute, eta gizonen biotz guztiak indargatuko dirade,

        8. Eta izango dirade autsiak. Ikusiko dirade oñazez eta alaz beteak, eta suspirioz egongo dirade aurregiten ari dan andrea bezela. Bakoitza arritua geldituko da besteari begiratuta, beren arpegiak erkituak eta beltzituak geldituko dirade.

        9. Begira ezazute allegatzera dijoala Jaunaren eguna, egun izugarria, eta aserrez, eta iraz eta sumitasunez betea, lurra eremu biurtzeko, eta kentzeko beratatik bekatariak.

        10. Zeren zeruko izarrik ederrenak ez dute emango oi duten beren argia, illunduko da eguzkia bere irteeran, eta illargiak ez du bere argiarekin argi egingo.

        11. Eta kastigatuko det lurra bere gaiztakeriakgatik, eta gizon biurriak beren biurrikeriagatik; eta jarriko diot bukaera fedegabeen urgulleriari, eta azpiratuko det sendoen arrokeria.

        12. Gizona izango da balio andiagokoa urrea baño, eta ongien garbitutako urrea baño.

        13. Gañera nastuko det zerua, eta lurra bere opoetatik mugituko da; ejerzituen Jauna aserretua dagoelako, eta zeren dan bere aserre eta bere sumintasuneko eguna.

        14. Eta iges egingo dute oreñak bezela, eta izango dirade nork bildu ez dagoen ardiak bezela. Bakoitza bere errira itzuliko da, eta iges egingo du bakoitzak bere lurrera.

        15. Errian arkitua dan guztia illa izango da, eta berari laguntzera dijoazen guziak, ezpataz galduak izango dirade.

        16. Beren aurrak beren begien aurrean zatituak izango dirade; beren etxeetan daukatena izango da arrapatua, eta beren emazteak indarrez galduak.

        17. Ona non nik jasoko ditudan beren kontra medoarrak, zeñak ez duten billatuko zillarrik, eta ez duten ere urrerik naiko;

        18. Baizik ilko dituzte aurrak saietakin, eta ez dute idukiko aurdun dauden andren urrikaltasunik, eta beren semetxoai ere ez die barkatuko.

        19. Eta arako Babilonia ospatsua, beste erreñoen artean gloriaz betea, eta zeñatan alako moduan urgullutuak zeuden Kaldeatarrak, izango da, Sodoma eta Gomorra bezela, Jaunak desegiña.

        20. Beñere berriz ez da iñor bertan bizituko, eta ez da berriz egiña izango mendeen mendeetan; eta Arabiatarrak berak ere ez ditu jarriko bertan bere etzauntzak, eta artzaiak ere ez dituzte egingo saletxeak,

        21. Baizik an atsedengo dute pistiak, eta beren etxeak sugulnaz beteak egongo dirade, eta an biziko dirade saieak, eta an jostaketan ariko dirade illetsuak.

        22. Eta bere jauregi erorien artean adituko dirade ontzen kantak, eta sirenak atsegiñezko toki aietan.

 

AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Aldean dago denbora onen allegaera, eta bere egunak ez daude urrutian. Zeren atzenean ere, Jaunak idukiko du Jakoben urrikaltasuna, eta oraindikan Israelko batzuek autuko ditu, eta beren jaioterrian atsedeneraziko diote. Oiekin arrotza bilduko da, eta Jakoben etxeaganatuko da.

        2. Eta erriak ostatuz artuko dituzte, eta lagunduko diete beren errira; eta Israelko etxea izango da beren jabe, Jaunaren lurrean, morroi eta neskame mendekotzat. Eta arrapatuko dituzte, berak arrapatu zituztenak, eta mendean idukiko dituzte, berai indarrez kentzen zienak.

        3. Eta denbora artan, Jaungoikoak ematen dizunean grazia atsedetzeko zure lanetatik, eta zure estutasunetik, eta egon ziñan mendetasun gogorretik,

        4. Kantatuko dezu kantatxo au Babiloniako erregearen kontra, eta esango dezu: Nola da ez agertzea onezkero eskalea, eta kotiza aitua izatea?

        5. Jaunak zatitu du gaiztoen zetroa, agintzen zutenen zigorra;

        6. Aserretuta erriak azotatzen zituena, egiten zieztela sendatu ezin litezkean zauriak; eta erreñuak mendetasun txit gogorrean zeuzkana, eta laztasunarekin gaizki tratatzen zituena.

        7. Lur guztia dago ixillik eta pakean, eta jostaketan ari da, eta arkitzen da bozkarioz.

        8. Libanoko abeto eta zedrorañokoak jostatzen dirade zure bizkarretik. Il intzanetik onera, esaten dute, ez datork iñor ere gu ebakitzera.

        9. Infernua an bean mugitu zan zuri bidera irten zizunean; bialdu zizkizun goianteak. Jaiki ziran bere tronuetatik lurreko prinzipe guziak, erreñoetako prinzipe guziak.

        10. Guztiak, zuzentzen dizutela itza, esango dizute: Beraz zu ere gu bezela zauritua izan zera, eta izan zera egiña gure antzekoa?

        11. Zure urgulleria infernuetaraño beeratua izan da, zure gorpua lurrean datza, idukiko dezu usteltasuna koltxoetzat, eta zure estalkia arrak izango dirade.

        12. Nola erori ziñan zerutik, o artizar, goizean alako argitasunak botatzen ziñituena? Nola izan ziñan lurrera aurtikia, zu, erreñuen galmena izan zerana?

        13. Zu, esaten zenduena zure izotzean: Zerura igoko naiz, Jaungoikoaren izarren gañetik jasoko det nere tronua, eseriko naiz testamentuko mendiaren gañean, zeñ dagoen ifarreko aldamenean.

        14. Iragoko det odeien altuera, Jaungoiko txit goratuaren antzekoa izango naiz,

        15. Baña zu izan zera aurtikia infernura, lurlizearen zakonenera.

        16. Ikusten zaituztenak makurtuko dirade zuganontz, eta begiratuko dizute. Eta, au ote da, esango dute, lurra matxiñadan ipiñi zuen, erreñuak dardaraz jarri zituen,

        17. Mundua eremu egiñik utzi zuen, erriak desegin zituen, eta katibu zeuzkanai beñere karzelarik idiki etzioten gizon hura?

        18. Erreñuetako errege guztiak, guztiak il ziran, eta izan ziran gloriaz obiratuak; bakoitza dago bere familiaren obian atsedeten,

        19. Baña zu aurtikia izan zera zure obitik urrutira, zur, deus balio ez duen eta zikin bat bezela, eta nastua, gorpu usteldua bezela, ezpataz illak izan ziradenakin, eta obiaren zakonenera jetxi ziradenakin.

        20. Etzera zu beren lagun izango, ez da obian ere; desegin dezulako zure jaiotlurra; eta galduerazi diozulako zure erriari. Gaizkigillen arrazaren oroipenak ez du iraungo.

        21. Gertutu zaitezte iltzeko beren semeak, beren gurasoen gaiztakeriagatik, bada ez dirade aziko, eta ez dirade ere lurraren jabe izango, eta ez dute erriz beteko munduaren gaña.

        22. Zeren ni jaikiko naiz beren kontra, esaten du ejerzituen Jaunak, eta desegingo det Babiloniaren izena, eta kutsuak, eta birternea, eta bere arraza guztia, esaten du Jaunak.

        23. Eta ipiñiko det trikuen etzauntz, eta ur geldien putzu egiñik, eta garbituko det eskoba ondatzalle batekin, esaten du ejerzituen Jaunak.

        24. Juramentu egin zuen ejerzituen Jaunak, esaten zuela: Nola pensatu nuen, ala izango da, eta nola erabaki nuen nere adimenean, ala gertatuko da.

        25. Desegingo det Asiriatarra nere lurrean, eta nere mendien gañean zapalduko det. Onenbesterekin kendua izango zaio Israeli uztarria, eta bere bizkarretatik zama hura.

        26. Au da pensatu eta erabaki dedana lur guziaren gañean, eta onela luzatuko det eskua erreñu guzien gañera.

        27. Ejerzituen Jaunak erabaki du, eta, zeñ da galerazi dizaiokena? Bere besoa altxatua dago, eta nork gelditu dezake?

        28. Akaz erregea il zan urtean, albista garratz au egiña izan zan:

        29. Etzaite txit poztu, o Filistintarren erria; zauritzen zinduen zigorra zatitua izan dalako, zeren sugearen jatorritik ersugea jaioko da, eta onegandik irtengo danak, egaztiak iretsiko ditu.

        30. Eta eskaleen artean lenbizikoak ogia idukiko dute, eta beartsuak beldur gabe atsedengo dute. Eta zure arrazari, o Filistintarra, gosez illeraziko diot, eta zugandik gelditzen dan guztia desegingo det.

        31. Alarauka ari bitzate ateak, sendo egin bitzate zure deadarrak erriak, Palestina guzia lurrera eroria dago, zeren ifarraldetik dator kedia, eta ez da egongo bere zaldizko taldetik iges egin dezakeanik.

        32. Eta, zer erantzun emango zaiote erreñoen bialkiñai? Jauna dala, Sion egin zuena eta bere erriko umillak beragan itxedotzen dutela.

 

AMABOSGARREN KAPITULUA

        1. Berri garratza Moaben kontra. Gau batean Ar, bere errege erria arrasatua izan zalako, Moab mututua gelditu da. Gau batean bere murrua arritua gelditu zalako, Moab mututua gelditu da.

        2. Errege etxea, eta Dibon guztia igo dira toki goratuetara, negar egiteko Naboren gañean, eta Medabaren gañean. Moabek alarau andiak egin ditu. Buru guziak moistuak ikusten dirade, eta bizar guziak kenduak.

        3. Dabiltza beren karrikaetatik zakuz jantzita, beren sabaien gañean, eta beren plazaetatik bakarrik aditzen dirade txillioak suspirioakin batean.

        4. Hesebon eta Elealek deadar andiak egingo dituzte, Jasaraño beren boza aditua izan da. Ikusmen onetara Moabko gerrariak berak txillioka ariko dirade, beretatiko bakoitzaren anima negarrez egongo da bere egoeraren gañean.

        5. Nere biotza suspirioetan egongo da Moabgatik. Bere irozleak Segorreraño iges egingo dute iru urteko bigaiaren gisara. Luithko aldapatik igoko da bakoitza negarrez, eta Oronaimgo bidetik joango dirade deadarrez beren penagatik.

        6. Nemringo urak utziak izango dirade. Argatik leortu zan belarra, umeldu ziran birterne guziak, berdetasun guzia galdu zan.

        7. Beren gaiztakerien anditasunaren araura kastigatuak izango dirade. Saratzen errekara eramanak izango dirade.

        8. Deadarrak adituak izan ziran inguruan Moaben muga guztietan. Beren txillioak Galimeraño allegatu ziran, eta beren ojuak Elimgo putzuraño.

        9. Zeren Dibongo urak Moabtarren odolez beteak dauden, bada etorri eraziko diotet zorigaitzai Dibonen gañera aziaz; eta Moabtik iges egin izango dutenen gañera, edo errian gelditu diradenen gañera, leoiak bialduko ditut.

 

AMASEIGARREN KAPITULUA

        1. Bialdu ezazu, o Jauna, Bildots lurreko agintaria, eremuko aitzetik Siongo alabaren mendiraño.

        2. Baña, ai! Gertatuko da Moabko alabak egotea, Arnonen iragoeran, izututa igesi dijoan egazti bat bezela, eta kabiatik kanpora egan egiten duten txorikumeak bezela.

        3. Akonsejatu zaite, galde ezazu gertakari onen gañean, itzala egin zaiezu igesi dijoazenai; alako moduan, non, ezkutatu ditezela egunaren erdian, gau illun batean bezela; ezkutatu itzatzu igesi dabiltzanak, eta ez itzatzu jarri etsaien eskuan galduta dabiltzanak.

        4. Iduki itzatzu ostatuz zure aldean nere seme igesi dabiltzanak. Izan zaite zu, o Moab, igeslekua ondatzallearen kontra, zeren autsa bezela dago onezkero ezereztua; galdu zan atzenik doakabe hura; izutua dago, lurra kalkatzen zuena.

        5. Eta fundatuko da tronu bat urrikaltasunaren gañean, eta eseriko da bertan Dabiden etxean Juez zuzen eta justizia zale bat, zeñak bakoitzari agudo emango dion zuzen dana.

        6. Aditu degu itz egiten Moabko urgulleriaren gañean, bera da txit arroa. Bere urgulleria, bere arrokeria, eta bere errutasuna dirade bere indarrak baño andiagoak.

        7. Argatik Moab egongo da alarauka Moaben kontra, eta bertan bizi diraden guztiak alarauka ariko dirade. Suan erreko adrilluz eginda beren murrikak dauzkatelako poztutzen diradenai adirazi zaiozkazute beren atsekabeak.

        8. Zeren Hesebongo uriaurreak onezkero eremutuak daude, eta erreñuetako prinzipeak arrasatua izan da Sabamako mastia, zeñaen sarmentuak izan dirade eramanak Jazerreraño, eta gelditu ziran maspurukai gutxiak, irago ziran itsasoaren beste aldamenera.

        9. Argatik nastuko ditut nere negarrak Jazerrenakin, negar egingo det Sabamako mastiagatik, nere malkoakin bustiko zaitut guztiori, o Hesebon, zu ere, o Eleale, zeren etorri zan erasoa, eta aitu zan mendainak kalkatzen dituztenen, eta uztak traillatzen dituztenen pozezko deadartea.

        10. Eta Karmelotik iges egingo du bozkarioak eta gozotasunak, eta ez da onezkero egongo mastietan jostaketarik, ez bozkariorik; eta dolarean matsai ardoa ateratzen zienai, ez die berriz aterako, eta ez dirade onezkero adituko, dolarean kalkatzen ari oi ziradenen kantak.

        11. Argatik nere sabelak eta nere erraiak ots egingo dute zitarak bezela Moabko zorigaitzak gatik, eta suan erretako adrilluz agindako murru sendoaren ondamenagatik.

        12. Eta gertatuko da, Moab bere toki goratuetara zuzentzeaz aspertuta dagoanean, sartuko da bere tenploetan eskariak egiteko; baña ezerere ezin iritxiko du.

        13. Denbora da Jaunak Moaben gañean itz au esan zuela.

        14. Eta au da orain Jaunak esaten duena: iru urteren barrenen, urte osoak mirabearen urteak bezela, kendua izango zaio Moabi bere erri andi guztiaren gloria, eta gutxi geldituko dira, eta oiek txikiak eta batere ez sendoak.

 

AMAZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Berri garratza Damaskoren kontra. Ona emen non Damaskok utziko dion erri izateari, eta geldituko dan arri montoi batean, etxe desegin batean.

        2. Aroerko erriak utziak izango zaiezte, beren etzauntzak an idukiko dituzten abereai, eta ez da izango nork berak andik aurtiki.

        3. Eta Efraimek galduko du bere sostena, eta aituko da Damaskoko erreñua, eta Siriako kutsuakin izango da, Israelko seme gloriaz beteakin izan zana. Galduko dirade, esaten du ejerzituen Jaunak.

        4. Bada egun artan Jakoben gloria gutxituko da, eta bere aragiaren gizentasuna argaldu.

        5. Eta gertatuko da, uztan gelditu ziran galburuak batek biltzen dituenean, eta bere eskuarekin artzen dituenean bezela; edo Rafaimgo ibarrean galbatzallen ondorik galburu billa dabillana bezela.

        6. Eta bakarrik geldituko da beratatik mordo bat, edo beste mats batzallean ondokoentzat; edo nola oliboa astinduta gelditzen diran bi edo iru azeituna errama baten puntan; edo lau edo bost frutua ematen duen erramaren garaiean, esaten du Israelko Jaun Jainkoak.

        7. Egun artan umillatuko da gizona bere Egillearen aurrean, eta bere begiak itzuliko dira Israelko Santuari begiratzeko;

        8. Eta ez da auzpeztuko bere eskuen lana izan ziraden aldaren aurrean, eta ez die jaramonik egingo berak egiñak izan ziraden idoloen baso eta tenploai.

        9. Egun artan utziak izango dirade bere erri murrutuak, izan ziraden bezela goldeak eta uztak Israelko semeak allegatu ziradenean, era berean izango zera zu ere utzia.

        10. Aztu ziñalako Jaungoiko zure salbatzallearekin, eta zure gordetzalle almentsuarekin oroitu etziñalako. Argatik ipiñiko dezu landare ona, eta ereingo dezu azia, jende arrotzentzat izango dana.

        11. Eta zuk ipiñi zenduen landaretik basa mats bat irten zan; baña arrapatua izango zatzu uzta bildu bear zanean, eta onek pena andi bat emango dizu.

        12. Ai erri talde orien, itsasandi baten baga ugarien antzekoaren doakabea, eta ejerzitu nastu, arin dijoazen uren otsaren antzeko orrena!

        13. Erriak egingo dute ots bat, ugolde bateko urena bezelakoa, baña Jaungoikoak errierta egingo die, eta berak urrutira iges egingo dute, eta barreiatuak izango dirade, mendien gañean autsa aizearekin dan bezela.

        14. Ez dezute ikusten nola ikaratzen zuten arratsaldeko denboran? Badator goiza, eta onezkero ez daukate izaterik. Alakoa da gu ondatu gaituztenak idukiko duten ordaña; alakoa itxedotzen dioten izaera gure gauzak arrapatu dizkigutenai.

 

EMEZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Ai arako lur, eskillatxo egodun, Etiopiako ibaien andiko aldamenean dagoanaren doakabea!

        2. Zeñak bialtzen dituen mandatariak itsazoz papirozko ontzietan, zeñak korrika dijoazen uren gañean. Zoazte, mandatari agudoak, mugitua eta zatitua dagoen erreñura; arako erri besteak baño beldurgarriagora; arako erreñu itxedotzen duenera, eta bitartean kalkatua danera, zeñaen lurra janaz dijoazen ibaiak.

        3. Munduan bizi zeraten guztiak, zuen errian egotez zaudetenak, mendien gañean estandartea altxatua danean, zuek ikusiko dezute, eta adituko dezute tronpetaren ots zurrungatua.

        4. Zeren ona emen Jaunak esaten didana: Ni geldi egongo naiz, eta egongo natzaio begira nere esertokitik, egunaren erdiko argi ederra ikusten dan bezela, eta izango naiz intzezko odei bat uztako denboran bezela.

        5. Zeren uzta baño lenago guztia loretu zan, eta guztia moteatuko da denbora baño lenago, eta bere zortenak aiotzarekin ebakiak izango dira, eta gelditzen dana izango da zatitua eta aurtikia.

        6. Eta bat batean utziak izango zaiezte mendietako egaztiai, eta lurreko pistiai; eta uda guztian egongo dirade egaztiak beren gañean, eta bere gañean iragoko dute negua lurreko pisti guztiak.

        7. Denbora artan, erri berezitu eta zatitua; erri beste guztiak baño beldurgarriagoa, itxedotzen eta geiago itxedotzen dagoan erreñua, eta bitartean kalkatua dana (zeñaen lurra dagoen ibaiak erorierazia) eramango diozka doañak ejerzituen Jaun, dagoenari, ejerzituen Jaunaren beraren izenari ots egiten zaion tokian, Siongo mendian.

 

EMERETZIGARREN KAPITULUA

        1. Berri garratza Ejiptoren kontra. Ona non Jauna jarriko dan odei arin baten gañean, eta sartuko da Egipton, eta bere aurrean nastuko dira Egiptoko idoloak, eta Ejiptoren biotza txit ustelduko da bere bularrean.

        2. Eta egingo det eskuetara etorri ditezela Egiptoarrak Egiptoarren kontra, eta gudatuko da anaia bere anaiaren kontra, eta adiskidea bere adiskidearen kontra, erria erriaren kontra, eta erreñua erreñuaren kontra.

        3. Eta Egipto geldituko da espiritu gabetanik bere erraietan, eta nastuko ditut bere erabakiak, eta galdeak egingo diozkate beren idoloai, eta beren aztiai, beren elizasmatzalle ta mirarigin beltzai

        4. Eta ipiñiko det Ejipto Jaun gogorren mendean, eta errege odolgiro batek aginduko diote, esaten du ejerzituen Jaun Jainkoak.

        5. Eta itsasoa geldituko da bere ura anbeste igotzen ez dala, eta ala gutxituko da Nilo ibaia, eta etorriko da leortzera.

        6. Eta desagertuko dira ibaiak, gutxituaz joango dira, aliketa leortu arteraño lurresien artetik dijoazen odiak, kañabera eta ia mastrikatuko dira.

        7. Ibaiaren erretena ur gabe geldituko da, bere jatorria daukan toki artatik, eta erregadioko alor guztia sikatuko da, leortuko da, eta galduko da.

        8. Eta arraitzaleak triste ibilliko dirade, eta negar egingo dute amua ibaiean botatzen duten guztiak, eta uretan sareak zabaltzen dituztenak, penaz desegingo dira.

        9. Geldituko dira nastuak linoan lanean ari ziradenak, eta txarranatxatzen zutenak, eta berarekin eun fiñak egiten zituztenak.

        10. (Zeren erregadioko tokiak ezade gabe geldituko diran) eta triste arraiak artzeko putzuak egiten zituztenak.

        11. O zeñ jakinduriagabeak diraden Tanisko prinzipeak! Faraonen konsejari jakintsuak eman diote eragabeko konseju bat. Nola esango diozute Faraoni, esan dezala: Ni naiz jakintsuen semea, ni naiz anziñako erregeen semea?

        12. Non daude orain zure jakintsuak? Adirazi ta esan dizazutela, ejerzituen Jaunak zer daukan erabakita Ejiptoren gañean.

        13. Tanisko prinzipeak jakinduria gabeak izatera itzuli dirade, nastu eta illunduak daude Memfisko prinzipeak, engañatu dute Ejipto, beren errien baluartea.

        14. Jaunak isuri du beren artean zorabillako espiritua, eta berakgaitik erratuaz dijoa Egipto, egiten dituen gauza guzietan, nola ez dakian ordi batek zer iragotzen zaion bomitoan dagoanean.

        15. Eta Ejiptok ez du egingo oñik, ez bururik daukan gauzarik, ez agintzen duenak, ez obeditzen duenak.

        16. Egun artan Ejiptoarrak izango dira emakume beldurtiak bezelakoak, eta geldituko dira zentzugabeko eta ikarakor egiñik, ejerzituen Jaunaren eskua mugitzean, zein aurtikiko duen beren kontra.

        17. Eta Judako lurra izango da Ejiptoren izua; eta bakoitza berarekin oroitzean, dardar jarriko da, ejerzituen Jaunak aren alde egin zituen asmazioak gatik.

        18. Egun artan egongo dira Ejiptoko lurrean bost erri Kanaango izkuntzan itz egingo dutenak, eta juramentu egingo dutenak ejerzituen Jaunagatik. Bataren izena izango da Eguzkiaren erria.

        19. Egun artan Jaunaren aldarea egongo da Ejiptoko lurraren erdian, eta Jaunaren garaisena bere mugetaraño,

        20. Zeñ izango dan Ejiptoko lurrean ejerzituen Jaunari emandako mendetasunaren señale ta aitorrera; zeren Jaunari ots egingo diote mendean dauzkanaren kontra, eta ark bialduko diote libratuko dituen salbatzalle, eta gordetzalle bat.

        21. Eta Jauna izango da Ejiptok ezagutua, eta ijitoak aitortuko dute Jauna egun artan, eta honratuko dute doañ eta eskeñtzakin, eta egingo diozkate botoak, eta kunplituko dituzte.

        22. Eta Jaunak zaurituko du Ejipto plagakin, eta sendatuko du, eta Jaunagana biurtuko dirade, eta bigunduko da berakin eta sendatuko ditu.

        23. Egun artan egongo da idikia bidea Ejiptotik Asiriara, eta Asiriotarra sartuko da Ejipton, eta ijitoak Asirian, eta elkar adituko dira, eta serbituko dute Jauna ijitoak Asiriarrakin.

        24. Egun artan Israel izango da bitartekoa ijitoen eta Asiriarren artean; bendizioa egongo da lurraren erdian,

        25. Zeñ bedeikatu zuen ejerzituen Jaunak, esaten zuela: Bedeikatua Ejipto nere erria, eta Asiriatarra, zeñ dan nere eskuen lana; baña nere herenzia Israel da.

 

OGEIGARREN KAPITULUA

        1. Tartan, Sargon Asiriatarren erregeak bialdua, Azotora allegatu zan, eta oni eraso zion, eta artu zuen urtean,

        2. Denbora artan beratan, itz egin zion Jaunak Isaias Amosen semeari, esaten zuela: Zoaz, eta erantzi ezazu soñean daukazun zakua, eta kendu itzatzu zure oñetakoak. Eta egin zuen ala, zijoala billosik, eta ortozik.

        3. Eta Jaunak esan zuen: Nola nere serbitzari Isaias ibilli zan billosik eta ortozik, señalatu eta adirazten zuela iru urteko gerra Ejiptoren kontra, eta Etiopiaren kontra,

        4. Ala Asiriatarren Erregeak ere katibu bere aurrean eramango ditu Ejiptoarrak, eta iragoko ditu Etiopiakoak, gazteak eta zarrak, billosik eta ortozik, eta esergarriak agirian dituztela, Ejiptoren lotsarirako.

        5. Eta nere errikoak beldurturik egongo dira, eta lotsatuko dira beren itxedopena ipiñi zutelako Etiopian, eta beren gloria Ejipton.

        6. Eta isla artan bizi diradenak esango dute egun artan: Begira or ziradenak gure itxedopena, eta nolako gizonakgana zuzendu giñan laguntasunaren billa, libratu gindezen Asiriatarren erregeagandik. Nola bada guk iges egingo dezakegu?

 

OGEITA BATGARREN KAPITULUA

        1. Berri txarra itsasoko eremuaren kontra. Eremu batetik, lur izugarri batetik dator etsaia, Egoetik aize txirimolak datozten bezela.

        2. Ikusketa garratz bat adirazia izan zat. Sinisgaitza danak, desleialkiro egiten ditu gauzak; ondatzalleak ondatzen du. Jarri zaite bidean, o Elam, ipiñi zaiozu inguru esia, o Medotarra. Nik emango diet atsedena, berak negarrerazitzen zien guztiai.

        3. Argatik minberatuak daude nere erraiak; eta nago aurregiten ari dan andre baten irudiko larritasun batean, beldurtu nintzan adituaz; eta ikusi nuenean, asnasa gabe gelditu nintzan.

        4. Biotza urtutzen zat, izuz arritua gelditzen naiz. Babilonia, Babilonia nere maitea da ni ikaratua ipintzen nauena.

        5. Jarri ezazu maia, zaude zelatan beatoki batetikan, zuek, o prinzipe, jaten eta edaten zaudetenak, jaiki zaitezte, eldu zaiezute eskutarmai.

        6. Zeren Jaunak itz egin dit onela: Zoaz, eta ipiñi ezazu zelatari bat, eta ikusten duen guztiaren berri eman dezala.

        7. Eta berak ikusi zituen gerrako bi gurdi, zaldun birekin, bata asto baten gañean, eta bestea gamelu baten gañean, eta denbora luzean egon zan berai adi, eta begira arretarekin.

        8. Eta deadar egin zuen leoe batek bezela: Ni naiz Jaungoikoaren aginduz nagoan zelataria. Egunaz beti nago emen, eta iragotzen ditut nere tokian gau osoak.

        9. Ona emen non datozten bi zaldizkoak beren zaldietan, eta gañera jarraitu zion itz egiteari, eta esan zuen: Erori zan, Erori zan Babilonia, eta bere jainkoen irudi guztiak lurraren kontra zatituak izan dirade.

        10. O zuek, nere tralla, zuek nere larrañako semeak, ejerzituen Jaunagandik, Israelko Jaungoikoagandik aditu dedana, ori adirazi dizutet.

        11. Berri garratza Dumaren kontra Seirtik deadarrez daude. Zelataria, Gau onetan zer gertatu da? Zelataria, Gau onetan zer gertatu da?

        12. Zelatariak erantzuten du: Goiza etorri da, eta gaua etorriko da. Billatzen badezute, gogotik billatu ezazute; biurtu zaitezte, eta atozte.

        13. Berri gogorra Arabiaren kontra: Zuek lo egingo dezute gauaz basoan, Dedaningo bidearen gañean.

        14. Bizi zeratenak Egoe aldetik, irten zaitezte bidera, eraman zaiozute ura egarri danari, eta joan zaitezte ogiarekin igesi dijoanari laguntzeko.

        15. Zeren igesi dijoaz ezpata billosagandik, gañean daukaten kanibetaren izutik, punterian jarria dagoen uztaiaren izutik, guda odoltsuaren izutik.

        16. Zeren au da Jaunak esaten didana: urte beteren barrenen, urte bete egin eginaren, morroi batena bezela, iges egingo du Zedarko gloria guziak.

        17.Eta Zedarko fletxari sendoetatik geldituko diranak gutxi izango dira, zeren Israelko Jaun Jainkoak ala esan duen.

 

OGEITA BIGARREN KAPITULUA

        1. Berri garratza Ikusketako ibarrarentzat. ¿Zer da zuk ere daukazuna, zeren zure jende guzia sabaietara igotzen dan?

        2. Erri matxinadaz betea, erri txit jende askokoa, bozkarioko erria. Zure illak etziraden galdu ezparen puntaz, eta etziraden ere gudan erori.

        3. Zure andizki guziak elkar adituta iges zuten, eta izan ziraden garratz lotuak. Arkituak izan diraden guziak, izan dirade batean kateez lotuak, eta erbestetuak urrutira.

        4. Argatik esan nuen: Alde zaitezte nigandik, nik negar mingoitzak egingo ditut, etzaitezte ari ni gozatzen nere eriko alabaren ondamenean;

        5. Zeren au dan ilkintzako, eta galmeneko, eta negarretako egun ejerzituen Jaun Jainkoak izendatua ikusketako ibarrarentzat. Bera dijoa barrendik aitzurtuaz murruaren zimenduen billa, eta mendiaren gañean bere gloria agertzen du.

        6. Eta Elamtarrak artu du berarekin fletxatokia, eta gerrako gurdia zaldidunarentzat, eta deseseki du paretetik lurresia.

        7. Eta zure ibar ederrak egongo dira gerrako gurdiz estaliak, eta zaldidiaren etzauntzak jarriko dira atean.

        8. Eta itxiko da Judako kortina, eta joango dira egun artan Basoko jauregiko armen billan.

        9. Eta ikusiko dituzute Dabiden erriko bretxak, zeñak txit asko diraden; eta zarratuteko bildu dituzute beeko putzuko urak,

        10. Eta kontatu dituzute Jerusalengo etxeak, eta batzuek bota dituzute, murruak sendotzeko.

        11. Eta egin dezute erreten bat murru bien erdian, putzu zarreko ura biltzeko, eta ez dituzute altxatu begiak bere Egilleaganontz, eta urrutitik bederik, ez dezute begiratu egin zuenagana.

        12. Eta ejerzituen Jaun Jainkoak ots egingo dizute egun artan negarrera, eta suspirioetara, eta burua moistutzera, eta zakuz jantzitera.

        13. Baña ona non zuek ez dezuten idikiko zuen gogorazioa beste gauzatan, baizik dantzetan, eta bozkarioetan, eta txalak iltzen eta ariai lepoak ebakitzen, eta beren aragiak jaten, eta ardoa edaten, esaten dezutela: Jan dezagun eta edan dezagun zeren biar ilko gera.

        14. Eta nere belarriai adirazia izan zaiote ejerzituen Jaunaren boz au: Ez, etzatzute barkatu gaiztakeria au il zaitezten artean, esaten du ejerzituen Jaun Jainkoak.

        15. Esaten ere du ejerzituen Jaun Jainkoak: Zoaz arkitzera tabernakuloan bizi dan hura, Sobna, esaten det, tenploko agintaria, eta esango diozu:

        16. Zer egiten dezu zuk emen? Edo, zeñ da zuk emen iruditzen dezuna? Zu, obi bat emen prestatu dezuna zuretzat, landu erazi dezuna kontu andiarekin oriopengarri bat toki goratu batean, tabernakulo bat aitzean.

        17. Bada jakin ezazu, Jaunak egingo duela eraman zaitzatela emendik, ollar bat eramana dan gisan, eta eramaten duten bezela gizon gaizto bat arpegia estalita.

        18. Ipiñiko dizu buruan sasillarrazko koroea, aurtikiko zaitu pelota plaza zabal ta andian bezela, an ilko zera zu, Jaunaren etxearen desonra zerana, eta an geldituko da zure gloriako gurdia.

        19. Nik aurtikiko zaitut zure tokitik, eta kenduko zaitut daukazun langintzatik.

        20. Eta egun artan deituko diot nere serbitzari Eliazim, Helziasen semeari.

        21. Eta jantziko diot zure tunika, eta apainduko det zure gerrikoarekin, eta bere eskuetan ipiñiko det zure eskubidea, eta bera izango da aita bezela Jerusalenen bizi diradenentzat, eta Judako etxearentzat.

        22. Eta bere bizkarren gañean ipiñiko det Dabiden etxeko giltza, eta idikiko du, eta ez da izango nork itxi dezakean; eta itxiko du, eta ez da izango nork idiki dezakean.

        23. Eta ipiñiko det iltze tinkatua toki sendoan bezela; eta bera izango da gloriazko tronua bezela bere aitaren etxearentzat.

        24. Beragandik zinzilika egongo da beren aitaren etxeko gloria guztia, asko eratako alajak, baso txiki mota guzia, katillu fiñetatik asita, musika jotzeko erremientaetarañoko guztia.

        25. Egun artan, esaten du ejerzituen Jaunak, ateratua izango da, toki sendoan sartuta tinkatu zan iltzea, eta ausia izango da; eta lurrean jiran ibilliko da, eta galduko da beratatik esekia zegoen guzia; zeren Jaunak ala esan duen.

 

OGEITA IRUGARREN KAPITULUA

        1. Berri gogorra Tiroen kontra. Ari zaitezte alarauka, itsasoko ontziak, zeren arrasatua izan dan etxe hura, zeñatatik itsasora irtetzen ziran. Zetimgo lurretik etorri zaiote berria.

        2. Zaudete ixillikan, o zuek ugartean bizi zeratenak, o zu ugarte, Sidongo merkatari, itsasoa iragotzen zeudenez betea zeundena.

        3. Niloko ur ugariakin azitzen dan alorra, eta ibai onek ematen dituen uztak beretzat ziraden, eta erreñuen merkatu uri allegatu zan izatera.

        4. Lotsatu zaite,o Sidon, bada onela itz egiten du itsasoko erri onek, itsasoko agintariak: Zuk, esaten dezun orrek, etzan nigan sortu, eta ez nuen ere aurregin; eta ez nituen ere mutil gazteak azi, eta ez nituen ere iduki donzellak erakutsiak ematen edade loreturaño:

        5. Ejiptora berriak allegatzen diradenean, pena artuko dute, Tiroen gañeko gauzak aditzen dituztenean.

        6. Irago itzatzute itsasoak, jaso itzatzute zuen deadarrak ugartean bizi zeratenak.

        7. Ote da au zuen erria, arako erri, denbora anditik onera gozatzen zana bera zalako txit anziñakoa? Lur arrotzetatik ibiliko dirade, bidaztiz bertan bizi diradenak.

        8. Zeñ da alako gauzak erabaki dituena Tiroen kontra, zeñ beste denbora batean zan itsasoko erregiña, zeñaen merkatariak ziran prinzipeak, eta bere tratalariak lurreko argitsuenak?

        9. Ejerzituen Jaunak erabaki zuen au, arro guzien urgullua zapaltzeko, eta lotsarian ipintzeko erriko argitsu guztiak.

        10. Korrika irago ezazu zure erria ibai bat bezela, o zuk itsasoaren alaba; ez daukazu onezkero gerriko geiago.

        11. Jaunak luzatu du bere eskua itsasoaren kontra, mugitu ditu erreñuak, berak eman ditu bere aginteak Kanaamen kontra, bere gerraririk sendoenak desegiteko.

        12. Eta esan du: Etzera onezkero geiago gloria utsez beteko, o birjiña Siongo alaba, lotsatua ikusten zeranean, jaiki zaite, zoaz itsasoz Zetimera, an ere ez dezu atsedenik idukiko.

        13. Begiratu zaiozute Kaldeotarren lurrari, zeren ez da beñere izan hura bezelako erri bat. Assurrek fundatu zuen. Alaere orain katibu eramanak izan dirade bere gudaririk sendoenak, bere etxeak izan dirade izutuak, ondatu zuten guztia.

        14. Alarauka ari zaitezte, o itsasoko ontziak, zeren zuen sendotasuna desegiña izan dan.

        15. Eta orduan izango da noiz zu, o Tiro, geldituko zeran obitua aztuta irurogeita amar urteko denboran, zeñak izan oi diraden errege baten urteak; eta iragorik irurogeita amar urteak, Tiro izango da, kantatzen dagoan bordion bat bezelakoa.

        16. Artu ezan zitara, eman ezan jira bat erritik, o bordion zatarra, onezkero aztua agoana, kantatu ezan pozoiz beteriko gozotazun orrekin; berriz kantatu ezan kantatxo engañatzalle ori, igan pensatu dezaten.

        17. Eta irurogeita amar urteren ondoan, bisitatuko du Jaunak Tiro; biurtuko du leengo artuemanera, eta idukiko ditu salduerosiak leen bezela munduko erreñu guziakin, lurraren zabalera guzian.

        18. Atzenean Tiro Jaungoikoagana biurtuko da, eta bere saldu erosiak, eta bere irabaziak Jaunari konsagratuak izango zaiozka. Ez dirade aletegian sartuko, ez gero gordeko; zeren beren irabazia izango da, Jaunaren aurrean daudenen onerako, janaria ugari iduki dezaten, eta soñekoak aldatzeko zartzaraño.

 

OGEITA LAUGARREN KAPITULUA

        1. Ona non Jaunak arrasatu eta ezerere gabe utziko duen lurra, eta atsekabetua jarriko du bere irudia, eta bertan bizi diradenak barreiatuko ditu.

        2. Eta nola erria, ala tratatua izango da apaiza; eta nola morroe mendekua, ala bere nagusia; eta nola neskame mendekoa, ala bere etxekoandra; nola erosten duena, ala saltzen duena; nola epean ematen duena, ala artzen duena; nola artzeko daukana, ala zorduna.

        3. Osotoro desegiña gedituko da lurra, eta guziz arrasatua, zeren Jaunak ala esan duen.

        4. Lurra negarretan desegiten da, eta ezereztutzen da, eta indargatzen da; ezereztutzen da mundua, ezereztutzen dirade lurreko erriko andizkiak.

        5. Kutsutua dago lurra bertan bizi diradenak gatik; bada autsi dituez legeak, aldatu dute araudea, zatitu dute betiko elkartasuna.

        6. Argatik madarikazioak iretsiko du lurra, zeren bertan bizi diradenak bekatariak diran, eta argatik zentzua galduko dute bertan bizi diradenak, eta gizon banaka batzuek bakarrik geldituko dirade.

        7. Mendaina negarrez dago, aihenak galdu du bere indarra; negarrez daude malko biziak dariozkatela biotzez poztutzen ziradenak.

        8. Gelditu zan panderoen soñu pozgarria, aitu zan jende talde zaratatsuen algazara, mututu zan zitararen gozotasuna.

        9. Ez dute onezkero ardorik edango kanteen artean. Edari guztia samiña izango da edaleentzat.

        10. Urgulleriako erria desegiñaz dijoa, etxe guztiak itxiak daude, iñor ere beretan sartzen ez dala.

        11. Deadarrak izango dira kaleetan ardoaren urritasunagatik, poz guztia erbestetua gelditzen da; iges egin zuen lurreko bozkarioak.

        12. Erria eremu bat egiña dago, eta desegiñak geldituko dira bere ateak, eta ondamen osoan.

        13. Alako gauzak gertatuko dira lurraren erdian, errien barrenen, nola zigorrarekin oliboa astintzen danean azeituna gutxi batzuek arbolan gelditzen diran, eta garapa batzuek mendaina bukatuta.

        14. Israelko kutsu oiek beren boza jasoko dute, eta kantatuko dituzte alabantzak. Agertuko dute beren poza itsasotik, Jauna gloriaz betea izanda bereala.

        15. Argatik gloriaz bete ezazute Jauna dotrinaren argitasunarekin, adirazi ezazute Israelko Jaun Jainkoaren izena itsasoko ugartetan.

        16. Munduaren atzeneko mugetatik aditu ditugu justoaren gloriari kantatzen ziozkaten alabantzak; Eta nik esan nuen: Nere ixilgauza neretzat da, nere ixilgauza neretzat da; ai nere doakabea! fedeausleak ausi dute fedea, eta ausi dute fedea mukerrai dagokien fedeaustearekin.

        17. Izua, erretena, eta lazoa daude gordeak zuretzat, zeñ zeran lurrean bizi zerana.

        18. Eta gertatuko da ze, boz ikaragarritik iges egiten duena eroriko da lezoian; eta lezoitik iges egiten duena katigatuko da lazoan; zeren idikiko dira goitik ataskak, eta lurraren zimenduak dardaratuko dira.

        19. Zatitua izango da lurra dunbots andiarekin; zartatuko da zirritu andiakin; mugituko da nasterik andienakin.

        20. Egongo da lurra ordi baten antzeko mugimenduan; eta lekua aldatuko du, gau bat bakarrik iragotzeko ipintzen dan denda batek bezela. Ikusiko da azpiratua bere gaiztakerien pisuarekin, eta eroriko da, eta ez da beñere berriz jaikiko.

        21. Eta gertatuko da egun artan, kontua artzea Jaunak agirian, an goian dauden zeruko gudariai; eta emen lurrean dauden munduko erregeai.

        22. Eta guztiak izango dira bilduak, eta sortatuak sorta batean, eta aurtikiak putzura, eta an izango dirade karzela baten zarratuak; eta egun asko iragota ere iraungo dute penaetan, eta beti izango dirade kastigatuak.

        23. Eta illargia gorrituko da, eta eguzkia illunduko da, ejerzituen Jaun Jainkoa egiten danean erreñuaren jabe Siongo mendian, eta Jerusalenen eta gloriaz betea danean bere zarren aurrean.

 

OGEITA BOSGARREN KAPITULUA

        1. O Jauna, zu zere nere Jaungoikoa; nik goratuko zaitut, eta bedeikatuko det zure izena, egin dituzulako gauza arrigarriak, asmazio anziñako, ta leialak. Amen.

        2. Bedeikatua izan zaitezela erria arri montoi egiñik ipiñi dezulako, erri almentsua, erbesteko gizonen gaztelua paret zar erori tegi bat, gelditu dedin erri izan gabe, eta beñere izan ez dedin berriz egiña.

        3. Argatik emango dizkizu alabantzak erri sendoak; zure beldur izango da, Jerusalen berria, jende errutsuen erria.

        4. Zeren zu izan zeran sendotasuna beartsuarentzat, sendotasuna premian dagoanarentzat bere atsekabean; bere itxedopena itsasandian; bere otzaroa berotasunean; zeren almentsuen erasoa da aize bunbada, paret bat dardaraz jartzen duena bezelakoa.

        5. Zuk azpiratuko dezu arrotzen urgulleria, eguzki beroak azpiratzen duen bezela lur leor baten erdian; eta odei erretzalle baten berotasuna bezela, leortu eraziko dituzu txit almentsu orien muskillak.

        6. Eta ejerzituen Jaunak emango die mendi onetan erri leial guztiai janari gurizko konbit bat, mendainezko konbit bat, aragi gizen, eta mami askozko, ardo garbi eta naste gabezko konbit bat.

        7. Eta mendi onetan urratuko ditu, erri guziak lotuta zeuzkaten kateak, eta erreñu guzien kontra zabaldutako sareak.

        8. Aurtikiko du lize baten barrenera eriotza betiko, eta Jaun Jainkoak leortuko ditu arpegi guzietako malkoak, eta borratuko du lur guzitik bere erriaren lotsaria: zeren Jaunak ala esan duen.

        9. Eta Jaungoikoaren erriak esango du egun artan: Egiaz au da gure Jaungoikoa, beragan itxedon degu, eta berak salbatuko gaitu au, da gure Jauna, iraun degu itxedopenean, eta orain poztuko gera, eta jostatuko gera beragandik datorren osasunean.

        10. Zeren Jaunaren eskuak atsedengo duen mendi onen gañean; eta bere azpian zeatua izango da Moab, gurdi baten azpian trallatzen dan lastoa bezela.

        11. Eta zabalduko ditu bere besoak gurdiaren azpian, zabaltzen dituen bezela igerian dabillan batek igerian iges egiteko; baña Jaunak azpiratuko du bere urgulleria, besoak autsitzen diozkala.

        12. Eta eroriko dira zure murru goratuen baluarteak, eta izango dira beeratuak, eta lurrera aurtikiak, eta auts biurtuak.

 

OGEITA SEIGARREN KAPITULUA

        1. Egun artan kantatua izango da kantatxo au Judako lurrean: Sion da gure erri sendoa, salbatzallea izango da beretzat murrua eta murruaurrekoa.

        2. Ateak idiki itzatzute, eta sartu bedi jende on, egia gordetzen duena.

        3. Desegin da anziñako errakuntza. Zuk, o Jauna, pakean idukiko gaituzu, pakean, gure itxedopena zugan daukagun ezkero.

        4. Zuek ipiñi zenduten zuen itxedopena Jaunagan, Jaunagan, zeña dan gure betiko sendotasuna.

        5. Zeren berak beeratuko ditu, goratuak ikusten diradenak, umillatuko du erri urgullutsua, umillatuko du lurreraño, umillatuko du auts biurtzeraño.

        6. Oñak zapalduko dute, beartsuaren oñak; eskaleak zapalduko dute.

        7. Justoaren bidea zuzena da, arteza da justoak daraman bidetxidorra.

        8. Eta zure erabakien bidetik gabiltzala, zugan, o Jauna, ipiñi degu gure itxedopena. Gure animaren gura guzia dago zure izenaren oroipena erabiltzean.

        9. Nere animak gauaz zure gura iduki zuen; eta nere erraietan asnasarik dagoen artean, zugana zuzenduko naiz eguna argitzen danetik. Zure erabakiak kunplitzen dituzunean lurrean, orduan munduan bizi diradenak justizia ikasiko dute.

        10. Iduki dezagun gaiztoaren urrikaltasuna, eta ez du beñere justiziarik ikasiko. Berak santuen lurrean gaiztakeriak egin ditu, eta ala ez du Jaunaren gloria ikusiko.

        11. Jaso ezazu, o Jauna, zure eskua, eta ez dezatela berak ikusi zure gloria; baña atzenean ikusiko dute zure erriaren ondamua daukatenak, eta lotsatuak geldituko dira; eta zure etsaiak suak iretsiak izango dirade.

        12. Guri, Jauna, pakea emango diguzu; zeren gure obra guztiak zuk egin ziñizkigun.

        13. O gure Jaun Jainkoa! iduki ditugu zu baño beste nagusi batzuek, zeñak menderatu gaituzten. Egin ezazu, zurekin bakarrik, eta zure izenarekin oroitu gaitezela.

        14. Ez bitez berriz bizi il ziradenak; ez bitez ere berriz biztu goianteak, zeren argatik zuk kontuak artu ziñiezten, eta desegin ziñituen, eta arras borratu zenduen beren oroipena.

        15. Israelko erriaganontz urrikal, o Jauna, egon ziñan, egon ziñan zure erriaganontz urrikaltsu: eta, berak zu gloriaz bete al zaitu, zabaldu dituzulako bere lurreko mugak?

        16. Atsekabean, Jauna, orduan billatu zinduzten; eta orain daukaten naigabe negar erazitzen diotena, da berentzat zure erakutsi bat.

        17. Nola beragan aurra sortua izan zaiona, alderatzen zaion aurregiteko oñazeen larritasunarekin, deadarrez ari dan: alakoak gera gu, Jauna, zure aurrean.

        18. Gugan ere sortuak izan ziraden, eta penak daramazkigu aurregitekoak bezelakuak, eta aizea da egin deguna, baña ez ditugu egiten lurrean obra osasuntsuak; eta argatik ez dirade izan arras desegiñak gure etsai anziña bertan bizi ziradenak.

        19. Zure illak, o Jauna, bizitza berria idukiko dute, berriz biztuko dira nere illak. Esnatu zaitezte, eta kantatu itzatzute himnoak zuek obiko autsean zaudetenak; zeren zure intza, o Jauna, argitasun eta bizitzako intza dan, eta erraldoien lurra zuk arrasatuko dezu.

        20. Zoaz, ene erria, sartu zaite zure gelaetan; itxi itzatzu ateak zure ondoren; zaude ezkutatua piskatxo batean; aserrea irago dedin artean.

        21. Zeren ona non aterako dan Jauna bere zeruko bizilekutik, bere kontra lurrean bizi danak egin dituen gaiztakeriak kastigatzera, eta lurrak agirian ipiñiko du edan duen odola, eta ez ditu ezkutuan idukiko denbora geiagoan, bertan illak izan ziradenak.

 

OGEITA ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Egun artan Jaunak bere ezpata zorrotz, eta andi eta sendoarekin, kontuak artuko diozka Lebiatani; Lebiatan suga kirimillatuari, eta itsasoan dagoen balea ilko du.

        2. Egun artan kantatuko zaio kantatxo bat ardo garbizko mastiari:

        3. Ni naiz zaitzen dedan Jauna, eta aspertu gabe ura botako diot. Kalterik artu ez dezan, gau ta egun zaitzen det.

        4. Ez dago nigan aserrerikan, nork egin lezake izan nadilla ni arantza bat, edo sasi bat bezelakoa? Aterako al naiz ni bere kontra gudatzera? Su emango al diot?

        5. Edo obekiago, ez al du berak nere sendotasuna geldituko? Bai, pakeak egingo ditu nerekin; pakeak egingo ditu nerekin.

        6. Gogotik datozenak Jakob arkitzera, loreta eta muskillak bota eraziko diezte Israeli, eta lur guzia frutaz beteko dute.

        7. Jaungoikoak gaizki erabilli al zuen, berak gaizki erabillia izan zan bezela? Edo nola berak il zituen illak, ala bera ere illa izan al da?

        8. Bere gaiztakerien neurriko neurriarekin egingo dezu juizioa mastiaren kontra, aurtikia danean bere mukerkeriagatik. Jaunak artu du gogortasun justoko bere espirituarekin erabakia bere aserrearen berotasuneko egunerako.

        9. Eta ala onekin barkatua izango zaio Jakoben etxeari bere gaiztakeria; eta ori izango da bere frutu guztia, bere bekatua borratua izan dedilla, Jaungoikoak egin ezkero, aldareko arri guziak gelditu ditezela karezko arriak bezela, zeatuak, eta arras desegiñak izan ditezela gezurrezko jainkoen baso eta tenploak.

        10. Zeren erri sendoa arrasatua izango da, Jerusalen, erri ederra izango da utzia, eta eremu bat bezela geldituko da. An bazkatuko da idiskua, eta an idukiko du bere etzauntza, eta jango ditu masti utzitako onen zortenen puntak.

        11. Bere uztak leortasunarekin galduko dira. Etorriko dira emakumeak, eta izango dira ango erakusleak. Zeren ez dan erri jakintsua. Argatik bera egin zuenak ez du bere urrikaltasunik idukiko; eta ez dio barkatuko formatu zuenak.

        12. Eta egun artan Jaunak sentitueraziko du bere azotea Eufrates ibaiaren askatik, Ejiptoko errekaraño, eta zuek, o Israelko semeak, banan banan bilduak izango zerate.

        13. Eta egun artan tronpeta andi batek ots egingo du; eta etorriko dirade Elizara, zeudenak erbestetuak, eta katibu Asiriatarren lurrean, eta Ejiptoko lurrera aurtikiak izan ziradenak, eta Jerusalengo mendi santuan Jauna adoratuko dute.

 

OGEITA ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Ai urgulleriako koroearen doakabea, Efraimgo moskortuena, gloriako lore galkorrarena, eta Samarian daudenen poztasunarena, an Samarian ibar txit ugariaren erpiñean, desomatuak ardoagatik.

        2. Ona emen Jaun almentsu eta sendoa, arrite urduri bat bezelakoa, aize bunbada arrasalari bat bezelakoa, toki zabal bat bete, eta ondatzen duen ur askoren erasoa bezelakoa.

        3. Efraimgo moskortuen urgulleriako koroea, oñakin zapaldua izango da.

        4. Eta ibar txit ugariaren erpiñaren gañean dagoen gloria, eta pozezko lore galdukorra izango da, udazkena baño lenago zoritzen dan goiz fruta bezela, zeñ lenengo ikusten duenak, bereala atxitu eta iretsitzen duen.

        5. Egun artan ejerzituen Jauna izango da gloriako koroea, eta bozkariozko girnalda bere erriko kutsuentzat.

        6. Eta izango da justiziako espiritua, tronuan eseria dagoenarentzat, erriari justizia egiteko, eta sendotasuneko espiritua, etsaien beren ateetan gudatuta itzultzen diran errutsu aientzat.

        7. Baña oiek ere galdu zuten adimentua ardo geiegiagatik, eta ibilli ziran ... beren ordikieriagatik. Sazerdoteak eta profetak galdu zuten zentzua beren ordikeriagatik. Sazerdoteak eta profetak galdu zuten zentzua beren ordikeriagatik, ardoak nastu zituen, ordikeriak bidetik alderazi zien. Etzuten ezagutu nai Profeta egiazkoa, ez jakin ere zer gauza dan justizia.

        8. Zeren mai guziak gonbituz eta zikinkeriaz beteak dauden, toki garbirikan batere gelditu gabe.

        9. Zeñi itsatsiko dio Jaunak jakinduria? Eta zeñi emango dio esaten duenaren aditza? Aur titigetuai, beren amaen bularretatik kenduak diradenai.

        10. Esaten duten ezkero isekaz: Agidu ezazu, berriz agindu ezazu, o Profeta, agindu ezazu, berriz agindu ezazu, itxedon ezazu, berriz itxedon ezazu, itxedon ezazu, berriz itxedon ezazu, piskatxo bat emen, beste piskatxo bat an.

        11. Baña Jaunak itz egingo dio beste ezpañ batzukin, eta beste izkuntza arrotz batekin zentzugabeko erri orri.

        12. Zeñi egun batean esan zion: Emen daukat nere atsedena, biurtu zaiozkazute indarrak nekaua dagoenari; bada orretan dago nere gogoa, eta ez naute aditu nai izan.

        13. Eta Jaunak esango die egunen batean: Agindu ezazu, berriz agindu ezazu; agindu ezazu, berriz agindu ezazu; itxedon ezazu, berriz itxedon ezazu; itxedon ezazu, berriz itxedon ezazu; piskatxo bat emen, beste piskatxo bat an; eta utziko du joan ditezen, eta erori ditezen atzerontz, eta izan ditezen zapalduak, eta lazoetan katigatuak.

        14. Argatik aditu ezazute Jaunaren boza, o gizon isekariak, Jerusalenen dagoan nere erria mendean daukazutenak.

        15. Bada zuek esan zenduten: Egin degu elkartasuna eriotzarekin, eta batzakunde bat infernuarekin. Azotea datorrenean ugolde bat bezela, ez da gugana allegatuko; zeren gezurrean ipiñi degu gure itxedopena, eta onek zaituko gaitu.

        16. Argatik au esaten du Jaunak: Ona emen non nik ipiñiko dedan Sion berriko zimenduetan arri bat, arri autua, arri kantoina, ederra, jarria zimendu txit sendotzat: sinistutzen duena, ez bedi arin ibilli.

        17. Eta egingo det juizioa pisuarekin, eta justizia neurriarekin, eta arrite batek nastuko du gezurrean jarritako itxedopena, eta zuen laguntasuna geldituko da naigabezko uretan ondatua.

        18. Eta zuek eriotzarekin egindako elkartasuna urratua izango da; eta zuek infernuarekin egindako batzakundeak ez du iraungo, eta azotea datorrenean ugolde bat bezela, arrastaka eramango zaituzte berarekin.

        19. Datorrenean, bereala arrapatuko zaituzte; zeren etorriko da txit goiz, eta jarraituko du egunaz eta gauaz; eta atsekabeak bakarrik konprenditueraziko ditu aditu diran gauzak.

        20. Zeren oea alako moduan da estua, non, bietatik bat eroriko da, eta manta ain txikia, non, biak ezin estali litezke.

        21. Jakin ezazute Jauna jaikiko dala, egin zuen bezela beste denbora batean Dibisioetako mendian. Aserretuko da, Gabaongo ibarrean egin zuen bezela, egiteko bere obra, obra bat berari ez dagokiona; egiteko bere obra, obra bat, beretzat arrotza dana.

        22. Utzi zaiozute bada nere keñadai irri egiteari, zuen lokarriak geiago estutu ez ditezen. Zeren ejerzituen Jaun Jainkoa da, zeñagandik aditu dedan lur guztiko ondamena, denbora gutxiren barrenen gertatuko dan ondamena.

        23. Belarriakin entzun ezazute, eta aditu ezazute nere boza; zaudete kontuan, eta aditu itzatzute nere itzak:

        24. Nekazaria beti al dago goldeatzen ereitzeko? Beti al dago lurra autsi edo lautzen?

        25. Lurraren gaña berdindu duenean, ez al du ereitzen jitha, barreiatzen kuminoa, eta ez al ditu ipintzen berai dagokien eran eta tokietan, garia, garagarra, artatxikia eta illarra?

        26. Zeren bere Jaun Jainkoak ematen dio nakazaritzako ezaguera, eta lan oietan erakusla egiten du.

        27. Zeren jitha ez da trallatuko burnizko ortzezko olakin; eta kuminoaren gañetik ere ez da jiran ibilliko gurdiaren kurpilla; baizikan jitha astindua izango da zigor batekin, eta kuminoa zigortxo batzukin.

        28. Garia berriz traillatua izango da; baña trallatzen ari dana ez da aspertu gabe trallatzen egongo, eta gurdiaren kurpilla ere ez da beti egongo sakatzen, ez abereen beatzalakin zapaltzen.

        29. Au da ejerzituen Jaun Jainkoak erabaki duena, zeñak egin dituen arrigarriak bere konsejuak, eta otspatsua bere justizia.

 

OGEITA BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Ai Arielen doakabea! Ariel, Dabidek arrapatu zuen erriarena. Iragoko da urte bat, eta beste bat, eta iragoko dirade jai andiak.

        2. Eta nik ingurutuko det Ariel, eta geldituko da doluan eta atsekabean; eta neretzat Ariel bat bezela izango da.

        3. Nik ingurutuko zaitut aldamen guzietatik, egiten dedala zure inguruan koroea bezelako bat, eta altxatuko ditut zure kontra lutesiak, eta egingo ditut baluarteak zu setiatzeko.

        4. Zu umillatua izango zera. Bean zaudela idikiko dezu zure aoa, eta autsetik adituerazia izango da zure itza, eta zure boza irtengo da lurraren azpitik pitonisa batena bezelakoa, eta irtengo da lurretik ots erbal eta illunarekin.

        5. Eta zu aizetzen zaituztenen taldea barreiatua izango da auts zea bezela, eta aizeak daraman geldo bat bezela zur menderatu zinduztenen taldea.

        6. Eta au, gauza supituko eta ustekabea izango da. Ejerzituen Jaunak bisitatuko du jende talde au turmoi eta lurrikaren erdian, eta aizebunbada eta ekaitzen ots txit andiakin, eta su iretsitzalle baten garretan.

        7. Eta Arielen kontra gudatu diran jende guzien taldea, eta setiatu duten, eta bere kontra geiago egin duten soldadu guztiak, etorriko dira izatera ames eta gaueko ikusketa bat bezela.

        8. Eta nola gose danak ames egiten duen jaten dabela, eta esnatzen danean gosez arkitzen dan; eta nola egarri danak ames egiten duen edaten duela, eta esnatzen danean egarriz arkitzen dan, era berean gertatuko zaiote, Siongo mendiaren kontra gudatu ziran jende guzi aiei ere.

        9. Izutu zaitezte eta gelditu zaitezte arrituak, o Israelko semeak, zoazte zalanzan eta koloka, moskortuak bezela, eta ez ardoz; zabiltzate zabuka eta ez ordikeriaz;

        10. Zeren Jaunak zuen gañera isuri duen lozorroko espirituak, itxiko ditu zuen begiak; ipiñiko die estalki bat profetai, eta ikusketak dauzkaten zuen prinzipeai.

        11. Eta oien guzien ikusketak izango dirade zuentzat liburu sillutu bateko itzak bezela, zeñ ematen dienean irakurtzen dakian bati, eta esaten dienean: irakurri ezazu; erantzungo du: Ez dezaket, zeren sillutua dagoen.

        12. Eta emango baliote irakurtzen ez dakian bati, eta esango baliote: irakurri ezazu, erantzungo du: Ez dakit irakurtzen.

        13. Eta esan zuen Jaunak: Erri au itzez bakarrik alderatzen zatan ezkero, eta bere ezpañakin bakarrik onratzen nauen ezkero; bere biotza ordea urrutian dago nigandik, eta adoratzen nauten gizonen zeremonia eta erakutsien araura.

        14. Ona emen non berriz jarriko dedan erri au arriturik mirari andi eta beldurgarri batekin; zeren beren jakintsuak jakinduriagabe arkituko diran, eta alde egingo du konsejuko doaiak beren gizon zentzukoakgandik.

        15. Ai zuen, zuen biotzetan zarratuten zeratenen doakabeak, au egiten dezutela, Jaunari zuen asmazioak ezkutatzeko! Ai beren obrak illuntasunetan egiten dituztenen doakabeak, gero esaten dutela: Nork ikusten gaitu, eta nork agertzen gaitu?

        16. Txit gaiztoa da zuen gogorazio au: buztiñia jaikiko balitza bezela eltzegillearen kontra, eta obrak bere egilleari esango balio bezela: Ez nazu zuk egin; eta ontziak esango balio bezela egin duenari: Zuk ez dezu jakin.

        17. Ez al da egia, aurki eta denbora gutxiren barrenen Libano biurtuko dala Karmelo batean, eta Karmelo biurtuko dala baso batean?

        18. Eta egun artan gorrak adituko dituzte liburuko itzak, eta itsuen begiak argituko dira, ateratzen diradela illuntasun eta argigetik.

        19. Eta otsanak poztuko dira egunoro geiago ta geiago Jaunagan; eta len beartsuak ziradenak gozatuko dira Israelko santuagan,

        20. Zeren urgullutsua izan zan azpiratua, isekaria izan zan konsumitua, eta desegiñak, gaizki egiteko goiz jaikitzen ziran guztiak.

        21. Beren itzakin gizonak bekatu egitera ekartzen zituztenak, eta lazoak jartzen zieztenak, atean errierta egiten zienari, eta biderikan gabe justoagandik alde egin zutenak.

        22. Argatik Abraham erreskatatu zuen Jaunak, Jakoben etxeari onela itz egiten dio: Ez da nastua izango Jakob, ez da ere izango orain bere arpegia lotsariz betea.

        23. Baizik ikusten dituenean bere erdian bere semeak, nere eskuen lana, zeñak gloriaz beteko duten nere izen santua, eta alabatuko duten Jakoben Santua, eta goratuko duten Israelko Jaungoikoa.

        24. Orduan aiek, zeñaen espiritua errakuntzan bizi zan, idukiko dute osasuneko jakinduria, eta ikasiko dute Jaunaren legea, berari iseka egiten ziotenak.

 

OGEITA AMARGARREN KAPITULUA

        1. Ai zuen, seme igeslarien doakabeak, esaten du Jaunak, egiten dituzutenenak asmazioak, nerekin kontatu gabe; eta irazkitzen dezutenak eun bat, eta ez nere guraren araura, ala bekatuak bekatuai itsatsitzeko.

        2. Zaudetenak bidean Ejiptora jetxitzeko, eta ez diozutenak galderik egin nere borondateari, itxedotzen dezutela laguntasuna Faraonen indarretik, eta ipintzen dezutela zuen itxedopena Ejiptoko itzalean.

        3. Baña Faraonen sendotasuna izango da zuentzat nastea, eta Ejiptoren laguntasunaren itxedopena zuen lotsaria,

        4. Zeren zure prinzipeak joan diradenean Taniseraño, eta allegatu diradenean Haneseraño zure mandatariak;

        5. Guztiak Israelen geldituko dira lotsatuak, ezertan ere serbitu izan ezin dituen erri batgatik, eta lagundu ere ez dienagatik, eta ezertarako ere mesedegarri izan ez danagatik, baizik naste eta lotsarirako.

        6. Berri samiña Egerdiko zama abereentzat. Dijoaz atsekabe eta estutasuneko lurretik (nondik ateratzen diran leoi emea, eta leoi arra, bibora, eta egan egiten duen sugea) daramazkitela zamarien bizkarren gañean beren aberastasunak, eta beren tesoroak gameluen espalda gañean, lagundu ezingo dioten erri batera.

        7. Zeren utsa eta alperra izango da Ejiptok ematen dien laguntasuna. Argatik deadar egin nuen nik orren gañean, esaten nuela: Urgulleria baño ez da, etzaite mugitu.

        8. Zoaz bada orain, eta eskribatu zaiezu lendanaz esandako gauza au ezpelezko oltxo baten gañean, eta ipiñi ere ezazu arretaz liburu batean, izan dedin geroko egunetan betiko oroipengarri bat.

        9. Zeren erri au da aserretuerazitzen didan bat, eta berak dira seme desleialak, Jaungoikoaren legea aditu nai ez duten seme batzuek,

        10. Esaten dienak profetizatzen dutenai: Ez ezazute profetizatu. Eta profeta ikusleai: Etzaitezte egon ikusten guretzat gauza zuzenak, esan zazkiguzute gure gogokoak diraden gauzak, eta profetizatu zaguzute gauza alegreak gezurrak izan arren.

        11. Kendu zaguzu begien aurretik legearen araura obratzeko modu au. Urrutiratu ezazu gugandik biziteko era au. Etzaite beti gugana etorri esaten dezula Israelko Santuak esaten, edo agintzen duela.

        12. Argatik Israelko Santuak onela itz egiten du: Zuek aurtiki dezuten ezkero nik agindu dizutedana, eta zuen itxedopena ipiñi dezuten ezkero, gezurrezko asmazioan eta gaiztakerian, eta gauza oiekin serbitu zeraten ezkero;

        13. Argatik gaiztakeria au izango da zuentzat murru goratu batean arraka bat bezela, zeñ dagoan erortzeko zorian, zeñgandik datorren guztien ondamena, gutxien uste dan orduan;

        14. Eta guztia gelditzen da zatitua, autsitzen dan bezela ots andi batekin eltzegillearen ontzi bat; bere zatietatik bat ere gai ez dan eran eramateko sukalde batetik txingar bat, edo putzu batetik ur piska bat ateratzeko.

        15. Zeren Jaun Jainkoak, Israelko Santuak esaten du: itzultzen baldin bazerate, eta geldirik egoten bazerate, salbatuko zerate. Geldi egotean, eta itxedopenean dago zuen sendotasuna. Baña zuek etzenduten egin nai;

        16. Baizik esan zenduten: iñola ere ez; baizik zaldiz iges egingo degu. Bada beragatik zuen etsaiakgandik iges egin bearko dezute. Joango gera, esan zenduten, zaldi txit bizkorren gañean, beragatik bizkorragoak izango dira zuen persegitzalleenak.

        17. Gizon bakar batek izuz beteko ditu, eta iges eraziko die zuetatiko millari; eta bost etortzen badira, guziok iges egingo dezute; zuetatik gelditzen diradenak izan ditezen artean, ontziaren zuaitz txit goratu bat bezela, mendi baten erpiñaren gañean, bandera bat muño baten gañean bezela.

        18. Argatik luzatzen du Jaunak, zuekin urrikaltasuna egiteko, eta goratzeko bere gloria zuek barkatuaz; zeren Jaun Jainkoa justoa dan, doatsuak beragan itxedotzen duten guztiak.

        19. Siongo erria Jerusalenen biziko da, leortuko dituzu zure malkoak. Jaunak, izanik zuretzat biguña, urrikaltasuna egingo du zurekin, zure deadarren boza adituta bereala, erantzungo dizu.

        20. Lenago emango dizute Jaunak penazko ogia, eta atsekabezko ura, baña gero egingo du, beñere ez dedilla zugandik urrutiratu zure erakuslea, eta zure begiak beti egongo dira zure jakintsua ikusten dutela.

        21. Aditu bitzate zure belarriak bere itzak, zure ondoren dijoala deadarrez esaten dizunean: Au da bidea, ibilli zaitezte bertatik, eta etzaitezte zeartu ez eskuietara, ez ezkerretara.

        22. Orduan botako dituzu gauza gaiztoak bezela orrako zillarrezko plantxa zure idoloak estaltzen dituztenak; eta zure urrezko talluen soñeko ederrak. Eta aurtikiko dituzu urrutira zugandik, emakume satsu baten eunik zikiñena bezela. Alde emendik, esango diezu;

        23. Eta Jaunak euria bialduko die zure alorrai, lurreko edozeñere toki, erein dituzunetan; uztak emango dute gari ederra eta ugari; eta denbora berean zure arkumeak arkituko dituzte bazka gizen eta zabalak zure soroetan,

        24. Eta zure idi ta asto, lurrean lanean ari diradenak, jango dute pentzua grano mota askorekin nastuta, larrañetik aizetuta datozen eran.

        25. Eta mendi altu guztitik, eta muño goratu guztitik jetxiko dira korrika urezko errekak egun artan, zeñean egongo dan ilkintza andia, dorreak eroriak diradenean.

        26. Illargiaren argia izango da eguzkiaren argia bezelakoa, eta eguzkiaren argia izango da zazpi alditan andiagoa, nolakoa izango litekean zazpi eguneko argia bilduta egun artan, zeñean Jaunak bendatu izango duen bere erriaren zauria, eta sendatu llaga idikia.

        27. Begira badatorrela andikan urrutitikan Jaunaren izena; bere sumintasuna dago erazekia eta eraman eziña, bere ezpañak aserrez beteak, eta bere mingaña su iretsitzallea bezela.

        28. Bere asnasa da erreka bat bezela (zeñaen ura allegatzen dan estarriraño) ezereztutzeko erreñuak; eta desegiteko erakutsi gezurrezkoaren brida, edo infernuaren indarra, zeñak zeuzkan menderatuta errien masallaezurrak.

        29. Baña zuek kantatuko dezute kantatxo bat, jai andi santuko gauean bezela; eta zuen biotzeko poza izango da, txirolaren otsean igotzen danarena bezelakoa, aurkeztzera Jaunaren mendiaren gañean, Israelko Jaungoiko sendoaren tenploan.

        30. Eta egingo du Jaunak, aditua izan dedilla bere boz izugarria, eta ezagutua izan dedilla bere beso ikaragarria, bere aserre keñatzallearen, eta bere su iretsallearen erdian, arrasatuko du guzia ekaitzakin eta arriteakin.

        31. Zeren Jaunaren bozera, beldurrez ikara geldituko da Asiriatarra Jaungoikoaren bengantzaren zigorrarekin zaurituta.

        32. Eta zigor onen zauritzea izango da iraunkorra eta aspertu gabea, eta egingo du Jaunak, zigorrak eman ditzala bere gañean otsak pandero ta zitara soñuarekin. Garaituko du Jaunak guda andi batean.

        33. Zeren denbora da prestatua zaiotela Tofetko ibarra, gertutua izan zan Errege andiarentzat, zakona, eta zabala; zeñaen erregaia dan sua eta egur asko, Jaunaren asnasa, sufrezko erreka bezelako bat da erazekitzen duena.

 

OGEITA AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Ai arako laguntasunaren billa Ejiptora dijoazenen doakabeak, ipintzen dutela itxedopena bere zaldietan, eta daukatela ustea gerrako bere gurdi askoetan, eta bere zaldidian txit sendoa dalako; eta jarri ez dutenena beren itxedopena Israelko Santuagan, eta ez diradenena ere Jauna gana zuzendu.

        2. Doakabeak! Bada Jaunak berak, izatez jakintsuak bidaldu diezte atsekabeak, eta ez dio utzi bere itza kunplitzeari, eta jaikiko da gaiztoen etxearen kontra, eta gaiztakeriako lanean ari diradenen laguntzalleen kontra.

        3. Ejiptoko erregea gizon bat da, eta ez Jaungoiko bat, eta bere zaldiak aragia dira, ta ez espiritua. Jaunak bada bere eskua luzatuko du, eta aurtikiko du laguntzallea, eta lurrera eroriko da lagundua, eta biak batean galduko dira.

        4. Zeren ona emen Jaunak esan didana: Leoe batek, edo leoetxo batek orroa egiten duen bezela arrapatua daukan gauzaren gañean, eta joan arren bere kontra artzai talde bat, nola ez dan koldartzen bere deadarretara, eta nola ez dan beldurtzen danik geien izan arren berari erasotzen diotenak; ala jetxiko da ejerzituen Jauna gudatzera Siongo mendiaren, eta bere muñoen gañean,

        5. Bere kabiaren inguruan egan dabillan egazti batek bezela; era berean zaitu du Jerusalen, ejerzituen Jaunak; gordeko du eta libratuko du iragotzen dala aldamen batetik bestera; eta salbatuko du.

        6. Biurtu zaitezte bada Jaunagana, o Israelko semeak, alderatzen zeratela beragana, urrutiratu zeraden adiña.

        7. Zeren egun artan aurtikiko ditu beragandik bakoitzak bere idolo zillarrezkoak, eta bere idolo urrezkoak; idolo, egin zenduztenak idoloak adoratzeko.

        8. Eta eroriko da Asiriatarra ezpataren puntaz; baña ez gizonaren ezpataz; baizik iragoko duen ezpata Jaungoikoaren ezpata izango da, ez gizonen ezpata. Berak iges egingo du; baña ez bere etsaien ezpatak persegitzen diolako. Eta bere gerrari gazteak menderatuak izango dirade.

        9. Eta izuagatik etorriko dira beren indarrak galtzera; eta arrituta iges egingo dute beren prinzipeak. Esan du Jaunak, zeñak daukan bere sua Sionen; eta bere sukaldea Jerusalenen.

 

OGEITA AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Jakin ezazute Judako errege batek erreñatuko duela justiziarekin, eta bere Juezak ere justizia egingo dutela.

        2. Eta gizon au izango da igestoki bat bezela, egoteko ezkutatua aizetik, eta egoteko ezkutatua ekaitzetatik; ur freskozko errekak bezela leortasuneko denboran, eta aitz altu baten itzala bezela basomortu erregarri batean.

        3. Ez dirade onezkero llilluratuko ikuslen begiak, eta arretaz adituko dute entzungo duten belarriak.

        4. Orduan ezjakiñen biotzak konprendituko du jakinduria, eta motelen mingañak itz egingo du argiro eta arin.

        5. Zentzugabeari etzaio onezkero prinzipearen izena emango, eta tranpagilleari ere etzaio Andizkia ots egingo,

        6. Zeren jakinduria gabeak txorakeriak esango ditu, eta bere biotzak gaiztakeriak asmatuko ditu gezurrezko ontasuna erakusten duela, marroz itz egiten duela Jaungoikoagatik, eta konsumitzen duela gosetsuaren anima, eta kentzen diola ura, egarriz iltzen danari.

        7. Tranpagillearen armak txit gaiztoak dirade, zeren beti dagoan irazkaia asmatzen gezurrezko itzakin galtzeko tolesgabeak; beartsuak ordea itzegin eta eskatzen du justoa dana.

        8. Baña nik lendanaz adirazten dedan Prinzipeak, prinzipe baten diña diraden gogorazioak idukiko ditu, eta bellan egongo da bere erriko agintarien gañean.

        9. Andre aberatsak, jaiki zaitezte, eta aditu ezazute nere boza. Ondasunetan itxedopena daukazuten alabak, alderatu itzatzute zuen belarriak nere itzetara;

        10. Zeren egunen eta urtearen ondoan, zuek alako itxedopen andiarekin bizi zeratenak, arkituko zerate txit nastuak, bada onezkero ez da berriz egongo, mendainik, ez frutak biltzerik.

        11. Arritu zaitezte, o andre aberatsak, ikaratu zaitezte zuek, alako itxedopenarekin zeudenak, billostu zaitezte zuen soñekoetatik. Nastuak jarri zaitezte, ipiñi itzatzute magalak gerrian.

        12. Negar egin ezazute, zuen bularretan azitzen dituzuten aurrakgatik, negar egin ezazute zuen erri maiteagatik, zuen masti ugarien gañean.

        13. Arantzak eta sasiak estaliko dute nere erriko lurra. Zenbat kastigu geiago botako du, Jerusalen urgullutsuko etxe guztien gañera, orrako erri bozkarioan gañez eginik dagoanaren gañera?

        14. Zierto dana da, nere etxea utzia geldituko dala, eremu bat egiñik orrako erri jendez betea, bere etxeak laño txit astunez betiko beteak, zeñak geldituko diran arzulo eginik, non ibilliko diran jostaketan basa astoak, eta bazkatuko diran abereak,

        15. Aliketa goitik isuria izan dedin artean gure gañera Jaunaren espiritua. Bada orduan eremua Karmelo bat itzuliko da, eta Karmeloa eremu batean.

        16. Eta berdintasuna biziko da orduan eremuan, eta justiziak ipiñiko du bere egonlekua Karmelo berrian.

        17. Eta justiziaren frutua pakea izango da, eta justizia onek dakarrena atsedena eta betiko seguru egotea.

        18. Eta nere erriak atsedengo du pakeko egoleku ederrean, eta itxedopeneko bizilekuetan, eta atseden aberatsean.

        19. Baña bean eremuan eroriko da arritea, eta erria txit umillatua geldituko da.

        20. Doatsuak zuek ura ugari daukaten lurretan ereiten dezutenak, eta beretan idia eta astoa sartzen dituzutenak landutzeko.

 

OGEITA AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Ai zure doakabea Senakerib besteai daukatena arrapatzen diezuna! Zer! Ez al dizkizute zuri ere arrapatuko? Eta zu, mezpreziatzen dezuna, ez al zera mezpreziatua izango? Besteen gauzak arrapatzea bukatzen dezunean, arrapatuko zazkizu zureak ere. Onezkero aspertuta mezpreziatzeari utziten diozunean, izango zera zu mezpreziatua.

        2. Urrikaritu zaite arren Jauna gurekin, bada beti zugan itxedon degu. Izan zaite gure sendotasuna goizetik, eta gure salbazioa atsekabeko denboran.

        3. Aingeruaren bozera erriak iges egin zuten, eta zure besoa goratzean, desegiñak gelditu ziran etsaien erreñuak.

        4. Erri urgullutsuak, zuei arrapatutako gauzak bilduak izango dirade, biltzen diradenean bezela langostak alako ugaritasuna dagoenean, non, berakin erretenak betetzen diran.

        5. Andi egiña izan da, goian bizi dan Jauna, bete du Sion gañez egin arteraño zuzentasunez eta justiziaz.

        6. Eta fedeak erreñatuko du zure denboretan, jakinduria eta aditza dirade zure ondasun osasuntsuak, eta Jaunaren beldurra zure tesoro egiazkoa.

        7. Baña ona non kanpotik deadar egingo duten, etsaiak datozela ikusten dutenak. Negar mingoitzak egingo dituzte pakeko aingeruak.

        8. Bideak eremutuak daude, iñor ere ez da ikusten bideetan ibiltzen, etsaiak elkartasuna autsi du, arrasatu ditu erriak; ezertan ere ez dauzka gizonak.

        9. Erri guztia dago negarrez, eta txit azpiratua. Libano lotsariz betea, eta mezpreziatua, Saron eremu egiña, Basan eta Karmelo arrasatuak.

        10. Baña orain jaikiko naiz ni, esaten du Jaunak: orain izango naiz goratua; orain izango naiz gloriaz betea.

        11. Erreñu urgullutsuak, zuek artuko dituzute asmazio beroak nere erriaren kontra; eta emendikan irtengo dana, ez da lastoa baizik izango, zuen zeroen (sic) espirituak lastoak bezela iretsiko zaituzte.

        12. Eta geldituko dirade erri oiek, autsa su andi baten ondoan bezela, arantzazko sendorrak bezela garren bazka izango dirade.

        13. Zuek urrutian zaudetenak, aditu itzatzute nik egin ditudan gauzak; eta ikasi ezazute nere eskubidea ezagutzen, aldean zaudetenak.

        14. Arrituak izan dirade Sionen bekatariak: ikara jabetu da gezurrez onakin. Zuetatik zeñ bizi alko da su iretsitzalle batean? Zuetatik zeñ egon alko da beti berotasun erretzalleetan?

        15. Justiziako bideetatik dabillana, eta egia esaten duena, gaizki bildutako ondasunai gorroto diena, emaitzakin irabazia izatetik bere eskuak garbi dauzkana; belarriak estaltzen dituena, ez aditzerik emateko odolgiroai; eta bere begiak itxiten dituena gauza gaiztorik ez ikusteko.

        16. Au da bere bizilekua goietan idukiko duena, biziko da beldur gabe, aitz goratu batean bezela. Idukiko du ogia ugari, eta beñere ura faltatuko etzaio.

        17. Bere begiak ikusiko dute Erregea bere glorian; eta lurrari urrutitikan begiratuko die.

        18. Orduan zure biotza oroituko da len iragotako beldurrakin. Non da, esango du berak, letraua? Non urgullutsu, legeko letrak pisatzen zituena? Non eskola maesua?

        19. Ez dezu onezkero, o Prinzipea, ikusiko erri lotsagalduko bat, izketa illuneko erri bat, zeñaen izkuntzako algarabia ezin adituko dezun, zeñ dagoen jakinduriarik batere gabe.

        20. Itzuli itzatzu zure begiak Sionera, non zelebratzen diran gure jai andiak. Zure begiak ikusiko dute Jerusalen, egoleku txit ederra, tabernakulo bat, beste tokitara aldatu ez ditekeana; bada ez estakak izango dira beñere ateratuak, ez bere soketatik batere ez da autsiko.

        21. Zeren bakarrik an erakusten du gure Jaun Jainkoak bere anditasuna. Hura da ibaien tokia; ibai txit zabal, eta txit andiena. Ez da andikan iragoko etsai baten ontzirik arraunaz, eta gutxiago iragoko da, iru errenkada arraunezko galera andik.

        22. Bada Jauna da gure Jueza, Jauna gure lege emallea, Jauna gure erregea, bera da salbatuko gaituena.

        23. Lasaitu dirade, o ontzi urgullutsua, zure kableak, eta onezkero ez dirade gai. Ain gaizki jarriko dira zure mastak, non, bandera bat ezingo dezun destolestu. Orduan partituko dituzte kutsuak, eta zuk bildu ziñituen ondasun ugariak. Errenak ere beratatik eramango dute.

        24. Ez du ere aldekoak esango: Erkiña naiz eramateko. Eta an bizi dan erriak bere bekatuen barkazioa artuko du.

 

OGEITA AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Atozte onara, o erreñuak, eta aditu ezazute. Erriak, zaudete arretaz, aditu bezate lurrak, eta bertan bizi diraden guztiak, mundu guztiak, eta bertan bizi diraden guztiak.

        2. Zeren Jaunaren aserrea erortzera dijoa erreñu guzien gañera, eta bere sumintasuna bere ejerzituen gañera. Ilko ditu, eta ondamen bat egingo du beretan.

        3. Kanpora aurtikiak izango dirade beren illak, eta beren gorputs illak kirats andia botako dute; beren odolarekin mendiak kutsutuak geldituko dirade.

        4. Indargatua geldituko da zeruko gudaritegi guztia; eta zeruak errollatuko dira pergamino bat bezela, eta erortzen dan ostoa parratik edo pikoondotik, ala eroriko da bere gudaritegi guztia,

        5. Zeren nere ezpata moskortu da zeruan. Ona emen non aurtikitzera dijoan orain Idumearen gañera; erri baten gañera, zeñaen ilkintzan señalatuko dedan nik nere justizia.

        6. Jaunaren ezpata guztia odolez bustia dago, txurruka dariozkala gantza, eta bildotsen eta akerren odola, baita ari gizenen odola. Zeren Jaunaren eskeñtza biziak Bosran dauden. Berak egingo du ilkintza andi bat Idumeoan lurrean.

        7. Eta oiekin eroriko dira lurrera adarbakoitzak, eta zezenak, almentsuakin. Beren odolarekin lurra moskortuko da, eta gorputzen gantzarekin bere landak,

        8. Zeren Jaunaren bengantzako eguna allegatua dan, Sioni justizia egiteko urtea,

        9. Eta pike erazeki biurtuko dira bere erreketako urak, eta sufre Idumeako autsa, eta bere kanpoai erazekiko zaiote, guziak pikezkoak balirade bezela.

        10. Ez egunaz, ez gauaz itzaliko da sua. Beti egongo da keedi andi bat irtetzen, arrasatua iraungo du mendez mende, eta anima bakar bat ez da andik iragoko gizaldien gizaldietan.

        11. Baizik bere jabe egingo dira astorroa eta trikua. Mokitaiak, eta erroiak ipiñiko dute an beren bizilekua. Botako da bere gañera neurtzeko soka, ezerezera biurtzeko, eta berdinkaia arras desegiteko.

        12. Ez dirade an odol garbikoak berriz ikusiko. Eskatuko dute gogotik errege baten laguntasuna; eta bere prinzipe guztiak ezereztuak izango dirade.

        13. Beren etxeen oruetan erneko dira arantzak, eta osinak, eta garduak beren gazteluetan. Eta etorriko da izatera sugulnen igestoki, eta saien bazka.

        14. Eta an arkituko dira demonioak, zaldigizonakin, eta auntzgizonak deadar egingo dute bata bestearen kontra; an etzango da lamia, eta bere atsedena arkituko du.

        15. An idukiko du bere koba aranzerriak, eta an aziko ditu bere umetxoak, eta aterarik lurra muturrarekin, idukiko du epeletan bere itzalean; an bilduko dira miruak, eta elkartuko dira bata bestearekin.

        16. Esamiñatu ezazute arretaz, Jaunaren aginduz orain eskribitzen dedan liburua, eta irakurri ezazute beratan, lendanaz adirazten dizkizutedan gauzaetatik battxo ere ez da geldituko gertatu gabe, eta gauza oietatik battxok ere ez du faltatuko. Bada nere aotik ateratzen dana, Jaunak esan dit, eta bere espirituak berak au guzia bildu du.

        17. Bera da emango diena pistiai anoa Idumean. Bere eskuak partituko die lurra neurriz, beti izango dirade bere jabe, mendez mende bertan biziko dira.

 

OGEITA AMABOSGARREN KAPITULUA

        1. Orduan alderri eremutu eta iragoeziña poztuko da, eta bakartadea bozkarioz saltoka ariko da, eta loretuko da lirioa bezela.

        2. Emango ditu frutuak ugari, eta txit gozatuko da bozkarioz beteta, eta himnoak kantatuko ditu. Berari emana izan zaio Libanoko gala, eta Karmeloko eta Sarongo edertasuna. Oiek ikusiko dute Jaunaren gloria, eta gure Jaungoikoaren anditasuna.

        3. Sendotu itzatzute esku lasaiak, eta indartu belaun erbalak.

        4. Esan zaiezute alai gutxikoai: Sendotu zaitezte, eta ez ezazute beldurrik iduki. Begira zaiozute zuen Jaungoikoari, zeñ datorren bengantza justo bat egitera. Jaungoikoa bera etorriko da, eta salbatuko zaituzte.

        5. Orduan idikiko dira itsuen begiak, eta idikiko dira gorren belarriak.

        6. Orduan urguna saltoka ariko da oreña bezela, eta askatuko da mutuen mingaña; zeren orduan eremuan ere urak gañez egingo dute, eta bakartadean korrika joango dira errekak.

        7. Eta leorra zegoan lurra putzuz betea geldituko da; eta urez, egarriz erazekia zegoena. Len leoien ezkutatokiak ziraden kobetan, kaña berde, eta ija erneko dira.

        8. An egongo da bidetxidor eta Erregebide bat, zeñi ots egingo zaion, Bide santua. Gizon kutsutuk ez du bere gañean oñik ipiñiko; eta au izango da zuentzat bide zuzena; alako moduan, non, ez dakitenak ere ez dirade bertan galduko.

        9. Ez da an egongo leoirik, ez pisti odolgirorik batere ez da andikan iragoko, eta an ez da arkituko ere; baizik bide artatik ibilliko dira bekatuaren katiberiotik ateratuak izan diradenak.

        10. Eta Jaunak erreskatatuak itzuliko dira, eta etorriko dira Sionera alabantzak kantatzen ari diradela, betiko pozezko koroeak dauzkatela, idukiko dute zeruko atseden eta gozotasun bat; eta iges egingo du berakgandik betiko oñazeak eta negarrak.

 

OGEITA AMASEIGARREN KAPITULUA

        1. Eta gertatu zan Ezekiasen agintaritzako amalaugarren urtean, Senakerib, Asiriatarren erregeak ingurututzea Judako erri murrutu guztiak eta arrapatu zituen.

        2. Eta gero bialdu zuen berak bere agintari nagusi Rabsazes, Lakistik Jerusalenera gudari talde andi batekin Ezekias erregearen kontra, eta jarri zituen ark bere etzauntzak goiko putzuko urodian Batanariaren kanpoko bidean.

        3. Eta irten zitzaiozkan bidera Eliazim, Elziasen semea, jauregiko mirabe nagusia, eta Sobna legeko jakintsua, eta Joahe Asaben semea, kanzillera.

        4. Eta Rabsazesek onela itz egin zien: Esan zaiozute Ezekiasi: Errege andiak, Asiriatarren erregeak esaten du: Nolakoa da daukazun itxedopena?

        5. Edo nolako asmo, edo indarrakin ausartatzen zera neri gerra egiten? Zeñgan daukazu itxedopena, nigandik alde egiteko?

        6. Ikusten det zuk daukazula itxedopena Ejipton, zeñ dan kañabera zartatutako bastoe bat bezela, bere gañean sakatzen danari, zulotuko dio eskua, edo iragoko zaio batetik bestera. Ori izango da Faraon, Ejiptoko erregeko, beragan itxedotzen duten guztientzat.

        7. Eta erantzungo baziñidate: Guk gure Jaun Jainkoagan itxedotzen degu, ez al da ori hura, zeñaen toki goratuak, eta zeñaen aldareak desegin zituen Ezekiasek, esaten ziela Judari eta Jerusaleneri: Aldare onen aurrean bakarrik adoratuko dezute Jaungoikoa eskeñtzakin?

        8. Orain bada jarri zaite nere jaun Asiriako erregearen mendean. Nik emango dizkizut, baldin nai badituzu, bi milla zaldi, eta zuk ezin arkituko dezu erri guztian beren gañera nork igo.

        9. Nola bada arpegi eman alko dizaiozu erri bateko gobernariari, nere jaunaren serbitzarien artean txikienetatikoa izan arren ere? Eta baldin zuk itxedotzen badezu Ejipton berak dauzkan gerrako gurdiakgatik, eta bere zaldidia gatik,

        10. Etorri al naiz ni nere Jaunak agindu gabetanik erri ori desegitera? Zoaz erri orretara, esan zidan neri Jaunak, eta arras desegin ezazu.

        11. Orduan Eliazim, Sobna, eta Joahek esan zioten Rabsasesi: itz egin zaiezu zure serbitzari oiei siriako itzkuntzan; zeren aditzen degu: ez zaiguzu hebreoz itz egin, murruen gañean dagoen erriak aditzen duela.

        12. Erantzun zien Rabsasesek: Nere nagusiak bialdu al nau au guzia esatera zure nagusiari eta zuri, eta ez obetoago murruaren gañean dauden erritarrai, zeñak dauden irriskuan, nere mendean jartzen ez badira, jateko beren gorputzetatik irtendako zikinkeriak, eta edateko zuekin beren garnuak?

        13. Eta jarri zan zutik Rabsases, eta deadar andiarekin eta Judako izkuntzan, esaten zuela: Aditu itzatzute Errege andiaren, Asiriako Erregearen itzak.

        14. Au esaten du Erregeak: Etzaitzatela engañatu Ezekiasek; bada ezin libratuko zaituzte.

        15. Ez dizazutela sartu Ezekiasek buruan itxedopena Jaunagan, esaten dizutela: Ez beldurrik iduki, ziertoro libratuko gaitu Jaunak. Erri au ez da jarria izango Asiriako Erregearen eskuetan.

        16. Etzaiozute aditu Ezekiasi; zeren au da Asiriako erregeak esaten duena: Artu ezazute eskeñtzen dizutedan pakea, eta atozte nerekin tratatzera nola jarriko zeraten nere mendean, eta bakoitzak bere mastiko frututik jango du, eta bakoitzak bere pikuko frututik, eta zuetatik bakoitzak edango du ura bere putzutik;

        17. Nerau joan nadin artean, eta eraman zaitzatedan artean, zuena bezelakoa dan lur batera; ale, eta ardozko lurrera, ogi eta mastizko lurrera.

        18. Eta etzaitzatela nastu ere Ezekiasek esaten duela: Jaunak libratuko gaitu, jendeen jainkoak libratu al dituzte bakoitzak bere erria Asiriako erregearen eskuetatik?

        19. Non daude Ematen, eta Arfaden jainkoak? Non da Sefarbaimen jainkoa? Libratu bai al dute bere jainkoak Samaria nere eskuetan erortzetik?

        20. Zeñ da jainkoa erri guzi oietako jainkoen artean, zeñak libratu al izan duen bere erria nere besoaren indarretik, itxedon dezazuten, Jaunak salbatu alko duela Jerusalen nere eskuetan erortzetik?

        21. Guziak ixildu ziran, eta etzioten itzik erantzun; bada ala agindu zien erregeak, esaten zuela: Etzaiozute ezerere erantzun.

        22. Eta Eliazim, Elziasen semea, jauregiko mirabe nagusia, eta Sobna Legeko jakintsuak, eta Joahe Asafen seme, kanzillerak, urratu zituzten beren soñekoak, itzuli ziran Ezekiasgana, eta adirazi ziozkaten Rabsasesen itzak.

 

OGEITA AMAZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Eta aditu zuenean Ezekias erregeak, urratu zituen bere soñekoak, zilizioz jantzi zan, eta sartu zan Jaunaren etxean;

        2. Eta bialdu zituen Eliazim, bere jauregiko mirabe nagusia, eta Sobna Legean jakintsua, eta apaizetatik zarrenak, zilizioz jantzita, Isaias, Amosen semea billatzera,

        3. Zeñi esan zioten: Oiek esaten ditu Ezekiasek: Atsekabezko, eta kastiguzko, eta blasfemiazko eguna da au: aurrak daude onezkero jaiotzeko zorian, eta amakgan aitu da indarrak aurrak egiteko.

        4. Jarri ezazu bada zure orazioa erriko kutsuen alde, ikusteko, begiratu ote duen zure Jaun Jaungoikoak Rabsasesen itzetara, zeñ dan bere nagusi Asiriako erregeak bialdua, Jaungoiko biziaren izena blasfematzera, eta berari iseka egitera zure Jaun Jaungoikoak aditu dituen itzakin.

        5. Joan ziraden bada Ezekias erregearen ministroak Isaias arkitzera;

        6. Zeñak esan zien: Ona emen zuen nagusiari eramango diozuten erantzuna: Jaunak esaten du: Etzaite, aditu dituzun itzen beldur izan, zeñakin nigatik blasfematu duten Asiriako erregearen morroiak.

        7. Begira ezazu, ni noa, nastuko duen espiritu bat ematera, eta artuko du berri bat, eta joango da bere errira, eta an egingo det ezpataren puntaz galdua izan dedilla.

        8. Egiaz aditurik Rabsasesek Asiriako erregeak alde egin zuela Lakistik, bereala joan zan, eta arkitu zuen Lobnaren kontra gudan.

        9. Eta aditu zuen esaten Taraka Etiopiako erregeagatik, bere kontra gudatzera zetorrela; eta ala berri au artu zueneko, bialdu ziozkan mandatariak Ezekiasi, esaten ziela:

        10. Oiek esango dituzute, Ezekias Judako Erregearen aurrean jartzen zeratenean: Etzaitzala engañatu zure Jaungoikoak zeñgan zuk itxedotzen dezun, esaten dizula: Ez da Jerusalen Asiriako erregearen eskuetan eroriko.

        11. Ongi dakizkizu zuk Asiriako Erregeak egin dituzten gauza guztiak, desegin dituen erri guztiakin, eta uste al dezu zu libratu alko zerala bere eskuetatik?

        12. Erreñuetako jainkoak libratu al zituzten nere gurasoak arrasatu zituztenak, Gozamgoak, eta Haramgoak, eta Resefkuak, eta Edenen seme Talsarren bizi ziradenak?

        13. Non dirade Ematko Erregea, eta Arfadko Erregea, eta Sefarbaimko erriko Erregea, eta Anakoa eta Abakoa?

        14. Onetan artu zuen Ezekiasek karta Bialkiñen eskutik, irakurri zuen, eta igo zan Jaunaren tenplora, zeñaen aurrean zabaldu zuen;

        15. Eta egin zion Ezekiasek Jaunari orazio au esaten ziola:

        16. Ejerzituen Jauna, Israelko Jaungoikoa, daukazuna zure esertokia Kerubinen gañean, bakarrik zu zera munduko erreñu guzien Jaungoikoa. Zu zerua eta lurra egin ziñituena:

        17. Jauna, zeartu itzatzu niganontz zure belarriak, eta aditu ezazu, idiki itzatzu, Jauna, zure begiak, eta begiratu ezazu, eta entzun itzatzu Senakeribek adirazita esandako itz guziak Jaungoiko biziagatik blasfematzeko.

        18. Egia da, Jauna, Asiriako Erregeak arrasatu zituztela erreñu aiek, eta beren lurrak,

        19. Eta suzko garrakin erre zituela beren Jainkoak; baña etziraden jainkoak, baizik gizonen eskuaren irudiak, zura eta arria eta argatik zatitu zituen.

        20. Baña zuk orain, geure Jaun Jaungoikoa, salbatu gaitzatzu onen eskuetatik, eta ezagutu bezate lurreko erreñu guztiak, zu bakarrik zerala Jaun ta Jaungoiko egiazkoa.

        21. Onetan Isaias, Amosen semeak, bialdu zuen Ezekiasi esatera: Israelko Jaun Jainkoak esaten du onela: Eskatu didazunaren gañean egin dezadala Senakerib Asiriako erregearekin;

        22. Au da Jaungoikoak bere kontra eman duen erabakia: Zu mezpreziatu zaitu, eta iraindu zaitu, o birjiña, Siongo alaba. Zure atzetik, o Jerusalengo alaba, mugitu du bere burua, irri egiten dizula.

        23. Zeñ iraindu dek ik, prinzipe urgullutsua? Zeñgatik blasfematu dek, eta zeñaen kontra ausartatu aiz jasotzen boza, eta zuzentzen ire begien antustea? Israelko Santuaren kontra izan dek.

        24. Ire morroien bitartez iraindu dek Jauna, eta esan dek: Ni, gerrako gurdien ugaritasunarekin igo naiz mendien alturetara, Libanoko mendidien gañera; eta ebakiko ditut bere zedrorik goratuenak, eta bere pagorik sendoenak; eta allegatuko naiz bere erpiñik goratuenera, eta Karmeloko baso otspatsuan sartuko naiz.

        25. Nik idiki ditut putzuak eta edan beren urak, eta nere ejerzituarekin oñak ipiñi ditudan tokian, beren erretenetako ur guziak leortu ditut.

        26. Baña, zer? Ez al dezu zuk aditu, esaten du Jaunak, denbora dala nik gauza guzi oiek erabaki nituela? Anziñako egunetatik ab aeterno nik erabaki nuen, eta orain egiztatu det; eta alako moduan egin da, non, osotoro desegiñak izan dirade arkaitzik ongien zaituak, eta erri murrutuak.

        27. Oietan bizi ziradenak, loturik beren eskuak, ikaratu ziraden, eta gelditu ziran izutuak; leortu ziraden landaetako elbitza, eta larraetako askia bezela, eta tellatuetako belarra bezela, zein leortzen dan zoritu baño lenago.

        28. Nik dauzkat ongi ezagutuak zure bizilekua, zure sartuerak, eta irteerak, eta zure txorakeria nere kontra.

        29. Zu nere kontra sumintzen ziñanean, igo zan nere belarrietaraño zure urgulleria. Argatik jarriko dizut nik erraztun bat zure sudurretan, eta brida bat zure ezpañetan, eta itzulieraziko dizut etorri zeran bidetik beratatik.

        30. Baña zuk, o Ezekias, idukiko dezu siñaletzat orain adituko dezuna: Urte onetan jan ezazu lurrak berez emango duena; bigarrenean jan itzatzu frutak; baña irugarrenean erein ezazute, igitaitu ezazute, eta ipiñi itzatzute mastiak, eta jan itzatzute beren frutuak.

        31. Eta Judako etxetik salbatzen danak, gelditzen diraden kutsuak, sustrai zakonak botako dituzte, eta beren besangak gora luzatuko dituzte,

        32. Zeren Jerusalen da nondik aterako diran nere erriko kutsuak, eta Siongo menditik salbatuko diradenak. Ejerzituen Jaunaren zeloak au egingo du.

        33. Argatik au esaten du Jaunak Asiriako erregearen gañean: Ez du berak oñik ipiñiko erri onetan, eta ez du ere aurtikiko onara saieta bat, ez du ere arrapatuko gudarik ezkutuarekin, eta ez da ere bere inguruan jasoko lutesirik.

        34. Etorri zan bidetik, beratatik itzuliko da, eta ez da erri onetan sartuko, esaten du Jaunak.

        35. Eta nik zaituko det erri au neri dagotana gatik, eta Dabid nere serbitzariari.

        36. Alaxe da, jetxi zan Jaunaren aingeru bat, eta zauritu zituen Asiriatarren etzauntzetan eun eta larogeita bost milla gizon; eta goizean goiz jaikitzean, ona non etzuten ikusi illen gorputzak baño.

        37. Argatik alde egin zuen andik Senakerib Asiriatarren erregeak, eta joan zan, eta itzuli zan Ninibeko bere bizilekura.

        38. Non gertatu zan, zegoala tenploan Nesrok bere jainkoa adoratzen, bere seme Adramelek eta Sarasarrek, ezpatadaka il zuten, eta iges egin zuten Araratko lurrera, eta bere lekuan artu zuen erreñuko agintaritza bere seme Asarhaddonek.

 

OGEITA EMEZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Egun aietan arrapatu zuen Ezekias eriotzako gaitzak, eta sartu zan bera bisitatzera Isaias, Amosen semea, eta esan zion: Oiek esaten ditu Jaunak: Erabaki ezazu zer egingo dan zure etxeko gauzakin, zeren iltzera zoaz, eta zure bizitzaren atzenean zaude.

        2. Eta Ezekiasek itzuli zuen bere arpegia pareterontz, eta orazio egin zion Jaunari,

        3. Esaten ziola: Oroitu zaitezela arren, erregututzen dizut, o Jauna, nola ibilli naizan zure aurrean tolesgabe, eta biotz osoarekin, eta zure begien gogoko zana egin dedala. Eta negar andiak egin zituen Ezekiasek.

        4. Eta andik laster itz egin zion Jaunak Isaiasi, esaten ziola:

        5. Zoaz, eta esan zaiozu Ezekiasi: Oiek esaten ditu zure Aita Dabiden Jaun Jainkoak: Aditu det zure orazioa, eta ikusi ditut zure malkoak. Ona non emango dizudan beste amabost urteko bizia,

        6. Eta libratuko zaitut Asiriako erregearen eskuetatik zu, eta erri ori, eta zaituko det.

        7. Eta Jaunak esan duena kunplituko duenaren siñaletzat emango dizu Jaunak berak au:

        8. Ona emen non egitera noan, eguzkiaren itzala atzera biurtu dedilla beeratu dan amar arraiatan Akazen erlojuan. Eta atzera biurtu zan erlojua, beeratu zan amar erraiatatik.

        9. Ezekias Judako Erregeak, eritu zanean, eta sendatu bere gaitzetik, eskribatuta utzi zuen katatxoa.

        10. Esan nuen nik: Nere egunen erdian sartuko naiz obiko ateetatik, nere gañerako urteak gabetua arkitzen naiz.

        11. Esan nuen: Ez det onezkero ikusiko nere Jaun Jainkoa bizi diradenen lurrean. Ez det geiago gizonik batere ikusiko; ezta pake gozoan biziko diradenak ere.

        12. Kentzen zait bizitea; eta tolestzera dijoaz nere bizia, artzai baten etzauntza bezela. Ebakia izan da nere bizia eunleak euna bezela. Irazkitzen ari nintzala, orduan berak ebaki zidan; goizetik gauera nerekingoa, o nere Jaungoikoa, egingo dezu.

        13. Itxedotzen nuen egunsentiraño bizitea. Jaunak, leoi sendo batek bezela, ala zeatu zituen nere ezur guztiak: baña goizean esaten nuen: Gautu baño lenago akabatuko dezu, o Jauna, nere bizia.

        14. Deadar egiten nuen nik enada baten umetxoak bezela, nengoan suspirioz usoa bezela. Erbaldu ziraden nere begiak, egotearekin beti goira begira. Jauna, nere egoera larria da, artu ezazu zure kontura ni zaitzea.

        15. Baña, zer da nik esaten dedana? Nola artuko nau berak bere bitartekotasunaren mendean, bera danean au egin duena? Bein eta berriz iragoko ditut, o nere Jainkoa, zure aurrean nere animako mingoiztasunean nere bizitzako urte guztiak.

        16. O Jauna, au baldin bada bizitea, eta alako estutasunetan arkitzen bada nere animako bizia, kastigatu nazazu, eta gero bizierazi zadazu,

        17. Ona emen nola itzuli dan nere pakea atsekabe txit mingoitzean. Eta zuk, o Jauna, libratu dezu galmenetik nere anima; nere bekatu guztiak zure bizkarren ostera aurtiki dituzu.

        18. Zeren ez dituzte kantatuko zure gloriak obian daudenak, eta etzaituzte ere alabatuko eriotzaren mendean daudenak; ez da lizera jetxitzen diradenak ere, ez dute itxedongo, ikustea kunplituta zure eskeñtza egiazkoak.

        19. Biziak, Jauna, biziak dirade alabantzak emango dizkizutenak, nik egun onetan egiten dedan bezela; aitak adiraziko die bere semeai zure eskeñtzen leialtasuna.

        20. O Jauna salbatu nazazu; eta kantatuko ditugu gure salmoak Jaunaren tenploan gure bizitzako egun guztietan.

        21. Jakin bear da Isaiasek agindu zuela artu zezatela piko talde bat, eta berakin ore bat egiñik, konpondu zezatela enplastu bat, eta ipiñi zezatela Ezekiasen zauriaren gañean, eta sendatuko zala.

        22. Eta orduan izan zan noiz, Ezekiasek esan zuen: Oraindikan tenplora igoko naizanaren, zer siñale nik idukiko det?

 

OGEITA EMERETZIGARREN KAPITULUA

        1. Denbora artan Merodak Baladan, Baladan Babiloniako erregearen semeak, bialdu zituen mandatariak karta, eta eskeñtzakin Ezekiasgana, jakin zuelako, eririk egon zala, eta izan zala sendatua.

        2. Eta Ezekias augatik txit poztu zan, eta erakutsi zien tokia, zeñatan zeuzkan aromak, eta zillarra, eta urrea, eta balsamoak, eta okendu baliotsuak, eta bere tresnaen gordeleku guztiak, eta bere ondasunen artean arkitzen zan guztia. Etzuen utzi Ezekiasek bere etxeko, edo bere mendean zegoan gauzarik, erakutsi gabe.

        3. Gero berriz sartu zan Isaias profeta, Ezekias Erregea ikustera, eta galdetu zion: Zer esan dute gizon oriek eta nondik datoz? Nigana etorri dirade, erantzun zuen Ezekiasek, toki urrutietatik, Babiloniatik.

        4. Eta, zer ikusi dute zure jauregian, esan zuen berriz Isaiasek? ikusi dute bertan dagoen guztia, esan zuen Ezekiasek, nere gauza balio andikoetatik batere ez da gelditu erakutsi gabe.

        5. Orduan esan zion Isaiasek Ezekiasi: Aditu ezazu ejerzituen Jaunaren itza:

        6. Ona emen non etorriko dan denbora, zeñean zure jauregian dauden gauza guztiak, eta zure gurasoak bildu zuten guztia gaurko eguneraño; guztia izango dan Babiloniara eramana, ez dute or ezertxoere utziko, esaten du Jaunak.

        7. Eta zure seme, zugandik jatorri zuzenetik datoztenetatik autatuko dituzte, txikiratutzat serbitu dezaten Babiloniako erregearen jauregian.

        8. Eta erantzun zion Ezekiasek Isaiasi: Justoa da Jaunak eman duen erabakia. Pozik gelditzen naiz, gañera esan zuen, pakea izateaz, eta kunplitzeaz nere egunetan Jaunaren eskeñtzak.

 

BERROGEIGARREN KAPITULUA

        1. Poztu zaite, o nere erria, poztu zaite, zeren ona emen zuen Jaungoikoak esan didana.

        2. Itz egin zaiozute biotzera Jerusaleni, alaitu ezazute; zeren bere atsekabea bukatua dan, bere gaiztakeria barkatua dago. Berak onezkero Jaunaren eskutik artu du bi alditan anbat bere bekatu guziak gatik.

        3. Aditzen det, eremuan deadar egiten duenaren boza. Gertutu ezazute Jaunaren bidea, zuzendu itzatzute eremuan gure Jaungoikoaren bideak.

        4. Ibar guztia izango da goratua, eta mendi ta muño guzia beeratua; eta bide okerrak zuzenduko dira, eta aldapatsuak lautu.

        5. Orduan agertuko da Jaunaren gloria, eta gizon guztiak batean ikusiko dute, Jaungoikoaren aoa dala itz egin duena profeten bitartez.

        6. Aditu nuen boz bat esaten zidana: Deadar egin ezazu. Nik erantzun nuen: Zer da deadarrez esango dedana? Deadar egin ezazu, esan zuen, aragi guzia elbitza dala, eta bere gloria guzia landako lorea bezela.

        7. Elbitza leortzen da, eta lorea erortzen da, Jaunaren asnasea bere kontra zuzentzen daneko. Egia guziarekin gizon guzia elbitza bezelakoa da.

        8. Elbitza leortu zan, eta lorea erori zan, gure Jaunaren itzak berriz irautzen du beti.

        9. Igo zaite mendi goratu batera, zu, Sioni berri onak adirazten diozkazuna; jaso ezazu sendo zure boza, zuk, Jerusaleni Ebanjelioa adirazten diozunak: altxatu ezazu, eta etzaite beldur izan. Esan zaiezu Judako erriai: Ona emen zuen Jaungoikoa.

        10. Ona emen badatorrela zuen Jaun Jainkoa neurri gabeko eskubide batekin, eta bere besoko indarrarekin agintatuko du. Begiratu ezazute, berak daramala berarekin bere ordaña jarraitzen diotenentzat, eta begien aurrean dauka bere obra, munduaren salbaziokoa.

        11. Nola artzai batek bazkatzen duen bere artaldia; bilduko ditu bere besoarekin arkumetxoak, bere besartean artuko ditu, eta berak eramango ditu ardi ume egin berriak.

        12. Zeñ da neurtu dituena itsaso zabaleko urak bere eskuko arraiaren utsunean? Eta luzaturik au pisatu al ditu zeruak? Zeñ da iru beatzekin bakarrik geldi daukana lurraren pisu andia, eta pisatzen dituena mendiak eta muñoak pisakoska batekin bezela?

        13. Nork lagundu zion Jaunaren espirituari? Edo, nor izan zan bere konsejaria, edo itsatsi zion jakinduria?

        14. Zeñi ots egin zion berak galdetzeko, edo zeñ da berari erakutsiak eman diozkana, edo erakutsi diona justiziako bidea, edo itsasi diona jakinduria, edo ezagutuerazi diona zentzuaren bidea?

        15. Ona emen non erreñu guztiak bere aurrean diran pegar bati darion ur tanto bat bezela; eta grano txikitxo bat balantzan bezela. Orobat ugarteak auts granotxo bat bezelakoak dirade.

        16. Libanon dauden zuaitz guztiak ez litezke asko izango bere aldareko sua izekitzeko, ezta bere abere guziak ere, bere diña dan holokausto bat egiteko.

        17. Lurreko erreñu guziak dirade bere aurrean, ez balirade bezela; eta izaterik ez daukan gauza bati bezela, ala begiratzen die berak.

        18. Zer gauzari bada iduritu diozute zuek Jaungoikoa; edo zer gauza bere antzeko aterako dezute?

        19. Iduri ta idoloa, ez al da urtzalle baten lana? Bere egilleak ez al du urreaz formatu, edo zillargilleak zillarrezko plantxakin?

        20. Bere egille-gaiak aututzen du zur gogor, eta usteltzen ez dan bat, eta egiten ditu alegiñak ipintzeko otallua, eroriko ez dan eran.

        21. Ez al dakizute Jaungoikoa zer dan? Ez al dezute aditu itz egiten bere gañean? Ez al zazuten adirazia izan munduaren asieratik? Ez al daukazute berririk, nola berak egin zituen lurraren zimenduak?

        22. Jakin ezazute bera dala eseria dagoena lur biribil onen gañean: eta emen bizi diradenak, bere aurrean langosta txiki batzuek bezelakoak dirade. Bera da zabaldu zituena zeruak belo, edo gauza txit arin bat bezela, eta destolestu zituena etzauntz bat bezela, zeñ izango dan bertan biziteko.

        23. Bera da nastu eta ezereztutzen dituena mundutar, gauza ezkutuen jakin-naiak, eta utsera biurtzen dituena lurreko juezak.

        24. Oiek dirade Jaungoikoarentzat subil bat bezela, zeñ ez dan izan lurrean ipiñia, ez ereina, eta zeñek bertan sustrairik ere ez daukan. Batbatean, Jaunak beren kontra botatako asnasa batekin leortu ziran, eta aizebunbada batek daramazki orbela bezela.

        25. Zeñ gauzari bada iruditu nazazute? Zeñ gauzarekin berdindu nazute, esaten du, berez santua danak?

        26. Altxatu itzatzute goirontz zuen begiak, eta oartuta gogoan erabilli ezazute, nork egin ote zituen zeruko gauza oriek, nork zuzen joanerazitzen dion izar talde andi orri; eta ots egiten dion beretatik bakoitzari bere izenez, bat ere atzean gelditu gabetanik. Alakoa da bere eskubidearen, bere sendotasunaren, eta bere birtutearen anditasuna.

        27. Zergatik bada zuk, o Jakob, esaten dezu; zergatik diozu zuk, o Israel: Ez du Jaunak ezagutzen nolako egoeran arkitzen naizen, eta aztu da nere Jaungoikoa, neri justizia egiteaz?

        28. Ez al dakizu zuk, edo ez al dezu aditu, Jaungoikoa dala betiko Jaun, lurraren zabalera egin zuena nekatu gabe, eta adikatu gabe; eta bere jakinduria aditu eziña dala?

        29. Bera da, erkia sendotzen duena, eta almen ta indar asko ematen diona, ezertarako ere gai ez diradenai.

        30. Indargatu eta desalaituko dirade aurrak, eta argaltasunez eroriko dirade gazteak.

        31. Beren itxedopena Jaunagan ipiñita daukatenai berriz, geituko zaiezte indarrak, artuko dituzte, agilarenak bezelako egoak, joango dirade korrika, eta alaere ez dirade nekatuko, ibilliko dirade, eta ez dirade desalaituko.

 

BERROGEITA BATGARREN KAPITULUA

        1. Ixildu bitez nere aurrean ugarteak, eta jendeak artu bitzate indar berriak, alderatu bitez, eta itz egin bezate gero, eta sartu gaitezen batean juizioan.

        2. Nork atera zuen Sortaldetik Abraham justoa, eta ots egin zion berari jarraitzeko? Jaunak bere aurrean menderatu zituen erreñuak, eta egin zuen erregeak baño andiago, zeñak jarririk bere ezpataren puntan, eta bere uztaiaren itutzat, gelditu ziran auts eginik, eta aizeak daraman lastoa bezela.

        3. Jarraitu zien, irago zan aurrera galmenikan gabe, ain agudo, non, bere oñen aztarnarik ere etzan ikusi.

        4. Nork egin eta osotu zituen gauza oiek? Nork asieratik autu zituen, eta gauza artara zuzendu gizaldi guztiak? Nik Jaunak, nik lenbizikoa, eta atzena naizenak.

        5. Ikusi zuten ugarteak eta beldurrez bete ziran. Arritu ziran erreñurik urrutienekoak; eta alaere bildu ziran, eta alderatu ziran.

        6. Elkarri lagundu zioten, eta bakoitzak bere anaiari esaten zion: Zaude sendo.

        7. Bronzegilla malluz lanean ari zanak sendotzen zuen ingudean otska ari zana, esaten ziola: Ongi egiña dago Zoldaera. Orain sartu zaiozkazu iltzeak idoloaren otalluari, mugitu ez dedin.

        8. Baña zuk, o Israel, nere serbitzaria, zuk, o Jakob, zeñ autu nuen, zuk, zeranak nere adiskide Abrahamen jatorria,

        9. Zuk, ekarri zindudanak lurraren atzeneko mugetatik, eta ots egin nizunak bere urrutieneko alderrietatik, eta esan nizunak: Nere serbitzaria zera zu; nik autatu zaitut, eta etzaitut botako.

        10. Ez ezazu beldurrik iduki, esaten det: zeren ni zurekin naizan; ez ezazu alderik egin bidetik, zeren ni zure Jaungoikoa naizan. Nik sendotu zaitut, nik lagundu dizut, eta nere Justoaren eskuieko beso almentsuak gorde zaitu.

        11. Jakin ezazu nastuak, eta lotsatuak geldituko diradela, zuri gerra egiten dizuten guztiak, izango dirade, ez balirade bezela, eta galduko dirade zuri kontra egiten dizutenak.

        12. Billatuko dituzu zure kontra altxatzen diraden gizon oriek, eta ez dituzu arkituko. Izango dirade ez balirade bezela, eta ezurruts bat bezela geldituko dirade, zuri gerra egiten dizuten guztiak.

        13. Zeren ni naizan zure Jaun Jaungoiko, eskutik artzen zaitudana, eta nagokizuna esaten: Etzaite beldur izan, zeren ni naizan zuri laguntzen dizudana.

        14. Etzaite beldur izan artxoa, o Jakob, ez dezu artan beldurrikan iduki; ezta zuek ere Israelko il batzuek dirudizutenak. Ni naiz zure laguntasuna, esaten du Jaunak; eta Israelko Santua da zure Salbatzallea.

        15. Nik egingo det izan zaitezela zu, uztak traillatzeko gurdi berri bat bezelakoa, bere kurpilletan burnizko ortzak dauzkana. Zuk traillatu eta txetuko dituzu mendiak, eta auts biurtuko dituzu muñoak.

        16. Zuk aizetuko dituzu, eta aizeak eramango ditu, eta barreiatuko ditu aize bunbada batek, eta zu egongo zera pozez gañez eginda Jaunagan, eta bozkariotuko zera Israelko Santuagan.

        17. Eskaleak eta beartsuak uraen billan dabiltza, eta ez dago urik, beren mingaña egarriz leortu zan. Nik Jaunak, urrikalduta, adituko ditut. Nik, Israelko Jainkoak, ez ditut utziko.

        18. Nik irteneraziko diet ibaiai muñorik goratuenetan, eta iturriai kanpoen erdian, eremua urezko putzu biurtuko det, eta lur leor, eta iñor bizi ez ditekeana, erreka ugarietan.

        19. Erneeraziko diet bakartadean zedroari, Setimari, eta arraianari, eta oliboari; eta eremuko lurrari emaneraziko diot batean abetoa, zumarra, eta ezpela,

        20. Guztiak batean ikusi dezaten, eta jakin dezaten, eta oartu ditezen eta konprenditu dezaten Jaunaren eskua dala alako gauza bat egin duena, eta Israelko Santua dala izatea eman diona.

        21. Atera zaitezte orain zuen kausa zaitzera, esaten du Jaunak: ipiñi ezazute, baldin badaukazute arrazoe sendorikan batere, esaten du Jakoben erregeak.

        22. Etorri bitez zuen jainkoak, eta lendanaz adirazi bizazkigute oraindikan gertatzeko dauden gauza guztiak. argitu bitzate anziñako izan ziradenak, eta arretaz egongo gerade, eta jakingo ditugu, gero etorriko diraden gertakariak, lendanaz adirazi zaguzute gertatuko dana.

        23. Profetizatu ezazute geroko denboretan gertatuko dana, eta orduan ezagutuko degu zuek zeratela Jainkoak. Egin ezazute ona edo gaitza, ezerere egin al baldin badezute, eta batean itz egin dezagun, eta diskurritu dezagun zuen eskubidearen gañean.

        24. Baña gauza argia da zuek ezerere ezetik egiñak zeratela, eta ezerere ez dan gauza batetikan dator zuen izatea. Nazkagarria da autatu zinduztena Jaungoikoak bezela adoratzeko.

        25. Baña nik ots egin nion Abraham justoari Ifarretik, Sortaldetik etorri zedin, berak nere izenari ots egin zion, eta zapaldu zituen prinzipeak loia bezela, eta eltzegilleak buztiñia zapaltzen duen bezela.

        26. Zeñak bestek, nik baizik, lendanaz adirazi ditu gauza oiek beren asieratikan, ezagutu ditzagun, eta anziñako denboretatik, esan dezagun: Arrazoia daukazu, justizia zure alde dago? Zuen idoloen artean berriz ez dago profetizatzen duenik, ez geroko gauzak adirazten dituenik, ezta zuen aoko itzak bederik aditzen dituenik.

        27. Lenbizikoak Sioni esango dio: Ona emen non dauzkazun, eta emango diot Jerusaleni berri onen eramatzalle bat.

        28. Eta ni, Isaias, begira egon nintzan, eta etzan arkitu an idoloen alde zeudenen artean bat bakarra bederik konsejuaren gai zanik, ezta erantzuteko ere itz bakar bat galdetzen zionari.

        29. Beraz guztiak gaizto batzuek dirade, eta alperrak dirade beren eskuen lanak, aizea eta urgulleria beren irudiak.

 

BERROGEITA BIGARREN KAPITULUA

        1. Ona emen nere serbitzaria; ni berarekin egongo naiz. Nere autatua, zeñagan nere anima gozatzen dan, bere gañera nere espiritua isuri det; berak erreñuai justizia erakutsiko die.

        2. Ez da deadarrez ariko, eta ez du ere iñorgan zeñ zeñ dan begiratuko, ez da karrikaetan adituko bere boza,

        3. Kañabera brintzatua ez du autsiko, eta ez du ere itzaliko kea dariola dagoen babila. Egiaren araura juzgatuko du.

        4. Ez da izango tristea, ez matxiñaria, lurrean justizia ipintzen duen bitartean, eta ugarteak beragandik Legea itxedongo dute.

        5. Gauza oiek esaten ditu, zeruak egin, eta zabaldu zituen Jaun Jainkoak; izatea ematen dionak lurrari, eta bertan ernetzen dan gauza guziari; asnasa ematen diotenak bertan bizi diran erriai, eta espiritua, bertatik dabiltzanai.

        6. Nik, Jauna naizan onek, ots egin dizut justiziaren amorioz, eskutik artu zaitut, eta zaitu zaitut, eta jarri zaitut izan zaitezen erriaren pakegillea, eta erreñuen argia,

        7. Idiki ditzatzun itsuen begiak, eta atera ditzatzun karzelatik kateekin lotuta zeudenak, eta katibuen egonlekutik, illuntasunetan datzazanak.

        8. Ni naiz Jauna, au da nere izena, nere gloria ez diot besteri emango, ez nere onra ere idoloen irudiai.

        9. Ikusten dezute kunplitu diradela len adirazi nizkizuten gauzak. Orain nik beste barri batzuek lendanaz adirazten ditut. Eta zuei lendanaz adirazten dizkizutet gertatu ditezen baño lenago.

        10. Kantatu zaiozute Jaunari kantatxo berri bat, adirazi itzatzute bere alabantzak lurraren atzeneko mugetaraño, zuek zabiltzatenak itsasoen zabalera anditik, eta zuek, o ugarteak, eta beretan bizi zeraten guziak.

        11. Jaiki bedi pozik Eremua bere erri guziakin. Zedar biziko da etxe ederretan. Petran bizi zeratenak, kantatu zaiozkazute alabantzak Jaunari; jaso ezazute boza mendien erpiñetik.

        12. Berak Jaunari gloria emango diote, eta adiraziko dituzte ugartetan bere alabantzak.

        13. Zeren Jauna aterako da kanpora, gudari, garaitua izan ez dezakean bat bezela; gerrari sendo batek bezela biztuko du bere zeloa, emango ditu bozak, eta deadar egingo du, geiago izango da bere etsaien kontra.

        14. Oraindaño, esango du berak, beti ixillik egon naiz, zaitu det ixiltasuna, sufritua izan naiz, baña orain aurregiten dagoen andrearen bozak bezelakoak, alakoak izango dirade nereak. Arrasatuko ditut, eta iretsiko ditut nere etsai guztiak.

        15. Nik arras desegingo ditut mendiak eta muñoak, eta leortuko ditut bere belar guztiak, eta ibaiak ugarte itzuliko ditut, eta sikatuko ditut putzuak.

        16. Eta zuzenduko ditut itsuak ez dakiten bide batetik, eta ibillieraziko diet ezagutzen ez dituzten bidetxigorretatik. Itzuliko det beren begien aurrean argia illuntasun, eta bide okerrak bide zuzen, alako gauzak egingo ditut beren alde, eta beñere ez ditut utziko.

        17. Baña berak nigandik iges egingo dute, eta geldituko dirade lotsariz beteak, beren itxedopena idoloen irudietan ipintzen dutenak, berak egin dituzten otalluai esaten dienak: Zuek zerate gure jainkoak.

        18. Aditu ezazute, o gorrak, eta zuek itsuak idiki itzatzute begiak ikusteko.

        19. Eta, zeñ da itsua, nere serbitzari Israel baizik? Eta, zeñ da gorra, nere mandatariak bialdu niozkan hura baizik? Zeñ da itsua etsaiari saldu zaiona baizik? Eta, zeñ da itsua Jaunaren mendekoa baizik?

        20. Zu, ikusten dituzuna anbeste gauza nere profetak lendanaz adiraziak, nola etzera jartzen oarpenean beren gañean? Zuk, belarriak idikita dauzkazunak, nola ez dezu aditzen?

        21. Eta ori, Jaunak iduki ezkero Israeli borondate ona, aututzen zuela bera santututzeko, eta ezagutuerazitzeko bere lege santaren anditasun, eta edertasuna.

        22. Baña nere erri orri berorri arrapatua izan zaio zeukan guzia, eta bera arrasatua izan da. Katibu egiñak izan dirade bere mutil gazte guztiak, eta karzeletan jarriak. Indarrez kenduak izan dirade, eta ez dago nork berak libratu; ostuak, eta ez dago nork esan dezan: itzuli bizaiezte.

        23. Zeñ da zuen artean aditzen duena, eta arretaz dagoena, eta pensatzen duena etorriko dan gauzan?

        24. Zeñ izan da utzi dituena Jakob eta Israel, zeukatena kendu ziotenak arrapatua izan zedin? Ez al da Jauna bera, zeñaen kontra bekatu egin degun, nai ez diegula jarraitu bere bideai, ez bere legeari obeditu?

        25. Argatik bota du Jaunak erri onen gañera bere aserrearen sumintasuna, eta egiten dio gerra txit gogor bat, eta bere aldamen guzietatik sua eman dio, eta argatik ere ez da kontuan erori Israel, eta su garretan ipiñi du, eta alaere ez da etorri bere bekatuen ezaguerara.

 

BERROGEITA IRUGARREN KAPITULUA

        1. Eta orain ona emen esaten duena Jaunak, zure Egilleak, o Jakob; formatu zinduenak, o Israel: Etzaite bedur izan, bada nik erredimitu zindudan; eta zure izenez ots egin nizun, zu guziori nerea zera.

        2. Uren erditik iragotzen zeranean, ni zurekin egongo naiz, eta ibaiak etzaituzte estaliko. Suaren erditik zabiltzanean, etzera erreko, eta garrak ez du idukiko zuretzat berotasunik;

        3. Zeren ni naiz zure Jaun Jainkoa, Israelko Santua, zure Salbatzallea, nik eman nituen zu katiberiotik ateratzeagatik, Ejipto, Etiopia eta Saba.

        4. Nere begietan maitagarria eta gloriaz betea egin ziñanetik onara, nik maitatu zaitut, eta emango ditut gizonak zugatik, eta erriak zure salbazioagatik.

        5. Etzaite bada beldur izan; zeren ni zurekin nagoen, eguzkiaren sortaldetikan zuzenduko ditut zure semeak, eta sartaldetik bilduko ditut.

        6. Eman zazkidazu, esango diet Ifarrari eta Egoeari, ez itzatzu zugan iduki, ekarri zazkidazu nere semeak urrutitikan, eta nere alabak munduaren atzenetikan,

        7. Zeren nere izen santuari ots egiten dioten guztiai eman nien izatea, berak formatu nituen, eta egin nituen nere gloriarako.

        8. Alaere aurtiki ezazu kanpora arako erri, begiak badauzka ere itsua dana, eta belarriak idukiagatik ere, gorra dana.

        9. Bildu bitez batean erreñu guziak, eta jarri bitez toki batean tribuak, zuetatik zeñak adiraziko du au, eta aditueraziko du, aurrena gertatu bear dana? Eman bitzate testiguak, justotu bitez alako moduan, non, aditzen dutenak esan dezaketen: Egia da.

        10. Zuek, esaten du Jaunak, zerate nere testiguak, eta nere serbitzari, autu nuena, ongi ezagutu, sinistu eta konprenditu dezazuten, ni zaizala Jaungoikoa bera. Etzan Jaungoikorik egiña izan ni baño lenago, eta nere ondoan ere ez da egiña izango.

        11. Ni naiz, ni naiz Jauna, eta ez da beste Salbatzallerik izango, ni baizik.

        12. Nik lendanaz esan nuen; eta ni izan nintzan salbatu zinduztedana. Ezagutuerazi nizuten, eta etzegoan orduan zuen artean jainko arrotzikan. Zuek zerate nere testiguak, esaten du Jaunak, eta zuek dakizute ni naizala Jaungoiko bakarra, eta egiazkoa;

        13. Eta ni naiz leeena bera, betiko iraunaren asieratik, eta ez dago iñor ere nere eskutik iges egin dezakeanik. Nik egingo det gauza bat, eta nork galeraziko dit?

        14. Au esaten du zuen Santu eta Salbatzalleak, Israelko santuak: Zuen amorioagatik jendeak Babiloniara bialdu ditut, eta lurrera bota bere murru guziak, eta beren ontzietan gozatzen ziran Kaldeatarrak.

        15. Ni Jauna, zuen Santua, Israelen Egillea, zuen Erregea.

        16. Oiek esaten ditu itsasoan bidea, eta korront andien erdian bidetxigorra idiki zuen Jaunak.

        17. Bera da Ejiptotik ateraerazi ziena gurdi armadunai, eta zaldiai. Zaldi taldeak, eta bere gizon sendo guziak, artu zituen batean eriotzako loak, eta ez dirade esnatuko. Izan ziran mallatuak, liñoa bezela, eta galdu ziran.

        18. Baña ez itzatzute aitatu iragotako gauzak, eta etzaiezute ere anziñakoai begiratu.

        19. Ona emen non nik berriak egingo ditudan. Orain argitara irtengo dira, eta zuek ikusiko dituzute. Idikiko det bide bat Eremuan, eta ur jarioak basamortuko lurrean.

        20. Pisti uzuak, sugulnak, eta saieak bedeikatuko naute; ur jarioak atera ditudalako eremuan, eta ibaiak erri gabeko tokian, edan dezan nere erriak, erri autatuak.

        21. Neronek neretzat formatu nuen erriak, eta zeñak nere alabantzak kantatuko dituen.

        22. Bada zuk, o Jakob, etziñidan ots egin; eta etziñan ere nerekin oroitu, o Israel.

        23. Etziñizkidan neri eskeñi ariak holokaustoan, eta ez nazu ere onratu doañakin. Ez naiz ni zuk opariakin serbitu dezuna, ezta ere eman dizuna inzensua erretzeko lana.

        24. Ez dezu zuk neretzat erosi diruarekin kañabera aromatsua, eta ez nazu ere ase zure doañen gantzarekin. Baizikan nerekin serbitu zera zure bekatuetan; eta pena andia eman didazu zure gaiztakeriakin.

        25. Alaere ni naiz, ni nerau naiz borratzen ditudana zure gaiztakeriak neronen amorioagatik, eta ez naiz berriz zure bekatuakin oroituko.

        26. Bestela ekarri zazkidazu zuk nere gogora zure obrak, sartu gaitezen biok juizioan. Esan esazu baldin badaukazu ezertxoere zure burua garbitzeko.

        27. Zure aitak lenengo bekatu egin zuen, eta etzuten zaitu zure bitartekoak, neri emanda zeukaten itza.

        28. Argatik zikindutzat argiro eman nituen Santuarioko prinzipeak, eta ipiñi nuen ondatua Jakob, eta lotsatua Israel.

 

BERROGEITA LAUGARREN KAPITULUA

        1. Orain bada, aditu ezazu, o Jakob nere serbitzaria, eta zuk, o Israel, zeñ autu nuen.

        2. Oiek esaten ditu egin zinduen eta formatu zinduen Jaunak, zure mesedegilleak zure amaren sabeletik: Etzaite beldur izan, o Jakob nere serbitzaria, eta zu, o txit zuzen, autu zindudana,

        3. Zeren nik isuriko ditut urak egarriz dagoen lurraren gañera, eta korrika joaneraziko diotet ibai andiai otadietatik, isuriko det nere espiritua zure jatorriaren gañera, eta nere bedeikazioa zure ondokoen gañera.

        4. Eta aziko dirade, azitzen diraden bezela zarikak belartzan ur korronten aldean.

        5. Onek esango du: Ni Jaunarena naiz. Eta bestea gozatuko da Jakoben izena daramalako, eta besteak eskribituko du bere eskuaren gañean: Jaunarena naiz, eta idukiko du Israelen antzeko izen bat.

        6. Oiek esaten ditu Jaunak, Israelko Erregeak, eta bere Salbatzalle, ejerzituen Jaunak: Ni naiz lenengoa, eta ni atzena, eta ez dago ni baño beste Jaungoikorik.

        7. Zeñ dago nere antzekorik? Adirazi eta esan dezala; eta argitu ditzala munduko anziñako jendea fundatu nuenetik onarañoko gauzak. Lendanaz adirazi bizaiezte bereai etorkizunak, eta gertatuko diraden gauzak.

        8. Etzaitezte bada beldurtu, ez nastu, ni izan naiz, o Israel, asieratikan jakinerazi, eta lendanaz adirazi nizkizuna, zuek zerate nere testiguak. Ni baño beste Jaungoikoren bat al dago, edo gauzeen beste Egille, nik ezagutzen ez dedanen bat?

        9. Idoloen egingilla guziak utsa dirade, eta deusik ez diote balioko geien maitatzen dituzten gauza oiek. Berak beren lotsarirako dira testiguak, nola idoloak ez duten ikusten, ez aditzen.

        10. Zeñ da bada alako zentzugabea, non, Jaungoiko bat formatzea pensatu zuen, eta egin zuen ezertarako ere gai ez dan otallu bat?

        11. Ona non onetan partale diraden guziak, lotsatuak geldituko dirade, zeren langille oiek gizon ezjakin batzuek dirade: bestela bildu bitez guztiak, eta etorri bitez nere aurrera, eta guziak dardaraz egongo dirade, eta geldituko dirade nastuak.

        12. Errementariak egiten du idoloa limarekin; errementarian eta mallu otsakin moldetzen du, landutzen duela besoen indarrarekin; eta noizbait gose izango da, eta indargatuko da, eta nekatua egonagatik ere, ez da joango ura edatera.

        13. Otallugilleak ipintzen du erregela zuraren gañean; egiten du idoloa zepilloarekin, berdintzen du esquadran, ematen dio bere ingurua konpasarekin, eta ateratzen du gizon baten irudia, egiten duela irudi oneko gizon etxe batean bizi danaren antzekoa.

        14. Ebaki zituen zedroak, ekarri zituen basoko zuaitzen artean azitako aritz eta arteak, ipiñi zuen pinu bat, zeñ andi egin zan euriaren bitartez.

        15. Zuaitz oiek ditu gizonak sukalderako. Artzen ditu beretatik batzuek eta berotzen da, eta beren suarekin ogia erretzen du. Gañerakoarekin berriz egiten du Jaungoiko bat, eta adoratzen du; egiten du otallu bat, eta auzpeztzen da bere aurrean.

        16. Zuaitzaren zati bat suan erretzen du, eta beste batekin aragia egosten du jateko, konpontzen du errea, asetzen da, eta berotzen da, eta esaten du: Ederki! Berotu naiz, su eder bat egin det.

        17. Zuaitzaren gañerakoarekin berriz, egiten du beretzat Jaungoiko bat, eta otallu bat; auzpeztzen da bere aurrean, eta adoratzen du, eta erregututzen dio, esaten duela: Salba nazazu, zeren nere Jaungoikoa zu zeran.

        18. Dirade ezjakin batzuek, adimentu gabekoak, dauzkate begiak basaz beteak, ez ikusteko, eta zentzurik ere ez idukitzeko.

        19. Ez dirade oartzen, ez dute pensatzen, eta ez daukate ere zentzurik, esateko: Nik erdia suan erre nuen, eta erre nituen ogiak bere ikazkanborren gañean, egosi nituen aragiak, eta jan nituen, eta gañerakoarekin nola idolo bat egin nezake? Zur zati baten aurrean auzpeztuko naiz?

        20. Onen zati bat onezkero autsa da, eta alaere biotz zentzugabeko batek adoratzen du, eta ez da desengañatzen, esaten duela: Noaski nere eskuz egindako lana gezur bat da.

        21. Oroitu zaite gauza oiekin, o Jakob; zu, o Israel, nere serbitzaria zu zeran ezkero. Nik formatu zindudan, nere serbitzaria zera zu, o Israel, etzaite nerekin aztu.

        22. Desegin nituen zure gaiztakeriak odeia bezela, eta lañoa bezela zure bekatuak. Itzuli zaite nigana, bada nik erredimitu zaitut.

        23. Kantatu itzatzute, o zeruak, alabantzak; zeren Jaunak alako urrikaltasun andia egin duen. Poztu zaite lurra muga batetikan bestera, mendiak, basoak, eta beretako landare guziak, ots erazi zaiezute bere alabantzai; zeren Jaunak erredimitu zuen Jakob, eta izango da gloriaz betea Israelen.

        24. Oiek esaten ditu Jaunak, zure Salbatzalle, amaren sabelean formatu zinduenak: Ni naiz Jauna, gauza guztien Egillea, ni bakarrik zeruak zabaltzen ditudana, eta fundatzen dedana lurra, iñoren laguntasun gabe.

        25. Utsera biurtzen ditudana aztien esanak, eta asmatzalleai zentzua kentzen diotedana; lotsatuak utzitzen ditudana jakintsuak, eta beren aditza zentzugabetasun biurtzen dedana.

        26. Ni naiz nere serbitzariaren itza egiztatzen dedana, eta kunplitzen ditudana nik bialdutakoen profeziak, esaten diodana Jerusaleneri: Biziko da jendea zugan, eta Judako erriai: Berriz egiñak izango zerate, eta nik zuen eremuak jendez beteko ditut.

        27. Ni, esaten diodana itsasoari: Leortu zaite, eta sikatuko ditut zure ibaiak,

        28. Esaten diodana Zirori: zu zera nere artzaia, zuk kunplituko dituzu nere asmazio guziak, esaten diodana Jerusaleneri: Zu berriz egiña izango zera, eta tenploari: Zu berriz fundatua izango zera.

 

BERROGEITA BOSGARREN KAPITULUA

        1. Oiek esaten diozka Jaunak Ziro nere kristoari, zeñ artu dedan eskutik beragan menderatzeko erreñuak, eta erregeai iges erazitzeko, eta bere aurrean ateak idikitzeko, eta ate oiek ez dirade itxiak izango.

        2. Ni joango naiz zure aurretikan, eta umillatuko ditut lurreko andiak, zatituko ditut bronzezko ateak, eta autsiko ditut burnizko balenkak.

        3. Eta zuri emango dizkizut tesoro ezkutatuak, eta aberastasun estaliak, jakin dezazun ni naizela Jauna, Israelko Jaungoikoa, oraindandik zure izenarekin ots egiten dizudana.

        4. Nere serbitzari Jakoben, eta Israel nere autuaren amorioz, ots egin nizun zure izenarekin, jarri nizun igortziaren izengoitia, eta zuk ez ninduzun ezagutu.

        5. Ni Jauna, eta ez dago besterik ni baizik, ez dago beste Jaungoikorik ni baizik. Nik ipiñi nizun gerrian ezpata, eta zuk ez nazu ezagutu.

        6. Eta armak eman nizkizun, guztiak sortaldetik Sartalderaño jakin dezaten, ez dagoela beste Jaungoikorik, ni baizik, ni Jauna, eta ez dago besterik,

        7. Ni argia egiten dedana, eta illuntasunai izatea ematen diedana, pakea egiten dedana, eta kastiguak bialtzen ditudana. Ni Jauna, ni gauza guzi oiek egiten ditudana.

        8. O zeruak! isuri ezazute goitik zuen intza, eta odeiak botatzen duten euria izan bedi Justoa, idiki bedi lurra eta erne bedi Salbatzallea, eta jaio bedi berarekin justizia. Nik Jaunak egin nuen.

        9. Ai bere Egilleari kontra egiten dionaren doakabea, ez izanik Samosko lurrezko ontzi bat baizik! Buztiñiak eltzegilleari esango al dio; Zer egiten dezu? Zure lana esku gabe al dago?

        10. Ai bere aitari esaten dionaren zorigaistokoa, itz egiten diola onela: Zergatik izan nintzan zugandik sortua? Eta bere amari: Zergatik izan nintzan sortua zure sabelean?

        11. Alaere oiek esaten diozkate Jaunak, Israelko Santuak, berak formatu zituen gizonai: Galde zadazute geroko gauzen gañean, kontuak artu zazkidazute nere semeen gañean, eta nere eskuen obren gañean.

        12. Bada nik egin nuen lurra, eta gizonari bertan izatea eman nion. Nere eskuak zeruak zabaldu zituzten, eta bertako gudari talde guziari aginteak eman niozkan.

        13. Ni naiz ere jasoko dedana gizon bat nere justizia egiteko, eta bere pausu guziak zuzenduko ditut; berak berriz egingo du nere erria, eta askatuko ditu nere seme katibuak erreskata gabe, doañ gabe, esaten du ejerzituen Jaun Jainkoak.

        14. Oiek ere esaten ditu Jaunak: Ejiptoko lanak, eta Etiopiako saldu erosia, eta Sabeatarrak, gizon goianteak, iragoko dirade zugana, eta zureak izango dirade. Joango dirade zure ondoren eskuak lotuta, eta adoratuko zaituzte, eta eskariak egingo dizkizute. Zugan bakarrik dago Jaungoikoa, zeñ baño beste Jaungoikorik ez dagoen.

        15. Egiaz zu zera Jaungoiko eskutatu bat, Israelko Jaungoikoa, gure Salbatzallea.

        16. Nastuak eta lotsatuak gelditu ziraden, idoloak egiten zituzten guztiak, batean lotsariz estaliak izan dirade.

        17. Baña Israel, Jaunak salbatua izan da betiko salbazioarekin. Etzerate nastuak izango, eta ez dezute ere iñoiz beñere zergatik lotsatu idukiko.

        18. Zeren oiek esaten ditu Jaunak, Zeruen Egilleak, lurra egin zuen eta berari iraunerazitzen dion Jaungoikoak; bera da bere Egillea; eta alperrikan egin etzuena; baizik egin zuen jendea bizi zedin. Ni Jauna, eta ez dago ni baño besterik.

        19. Ez det itz egin ezkutuan, lurreko toki illunen batean, ez nion esan Jakoben jatorriari: Billatu nazazute alperrikan. Ni Jaun, erakusten dedana justizia, eta zuzentasuna predikatzen dedana.

        20. Bildu zaitezte, eta atozte, eta alderatu zaitezte zuek guziok erreñuen artetik salbatu zeratenok, aitortu ezazute, zentzugabeko batzuek diradela jasotzen dutenak berak otallututako idolo bat, eta zuzentzen diozkatenak erreguak, berak salbatu ez ditzaken Jaungoiko bati.

        21. Itz egin ezazute guztiakin, eta atozte, eta itz egin ezazute batzuek besteakin onela: Zeñek asieratikan lendanaz adirazi zituen gauza oiek? Zeñek denbora artatik lendanaz adirazi zituen? Ez al naiz ni Jauna? Ni baño beste Jaungoikorik al dago? Jaungoiko zuzen eta salbatzen duenik ni baño besterik ez dago.

        22. Itzuli zaitezte bada nigana lurreko erri guztiak, eta salbatuko zerate, zeren ni Jaungoikoa naizan, eta ez dago besterik.

        23. Juramentu egin det neraugatik, nere aotik irten da itz txit zuzen bat, eta ez det jango.

        24. Au da, nere aurrean guztiak belaunikatuko dirade, eta nere izenagatik mingañ guztiak juramentu egingo du.

        25. Esango dute bada Jaunagan: Nereak diradela justizia eta agintaritza. Jaunaren aurrean agertuko dirade eta geldituko dirade lotsatuak, berari kontra egiten diotenak.

        26. Eta orduan Jaunak justotzat emango du, eta gloriaz beteko du Israelko jatorri guztia.

 

BERROGEITA SEIGARREN KAPITULUA

        1. Bel zatitua dago, nabo auts egiña gelditzen da, beren irudiak dirade zamak abere eta zamarientzat; beren pisu andiarekin zuek mendean lerregin, ta etsirik idukitzen zinduzteen zamak.

        2. Jainko oiek lurrera erori dirade, eta zatitu dirade guztiak. Ezin salbatu izan dituzte berak zeramazkitenak; baizik berak ere katibu joan bear izan dute.

        3. Aditu nazazute, o Jakoben etxea, eta zuek guztiok, Israelko etxeko kutsuak, zeñak daramazkidan nik nere bularrean, eta dakarzkidan nere erraietan.

        4. Nik neronek eramango zaituztet besoetan zartzaraño, zuen illeak zuritu arteraño. Nik egin zinduztedan, eta nik eramango zaituztet. Nik elduta idukiko zaituztet, eta salbatuko zaituztet.

        5. Baña, zeñi iduritu, zeñekin berdindu, eta konparatu nazute, eta zeñaen antzekoa egin nazute?

        6. Zuek zakutik urrea ateratzen dezutenak, eta balanzarekin zillarra pisatzen dezutenak, eta ajustatzen zeratenak zillargin batekin egin dezan jainko bat, zeñaen aurrean jendea belaunikatuko dan, eta zeñ jendeak adoratuko duen;

        7. Zeñ daramaten bizkarren gañean, eta ipintzen duten bere nitxoan, eta bera an egon oi da, ez da ere bere tokitik mugituko; eta berari deadarrez eskatzen badiote ere, ezerere ez du adituko, eta ez ditu ere atsekabetik salbatuko.

        8. Oroitu zaitezte oiekin, eta lotsatu zaitezte, zerokgandu zaitezte, o fedeausleak.

        9. Berriztatu ezazute nere mirarien oroipena anziñako gizaldietan, zeren ala ikusiko dezute, ni naizala Jaungoikoa, eta ez dagoela beste Jaungoikorik, ez iñorere nere antzekoa danik.

        10. Ni naiz munduaren asieratik lendanaz adirazten dedana, atzenean gertatuko dana, eta esaten det denbora asko lenagotik, oraindikan egiteko dagoena. Ni naiz itz egiten dedana, eta nere erabakian irautzen dedana, eta nere gura guziak kunplitu erazitzen ditut.

        11. Ni Sortaldetik ots egiten diodana egazti bati, edo nere borondatea egiten duen gizon bati, egan egin erazitzen diodala urrutiko erreñu batetik. Nik esan det au, eta egingo det: nik erabaki det, eta kunplituko det.

        12. Aditu nazazute zuek, biotz gogorreko, justiziatik ain urrutian zaudetenak.

        13. Nik laster etorri eraziko diot nere justiziari, ez da urrutiratuko; eta ez da luzatuko nigandik datorren osasuna. Nik ipiñiko det osasuna Sionen, eta argi eraziko diot nere gloriari Israelen.

 

BERROGEITA ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Orduan esango diote Babiloniari: O zu birjiña, Babiloniako alaba, jetxi zaite, eta eseri zaite autsaren gañean, eseri zaite lurrean. Ez dago onezkero tronurik Kaldeatarren alabarentzat; ez dizute onezkero emendikan aurrera samurra, eta kuperatia ots egingo.

        2. Eldu zaiozu zure besoarekin errotako arriari, eta eo ezazu iriña, agertu ezazu zure buru moitzeko ezaintasuna, desestali itzatzu zure bizkarrak, gerriratu itzatzu magalak, irago itzatzu batetik bestera ibaiak.

        3. Orduan agertuko da zure lotsaria, ikusiko da zure desonra. Ni bengatuko natzatzu, eta ez da izango gizonik neri aurrean jartzekorik.

        4. Gure Salbatzallea, o Israel, da izentzat daukana, ejerzituen Jauna, Israelko Santua.

        5. Zu, Kaldeatarren alaba, zaude ixillikan, eta illuntasunetan ezkutatu zaite; zeren onezkero ez dizuten geiago erreñuen Andrea ots egingo.

        6. Zeren ni aserretu nintzan nere erriaren kontra, utzi nuen ez ona bezela nere herenzia, eta jarri nituen zure eskuetan. Alaere zuk etzenduen beren errukirik iduki, txit pisutu zenduen zure uztarria, anziñakoena baño ere oraindikan geiago.

        7. Eta esan zenduen: Nik beti agintatuko det, eta etzenduen gauza oietan pensatu, eta etziñan ere oartu, nolako egoerara etorriko ziñan.

        8. Orain bada aditu itzatzu gauza oiek zuk, bizi zeran orrek gozotasunetan, eta urgulluz betea zauden orrek, zuk, zure biotzean esaten dezunak: Ni naiz agintzen dedana, eta ez dago besterik ni baizik. Ez naiz beñere alargun geldituko, eta ez det ere iñoiz ezagutuko soilltasuna.

        9. Gaitz bi oiek etorriko dira zure gañera supituan egun bat batean. Geldituko zera semerik gabe, eta geldituko zera alargun. Oiek guziok etorriko dira zure gañera zure sorginkerien ugaritasunagatik, eta zure enkantatzalleen gogortasun txit andiagatik.

        10. Eta itxedopena iduki zenduen zure gaiztakerian, eta esan zenduen: Ez dago ikusten nauenik. Zure jakinduria, eta aditza alper orrek engañatu zinduen, urgulleriaz zure biotzean esan zenduenean: Ni naiz, Agintaria, eta ez dago besterik, ni baizik.

        11. Etorriko da zure gañera zorigaitza, eta ez dezu jakingo nondik datorren; eta eroriko da zure gañera gaitz talde bat, eskeñtzakin ere ezin urrutiratuko dezuna. Etorriko da supituan zure gañera atsekabe mota guzi, ustegabeko bat.

        12. Zaude zure enkantatzalleakin, eta zure sorginkerien ugaritasunarekin, zeñatan alako moduan ari zeran zure gazte denboratik, ikusteko onek zerbait lagundu al dizakezun, edo zu sendoago egin al zintzakean.

        13. Baña ai! Zure konsejari taldearen erdian zu galdu zera. Eta bestela jaiki bitez, eta salbatu zaitzatela zeruen azti, izarrai begira egon oi ziradenak, eta illak kontatzen zituztenak, zuri gertatuko zatzuna lendanaz adiraztzeko.

        14. Ona emen non itzuli diran lastoa bezela, suak iretsi ditu. Ez dute beren bizitza libratuko suzko garren bizitasunetik. Oiek ez dute utziko ikazkanborrik, zeñakin berotu ditezen, ez sukalderik bere aurrean eseritzeko.

        15. Onetan geldituko dirade arako gauzak, zeñakgatik zuk anbeste lan artu zenduen. Merkatari aberats, zure gazte denboratik zurekin tratatzen zutenak, iges egin dute bakoitzak bere bidetik. Ez dago iñor zu salbatzeko.

 

BERROGEITA ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Aditu itzatzute gauza oiek Jakoben etxekoak, zuek Israelen izena zuen buruai ematen diezutenak, eta Judaren jatorritik zatoztenak; zuek Jaunaren izenean juramentu egiten dezutenak, eta Israelko Jaungoikoa aitatzen dezutenak; baña ez egiarekin, ez justiziarekin;

        2. Eta ots egiten diezutenak zuen buruai erri santuko erritarren izenarekin, eta zaudete Israelko Jaungoikoari itsatsiak, zeñaen izena dan ejerzituen Jauna.

        3. Irago diraden gauzak nik denbora asko lenago adirazi nituen, eta lendanaz esan nituen, eta aditu erazi nituen nere aoz; supituan egiztatu nituen, eta etorri ziran.

        4. Zeren baniekien nik zu erri gogor bat ziñala, eta zure lepoa zala burnizko goi zañezkoa, eta zure kopeta brontzezkoa.

        5. Txit lendanaz adirazi nizkizun, jakinerazi nizkizun gertatu baño lenago, beñere esan ez zenezan: Nere idoloak egin dituzte gauza oiek, eta otalluzko eta urtuta egindako nere irudiak agindu dute ala.

        6. Begira egiztaturik, aditu zenduen guztia, eta, zuek zerok ez al dezute au agirian adirazi? Oraindaño agertu dizkizut gauza berriak, gordeak dauzkat zuk ez dakizkizun beste gauza batzuek,

        7. Orain da noiz gauza oiek adirazten zazkizun, eta ez lenago; bada oraindaño ez dezu zuk beren gañean itzik aditu, esan ez zenezan: Nik baniekizkien.

        8. Etziñituen aditu, eta ez ziñiekizkien, eta orduan ere ez zeneuzkan belarriak idikiak; zeren ongi dakit nik beti jarraituko diozula fedea austeari, eta fedeauslea ots egin nizun amaren sabeletik.

        9. Alaere nere izenaren amorioagatik, geldirik idukiko det nere aserrea, eta nere gloriarekin tiratuko dizut frenutik amilka erori etzaitezen.

        10. Begira ezazu, nik garbitu zaitut atsekabezko suarekin; baña ez zillarra bezela, baizik probatu zaitut pobrezako labean.

        11. Nere begirunez, nere begirunez egingo det au, zuen etsaiak blasfematua izan ez nadin. Bada ez diot nik iñoizere nere gloria besteri emango.

        12. Aditu nazazu, o Jakob, eta zuk, o Israel, zeñi nik nere izena ematen diodan. Ni nerau, ni lenengoa, eta ni atzena.

        13. Nere eskua izan zan lurra egin zuena, eta nere eskuiea zeruak neurtu zituena, ematen diedan boz batera bereala guztiak presentatuko dirade.

        14. Bildu zaitezte zuek erri guztiak, eta aditu nazazute: idolo oietatik zeñek, lendanaz alako gauzak adirazi zituen? Jaunak gizon au maitatu zuen, eta onek Jaunaren borondatea egingo du Babilonian, eta bere besoa izango da Kaldeatarren kontra.

        15. Ni, ni izan naiz itz egin diodana, eta ni ots egin niona. Nik zuzendu det, eta lautu diot bidea.

        16. Alderatu zaitezte nigana, eta aditu ezazute au: Nik asieratikan beñere ez det ezkutuan itz egin; au gertatu baño denbora asko lenagotik, nengoan ni an; eta orain bialdu naute Jaun Jainkoak, eta bere Espirituak.

        17. Oiek esaten ditu zure Jaun Salbatzalleak Israelko Santuak: Ni zure Jaun Jainko, erakusten dizudana dagokizuna, eta zuzentzen zaitut jarraitzen diozun bidetik.

        18. Arren bada begiratu baziñie nere aginteai! Zure pakea ibai bat bezelakoa izango zan, eta zure justizia itsasoko ondoak bezin ugaria,

        19. Eta bere ondarrak bezela zure jatorria; eta bere arritxoak bezela zure erraietako semeak. Etzan galduko, eta etzan ere borratua geldituko bere izena nere begien aurrean.

        20. Atera zaitezte bada orain Babiloniatik, Kaldeatarren artetik iges ezazute, adirazi ezazute pozezko bozakin, jakinerazi ezazute bozkariozko berri au, eta eraman ezazute munduaren atzeneko mugetaraño. Toki guzietan esan ezazute: Jaunak erredimitu ditu Jakob bere serbitzariaren semeak.

        21. Eremutik zuzendu zituenean, etzuten egarririk iduki. Autsi zuen aitza, eta ur jario ugariak irten ziran.

        22. Baña gaiztoentzat ez dago pakerik, esaten du Jaunak.

 

BERROGEITA BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Aditu ezazute ugarteak, eta zuek urrutiko erriak, zaudete arretaz. Jaunak nere amaren sabeletik ots egin zidan, eta oroitu zan nere izenarekin oraindikan nere amaren altzoan nengoala.

        2. Eta egin zuen nere aoa ezpata zorrotz bat bezelakoa, bere eskuaren itzalaren azpian zaitu ninduen; eta egin zuen nerekin saieta ongi zorroztua bezelako bat, eta bere fletxategiaren barrenen gordeta iduki nau.

        3. Eta esan zidan: Nere serbitzaria zera zu, o Israel, zugan izango naiz ni gloriaz betea.

        4. Baña nik esan nuen: Alperrik nekau naiz nere erriari predikatzen, bidegabero, eta utsean galdu ditut nere indarrak, argatik itxedotzen det Jaunak justizia egingo didala, eta Jaunagan dago jarria nere obraren ordaña.

        5. Argatik orain Jaunak, nere amaren sabeletik autu ninduenak bere serbitzari izateko, esaten dit, Jakob berriz beragana zuzendu dezadala, baña Israelek ez du bildu naiko: alaere ni gloriaz betea izango naiz Jaunaren begietan, eta nere Jaungoikoa nere sendotasun egin da.

        6. Berak esan dit: Gutxi da zuk serbitu nazazula Jakoben tribuak berriztatzeko, eta Israelen kutsu mezpreziagarriak konbertitzeko. Ona emen non nik autatu zaitudan erreñuen argi izateko, izan zaitezen, nik lurreko mugen atzenaraño bialdu dedan osasuna.

        7. Oiek esaten diozka Jaunak, Salbatzalleak, Israelko Santuak, bereen artean mezpreziatua bezela idukia dan gizonari, guziak nazkaz begiratzen dioten erreñuari, mendeko bat bezela prinzipeak tratatua danari. Etorriko da egun bat, zeñean erregeak, eta prinzipeak ikusten zaituztenean jaikiko diran, eta adoratuko zaituzten Jaunaren amorioagatik, zeren bere eskeñtzetan leiala izan dan, eta autu zinduen Israelko Santuaren amorioagatik.

        8. Oiek ere esaten ditu Jainkoak: Neri ongi neritzan denboran aditu zindudan, eta salbazioko egunean lagundu nizun, eta iraunerazi nizun, eta jarri zindudan nere erriaren pakegille, lurra berriztatu zenezan, eta izan zendizan soro desegiñen jabe.

        9. Esan zenkien karzelan zeudenai: Atera zaitezte kanpora; eta illuntasunen artean daudenai: Atozte argia ikustera. Bideen erdian arkituko dute zerekin bazkatu, eta lau guztietan egongo da zer jan berentzat.

        10. Ez dute idukiko goserik, ez egarririk, eta eguzkiaren berotasunak ere ez diote gaitzik egingo; zeren arako Jaun berakin alako urrikaltasunak egiten dituenak zuzenduko ditu, eta eramango ditu edatzera uren jarioetara.

        11. Eta bide lauak egingo ditut nere mendi guzietatik iragotzeko, eta nere bidetxidorrak arbide biurtuko dirade.

        12. Begira ezazu nola datozen batzuek erri urrutietatik, eta beste batzuek ifarraldetik, eta itsasotik, eta oiek besteak Egoeko alderrietatik.

        13. O zeruak, kantatu itzatzute himnoak, eta zu, o lurra, poztu zaite. Zuek, o mendiak, alabantzak ematen ari zaitezte; zeren Jaunak bere erria gozatu duen, eta idukiko duen bere premiatsuen urrikaltasuna.

        14. Eta orduan esan zuen Sionek: Jaunak utzi nau, eta aztu da nerekin Jauna.

        15. Zer bada, erantzun zuen Jaunak, aztu baleiteke andrea bere aurrarekin, bere erraietako semearen urrikaltasunik iduki gabe? Baña bera aztu baleiteke ere, ni zurekin iñoizere ezin aztuko naiz.

        16. Begira ezazu nola zaramadan nik, nere eskuetan tinkatua, zure murruak beti dauzkat nere begien aurrean.

        17. Badatoz, berriz egingo zatuzten aiek, desegin eta arrasatzen zindutenak, zugandik urrutiratuko dirade.

        18. Jaso itzatzu, o Jerusalen, zure begiak, eta zure ingurura begiratu ezazu, jende guzi oiek bildu dirade zugana etortzeko. Nik juramentu egiten dizut, esaten du Jaunak, guztiakin apainduko zerala soñeko eder batekin bezela, eta berakin edertuko zerala esposa bat bezela.

        19. Zeren zure eremuak, eta zure basomortuak, eta zure ondamenakin estalitako lurra, izango dira orduan estuak, zugan bizi dan jende andiarentzat; eta iretsitzen zindutenak, urrutira aurtikiak izango diradela zugandik.

        20. Adituko ere dezu, zure soilltasunaren ondoan idukiko dituzun semeak, esango dutela: Estua da neretzat toki au, eman zadazu leku zabal bat, non bizi.

        21. Eta zuk zure biotzean esango dezu: Nork eman dizkit seme oiek neri, solla nintzan eta aurrik egiten ez nuen oni, erritik arroztu eta katibua nengoan oni? Nork bada seme oiek azi zituen, ni bakarra eta utzia nengoala? Nondik atera dirade berak?

        22. Ona emen Jaun Jainkoak erantzuten duena: Jakin ezazu nik luzatuko dedala nere eskua erreñuakganontz, eta ipiñiko det zuaitz baten erpiñean nere estandartea. Eta zure semeak ekarriko dizkizute besarteetan, eta zure alabak bizkarretan eramango dituzte.

        23. Eta erregeak izango dirade bazkatzen zaituztenak, eta erregiñak zure iñudeak. Arpegia lurrean dutela adoratuko zaituzte, eta zure oñetako autsari muñ egingo diote. Eta orduan ezagutuko dezu, ni naizala Jauna, eta nigan itxedotzen dutenak ez diradela lotsatuak geldituko.

        24. Kendu al badizaioke gizon sendo bati arrapatu duena? Edo berriz artu balezake, gizon errutsu batek atxitu duena?

        25. Bai, zeren oiek esaten ditu Jaunak: Egiaz kenduak izango zaiozka gizon sendoari, egin dituen katibuak, eta berriz artua izango da gizon errutsuak arrapatu zuena. Zu, o Sion, juzgatu zinduenak, nik juzgatuko ditut, eta nik salbatuko ditut zure semeak.

        26. Nik zure etsaiai beren aragiak janeraziko dieztet, eta moskortueraziko diotet beren odolean, muztioa balitza bezela, eta aragi guziak jakingo du, ni Jauna, naizala salbatzen zaitudana, eta Jakoben Jaungoiko sendoa dala zure salbatzallea.

 

BERROGEITA AMARGARREN KAPITULUA

        1. Oiek esaten ditu Jaunak: Ze aldekiko liburu da ori, zeñarekin aurtiki dedan zuen ama? Edo zeñ da nere artzekodun ori, zeñari saldu zaituztedan? Aditua iduki ezazute zuen gaiztakeriakgatik salduak izan zeratela, eta zuen obenak gatik aurtiki dedala zuen ama.

        2. Zeren ni mundura etorri nintzan, eta etzan izan ni artzekorik; ots egin nuen, eta etzan egon aditu ninduenik. Ote da au, nere eskua laburtu edo txikitu dalako, alako moduan non, ez dezakedan erredimitu? Edo ez al daukat nik eskubiderik zuek libratzeko? Jakin ezazute, nere keñada batekin itsasoa eremu biurtuko dedala, eta leortuko ditudazala ibaiak, ustelduko dirade arraiak urik ez daukatelako, eta sikuan ilko dira.

        3. Zeruak illuntasunez estalduko ditut, eta jantziko ditut zakuz.

        4. Jaunak eman zidan miñgan jakintsu bat, jakin dezadan sendotzen nere itzakin indargatua dagoena. Berak goizean ots egiten dit, ots egiten du goizean goiz nere belarrietara, aditu dizaiodan erakuslea bezela.

        5. Jaun Jainkoak belarriak idiki zizkidan, eta nik ez nion gogorrik egin, ez nintzan atzerontz biurtu.

        6. Eman niezten nere bizkarrak azotatzen nindutenai, nere masallak nere bizarrak atzaparka ateratzen zizkidatenai. Ez nion alde erazi nere arpegiari, neri isekan, eta istu urtika ari ziradenai.

        7. Jaun Jainkoa da nere laguntzallea. Argatik ez naiz lotsatua gelditu, argatik aurrean jarri nien nere arpegia, otska ari ziradenai, arri txit gogor bat bezela, eta badakit ez naizela lotsatua geldituko.

        8. Nere Jaungoiko, eta aita justotzat ipintzen nauena nere aldean dago, zeñ da nere kontra jarriko dana? Presentatu gaitezen batean juzioan. Zeñ da nere etsaia? Allegatu bedi nigana.

        9. Jakin ezazute, Jaun Jainkoa dala nere laguntzallea. Zeñ da kondenatuko nauena? Egiaz nere etsai guztiak konsumituak izango dirade soñeko zartu bat bezela, zerrenak jango ditu.

        10. Zeñ dago zuen artean Jaungoikoaren beldurra daukanik, eta bere serbitzariaren boza aditzen duenik? Alakoen arteko illuntasunen artean ibilli zanak, eta ez daukanak argirik, Jaunaren izenean itxedon beza, eta egon bedi bere Jaungoikoari itsatsia.

        11. Baña ona non zuek guziok ari zeraten erazekitzen Jaungoikoaren bengantzako sua; eta zaudeten garrez ingurutuak. Ibilli zaitezte bada zuen suaren eta erazeki dituzuten garren argitan. Nere etsai bengatzallea da ala tratatzen zaituztena. Oñazeen artean etzango zerate.

 

BERROGEITA AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Aditu nazazute zuek justiziari jarraitzen diozutenak, eta Jauna billatzen dezutenak, begiratu zaiozute arretaz arrobiari zeñatatik ebakiak izan zeraten, eta urjarioari, zeñatatik atera zeraten.

        2. Ipiñi itzatzute zuen begiak zuen aita Abrahamgan, eta Saragan, zeñak egindako aurrak zeraten, zeren berari, zeñ zan bakarra, ots egin nion, eta bedeikatu nuen, eta ugaritu nuen.

        3. Jaunak bada gozatuko du Sion, eta jaso ta berriz egingo ditu bere ondamen guziak, eta biurtuko ditu bere eremuak atsegiñezko tokietan, eta bere bakartadea jardin txit eder batean. An izango da bozkarioa, eta gozotasuna, eta eskerrak ematea, eta alabantzazko bozak.

        4. Aditu ezazu esaten dizudana, o nere erria eta entzun nazazu, nere erreñua, zeren nigandik lege berria aterako dan, eta nere justizia errietan ipiñia izango dan, berak argitutzeko.

        5. Nere justoa etortzeko dago. Nik bialtzen dedan Salbatzallea, bidean dago onezkero, eta nere besoak erriak zuzenduko ditu. Ugarteak egongo dirade nere zai, eta nere besoaren eskubidea itxedotzen.

        6. Jaso itzatzute zuen begiak zerura; eta gero beeratu itzatzute lurrera begiratzeko, zeren zeruak kea bezela desegingo dirade, eta lurra ezerezera biurtuko da soñeko bat bezela, eta bertan bizi diradenak galduko dira, gauza oiek bezela. Baña nik bialtzen dedan osasunak beti iraungo du, eta nere justizia ez da beñere faltatuko.

        7. Aditu ezazute ezagutzen dezutenak zer dan justoa, zuek nere errikoak, zeñaen biotzetan dagoen nere legea. Etzaitezte gizonen lotsarien beldur izan; etzaitezte ikaratu beren blasfemiak gatik;

        8. Zeren soñeko bati bezela, ala ortzka ariko zaiote berari arra, eta ardi illea bezela iretsiko ditu zerrenak, baña nik bialtzen dedan osasunak beti iraungo du, eta nere justiziak mendez mende.

        9. Jaiki zaite, jaiki zaite, sendotasunez armatu zaite, o Jaunaren besoa, jaiki zaite anziñako egunetan, eta irago diran gizaldietan bezela. Ez al ziñan zu izan Faraon urgullutsua azotatu zenduena, Ejiptoko sugulna zauritu zenduena?

        10. Ez al zera zu leortu zenduena itsasoa, bagaz beteriko ondarreko urak, idiki zenduena bidea itsas berrenen, libratu ziñituenak irago zitezen?

        11. Orain bada Jaunak eredimituak izan diradenak, itzuliko dira beren Sion maitatura alabantzak kantatzen ari diradela, betiko bozkarioaren koroak buruan dituztela: beti pozez ta gozotasunez egongo dira; eta oñazeak ta penak iges egingo dute berakgandik.

        12. Nik, nik neronek gozatuko zaituztet, zeñ zera zu alako beldurra diozuna gizon ilkor bati, eta elbitza bezela leortuko dan gizonaren seme bati?

        13. Zure Jaun eta Egille zeruak zabaldu, eta lurra fundatu zuenarenakin aztu zeralako, argatik egun guztian beti beldurrez ikara egon zera, atsekabetzen zinduen, eta zu galtzera zijoan etsaiaren sumintasuna ikusirik, non da orain gizon gaizto huraren sumintasuna?

        14. Aurki allegatuko da, libratzera datorren hura, zeren ez du Jaunak utziko guztiz galdua izan dedilla, eta bere janaria ez da guztiz beñere faltatuko.

        15. Atzenean ni naiz zure Jaun Jainko, itsasandia jasotzen dedana, eta bere bagak azitzen ditudana. Nere izena ejerzituen Jauna da.

        16. Zure aoan jarri ditut nere itzak, eta zaitu zaitut nere esku sendoaren itzalarekin, zeruak jarri ditzatzun, eta fundatu dezazun lurra, eta Sioni esan dizaiozun: Nere erria zera zu.

        17. Jaiki zaite, o Sion, jaiki zaite. Jaiki zaite, o Jerusalen, zu, edan dezuna Jaunaren eskutik bere aserreko kalizia. Ondarretaraño edan dezu zuk, lozorro astun bat ematen duen kalizia, edan dezu apakiñetaraño.

        18. Berak egin dituen seme guztietatik ez dago bat, berari laguntzen dionik, eta berak azi dituen seme guztien artean, ez dago nork ezkutik eldu dizaion.

        19. Bi alditan anbatekoak dirade gertatu zazkizun gaitzak: nor urrikalduko da zurekin? Zure gañera etorri dirade ondamena, eta galmena, gosea eta ezpata, nork gozatuko zaitu?

        20. Zure semeak datzaz etzinda lurrean, lotuta lo egiten dute karrika guzien luzeeran, idiaketz sokakin lotuak bezela, Jaunaren aserrez, eta zure Jaungoikoaren bengantzaz estaliak.

        21. Argatik aditu ezazu au zuk, Jerusalen gaxoa, eta orditua zaudena ez ardoz, baizik atsekabez.

        22. Gauza oiek esaten ditu zure Agintariak, zure Jaun eta Jaungoiko, bere erriaren alde gudatuko danak. Begiratu ezazu, oraintxe noa ni kentzera zure eskutik, kaliza lozorro emalle ori. Nere aserrearen kalizako apagiñak ez dituzu berriz edango.

        23. Nik ipiñiko det zu humillatu zaituztenen eskuan, eta zure larritasunean esan zizutenenean: Auzpeztu adi, gañetik igaro gaitezen. Eta zuk ipiñi zenduen zure gorputza zapaltzen dan lurra bezela, eta bidaztien oñazpietan dagoen bidea bezela.

 

BERROGEITA AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Jaiki zaite, jaiki zaite, o Sion; artu itzatzu zure sendotasuneko armak; jantzi itzatzu zure soñekorik ederrenak, o Jerusalen, Santuaren erria, zeren ez da onezkero berriz iragoko zure erditik zirkunzidatu gabea, eta kutsutua.

        2. Jaso zaite autsetik, jaso zaite. Ar zazu esertokia, o Jerusalen, astindu eta aurtiki ezazu zure lepotik uztarria, o Siongo alaba mendekoa.

        3. Zeren oiek esaten ditu Jaunak: Doan izan ziñaten salduak, eta dirurikan gabe erreskatatuak izango zerate.

        4. Geiago ere esaten du Jaun Jainkoak: Nere erria jetxi zan asieran Ejiptora, arrotza bezala an bizi zedin; baña Asurrek gaizki tratatu zuen berak onetarako biderik eman gabe.

        5. Eta orain zer egin bear det nik emen, esaten du Jaunak, nere erria utsagatik mendeko eginda eramana izanda gero? Beren nagusiak txit gaizki tratatzen dituzte, esaten du Jaunak, eta egun guzian aspertu gabe daude nere izenagatik gaizki esaten.

        6. Argatik etorriko da egun bat, zeñatan nere erriak ezagutuko duen nere izenaren anditasuna, zeren ni, itz egiten ziona bera, ona emen non nagoan.

        7. O zeñ ederrak diraden, Israelko mendien gañean pakea adirazi ta predikatzen dutenen oñak! Berri ona adirazten duenarenak, osasunaren berriak ematen dituenarenak, eta esaten dio Sioni: Aurki agintatuko du zure Jaungoikoak, eta zuk berarekin.

        8. Orduan adituko da zure bealarien boza; batbatean deadar egingo dute; eta kantatuko dituzte alabantzazko kantak, zeren beren begiakin ikusiko dute, nola Jaunak Sioni katiberiotik itzuli erazitzen dion.

        9. Bozkarioz bete zaitezte, eta batean kantatu zaiozkazute alabantzak Jaunari; o Jerusalengo eremuak, zeren Jaunak bere erria gozatu duen, erreskatatu duen Jerusalen.

        10. Agertu du Jaunak erreñu guztien begien aurrean bere beso santuaren gloria, eta munduko alderri guztiak ikusiko dute, gure Jaungoikoak bialtzen duen Salbatzallea.

        11. Zoazte bereala, zoazte, irten zaitezte ortikan, etzaiezu ukitu gauza kutsuturi, irten zaitezte bere erditik, garbitu zaitezte zuek Jaunaren ontziak darabiltzkizutenak:

        12. Etzerate aterako nastean, eta ez dezute ere arin iges egingo; zeren Jauna joango da zuen aurretik, eta Israelko Jainkoak bilduko zaituzte.

        13. Jakin ezazute nere serbitzaria egongo dala aditza, eta jakinduriaz betea; izango da altxatua eta goratua, eta allegatuko da gloriako erpiñera.

        14. Nola zu, o Jerusalen, izan ziñan zure galmenean, askoren izua; ala bere irudia ere agertuko da gloria gabe gizonen aurrean, eta era mezpreziagarri batean gizonen semeen artean.

        15. Berak erreñu asko intzatuko ditu; bere aurrean erregeak ixillik egongo dira; zeren beragatik ezerere adirazi etzaioten aiek ikusiko dute, eta beragatik ezerere aditu etzutenak, egongo dirade berari arretaz begira.

 

BERROGEITA AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Baña, ai! Nork sinistu du, edo sinistuko du guk emandako berria? Eta nori agertua izan zaio Mesias ori, Jaunaren besoa?

        2. Zeren bera aziko da erriaren begietan landatxo txiki bat bezela, eta moteak botako ditu, sustrai batek lur leorrean bezela: ez da irudi ederrekoa, ez argitsua. Guk ikusi degu, esaten dute, eta ez dago gure begiak beraganatzeko gauzarik, ez gure gogoari beraganontz ots egitekorik.

        3. Ikusi genduen gero mezpreziatua, eta gizonen kutsua, oñazen gizona, eta badakiana zer dan padezitzea; eta bere arpegia lotsaz eta desonraz betea bezela. Argatik ez genduen alakotzat ere iduki.

        4. Egia da berak artu zituela bere gañean gure oñazeak, eta gure penakin zamatu zala, baña guk iduki genduen orduan legenarti bat bezela, eta Jaungoikoaren eskuz zauritu eta umillatua bezela.

        5. Izanik gure gaiztakeriak gatik zauritua, eta zatitua gure obenakgatik, Jaungoikoarekin gure arteko pakea jaio bear zan kastigua, egotzi zan bere gañera, eta bere zanbroakin izan giñan gu sendatuak.

        6. Ardi barreiatuak bezelakoak izan gera gu guztiok. Bakoitzak alde egin zuen Jaunaren bidetxidorretik, bere bideari jarraitzeko, eta berari bakarrik ipiñi dio Jaunak bizkarren gañean gu guzioen gaiztakeria.

        7. Eskeñia izan zan, berak nai izan zuelako, eta etzuen bere aoa idiki. Izango da eriotzara eramana, ardia iltokira bezela, eta ixillikan egongo da, bere aoa idiki ere gabe bildotstxo, mututua dagoana bezela, moistutzen duenaren aurrean.

        8. Arturik illa izateko sentenzia gaiztoa, goira jasoa izan zan, baña bere jatorria, nork adirazi lezake? Ateratua izan da bizien lurretik. Nere erriko gaiztakerien barkaziorako zauritu det nik, esaten du Jaunak.

        9. Eta obira jetxitako ordañean, emango dio Jaungoikoak, gaiztoak ondutzea; bere eriotzaren irabazitzat gizon aberatsa idukiko du, zeren berak etzuen bekaturik egin, eta etzan ere bere itzetan marrorik egon.

        10. Eta nai izan zuen Jaunak naigabez ondatu; baña berak eskeñtzen duenean bere bizia bekatuaren doaña bezela, ikusiko du jatorri luze eta iraunkor bat, eta kunplitua izango da bere bitartez Jaunaren borondatea.

        11. Ikusiko du bere animako arazoen irabazia, eta aseko da. Justo onek beronek, nere serbitzariak, esaten du Jaunak, santutuko ditu asko bere dotrinarekin; eta ipiñiko du bere gañean beren bekatuen zama.

        12. Argatik emango diot bere anotzat erreñu talde andi bat; eta partituko ditu, sendoai arrapatutako ondasunak; zeren bere bizia eriotzara eman zuen, eta gaiztagiñakin nastua izan zan, eta guztien bekatuak bere gañean artu dituen, eta erregutu duen etsaiakgatik.

 

BERROGEITA AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Bozkariotu zaite bada zu, o soill, aurrik egiten ez dezuna: kantatu itzatzu alabantza ta bozkariozko himnoak, zuk, emakume ugaria etzeranak, zeren onezkero asko geiago dirade aurtikia izan zanaren semeak, senarra zeukanarenak baño, esaten du Jaunak.

        2. Artu ezazu toki andiago bat zure dendaentzat, eta zabaldu itzatzu albait geien zure etzauntzetako larruak, luzatu itzatzu zure sokak, eta sendotu geiago zure estakak.

        3. Zeren zu zabalduko zera eskuietara, eta ezkerretara; eta zure jatorria izango da erreñuen agintari, eta jendez beteko ditu, orain eremutuak dauden erriak.

        4. Etzaite beldur izan, etzera geldituko nastua, ez gorritua, eta ez dezu ere idukiko zergatik lotsatu; zeren zure gazte denborako lotsariaren oroipenik ere ez dezu idukiko; eta etzera gomutatu ere egingo zure alarguntasuneko desonraz.

        5. Zeren zure jabea izango da egin zinduzana, zeñaen izena dan ejerzituen Jauna, eta zure Salbatzalle, Israelko Santua, izango da deitua lur guztiko Jaungoikoa.

        6. Zeren Jaunak ots egin dizu beragana, andre aurtiki bat bezelakoa ziñanean, eta espirituz atsekabetua, bere gazte denboratik utzia izan dan andre bat bezela, esaten du zure Jaungoikoak.

        7. Egiaz une batean, denbora labur batean utzi zindudan, esaten dio Jaunak, baña orain nik bilduko zaitut nerekin, urrikaltasun andi bat egiten dedala.

        8. Nere aserreko unean alde erazi nion nere arpegiari zugandik denbora gutxi baterako; baña andikan bereala urrikaldu naiz zurekin, betiko urrikaltasunarekin, esaten du erredimitu zinduen Jaunak.

        9. Egiten det, egiten nuena Noeren egunetan, zeñi juramentoarekin eskeñi nion, ez nituela isuriko berriz lurraren gañera ugoldeko urak. Ala nik juramentu egiten dizut, ez naizala berriz aserretuko zurekin, eta ez dizudala ere geiago isekarik egingo.

        10. Mendiak mugituak, eta muñoak dardaratuak izango balirade ere, nere urrikaltasunak ez du zugandik alderik egingo, eta sendoa izango da zurekin egin dedan pakeko elkartasuna, esaten du Jaunak zurekin urrikalduta.

        11. Emakume gaxoa, anbeste denboran egon zerana itsasandiaren erdian, iñondik ere gozotasunik iduki gabe, begira ezazu, nik neronek jarriko ditut errenkan arriak, eta egingo dizut etsea (sic) zafiroen gañean,

        12. Eta egingo ditut jaspearekin zure baluarteak, eta arri landuakin zure ateak; eta arri baliotsuakin zure inguruak.

        13. Zure seme guztiak izango dirade, Jaunak berak erakutsiak, eta pakearen ugaritasunean gozatuko dirade.

        14. Eta idukiko dezu zimendutzat justizia, egongo zera iñork estutuko zaituen beldurrik gabe, eta ez dezu izango bere beldurrikan zertan iduki; eta ezda izuarenik ere, zeñak ez duen zugan tokirikan idukiko.

        15. Ona non etorriko dan nerekin ez zegoen gizon arrotza, zurekin bilduko da, beste denbora batean zuretzat arrotza zan hura.

        16. Jakin ezazu, nik egin nuela errementaria, zeñak puts egiñik auspoakin, erazekitzen dituen ikazkanborrak, egiteko erremienta bat bere lanerako; eta nik egin ere nuen iltzallea, zeñarekin gero baliatzen dan, gizonak iltzeko.

        17. Zure kontra prestatutako erremienta batek ere ez dizu gaitzik egingo; eta zuk kondenatuko dezu, juizioan zure kontra presentatzen dan mingañ guztia. Au da Jaunaren serbitzarien herenzia, eta au da, nigandik itxedon bear duten justizia, esaten du Jaunak.

 

BERROGEITA AMABOSGARREN KAPITULUA

        1. Egarriz zaudetenak, atozte guziok uretara, eta zuek dirurik ez daukazutenak, agudo ibilli zaitezte, erosi ezazute, eta jan ezazute. Atozte, erosi ezazute dirurikan gabe, eta beste ganbiakida gabe ardoa, eta eznea.

        2. Zergatik kastatzen dezute zuen dirua, janari ona ez diraden gauzetan, eta nekatzen zerate ase ezin zaitzaketen gauzan? Aditu nazazute arretaz, eta bazkatu zaitezte janari onarekin, eta zuen anima gozatuko da janaririk ederrenetan.

        3. Iduki itzatzute zur belarriak nere itzetara, eta atozte nigana, aditu nazazute, eta zuen animak bizitza arkituko du, eta egingo det zuekin betiko elkartasun bat, Dabidi egindako urrikaltasunak betetzeko.

        4. Ona emen non noan ni, bera presentatzera erriai, nere egiaren testigutzat, eta zuzentzalletzat, eta erakusletzat erreñuai.

        5. Ona emen non orduan zuk, o Jerusalen, ots egingo diozun, ezagutzen etzenduen erri jentillari; eta ezagutzen etzinduten erreñuak korrika joango dirade zugana zure Jaun Jainkoaren amorioagatik, eta Israelko Santu, gloriaz bete izango zaituenagatik.

        6. Billatu ezazute Jauna, arkitua izan litekean artean. Ots egin zaiozute, aldean dagoen artean.

        7. Utzi bizaiote gaiztoak bere bideari, eta biurriak bere asmazioai, eta biurtu bitez Jaunagana, zeñ berakin urrikalduko dan; eta gure Jaungoikoagana, zeñ txit gertutua dagoen barkatzeko:

        8. Zeren nere gogorazioak, ez dirade zuen gogorazioak; ez zuen bideak, dirade nere bideak, esaten du Jaunak;

        9. Baizik zenbat dagoen zerua goratua lurraren gañetik, ala goratzen dirade nere bideak, zuen bideen gañera, eta nere gogorazioak zuen gogorazioen gañera.

        10. Eta nola euria eta elurra jetxitzen diraden zerutik, eta ez diraden ara itzultzen, baizik bustitzen duten lurra, eta sartzen diran bere barrenen, eta girotzen duten, eman dezan azia ereitzeko, eta ogia jateko;

        11. Ala izango da nere itz, bein nere aotik ateratakoarekin, ez da utsik nigana itzuliko, baizik egingo du nik nai dedan guztia, eta egiztatuko ditu txit ederki gauza aiek, zeñatarako bialdu dedan.

        12. Argatik aterako zerate bozkarioz katiberiotik, eta egingo dezute pakean zuen bidajea Jerusalenera. Mendiak eta muñoak ariko dirade zuen aurrean alabantzazko kantak kantatzen, eta erriko zuaitz guziak emango dizute ongietorria beren besangak mugituaz.

        13. Ispiliak landare txikiaren lekuan, goratuko da abeto sendoa, eta osinaren lekuan ikusiko da azitzen arraiana, eta Jaunak idukiko ditu ordu artatik izen bat, eta siñale bat, beñere estaliko ez diradenak.

 

BERROGEITA AMASEIGARREN KAPITULUA

        1. Oiek esaten ditu Jaunak: Zaitu ezazute berdintasuna, eta egin ezazute justizia; zeren bialtzen dedan salbazioa, allegatzeko zorian dago, eta nere justizia agertzera dijoa.

        2. Doatsua arako gizona, zeñaen obrak alakoak diraden, eta gizonen seme, onetan sendo dagoena. Gordetzen duena larunbata, eta ez duena gaizki iragotzen, eta gaitzik batere egitetik, bere eskuak zaitzen dituena.

        3. Eta ez beza onezkero esan kanpotarraren semeak, fedeagatik Jaunari itsatsia dagoela. Jaunak berezitu nau bere erritik murruzko berezitze batekin, ez beza ere txikiratuak esan: Ona emen non ni zur leor, eta soill bat naizan.

        4. Zeren Jaunak txikiratuai ala esaten diote: Nere larunbatak gordetzen dituztenai, eta nik nai dedana egiten dutenai, eta irautzen dutenai sendo nere elkartasunean,

        5. Toki berarizko bat emango diet nere Etxean, eta nere murruen barrenen, eta izen bat obeagoa, semeak eta alabak emango lieketeana baño. Emango diet nik betiko izen bat, beñere aztuko ez dana.

        6. Eta kanpotarren seme, Jaunarekin biltzen diradenak, bera onratzeko, eta bere izen santua maitatzeko, eta bere serbitzari leialak izateko, larunbata gordetzen duten guziak, eta gaizki iragotzen ez dutenak, eta nere elkartasuna leialkiro zaitzen dutenak,

        7. Nik zuzenduko ditut Elizako nere mendi santura, eta nere Etxe oraziokoan bozkarioz beteko ditut. Gogokoak izango zazkit, nere aldarearen gañean eskeñtzen dizkidaten doañ eta opariak, zeren nere etxea, orazioko Etxea deitua izango dan erri guzientzat.

        8. Esaten ere du Jaun Jainko, Israelko barreiatuak biltzen dituenak: Nik berari bilduko diozkat oraindikan, egunen batean berari bilduko zaiozkanak.

        9. Zuek kanpoko pisti guztiak, basoko abere guziak, atozte arrapatua iretsitzera.

        10. Beren bealari guziak dirade itsuak, guziak ezerere ez dakitenak; txakur mutu zangarik egin ez dezaketenak; ikusketariak, lotiak, eta ames alferren zaleak.

        11. Eta txakur lotsaren piskarik gabeko oiek, ez dirade beñere asetzen. Artzaiak berak daude aditzarik batere gabe, guziak dijoaz beren bidetik alde eginda, bakoitza bere gauzaen billa andienetik txikieneraño.

        12. Atozte, esaten dute, edan dezagun ardoa, eta ederki moskortu gaitezen, eta biar ere egingo degu gaur bezela, eta asko geiago.

 

BERROGEITA AMAZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Bitartean Justoa galtzen da, eta ez dago nor konturatu dedin onen gañean bere biotzean, eta gizaseme onak arrapatuak dirade, iñork ere sentitu gabetanik, izanik Justoa mundu onetatik arrapatua, gaitzetatik bera libratua izateko.

        2. Ah! Betor bere gañera pakea, atseden beza bere tokian obra onak egiten bizi izan dana.

        3. Bitartean allegatu zaitezte zuek, Jerusalenen bizi zeratenak, azti baten semeak, aita adulterioan eroritako, eta andre bordion baten arraza.

        4. Zeñi iseka egin diozute zuek? Zeñaen kontra idiki zenduten zuen aoa, eta soltatu zenduten mingaña? Ez al zerate zuek seme madarikatuak, eta bortaen arraza?

        5. Zuek, gozatzen zeratenak beneratzean atsegin esaneziñakin zuen jainkoak, zuaitz ostotsu guzien itzalean, eskeñtzen dituzutela beren onran zuen semeak erreketan, eta aitz goratuen azpian?

        6. An errekaren aldean dago zure herenzia, an dauzkazu zure ondasunak, eta jainko oriei isuri ziñiezten libazioak, eta eskeñi ziñiezten doañak. Nola bada ez naiz aserretuko, alako gauzak ikusita?

        7. Mendi altu eta goratu baten gañean ipiñi zenduen zure oea, eta ara igo ziñan eskeñtzak egitera.

        8. Eta atearen ostean, eta ataburuaren atzean ipiñi ziñituen idoloak zure oroipenerako. Nere aldean bekatu egin dezu, artzen zenduela adulteroa; zabaldu dezu zure oea, eta berak bezelako beste batzukin oakidatu zera, beren laguntasuna lotsagabegiro maitatu dezu.

        9. lurrinakin apaindu ziñan erregeren aurrera joateko, eta ugaritu dituzu edergarri arrotzak. Bialdu ziñituen urrutira zure mandatariak, eta beerartu zera infernuetaraño.

        10. Bizi izan zera idolatratzen dezula era askotara, eta nekau zera, eta beñere etzenduen esan: Atsedena artuko det, arkitu ziñituen bizitza, eta zure gozotasunak, zure eskuetako lan idoloetan, eta argatik etzera nigana zuzendu.

        11. Zeren beldur izan ziñan alako moduan atsekabetua, non, ala faltatu dezun federa, eta etzera ere nerekin oroitu, eta etzera ere oartu zure biotzean? Ni ixillikan nengoalako, eta nik ez aditua egiten nuelako, argatik zu nerekin aztu ziñan,

        12. Baña nik ezagutueraziko det, zeñ dan zure justizia, eta utsa balioko dizute zure idoloak, zure eskuen lanak.

        13. Deadarra jasotzen dezunean kejatzen zerala, salbatu zaitzatela orduan, arako zuk bildu ziñituen erreñuetako jainkoak, baña guziak aizeak eramango ditu, desegingo ditu putz batek. Kontrara , bere itxedopena nigan ipintzen duenak, idukiko du lurra herenziatzat, eta izango da nere Mendi santuaren jabe.

        14. Orduan esango det nik: idiki ezazute bidea, eman ezazute iragotzeko tokia, garbitu ezazute bidetxidorra, kendu itzatzute beaztopogaiak nere erriaren bidetik.

        15. Zeren oiek esaten ditu Goratuak, eta Jaungoiko altu betikoiraunean bizi danak, eta zeñaen izena dan Santua, goietan eta Santuarioan, eta biotz damutu eta umillatuan bizi danak, biztutzeko umildeen espiritua, eta damututa daudenen biotzai bizitza emateko.

        16. Zeren ez naizan beti egongo bengatzen, eta ez diot ere atzeneraño irauneraziko nere aserreari; zeren nere aotik espiritua atera zan, eta nik egin nituen animak.

        17. Bere zikoiztasun madarikatuagatik ni aserretu nintzan, eta azotatu nuen; ezkutatu diot nere arpegia, eta sumindu nintzan, eta bera joan zan orra, ta onara bere biotzeko guraen ondorik.

        18. Nik ikusi nituen bere ibillerak, eta osasuna eman nion, eta ekarri nuen bide onera, eta eman niozkan nere gozotasunak, ala berari, nola, negarrez zeuden, bereai.

        19. Pakea egin det, nere ezpañen frutua; pakea urrutian dagoenarentzat, eta pakea aldean dagoenarentzat, esaten du Jaunak, eta guziak sendatu ditut.

        20. Baña gaiztoak dirade, itsas nastu, bare egon ezin litekean bat bezelakoak, zeñaen bagak gañez eginda botatzen duten loia eta zikinkeria.

        21. Gaiztoentzat ez dago pakerik, esaten du Jaun Jainkoak.

 

BERROGEITA EMEZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Deadar egin ezazu bada, o Isaias, etzaite ixildu. Ots egin erazi zaiozu zure bozari tronpeta bati bezela, eta agertu zazkiozu nere erriari bere gaiztakeriak, eta Jakoben etxeari bere bekatuak;

        2. Egunoro galdetzen didaten ezkero, juizioan bezela, eta jakin nai dituzten ezkero nere erabakiak. Txit ongi bizi izan dan, eta bere Jaungoikoaren legea utzi ez duen jende batek bezela, ala eskatzen didate nere justiziaren erabakien arrazoia, eta Jaungoikoagana alderatu nai dute.

        3. Nola da barau egin degula, esaten diote Jaunri, eta zuk ez diguzula begiratu, umillatu ditugula gure animak, eta ez aditua egiten dezula? Da, erantzuten du Jaungoikoak, zeren baru egiten dezuten egunean bertan egiten dezutelako gogoak ematen dizuten guzia, eta orduan artzeko diezuten guziai gogorrean eskatzen diezutelako.

        4. Da zuek barau egiten dezutelako jarraitzeko auziai, eta erriertai, eta bestea ukabilka urrikaltasunikan gabe zauritzeko. Ez ezazute berau egin gaurko eguneraño bezela, nai badezute zuen deadarrak goian adituak izan ditezen.

        5. Nik estimatzen dedan barauan al dago, gizon batek mortifikatzean bere anima egun batean, edo erabiltzean bere burua biurtuta inguru bat egiteko zorian, edo egotean etzinda zilizio, eta autsaren gañean? Oni deituko al diozu zuk baraua, eta Jaunaren gogoko eguna?

        6. Ez al da nik estimatzen dedan baraua desegin ditzatzula kontratu gaiztoak, garbitu ditzatzutela lukuruzko irabazi menderatzen dutenak, utzi dizaiezutela pakean maieak autsi dituztenai, eta kendu dezazutela kotiz guztia?

        7. Egin dezazula gose dana zure ogiaren partale, eta beartsuak eta etzatokirik ez daukatenak eraman ditzatzula zure etxera, eta jantzi dezazula billosik ikusten dezuna, eta ez dezazula zure aragia mezpreziatu?

        8. Au egiten badezu irtengo da zure argia egunsentia bezela, eta aurki sendatuko zera, eta zure aurretik joango da beti zure justizia, eta Jaunaren gloriak bilduko zaitu.

        9. Orduan ots egingo dezu, eta adituko zaitu Jaunak, deadar egingo dezu, eta berak esango dizu: Emen naiz. Aurtikitzen badezu katea zugandik urrutira, eta utziko baziñio beatza luzatzeari, eta bear ez dana itz egiteari,

        10. Idikitzen dituzunean zure erraiak gosetsuari laguntzeko, eta gozatzen dezunean anima naigabetua, orduan jaioko da zuretzat argia illuntasunetan, eta zure illuntasunak izango dirade egunaren erdia bezela.

        11. Eta Jaunak emango dizu betiko atsedena, eta zure anima argitasunez beteko du, eta sendotuko ditu zure ezurrak, eta izango zera baratza, ur ugaria daukana bezela, eta ur jario beti irautzen duen bat bezela, zeñaen urak beñere ez diraden leortuko.

        12. Denbora txit luzetik eremutuak zeuden tokiak izango dirade zuk erri biurtuak. Jasoko dituzu zimendu batzuek, mendez mende iraungo dutenak; eta ots egingo dizute murruen berriztatzallea, eta bideak paketsuak jartzen dituena.

        13. Utziko baziñio larunbateko egunean bidean ibiltzeari, eta zure borondatea egiteari nere egun santuan, eta ots egingo baziñio larunbatari atsedeneko, eta Jaunaren gloriari konsagratutako eguna, eta zelebratuko bazeneza lengo bideetara itzultzen etzerala, egin ere gabe zure gurak, eta aspertu ere gabe itzakin bakarrik.

        14. Orduan idukiko dituzu zure gozatasunak Jaunagan, eta nik jasoko zaitut lurreko altura guzien gañera; eta zu bazkatzeko emango dizut Jakob zure aitaren herenzia, zeren au guzia dago Jaunaren aoz lendanaz adirazia.

 

BERROGEITA EMERETZIGARREN KAPITULUA

        1. Begira ezazute ez dala laburtu Jaunaren eskua, berak salbatu ez dezakean; eta etzaiozka ere astundu bere belarriak aditu ez ditzakean zuen deadarrak,

        2. Baizik zuen gaiztakeriak jarri dute berezituerako murru bat zuen artean, eta zuen Jaungoikoaren artean; eta zuen bekatuak itzulierazi diote zuekgandik bere arpegia, ez zuek adituteko.

        3. Zeren zuen eskuak odolez kutsutuak dauden, eta gaiztakeriaz beteak zuen beatzak; zuen ezpañak gezurra baño besterik ez dute esaten, eta zuen mingañak bakarrik dauzka gaiztakeriako itzak.

        4. Ez dago justiziagatik deadar egiten duenik, ez dago egiarekin juzgatzen duenik, baizik guziak beren itxedopena utsean ipintzen dute, eta beren aoan daukate urgulleria. Ideatu zuten lana, eta eman zuten gaiztakeria.

        5. Idikierazi dituzte sugalotariaren arraultzak, eta beren arazoakin eo zituzen armiarmaren eutak. Arraultza aietatik jaten duena ilko da; eta ersuga bat da irtengo dana txitorik jaiotzen bada.

        6. Ez dirade onak izango soñekoetarako bere telak; eta ezin estaliko ere dirade bere lanakin. Egiten dituzten lanak, lan alperrak dirade, zeren eskuen artean daukatena, gaiztakeriako obra da.

        7. Beren oñak korrika dijoaz gaiztakeriara, eta agudo dabiltza odol obengabea isurtzeko, gogorazio kaltegarriak dirade beren gogorazio guztiak. Iragotzen diraden toki guzietan ondamena eta atsekabea utzitzen dute.

        8. Ez dute ezagutzen pakeko bidetxidorra, eta beren pausoak ez dijoaz zuzenduak justiziarontz. Okerrak dirade beren bidetxigorrak, eta beretatik dabillan edozeñek, ez daki zer dan pakea.

        9. Argatik urrutiratu zan gugandik erabaki zuzena, eta justiziak ez gaitu bere besartean laztanduko. Argia itxedotzen degu, eta ona emen non arkitzen geran illuntasunakin, egunaren argitasuna, eta ona non gabiltzan bidean illuntasunetan.

        10. Goaz ukituaz paretak, itsuak bezela; eta gabiltza itsumustuka, begirik ez bageneuka bezela. Egunaren erdian beaztopo egiten degu, gauaren erdian begeunde bezela. Toki illunetan gaude, illak obietan bezela.

        11. Guk guziok artzak bezela orroa egiten degu, eta gogoan erabillirik gure bekatuak, suspirioka gaude usoak bezela. Justiziaren zai gaude, eta bera ez da agiri, osasuna allegatu dedin, eta au gugandik urrutiratu da.

        12. Eta da, o Jauna, gure gaiztakeriak zure aurrean ugaritu diradelako, eta gure bekatuak testigantza ematen ari dira gure kontra; gure gaiztakeriak gugan dirauten ezkero, eta ongi ezagutzen ditugu gure obenak.

        13. Bekatu egin degu, eta gezurrak esan ditugu Jaunaren kontra, eta atzea eman degu, gure Jaungoikoari ez jarraitzeagatik, eta bai bestera gezurrak asmatzeko, eta gaiztakeriak egiteko asmatzen ditugu, eta ateratzen ditugu biotzetik gezurrezko itzak.

        14. Eta ala erabaki zuzena atzera biurtu da, eta justizia gelditu da gugandik urrutian, ikusirik egia lurretik dabillala tribunaletan, eta zuzentasunak ez duela sarrerarik arkitu.

        15. Eta egia aztuta gelditu zan, eta gaitzetik alde egin zuena gelditu zan gaiztoak arrapatua. Ikusi zuen au Jaunak, eta zauritu ziozkan begiak, onezkero justiziarik ez egoteak,

        16. Eta ikusi zuen, etzala onezkero gelditzen gizon onik; eta arritu zan ez arkitzeaz nor bitarteko jarri zedin; eta besoan bertan arkitu zuen osasuna, eta bere justizia izan zan sendotu zuena.

        17. Jarri zan armatua justiziarekin fletxatoki batekin bezela, eta ipiñi zuen buruan osasuneko burantza; bengantza da soñekoa, zeñarekin jantzitzen dan, eta zeloa da, bera estalitzen dan mantua.

        18. Aterako da prestatua bengatzeko, eta bere etsaien gañean diña diraden aserrea egotziteko, eta bere kontra dabiltzatenai ordañ justoa emateko. Berak tratatuko ditu ugarteak, diña diran eran.

        19. Onenbesterekin Sartaldean dauden erriak Jaunaren izen santuaren beldur izango dirade; eta Sortaldekoak beneratuko dute bere gloria ta anditasuna; datorrenean arin dijoazen ibai bateko urak bezela, Jaunaren Espirituak sakatuta,

        20. Allegatu dedin artean Salbatzalle, erredimituko duena Sion, eta arako Jakoben seme, bekatutik itzultzen diradenak, esaten du Jaunak.

        21. Eta au da nere elkartasun berria berakin, esaten du Jaunak, nere espiritu zugan dagoena, eta zure aoan nik jarri nituen nere itzak, ez dute alderik egingo zure ezpañetatik, esaten du Jaunak, ez zure semeen aotik, ez zure illoba txikien aotik oraindandik beñere.

 

IRUROGEIGARREN KAPITULUA

        1. Jaiki zaite, o Jerusalen, artu ezazu argia, zeren zure argigillea etorri dan, eta zure gañean jaio dan Jaunaren gloria.

        2. Zeren ona emen non lurra egongo dan illuntasunez estalia, eta erreñuak argirikan gabe; zure gañean berriz Jauna jaioko da, eta bere gloria ikusiko da zugan.

        3. Eta zure argitan ibilliko dira jendeak bidean,eta Erregeak zure jaiotzaren argitasunean.

        4. Zuzendu itzatzu zure begiak zure inguruetara, eta begiratu ezazu. Oriek guziok bildu dira zugana etortzeko. Urrutitikan etorriko dira zure semeak, eta zure alabak aldamen guztietatik zugana zuzenduko dira.

        5. Orduan ikusiko zera ugaritasunean; zure biotza arrituko da, eta zabalduko da, zurekin biltzera datoztenean asko erreñu itsasoaren beste aldamenetikan, zugana datoztenean erri almentsuak.

        6. Ikusiko zera Madian eta Efako gamelu eta dromedario talde andi batez betea, Sabeotar guztiak etorriko dira ekartzera zuri urrea eta inzensoa, eta zabalduko dituzte Jaunaren alabantzak.

        7. Bilduko dira zuretzat Zedarko artalde guztiak, Nabaiotko ariak izango dira zu serbitzeko. Nere proposizioko aldarearen gañean izango dirade eskeñiak, eta nik egingo det gloriaz betea nere anditasuneko Etxea.

        8. Zeintzuk dirade oiek egan egiten dutenak odeiak bezela, eta usoak bezela beren kabietara?

        9. Badakit, esaten du Jaunak, neri itxedotzen daudela ugarteak, eta itsasoko ontziak asieratik, ekarri ditzadan urrutiko alderrietatik zure seme berriak, eta berakin beren zillarra ta beren urrea, zeñ konsagratzen dioten zure Jaun Jainkoaren izenari, eta Israelko Santu, gloriaz bete zaituenari.

        10. Orduan arrotzen semeak zure murruak egingo dituzte, eta beren erregeak zure serbitzariak izango dirade; zeren baldin aserretua nengoanean atsekabetu bazindudan, orain adiskidetuta, egiten det urrikaltasuna zurekin.

        11. Eta zure ateak beti idikiak egongo dira; ez gauaz ez egunaz ez dira itxiko, ordu guztietan sartua izan ditekean zugan erreñuen aberastasuna, beren erregeakin batean.

        12. Zure mendean jartzen ez dan erri ta erreñu guzia, galdua izango dan ezkero, eta alako jendeak izango dira desegiñak, eta arrasatuak.

        13. Zugana etorriko dirade Libanoko gauzarik ederrenak, eta abetoa, eta ezpela, eta pinua nere Santuarioa apaintzeko, eta nik gloriaz beteko det, nere oñak ipiñiko ditudan tokia.

        14. Eta makurtuta zugana etorriko dira zu umillatu zindutenen semeak, eta muñ egingo diote zure oñen aztarnai, iseka egiten zizuten guztiak, eta ots egingo dizute Jaunaren erria, eta Israelko Santuaren Siona.

        15. Egon ziñalako zu utzia eta gorrotatua, eta etzegoala nor igaro zedin zutatik, nik egingo det izan zaitezela gizaldien gloria, eta geroko mende guzien bozkarioa.

        16. Eta bazkatuko zera erreñuen eznearekin, eta aziko zera erregeen titiarekin, eta ezagutuko dezu ni naizala salbatzen zaituen Jauna, zure Erredentorea, Jakoben sendoa.

        17. Kobrearen lekuan, urrea ekarriko dizut, eta zillarra burniaren lekuan, eta zuren lekuan kobrea, eta arrien lekuan burnia, eta jarriko det zure gobernaritzat pakea, eta zure agintaritzat justizia.

        18. Ez da onezkero aditu ere egingo zure lurrean gaiztakeria, ez ondamenak, ez zure mugen barrenen zauria; baizik beti osasunak erreñatuko du zure murruen barrenen, eta zure ateetan adituko dirade alabantzazko kantak.

        19. Ez dezu onezkero idukiko eguzkiaren premiarik argi egin dizazun egunaz, eta ez dizu illagiak ere argi egingo; baizik Jauna bera izango da zure betiko argia, eta zure gloria zure Jaungoikoa bera.

        20. Iñoizere ez da sartuko zure eguzkia, eta ez du ere izango zure illargiak ilberarik; zeren Jauna izango da zuretzat zure betiko argia, eta iragoak izango dirade onezkero zure proguko egunak.

        21. Zure erria egingo dute justu guztiak, izanik nik ipinitako muskill batzuek, nere eskuetako lana, ni gloriaz betea izan nadin.

        22. Beretatik txikienak milla balioko ditu, eta aurtxoak erreñu txit sendo bat. Nik Jaunak au guziau egingo det, denbora allegatzen danean.

 

IRUROGEITA BATGARREN KAPITULUA

        1. Onetarako atseden du nigan Jaunaren espirituak, zeren Jaunak igortzi nau, eta bialdu nau ebanjelioa predikatzera otsenai, sendatzeko biotz damutua daukatenak, eta adirazitzera aukera mendekoai, eta libratuak izatea karzelan daudenai.

        2. Publikatzera Jaunarekin adiskidetutzeko urtea, eta gure Jaungoikoaren bengantzako eguna. Nik gozatu ditzadan negarrez dauden guztiak,

        3. Zaitzeko Siontar negarrez daudenak, eta emateko berai gloriako koroa bat, beren buruak estalitzen dituen autsezkoaren lekuan; egun andi eta pozezkoetako olioa lutuaren lekuan; gloriako soñeko bat, beren espiritu atsekabezkoaren lekuan; eta bertan biziko diradenak deituak izango dirade errutsuak justizian, Jaunak ipiñitakoak bere gloriarako.

        4. Zeñak berriz jendez beteko dituzte, anziñako denboretatik eremutuak dauden tokiak, eta jasoko dituzte anziñatik eroriak zeuden etxeak, eta berriz egingo dituzte basomortu biurtuta gizaldi askotatik onara anima gabe zeuden erriak.

        5. orduan etorriko dira jende arrotzak, eta zuen abereak bazkatuko dituzte; eta kanpotarren semeak izango dira zuen nekazariak, eta mastizaitzaleak.

        6. Zuek ordea deituak izango zerate Jaunaren apaizak. Zuei emango zatzute Jaungoikoaren Ministroen izena; erreñuen sendotasunarekin bazkatuak izango zerate, eta onratuak beren gloriarekin.

        7. Zuen bi alditan anbateko eragabetasun eta lotsaren lekuan, eskerrak emango dituzute tokatzen zatzuten herenziaren zatiagatik; argatik izango zerate zuen lurrean, bi alditan anbaten anoaren jabe, eta zuen gloriak beti iraungo du.

        8. Zeren ni naiz, justizia maitatzen dedan, eta lapurreta holokaustoan konsagratua gorrotatzen dedan Jauna; eta nik ordainduko ditut leialkiro beren obrak; eta egingo det berakin betiko elkartasuna.

        9. Eta berezitua izango da errien artean beren arraza, eta beren jatorria erreñuen erdian. Ikusten dituzten guztiak beriala ezagutuko dituzte, berak Jaunaren jatorri bedeikatua diradelko.

        10. Ni poztuko naiz bozkariorik andienarekin Jaunagan, eta nere anima gozotasunez betea izango da nere Jaungoikoagan; zeren berak osasuneko soñekoarekin jantzi nauen, eta estali nau justiziako mantuarekin, girnaldaz edertutako esposo bat bezela, eta bere soñeko ederrakin apaindutako esposa bat bezela.

        11. Zeren nola lurrak ematen dituen bere landareak, eta jardinak erneerazitzen dion, bertan erein dan aziari; ala Jaun Jainkoak loretueraziko diozkate bere justiziari eta bere gloriari, erreñu guztien begien aurrean.

 

IRUROGEITA BIGARREN KAPITULUA

        1. Ez naiz bada ni ixillik egongo. Aspertu gabe erregutuko det Sionen alde; eta Jerusalenen amorioz ez det atsedengo aliketa bere Justoa jaio dedin artean egunaren argia bezela, eta dist egin dezala bere Salbatzalleak zuzi argitsu baten gisara.

        2. Erreñuak, o Jerusalen, ikusiko dute zure Justoa; eta errege guziak zure Salbatzalle gloriaz betea, eta ipiñiko zatzu izen berri bat, Jaunak bere aoz esango duena.

        3. Eta izango zera orduan gloriako koroa bat Jaunaren eskuan; eta errege diadema bat zure Jaungoikoaren eskuan.

        4. Onezkero aurrerakoan etzera deitua izango, Utzia, eta zure lurrak ere ez du idukiko Eremuaren izena, baizikan deitua izango zera nere Maitea; eta zure erria jendez betea, zeren Jaunak ipiñi ditu zugan bere gozotasunak, eta zure erria jendez betea egongo da.

        5. Zeren nola pakean ta bozkarioz bizi dan galai bat, bere esposatzat autu zuen donzellarekin, ala biziko dirade zugan zure semeak, eta nolakoa dan esposoaren eta esposaren bozkarioa, ala izango zera zu, zure Jaungoikoaren bozkarioa.

        6. Zure murruen gañean, o Jerusalen, bealariak ipiñi ditut. Egun guztian eta gau guztian beillan egongo dirade, ez dirade iñoiz ere ixilduko. Zuek bada, Jaunaren oroipena egiten dezutenok, etzaitezte egon ixillikan,

        7. Eta etzaitezte egon itzik egin gabetanik bere aurrean. Erregutu zaiozute aliketa berriz jarri dezan artean Jerusalen, eta aliketa ipiñi dezan artean lurrak alabantzak zuzentzen diozkala.

        8. Jaunak juramentu egin du, bere eskuieagatik, eta bere beso sendoagatik, esaten duela: Ez det berriz zure garia emango zure etsaiak bazkatzeko, eta ez diote ere aurrerakoan arrotzak edango zure ardoa, zure lanaren irabazia:

        9. Baizik garia biltzen dutenak jango dute, eta bedeikatuko dute Jauna, eta ardoa ekartzen dutenak edango dute nere tenplo santuko atarietan.

        10. Atera zaitezte, bada, atera zaitezte Jerusalengo ateetatik kanpora, prestatu zaiozute bidea erriari, lautu zaiozute bidetxigorra, alde itzatzute andikan arriak, eta jaso ezazute estandartea errientzat.

        11. Ona emen non Jaunak agindu duen adirazi erazitzeko oiek lurraren mugetaraño, eta esan dizaiotela Siongo alabari: Begiratu ezazu, zure Salbatzallea badatorrela, begira ezazu nola dakarren berarekin Saria, eta daukan bere aurrean ordaña bere serbitzarientzat.

        12. Orduan zure semeak deituak izango dirade, Jaunaren erredimituak. Eta zuri deituko dizute, guztiak nai zaituzten Erria, eta ez Utzia.

 

IRUROGEITA IRUGARREN KAPITULUA

        1. Zeñ da ori, datorrena Edomdik, eta Bosratik soñekoak odolez bustita dauzkala? Ori, ain panparroia, bere jantzitako eran, eta zeñaen ibiltzeko moduan agertzen dan bere sendotasun andia?

        2. Zergatik bada dago gorria zure soñekoa, eta jantzia dolarean mendaina zapaltzen dutenena bezelakoa?

        3. Nik bakarrik zapaldu det dolarea, jendeen artetik iñor ere nerekin egon gabetanik. Zapaldu nituen etsaiak nere sumintasunean, eta erabilli nituen oñazpian nere aserrearekin, eta bere odolak txipristindu zuen nere soñekoa, eta kutsutu nuen nere jantzi guztia.

        4. Zeren ona emen nere biotzean izendatutako eguna bengantza artzeko. Allegatua da onezkero nereak erredimitzeko denbora.

        5. Begiratu nuen inguruetara, eta etzegoan nor etorri neri laguntzera. Billan ibilli nintzan, eta ez nuen arkitu iñor, neri laguntzeko, eta bakarrik salbatu ninduen nere besoak, eta artu nuen aserreak, orrek iraunerazi zidan.

        6. Eta nere sumintasunean erabili nituen oñazpian erriak, eta beren odolez moskortu nituen nere aserrean, eta beren indarrak lurrera bota nituen.

        7. Ni Jaunaren urrikaltasunakin oroituko naiz, eta Jauna alabatuko det gure alde egin dtuen gauza guztiakgatik, eta Israelko etxeari egindako bere mesedeen ugaritasunagatik, bere biguñtasunaren, eta bere biotzberaatasunen talde luzeen araura.

        8. Zeren berak esan zuen: Atzenean ere nere erria da au, nere semeak dirade, ez didate onezkero faltatuko leialtasunean, eta onenbesterekin beren salbatzalle egin zan.

        9. Eta gertatu zatzazkien atsekabe guzietan, beñere etzan Jauna aspertu berak libratzeaz, baizik bere aurrean dagoen aingeruak salbatu zituen. Eta berak, zien amorioagatik, eta bere biotzeko biguñtasunagatik erredimitu zituen, eta gañean eraman zituen, eta goratu zituen denbora guztian.

        10. Baña berak aserretu erazi zioten, eta tristetu zuten bere Santuaren espiritua, eta Jauna etsai biurtu zaien; eta berak desegin zituen.

        11. Baña gero laister oroitu zan anziñako denborakin; Moisesekin eta bere erriarekin. Non da orain, esan zuen, itsaso gorritik atera zituena berak, eta bere artaldearen artzaiak ziradenak? Non da, beren erdian bere Santuaren espiritua ipiñi zuena?

        12. Non, Moisesen eskuietik jarrita Ejiptotik atera zituena bere beso txit sendoarekin, beren aurrean itsasoko urak berezitu zituena, zeñarekin irabazi zuen betiko izen bat?

        13. Zuzendu zituena itsasoko ondarren erditik, egiten dan bezela zaldi bizkor ta indartsu batekin eremuko toki lau batean, beaztoporikan batere gabe?

        14. Nola eramaten dan asto bat kanpoko lurretik beera, ala eraman zituen Jaunaren espirituak. Ala, o Jaungoikoa, zu izan ziñan zure erriaren zuzentzallea, izen gloriaz betetako bat irabazteagatik.

        15. Aditu gaitzatzu arren, o Jauna, zerutik, eta aurtiki ezazu begirakune bat guganontz, bizi zeran toki santutik, eta zure gloria dagoen lekutik. Non dago orain zure zeloa,eta zure sendotasuna, zure erraien biguñtasuna, eta zure urrikaltasun andia? Zergatik ez dauzkazu nerekin?

        16. Alaere zu zera gure Aita egiazkoa; zeren Abrahamek ez ginduen ezagutu; eta Israelek etzuen gure berririk batere jakin. Bai, zu, o Jauna, zera gure Aita, gure Salbatzallea; au da zure izena betiko iraunetikan.

        17. Eta, zergatik, o Jauna, utzi ziñigun zure bidetik alde egiten? Zergatik laketu zenduen gure biotza gogortu zedilla alako moduan, non, allegatuko giñan zure beldur santua galtzera? itzuli zaite gugana zure serbitzarien, eta zure herenziako tribuen amorioagatik.

        18. Zure erria, zure aurrean ezerere ez balitza bezela, jabetu dirade berarekin gure etsaiak, oñazpian erabilli dute zure santuarioa.

        19. Itzuli gera izatera asieran bezelakoak, zu gure jabe izanda gelditu ziñan baño lenago, eta zure erriaren izena eraman genduen baño lenago.

 

IRUROGEITA LAUGARREN KAPITULUA

        1. Arren bada urratuko baziñitu zeruak, eta jetxiko baziña! Zure aurrean urtuko lirake mendiak,

        2. Ezereztuko lirake suzko labe batean bezela, urak egongo lirake izekiak garrak bezela, agertua izan zekioten zure izena zure etsaiai, eta dardaraz jarri zitezen zure aurrean erreñuak.

        3. Zuk egiten dituzunean mirari oiek, ezin sufrituko ditugu. Zerutikan jetxi zera, eta mendiak urtu dira ikusi zaituztenean.

        4. Mundua mundu danetik onara, beñere iñork ez du konprenditu, ez belarri batek ere aditu, ez begi batek ere ikusi du, baizik zuk bakarrik, o Jaungoikoa, prestatuak dauzkazun gauzak zure zai daudenentzat.

        5. Zu atera ziñien bidera zugan poztutzen diradenai, eta justizia obrakin erakusten dutenai, baita ere ibillirik pozik zure bideetatik, zurekin oroitzen diradenai. Baña zu orain aserretua zaude gure kontra, bekatu egin degulako, bekatuetan egon giñan beti nastuak, eta alaere zure urrikaltasunagatik, salbatuak izango gera.

        6. Gu guztiok egiñak izan gera legenarti zikin bat bezelakoak, eta oial likits eta nazkagarri bat bezela gure justifikazioko obra guziak; eta gure gaiztakeriak aize bunbada andi batek bezela indarrez eraman eta barreiatu gaitu.

        7. Ez dago zure izenari ots egiten dionik. Ez dago nor jaiki bitarteko jartzeko, eta zu geldirik idukitzeko. ezkutatu diguzu zure arpegia, eta gure gaiztakerien kontra joerazi, ta zatitu gaituzu.

        8. Orain bada, ongi Jauna, zu zera gure aita, gu gera buztiñia, eta zu eltzegillea. Guziok gera zure eskuetako lanak.

        9. Etzaite, o Jauna, geiegi aserretu; eta etzaite ere berriz oroitu gure gaiztakeriarekin. Begira ezazu, ta aditu, guziok gerala zure erria.

        10. Eremutua gelditu da zure Santuarioko erria. Sion dago basomortu bat eginda, Jerusalen arrasatua dago.

        11. Gure santutuerako eta gure gloriako Etxea, non gure gurasoak kantatu zituzten zure alabantzak, dago auts montoi bat eginda, eta gure anditasun guztiak galmen biurtu dira.

        12. Eta zu, Jauna, alako gauzak ikusita, geldirik egongo zera? Jarraituko diozu ixillik egoteari, eta alako modu garratzean gu aflijitzeari?

 

IRUROGEITA BOSGARREN KAPITULUA

        1. Etorri dirade nere billan, len nigatik galdetzen etzutenak, arkitu naute billatzen ez nindutenak. Nik esan diot nere izenari ots egiten etzion erreñu bati: Emen nago, ona emen non naukazun.

        2. Egun guztian luzatu nituen nere besoak erri sinisgogor, bide onetik ez dabillan, baizik bere guraen ondoren dijoan batganontz,

        3. Erri bat arpegiz arpegi beti neri aserretu erazitzen ari dan batganontz, gizon batzuek doañak eskeñtzen dituztenak baratzetan, eta egiten dituztenak opariak adrilluakin egindako aldareen gañean.

        4. Sartzen diradenak obietan, lo egiten dutenak idoloen tenploetan, jaten dutenak urdearen aragia, eta botatzen dutenak beren katilluetan salda galerazia.

        5. Esaten diotenak besteai: Alde egin ezazu nigandik, etzadazu ukitu, zeren zu zikiña zeran. Oiek guziok kedi biurtuko dirade nere sumintasuneko egunean, beti izekia egongo dan suan.

        6. Jakin ezazute, esan dana eskribatua daukadala nere aurrean. Argatik ez naiz ixillik egongo, esaten du Jaunak, baizik biurtuko diet ordaña, eta saria beren kolkoan ipiñiko diet,

        7. Beren gaiztakerien, eta beren gurasoen gaiztakerien ordaña batean, zeñak eskeñi zituzten doañak mendien gañean, eta muñoen gañean desonratu ninduten. Nik isuriko det semeen kolkoan, gurasoen anziñako obrai zor zaien saria.

        8. Alaere oiek esaten ditu Jaunak: Grano on bat arkitzen danean bezela mordo usteldu batean, eta esaten danean: Ez ezazu alperrik galdu; zeren dan bedeikazio bat, edo Jaungoikoaren doaña. Au bera egingo det nik nere serbitzarien amorioz, ez det arras galduko Israel.

        9. Baizik aterako det Jakoben jatorriaren artetik, eta Judatik nork agintatuko duen nere mendien gañean. Eta Siongo lur au izango da nere autuen herenzia, eta bertan biziko dirade nere serbitzari leialak;

        10. Eta landak izango dirade artaldeen saretetxeak, eta Akorgo ibai ugarian etzango dira nere erriko abere andiak, nere ondoren joan diradenenak.

        11. Baña zuek, Jauna utzi zendutenak, nere mendi satu Sionekin aztu ziñatenak, prestatu ziñiotenak mai bat Fortunaren idoloari, eta bere gañean libazioak isurtzen dituzutenak;

        12. Ni joango naiz ipiñiaz zuek banan banan nere ezpataren puntan, eta eriote onetan guziok galduko zerate, nik ots egin nizuten ezkero, eta zuek etziñidaten erantzun; itz egin nizuten, eta etzenduten aditu, eta nere begien aurrean gaiztakeriak egiten ziñituzten, eta autu dituzute ni aier nintzaien gauzak.

        13. Argatik oiek esaten ditu Jaun Jainkoak: Jakin ezazute, nere serbitzariak jango dutela, eta zuek egongo zeratela gosez, nere serbitzariak edango dutela, eta zuek egongo zeratela egarriz.

        14. Nere serbitzariak bozkarioz egongo dirade, eta zuek egongo zerate lotsatuak. Eta jakin ezazute atzenik, nere serbitzariak beren biotzetako pozaren indarrez ariko diradela alabantzazko himnoak kantatzen; eta zuek zuen biotzeko penagatik deadar andiak egingo dituzutela, eta alarauak eman eraziko diozkazutela animako atsekabeak.

        15. Eta utziko diezute madarikazioz estalia zuen izena nere autuai. Jaun Jainkoak ilko zaitu, o Israel, eta bere serbitzariai beste izen batez ots egingo die:

        16. Eta izen onetan bedeikatua dana lurraren gañean, Jaungoiko egiazkoak bedeikatua izango da; eta juramentu egiten duenak lurraren gañean, Jaungoiko egiazkoaren izen onegatik juramentu egingo du, zeren leengo atsekabeak aztuta gelditu dira, eta ezkutatu dirade nere begietatik.

        17. Zeren ona emen non ni noan egitera zeru berriak, eta lur berria; eta lenbiziko gauzen oroipenik ez da geiago egingo, ez da berakin gogoratu ere.

        18. Baizik poztuko zerate, eta gozatuko zerate beti, egitera noan gauzetan; bada ona non nik egingo dedan Jerusalen pozezko erria, eta bere erria, gozotasuneko erria.

        19. Eta ipiñiko ditut nik nere gozotasunak Jerusalenen, eta arkituko det nere bozkarioa nere errian. Beñere ez da adituko bertan negarraren, ez suspirioaren boza.

        20. Ez da an berriz ikusiko egun gutxitan bizi dan aurrik; ez zarrik bere bizitzako denbora kunplitzen ez duenik; zeren aurren iltzen danak eun urte idukiko ditu; eta bekataria, edo eun urtean bizi ez dana, madarikatua bezela idukia izango da.

        21. Eta etxeak egingo dituzte, eta biziko dirade beretan; eta ipiñiko dituzte mastiak, eta beren frutuak jango dituzte.

        22. Ez da gertatuko berak etxeak egin eta beste batzuek beretan bizitea; eta ez dituzte ere landareak ipiñiko, beste batzuek jan dezaten; zeren nere erriaren egunak iraunkorrak izango dirade, bizitzako zuaitzaren egunak bezelakoak, eta beren eskuen obrak denbora luzean iraungo dute.

        23. Ez dirade alperrik nekatuko nere autuak, ez dituzte ere idukiko atsekabeak ematen diezten semeak; zeren ala berak, nola beren illoba txikiak, Jaunaren jatorri bedeikatua dirade.

        24. Eta berak deadar egin baño lenago, nik adituko ditut, oraindikan aoan itza dutela daudenean, nik emango diet eskatzen didatena.

        25. Otsoa eta bildotsa batean bazkatuko dirade, leoiak idiak bezela lastoa jango du: sugearen janaria autsa izango da. Ez da izango nork kalterik egin dezan, ez iñor ilko duenik ere nere mendi santu guztian, esaten du Jaunak.

 

IRUROGEITA SEIGARREN KAPITULUA

        1. Oiek esaten ditu Jaunak: Zerua da nere esertoki goratua, eta lurra nere oñen peadiña. Nolakoa da bada zuek neretzat egingo dezuten etxea, eta zeñ nik nere egonlekua ipiñiko dedan toki hura?

        2. Gauza guzi oiek nere eskuak egin zituzten, eta guztiak dirade nere obra, esaten du Jaunak. Eta, zeñgan ipiñiko ditut nik nere begiak, beartsutxoan, eta biotz damutuan, eta nere itzak beldurrez aditzen dituenean baizik?

        3. Idi bat ill, eta eskeñtzen didana, gizon bati bizia kentzen diona bezelakoa da bildots bat eskeñtzen duena, da txakur bati burua ebakitzen diona bezelakoa. Eskeñtza bat egiten duena, da urde baten odola aurrean jartzen didana bezelakoa. Neri inzensoa eskeñtzeko oroitzen dana, da idolo bat bedeikatzen duena bezelakoa. Egiaz nere legean galerazitzeko gauza guzi oiek autu dituzte berak, beren guraen erara, eta beren aminak ipiñi ditu bere atsedenak gauza nazkagarri oietan.

        4. Argatik ni ere gozatuko naiz, berai irri egitean, eta egingo det gertatu dizaieztela beldur zitzaiezten gauza doakabeak, deitu nuen ezkero, eta etzan ezkero egon nork erantzun; itz egin nuen, eta ez ninduten aditu, eta egin zituzten gaiztakeriak nere begien aurrean; eta nai izan dute, nik gaiztotzat ematen nuena.

        5. Aditu ezazute Jaunaren itza zuek beldurrez entzuten dezutenak. Zuen anaia, gorrotatzen zaituztenak eta botatzen zaituztenak nere izenagatik, esan zuten: Erakutsi dezala Jaunak zuekgan bere gloria, eta ezagutuko degu, ikusirik zuen arpegietako poza. Baña etzaitezte beldur izan, berak geldituko dirade lotsatuak.

        6. Aditzen det Jerusalengo erriko jendearen negarrezko boza, tenploko boza, Jaunaren boz, bere etsaiai ordaña ematen diotena.

        7. Aurregiteko denbora baño lenago egin du aurra Sion berriak. Oñazeak etorri zizkiokan baño lenago, aur seme bat egin du.

        8. Nork iñoiz aditu zuen alako gauzarik, eta onen antzeko gauzarik ikusi ere zuen? Lurrak egun bakar batean frutua ematen al du? Edo aurdun gelditu al da iñoiz bat batean erreñu oso bat? Bada ona emen non Sionek ezagutu zuen aurdun zegoala, eta egin zituen bere semeak.

        9. Nik besteai aurrak egin erazitzen dieztedanak, ez al ditut nik egingo? Ni, besteai jatorria ematen diedana, soilla izango al naiz, esaten du zure Jaun Jainkoak?

        10. Poztu zaitezte bada Jerusalen berriarekin eta bozkariotu zaitezte berarekin maitatzen dezuten guztiak, gozotasunez gañez egin ezazute beragatik negarrez zaudeten guztiak;

        11. Miaztu dezazuten ala bere bularretatik bere gozotasun zerukoen ugatsa, aseak gelditu arteraño, eta atera dezazuten atsegin andien ugaritasuna bere gloria osotik.

        12. Zeren oiek esaten ditu Jaunak: Ona emen non nik isuriko dedan bere gañera pakea ibai bat bezela eta erreka, guztia ondatzen duen bat bezela erreñuen gloria. Zuek miaztuko dezute bere eznea, bere bularretara eramanak izango zerate, eta egingo dizkizute pozkeriak bere altzoan.

        13. Ama batek bere semetxoari nola egiten diozkan balakuak, ala nik gozatuko zaituztet zuek, eta Jerusalenen arkituko dezute zuen pakea eta bozkarioa.

        14. Zuek ikusiko dezute, eta poztuko da zuen biotza eta zuen ezurrak berdetuko dira, belarra bezela, eta agirian egongo da Jaunaren eskua bere serbitzarien alde; bere etsaiak berriz berakgan ikusiko dute bere aserrea.

        15. Zeren ona emen non Jauna etorriko dan suaren erdian, eta bere gurdia izango da aize bunbada andi bat bezelakoa isuritzeko bere aserrearekin bere sumintasuna, eta bere bengantza, suzko garrakin,

        16. Zeren Jaunak suaz ingurututa, eta bere ezpatarekin armatuta juzgatuko ditu munduko guztiak; eta asko izango dirade Jaunak bizia kenduko dienak.

        17. Uste zutenak berak santututzea, eta garbi gelditzea baratzetan, eta beren etxeetako atearen ostean garbitzen ziradela, beren barrenen, jaten zutela urdearen aragia, eta gauza nazkagarriak, eta arratoiak, guztiak batean desegiñak izango dirade, esaten du Jaunak.

        18. Ni berriz etorriko naiz biltzera beren obrak, eta beren gogorazioak, eta berak batean ipintzera, edozeñ erri eta mintzoerako erreñu guztiakin, eta agertuko dirade nere aurrean, eta nere gloria ikusiko dute.

        19. Eta jasoko det beren erdian osasuneko siñale bat, eta salbatzen diradenetatik nik bialduko ditut itsasoaren beste aldameneko erreñuetara, Afrikara, eta Lidiara (zeñak diraden erri fletxariak) Italiara, Greziara, ugarterik urrutienetara nere gañeko itzik beñere aditu ez duten jendeetara, ez da ikusi ere nere gloriarik. Eta mandatari oiek adiraziko diete erreñuai nere gloria;

        20. Eta ekarriko dituzte zuen anaia guztiak erreñu guztietatik, eta eskeñiko diezte Jaunari doañ bat bezela, eramaten dituztela zaldietan, eta karrozaetan, eta literetan, eta mandoetan, eta gurdietan Jerusalengo nere mendi Santura, esaten du Jaunak, Israelko semeak ontzi garbi batean eskeñtza Jaunaren etxera eramaten dutenean bezela.

        21. Eta oien artetik autuko ditut nik egiteko berak sazerdote, eta lebitak, esaten du Jaunak.

        22. Zeren nola zeru berri eta lur berri, nik nere aurrean iraunerazi diedanai, ala, o Jerusalen, zure jatorriak eta zure izen otspatsuak iraungo du, esaten du Jaunak.

        23. Eta illetik illera eta larunbatetik larunbatera etorriko da gizon guztia auzpeztutzera nere aurrean, eta adoratuko nau, esaten du Jaunak.

        24. Eta aterako dira ikustera fedea autsita nere kontra jarri ziradenen gorputz illak, zeñen arra ez dan beñere iltzen, eta zeñaen sua ez dan iñoizere itzaliko. Eta berak ikusteak, gizon guziari nazka emango dio.

 

aurrekoa hurrengoa