www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

EKLESIASTIKUAREN LIBURUA

 

JESUS SIRAK-EN SEMEAREN EKLESIASTIKUA

        Gauza asko eta andiak erakutsi dizkigute jakintsuro Legeak, eta Profetak, eta berai jarraitu dieten gañerakoak, zeñatan arrazoiarekin alabatu bear da Israel bere dotriña ta jakinduriagatik, zeren ez bakarrik itz oiek eskribitu zituztenak berak izan bear dute adituak eta jakintsuak; baita arrotzak ere beren bitartez allegatu litezke txit gaiak izatera, ala itz egiteko, nola eskribitzeko. Nere aiton Jesusek, irakurri ezkero txit gogotik Legeko liburuak, eta Profetaenak, eta gure gurasoak eskutik eskura eman zizkiguten beste batzuek. Berak ere eskribitu nai izan zuen, dotriña eta jakinduriari dagokion zerbait, gauza aiek ikasi eta berak aditu nai zituztenak, geiago ta geiago begiratu dizaioten beren eginbearrai, eta sendotu ditezen bizitzeko Legearen araura. Erregututzen dizutet bada, borondate onarekin allegatu zaiteztela, eta barka zaguzutela, baldin noizbait badirudizute, jakinduriaren iduripen au aldatzean, desalaitzen gerala izkuntzaren apaindurian; zeren hebreoen itzak beren indarretik asko galtzen dute, beste mintzoeraren batera aldatzen diradenean. Eta ez bakarrik oiek, baita Legeak berak, eta Profetak, eta beste liburu batzuetakoak ere, ez daukate desberdintasun gutxi, beren izkuntzan adirazten diradenetik. Ejiptora allegatu nintzanetik gero, ogeita emezortzigarren urtean, Ptolomeo Eberjetes erregeak agintzen zuela, nola denbora andian egon nintzan an, arkitu nituen, utzi zituzten liburu, dotriña txikia eta mezpreziagarria ez zeukatenak. Eta ala nik ere sinistu nuen, gauza mesedegarria ta premiazkoa izango zala, nere arreta eta lana ipintzea, gure izkuntzara aldatzean liburu au; eta denbora guzti artan, maiz egon nintzan bellan, eta ari nintzan ez lan txikian, liburu au bukatu eta argitara emateko, nai dutenentzat bera irakurri, eta ikasi nolakoak izan bear duten, Jaunaren legearen araura beren bizitza egitea erabaki dutenen oiturak.

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Jakinduria guztia Jaun Jainkoagandik dator, eta berarekin beti egon zan, eta dauka izatea mendeak bano lenagotikan.

        2. Nork kontatu ditu itsasoko ondarrak, eta euri tantoak, eta mendeen egunak? Zeruaren altuera, eta lurraren zabalera, eta lizearen zakontasuna, nork neurtu ditu?

        3. Eta bada, Jaungoikoaren jakinduria gauza guzien aurretik dijoana, zeñ da aditu duena?

        4. Jakinduria, gauza guztiak baño lenago izan zan egiña, eta adimentuaren argitasunak betikoiraunetik dauka izatea.

        5. Jaungoikoaren Berboa goietan jakinduriaren iturria da, eta bere korrontak betiko aginteak.

        6. Jakinduriaren jatorria nori izan zaio agertua? Eta nork bere ezkutuak ezagutzen ditu?

        7. Nori iñoiz desestali eta agertua izan zaio artea, zeñarekin egiten dituen obrak jakinduriak? Eta nork aditu al izan zuen bere asmazioen ugaritasuna?

        8. Bakarrik Egille, txit goratu, guzia dezakean, eta errege andi eta txit ikaragarri, bere tronuaren gañean eseria dagoenak, eta da Jaun Jainkoa.

        9. Au da Espiritu Santuagan izatea eman ziona, eta aditu zuen, eta kontatu zuen, eta neurtu zuen.

        10. Eta bere obra guzien gañera isuri zuen, baitaere aragi guziaren gañera, bere ugaritasunaren araura, eta bere partale egin zituen bera maitatzen zutenak.

        11. Jaunaren beldurra da gloria, eta gozatzea, eta poztasuna, eta bozkarioaren koroa bat.

        12. Jaunaren beldurrak biotza gozatuko du, eta emango du bozkarioa, atsegiña, eta bizitza luzea.

        13. Jaunaren beldur danari, ederki joango zaio bere atzenetan, eta bere eriotzako egunean bedeikatua izango da.

        14. Jaungoikoaren amorioa, jakinduria gloriaz beteriko bat da.

        15. Bera agertzen zaienak, maitatzen dute ikusten duteneko, eta bere obra andiak ezagututzen dituzteneko.

        16. Jaunaren beldurra jakinduriaren asiera da, zeñ dan egiña leialak diradenakin amaren sabelean, eta emakume autuai laguntzen die, eta ezagutuerazitzen da justo, eta leialen bizieran.

        17. Jaunaren beldurra, jakinduriaren santutuera da.

        18. Errelijioak zaitu eta justotuko du biotza, poza eta gozotasuna emango ditu.

        19. Jaunaren beldur dana, doatsua izango da, eta izango da bedeikatua iltzen dan egunean.

        20. Jaungoikoaren beldur izatea da jakinduriaren osotasuna, eta bere frutuen betetasuna.

        21. Bere etxe guztia ondasunez beteko du, eta bere tesoroakin janarigela guziak.

        22. Jaunaren beldurra jakinduriaren koroa da, zeñak ematen dituen pake osoa, eta osasuneko frutuak.

        23. Eta berak ikusi zuen, eta kontatu zuen; baña bata eta bestea Jaungoikoaren doaiak dirade.

        24. Zentzuzko aditza, eta ezagera emango ditu jakinduriak, eta bere jabe diradenen gloria geitzen du.

        25. Jakinduriaren sustraia Jaunaren beldurra da, eta bere erramak iraupen luzekoak dirade.

        26. Jakinduriaren tesoroetan, aditza eta ezagera arkitzen dirade; bekatarientzat ordea, jakinduria nazka da.

        27. Jaunaren beldurrak bekatua arroztzen du.

        28. Beldur au ez daukana, ezin justoa izango da, zeren indarrak ematen diozkan sumintasuna, bere galmena da.

        29. Denbora zati batean sufrituko du padezitzen duenak; baña gero poza beragana itzuliko da.

        30. Juzio onekoak denbora zati batean bere itzak ezkutatuko ditu, eta askoren ezpañak bere zentzua kontatuko dute.

        31. Jakinduriaren tesoroetan bizitza on bat egiteko erakutsiak daude.

        32. Bekatariak berriz Jaungoikoa serbitzea gauza nazkagarritzat dauka.

        33. Ene semea, jakinduria nai badezu, gorde itzatzu aginteak, eta Jaungoikoak emango dizu.

        34. Zeren jakinduria, eta aditza Jaunaren beldurretik datoz, eta beretzat oniritzia dana,

        35. Fedea eta otsantasuna, eta bere tesoroak gañez eginda ipiñiko ditu.

        36. Ez zatzakio sinisgaitza izan Jaunaren beldurrari, eta etzaite beragana alderatu biotz tolesarekin.

        37. Etzaite hipokrita izan gizonen aurrean, eta ez ezazu ere zure gañera zure galmena ekarri zure ezpañakin.

        38. Beren ajola iduki ezazu, erori etzaitezen, eta ekarri ez dezazun zure gañera lotsaria;

        39. Agertzen dituela Jaungoikoak zure ixil gauzak, eta azpiratzen zaituela sinagogaren erdian,

        40. Alderatu zeralako Jaunagana gaiztakeriarekin, zure biotza tolesez eta engañioz betea zegoela.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Ene semea, asitzen zeranean Jaungoikoa serbitzen, sendo iraun ezazu justizian, eta beldurrean, eta zure anima tentaziorako prestatu ezazu.

        2. Zure biotza umillatu ezazu, eta sufritu. Zeartu ezazu zure belarria, eta adimentuko itzak artu itzatzu; eta illuntasuneko denboran, etzaite arin ibilli.

        3. Itxedon zaiezu Jaungoikoaren luzapenai, bildu zaite Jaungoikoarekin, eta sufritu ezazu, atzenean zure bizitza azi dedin.

        4. Artu ezazu pozez, bialtzen dizun guztia; eta penetan sendo iraun ezazu, eta zure umiltasunean iduki ezazu pazienzia.

        5. Zeren urrea eta zillarra suan probatuak dirade; gizon Jaungoikoaren gogokoak berriz umiltasuneko labean.

        6. Jaungoikoagan itxedon ezazu, eta berak gordeko zaitu, eta zure bidea zuzendu ezazu, eta itxedon beragan, bere beldurrari iraunerazi zaiozu zure egunen atzeneraño.

        7. Jaungoikoaren beldur zeratenak, bere urrikaltasuna itxedon ezazute; eta beragandik ez ezazute alderik egin, erori etzaitezten.

        8. Jaunaren beldur zeratenak beragan sinistu ezazute; eta zuen ordaña ez da alperrik galduko.

        9. Jaunaren beldur zeratenak, beragan itxedon ezazute, eta zuen pozerako bere urrikaltasuna etorriko zazute.

        10. Jaunaren beldur zeratenak, maitatu ezazute, eta zuen biotzak argituak izango dirade.

        11. Gogoan erabilli itzatzute, ene semeak, gizonen gizaldietako denborak; eta jakin ezazute, Jaunagan itxedon dutenetatik bat ere ez dala gelditu lotsatua.

        12. Zeren, nork iraun zuen bere aginteetan, eta desanparatua izandu zan? Edo nork ots egin zion, eta berak mezpreziatua izan zan?

        13. Zeren Jaungoikoa biguña eta urrikaltsua da, eta naigabeko egunean bekatuak barkatuko ditu, eta da egian billatzen dutenen laguntzallea.

        14. Ai biotz toleseko, eta ezpañ gaiztoetako, eta esku gaizki egilleetakoa danaren, eta bi bideetatik lurraren gañean dijoan bekatariaren doakabea!

        15. Ai biotz epeleko gizon, Jaungoikoagan itxedotzen ez dutenen zorigaiztokoak! Bada beragatik ez dirade berak lagunduak izango.

        16. Ai, iragopena galtzen dutenen, eta bide zuzenak utzitzen dituztenen, eta bidetxidor okerretatik dijoazenen urrikigarriak!

        17. Zer egingo dute, Jaunak bere juizioa asitzen duenean?

        18. Jaunaren beldur diradenak, ez dirade bere itzera sinisgaitzak izango; eta maitatzen dutenak, bere bideetatik beti ibilliko dirade.

        19. Jaunaren beldur diradenak, egingo dituzte alegiñak jakiteko zeñ diran bere gogoko gauzak, eta bera maitatzen dutenak, bere legeaz beteak egongo dirade.

        20. Jaunaren beldur diradenak, beren biotzak prestatuko dituzte, eta bere aurrean beren animak santutuko dituzte.

        21. Jaunaren beldur diradenak, bere aginteak gordetzen dituzte, eta idukiko dute pazienzia, berak bisitatzen dituen eguna etorri artean,

        22. Esaten dutela: Egiten ez badegu penitenzia, eroriko gera Jaunaren eskuetan, eta ez gizonen eskuetan.

        23. Zeren nolakoa dan bere anditasuna, alakoa da bere urrikaltasuna ere berarekin.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Jakinduriaren semeak, justoen batzarrea dirade; eta beren guraria obedienzia eta amorioa.

        2. Aditu itzatzute, ene semeak, zuen aitaren aginteak, eta ala egin ezazute salbatu nai badezute.

        3. Zeren Jaungoikoak nai izan zuen, aita semeak onratua izatea, eta zaitu eta sendotzen du, amak beren gañean daukan eskubidea.

        4. Jaungoikoa maitatzen duenak, bekatuen barkazioa iritxiko du, eta beretan ez da berriz eroriko, eta eguneroko orazioan aditua izango da.

        5. Eta ondasunak biltzen dituena bezela, ala da bere ama onratzen duena.

        6. Bere aita onratzen duena, poztuko da bere semeetan, eta bere orazioko denboran aditua izango da.

        7. Bere aita onratzen duenak, bizitza luzeagoa idukiko du; eta aitari obedezitzen dionak, gozatuko du ama.

        8. Jaunaren beldur danak, gurasoak onratzen ditu, eta bere Jaunak bezela serbitzen ditu, bera sortu zutenak.

        9. Onratu ezazu zure aita obrakin, eta itzakin eta pazienzia guziarekin;

        10. Bere bendizioa zure gañera etorri dedin, eta bere bendizioak atzeneraño iraun dezan.

        11. Aitaren bendizioak semeen etxeak sendotzen ditu; amaren madarikazioak berriz, desegiten ditu zimenduetaraño.

        12. Etzaite gozatu zure aitaren desonran, zeren ez da zure gloria bere lotsaria.

        13. Zeren gizonaren gloria bere aitaren onratik dator, eta semearen lotsaria da, onra gabeko aita bat.

        14. Ene semea, lagundu zaiozu zure aitari zartzan, eta bere bizitzan ez ezazu tristetu.

        15. Eta aurra bezela jarriko balitza, errukitu zaite berarekin, eta beñere ez ezazu mezpreziatu, berak baño indar geiago daukazulako; zeren egiten zaion mesedea, ez da aztuta geldituko.

        16. Iragotzeagatik amaren zartzako utsegiteak, zure ordaña artuko dezu.

        17. Ala justizia izango da zure etxearen zimendua; eta atsekabeko egunean izango da nor gomutatu zurekin; eta nola egualdi epel batean jela desegiten dan, ala zure bekatuak desegiñak izango dirade.

        18. O ze desonratua dan bere aita desanparatzen duena! Eta nola dan madarikatua bere amari aserretuerazitzen diona!

        19. Ene semea, otsantasunarekin zure obrak egin itzatzu, eta alabatua izateaz gañera, izango zera gizonak maitatua.

        20. Zenbat andiagoa zeran, gauza guzietan umillatu zaite, eta Jaungoikoaren aurrean grazia arkituko dezu.

        21. Zeren Jaunaren eskubidea da bakarrik andia, eta umildeak onratua da.

        22. Etzaite ibilli jakin nairik zure gañekoa dan gauzarik, ezta ere zure indarrak baño geiago diran gauzak aztertzen; baizik erabilli ezazu beti gogoan Jaungoikoak agindu dizuna; eta bere asko obraen jakin naia etzaite izan.

        23. Zeren ez da zuretzat premiazko gauza zure begiakin ikustea Jaungoikoaren ezkutuko gauzak.

        24. Alperrikako gauzen berriak jakiten etzaite era askotara ibilli, eta bere obra askotan etzaite izan jakin naia.

        25. Zeren gizonen adimentuaz gañetiko gauza txit asko izan zazkizu erakutsiak.

        26. Asko engañatu zituen berakgatik egin zituzten iritzi gaiztoak.

        27. Biotz gogorra gaizki ibilliko da atzenean, eta irriskua maitatzen duena, beratan galduko da.

        28. Bi bidetan sartzen dan gizonak, ez du gertaera onik idukiko; eta biotz gaiztokoak, beretan beaztopo egingo du.

        29. Biotz biurria penaz beteaz joango da, eta bekatariak bekatuak bekatuai itsatsiko diozka.

        30. Antusteen batzarrea ez da onduko; zeren bekatuaren landareak beretan sustraiak botako ditu, berak igarri ere gabe.

        31. Jakintsuaren biotza, jakinduria ikasten da ezagutua, eta belarri ongi prestatuak, adituko du jakinduria gurari guziarekin.

        32. Biotz jakintsu eta adituak ez du bekaturik egingo, eta justiziako obretan gertaera onak idukiko ditu.

        33. Urak itzalitzen du su erazekia, eta limosna aurkatzen zaiote bekatuai.

        34. Eta Jaungoikoa da, ongi egiten dionari begiratzen diona, eta berarekin oroitzen da geroko, eta erortzen dan denboran, irozogarria arkituko du.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Ene semea, ez ezazu utzi beartsua limosna eman gabetanik, eta etzaiezu zure begiai beartsuak gandik alde erazi.

        2. Ez ezazu mezpreziatu gosez dagoena, eta etzaiozu gogaiterazi beartsuari, bere premian.

        3. Ez ezazu atsekabetu ezertarako gai ez danaren biotza, eta ez ezazu ere luzatu naigabez dagoenari laguntzea.

        4. Etzaite gortu penaz dagoenaren erregura, eta premiatsuari etzaiozu arpegia itzuli.

        5. Etzaiezu alde erazi zure begiai premiatsuagandik aserreagatik; eta etzaiezu ere eman biderik eskatzen dizutenai, ostetikan gaizki esateko.

        6. Zeren bere animako mingoiztasunean madarikatzen zaituenaren biraoa aditua izango da; eta bere Egilleak entzungo du.

        7. Abegi ona erakutsi zaiozu beartsu taldeari, eta zarrari umillatu zaiozu zure biotza, eta andizkien aurrean beeratu ezazu zure burua.

        8. Zeartu ezazu zure belarria beartsuaganontz desdiña gabe, eta erantzun zaiozkazu gauza biguñak otsantasunarekin.

        9. Libratu ezazu gizon arroaren eskutik injuria sufritzen duena; eta au egitea ez dakizula astun egin.

        10. Juzgatzean izan zaite urrikaltsua umezurtzakin aita baziña bezela, eta beren amarentzat senarra bezela.

        11. Eta izango zera zu txit Goratuaren seme esaneko bat bezela, eta au izango da zurekin ama bat baño urrikaltsuagoa.

        12. Jakinduriak bizia ematen die bere semeai, eta beragan artzen ditu billatzen dutenak, eta justiziako bidean beren aurretik dijoa.

        13. Ala, maitatzen duenak, bizitza maitatzen du, eta gogotikan billatzen dutenak, bere biguñtasunean gozatuko dirade.

        14. Bere jabe diradenak, iritxiko dute betiko bizitza; eta bera sartzen dan tokian, an Jaungoikoak bere bendizioa botako du.

        15. Serbitzen dutenak, Santuari obedituko diote; eta Jaungoikoak maitatzen ditu, maitatzen dutenak jakinduria.

        16. Aditzen dionak, erreñoak juzgatuko ditu; eta beragan begiak ipiñirik dauzkanak, atsedengo du beldurrik gabe.

        17. Bere itxedopena beragan ipintzen badu, herenziaz idukiko du, zeñaren jabetasuna bere semeetan sendotua izango da.

        18. Zeren jakinduria berarekin dabil, eta asieratik probatzen du, tentazioen erdian.

        19. Bera probatzeko beldur, eta ikaraen artetik darama, eta estututa ipintzen du, bere erakutsiaren gogortasunarekin, iduki dezan arteraño bere gogorazio guztien berri, eta bere biotzarekin fiya dedin artean.

        20. Orduan sendotuko du birtutean, eta bide zuzenetik beragana etorriko da, eta poztuko du.

        21. Eta bere ixilgauzak agertuko diozka, eta aberastuko du jakinduriako tesoru batekin, eta justiziaren ezageraz.

        22. Bidetik alde egingo balu berriz, bertan beera utziko dio, eta ipiñiko du bere etsaiaren eskuetan.

        23. Ene semea, iduki ezazu denboraren kontua, ongi irago ezazu, eta iges egin ezazu gaitzetik.

        24. Ez ezazu iduki egia esateko beldurrikan, zure animari dijoazkion gauzetan,

        25. Zeren bada lotsa bat berarekin bekatua dakarrena, eta bada ere lotsa bat ekartzen dituena gloria eta Jaungoikoaren grazia.

        26. Etzaiozu bada iñori ere begiratu, zure kaltean izango bada, eta ez ezazu ere gezurrik esan, zure anima kostatzen zazunean.

        27. Ez ezazu iduki zure projimoaren begirunerik erortzen danean.

        28. Errierta egin zaiozu, eta ez bedi gelditu zure itza irten gabe, mesedegarria izan ditekeanean.

        29. Zeren jakinduria mingañean ezagutzen da; eta zentzua, eta aditza, eta erakutsia begiratuaren esanean; eta sendotasuna dago justiziako obretan.

        30. Iñoizere etzaiozu kontra egin egiaren itzari, eta lotsatu zaite, ezjakiñean esandako gezurragatik.

        31. Zure bekatuak aitortzeko lotsarik ez ezazu iduki; baña etzaiozu iñori ere oben egin bekaturako.

        32. Ez zatzakio bere aurrean aurkatu almentsuari, eta etzaite ere jarri gelditzen ibai andi baten beeruntzko indarra.

        33. Justiziagatik ari zaite elean atzeneko asnasaraño zure animaren onerako, gudatu zaite justiziagatik eriotzaraño; zeren Jaungoikoa gudan ariko da zugatik zure etsaien kontra.

        34. Etzaite izan urduria izketan, eta nagia eta ajolagabea zure obretan.

        35. Etzaite izan zure etxean leoia bezelakoa, beldurrez dauzkazula zure etxekoak, eta azpiratuta zure mendekoak.

        36. Ez bedi egon zure eskua luzatua artzeko, eta zuganatua emateko.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Ez ezazu ipiñi zure itxedopena ondasun gaiztoetan, eta ez ezazu esan: Badaukat biziteko adiña, zeren ez dizu orrek ezertarako ere balioko Jaungoikoaren benganzako egunean, eta eriotzako illuntasunean.

        2. Eskubide andikoa zeranean, zure biotzeko gurari gaiztoai etzaiezu jarraitu.

        3. Etzaite ere ibilli esaten: Andia da nere eskubidea! Nork emaneraziko dit neri nere obren kontua? Zeren Jaungoikoak txit segurki artuko du benganza ikargarria.

        4. Ez ezazu ere esan: Pekatu egin det, eta zer gaitz etorri zat? Zeren txit goratuak itxedotzen badu ere, ematen du bakoitza diña dan ordaña.

        5. Bekatu barkatuaren beldurrikan gabe etzaite egon, eta etzaiozu bekatuari bekatua itsatsi.

        6. Eta ez ezazu esan: Jaungoikoaren urrikaltasuna andia da, berak barkatuko dizkit nere bekatuak asko izan arren.

        7. Zeren bere aserrea ala dago prestatua, nola bere urrikaltasuna, eta bere aserrea bekatariai begira dago.

        8. Etzaite luzaroegi egon Jaungoikoagana biurtu gabetanik, eta ez ezazu ere egun batetikan bestera atzeratu,

        9. Zeren batbatean etortzen da bere aserrea, eta bengantzako denboran galduko zaitu.

        10. Ez ezazu bada ondasun gaiztoen jabe izatera allegatzeko ansiarik iduki; zeren utsa balioko dizkizu illuntasun eta benganzako egunean.

        11. Aize guztira etzaite itzuli, eta etzaite ere bide guztietatik joan, zeren ala da probatua bekataria bere mingañ tolesean.

        12. Zaude sendo Jaunaren bidean, eta zure iritzietako egian, eta jakindurian; eta pake eta justiziako itza zure ondorik bijoa.

        13. Zaude zur esaten dizuten itzera , aditu dezazun; jakinduriarekin eman dezazun erantzute egiazkoa.

        14. Galdearen aditza bedezu, erantzun zaiozu projimoari; bestela, zure eskua egon bedi zure aoaren gañean, gatzikan gabeko itzen batean arrapatua izan ez zaitezen, eta gelditu etzaiten lotsatua.

        15. Onra eta gloriak laguntzen die gizon zentzudunaren izketari; zentzugabekoaren mingaña berriz, bere galmena izatera dator.

        16. Etzaite izan itzez pakegaltzallea, eta etzaitezela izan zure mingañak arrapatua eta lotsatua.

        17. Zeren lapurra gelditzen da lotsatua eta damutua, eta mingañ toleseko gizona, kleitu txit gaiztoan, eta itzez pakegaltzalleak ekartzen ditu bere gañera gorrotoa, eta aserrea, eta deshonra.

        18. Egin zaiezu berdintasunarekin justizia andiai, eta txikiai.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Etzaite egin projimuaren adiskidearen lekuan, etsaia, zeren gizon gaiztoak idukiko ditu herenziatzat lotsaria eta desonra; batezere bekatari ondamutsu, eta mingañ tolesekoak.

        2. Zure biotzeko gogorazioan etzaite goratu, zezena bezela; gertatu ez dedin, zure indarra desegiña izatea zure erokeriagatik,

        3. Eta berak jan ez ditzan zure ostoak, eta galdu ez ditzan zure frutuak, eta utzi ez zaitzan zuaitz igartu bat eremuan bezela.

        4. Zeren anima gaiztoak galduko du bera daukana, eta egingo du pozgarria bere etsaientzat, eta gaiztoen tokira eramango du.

        5. Itz gozoak ugaritzen ditu adiskideak, eta bigundu etsaiak; eta mingañ graziatsuak asko balio du gizon on bategan.

        6. Bizitu zaite adiskidetasunean askorekin; zure konsejaritzat ordea millatatik bat artu ezazu.

        7. Adiskide bat egin nai badezu, egin ezazu, bere berri ongi jakinda, eta etzaite aisa berarekin fiya.

        8. Zeren badirade adiskideak adiskide diradenak ongi dijoakenean, eta alakotzat irautzen ez dutenak naigabeko denboran.

        9. Eta badira ere adiskideak, etsai biurtzen diradenak, eta badira alako adiskideak gorrotoak, eta erriertak, eta esate gaiztoak agertzen dituztenak.

        10. Bada ere adiskideren bat, maiean laguntzen duena, eta bera premiako denboran ez du iñork ikusiko.

        11. Adiskidea, zintzoa bada, izango da zuretzat berdin bat bezelakoa, eta zure etxeko gauzetan itxedopenarekin sartuko da.

        12. Zure aurrean umillatzen bada, eta zure aurretik noizbait alde egiten badu, arkitu dezu beragan adiskidetasun on eta sendo bat.

        13. Urrutitu zaite zure etsaietatik, eta zure adiskideakin ere kontuan egon zaite.

        14. Adiskide leiala, gordetzalle sendo bat da, arkitzen duenak, tesoro bat arkitu du.

        15. Ez dago adiskide leialarekin berdindu diteken gauzarik; eta ez dago ere urrezko, ez zillarrezko pisurik, bere fedearen zintzotasunarekin balanzan ipintzeko diña danik.

        16. Adiskide leiala, bizitzako eta betikoirauneko balsamua da; eta Jaunaren beldur diradenak arkituko dute.

        17. Jaungoikoaren beldur danak, berdin iritxiko du, adiskide onak idukitzea; zeren oiek bere antzekoak izango dirade.

        18. Ene semea, zure aur denboratik ar zazu erakutsi ona, eta idukiko dezu jakinduria bat zure bizitzaren atzeneraño iraungo duena.

        19. Alderatu zaite beragana goldeatzen, edo azia ereitzen ari dana bezela, eta frutu onak itxedon itzatzu.

        20. Zeren neke piska bat idukiko dezu bera landutzean; baña gero laster bere frutuak jango dituzu.

        21. O zeñ txit latza dan jakinduria ezerere ez dakitenentzat! Zentzugabeak ez du bera ikasten iraungo.

        22. Oientzat izango da pruebako arri astun bat bezela, zeñ geiegi luzatu gabe botako duten.

        23. Zeren erakutsiak ematen dituen dotrina, bere izenaren araukoa da; eta ez da askok ezagutua; ezagutzen dutenakin berriz irautzen du Jaungoikoaren aurreraño.

        24. Aditu ezazu, ene semea, eta ar zazu nere erakutsi jakintsu bat, eta ez ezazu bota nere konsejua.

        25. Sartu itzatzu zure oñak bere zepoetan, eta zure lepoa bere burniarrasketan.

        26. Makurtu itzatzu zure sorbaldak, eta eraman ezazu lepoan, eta bere kateak ez bitez izan zuretzat gozakaitzak.

        27. Zure biotz guziarekin allegatu zaite beragana, eta zure indar guztiarekin gorde itzatzu bere bideak.

        28. Billatu ezazu, bada bera agertuko zatzu; eta zurekin daukazunean, etzaiozu utzi.

        29. Zeren atzenetan beragan atsedena arkituko dezu, eta poz biurtuko zatzu.

        30. Eta zepoak izango dirade zuretzat gordetzalle sendoa, eta bertutearen ondapea, eta bere burni arraskak gloriako estola.

        31. Zeren beragan dagoan bizitzako edertasuna, eta bere lokarriak dira osasuneko lokarriak.

        32. Berarekin jantziko zera gloriako estola bezela, eta zure gañean ipiñiko dezu pozezko koroa bezela.

        33. Ene semea, arretaz aditzen badidazu, ikasiko dezu; eta zure gogoa beretan badaukazu, jakintsua izango zera.

        34. Aditzen banazu, artuko dituzu erakutsiak, eta entzun zalea bazera, izango zera jakintsua.

        35. Joan zaite maiz gizon zaar zentzukoen batzarrera, eta elkartu zaite biotzez beren jakinduriarekin, aditu dezazun Jaungoikoagatik esaten duten guztia, eta igesik egin ez ditzatzuten alabanzako esangiak.

        36. Eta ikusten badezu zentzua daukan gizonen bat, goiz jaiki zaite beragana joateko, eta kastau bitzate zure oñak bere ateko mallak.

        37. Jaungoikoaren aginduetan zure gogoa iduki ezazu, eta bere aginteetan txit maiz egon zaite, eta berak emango dizu biotz sendo bat onean, eta jakinduriaren gura kunplituko dizu.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Ez ezazu gaitzik egin, eta gaitzik ez da zure gañera eroriko.

        2. Alde ezazu gizon gaiztoagandik, eta gaizki egitetik urrutian egongo zera.

        3. Ene semea, ez ezazu erein gaiztakeria injustiziako erretenetan, eta ez dezu ebaki bearrik idukiko ugarituta.

        4. Etzaiozu Jaunari eskatu besteen gialari izatea, ezta- ere erregeari onrazko esertokirik.

        5. Ez ezazu iduki zure burua justotzat Jaungoikoaren aurrean, zeren bera biotzai begira dagoen; eta erregearen aurrean ere ez ezazu erakutsi zure burua jakintsutzat.

        6. Ez ezazu aleginik egin Juez izateko, ez bazera arkitzen sendotasunarekin, bidegabetasunai arpegi emateko; gizon almentsuaren arpegiaren beldurrez, jarri etzaitezen justiziaren kontrako gauzak egiteko irriskuan.

        7. Ez ezazu bekaturik egin erri bateko jende taldearen kontra, eta erriaren matxinadan etzaite sartu.

        8. Etzaiozu bekatuari bekatua itsatsi; zeren bat bakarragatik ere etzera kastigu gabe geldituko.

        9. Etzaite izan biotz gutxikoa.

        10. Ez itzatzu mezpreziatu orazio egitea eta limosna ematea.

        11. Ez ezazu esan: Nere eskeñtzen ugaritasunari begiratuko dio Jaungoikoak, eta eskeñi ezkero nik Jaungoiko txit goratuari, nere doañak artuko ditu.

        12. Etzaiozu irririkan egin bere biotza atsekabetua daukan gizonari; zeren Jaungoiko, guztia ikusten duena da umillatzen, eta goratzen duena.

        13. Ez itzatzu gezurrak asmatu zure anaiaren kontra, eta zure adiskidearen kontra ere ez ezazu egin.

        14. Ez ezazu gezurrikan batere esan, zeren orretara oitutzea gauza txit gaiztoa dan.

        15. Zarren artean ez ezazu itz asko egin, eta ez ezazu itza berriz esan zure izketan.

        16. Ez ezazu lan nekatsuen gorrotorik iduki, eta ain gutxi kanpoko nekazaritza Jaungoikoak asmatu zuenarenik ere.

        17. Etzaite izan gizon erakutsion gabekoen artekoa.

        18. Oroitu zaite Jaungoikoaren aserreaz, bada laster izango da.

        19. Txit umillatu ezazu zure espiritua, zeren sua eta arra izango dirade gaiztoaren aragia kastigatuko dutenak.

        20. Etzaite gaizki ibilli, dirua biurtzea luzatzen duen adiskidearen kontra, eta ez ezazu ere mezpreziatu urreagatik zure txit maitatua.

        21. Ez ezazu alderik egin andre zentzudun eta on, Jaunaren beldurrean iritxi zenduenagandik, zeren bere lotsaren graziak urre guziak baño geiago balio duen.

        22. Ez ezazu gaizki erabilli, leialtasunarekin lan egiten duen mendekoa, eztaere zugatik bizia ematen duen alogerekoa.

        23. Gizon mendeko zentzuduna maitatu ezazu zure anima bera bezela: etzaiozu bere aukera ukatu, eta ez ezazu ere bota, ezerere gabe utziten dezula.

        24. Abereak dauzkazu? Zaitu itzatzu, eta baldin mesedegarriak badirade, egon bitez aurrerontz ere zure etxean.

        25. Semeak dauzkazu? Erakutsi zaiezu dotriña, eta ezi itzatzu beren gazte denboratik.

        26. Alabak dauzkazu? Zaitu ezazu beren gorputzeko onestasuna, eta etzaiezu arpegi alegreegia erakutsi.

        27. Ezkondu ezazu zure alaba, eta eman zaiozu zentzua daukan gizon bati, eta lan andi bat egin izango dezu.

        28. Baldin badaukazu zure biotzaren arauko emaztea, ez ezazu bota. Eta nazkagarria danarekin etzaite fiya. Zure biotz guzitik

        29. Onratu ezazu zure aita; eta zure amaren lantuakin etzaite aztu.

        30. Oroitu zaite, berakgatik izan ez balitza, etziñala jaioko; eta ongi erantzun zaiezu, berak ere zugatik egin zuten bezela.

        31. Zure anima guzitik Jaungoikoaren beldur izan zaite, eta beneratu itzatzu bere sazerdoteak.

        32. Zure indar guziakin maitatu ezazu zure Egillea, eta bere ministroak ez itzatzu desanparatu.

        33. Onratu ezazu, Jaungoikoa zure anima guzitik, eta errespetatu itzatzu sazerdoteak, eta garbitu zaite eskeñtzen dituzula doañean abereen espaldak.

        34. Eman zaiezu beren tokamena, aginduta dagotzun bezela, ala primizietatik, nola espiazioko eskeñtzetatik, eta zure utsegitetatik garbitu zaite gutxiakin.

        35. Eskeñiko diozkazu Jaunari doañean bezela zure abereillen espaldak, eta santutasuneko sakrifizioa, eta gauza santaen primiziak.

        36. Eta beartsuari zure eskua luzatu zaiozu osoa izan dedin zure propiziazioko sakrifizioa eta zure bendizioa.

        37. Mesede egitea ongi dirudio mundu guziari, eta illai ere etzaiezu ukatu.

        38. Etzaiozu utzi negarrez daudenak gozatzeari, eta lagundu zaiezu atsekabetuai.

        39. Ez dakizula astun egin eria bisitatzea, zeren alako gauzakgatik karidadean sendotua izango zera.

        40. Zure obra guztietan zure atzenakin oroitu zaite, eta iñoiz ere ez dezu bekaturik egingo.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Gizon almentsuarekin etzaite auzitan ari, bere eskuetan erori etzaitezen.

        2. Gizon aberatsarekin ez ezazu erriertarikan iduki, auziren bat zure kontra ipiñi ez dezan.

        3. Zeren urreak eta zillarrak asko galdu ditu, eta erregeen biotzetaraño zabaltzen da galmen au, eta aldatzen ditu.

        4. Mingañ gaiztoko gizonarekin etzaite auzitan ibilli, eta ez ezazu bere suan egurrik bota.

        5. Gizon ezjakinarekin ez ezazu artu emanik iduki, zure jatorriagatik gaizkirik esan ez dezan.

        6. Ez ezazu mezpreziatu, bekatuarekin damututzen dan gizona, eta etzaiozu ere arpegian eman. Oroitu zaite guziok erriertaren diña gerala.

        7. Ez ezazu mezpreziatu gizona bere zartzan, zeren gugandik gazteokgandik zarrak egiten dirade.

        8. Zure etsaiaren eriotzarekin etzaite poztu, jakiñik guztiok iltzen gerala, eta orduan ez degula nai gugatik iñor poztutzea.

        9. Ez ezazu mazpreziatu gizon zar jakintsuak kontatzen dutena, eta beren esangiak ikasi itzatzu,

        10. Bada ala berakgandik ikasiko dezu jakinduria, eta prinzipeak serbitzen, aitzakiatua izan gabe.

        11. Zarrak kontatzen dutena ez dakizula irago, zeren berak beren gurasoakgandik ikasi zuten.

        12. Zeren ala berakgandik ikasiko dezu idukitzen zentzua, eta nola eman erantzuna, bear danean.

        13. Ez itzatzu erazeki bekatarien ikatzak, errierta egiten diezula, eta beren bekatuen suan etzaite errea izan.

        14. Ez zatzakio aurkez jarri itz gaiztoakoari, azeloan egon ez dedin itzen batean zu arrapatzeko.

        15. Zuk baño geiago al duenari etzaiozu prestatu; eta zerbait prestatu badiozu, kontu egin ezazu galdu dezula.

        16. Zure indarrez gañetiko fianzarik ez ezazu egin; eta baldin egin badezu, begiratu ezazu nola pagatuko dezun.

        17. Juezaren kontra ez ezazu juzgatu, zeren berak gauza justoa danaren araura juzgatzen du.

        18. Gizon ausartatuarekin etzaite bidean joan, berak egiten dituen ondamenak zu ere arrapatu etzaitzaten; zeren bera bere borondate aldakorrari jarraituaz dijoa, eta zu bere zorakeriagatik berarekin galduko zera.

        19. Aserrekorrarekin etzaite erriertan jarri, eta ausartatuarekin etzaite toki eremura joan, zeren beretzat odola utsa da, eta zatituko zaitu, nork lagundu ez daukazunean.

        20. Tontoakin etzaite konsejatu, zeren oiek ezin maitatuko dituzte, baizik beren gogokoak diraden gauzak.

        21. Arrotzaren aurrean ez ezazu konsejurik artu; zeren ez dakizu, ark bere barrenen nolako asmazioak darabiltzkian.

        22. Etzaiozu gizon guztiari zure biotza agertu, adiskidetasun iduri utseko bat erakutsi ez dizazun, eta iraindu etzaitzan.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Ez ezazu iduki zure emazte maitearen zelorik, zuk ematen diozkazun erakutsi gaiztoakin baliatu ez dedin.

        2. Ez zaiozu zure emazteari zure animaren gañeko eskubiderik eman; zure nagusitasunaren kontra jaiki ez dedin, eta lotsatua gelditu etzaitezen.

        3. Askori nai dien emakumeari ez zaiozu begiratu; bere lazoetan erori etzaitezen.

        4. Emakume dantzariarekin ez ezazu artu eman aundirik iduki, bere losentxakin galdu etzaitezen.

        5. Ez itzatzu ipiñi zure begiak birjiñagan; bere edertasuna zure galmena izan ez dedin.

        6. Iñolaere etzaiezu sarrerarik eman zure animan bordionai, zu eta zure herenzia galdu etzaitezten.

        7. Etzaite ibilli erriko karrikaetatik batera eta bestera begira, ez plazatik plazara jo batera ta jo bestera.

        8. Emakume apainduagandik zure begiai alderazi zaiezu, eta besteren edertasunari etzaiozu arretaz begiratu.

        9. Emakumearen edertasunagatik asko galdu ziran, eta emendik aragizko atsegiñen gura, sua bezela erazekitzen da.

        10. Aragizko bekatuetan ari dan edozeñere emakume, guziak oñazpian darabilde, zimaurra bidean bezala.

        11. Asko, besteren emaztearen edertasunarekin arrituta, gaiztotu ziran, zeren berarekin egiten dan izketak, suak bezela erretzen du.

        12. Besteren andrearekin etzaite beñere egotez egon, eta etzaite ere berarekin ukalondoz etzin.

        13. Eta etzaite ere berarekin elean ari ardoan, zure biotza beragandu ez dedin, eta zure biziaz batean, betiko galdua gelditu etzaitezen.

        14. Anziñako adiskidea ez ezazu utzi, zeren berria ez da bere antzekoa izango.

        15. Adiskide berria, ardo berria da, zartuko da, eta orduan gogotik edango dezu.

        16. Etzaite bekatariaren gloria eta ondasunen ondamuz egon, zeren ez dakizun bere galmena nolakoa izango dan.

        17. Ez bitez izan zure gogokoak, gizon gaiztoak egiten dutuzten injuriak. Zuk badakizu, gaiztoa bere bizitza guztian iñoizere ez litekeala gogokoa izan.

        18. Zu illerazitzeko eskubidea daukan gizonagandik urrutira alde egin ezazu, eta eriotzaren beldurrez etzera egongo.

        19. Eta beragana alderatzen bazera, ez ezazu gauza txarrikan batere egin, bizitza kendu ez dizazun.

        20. Jakin ezazu, eriotzarekin izketan zaudela, zeren lazoen erdiko bidetik joango zeran, eta gizon aserratuen armen gañetik ibilliko zeran.

        21. Kontuan ibilli zaite artu emanak dauzkazun lagunakin, eta zure izketak izan bitez gizon jakintsu, eta zentzudunakin.

        22. Zure konbidatuak gizon justoak izan bitez, eta zure gloria Jaunaren beldur izatean egon bedi.

        23. Jaungoikoaren gogorazioa egon bedi beti tinkatua zure animan, eta Jaungoiko txit goratuaren aginteen ganian zure izketa izan bedi.

        24. Obrak, beren egilleen eskuetan izango dirade alabatuak, eta Prinzipea izango da erriak alabatua bere esanen jakinduriagatik, eta gizon zarren itzak zentzuagatik.

        25. Beldurgarria da bere errian mingañ gaiztoko gizona, eta edozeñ itz esaten duena, gorrotatua izango da.

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Juez jakintsuak justizia egingo dio bere erriari, eta zentzua daukan gizonaren agintaritza iraunkorra izango da.

        2. Nolakoa dan erriko Jueza, bere ministroak ere alakoak dirade, eta nolakoa dan iriko Gobernaria, alakoak dirade bertan bizi diradenak ere.

        3. Zentzugabeko erregeak, bere erria galduko du, eta iriak izango dirade, zentzua daukaten andizkien jendez beteak.

        4. Lurreko eskubidea Jaungoikoaren eskuetan dago, eta berak bere denboran billatuko du, nork ongi gobernatu dezan.

        5. Jaungoikoaren eskuetan dago gizonaren ongi izatea; eta berak egiten du bere gloriaren partale bere legea besteai erakusten diena.

        6. Etzaite oroitu projimoagandik artu dituzun injuria batekin ere, eta ez ezazu ezertxoere egin besteren kaltean.

        7. Andiustea Jaungoikoak eta gizonak gorrotatua da, eta jendeen gaiztakeria guztia nazkagarria.

        8. Erreño bat da jende batetik bestera aldatua justizia egiten ez dalako; eta gogortasunagatik eta irañakgatik, eta asko eratako engañoakgatik.

        9. Ez dago gizon zikoitza baño gazuza gorrotogarriagorik. Zergatik arrotzen da lurra eta autsa?

        10. Ez dago gauza gaiztoagorik, dirua maitatzen duena baño. Zeren onek bere anima ere salgai daukan; eta bere bizitzan ere bere erraiak beragandik botatzen ditu.

        11. Andizki guzien bizia laburra da. Gaitz luzea gogaitkarria da sendatzallearentzat.

        12. Gaitz laburra Medikuak sendatzen du, ala erregea ere gaur bada, eta biar ilko da.

        13. Gizona iltzen danean, sugeak, eta sugelindak, eta arrak idukiko ditu bere ondasuntzat.

        14. Gizonaren urgulleriaren asiera, Jaungoikoagandik iges egitea da,

        15. Zeren bere biotzak, bera egin zuenagandik alde egin zuen. Zeren bekatu guziaren asiera urgulleria da, bera daukana, madarikazioz betea izango da, eta atzenean nastuko du.

        16. Argatik Jaunak iraiñez bete zituen gaiztoen biltzarreak, eta arras desegin zituen.

        17. Desegin zituen Jaungoikoak Prinzipe urgullutsuen sillak, eta beren lekuan otsanai eserierazi zien.

        18. Igartu zituen Jaungoikoak erreñu urgullutsuen sustraiak, eta erreño aietako beretako umillak ipiñi zituen.

        19. Nastu zituen Jaunak jendeen lurrak, eta desegin zituen zimenduetaraño.

        20. Beretatik batzuek igartu zituen, eta desegin, eta aztuerazi zuen beren oroipena lurraren gañetik.

        21. Desegin zuen Jaungoikoak urgullutsuen oroipena, eta iraunerazi zion biotzez umillen oroipenari.

        22. Urgulleria etzan Jaungoikoak egiña izan, eta ez dagokite ere berez gizonai, ezta aserrea ere emakume argalaren semeari.

        23. Jaungoikoaren beldur danaren jatorria onratua izango da; Jaunaren aginteak ausitzen dituenarena ordea, izango da desonratua.

        24. Anaien artean nagusiena da onratua, ala gertatuko da Jaunaren aurrean, bere beldur diradenakin.

        25. Aberatsen, onratuen, eta beartsuen gloria, Jaungoikoaren beldurra da.

        26. Ez ezazu mezpreziatu justoa, pobrea dalako; eta ez ezazu ere askotan iduki bekataria, aberatsa dalako.

        27. Andizkiak, eta Juezak, eta eskubide andikuak onraz beteak egon oi dirade, baña iñork ere ez dauka onra andiagorik, Jaungoikoaren beldur danak baño.

        28. Mendeko zentzuduna, libre daudenak serbituko dute, eta gizon begiratu eta ongi erakutsiak ez du gaizki esango zuzenbideak ematen diozkatenean, ezerere ez dakianari berriz etzaio onelako onrarik egingo.

        29. Etzaite arrotu zure lanak ongi irtetzen dizunean, eta etzaite ere alperrik egon premiako denboran.

        30. Obeagoa da lanean egiten duena, eta gauza guztiak ugari dauzkana, urgullutsua eta ogiaren premian dagoena baño.

        31. Ene semea, iraunerazi zaiozu zure animari otsantasunean, eta onratu ezazu, bera diña dan bezela.

        32. Nor jarriko da, bere animaren kontra bekatu egiten duenaren alde? Eta nork onratuko du, bere anima desonratzen duena?

        33. Pobrea onratua da bere oitura onakgatik, eta daukan Jaungoikoaren beldur santuagatik, eta badirade gizonak beren ondasunakgatik onratuak.

        34. Pobrezan onratua dana berriz, zenbat geiago izango litzate aberatza izatera allegatuko balitza? aberastasunean bere gloria ipintzen duena berriz, pobrezaren beldur izan bedi.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Umillatuaren jakinduriak bere burua altxatuko du, eta andizkien erdian eseri dedilla egingo du.

        2. Ez ezazu gizona alabatu bere iduri ederragatik, eta ez ezazu ere iñor mezpreziatu dirudianagatik.

        3. Egaztien artean erlea txikia da, baña bere frutuak gozotasunaren asieria dauka.

        4. Etzaite iñoizere gozatu zure soñekoagatik, eta etzaite ere urgullutsua egon zure onrako egunean, zeren bakarrik Jaungoiko txit goratuaren obrak dirade arrigarriak, eta berak dirade gloriaz beteak, eta ezkutatuak, eta ez beñere ongi ezagutuak.

        5. Asko tirano tronuan eseri ziran, eta iñork uste etzuenak eraman zuen koroa.

        6. Bestera berriz asko errege lotsari andian erori ziran, eta andizkiak izan ziran ipiñiak besteen eskuetan.

        7. Etzaiozu iñori errierta egin, gauza jakin baño lenago, eta ongi jakinda gero, justiziaz errierta egin zaiozu.

        8. Aditu dezazun baño lenago, ez ezazu itzik erantzun, eta bestea izketan ari dan artean, zaude ixillik.

        9. Ezerere ez dijoakizun gauzaren gañean ez ezazu tematu; eta etzaite ere bekatariakin bildu juzgatzeko.

        10. Ene semea, etzaite arazo askotan sartu, eta aberastutzen bazera, etzera obenikan gabe arkituko. Asko gauzaren ondoren joanik, ez dezu batere atxituko; eta aleginik geien egiñagatik ere, ez diezu guziai irteera emango.

        11. Bada gizona lanean egiten duena, eta betea dagoena, eta oñazez betetzen da errukirikan gabe, eta argatik ere ez du ugariago idukiko.

        12. Bada beste bat erkitua, eta laguntasunaren premian dagoena, indarrik ez daukana, eta txit beartsua.

        13. Eta Jaungoikoaren begiak urrikaltasunarekin begiratu zion, eta altxatu zuen zegoen toki beeratutik, eta bere burua jaso zuen: eta gauza onekin asko miraritu ziran, eta Jaungoikoa gloriaz bete zuten.

        14. Onak eta gaitzak, bizitza eta eriotza, pobreza eta ondasunak Jaungoikoagandik datoz.

        15. Jaungoikoarenak dira jakinduria, eta erakutsia, eta legea aditzea; eta bereak dirade ere karidadea, eta onak egiten dituzten obrak.

        16. Iritzigaiztoa eta illuntasunak bekatariakin egiñak izan ziraden, eta gaitzetan poztzen diradenak, gaitzean zartzen dirade.

        17. Jaungoikoaren doañak justoakgan irautzen du, eta txit ongi aziaz joango da.

        18. Bada aberastutzen dana kastu urriarekin, eta au da bere ordañaren irabazi bakarra,

        19. Zeren esaten duen: Nere atsedena arkitu det, eta orain jango det nere ondasunetatik bakartxorik.

        20. Eta ez daki denbora iragotzen dala, eta alderatzen zaiola eriotza, eta besteai guztia utziko diela, eta ilko dala.

        21. Sendo iraun ezazu zure elkartasunean, eta bere gañean maiz itz egin ezazu, eta zartu zaite egiten ari zerala aginduta dagotzuna.

        22. Ez ezazu egotaldirikan egin bekatarien obretan, Jaungoikoagan itxedon ezazu, eta zure tokian zaude.

        23. Zeren gauza erraza dan Jaungoikoaren aurrean, beartsua batbatean aberastutzea.

        24. Jaungoikoaren bendizioa arin dabil justoa ordañtzeko, eta denbora laburrean azi, eta frutua emanerazitzen dio.

        25. Ez ezazu esan: Onezkero zer gelditzen zat egiteko, eta zer ondasun etorriko zat aurrerontzean?

        26. Ez ezazu esan: Asko naiz ni neretzat, eta zer gaitzen beldur izan nindeke ni aurrerontzerako?

        27. Egun oneetan etzaite txarrakin aztu, eta egun txarretan onakin oroitu zaite.

        28. Zeren aisa egiten dan gauza dan Jaungoikoaren aurrean, ematea bakoitzari eriotzako egunean ordaña bere egiteen araura.

        29. Ordu bateko gaitzak atsedenik andienak aztuerazitzen ditu, eta gizonaren atzenean bere obrak agertzen dirade.

        30. Ez ezazu alabatu gizonik batere bera il dedin artean, zeren gizona bere semeakgandik dan ezagutua.

        31. Ez ezazu zure txean sartu gizon mota guzia, zeren engañalariak asko azelo dauzkaten.

        32. Zeren nola urdall utsitu batek upatzak botatzen dituen, eta nola eperra kaiolara eramana dan, eta basauntz emea lazora, ala gertatzen da urgullutsuaren biotzarekin, zeñ ikusbegi batetikan bezela dago, bere projimoa nola erortzen dan begira.

        33. Eta ona gaitzean biurtzen duela, azeloak jartzen dago; eta aitzakiak ipiñiko ditu autuetan beretan ere.

        34. Txinpart batetik erazekitzen da sua, eta gizon marrotsu batgatik odol asko isuritzen da, zeren bekatariak bere anaien bizitzari azeloak jartzen diozka.

        35. Gizon galduarekin kontuan ibilli zaite, zeren gaitzak asmatzen ari dan; betiko lotsariz bete ez zaitzan.

        36. Artzen badezu etxean gizon arrotza, txirimola batek bezela nastuko zaitu, eta zure gauzarik ere gabe utziko zaitu.

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Gauza onik iñori egitea nai badezu; begira ezazu nori egiten diozun, eta irabazi andia idukiko dezu beratan.

        2. Justoari ongi egin zaiozu, eta idukiko dezu ordañ andi bat, beragandik ez bada ere, ziertoro Jaunagandik.

        3. Ez du ongi iragoko, beti gaitz egiten ari danak, eta limosnak ematen ez dituenak zeren Jaungoiko txit goratuak gorroto dien bekatariai, eta urrikaltzen dan damututzen diradenakin.

        4. Izan zaite ugaria urrikaltsuarekin, eta etzaite izan bekatarien laguntzallea; zeren Jaungoikoak emango die diña diradena gaizto eta bekatariai, bengantzako egunerako gordetzen dituela.

        5. Eman zaiozu gizon onari, eta etzaite bekatariaren alde jarri.

        6. Ongi egin zaiozu gizon umillari, eta etzaiozu eman gaiztoari, galerazi ezazu berari ogia ematea, berarekin zu baño almentsuagoa egin ez dedin.

        7. Zeren bi alditan anbat gaitz, arkituko dezu, egin diozkazun mesedeen ordañean, zeren Jaungoiko txit goratuak gorroto die bekatariai, eta gaiztoen benganza artuko du.

        8. Adiskidea ez da ezagutua izango gertaera onetan, eta etsaia ez da ezkutatua geldituko gaitzetan.

        9. Gizonaren gertakari onetan bere etsaiak tristezun daude; eta bere gaitzetan adiskidea ezagutua da.

        10. Beñere etzaiozu zure etsaiari sinistu, zeren kobrezko basoari bezela kupritsa egiten zaio.

        11. Eta umillatua badijoa ere, eta buruzbeera, zaude kontuan, eta alde egin ezazu beragandik.

        12. Ez ezazu zure aldamenean ipiñi, eta ez bedi ere eseri zure eskuiean, zure kontra biurturik, zure tokia arrapatzeko asmoak artu ez ditzan, atzenean nik esaten dizudanaren kontuan erori etzaitezen eta sumindu ez dizazuten biotza nere erakutsiak.

        13. Sugeak zauritutako sorgintzallearen, eta pistietara alderatzen diraden guztien urrikaltasunik, nork idukiko du? Ala izango da, gizon gaizto batekin lagun egiten danarekin; eta bere bekatuetan nastua gelditzen danarekin.

        14. Denbora zati batean zurekin egongo da; baña zori onak alde egiten badizu, ez dizu eskua emango.

        15. Etsaiak bere ezpañetan eztia dauka, baña bere biotzean asmazioak darabiltza, nola zu zulora botako zaituen.

        16. Etsaiari bere begietatik negarrak dariozka, baña era artzen badu, ez da odolez aseko.

        17. Eta gaitzen batzuek gertatzen bazazkizu, bera arkituko dezu an aurrena.

        18. Etsaiak bere begietan malkoak dauzka; baña lagunduko balizu bezela, emango dizu zanko osteko bat.

        19. Bere burua erabilliko du, eta txaloak egingo ditu; eta ortz artean itz asko egiten duela, aldatuko du era askotara arpegia.

 

AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Pikeari ukitzen diona, berarekin mantxatuko da; eta urgullutsuarekin izketan egin oi duenari, urgullua itsatsiko zaio.

        2. Zama astun bat ipiñiko du bere gañean, bera baño beste almentsuago batekin artu emanak dauzkanak. Eta etzaite izan, zu baño aberatsago danaren laguna.

        3. Zer aterako du eltzeak pertzaren aldean egotearekin? Elkar jotzen dutenean, zatituko da hura.

        4. Aberatsak egingo dio irain bat norbaiti, eta panparreriak esaten ariko da; beartsu gaizki tratatua berriz, ixillik egongo da.

        5. Ugari ematen badiozu, artuko zaitu berarekin; ezerere ez badaukazu ordea, utziko zaitu.

        6. Zerbait daukazun artean, zure maiean eseriko da, zure haziendak irautzen duen artean; eta gero ez da zurekin errukituko.

        7. Bear bazaitu berak, engañatuko zaitu, eta arpegi argiarekin itxedopena emango dizu, eskeñtzen dizkizula ondasunak ugari, eta esango dizu: Zeren premian arkitzen zera?

        8. Eta nastuko zaitu bere janedan andiakin, aliketa bi edo iru alditan, kastatu erazitzen dizun artean daukazun guztia, eta atzenean irri egingo dizu. Eta gero, ikusten zaituenean, atzea emango dizu, eta bere burua mugituko du farra egiten dizula.

        9. Jaungoikoari umillatu zatzakio, eta bere eskutik itxedon ezazu.

        10. Begira ezazu, engañatua izanda, erori etzaitezen umiltasun eroan.

        11. Etzaite beeratu zure jakindurian, umillatua zaudenean, engañatu etzaitzaten eta ekarri zorakeriako gauza egitera.

        12. Andizkiren batek ots egiten dizunean, aitzakiak asmatu itzatzu, zeren ala, berriz geiago ots egingo dizu.

        13. Ez zatzaio gogaikarria izan, aurtiki etzaitzan beragandik; eta etzaite ere beragandik urrutiratu, aztua izango zeran eran.

        14. Kontu ezazu ez dezazula berarekin itz egin zure ideko batekin bezala; eta etzaiezu ere sinisterikan eman bere itz askoai, zeren zuri asko itz esanerazirik, probatuko zaitu, eta denbora iragotzeko bezela aterako dizkizu zure gauza ezkutukoak.

        15. Bere biotz odolgiroan irauneraziko die zure itzai; eta gero ez ditu zurekin urri erabilliko tratu gaiztoa eta lokarriak.

        16. Ibilli zaite arretaz, eta begira ezazu kontuz aditzen dezunera, zeren zure amiltokiaren ertzean zabiltzan.

        17. Gauza aiek aditzen dituzula berriz, amesetakoai bezela begiratu zaiezu, eta esnatu zaite.

        18. Zure bizitza guztian Jaungoikoa maitatu ezazu, eta ots egin zaiozu zure osasunerako.

        19. Abere guztiak bere antzekoa maitatzen du, ala gizon guztiak ere bere projimoa.

        20. Aragi guztia bere antzekoarekin bilduko da; eta gizon guztiak laguntzat idukiko du bere irudikoa.

        21. Otsoa eta bildotsa adiskide diradenean, orduan izango dirade bekataria, eta justoa ere.

        22. Zer artu eman idukiko du gizon santu batek txakur batekin? Edo nolako elkartasuna egon liteke aberats baten, eta pobre baten artean?

        23. Leoiaren eiza da basastoa eremuan, ala pobreak ere dirade aberatzen bazka.

        24. Eta nola urgullutsuak umiltasuna aier duen, ala aberatsak ere ez du pobrea ikusi nai.

        25. Aberatsa koloka dabillenean, bere adiskideak eltzen diote; pobrea erortzen danean berriz, bere ezagunak ere bultzadaka ariko zaiozka.

        26. Irrist egin duen aberatsak, dauzka asko berari lagun egiteko, urgulleriaz itz egin du, eta aiek justotzen dute.

        27. Utsik egiten badu berriz pobreak, da gañera gaizki tratatua: ederki itz egin zuen, eta ez diote aditzen.

        28. Aberatsak itz egin zuen, eta guztiak ixildu ziran, eta bere itza odeietaraño goratuko dute.

        29. Itz egiten du pobreak, eta aiek diote: Zeñ ote dek ori? Eta beaztopo egiten badu, sakadaka ariko zaiozka, lurreratu dezaten artean.

       

        30. Onak dirade ondasunak, bere konzienzian bekaturik ez daukanarentzat; txit gaiztoak berriz, gizon biurriaren iritzian.

        31. Gizonaren biotzak mudatzen du arpegia edo onera, edo gaitzera.

        32. Biotz on baten ezagungarria, zeñ dan arpegiera on bat, nekez, eta lan andiakin arkituko dezu.

 

AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Doatsua, bere aoko itzean utsik egin ez duen gizona, eta obenaren tristezak akullatua izan ez dana.

        2. Doatsua bere biotzean ez daukana bekatutik datorren tristezarikan, eta erori ere ez zana bere itxedopenetik.

        3. Gizon zikoitz eta eutsiari ondasunak deus ez diote balio, eta gizon ondamutsuari, zer balio dio urreak?

        4. Montoitzen duenak bere buruari gaizki kenduta, besteentzat biltzen du, eta bere ondasunakin beste bat gozatuko da.

        5. Beretzat gaiztoa dana, zeñ besterentzat ona izango da? Eta bere ondasunetan ez da gozatuko.

        6. Norberarentzat zikoitza dana, munduko gizonik zatarrena da; eta au da bere gaiztakeriaren ordaña.

        7. Eta onik egiten badu, jakin gabe, eta nai ez duela egiten du, eta atzenean agertzen da bere gaiztakeria.

        8. Gaiztoa da ondamutsuaren begia, berak itzultzen du arpegia beste aldamenera, beartsua ez ikusteko, eta bere anima mezpreziatzen du.

        9. Zikoitzaren begia ez da asetzen gaiztakeriaren zati batekin, ez da aseko aliketa leortzen dala, bere bizitza galdu dezan artean.

        10. Zikoitzaren begi gaiztoa beti dago tinkatua gaitzean. Ez da ogiz aseko, egongo da, bai, gosez eta tristezaz bere maiearen gañean.

        11. Ene semea, nondik badezu, zu zerorigatik begiratu ezazu, eta egin zaiozkazu Jaungoikoari eskeñtza diñak.

        12. Oroitu zaite etzaiola berantzen eriotzari, eta adirazia izan zatzula obira joateko erabakia: zeren guzientzako legea dan, iñor ere il gabe ez gelditzea.

        13. Il zaitezen baño lenago, zure adiskideari mesede egin zaiozu, eta luzaturik zure eskua al dezun adiñan, eman zaiozu pobreari.

        14. Ez ezazu alperrik galdu egun ona, eta doai onaren zatitxorik ere ez dakizula irago.

        15. Ez al dezu ikusten zure izerdi eta nekeen irabazia beste batzuei utziko diezula, eta beren artean txotx eginda partituko dutela?

        16. Eman zaiezu pobreai eta artu ezazu zuretzat bear dezuna, eta santutu ezazu ala zure anima.

        17. Il zaitezen baño lenago, obra onak egin itzatzu; zeren obian ez diteke janaririk arkitu.

        18. Aragi guztia zartzen da belar ebakia bezela; eta landare berdeai irtetzen zaiezten ostoak bezela.

        19. Osto batzuek ernetzen dira, eta beste batzuek erori, ala aragiaren eta odolaren gizaldia ere, bata aitzen da, eta bestea jaio.

        20. Obra ustelkor guztia atzenean galduko da, eta bera egin zuena, berarekin joango da.

        21. Eta obra autu guztia, ontzat emana izango da, eta egiten duena, izango da onratua beragan.

        22. Zorionekoa, jakindurian beti irautzen duen gizona, eta urrikaltasuneko obrak egiten dituena, eta darabillena bere gogoan, gauza guztiak ikusten dituen Jaungoikoa,

        23. Ikasiaz dijoana bere biotzean jakinduriako bideak, eta bere gauza ezkutuak aditzen dituena, dijoana bere ondoren, aztarnari jarraituko balio bezela, eta egotez dagoena bere bideetan,

        24. Bere leioetatik begiratzen duena, eta bere ateetan azeloan dagoena,

        25. Bere etxearen aldean atsedetzen dagoena, eta sartzen makilla bat bere paretetan, ipintzen du bere aldean bere etxetxoa, eta etxetxo onetan bere ondasunak idukiko dute betiko atsedena.

        26. Bere semeak ipiñiko ditu bere itzalean, eta bere adakien azpian biziko da.

        27. Bere itzalean egongo da berotasunetik gordea, eta bere glorian atsedengo du.

 

AMABOSGARREN KAPITULUA

        1. Jaungoikuaren beldurra daukanak, obra onak egingo, eta justizia txit ongi zaitzen duena, jakinduriaren jabe izango da.

        2. Zeren bera, ama onra andiko bat bezela, aterako zaio bidera, eta ezkontitzatu birjiña bat bezela artuko du.

        3. Bazkatuko du bizitzako, eta adimentuko ogiarekin, eta osasuneko jakinduriako ura edaten emango dio; eta beragan sendotuko da, eta bera izango da iraunkorra.

        4. Eta eskutik elduko dio, eta ez da lotsatua izango; eta bere auzoen artean goratuko du.

        5. Eta elizaren erdian bere aoa idikiko du, eta beteko du jakinduria eta aditzako espirituz, eta gloriako soñekoarekin jantziko du.

        6. Atsegiñez eta pozez beteko du, eta emango dio herenzian betiko izen bat.

        7. Zentzugabeko gizonak ez dute iritxiko; zentzudunak berriz bidera aterako zaiozka, gizon zentzugabeak ez dute ikusiko, zeren urgulleria eta engañoagandik urrutian dagoen.

        8. Gizon gezurtiak berarekin ez dirade oroituko; gizon egiatiak berriz beratan arkituak izango dirade, eta ibilliko dirade onetik obeagora ikusi dezaten artean Jaungoikoaren arpegia.

        9. Alabanza ez dago ongi bekatariaren aoan.

        10. Zeren jakinduria Jaungoikoagandik atera zan, zeren Jaungoikoaren alabanza jakinduriaren aldean egongo da; eta ao leialean ugari egongo da, eta Jaunak emango dio.

        11. Ez ezazu esan: Jaungoikoagan dago, jakinduria nigandik urrutian arkitzea. Ez ezazu zuk egin berak gorrotatzen duena, eta idukiko dezu.

        12. Ez ezazu ere esan: Berak utsegin erazi dit, zeren berak ez dauka gizon gaiztoen premiarik.

        13. Gorrotatzen du Jaunak gaiztakeria guztia, eta au ez diteke izan, bere beldurra daukatenak maitatua.

        14. Asieratikan Jaungoikoak gizona egin zuen, eta utzi zuen bere konsejuaren eskuetan.

        15. Gañera bere mandamentu eta aginteak eman ziozkan.

        16. Nai badizute zaitu aginteak, eta iduki beti bere gogokoa dan leialtasuna, berak zure salbazioa izango dirade.

        17. Ipiñi zizkizun aurrean ura eta sua, nai dezunera luzatu ezazu zure eskua.

        18. Gizonaren aurrean daude bizitza eta eriotza, ona eta txarra, bere gogokoa dana emana izango zaio,

        19. Zeren Jaungoikoaren jakinduria andia dan, eta bere eskubidea sendoa; eta aspertu gabe dago guziai begira.

        20. Jaunak bere begiak ipiñiak dauzka, bere beldur diradenen gañean; eta bera dago, gizonen egite guziai begira.

        21. Iñori ere ez dio gaizki egiteko agindu; eta iñori ere ez dio eman denborarik, bekatu egiteko,

        22. Zeren ez dan bere gogoko gauza idukitzea asko seme desleial eta alper.

 

AMASEIGARREN KAPITULUA

        1. Etzaite poztu ugaritzean zure semeak, gaiztoak badira; eta etzaite ere beretan gozatu, Jaungoikoaren beldurrik ez badaukate.

        2. Etzaiozu sinistu beren bizitzari, ezta begiratu ere beren lanai.

        3. Zeren obeagoa da Jaungoikoaren beldurra daukan bat, milla seme gaizto baño.

        4. Eta obeago da semerikan gabe iltzea, seme gaiztoak utzitzea baño.

        5. Gizon zentzudun bakar bat asko da erri bat jendez betetzeko, gaiztoen erreñua iñor gabe geldituko da.

        6. Gauza oietatik asko nere begiak ikusi ditu, eta oiek baño sendoagoak aditu ditu nere belarriak.

        7. Sugarrak erazekiak egongo dirade bekatarien biltzarrean; eta Jaungoikoaren aserreak eztanda egingo du, sinisgogorren erreñoaren gañean.

        8. Etzuten iritxi beren bekatuen barkazioa anziñako erraldoeak, zeñak desegiñak izan ziraden, beren indarrean itxedotzen zutela.

        9. Eta etzion ere Jaungoikoak barkatu Lot ostatuz zegoen tokiari, baizik madarikatu zituen bertan bizi ziradenak, beren bekatuen urgulleriagatik.

        10. Etzan berakin errukitu, eta desegin zuen, bere bekatuetan gozatzen zan erreñu guzi hura.

        11. Eta berebat seireun milla gizon oñazko, beren biotzeko gogortasunean bildu ziradenak, eta bat bakarra izan balitza ere tematia, miraritzekoa izango zan kastigu gabe gelditzea,

        12. Zeren urrikaltasuna eta aserrea beragan dauden. Izan liteke biguñdua, eta ezarri lezake bere aserrea.

        13. Nola egiten duen urrikaltasuna, ala kastigatzen du, berak juzgatzen du gizona bere obren araura.

        14. Ez dio igesik egingo bekatariak bere lapurretaren kastiguari, eta luzatu gabe emango zaio gizon urrikaltsuari, itxedotzen duen ordaña.

        15. Urrikaltasuneko egite guziak prestatzen dio bakoitzari tokia, bere obrak diña diraden araura, eta bizitza onetan bidaztiz dagoen denborako zentzuaren araura.

        16. Ez ezazu esan: Ezkutatuko natzaio Jaungoikoari, eta goitikan nor oroituko da nerekin?

        17. Jende talde andi baten artean ez naiz ezagutua izango, zeren zer naiz ni alako lagun talde neurrigabearen artean?

        18. Ona emen non zerua, eta zeruen zeruak, eta leizea, eta lur guztia, eta beretan dauden gauzak mugituko diraden bere aurrean.

        19. Orobat mendiak, eta muñoak, eta lurraren zimenduak, Jaungoikoak begiratzen dienean, ikaraz elkar joko dute.

        20. Eta gauza guzi oien erdian gizonaren biotza dago sortua; baña Jaungoikoak biotz guziak ikusten ditu;

        21. Eta zeñ da bere bideak aditzen dituena? Eta arako atzeneko eguneko ekaitz izugarri, gizonen begirak bera bezelakorik ikusi ez dutena?

        22. Baña bere obra txit asko ezkutuak dirade. Nork berriz bere justiziako obrak kontatuko ditu? Edo nork sufrituko ditu? Zeren bere erabakiak askogandik urrutian daude, baña guziai kontua artuko zaie atzeneko egunean.

        23. Gizon txoroak gauza alperrak darabilzki gogoan, eta gizon zentzugabeko eta bidegaldukoa dago eragabeko asmazioetan.

        24. Aditu nazazu, ene semea, eta ikasi itzatzu zentzua idukitzeko erakutsiak, eta erabilli itzatzu zure biotzean esatera noatsun itzak:

        25. Bada nik emango dizkizut erakutsi txit egokiak, eta agertuko dizut jakinduria ezkutatua; eta zaude arretaz nere itzetara zure biotzean; bada nik argiro eta tolesgabe esango dizkizut, Jaungoikoak bere obraetan asieratik ipiñi zituen mirariak, eta adirazitzen dizut egiarekin bere jakinduria.

        26. Jaungoikoak asieratik formatu zituen bere obrak jakintsuro, eta berak egiñak izan ziradenetik berezituak ipiñi zituen taldeetan, eta beretatik nagusienak beren familien araura.

        27. Apaindu zituen betiko berak egin zituen gauzak, eta ez dute goserik iduki berak, ez dirade ere lanean ari, ezta iñoiz gelditu ere berai dagozkiten eginkizunetan.

        28. Eta beretatik guztietatik batek ere ez du iñoiz bestea estutu.

        29. Etzaite sinisgaitza izan bere itzera.

        30. Oien ondoan Jaungoikoak lurrera begiratu zuen, eta bete zuen bere ondasunez.

        31. Ori da erakusten dutena bizi diran, eta bere gañean dauden, eta berriz lurra izatera biurtzen diran abere guztiak.

 

AMAZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Jaungoikoak gizona lurrarekin egin zuen, eta egin zuen bere irudiaren araura.

        2. Eta berriz ere lurra izatera itzulierazi zion. Eta bertutez jantzi zuen bere izatearen araura.

        3. Ipiñi ziozkan denbora eta egun izentatuak; eta lurrean dauden gauza guzien gañean eskubidea eman zion.

        4. Egin zuen beldurgarria abere guzientzat, argatik dauka agintaritza abereen gañean, eta egaztien gañean.

        5. Beragandik egin zuen bere antzeko laguntzalle bat; biai eman zien arrazoia, eta mingaña, eta begiak, eta belarriak, eta biotza pensatzeko, eta adimentuko argiakin bete zituen.

        6. Eman ere zien berai espirituetako jakinduria, bete zituen zentzuz beren biotzak, eta erakutsi ziezten gauza onak, eta gaiztoak.

        7. Ipiñi zuen bere begia beren biotzen gañean, erakusteko berai bere obren anditasuna,

        8. Bere izen santua alabatu zezaten, eta gloria eman lizaioten bere mirarietan, eta bere egiteen anditasuna adirazi zezaten.

        9. Gañera eman ere zien berai oituren erakutsia, eta eman zien herenziaz bizitzako legea.

        10. Betiko elkartasuna berakin egin zuen, eta erakutsi ziezten bere justizia, eta bere erabakiak.

        11. Eta beren begiakin ikusi zituzten bere gloriaren anditasunak, eta beren belarriak aditu zuten bere bozaren anditasuna, eta esan zien: Kontu gero, ez dezazutela gaiztakeriarikan batere egin.

        12. Eta beretatik bakoitzari agindu zion bere projimoa maitatzeko.

        13. Beren bideak aren aurrean daude beti; bere begietatik ez daude ezkutatuak.

        14. Erreñu bakoitzari bere Gobernaria ipiñi zion.

        15. Eta Israel izan zan agirian, Jaungoikoaren tokamena.

        16. Beren obra guztiak daude agirian eguzkia bezela Jaungoikoaren aurrean, zeñaen begiak jarriak dauden beti beren bideetan.

        17. Bere elkartasuna etzan ezkutatua gelditu beren gaiztakeriagatik, eta beren gaiztakeria guztiak Jaungoikoaren begien aurrean daude.

        18. Gizonaren limosna gordetzen du Jaungoikoak sillu bat bezela, eta zaituko ditu gizonaren obra onak, bere begietako niniak bezela.

        19. Jero jaikiko da juzgatzera, eta ordaña emango die gaiztoai, bakoitzari berezian, eta lurraren tokirik barrenengoetara.

        20. Damututzen diradenai berriz ematen die eskubidea, justiziako bidera biurtzeko; eta ematen diezte indarrak, oiek galtzen dituztenean, aurrera joateko, eta dauka izentatua berentzat justiziari zor zaion saria.

        21. Biurtu zaite Jaunagana, eta zure bekatuak utzi itzatzu.

        22. Egin ezazu orazioa Jaunaren aurrean, eta kendu itzatzu beaztopogaiak.

        23. Itzuli zaite Jaunagana, eta alde egin ezazu zure gaiztakeriatik, eta txit gorrotatu ezazu Jaungoikoarentzat nazkagarria dan guztia.

        24. Eta ikasi itzatzu Jaungoikoaren aginteak, eta erabakiak, eta sendo iraun ezazu ipiñia izan zatzun bertuteko estadu doatsuan, eta Jainko txit goratuari orazio egitean.

        25. Sartu zaite gizaldi santuko lagunen artean, biziakin eta Jaungoikoari alabantzak ematen diozkatenakin.

        26. Etzaite egon egotez askoren iritzi gaiztoan. Alabatu ezazu Jaungoikoa il zaitezen baño lenago. Zeren utsa bezela galtzen da illaren alabantza.

        27. Bizirik, bizirik zaudela alabatuko dezu, eta osasunarekin zaudela aitortuko dezu, eta alabatuko dezu Jaungoikoa, eta bere urrikaltasunetan gozatuko zera.

        28. Zeñ andia dan Jaunaren urrikaltasuna, eta bere biguñtasuna beragana biurtzen diradenentzat!

        29. Zeren gizonak ez ditzake gauza guziak iduki, ez dagoan ezkero gizonaren semerikan batere illeziña danik, eta gozatzen ez danik urgulleria eta gaiztakerian.

        30. Zer gauza argitsuagorik eguzkia baño? Bada onek ere izan oi ditu argike aldiak. Edo zer gauza gaiztoagorik aragiak eta odolak pensatu zuena baño? Baña ez dirade berak kastigu gabe geldituko.

        31. Berak ikusten ditu bere inguruan zeru txit goratuko bertuteak: gizon guztiak berriz autsa eta errautsa dirade.

 

EMEZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Beti bizi danak, gauza guziak, batere salbutua utzi gabe, egin zituen. Jaungoikoa bakarrik beti justoa arkitua izango da, eta bera da errege iñork garaitu ezin duen, beti dirauana.

        2. Zeñ da bere obra guziak adirazi ditzakena?

        3. Zeren nork iduki dezake bere mirarien berri ziatza?

        4. Eta nork adirazi dezake bere anditasunaren eskubidea? Edo nor jarriko da bere urrikaltasuna kontatzen?

        5. Ez dago zer kendurik, ez zer itsatsirik Jaunaren obra miragarrietan, eta ez dago ere nork aditu ditzaken.

        6. Bukatzen duenean gizonak, orduan egongo da asieran; eta gelditzen danean, arritua egongo da.

        7. Zer da gizona? Eta zertan izan diteke Jaungoikoarentzat mesedegarria? Zer dijoakio Jaungoikoari bere onean, edo bere gaitzean?

        8. Gizonaren egunen zenbata, danik geien ere, eun urtekoa da, zeñak datozten izatera itsasoko uretako tanto bat bezela, eta ondar gramotxo bat bezela, alako laburrak dirade egun oiek, betikoirauneko egunarekin konparatuta.

        9. Argatik Jaungoikoak dauka berakin pazienzia, eta bidaltzen du beren gañera bere urrikaltasuna.

        10. Ikusi zuen beren biotzetako antuztea, zeñ dan gaiztoa, eta ezagutu zuen beren irabioa, zeñ dan biurria.

        11. Argatik agertu zion osotoro bere biguñtasuna, eta bere berdintasuneko bidea erakutsi zien.

        12. Gizonaren urrikaltasuna bere projimoagana zuzentzen da: Jaungoikoaren urrikia berriz, zabaltzen da aragi guztira.

        13. Berak urrikaltasuna dauka, erakusten du, eta ots egiten die, artzaiak bere artaldeari bezela.

        14. Bera da biguña urrikaltasuneko erakutsia aditzen dutenakin, eta ajolatsuak diradenakin bere aginteak betetzen.

        15. Ene semea, egiten dezun mesedearekin ez ezazu errierta bildu; eta ez bitez ere joan zure doañak itz gaiztoen garraztasun lagun dutela.

        16. Intzak ez al du epeltzen berotasuna? Ala itz ona ere, doaña baño obeagoa da.

        17. Ez al dezu ezagutzen itz biguñak doañak baño geiago balio duela? Baña joango dira gizon justoarekin.

        18. Gizon zentzugabeak esaten ditu lotsagabekeriak garraztasunarekin; eta aziera gaiztoko gizonaren doañak, begietatik malkoak ateratzen ditu.

        19. Juiziora joan baño lenago, ziurtatu zaite arrazoia daukazula; eta itz egin baño lenago, ikasi ezazu.

        20. Eritu zaitezen baño lenago, ar zazu sendagarria, eta juizioa egin baño lenago galdetu zaiozu zure buruari, eta ala Jaungoikoaren aurrean urrikaltasuna arkituko dezu.

        21. Eritasuna etorri baño lenago umillatu zaite, eta eritasuneko denboran erakutsi ezazu nolakoa zeran.

        22. Ezerk ere etzaitzala gelditu orazio egitetik beti al dezun guzian, eta ez ezazu obra onak egiteko lotsarikan iduki eriotzaraño, zeren Jaungoikoaren ordañak beti irautzen duen.

        23. Orazio asi baño lenago zure anima prestatu ezazu, eta etzaite izan Jaungoikoa tentatzen duen gizona bezelakoa.

        24. Oroitu zaite atzeneko egunean etorriko dan sumintasunarekin, eta ordañeko denborarekin, Jaungoikoak bere arpegiari gaiztoakgandik aldeerazitzen dionean.

        25. Oroitu zaite pobrezarekin ugaritasuneko denboran, eta pobrezaren premiakin ondasunen egunean.

        26. Goizetik arratsaldera denbora aldatuko da, eta au guzia txit laister egiten da Jaungoikoaren begietan.

        27. Gizon jakintsua gauza guzietan beldur da, eta bekatuen egunetan ez da ajolagabea izango.

        28. Zentzua daukan gizon guztiak jakinduria ezagutzen du, eta berak alabatuko du arkitu duena.

        29. Gizon begiratuak zentzuarekin itz egiten dute, eta aditzen dituzte egia eta justizia, eta barreiatzen dituzte euria bezala esangiak eta erabakiak.

        30. Zure guraen ondoren etzaite joan, eta zure zerorren borondatetik alde egin ezazu.

        31. Aspertzen badezu zure anima bere gurarietan, egingo du, zure etsaien gozotasuna izan zaitezela.

        32. Etzaite izan iskanbilletan, ezta txikietan ere ibiltzen zalea, zeren beretan maiz erriertak izan oi diraden.

        33. Etzaite pobretu, arturik lukuruan besteak adiña izateko asmoz, zizkuan ezerere ez daukazun bitartean, zeren zure bizitzaren ondamutsua izango zeran.

 

EMERETZIGARREN KAPITULUA

        1. Langille edalea ez da aberastuko, eta gauza txikiak mezpreziatzen dituena, geldika geldika eroriko da.

        2. Ardoak eta emakumeak fedea galdu erazitzen diote jakintsuai, eta errierta egiten diote zentzua daukatenai.

        3. Bordionakin biltzen danak, lotsa guztia galduko du, eta usteltasuna eta arrak izango dirade, oraindikan bizi dala ere, bere herenzia, toki agirian ipiñia izango da besteen izutzat, eta kendua izango da bizien artetik.

        4. Arin sinistutzen duena, biotz gutxikoa da, eta galmena idukiko du. Beren animaren kontra bekatu egiten duena, gizon zitaltzat idukia izango da.

        5. Desonratua izango da, gaiztakerian gozatzen dana, eta bere utsegitean zuzendua izateari gorroto dionari, bizitza laburtuko zaio; itzontzikeria gorrotatzen duenak berriz, itzalitzen du murmuratzallearen gaiztakeria.

        6. Bere animaren kontra bekatu egiten duenari, damutuko zaio, eta gaiztakerian gozotasuna artzen duena, desonratua izango da.

        7. Ez ezazu berriro esan itz gaizto eta gogorrik, eta ez dezu galmenikan idukiko.

        8. Uste dezuna, ez zaiozu kontatu adiskideari eta etsaiari: eta obenikan badaukazu, ez ezazu agertu.

        9. Zeren adituko zaitu, eta zurekin kontuan ibilliko da, eta zure bekatuan kulpa gabea egingo bazindu bezela, gorrotatuko zaitu, eta ala zure aldamenean beti egongo da.

        10. Aditu badezu zerbait zure projimuaren kontra? il bedi zugan; itxedotzen dezula etzaituala lertuko.

        11. Itz batgatik dago zentzugabea penaetan, aurregitean suspirioz dagoen andrea bezela.

        12. Ister aragitsuan tinkatua dagoen saieta bezela, ala da itza zentzugabeko gizonaren biotzean.

        13. Zuzendu ezazu oker dijoan adiskidea, noski aditu ez badu ere, eta ez dezan esan: Ez nuen egin; edo egin bazuen, berriz egin ez dezan.

        14. Zuzendu ezazu oker dijoan projimoa, noski esan ez badu ere; edo esan badu, berriz esan ez dezan.

        15. Kontuan jarri ezazu adiskidea, zeren maiz premian dago.

        16. Eta etzaiozu itz guziari sinistu. Bada bat izketan uts egiten duena; baña ez gogo gaiztoarekin.

        17. Zeren, zeñ da, bere mingañarekin bekaturik egin ez duena? Kontuan ipiñi ezazu projimua biguñtasunarekin, gogorrean asi baño lenago.

        18. Eta lekua eman zaiozu Jaungoiko txit goratu, agintzen dizunaren beldurrari, zeren jakinduria guztia dagoan sartuta Jaungoikoaren beldurrean, eta berarekin Jaungoikoaren beldur izaten da, eta jakinduria guztia Jaungoikoaren beldur izatera zuzentzen da.

        19. Eta gaizki egiteko artetsua izatea, ez da jakinduria, eta ez da ere zentzua, bekatarien gogorazioa idukitzea.

        20. Da gaiztakeria bat, nazkarekin bildua dijoana, eta Jaungoikoaren jakinduria gabe dagoena barbull bat.

        21. Obeagoa da arako gizon somarik ez duena, eta jakinduria gabekoa, Jaungoikoaren beldurra badauka; gizon aditua baño, Jaungoikoaren legea ausitzen badu.

        22. Bada astruzia txit andi bat; baña gaiztoa da.

        23. Eta bada, ongi eta frutuarekin itz egiten duena, egia adirazirik. Bada gaiztoz humillatzen dana, bere biotza berriz engañioz betea dago;

        24. Eta bada geiegi azpiratzen dana, txit makurtua jarrita, eta bada arpegia itzultzen duena, eta iduritzen duena, ez duela ikusten ezkutua dan gauza.

        25. Eta indarren ergitasunak galerazitzen badio bekatu egitea, gaizki egiteko era arkitzen duenean, gaizki egingo du.

        26. Gizona bere iruditik da ezagutua, eta arpegieratik da ezagutua zentzua daukana.

        27. Gorputzeko jantziak, eta ortzetako farrak, eta gizonaren ibilmoduak ematen dituzte bere ezagungarriak.

        28. Korrekzio gaistoa da, bat, aserretuta, itz gaizto urtika ari danean; eta egiten du iritzi bat, zeñ ez dala zuzena gero ezagututen dan; eta bada alako denboran ixillikan egon oi dana, eta au da zentzu andikoa izatea.

 

OGEIGARREN KAPITULUA

        1. Zenbat obeago ote dan errierta egitea, aserretua egotea baño, eta bekatua aitortzen duenari itz egiten ez galerazitzea!

        2. Txikiratuaren gurariak desbirjiñatuko du neskatx birjiña.

        3. Alakoa da indarrarekin juizio ausitzen duena.

        4. Zeñ gauza ona dan errierta egiten diotenean bati, damua erakustea! Zeren onela borondatezko bekatutik iges egingo dezu.

        5. Bada ixillik egonda jakintsutzat ezagutua dana, eta bada gorrotatua dana, bere jarioagatik izketan.

        6. Bada ixillik dagoana, itz egiten ez dakialako; eta bada ixillik dagoana, badakiala zeñ dan era egokia.

        7. Gizon jakintsua ixillik egongo da denbora dan artean; gizon buru ariñak, eta zentzugabeak ordea, ez dute denborarik zaituko.

        8. Itz asko esaten dituenak, bere animari kalte egingo dio; eta besteren eskubidea arrazoe gabe arrapatzen duena, gorrotatua izango da.

        9. Noizbait ongi joan oi zaio gaitzetan gizon gaiztoari; baña arkitzen dituen ondasunak, bere kalterako izan oi dirade.

        10. Bada eskeñtza bat, egiten duenarentzat alperrikakoa dana, eta bada eskeñtza bat, bi ordañ dauzkana.

        11. Bada goratua danean beeratua gelditzen dana; eta bada umillazioarekin burua jasotzen duena.

        12. Bada erosten dituena asko gauza prezio gutxirekin, eta biurtzen dituena zazpitan anbatekin.

        13. Jakintsua bere izketarekin maitagarria egiten da; zentzugabekoen donaireak berriz galduak izango dirade.

        14. Zentzugabekoaren doañak, ez dizu mesederik ekarriko; zeren bere begiak zazpi aldemenetara (sic) begira daude.

        15. Berak gutxi emango du, eta maiz arpegian emango dizu; eta bere aoaren idikiera garmendi bat izango da zure kontra.

        16. Gaur bat prestatzen du, eta eskatzen du biar. Alako gizona gorrotogarria da.

        17. Zentzugabeak ez du adiskiderik idukiko, eta bere doañak ez dirade esker onarekin erantzunak izango.

        18. Zeren bere ogia jaten dutenak mingañ gaiztokoak diraden, O zenbatek, eta zenbat alditan berari irri egingo ote dioten!

        19. Zeren zentzugabero ematen du, gorde bear zuena; baita gorde bear etzuena ere.

        20. Mingañ gaiztoaren erortzea, sabaitikan beera erortzen danarena bezelakoa da. Ala gaiztoen erortzea, arin baño ariñago etorriko da.

        21. Gizon geza da, gatz gabeko ipui bat bezelakoa; aziera gaiztoko jendeen aoetan beti dabiltzanetatikoa.

        22. Parabolak ez dauka graziarik zentzugabearen aoan, denbora ez danean esaten duelako.

        23. Bada bekatu egiten ez duena, zerekin ez daukalako; eta bere atsedenean akulloarekin zirikatua izango da.

        24. Bada galduko duena anima lotsagatik, eta galtzen du gizon zentzugabeko baten begirunez, eta alako gizon bat gatik bera galtzen da.

        25. Bada lotsaz adiskideari eskeñtzen diona; eta doan etsaitzat irabazten du.

        26. Gezurra gizonagan lotsari txit gaiztoa da, eta beti bezela egongo da aziera gabeko jenderaren aoan.

        27. Obeagoa da lapurra, gezurra esaten oitua dagoen gizona baño. Eta biak galmena herenziatzat idukiko dute.

        28. Desonratuak eta zatarrak dirade gezurtien oiturak, beti daramate berakin beren lotsaria.

        29. Jakintsua bere itzakin ospatsu egiten da, eta gizon zentzuduna andizkien gogokoa izango da.

        30. Bere lurra ongi landutzen duenak, egingo du frutuen montoi andiagoa; eta justiziako obrak egiten dituena, goratua izango da; eta andizkien gogokoa danak, iges egin bear du injustiziatikan.

        31. Eskeñtzak eta doañak Juezen begiak itxututzen dituzte, eta mutuak bezelakoak egiten dituztela, alderazitzen die beren kastiguai.

        32. Jakinduria ezkutuan dagoenak, eta ikusia izandu gabeko tesoroak, biak zer mesede ekarri oi dute?

        33. Obeagoa da, bere ezjakiña estaltzen duen gizona, beren jakinduria ezkutatzen duena baño.

 

OGEITA BATGARREN KAPITULUA

        1. Ene semea, bekatu egin dezu? Bada etzaite biurtu berriro bekatu egitera, baizik Jaungoikoari orazio egin zaiozu leengo bekatuakgatik, barkatuak izan dakizkizun.

        2. Suga baten aurretik bezela, iges ezazu bekatutik; zeren beragana alderatzen bazera usikiko dizu.

        3. Beren ortzak leoien ortzak dirade, zeñak gizonen animak iltzen dituzten.

        4. Bekatu guztia ao biko ezpata bezelakoa da, bere zauriak ez ditezke sendatu.

        5. Urgulleriak eta injuriak ezereztzen dute hazienda; eta etxerik aberatsena arrokeriagatik desegiña izango da; ala gizon arroaren ondasunak ere, desegiñak izango dirade.

        6. Pobrearen orazioa bere aotik Jaungoikoaren belarrietaraño allegatuko da; eta bereala justizia etorriko zaio.

        7. Korrekzioa gorrotatzea gizon bekatariaren ezagungarri agiria da; eta Jaungoikoaren beldur dana, damutuko da bere biotz guztitik.

        8. Urrutitikan ezagutzen ematen da gizon almentsua, bere mingañ ausartatuagatik; eta gizon zentzudunak, daki alde egiten beragandik geldika geldika.

        9. Etxea egiten duena besteren diruakin, da bere arriak biltzen dituena bezela, neguan etxea egiteko.

        10. Bekatari guztiak bilduta, dirade mullo montoi bat bezela, suzko garrakin desegiñak izateko.

        11. Bekatarien bidea da laua, eta arlanduakin egiña; baña dijoa zuzen infernura, nun dauden illuntasunak eta oñazeak.

        12. Justizia gordetzen duenak, ezagutuko du bere espiritua.

        13. Jaungoikoaren beldurrik onena, jakinduria eta zentzua da.

        14. Onean jakintsua ez dana, ez da beñere ongi erakutsia izango.

        15. Bada berriz jakinduria bat, ugaria gaitzean, eta ez dago zentzurik, bekatuaren mingoiztasuna dagoen tokian.

        16. Jakintsuaren aditzak, ugolde batek bezela gañez egingo du, eta bere konsejuak irautzen du, bizitzako iturri batek bezela.

        17. Zentzugabearen biotza, ontzi autsi bat bezelakoa da, eta ez du beragan geldirik idukiko jakinduriaren piskarik.

        18. Edozeñere itz, ongi esandako, jakintsuak aditzen duena, alabatuko du, eta bere buruari itsatsiko dio. Adituko du atsegiñetara emana dagoen gizonak, eta etzaio gustatuko, eta aurtikiko du bere sorbalden ostera.

        19. Zentzugabearen izketak gogaikarriak dirade, bidean dijoanarentzat zama astun bat bezela; zentzudunaren ezpañak berriz, graziaz beteak daude.

        20. Gizon zentzudunaren aoa batzarretan billatua da; eta bakoitza bere biotzean oartzen da, aditzen diozkan itzakin.

        21. Jakinduria zentzugabearentzat, etxe arrasatu bat bezelakoa da; eta txoroaren aditza, aditu ezindako itzetan dago.

        22. Nola zepoak oñetan eta katea bere eskuieko eskuan, ala da zentzugabearen aditza.

        23. Eroak algaraz farra egiten du; gizon jakintsuak berriz ozta farra piska bat egingo du.

        24. Jakinduria zentzua daukan gizonarentzat urrezko apaingarri bat da, eta eskuieko eskuan besagi bat bezelakoa.

        25. Eroaren oña erraza da auzoko etxean sartzen; gizon zurrak berriz, beldurrez begiratzen dio gizon almentsuari.

        26. Gizon eroak leiotikan begiratuko du etxean; aziera oneko gizona berriz kanpoan egongo da.

        27. Gizon eroari dagokiona da, atetikan azeloan egotea, zer esaten duten aditzeko; gizon zentzudunak berriz, desonratzat idukiko du ori egitea.

        28. Zentzugabekoen ezpañak, barbullkeriak kontatuko dituzte; gizon zentzu andikoen itzak berriz, balanzan pisatuak izango dirade.

        29. Eroen biotza beren aoan dago, eta jakintsuen aoa, beren biotzean.

        30. Gaiztoak deabrua madarikatzen duenean, bere burua madarikatzen du.

        31. Losengariak, bere anima zikinduko du, eta gauza guztietan gorrotatua izango da, eta gaizki begiratuko zaio berarekin itz egiten duenari; gizon ixilla eta zentzuduna berriz, onratua izango da.

 

OGEITA BIGARREN KAPITULUA

        1. Loiz beteriko arriakin arrika egingo zaio gizon nagiari, eta guztiak beragatik mezprezioarekin itz egingo dute.

        2. Idien korotzarekin arrika egin zitzaion gizon nagiari, eta berari ukitzen dion guztiak eskuak astinduko ditu.

        3. Aitaren lotsaria da seme gaizki azia, eta alaba moldesteza gutxi estimatua izango da.

        4. Alaba zentzuduna da herenzia bat bere senarrarentzat; lotsatzen duena berriz, aitaren desonra da.

        5. Alaba lotsagabea aitaren eta senarraren desonra da, eta ez da geldituko, gaiztoak baño beerago; eta batak eta besteak desonratua izango da.

        6. Izketa bat denbora ez danean, da musika proguan bezela; azotea eta erakutsi ona berriz, denbora guztian dirade egokiak jakinduriarako.

        7. Zentzugabeko bati erakutsiak ematen diozkana, lurrontzi baten zatiak engrudoarekin batutzea bezela da.

        8. Kontatzen diona gauzaren bat aditzen ez duenari, lozorro astun batean lo dagoena esnatzen duena bezela.

        9. Lo dagoan batekin itz egiten du, gizon zentzugabeari jakinduriaren gañean itz egiten dionak, eta izketaren atzenean esaten du: Zeñ dek au?

        10. Negar egin ezazu illagatik, argirirk gabe gelditu dalako, eta eroagatik negar egin ezazu, adimentuko argitasun gabe gelditu dalako.

        11. Alaere illagatik negar gutxi egin ezazu; zeren atsedenean dagoan.

        12. Zeren gizon ero biurriaren bizitza txit gaiztoa, txarragoa da eriotza baño.

        13. Illaren progua zazpi egunekoa da; ero, eta gaiztoarena berriz, beren bizitzako egun guztietakoa.

        14. Eroarekin ez ezazu itz asko egin; eta zentzugabearekin etzaite joan.

        15. Ibilli zaite kontuz berarekin kezkaz egon etzaitezen, eta bere bekatuak kutsutu etzaitzan.

        16. Alde ezazu beragandik, eta atsedena arkituko dezu, eta iguirikan ez dezu idukiko bere barbullkeriagatik.

        17. Zer gauza izango ote da astunagoa beruna baño? Zer beste izenik dauka bada zentzugabeak?

        18. Errazago da eramatea ondarra, eta gatza eta burni balenkak, gizon zentzugabeko, ero, eta gaiztoa baño.

        19. Etxearen zimendurako ipintzen dan abe taldea elkarri lotu eta itsasia, ez da desegingo; ala ez da ere, konseju on eta begiratu batekin sendotua dan biotza.

        20. Gizon zentzudunaren pensatzeko modua, ez da iñoizere gaiztotuko beldurragatik.

        21. Nola estakak toki goratuetan, eta kasturikan gabe egindako paretak ez duten iraungo aizearen indarraren kontra,

        22. Ala zentzugabearen biotza, beldurtia bere gogorazioetan, ezin erasoko zaio beldurraren indarrari.

        23. Nola zentzugabearen biotza, beldurtia bere gogorazioetan, ez dan beldur izango denbora guztian, ala Jaungoikoaren aginteetan irautzen duena ere.

        24. Begia jotzen duenak malkoak ateratzen ditu, eta biotza jotzen duenak, ateratzen ditu gurak.

        25. Egaztiai arriak aurtikitzen dieztenak, andikan botako ditu; ala adiskideagatik gaizki itz egiten duenak ere, desegiten du adiskidetasuna.

        26. Ateratzen badezu ere ezpata adiskidearen kontra, etzaite etsi. Zeren badago beragana itzuliera. Adiskideari

        27. Idikitzen badiozu aoa gauza tristeetarako, etzaite beldur izan, zeren oraindikan pakeak egin litezke, ez bada izan itz gaiztorik, ez lotsagabekeriarik, ez urgulleriarik, ez ixilgauzak agertzerik, ez marrozko otsik. Gauza guzti oiekgatik bai igesko duela adiskideak.

        28. Zaitu zaiozu leialtasuna zure adiskideari bere pobrezan, gozatu zaitezen bere gertakari onetan.

        29. Bere naigabeko denboran, iraun ezazu beraganako leialtasunean, bere herenzian ere partale izan zaitezen.

        30. Labeko baoa eta kea igotzen dira goira, suaren garra baño lenago; ala odola isuri baño lenago izan oi madarikazioak, iraiñak, eta keñadak.

        31. Ez naiz lotsatuko adiskideari agur egiten, bere aurretik ez naiz ezkutatuko, eta beragatik gaitzak etorriko balizkit, sufrituko ditut.

        32. Aditzen dion guztia, berarekin kontuz ibilliko da.

        33. Nork ipiñiko dio gordetzalle bat nere aoari, eta nere ezpañen gañean sillu sendo bat, beretatik erori ez nadin, eta nere mingañak galdu ez nazan?

 

OGEITA IRUGARREN KAPITULUA

        1. O Jauna, Aita eta nere bizitzaren jabea, ez nazazu utzi beren konsejuen erabakian, eta ez ezazu ere laketu berakgatik ni erori nadilla!

        2. Nor izango da azotea erabilliko duena nere gogorazioen gañean, eta jakinduriaren korrekzioa nere biotzaren gañean, alako moduan non, ez dakizkidala barkatu nere utsegiteak, beretatik bekatuak erne ez ditezen,

        3. Eta nere ezjakiñak ere azi ez ditezen; eta nere utsegiteak ere ugaritu ez ditezen, eta nere bekatuak geitu ez ditezen, eta argatik ibilli ez nadin ni lurretik nere etsaien aurrean, eta farra egin ez datzakidan nere arerioak?

        4. O Jauna, Aita eta nere bizitzako Jaungoikoa, ez nazazu arren utzi beren gogorazioan!

        5. Ez ezazu utzi nere begietan antustea, eta gurari gaizto guztia urrutiratu ezazu nigandik.

        6. Kendu itzatzu nigandik sabelaren gurariak, eta ez ditezela nerekin jabetu lujuriaren gogoak; eta nazazu ere utzi, anima lotsagalduko, eta bridagabeko baten mendean.

        7. Aditu ezazute, ene semeak, mingañaren gañeko erakutsiak; eta gordetzen dituena, ez da galduko ezpañak gatik, eta ez du ere obra txit gaiztoetan beaztoporik egingo.

        8. Bekataria bere arrokerian da arrapatua, eta urgullutsuak eta gaizkiesaleak beretan beaztopo egingo du.

        9. Zure aoa ez ezazu juramentura oitu; zeren asko diraden argatik erorketak.

        10. Eta ez bedi zure aoa aspertu gabe Jaungoikoa izendatzen egon, onratzeko ez izanenean, eta etzaite ere santuen izenetan sartu, zeren etzera onetan utsegite gabe egongo.

        11. Zeren, nola morroi mendeko maiz galdetua, odoluri gabe ez dan egongo, ala juramentu egiten duen eta izen hura maiz aipatzen duena, ez da bekatutik guziz garbi egongo.

        12. Juramentu asko egiten duen gizona, gaiztakeriaz betea izango da, eta ez du bere etxetik azoteak alderik egingo.

        13. Zeren juramentua kunplitzen ez badu, bere gañean iraungo du bekatuak, eta kasorik egiten ez badu bigarren bekatua egiten du.

        14. Eta alperrik juramentu egin badu, ez da obengabetzat idukia izango; zeren bere etxea, dagozkion kastiguz betea izango da.

        15. Bada ere beste izketa modu bat eriotzari dagokiona, beñere ez bedi aditua izan Jakoben jatorrikoen artean.

        16. Ala bada gauza guzti oiek, gizon onakgandik urrutian egongo dirade, zeñak ez diraden onelako bekatuetan nahasitzen.

        17. Ez bedi zure aoa oitu izketa zentzugabekora; zeren beti dijoa bekatuaren orbanarekin lagundua.

        18. Zure aita eta zure amarekin oroitu zaite, andizkien artean eseria bazaude ere,

        19. Jaungoikoa zurekin aztu ez dedin beren aurrean, eta zoraturik zu bere adiskidetasunarekin, arkitu etzaitezen alako lotsariak irago bearrean, non, naiago izango zenduen, mundura etorri ez baziña, eta zure jaiotzako eguna madarikatu ez dezazun.

        20. Lotsagabekeriak esatera oitua dagoen gizona, bere bizitza guztian ez da onduko.

        21. Bi persona mota dira maiz bekatu egiten dutenak; eta irugarrenak aserrea eta galmena ekartzen ditu.

        22. Anima irazekia su izeki bat bezela, ez da itzaliko aliketa zerbait iretsi dezan bitartean.

        23. Eta gizon gaiztoa bere aragiaren gurarian ez da geldituko, sua erazeki dezan artean.

        24. Gizon emajauzleari ogi guztia gozoa zaio, eta ez dio bekatu egiteari utziko atzeneraño.

        25. Bere eztai oea desonratzen duen gizon guztiak, bere anima gutxitan daukanak bezela, esan oi du: Nork ikusten natxiok?

        26. Illuntasunak ingurutzen naute, eta paretak estalitzen naute, eta iñor ere ez dago neri begira: Zeñen beldur naiz? Jaungoiko txit goratua ez da nere gaiztakeriakin oroituko.

        27. Eta ez du aditzen bere begiak gauza guztiak ikusten dituela; zeren alako giza beldurrak aurtikitzen du beragandik Jaungoikoaren beldurra, eta gizonen begiak dirade beldurtuerazitzen diotenak.

        28. Eta etzuen ezagutu, Jaunaren begiak Eguzkia baño asko argiagoak diradela, ikusten dituztenak gizonen bide guztiak, eta leizearen zakontasuna, eta agirian dauzkatenak gizonen biotzen bazterrik ezkutuenerañokoak,

        29. Zeren gauza guztiak, egiñak izan baño lenago, izan ziran Jaun Jainkoak ezagutuak; eta egiñak izan ezkero ere, guztiai begira dagokee.

        30. Onelakoa beragatik kastigatua izango da erriko plazan, eta berak, beorraren ume batek bezela, iges egingo du, eta gutxien uste duen tokian arrapatua izango da.

        31. Eta guztien aurrean desonratua izango da, etzuelako ezagutu Jaunaren beldurra.

        32. Orobat izango da edozeñere andre, bere senarra utzitzen duenarekin, eta ematen dionarekin, beste andre baten senarragandik izandako herederu bat:

        33. Zeren berak lenengo ausi zuen Jaungoiko txit goratuaren legea, bigarren bekatu egin zuen bere senarraren kontra; irugarren zikintzen da adulterioarekin, eta azitzen ditu beste gizon baten semeak.

        34. Au izango da erriko batzarrera eramana, eta egingo da bere semeen gañeko azterrena.

        35. Bere semeak ez dute sustrairik botako, eta bere erramak ez dute fruturik emango.

        36. Berak utziko du madarikazioan bere oroipena, eta iñoizere ez da aztuko bere lotsaria.

        37. Eta gelditzen diradenak ezagutuko dute, ez dagoala gauza obeagorik Jaungoikoaren beldurra idukitzea baño, eztaere gauza gozoagorik Jaunaren agiteak gordetzea baño.

        38. Jauna serbitzea, gloria andi bat da; bada beragandik artuko da bizitza luzea.

 

OGEITA LAUGARREN KAPITULUA

        1. Jakinduriak berak bere alabantza egingo du, eta Jaungoikoagan onratuko da, eta gozatuko da bere erriaren erdian.

        2. Berak Jaungoiko txit goratuaren batzarraren erdian bere aoa idikiko du, eta gozatuko da Jaungoikoaren taldeen aurrean.

        3. Bere erriaren erdian izango da goratua, eta santuen batzarre osoan miraritua.

        4. Eta autatuen taldean alabantza idukiko du, eta bedeikatuen artean bedeikatua izango da; esaten duela:

        5. Ni atera nintzan Jaungoiko txit goratuaren aotik, izanik sortua beste kriatura guztiak baño lenago.

        6. Nik egin nuen jaio zedilla zeruetan, beti irautzen duen argia, eta laño batek bezela lur guztia estali nuen.

        7. Ni goietan bizi izandu nintzan, eta nere esertokia odeizko abe baten gañean.

        8. Nik bakarrik ingurutu nuen zeruko jira, eta sartu nintzan leizearen ondora, itxasoko bagetan ibilli nitzan,

        9. Eta egon nintzan lur guztian, eta erri guztian,

        10. Eta erreñu guzietan agintaritza osoa iduki nuen.

        11. Nik menderatu nituen nere eskubidearekin guztien biotzak, andienak eta txikienak; eta oietan guzietan atsedena billatu nuen, eta Jaunaren herenzian biziko naiz.

        12. Orduan gauza guzien Egilleak eman zituen bere aginduak, eta itz egin zidan, eta izatea neri eman zidanak, ipiñi zuen nere egolekua,

        13. Eta esan zidan: Bizi zaite Jakoben, eta Israel izan bedi zure herenzia, eta nere autuen erdian sendotu zaite.

        14. Asieratik eta mendeak baño lenagotik artu nuen nik izatea, eta ez naiz izate gabe egongo, geroko gizaldi guztietan, eta ari nintzan lanean bere aurrean toki santuan.

        15. Eta ala ipiñi nuen nere egolekua Siongo mendian, eta nere atsedeneko tokia, erri santua izan zan, eta Jerusalenen dago nere esertokia.

        16. Eta sustraiak bota nituen gloriaz beteriko erri batean, eta nere Jaungoikoaren tokamenean, zeñ dan bere herenzia, eta nere bizilekua izan zan santuen batzar osoan.

        17. Goratua nago, zedroa Libanoren gañean bezela, eta zipresa Siongo mendiaren gañean bezela.

        18. Zabaldu nituen nere erramak Kadesko palma batek bezela, eta Jerikon ipiñitako arrasadi batek bezela.

        19. Altxatu nintzan, kanpoetan olibo eder bat bezela, eta platanua uraen aldeko karrikaetan bezela.

        20. Zinamomoak eta balsamu aromatsuak bezela, usai ona eman nuen: mirra autatuak bezela, eman nuen usai gozoa.

        21. Eta bete nuen nere bizilekua lurrinkai usaitzuz, estorakez, eta galbanoz, eta beltxurikaz, eta malkoz, eta inzenso birjenez, eta nere usai gozoa da balsamo nastu gabearena bezelakoa

        22. Nik zabaldu nituen nere erramak terebintoak bezela, eta nere erramak anditasunez eta edertasunez beteak daude.

        23. Eta nik mastiak bezela bota nituen usai gozoko frutuak, eta nere lorak onra eta aberastasuneko frutuak dirade.

        24. Ni amorio ederraren eta beldurraren, eta aditzaren, eta itxedopen santuaren ama.

        25. Nigan dago grazia guztia egiaren bidea ezagutzeko, nigan bizitzaren eta bertutearen itxedopen guztia.

        26. Atozte nigana, nere amorian katigatuak arkitzen zeraten guztiok, eta nere frutu gozoz ase zaitezte.

        27. Zeren nere espiritua, eztia baño gozoagoa da, eta nere herenzia, ezti abaraska baño leunago.

        28. Nere oroipena egingo da mendeen gizaldietan.

        29. Jaten nautenak, oraindikan gosea idukiko dute; eta edaten nautenak, oraindik egarria idukiko dute.

        30. Aditzen nauena, ez da lotsatua izango, eta ni zuzentzalletzat naukatenak, ez dute bekaturikan egingo.

        31. Besteai erakusten nautenak, betiko bizitza idukiko dute.

        32. Au guzia da bizitzako liburua, eta Jaungoiko txit goratuaren testamentua, eta egiaren ezagera.

        33. Moisesek adirazi zuen justiziako Legea, utziten ziola herenziatzat Jakoben etxeari, Israeli egindako eskeñtzakin.

        34. Dabid bere serbitzaria ipiñi zuen, beragandik ateraerazitzeko Errege txit sendo bati, eta eseri zedilla betiko gloriako tronuan.

        35. Zeñ dagoan gañez egiten duela jakindurian, Fison eta Tigris frutu berrietako denboran bezela.

        36. Berak betetzen du guztia aditzaz Eufratesek bezela, eta geiago ta geiago azitzen da, Jordana garia igitaitzeko denboran bezela.

        37. Berak zabaltzen du jakinduria argia bezela, eta guztia betetzen du, Jehonek mendaintzeko denboran bezela.

        38. Jaungoikoaren semea da, lenengo ezagutu duena osotoro, eta bera bezin sendo ez danak, ez daike aditu.

        39. Zeren itsasoa baño andiagoak diraden bere gogorazioak, eta bere konsejuak leize andia baño zakonagoak.

        40. Nik jakituriak isuri nituen ibaiak.

        41. Ni ibaitik ateratako neurrigabeko urezko odi bat bezela, eta ibaitik ekarritako erretena bezela, eta urbide bat bezela irten nintzan paraisutik.

        42. Nik esan nuen: Botako diet ura nere baratzeko landareai, eta urez aseko ditut nere landako fruta zuaitzak.

        43. Eta ona non nere odiko urak gañez egin duen, eta nere ibaia itsaso batekin berdintzen dan.

        44. Zeren nere erakutsiaren argia, zeñarekin guztiak argitzen ditudan, da egunsentiko argia bezelakoa eta jarraituko diot bera zabaltzeari denborarik urrutienetaraño.

        45. Sartuko naiz lurreko tokirik zakonen guztietaraño, eta ezarriko det begirakune bat lotan daudenen gañera, eta argituko ditut, Jaunagan itxedotzen duten guztiak.

        46. Nik jarraituko diot zabaltzeari dotrina, profezia bezela, eta utziko diet, jakinduria billatzen dutenai, eta aspertu gabe adiraziko diot bere jatorri guztiari gizaldi santuraño.

        47. Ikusi ezazute ez naizela ni lanean ari neretzat bakarrik, baizikan egia billatzen duten guztientzat.

 

OGEITA BOSGARREN KAPITULUA

        1. Iru gauzatan gozatu da nere biotza, eta iru gauza oiek dirade Jaungoikoaren eta gizonen gogokoak.

        2. Pakea anaien artean, projimoen amorioa, eta senar bat, eta emazte bat elkarrekin ongi konpontzen diradenak.

        3. Iru lagun mota gorrotatzen ditu nere animak, eta beren biziera da neretzat txit nazkagarria.

        4. Pobre urgullutsua, aberats gezurtia, eta zar txoro eta zentzugabea.

        5. Zure gazte denboran bildu etzenduena, nola arkituko dezu zure zartzan?

        6. O ze apaingarri ederra dan ille urdiñentzat, ongi juzgatzen jakitea, eta zarrentzat konseju ona ematen jakitea!

        7. Zeñ ongi dirudian jakinduriak edade andiko gizonakgan; eta toki goratuetan jarriak daudenakgan aditza eta konsejuak!

        8. Zarren koroa frogantza andia da, eta Jaungoikoaren beldurra beren gloria.

        9. Bederatzi gauza iduki ditut nik estimazio andian, zeñakgatik iñork ere ez duen bere biotzean iritzi gaiztorik egingo, eta amargarrena nere mingañarekin gizonai adiraziko diotet.

        10. Gizon bat, bere semeakgan gozatzen dana; eta oraindikan bera bizi dala, bere etsaien galmena ikusten duena.

        11. Doatsua, andre zentzudunarekin bizi dana; eta bere mingañak irrist egin ez diona; eta bere diña ez diradenen mendeko izan ez dana.

        12. Doatsua, adiskide egiazko bat arkitu duena; eta aditzen duten belarriai justizia azaldutzen diena.

        13. O zeñ andia dan, jakinduria eta aditza arkitzen dituena! baña bietatik bat ere ez da, Jaungoikoaren beldur dana baño geiago.

        14. Jaungoikoaren beldurra, gauza guzien gañean jartzen da.

        15. Doatsua, Jaungoikoaren beldurra idukitzea emana izan zaion gizona, au daukana, zeñekin iruditua izango da?

        16. Jaungoikoaren beldurra, bere amorioaren asiera da; baña fedearen asiera itsatsi bear zaio.

        17. Biotzeko tristeza plagarik andiena da, eta gaiztakeriarik andiena, emakumearen gaiztakeria da.

        18. Zauri guztia sufrituko du batek, baña ez biotzeko zauria.

        19. Eta gaiztakeria guztia; baña ez andrearen gaiztakeria;

        20. Eta atsekabe guzia; baña ez gorroto dionagandik datorrena;

        21. Eta edozeñ kastigu; baña ez etsaiakgandik datorrena.

        22. Ez dago bururik, sugearen burua baño gaiztoagorik:

        23. Eta ez dago ere aserrerik, emakumearen aserrea baño gaiztoagorik. Obeago izango litzateke bizitea leoi batekin eta sugulma batekin, emakume gaizto batekin bizitea baño.

        24. Emakumearen gaiztakeriak bere arpegia aldatuerazitzen dio, eta illundutzen dio bere arpegia artz batena bezela; eta erakusten du zilizio batena bezelakoa. Bere auzokoen artean

        25. Suspirioz egon zan bere senarra; eta aditurik, negar piska bat egin zuen.

        26. Gaiztakeria guztia txit txikia da, emakumearen gaiztakeriaren aldean; bekatariai dagokiotena erori bedi bere gañera.

        27. Gizon zar batentzat ondarrezko mendi batera igotzea bezela, alakoa da gizon paketsu batentzat andre berritsua.

        28. Etzaiozu begiratu emakumearen edertasunari, eta ez ezazu emakumearen gurarikan iduki bere edertasunagatik.

        29. Andia da emakumearen aserrea, eta andik datorren desonra ta lotsaria.

        30. Emakumeak baldin badauka eskubidea, bere senarraren kontrakoa izango da.

        31. Emakume gaiztoak atsekabetzen du senarraren gogoa, eta beeratzen dio arpegia, eta zauritu biotza.

        32. Bere senarraren gogokoa ez dan emazteak, giltzgabetzen diozka besoak, eta biguñtzen belaunak.

        33. Emakumeagandik iduki zuen asiera bekatuak, eta beragatik iltzen gera guztiok.

        34. Etzaiozu zulorik txikienik ere utzi zure urari, eta emakume gaiztoari etzaiozu kanpora irtetzen utzi.

        35. Zure mendean ez badago beti, lotsatuko zaitu zure etsaien aurrean.

        36. Zure oetik alde erazi zaiozu, irri egin ez dizazun.

 

OGEITA SEIGARREN KAPITULUA

        1. Doatsua andre onaren senarra, zeren bere urteen zenbata bi alditan anbat izango da.

        2. Emakume sendoa bere senarraren poza da; eta bere bizitzako urteetan pakean bizierazitzen dio.

        3. Emakume ona tokamen ona da, Jaungoikoaren beldur santua daukatenen tokamena, gizonari bere obra onakgatik emango zaiona.

        4. Naiz izan dedilla aberatsa, naiz beartsua, bere biotza gozotasunez betea idukiko du, eta bere arpegia beti bozkarioz ikusiko da.

        5. Iru gauzaren beldur izandu zan nere biotza, eta laugarrenean nere biotzak izua iduki zuen,

        6. Iri baten salazioa, eta erri baten matxiñada,

        7. Gezurrezko asmazioa, guztiak dirade gauza batzuek, eriotza baño pisuagoak.

        8. Biotzeko miña eta negarra da emakume zelotia.

        9. Emakume zelotiaren mingaña da azote bat, guziak iritxitzen dituena.

        10. Nolakoa dan idien uztarri lokatua dagoena, alakoa da emakume gaiztoa ere, alakoa artzen duena, lupu bat artzen duena bezelakoa da.

        11. Moskortzen dan andrea, lotsari andia da, eta bere desonra ta gaiztakeria ez dirade ezkutuan egongo.

        12. Emakume zikiña ezagutua izango da bere begirakune lotsagaldukoan, eta begiak goratuak erabiltzean.

        13. Begiak beerontz ez darabiltzkian alaba, arreta andiarekin zaitu ezazu; era arkitzen duenean, bere gura gaiztoak bete ez ditzan.

        14. Guzien gañetik begiratu ezazu bere begien nabarmenkeriara; eta etzaite arritu mezpreziatzen bazaitu.

        15. Berak, bideante egarriz dagoenak bezela, ipiñiko du aoa iturri guzian, eta edango du alderago daukan uretik, au dana dalakoa, eta edozeñ kantoitan eseriko da. Eta edozeñ saietari bere gezitekia idikiko dio, geiago ezin duela jarri dedin artean.

        16. Andre langillearen graziak bozkariotzen du senarra, eta bere ezurrak gizenduko ditu.

        17. Bere aziera ona, Jaungoikoaren doai bat da.

        18. Emakume begiratua eta ixilla, ez dago trukadarik anima jakintsu onentzat.

        19. Grazia graziaren gañean da, andre santa eta lotsatia.

        20. Ez dago balio añ andiko gauzarik, anima garbi onekin berdindu ditekenik.

        21. Eguzkia, Jaungoikoaren bizileku txit goratuetan jaiotzen danean munduarentzat dana bezelakoa, da, andre onaren garboa bere etxeko apaingarrirako.

        22. Kandelero santu baten gañean argi egiten duen argia bezelakoa, da, arpegiko edertasuna edade sendo batean.

        23. Urrezko abeak zillarrezko ondopeen gañean dirade, emakume iraupen luzeko baten oñazpien gañean atsedetzen duten oñak.

        24. Zimendu betikoak aitz sendo baten gañean dirade Jaungoikoaren agiteak emakume santa baten biotzean.

        25. Bi gauzatan tristetu zan nere biotza, eta irugarrenetik aserrea etorri zitzadan.

        26. Gerra gizon bat premiaz iltzen dana; eta gizon jakintsu bat mezpreziatua danean,

        27. Eta justiziatik bekatura itzultzen dan gizona; zeñ Jaungoikoak galmenerako daukan izendatua.

        28. Bi gizaseme mota iritzi zazkit gaitzak, eta irrisku andikoak: merkatari bat nekez egongo da animako gauzetan ajolagabetasun gabetanik; eta tabernaria ez da libratuko bere ezpañetako bekatuetatik,

 

OGEITA ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Askok bekatu egin zuten pobrezagatik, eta aberastutzearen billa dabillanak alderazitzen dio bere begiari zuzentasunetik.

        2. Nola tinkatzen dan makilla bat arri biren elkartzearen erdian, ala saldu eta erosiaren artean ere estutuko da bekatua.

        3. Desegiña izango da bekatua bekatariarekin.

        4. Ez bazaude beti sendo Jaunaren beldurrean, zure etxea laster arrasatua izango da.

        5. Nola artzea jiran mugitzen danean autsa gelditzen dan, ala gogorazioan egotetik, dator gizonaren estutasuna.

        6. Labean probatzen dira lurrezko ontziak, eta atsekabetako tentazioan gizon justoak.

        7. Nola zuaitzaren landuera bere frututik agertzen dan, ala, pensatuta esandako itzetik gizonaren biotza.

        8. Ez ezazu gizona alabatu, itz egin dezan baño lenago, zeren izketan dirade ezagutuak gizonak.

        9. Jarraitzen badiozu justiziari, iritxiko dezu, eta berarekin jantziko zera, onrazko soñeko luze batekin bezela, eta berarekin biziko zera, eta beti lagunduko dizu, eta kontuetako egunean sendotasuna arkituko dezu.

        10. Egaztiak joan oi dira biltzera beren antzekoakin, ala egia dijoa bere egingilleak arkitzera.

        11. Leoia beti dago eizaren azeloan, ala bekatuak gaiztakeriak egiten dituztenen azeloan daude.

        12. Gizon santuak irautzen du jakindurian Eguzkiak bezela; gizon barbullak berriz dauzka aldakuntzak illargiak bezela.

        13. Zentzugabekoen artean gorde ezazu itza bere denborarako, baña egon zaite beti, pensatzen dutenen artean.

        14. Bekatarien izketa gorrotogarria da, eta beren farra, bekatuaren gozotasunetan.

        15. Asko juramentu egiten duen mingañak, laztutzen ditu illeak, eta berari lotsagabekiro begiratzeak, estali erazi egingo diozka edozeñi belarriak.

        16. Urgullutsuen erriertan odol isuritzea izan oi da, eta gauza pisua da, beren madarikazioak aditzea.

        17. Adiskidearen ixilgauzak agertzen dituenak, eleitua galtzen du; eta bere gogoko adiskiderikan batere ez du arkituko.

        18. Adiskidea maitatu ezazu, eta izan zatzakio leiala.

        19. Zeren bere ixilgauzak agertzen badiozkazu, ez dezu berriz irabaziko.

        20. Zeren nolakoa dan bere adiskidea galtzen duen gizona, alakoa da bere projimoaren adiskidetasuna galtzen duena.

        21. Eta txoriari eskutik joaten utzitzen diona bezela, ala utzi ziñion joaten zure projimoari, eta ez dezu berrzi atxituko.

        22. Etzaiozu jarraitu; zeren onezkero txit urrutian arkitzen da, zeren iges egin zuen oreinemeak lakiotik bezela, bere anima zauritua izan zalako.

        23. Ezin lotuko dozu onezkero, eta bada izketa gaiztoaren ondoan adiskidetasuna,

        24. Baña adiskidearen ixillgauzak agertzeak, kentzen dio anima zorigaiztokoari itxedopen guzia.

        25. Batek begiakin keñu egiten du, eta orduanshe bertan gaiztakeriak asmatzen ari da, eta iñork ere ez du beragandik botatzen.

        26. Eta zure begien aurrean bere aoa gozatuko du, eta zure izketakin mirarituko da, baña atzenean beste era batekoa izango da bere izketa, eta zure itzetan beaztopoa ipiñiko du.

        27. Asko gauza aier ditut; baña alako gizona baño geiago batere ez; eta Jaunak ere aier du.

        28. Arri bat goira aurtikitzen duenari, bere buruaren gañera eroriko zaio; eta saldukeriaz egindako zauriak, edegiko ditu saldutzallearen zauriak.

        29. Eta lize bat egiten duena, beratan eroriko da, eta bere auzokoari arria ipintzen dionak, beratan beaztopo egingo du; eta beste bati lakioa ipintzen diona, beratan galduko da.

        30. Asmazio gaiztoa, asmatzallearen gaitzera biurtuko da, eta ez du jakingo nondik datorkion gaitza.

        31. Besteak lotsatu eta berai irri egitea, urgullutsuena da: Jaungoikoaren bengantza berriz, leoiak bezela, ustekabean arrapatuko ditu.

        32. Lakioan galduko dira, justoak erortzean gozatzen diradenak, eta oñazeak desegingo ditu, il ditezen baño lenago.

        33. Aserrea eta sumintasuna, gauza bitzuak dirade nazkagarriak, eta gizon bekatariak berarekin idukiko ditu.

 

OGEITA ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Bengantza nai duenak, arkituko du Jaunaren bengantza, zeñak iduki du bere bekatuen kontu ziatza.

        2. Barkatu zaiozu zure projimoari naigaberen bat ematen dizunean; eta onela zuk barkazioa eskatzen dezunean, zure bekatuak barkatuak izango zazkizu.

        3. Gizon batek gordetzen du aserrea beste gizon baten kontra, eta Jaungoikoari osasuna eskatzen dio?

        4. Bere antzeko gizon batekin ez da bera urrikaltzen, eta bere bekatuen barkazioa eskatzen du?

        5. Izanik bera aragia, dauka beragan aserrea, eta Jaungoikoarekin adiskidetzea nai du? Zeñ da bere bakatuen barkazioa iritxiko diona?

        6. Oroitu zaite zure atzenakin, eta utzi zaiozu iñorekin aserretzeari.

        7. Zeren usteltasunaren eta eriotzaren zemaiak daude egiñak Jaunaren agintetan.

        8. Oroitu zaite Jaungoikoaren beldurrarekin, eta zure projimuaren kontra etzaite aserretu.

        9. Oroitu zaite Jaungoiko txit goratuaren legearekin, eta projimuaren ezjakiñarekin etzaite malmetitu.

        10. Ez ezazu auzirikan iduki, eta gutxituko dituzu bekatuak,

        11. Zeren gizon aserrekorrak ipintzen ditu auziak, eta gizaseme bekatariak, adiskideak aserretzen ditu, eta pakean bizi diradenen artean ereitzen du ikusieziña.

        12. Zeren basoko egurraren araura, ala dizeka suari, eta gizonaren eskubidearen araura, ala da bere aserrea, eta bere aberastasunen araura, ala da bere sumintasuna.

        13. Errierta urduriak sua erazekitzen du; eta supituko erriertak isurtzen du odola; eta testigantza ematen duen mingañak eriotza dakar.

        14. Atsematen badiozu txingar bati, beratatik sua irazekiko da; eta bere gañera istua botatzen badezu, itzaliko da, eta bata ta bestea aotikan ateratzen da.

        15. Murmuratzallea, eta bi arpegiko gizona, madarikatuak dirade, zeren naastuak ipintzen dituzten pakean bizi ziran asko.

        16. Irugarren baten mingañak asko mugitu zituen, eta jendetik jende barreiatu zituen.

        17. Aberatsen erri murrutuak desegin zituen; eta arrasatu zituen zimenduetatik andizkien etxeak,

        18. Ezereztu zituen errien indarrak; eta utsera biurtu jende azkarrak.

        19. Irugarren baten mingañak bota zituen kanpora andre gizarkoak, eta kendu ziezten beren lanen irabaziak.

        20. Aditzen dionak, ez du atsedenik idukiko, eta ez du ere adiskide bat arkituko, zeñarekin gozatu diteken.

        21. Azotearen otsak odoluria egiten du; mingañaren otsak berriz, txeatzen ditu ezurrak.

        22. Asko erori dira ezpataren aoz; baña ez beren mingañagatik il ziradenak adiña.

        23. Doatsua, mingañ gaiztoagandik gordea dagoena; bere aserretik irago etzana; eta bere uztarria bereganatu etzuena, eta bere hedeetan lotua izan etzana.

        24. Zeren bere uztarria, burnizko uztarria da; eta bere hedeak, brontzezko hedeak dirade.

        25. Bere eriotza, eriotza txit gaiztoa da, eta bera baño iragokarriagoa da infernua.

        26. Ez da bera iraupen luzekoa izango; baña gaiztoen bideen jabe izatera allegatuko da; bere garrak ordea ez ditu justoak erreko.

        27. Jaungoikoa utziten dutenak, eroriko dira beragan, eta berakgan dizekala egongo da, eta ez da itzaliko, eta aurtikiko da beren gañera leoe bat bezela, eta leoinabar batek bezela kalte egingo diote.

        28. Zure belarriak arantzaz ingurutu itzatzu; mingañ gaiztoari etzaiozu entzuterik eman, eta egin zaiozkazu ateak eta morrolloak zure aoari.

        29. Urtu itzatzu zure urrea eta zure zillarra, eta egin zaiozkazu zure itzai balanza bat, eta frenu zuzenak zure aoari;

        30. Eta begira irristik egin ez dezazun zure izketan, eta argatik erori etzaitezen lurrera, azeloan dauden etsaien aurrean, eta zure erorketa sendatu eziña, eta ilgillea izan ez dedin.

 

OGEITA BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Urrikaltasuna egiten duenak, prestamenez ematen dio bere projimuari, eta eskua zabaldua daukanak emateko, aginteak gordetzen ditu.

        2. Prestamenez eman zaiozu zure projimuari bere premiako orduan, eta itzuli zaiozu projimuari bere denboran.

        3. Zure itza zaitu ezazu, eta tratatu ezazu leialkiro berarekin; eta denbora guzian arkituko dezu bear dezuna.

        4. Askok uste zuten prestamenez emana izan zitzaiotena, arkitutako gauza bat bezela zala, eta atsekabeak eman ziezten, mesede egin ziotenai.

        5. Artzen duten artean, eman dezakeanari eskumuñak egiten ari dira, eta boz umillarekin eskeñtza andiak egiten dituzte;

        6. Eta biurtzeko denboran, denbora eskatuko du, eta aserre ta murmurazioko itzak esango ditu; eta ipiñiko ditu denboraren aitzakiak.

        7. Eta pagatu al badu ere, leiatuko da, artu duenaren erdia ozta biurtuko du, eta kontatuko du arkitutako gauza bat bezela.

        8. Eta onela ez danean, utziko du artzeko dan kana bere dirua gabetanik, eta biderik eman gabe etsaitzat idukiko du;

        9. Pagatuko dio injuria ta madarikazioakin, eta artu dituen onra ta mesedeagatik, iraiñak itzuliko diozka.

        10. Askok utzi zioten prestamenean emateari, ez gogortasunez, baizik emana gabe gelditu etzitezen.

        11. Alaere zu izan zaite biotz prestuagokoa umildearekin, eta etzaiozu itxedonerazi egunetan ta egunetan limosna berari egiteko.

        12. Jaungoikoaren agintea betetzeko lagundu zaiozu premian dagoenari, eta begiraturik bere premiari ez ezazu utsik bialdu.

        13. Galdu ezazu dirua zure anaiagatik, eta zure adiskideagatik, eta ez ezazu ezkutatu arri baten azpian, galdu dedin.

        14. Eman itzatzu zure ondasunak, Jaungoiko txit goratuaren aginteen araura, eta orrek geiago balioko dizu urreak baño.

        15. Sartu ezazu limosna pobrearen biotzean, eta erregutuko du zugatik gaitz guzitik zu libratzeko.

        16. 17. y 18. Zure etsaiaren kontra gudan ariko da gerratari baten ezkutu ta lanza baño obetuago.

        19. Gizon prestua, bere projimuaren fiatzalle jartzen da; baña lotsa galdu duenak, bera beragan utziko du.

        20. Etzaite aztu zure fiatzalle jarri zanak egin zizun mesedearekin, zeren bere anima zugatik ipiñi zuen.

        21. Bekatariak eta zikiñak iges egiten dute beren fiatzalle atera zana gandik.

        22. Bekatariak beretutzen ditu fiatzalle jarri zanaren ondasunak; eta nola dan bera eskertxarrekoa, bertan beera utziko du libratu zuena.

        23. Gizon bat jartzen da bere projimuaren fiatzalle; eta lotsa galtzen badu, berak utzia izango da.

        24. Fianza burugabekoak galdu dituzte, ongi bizi ziraden asko, eta naigabezko itsaso batean ondatu dituzte.

        25. Berak dirade nastutzen dituztela gizonik aberatsenak, beste toki batzuetara joanerazi diotenak, eta orron ibilli erazi jende arrotzen artean.

        26. Jaunaren agintea ausitzen duen bekataria, fianza gaiztoan eroriko da, eta asko arazotan sartzen dana, auzirikan gabe ez da egongo.

        27. Lagundu zaiozu zure projimuari al dezunaren araura; baña begira ezazu erori etzaitezen.

        28. Gizonaren bizitzarako premiazkoak dirade ura eta ogia, eta soñekoak, eta etxea, ikusi bear ez dana ezkutuan idukitzeko.

        29. Obeagoa da pobrearen janaria txaola baten estalpean, janari ederrak leku arrotz, bizilekurik ez daukan batean baño.

        30. Ez ezazu daukazunaren baño geiagoren gurarik iduki, naiz iduki dezazula asko, naiz gutxi, eta ez dituzu adituko arrotzai egiten zaizten farra irriak.

        31. Bizitza doakabea etxetik etxe ostatuz dabillanarena; eta ostatuz dagoan tokian, ez da ausartuko nai duena egiten, eta ez du ere aoa idikiko.

        32. Ostatuz artuko du, eta jaten eta edaten emango die eskertxarrekoai, eta onen gañean mingoiztuko duten gauzak adituko ditu.

        33. Jaiki zaite, ostatuz zaudena, eta maiea ipiñi ezazu; eta erara daukazuna, eman zaiezu jaten besteai.

        34. Atera zaite nere adiskide onratuen aurretik. Nere etxea bear det, zeren nere anaia ostatuz artu bear det.

        35. Pisuak dirade gauza oiek, zentzua daukan gizon batentzat, etxeko jaunaren errierta, eta prestamenez eman dionaren lotsagabekeriak.

 

OGEITA AMARGARREN KAPITULUA

        1. Bere semea maitatzen duenak, maiz ematen diozka azoteak, bere atzenean gozatu dedin, eta auzokoen atetan otska ibilli ez dedin.

        2. Bere semeari erakutsi ona ematen diona, beragan alabatua izango da, eta beragan bozkariotuko da bere etxekoen erdian.

        3. Bere semeari aziera ona ematen dionaren ondamuz egongo da bere etsaia, eta bere adiskideen artean beragan gozatuko da.

        4. Ill da bere aita, eta ill ez balitza bezela da; zeren bere ondoan bere antzeko bat utzi duen.

        5. Bere bizitzan ikusi zuen, eta beragan gozatu zan. Bere eriotzan etzan tristetu, eta etzan ere lotsatu bere etsaien aurrean.

        6. Zeren utzi zuen etxearen gordetzalle bat etsaien kontra, eta nor izan zedin esker onekoa adiskideentzat.

        7. Semeen animakgatik beren zauriak lotuko ditu, eta edozeñ bozera bere erraiak mugituko dira.

        8. Zaldi ezigabea irtetzen da gogorra, eta bertan beera utzitako semea, urduria izango da.

        9. Losentxak egin zaiozkazu zure semeari, eta ikara eragingo dizu. Jokatu ezazu berarekin, eta tristetuko zaitu.

        10. Ez ezazu berarekin batean farrarik egin, damutu ez dakizun, eta atzenean zure ortzak oskia iduki ez dezaten.

        11. Ez zaiozu utzi gazte denboran nai duena egiten, eta ez itzatzu mezpreziatu bere gogorazioak.

        12. Makurtu zaiozu lepoa gazte denboran, eta eman zaiozkazu otsak saietsetan , aurra dan artean, gogortu ez dedin, eta mendetasuna ukatu ez dizazun, eta onek zure anima minduko du.

        13. Eman zaiozkazu erakutsi onak zure semeari, eta ari zaite lanean berarekin, bere lotsarian beaztopo egin ez dezazun.

        14. Geiago balio du pobre osasun oneko, eta indar andikoak, aberats erbal, eta gaitzez beteak baño.

        15. Animako osasunak, zeñ dagoan justiziako santutasunean, geiago balio du, urre eta zillar guztiak baño; eta gorputz sendo batek, neurrigabeko ondasunak baño.

        16. Ez dago ondasunik, gorputzeko osasunak baño geiago bali duenik; eta ez dago atsegin andiagorik biotzeko gozotasuna baño.

        17. Obeagoa da eriotza, bizitza samiña baño, eta betiko atsedena, gaitz luzea baño.

        18. Gordeak dauden ondasunak dira itxita dagoan ao batentzat, sepultura baten inguruan ipiñitako janari ederrak bezelakoak.

        19. Zer balio diozka idoloari eskeñtzak? Zeren berak ez ditu jango, ezta sentitu ere beren usairik.

        20. Ala gertatzen zaio Jaunak kastigatua danari, eta artzen duenari bere gaiztakeriaren ordaña.

        21. Ikusten ditu bere begiakin, eta negar egiten du, gizaseme txikiratuak bezela, zeñak laztantzen duen emakume donzella bat, eta suspirio bat egiten du.

        22. Etzaiozu utzi tristezari zure animarekin jabetzen, eta etzaite ere zerori estutu gogorazio larriakin.

        23. Biotzeko gozotasuna, au da gizonaren bizitza, eta santutasuneko tesoru, iñoizere aitzen ez dan bat, pozak gizonaren bizitza luzetzen du.

        24. Zure animaren urrikaltasuna iduki ezazu, Jaungoikoaren gogoko izaten leiatzen zerala, eta garbia izan zaite. Bildu ezazu zure biotza bere santutasunean, eta zugandik urrutira aurtiki ezazu tristeza.

        25. Zeren tristezak asko il ditu, eta ezertarako ere ez da ona.

        26. Ondamuak eta aserreak egunak gutxitzen dituzte, eta arazoak ekarriko du zartza, denbora baño lenago.

        27. Biotz bozkariotsu eta biguña guzientzat beti dago gozotasunez betea, jan edan ugarietan arkituko balitza bezela, eta bere janariak, ongi ta laster gisatzen dira.

 

OGEITA AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Ondasunen beillan egoteak aragiak usteldueraziko ditu, eta beren gogorazioak kenduko du logalea.

        2. Gero gertatu ditekeanaren gogorazioak atsedena galerazitzen dute; gaitz andiak gizonari loa galerazitzen dion bezela.

        3. Lanean ari zan aberatsa ondasunak biltzeko, eta bere atsedenean onez betea izango da.

        4. Lanean ari da pobrea zer jan iduki dezan, eta lanari utzitzen badio, atez ate asi bear du.

        5. Urrea maitatzen duena, ez da justotua izango; eta usteltasunari jarraitzen dionaz berarekin betea izango da.

        6. Urreagatik asko erori ziraden; eta bere distiatasuna beren galmena izan zan.

        7. Beaztopoko zura da urrea berari doañak eskeñtzen diozkatenentzat. Ai, bere ondoren dijoazenen urrikigarriak! Eta zentzugabeko guztia berak galdua izango da.

        8. Doatsua, orbanikan gabe arkitua izan zan aberatsa, eta urrearen ondorik joan etzana, eta etzuena ere ipiñi bere itxedopena diruan, ezta ere tesoroetan.

        9. Zeñ da au, eta alabatuko degu? Zeren berak bere bizitzan gauza arrigarriak egin ditu.

        10. Bera urrearen bitartez izan zan probatua, eta txit ona arkitua. Argatik betiko gloria emana izango zaio. Berak bekatu egin zezakean, eta etzuen bekaturik egin, gaizki egin zezakean, eta etzuen egin.

        11. Argatik bere ondasunak ongi gordeak daude Jaunagan, eta santuen batzarre guztiak bere limosnak zelebratuko ditu.

        12. Mai andi batean eseri zera? Etzaite zu lenbizikoa izan, zure eztarria idikitzen.

        13. Ez ezazu onela esan: Asko dira bere gañean dauden gauzak.

        14. Oroitu zaite txarra dala begi gaizto bat.

        15. Alako begia baño gauza gaiztoagorik al dago munduan? Argatik isuriko ditu negar malkoak bere arpegi guzitik begiratzen duenean.

        16. Etzaite lenbizikoa izan eskua luzetzen, ondamutsuak aitzakiatua izanda, lotsatua gelditu etzaitezen.

        17. Etzaite izan urduria janedanean zaudenean.

        18. Zeregandik aditu ezazu, zure aldean daojenari zer dagokion.

        19. Aziera oneko batek bezela, artu ezazu aurrean jartzen zazkizunetik, asko jaten dezulako gorrotoz begiratu ez dezazuten.

        20. Izan zaite lenbizikoa utzitzean. Eta etzaite geiegia izan, utsegiteren batean erori etzaitezen.

        21. Eta askoren artean eseri bazera, ez ezazu zure eskua luzatu besteak baño lenago, eta etzaite ere lenbizikoa izan, edaria eskatzen.

        22. O ze ardo gutxi dan asko, ongi azitako gizon batentzat! Eta ala lotan zaudenean, etzera artega egongo, eta ez dezu ere idukiko oñazerik.

        23. Beilla, aserreak, eta sabalerrabiak idukiko ditu gizon ase eziñak.

        24. Gozaro lo egingo du jan urriko gizonak. Lo egingo du goizeraño, eta biotz gozatuarekin esnatuko da.

        25. Eta geiagi janeraziko balizute, jaiki zaite jendearen artetik, eta gonbitatu ezazu, eta atsedengo dezu, eta ez diozu zure gorputzari gaitz bat ekarriko.

        26. Aditu nazazu, ene semea, eta ez nazazu mezpreziatu, eta atzenean ezagutuko dezu, egia dala esaten dizudana.

        27. Zure obra guztietan bizkorra izan zaite, eta gaitzik batere ez zatzu etorriko.

        28. Ugaria dana ogia ematen, askoren mingañak bedeikatuko dute, eta emango dute bere ontasunaren testigantza leial bat.

        29. Ogia ematen zikoitza danagatik, erri guztiak murmuratuko du; eta egiazkoa izango da bere zikoiztasunagatik emango duten testigantza.

        30. Ardo zaleai etzaiezu edanerazi, zeren ardoak asko galdu dituen.

        31. Suak probatzen du burni gogorra, ala ardo moskortzeraño edanak, agertuko ditu urgullutsuen biotzak.

        32. Bizitza paketsua da gizonentzat ardo neurriz edana. Begiratua izango zera, gutxitxo edaten badezu.

        33. Nolako bizitza da ardorik ez daukanarena?

        34. Zer gauza da bizitza gabe utzitzen gaituena? Eriotza.

        35. Ardoa asieratik egiña izan zan, poztutzeko, ez moskortzeko.

        36. Ardo neurriz edana, da animaren ta biotzaren bozkarioa.

        37. Osasuna da animarentzat ta gorputzarentzat ardoa edatea.

        38. Ardo geiegitik datoz erriertak, aserreak, eta asko ondamen.

        39. Animako mingoiztasuna da ardo geiegi edana.

        40. Moskorraren ausardia, gizon zentzugabekoaren beaztopoa da, gutxitzen du indarra, eta zaurietako bideak ematen ditu.

        41. Jan ta edan ugarian, etzaiozu errierta egin projimoari, eta ez ezazu ere mezpreziatu bere poztasuneko berotasunean.

        42. Etzaiozu esan lotsarizko itzik, eta ez ezazu ere estutu eskatzen diozula zor dizuna.

 

OGEITA AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Zuzentzalletzat ipiñi zaituzte? Etzaite urgullutu, izan zaite beren artean beretatiko bat bezelakoa.

        2. Zaitu itzatzu, eta zure lanak osotoro bukatuta gero, maiean eseri zaite;

        3. Berak poztu zaitzaten, eta ordañean lorezko koroa bat artuko dezu berarizko apainduria bezela, eta biltzen dan anoaren diña egin zaitezen.

        4. Itz egin ezazu zuk, zarrena zeranak. Bada zuri dagokizu,

        5. Lenbiziko itza jakinduria txit andi batekin, eta ez ezazu musika galerazi.

        6. Ez ezazu itzik egin, nork aditu ez dagoen tokian, eta ez ezazu erakutsi jakintsua zerala, garaia ez danean.

        7. Musika soñua jan edan ugarian, da kastizte arria urrean tinkatua bezela.

        8. Esmeralda urrezko errastunean tinkatua bezala, alakoa da musikaren gozotasuna bozkarioz ardoa neurriz edaten danean.

        9. Aditu ezazu ixillik zaudela, eta zure modu onarekin zuganatuko dezu guztien amorioa.

        10. Zuk, o gaztea, itz egin ezazu bear danean; baña nekez, zuri dagokizun gauzan.

        11. Bi alditan galdetua zeranean, iduki beza asiera zure erantzunak.

        12. Asko gauzatan ezjakiña egin zaite, eta aditu ezazu, batzuetan ixillik zaudela, beste batzuetan galdetzen dezula.

        13. Andizkien erdian etzaite jakintsu egin, eta zarrak dauden tokian, ez ezazu itz asko egin.

        14. Kaskabarra baño lenago joango da tximista; eta lotsariaren aurretik joango da ongi naia, eta zure modu onagatik guziak ongi ikusia izango zera.

        15. Eta jaikitzeko orduan danean, etzaite gelditu; zoaz lenengoa zure etxera, eta an ari zaite jostaketan, eta an jokatu ezazu,

        16. Eta egin ezazu nai dezuna, bekaturik egin gabe, eta itz lotsagaldukorik esan gabe baldin bada.

        17. Eta oien guzioen ondoan, bedeikatu ezazu egin zinduzan Jauna, eta bere ondasun guziez betetzen zaituena.

        18. Jaunaren beldur danak, bere dotriña artuko du, eta bere billan goizean goiz dabiltzanak, bere bendizioa iritxiko dute.

        19. Legea billatzen duena, berarekin betea izango da; eta on gezurrezkoarekin dabillanak, beragan beaztopo egingo du.

        20. Jaunaren beldur diradenak, jakingo dute ezagutzen zer dan ona; eta beren obra onak argi egingo dute, zuzi batek bezela.

        21. Gizon bekatariak ez du nai iñork errierta egitea, eta bere borondatearen arauko ejenploak arkituko ditu.

        22. Gizon zentzudunak gauzai ongi eta arretaz begiratzen die; zentzugabekoak eta urgullutsuak berriz, beñere ez daukate iñoren beldurrik.

        23. Berak berez konseju gabetanik egin ezkero ere, berak erabaki dituen gauzak berak kondenatuko dute.

        24. Ene semea, ez ezazu gauzarik batere konseju gabe egin, eta egin ezkero, etzera damutuko.

        25. Etzaite bide txarretik joan, eta arrietan ez dezu beaztoporik egingo; eta etzaite ere bide nekatsutik ibilli, zure anima ipiñi ez dezazun erortzeko irriskuan.

        26. Zaude zure semeen beillan, eta etzaite fiya zure etxekoakin.

        27. Zure obra guztietan jarraitu zaiozu zure konzienziaren iritzi leialari; bada onetan dago aginteak gordetzea.

        28. Jaungoikoagan sinistzen duenak, bere aginteai begiratzen die; eta beragan itxedotzen duena, ez da gutxitua izango.

 

OGEITA AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Jaungoikoaren beldur danari etzaio gero gaitzik etorriko, baizik tentazioan Jaungoikoak gordeko du, eta libratuko du gaitzetatik.

        2. Jakintsuak ez die gorrotoz begiratzen aginteai eta legeai; eta ez da piskatua izango ontzia itsasandian bezela.

        3. Gizon zentzudunak Jaungoikoaren legean sinisten du, eta legea leiala izango zaio.

        4. Galde bat azalduko duenak, lendanaz begiratuko du erantzuna, eta ala, eginik orazioa Jaungoikoari, aditua izango da, eta dotriña onari irauneraziko dio, eta orduan ongi erantzun dezake.

        5. Gizon zentzugabearen erraiak gurdi baten gurpilla bezelakoak dirade, eta jiran dabillen burtardatza bezelakoa bere gogorazioa.

        6. Adiskide isekaria da zaldi aitagillea bezelakoa, zeñ irrinziaka ari oi dan naiz batak naiz besteak gañera igo dizaiola.

        7. Nondik dator egun bata bestea baño naiago izatea, eta egun bateko argia bostekoa baño obeagoa izatea, guztia eguzki bat beragandik etorria?

        8. Jaunaren jakinduriak berezituak izandu ziran, egiña izan ezkero eguzkia, zeñak bere agintea gordetzen duen.

        9. Berak erabaki zituen egingo ziran estazioak, eta beren jaiegunak eta beretan zelebratu ziran elizkizunak bere orduan.

        10. Egun oietatik batzuek egin zituen Jaungoikoak andiak eta sagraduak, eta beste batzuek utzi zituen astegunen artean. Ala gizon guztiak ere egin zituen autsarekin eta lurrarekin, zeñarekin Adan izan zan egiña.

        11. Jaunak bere jakinduria andiarekin berezitu zituen, eta besterontz zuzendu zituen bere bideak.

        12. Beretatik batzuek bedeikatu eta goratu zituen; eta aietatik beretatik santutu zituen, eta beretzat artu zituen; beste batzuek berriz madarikatu eta beeratu zituen; eta goibetu zituen berezitu ziradenean.

        13. Nola buztiña dagoan eltzegillearen eskuetan, berarekin nai duena egin eta erabakitzeko,

        14. Eta bere guraren erara berarekin nai duena egiten duen, ala gizona egin zuenaren eskuan dago, eta bere juzioaren araura ordaña emango dio.

        15. Gaitzaren kontra dago ona, eta eriotzaren kontra bizitza; ala gizon justoaren kontra ere bekataria; eta onela Jaungoiko txit goratuaren obra guztiak ikusiko dituzute jarriak binaka, eta batak besteari erasotzen diola.

        16. Eta ni naiz atzenengo jaiki nintzana; eta mendaintzalleak utzitako mordoak biltzen dituena bezelakoa.

        17. Nik ere Jaungoikoaren bendizioa itxedon nuen, eta dolarea bete nuen, mendaintzen duenak bezela.

        18. Begira ezazute, neretzat bakarrik ez naiz ala lanean ari, baizik erakutsia nai duten guztientzat.

        19. Aditu nazazute zuek, o andizkiak, eta erri guziak; eta zuek biltzarreen agintariak zeratenak, iduki itzatzute kontuan zuen belarriak.

        20. Semeari, ez andreari, ez anaiari, ez adiskideari etzaiozu eskubiderik eman zure gañean zure bizitza guztian; eta etzaiozu beste bati eman zure herenzia; damutu etzaitezen, eta berai erregutu ez dizaiezun.

        21. Bizi zeran, eta asnasa daukazun artean, iñork ere ez dizazula konseju onetatik alde erazi;

        22. Zeren obe da zure semeak zuri erregutu dizazutela, zu bere eskuen lanetara begira egotea baño.

        23. Zure obra guztietan iduki ezazu zure nagusitasuna,

        24. Ez ezazu zure glorian mantxarik ipiñi. Zure bizitzako egunen bukaerako egunean, eta zure irteerako denboran partitu ezazu zure herenzia.

        25. Jataldia, eta makilla, eta zama astoarentzat. Ogia, eta kastigua eta lana mendeko morroiarentzat.

        26. Kastigatua danean, lanean ari da eta atsedena billatzen du. Eskuak askatuak utzitzen badiozkazu, libertadea billatzen du.

        27. Uztarriak eta hedeak, lepo gogorra makurtzen dute; eta betiko lanak makurtzen dute morroi mendekoa.

        28. Eraspen gaiztoko mendekoari azoteak eta zepoa. Lanera bialdu ezazu, eskua eskuaren gañean duela egon ez dedin.

        29. Zeren alperreriak gaizkeria asko erakutsi duen.

        30. Lanetan egonerazi zaiozu; zeren beretzat au gauza ona dan. Eta zure mandatua egiten ez badu, estutu ezazu zepoan; baña ez ezazu geiegirikan egin aragi baten ere kontra, eta ez ezazu ere pisuko gauzarik egin juizio gabetanik.

        31. Baldin mendeko morroi leial bat badaukazu, begiratu zaiozu zure animari bezela, tratatu ezazu zure anaia bezela: zeren zure animako odolarekin erosi zenduen.

        32. Bidegabero gaitz egiten badiozu, iges egingo dizu.

        33. Eta berak zugandik alde egiten badu, eta joaten bada, ez dezu jakingo zeñi galdetu, ezta ere zeñ bidetatik billatuko dezun.

 

OGEITA AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Itxedopen alperrak eta gezurrak zentzugabeko gizonarentzat dirade, eta amesak jasotzen dituzte gora, zentzurik ez daukatenak.

        2. Itzalarekin laztandutzen dan, eta aizeari persegitzen diona bezela: alakoa da ames engañakorrai begiratzen diena.

        3. Gauza bat beste bati dirudiona da amesetako ikusketa, gizonaren irudia gizonaren aurrean.

        4. Zer gauza izango da zikindu batek garbitua? Eta zer egia izango da gezurti batek esana?

        5. Asmatzen gaiztoak, eta aztinantz gezurrezkoak, eta gaizkillen amesak, urgulleria dirade.

        6. Eta zure biotzak, aurregiteko dagoan andreak bezela, izango ditu larritasunak ikusketakin Jaungoiko txit goratuak bidaltzen ez badizkizu alako ikusketak; ez ezazu zure biotza beretan ipiñi.

        7. Zeren amesak asko ekarri zituzten uts egitera, eta galdu ziran beren itxedopena beretan ipiñi zutelako.

        8. Legeko itza kunplitua izango da gezurrikan gabe, eta jakinduria argia izango da gizon leialaren aoan.

        9. Tentatua izan ez danak, zer daki? Asko gauzen berri dagianak, asko gauza pensatuko ditu; eta asko gauza ikasi dituenak, zentzuarekin itz egingo du.

        10. Asko gauzaren berriak ez dauzkanak gutxi daki; arazo askotan aritu oi dana berriz, somatsua da.

        11. Tentatua izan ez danak, nolako gauzak jakin ditzake? Engañatua izan dana, begiratuagoa izango da.

        12. Gauza asko ikusi ditut toki arrotzetatik nabillala; baitaere oitura mota asko.

        13. Batzuetan egon naiz iltzeko irriskuan gauza oiekgatik, eta Jaungoikoaren graziak libratu nau.

        14. Jaungoikoaren beldur diradenen espiritua zaitua da; eta bedeikatua izango da bere begirakune ongigilleakin.

        15. Zeren berak beren salbatzalleagan daukate ipiñia beren itxedopena, eta Jaungoikoaren begiak daude tinkatuak, bera maitatzen daudenakgan.

        16. Jaunaren beldur dana, ez du ezerk ere ikaratuko, eta ez du ere izurik idukiko, zeren bere itxedopena hura bera dan.

        17. Doatsua da Jaunaren beldur danaren anima.

        18. Zeñi begiratzen dio, eta zeñ da bere sendotasuna?

        19. Jaunaren begiak bere beldur diradenen gañean daude, bitarteko almentsua, irozgarri sendoa, eguzkiaren berotasunaren kontra estalkia, eta itzala egerdian.

        20. Gordetzallea beaztopoaren kontra, laguntasuna erori ez gaitezen, anima jasotzen duena, eta begiak argitzen dituena, ematen dituena osasuna, eta bizitza eta bendizioa.

        21. Mantxatua da, gauza gaiztoarekin eskeñtza egiten duenaren doaña, eta ez dirade gozagarriak gizon biurriak egiten dituzten isekak.

        22. Jauna, gauza guztiak da, bakarrik pazienziarekin itxedotzen diotenentzat egiaren eta justiziako bidean.

        23. Jaungoiko txit goratuak ez ditu artzen gaiztoen doañak, eta ez die ere begiratzen gizon biurrien eskeñtzai; eta ez diezte ere barkatuko beren bekatuak, beren opari askoakgatik.

        24. Eskeñtzen duena doaña beartsuen haziendatik, da seme bati bere aitaren aurrean lepoa ebakitzen diona bezela.

        25. Pobreen bizitza bear duten ogia da, eta kentzen dion edozeñ gizon, odolgiroa da.

        26. Bere izerdiarekin irabazitako ogia besteri kentzen diona, bere projimoa ilko balu bezela da.

        27. Odola isurtzen duena, eta alogerariari pagatzen ez diona, anaiak dirade.

        28. Batak egiten du etxea, eta besteak desegiten du, zer mesede ateratzen dute berak, lana baizik?

        29. Batak orazioa egiten badu, eta besteak madarikazioak botatzen baditu, zeñen boza adituko du Jaungoikoak?

        30. Garbitzen danari il bati ukitu diolako, eta berriz ere ukitzen badio, zer balio dio len bera garbitzeak?

        31. Berebat bere bekatuak gatik baru egiten duenak, eta berriz beretara biurtzen bada, zer aurreratzen du bera umillatuaz? Nork adituko du bere orazioa?

 

OGEITA AMABOSGARREN KAPITULUA

        1. Legea gordetzen duenak, eskeñtza asko egiten du.

        2. Osasuneko eskeñtza da gordetzea mandamentuak, eta gaiztakeria guztitik alde egitea,

        3. Eta injustiziatik alde egitea, da eskeñtzea bezela propiziazioko doañ bat injustiziakgatik eta alde egitea bekatuakgatik diña dan penari.

        4. Jaungoikoari eskerrak ematen diozka iriñaren lora eskeñtzen duenak. Ala urrikaltasuneko obrak egiten dituenak ere, doañ bat eskeñtzen du.

        5. Txit Jaungoikoaren gogoko gauza da, gaiztakeriatik alde egitea, eta injustiziatik alde egitea, bekatuakgatik erregututzea da.

        6. Etzaite agertu Jaunaren aurrean esku utsakin.

        7. Zeren gauza guzti oiek, Jaungoikoaren aginduz egiten diraden.

        8. Justoaren eskeñtzak, aldarea gizentzen du; eta gozotasuneko usaia da, Jaungoiko txit goratuaren aurrean.

        9. Justoaren eskeñtza gogokoa da, eta bere oroipenarekin ez da Jauna aztuko.

        10. Biotz onarekin eman zaiozu gloria Jaungoikoari; eta ez itzatzu gutxitu zure eskuetako lenbiziak.

        11. Eskeñtza guztian erakutsi ezazu pozez zure arpegia, eta bozkarioarekin santutu itzatzu zure amarrenak.

        12. Eman zaiozu Jaungoiko txit goratuari, berak eman dizunaren araura, eta begi onarekin eskeñi zaiozu, zure eskuak arkitzen dutena,

        13. Zeren Jauna ordaiñtzallea dan, eta itzuliko dizu zazpitan anbat geiago.

        14. Etzaiozkazu eskeñi doaiñ aitzakiatuak; zeren artuko ez dituen.

        15. Eta ez ezazu ezertarako iduki eskeñtza gaiztoa; zeren Jauna Jueza dan, eta ez dion iñoren diñadeari begiratzen.

        16. Ez dio Jaunak iñori ere begiratuko beartsuaren gaitzean, eta irainduaren orazioa, adituko du.

        17. Ez ditu mezpreziatuko umezurtzaren erreguak, ezta andre alargunarenak ere suspuriozko bozarekin itz egiten badu.

        18. Andre alargunaren negar malko, bere masalletatik beera erortzen diradenak, ez al dirade beste anbeste diadar, isuri erazitzen diozkanaren kontra?

        19. Zeren masallatik zeruraño igotzen diran, eta aditzen dituen Jaunak, ez du beretan gozotasunik idukiko.

        20. Borondate onarekin Jaungoikoa adoratzen duenak, izango du laguntasuna, eta bere erregua odeietaño allegatuko da.

        21. Umillatzen danaren orazioak, odeiak iragoko ditu, eta ez du atsedenik artuko allegatu dedin artean; eta Jaungoiko txit goratuak begiratu dizaion artean, ez du alderik egingo.

        22. Eta Jauna ez da luzaro geldirik egongo; baizik justoen alde jarriko da, eta egingo du justizia. Eta Jaungoiko txit sendoak ez ditu sufrituko beren persegitzalleak, baizik atsekabeakin beren bizkarezurra ausiko du:

        23. Eta erreñoai diña diradena emango die, ezereztu dezan bitartean urgullutsuen taldea, eta piskatu ditzan artean gaiztoen zetroak,

        24. Eman dizaioten artean ordaña gizonai beren irabazien araura, eta bakoitzaren obren, eta bere urgulluaren araura.

        25. Bere erriari justizia egin dizaion artean; eta gozatuko ditu justoak bere urrikaltasunarekin.

        26. Ederra da Jaungoikoaren urrikaltasuna, naigabeko denboran, eurizko odeia leorteko denboran bezela.

 

OGEITA AMASEIGARREN KAPITULUA

        1. Urrikaritu zaite arren gurekin, o gauza guztien Jaungoikoa; eta berriz begiratu zaguzu, eta erakutsi zaguzu zure urrikaltasunen argia.

        2. Eta itsatsi zaiezu zure beldurra, billatu etzinduten erreñoai, ezagutu dezaten, ez dagoala beste Jaungoikorik zu baizik, eta kontatu ditzaten zure mirariak.

        3. Altxatu ezazu zure eskua erreño arrotzen gañera, zure eskubidearen berri iduki dezaten.

        4. Zeren nola zu beren aurrean gugan satutua izan zeran, ala gure aurrean, beretan goratua izan zaitezen.

        5. Ezagutu zaitzaten, nola guk ere ezagutu degun, ez dagoala beste Jaungoikorik zu baizik, o Jauna.

        6. Berriztu itzatzu gauza arrigarriak, eta berriz egin itzatzu mirariak.

        7. Gloriaz bete itzatzu zure eskua, eta zure eskuieko besoa.

        8. Esnatu ezazu aserrea, eta isuri sumintasuna.

        9. Desegin ezazu kontrarioa, eta atsekabetu etsaia.

        10. Laburtu ezazu denbora, etzaite aztu gure gaitzai atzena ipintzeaz, zure mirariak adirazi ditzaten.

        11. Garrezko aserrean iretsia izan dedilla iges egiten duena: eta beren galmena arkitu dezatela zure erria aiñ gaizki tratatzen dutenak.

        12. Ausi ezazu Prinzipe etsaien burua, esaten dutenena: Gu baño besterik ez dago.

        13. Bildu itzatzu Jakoben tribu guztiak, ezagutu dezaten ez dagoala beste Jaungoikorik, zu baizik; eta zure anditasunak adirazi ditzaten, eta zure herenziatzat artuko dituzu asieratikan bezela.

        14. Iduki ezazu zure erriaren urrikaltasuna, zeñaen gañean ots egin zaion zure izenari; eta Israelen urrikaltasuna ere, zeñ tratatu dezun zure lenbizisortua bezela.

        15. Iduki ezazu Jerusalengo erriaren urrikaltasuna, zure santutasuneko erriarena, zure atsedeneko erriarena.

        16. Zure itz esan eziñakin bete ezazu Sion, eta zure gloriaz zure erria.

        17. Jarri zaite, asieratik zureak diradenen alde, eta egiztatu itzatzu lenbiziko Profetak zure izenean lendanaz esan zituzten itzak.

        18. Ordaiñdu itzatzu, iragopenarekin itxedotzen dizutenai, zure Profetak leialak arkituak izan ditezen; eta aditu itzatzu zure serbitzarien erreguak,

        19. Aaronek zure erriaren gañera bota zuen bendizioaren araura, eta justiziako bidera zuzendu gaitzatzu; eta lurrean bizi diraden guztiak jakin dezaten, zu zerala Jaungoiko mendeen begiralea.

        20. Sabelak janari guztia jango du; baña bada janari bat, bestea baño obeagoa.

        21. Aosapaiak ezagutzen ditu mendiko aragiak; eta biotz argiaz itz gezurtiak.

        22. Biotz gaiztoak tristetuko du, eta asko gauzaren berri dakian gizona, erasoko zaio.

        23. Emakumeak edozeñ gizon artuko du: baña alaben artean, bata da bestea baño obeagoa.

        24. Emaztearen edertasunak poztzen du bere senarraren arpegia, eta biztutzen du beragan eraspen bat, gizonaren gurari guztiez gañetikoa.

        25. Bere mingañak esaten baditu itz osasuntsuak, biguñtasun eta urrikaltasuneko itzak, ez dago bere senarrarekin berdintzekorik gizonen semeen artean.

        26. Andre on bat daukanak, ematen dio asiera hazienda bati; bere antzeko laguna da; eta abea, atsedena bezela.

        27. Esirirk ez dagoen lekuan, ostua izango da soloa, eta emakumerik ez dagoen tokian, gizona premiaz suspirioan dago.

        28. Nork sinistutzen dio kabiarik ez daukanari, eta gelditzen danari gaututzen zaion tokian, erritik erri dabillan lapur prestatua bezela?

 

OGEITA AMAZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Adiskide guztiak esango du: Ni ere zurekin adiskidetu naiz. Baña bada adiskidea izenez bakarrik adiskide dana. Ez al da au eriotzaraño irautzen duen atsekabe bat?

        2. Laguna eta adiskidea etsai biurtuko dira.

        3. O asmazio txit gaiztoa! Nondik atera aiz, alako gaiztakeria eta bere desleialtasunarekin lurra estalitzeko?

        4. Laguna poztutzen da adiskidearekin jostaketetan, eta atsekabeko denboran, bere etsaia izango da.

        5. Adiskide bat penatzen da adiskidearekin bere sabelagatik, eta etsaiaren kontra ezkutua artuko du.

        6. Ez ezazu zure biotzean zure adiskidea aztu, eta zure aberastasunetan berarekin oroitu zaite.

        7. Etzaite konsejatu azeloak jartzen dizkizunarekin; eta zure ondamuz daudenakgandik ezkutatu ezazu zure konsejua.

        8. Konsejua eskatzen dioten guztiak, ematen du; baña bada konsejaria, bere buruaren onari begiratuta ematen duena.

        9. Ongi begiratu ezazu norekin konsejatzen zeran, aurrena jakin ezazu, zeren premian dagoan; zeren berak ere bere barrenen pensatuko duen.

        10. Berak estakaren bat lurrean ipiñi ez dezan, eta esan ez dizazun:

        11. Ona da zure bidea, eta egon bedi beste aldamenean, zer gertatzen zatzun ikusteko.

        12. Zoaz tratatzera santutasunaren gañean errelijio gabeko gizon batekin, injustoarekin justiziaren gañean; emakume batekin, besteak zeloak ematen diozkanaren gañean; beldurtiarekin, gerraren gañean; merkatari batekin artuemanaren gañean; eroslearekin, salduteen gañean; enbidiaz betearekin, esker onekoa izatearen gañean,

        13. Gaiztoarekin, ontasunaren gañean; garbitasunaren gañean zikiñarekin; kanpoaren langillearekin, edozeñere lanen gañean:

        14. Urtebeteko alogerariarekin, urte bete barru bukatuko dan lanaren gañean; morroi mendeko alperrarekin, zintzotasunaz lana egitearen gañean, etzaiezu oiei aditu alako konsejuetan.

        15. Gizon santuarekin berriz maiz iduki itzatzu artu emanak, Jaungoikoaren beldurra gordetzen duela ezagutzen dezun guziarekin.

        16. Zeñaen anima zure animaren araukoa dan, eta zeñak ibilliko baziña noizbait loka eta zabuka illuntasunetan, idukiko duen zure urrikaltasuna.

        17. Egin ezazu zure barrenen konseju oneko biotz bat; bada ez daukazu beste gauzarik berak baño geiago balio duenik.

        18. Gizon santu baten animak agertzen du batzuetan egia, goian begiratzeko dauden zazpi bealarik baño obeto.

        19. Eta gauza guzti oietan erregutu zaiozu Jaungoiko txit goratuari, zuzendu ditzala zure pausoak egiaren bidetik.

        20. Zure obra guzien aurretik joan bedi egiaren itza, eta zure egite guzien aurretik konseju sendoa.

        21. Itz gaizto batek aldatzen du biotza, zeñagandik jaiotzen diran lau gauza oiek, gauza ona, eta gauza txarra, eriotza eta bizitza; oiek dirade mingañagan beti, edo geienean dauden gauzak. Urlia gai da, askori erakutsiak emateko; eta bere animarentzat utsa balio du.

        22. Beste bat zentzu andikoa, eta askori erakutsiak ematen diozka, eta bere animarentzat biguña da.

        23. Iduri utseko argudioakin itz egiten duena, gorrotoaren diña da, eta geldituko da esku utsakin.

        24. Ez dio Jaunak graziarik eman, zeren jakinduria guztiaz gabetua dagoen.

        25. Jakintsua da bere animarentzat dakiana, eta bere zentzuaren irabazia alabagarria da.

        26. Gizon jakintsuak bere erriari erakutsiak ematen diozka, eta bere zentzuaren irabaziak iraunkorrak dirade.

        27. Gizon jakintsua bendizioz betea izango da, eta ikusten dutenak, alabatuko dute.

        28. Gizonaren bizitza, egun izendatu batzuetakoa da, Israelen egunak berriz kontatu ezin bestekoak dira.

        29. Erriak jarraituko dio gizon jakintsua onratzeari, eta bere izena beti biziko da.

        30. Ene semea, zure bizitzak irautzen duen artean esamiñatu zaite, eta egin ezazu alegiña on egiteko zure animari, eta gaiztakeriara makurtua badago, ez ezazu bere aukeran utzi,

        31. Zeren gauza guztiak ez diraden guztientzat mesedegarriak; eta gauza bat batzuek ere, ez dirade guzien gogokoak.

        32. Kontu ezazu etzaitezela tripontzia izan janedanetan, eta etzaite ere egotzi datorren janari guztira.

        33. Zeren asko jateak gaitzak dakarzki, eta tripontzikeriatik datoz kolikuak.

        34. Asko jateagatik asko il dirade, eta janedanean begiratua danak, bizitza luzatuko du.

 

OGEITA EMEZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Onratu ezazu medikua, bear dezulako, zeren Jaungoiko txit goratuak zure onerako egin duen .

        2. Zeren sendagarri guztia Jaungoikoagandik datorren, eta erregeak ordaiñdua izango da.

        3. Sendatzallearen jakinduriak, bere burua goratuko du, eta alabatua izango da andizkien artean.

        4. Jaungoiko txit goratua da, sendagarriak lurretik egin zituena, eta zentzua daukan gizonak, ez ditu mezpreziatuko.

        5. Egur batek ez al zuen gozotu ur samiña?

        6. Gizonai dagokien gauza da, beren bertutea ezagutzea, eta Jaungoiko txit goratuak eman zien gizonai jakinduria, bere mirariakin onratu zezaten.

        7. Berakin sendatzen du eta gutxitzen ditu penak, eta botikarioak egiten ditu botika biguñak, eta okendu osasuntsuak; eta bere lanak ez dira beñere bukatuko,

        8. Zeren Jaungoikoaren bendizioa lur guztiaren gañetik zabaldua dagoen.

        9. Ene semea, zure eritasunean etzaite zu zerori mezpreziatu, baizik erregutu zaiozu Jaunari, eta berak sendatuko zaitu.

        10. Bekatutik alde egin ezazu, eta zuzendu itzatzu zure egiteak, eta garbitu ezazu zure biotza oben guzitik.

        11. Eskeñi itzatzu usai gozoko inzensoa, eta iriñaren lora oroipenean, eta izan bedi zure doaña onean osoa, eta gero leku egin zaiozu medikuari deritzana egin dezan.

        12. Zeren bera Jaunak egin zuen, eta ez beza zugandik alderik egin, zeren bere lanak premiazkoak diraden.

        13. Zeren badagoan, beren eskuetan eroriko zeran denbora bat.

        14. Eta berak Jaunari erregutuko diote, eskatzen diotela eman dizaiela pakea eta osasuna, beren izketagatik.

        15. Berari izatea eman zionaren aurrean bekatu egiten duena, eroriko da medikuaren eskuetan.

        16. Ene semea, negar malkoak bota itzatzu illaren gañean, eta gertakari doakabe batean bezela asi zaite suspirioak egiten, eta estali ezazu bere gorputza, oi bezela, eta etzaite egon bere obiarekin aztuta.

        17. Eta zugatik murmuratu ez dezaten, jarraitu zaiozu egun batean negar mingoitzak egiteari. Gero gozatu zaite tristezatik alde egiteko.

        18. Progua egiten dezunean illa diña dan bezela, egin ezazu egun batean, edo bian, gaizki esan ez dezaten.

        19. Zeren tristezatik eriotza laster datorren, eta biotzeko tristezak lepoa makurtzen du.

        20. Eramaten duten bitartean, tristezan iraun ezazu; eta atsekabetuaren bizitza, bere biotzaren araukoa da.

        21. Ez ezazu zure biotza utzi tristezaren eskuetan, aurtiki ezazu zugandik; eta atzenakin oroitu zaite,

        22. Etzaite berakin aztu; zeren andikan iñor ere ez dan biurtzen; eta ezertan ere ez diezu besteai lagunduko, eta zuri zerorri kalte egingo zatzu.

        23. Oroitu zaite nola ni juzgatua izan naizan, zeren zu ere ala izango zeran, neri atzo, eta zuri gaur.

        24. Illaren atsedenarekin atsedenerazi zaiozu bere oroipenari, bere gañean berriz gozatu zaite, bere animaren irtenera (sic) gatik.

        25. Letradua jakintsu egiten da arazorik batere ez daukan denboran; eta lan gutxi daukana allegatuko da jakintsu izatera, baña, nolako jakinduriaz betea izan diteke,

        26. Goldeari elduta dagoana, eta bere gloria ipintzen duena idiai akullokadak ematean, eta ari dana bere lanetan, eta zeñaen izketa dan zezenen gañean?

        27. Bere arreta ipiñiko du ongi goldeatzean, eta bere arazoak beiak gizentzean.

        28. Ala langille guztiak, eta etxegiñak, zeñek iragotzen duen gaua eguna bezela, eta tinkatzen dituenak irudiak silluetan, eta sendotasunarekin asko irudi mota egiñaz dijoanak, bere gogoa ipiñiko du pintura imitatzean, eta bere alegin ta beillakin bukatuko du lana.

        29. Ala errementariak eserita ingudearen aldean, eta burnizko bere lanari begira dagoala, suaren baoak erreko ditu bere aragiak, eta errementariko beroarekin gudan ari da.

        30. Malluaren otsa berriztatzen da bere belarrietan, eta bere begia dago lanaren irudiaren gañean.

        31. Bere biotza ipiñiko du bere lanak bukatuak ikustean, eta bere beillakin allegatuko da osotoro egitera.

        32. Ala buztingilleak, zeñ eserita bere obran, ari da erabilten jiran kurpilla bere oñakin, zeñ beti arretaz dagoan beti bere lanagatik, lantzen duen guztiaren kontua eramaten duela.

        33. Bere besoakin oratzen du buztiñia, eta bere oñen aurrean eziko du bere indarra.

        34. Bere gogo guztia ipiñiko du txit ongi bidriatzen obra, eta goiz ibilliko da labea garbitzeko.

        35. Oiek guziok itxedon zuten beren eskuetan, eta bakoitza bere lan motan jakintsua da.

        36. Oiek guziok gabe ez da erri bat egiten.

        37. Baña ez dirade bere erdian biziko, eta ez dirade ere paseatuko, eta batzarrera ere ez dira iragoko.

        38. Juezen artean ez dirade eseriko, eta ez dituzte ere adituko juezen legeak, eta ez dituzte ere emango oitura onen gañeko erakutsiak, eztaere legeetakoak, eta ez dirade ere sartuko parabolak azaldatzen;

        39. Baizik berriztatuko dituzte munduko gauzak; eta beren botoak izango dirade beren langintzako obrak ongi egiteko, itsasten dutela beren anima Jaungoiko txit goratuaren legea ikastera.

 

OGEITA EMERETZIGARREN KAPITULUA

        1. Jakintsuak billatuko du anziñako guztien jakinduria, eta Profeten liburuak irakurriko ditu.

        2. Billatuko ditu gizon argitsuen azalduerak, eta orobat adituko ditu parabolen txorroistasunak.

        3. Billatuko ditu esangien ezkutuak, eta arituko da parabolen gauza estalietan.

        4. Andizkien erdian egongo da, eta agertuko da agintzen duenaren aurrean.

        5. Erreñu arrotzen lurretara iragoko da, ezagutzeko gizonen artean dauden gauza onak, eta gaiztoak.

        6. Txit goiz esnatuta, zuzenduko du bere biotza izatea eman zion Jaunagana, eta orazioan jarriko da Jaungoiko txit goratuaren aurrean.

        7. Bere aoa idikiko du orazio egiteko, eta bere bekatuen barkazioa eskatuko du.

        8. Zeren Jaun andiak nai badu, beteko du aditzako espirituz,

        9. Eta berak euria bezela isuriko ditu bere jakinduriako itzak; eta orazioan Jauna alabatuko du.

        10. Eta egitez kunplituko ditu bere konseju eta erabakiak, eta meditazioan egongo da bere juizio ezkutuen gañean.

        11. Berak agertuko du ikasi zuen dotriña, eta Jaunaren elkartasuneko legean gozatuko da.

        12. Askok bere jakinduria zelebratuko dute, eta iñoizere ez da aztua izango.

        13. Bere oroipena ez da galduko, eta bere izena aitatua izango da mendez mendez.

        14. Erreñoak bere jakinduria adiraziko dute, eta Elizak agertuko du bere alabanza.

        15. Bizi dan artean bere izena otspatsuago izango da beste millaena baño, eta bizitza obeagora iragotzen danean, berari balioko dio.

        16. Oraindikan ere jarraituko diot nik konsejuak emateari, zeren betea nagoan sumintasunaz bezela.

        17. Jakinduriaren boz batek esaten du: Aditu nazazute zuek Jaungoikoaren etorkia zeratenok, eta moteak bota itzatzute, ur korronten aldean ipiñitako arrosadiak bezela.

        18. Zabaldu itzatzute usai gozoak Libanon inzensoaren zuaitzak bezela.

        19. Loretu zaitezte azuzenak bezela, bota ezazute usai gozoa; eta irten bitzazkizute errama graziatsuak, eta kantatu ezazute alabanzako kantatxo bat, eta bedeikatu ezazute Jauna bere obretan.

        20. Goratu ezazute bere izen santua, eta alabatu ezazute zuen ezpañen bozarekin, eta zuen mingañaren kantatxoakin, eta zitaraen otsera, eta onela esango dezute bere alabanzan:

        21. Jaunaren obra guztiak txit onak dirade.

        22. Bere bozarekin gelditu zan ura montoietan bezela; eta bere aoko esanarekin urezko ontzietan bezela.

        23. Zeren bere agindura berak nai duena egiten da; eta berak ematen duen osasuna ez da urria.

        24. Aurrean dauzka aragi guztiaren obrak, eta bere begientzat ez dago gauza estalirik.

        25. Berak ikusten ditu gizaldi guztiak; eta ez dago gauza miragarririkan batere bere aurrean.

        26. Ez dago zer esanikan: Au zer da, edo hura zer da? Zeren gauza guztiak bere denboran agertuko diran.

        27. Bere bendizioak, ibaiak bezela gañez egin zuen.

        28. Nola ugoldeak orditu zuen lurra, ala bere aserrea izango da billatu etzuten jendeen suertea.

        29. Nola berak biurtu zituen urak sikutasun batean, eta lurra leortua gelditu zan; eta egin zuen bide on bat bere errikoak irago zitezen, ala bekatariak Jaungoikoaren aserreagatik arkitu zuten an beaztopoa.

        30. Gauza onak onentzat egiñak izan ziran asieratik; eta gauza onak eta txarrak gaiztoentzat.

        31. Gizonen bizitzarako gauzarik premiazkoenak dirade ura, sua, eta burnia, gatza, eznea, eta iriñaren lorezko ogia, eta eztia, eta mats mordoak, eta olioa, eta soñekoak.

        32. Gauza guzti oiek dirade onak santuentzat, gaizto eta bekatarientzat berriz gaitzera biurtuko dira.

        33. Badira espiritu batzuek kastigurako egiñak izan ziranak, zeñak beren sumintasunagatik geitzen dituzte penak.

        34. Gauza guztien bukaerako denboran indar guztiak egingo dituzte, eta bigunduko dute, berak egin zituen Jaungoikoaren aserrea.

        35. Sua, arritea, gosea, eta eriotza, gauza guzti oiek kastigurako izan ziran egiñak;

        36. Nola ere piztien ortzak, lupuak, eta sugarrastak, eta gaiztoak desegiten dituen ezpata bengatzallea.

        37. Poztuko dirade Jaungoikoaren aginteak kunplitzean, eta gertutuak egongo dirade lurraren gañean bear danerako, eta denbora allegatzen danean, egingo dute agintzen zaioten guztia.

        38. Eta ala asieratikan naiz iritzi onetakoa, eta erabilli det gogoan, eta pensatu det, eta eskribuz utzi,

        39. Jaungoikoaren obra guztiak diradela onak, eta obra guztiak bere denboran bere serbizioa egingo du.

        40. Ez dago zer esanikan: Au hura baño gaiztoagoa da, zeren gauza guztiak bere denboran ontzat emanak izango diran.

        41. Eta orain biotz guzitik, eta ao betean alabatu ezazute guztiok batean, eta bedeikatu ezazute Jaunaren izena.

 

BERROGEIGARREN KAPITULUA

        1. Gauza txit gogaikarri bat daukate gizon guztiak berakgan berez itsatsia, eta uztarri astun batek dauzka geiegi nekatuak, amaren sabeletik ateratzen diran egunetik, beren obiko eguneraño guzioen ama dan lurrean.

        2. Beren kezkak, eta biotzeko beldurrak, itxedotzen diotenaren asmazioak, eta eriotzako eguna.

        3. Tronu gloriaz beteriko baten gañean eseria dagoanetik, lurrean eta autsean azpiratua dagoaneraño.

        4. Jazintoz jantzita dagoanagandik, eta koroa dakarrenagandik, eun gordiñagaz estalitzen danagana, guztia da sumintasuna, zeloak, nasteak, atsekabeak, eta eriotzaren beldurra, aserre gogorra, eta eleak.

        5. Bere oean atsedetzeko denboran ere, bere gogoa nastutzen du gaueko loak.

        6. Laburra, edo esaterako utsa da bere loa, eta lotan ere dago beillan dagoena bezela.

        7. Eta nastuta bere espirituko ikusketakin, eta guda bateko denboran iges egiten duenak bezela, irriskutik iges egin duela uste duenean, esnatzen da, eta gelditzen da miraritua bere beldur alperragatik.

        8. Abere guztietan gertatzen da au, gizonagandik piztiaraño; bekatarietan berriz zazpi alditan gaiztoago.

        9. Gañera, eriotza, odol isurtzea, erriertak, ezpata, mendean idukitzeak, gosea, galmena, eta azoteak.

        10. Gauza guzti oiek gaiztoentzat egiñak izan ziran, eta berakgaitik etorri zan ugoldea.

        11. Lurrezkoak diraden gauza guztiak lur biurtuko dira, eta ur guztiak itzuliko dira itsasora.

        12. Eskeñi guztiak eta injustiziak bukatuko dira; baña zuzentasunak beti iraungo du.

        13. Bekatarien ondasunak leortuko dira, erreka bat bezela, eta ots andi bat egingo dute turmoiak euriarekin bezela.

        14. Jueza poztuko da bere eskuak idikitzean; ala atzenean fedea ukatzen dutenak galduko dira.

        15. Gaiztoen illobak ez dituzte ugarituko erramak; eta arkaitz baten garaiean dauden sustrai galduak bezela, ots egingo dute.

        16. Uren gañean eta ibaiaren erriberan azitzen da barazkia, beste belar guztia baño lenago aterako da.

        17. Ongigintza bendizioz betetako paraisu bat bezelakoa da, eta urrikaltasunak irautzen du beti.

        18. Gozoa izango da bere suertearekin pozez dagoan langillearen bizitza, eta beratan tesoro bat arkituko du.

        19. Semeak, eta erri bat egiteak, egiten dute iraunkorra norbaiten izena, eta au baño geiago estimatua izango da, emakume aitzakia gabea.

        20. Ardoak eta musikak biotza poztutzen dute; eta batak ta besteak baño geiago jakinduriaren amorioak.

        21. Txirolak eta salterioak gozatsu egiten dute musika soñua; eta gauza biak baño geiago mingañ leunak.

        22. Garboa eta edertsuna naiko ditu zure begiak; baña au baño geiago kanpo berdeak.

        23. Adiskidea eta laguna elkarrekin baliatzen dirade okasioa danean; eta biak baño geiago emaztea, ta bere senarra.

        24. Anaiak elkarri laguntzen diote atsekabeko denboran, eta oiek baño geiago salbatuko du urrikaltasunak.

        25. Urreak, eta, zillarak sendotzen dituzte oñak; eta bata eta bestea baño gogokoagoa da konseju on bat.

        26. Aberastasunak eta indarrak sendotzen dute biotza, eta gauza oiek baño geiago Jaunaren beldurrak.

        27. Jaunaren beldurra daukanak, ezeren premiarik ez dauka, eta berarekin ez dago zertan laguntasunik billatu.

        28. Jaunaren beldurra bendiziozko paraisu bat bezelakoa da, eta gloria guztien gañetik gloriaz estalia dago.

        29. Ene semea, etzaite atez ate eskale ibilli bizi zeran artean; zeren obe dan iltzea eskale ibiltea baño.

        30. Besteren maiean jaten duenak, ez du beñere pensatzen nola irabaziko duen jateko bear duena; zeren besteren jakiakin bazkatzen dan.

        31. Baña gizon aziera oneko eta adituak ez du onelakorik egingo.

        32. Zentzugabekoaren aoan gozoa izango da pobreza, baña bere sabelean sua erazekia egongo da.

 

BERROGEITA BATGARREN KAPITULUA

        1. O eriotza, ze samiña dan zure oroipena, bere aberastasunen erdian pakea daukan gizon batentzat!

        2. Gizon atsegintsu, bere gurarien erara guztiak irtetzen dion, eta oraindikan jateko indarrakin dagoan batentzat!

        3. O eriotza! Zure sentenzia gozoa da, gizon premiatsu eta indargabetuarentzat,

        4. Onezkero edade andia daukanarentzat, eta arazoz betea dagoanarentzat, eta obetutzeko itxedopen gabetanik dagoanarentzat, eta eramanik ez daukanarentzat.

        5. Etzaite eriotzako sentenziaren beldur izan. Oroitu zaite zu baño lenago izandu zanarekin, eta zu ez zeranean etorriko danarekin, au da, sentenzia bat Jaunak ilkor guztiai emandakoa.

        6. Eta, zer gauza etorriko zatzu gero, Jaungoiko txit goratuaren gogokoa dana baizik? Naiz izan ditezela amar, naiz ogei, naiz milla zure urteak.

        7. Zeren beste munduan etzaion iñori ere bizi izan dan denboraren konturik eskatzen.

        8. Seme nazkagarriak egin oi dirade geienez bekatarien semeak, eta orobat gaiztoen etxeetara maiz joan oi diradenak.

        9. Bekatarien semeen herenzia galdua izango da, eta lotsariak jarraituko die beti bere ondokoai.

        10. Gaiztoaren semeak bere aitagatik kejatzen dira, beragatik lotsarian bizi diralako.

        11. Ai zuen dokabeak, gizon gaizto, Jaun txit goratuaren legea utzi zendutenak!

        12. Jaio ziñatenean, madarikazioan jaio ziñaten, eta iltzen zeratenean, zuen herenzia madarikazioa izango da.

        13. Lurrekoak diraden gauza guztiak, lur biurtuko dira, ala gaiztoak joango dira madarikaziotik galmenera.

        14. Gizonak progua egingo dute beren gorputz illen gañean; baña gaiztoen izena arras kendua izango da.

        15. Zure izen onari arretaz begiratu zaiozu; zeren au izango dan zuretzat milla tesoru andi, eta baliotsu baño iraunkorrago.

        16. Bizitza onak egun kontatuak dauzka; izen onak berriz beti iraungo du.

        17. Ene semeak, gorde ezazute pakean nere erakutsia. Zeren jakinduria estaliak, eta ikusten ez dan tesoroak, bi gauza oiek, zer mesede dakarte?

        18. Obeago da bere ezjakiña ezkutatzen duen gizona, bere jakinduria ezkutatzen duen gizona baño.

        19. Argatik nere aotik ateratzen diraden lotsa iduki ezazute.

        20. Zeren ez dan ongi guztiak gatik lotsa idukitzea, eta ongi egindako gauza guziak ere ez dirade guzien gogokoak.

        21. Iduki ezazute zikinkeriaren lotsa aitaren eta amaren aurrean; eta gezurraren lotsa gobernariaren eta andizkiaren aurrean:

        22. Oben baten lotsa prinzipe baten eta Juez baten aurrean, legea austearen lotsa sinagogaren eta erriaren aurrean.

        23. Injustiziaren lotsa, lagun baten eta adiskide baten aurrean, eta bizi zeran tokian.

        24. Iduki ezazu lapurreta baten, Jaungoikoaren egiaren, eta elkartasun baten, eta ukalondoak ogietan ipintzearen, eta artu emanetako nastearen lotsa.

        25. Lotsa izan zaite ez erantzuteaz agur egiten dizunari; begiratzeaz emakume nasaiari; eta aidea gandik arpegia itzultzeaz.

        26. Etzaiozu alde erazi zure arpegiari zure lagun urkoagandik. Eta lotsatu zaite besteari berea dana kentzeaz, eta ez biurtzeaz.

        27. Beste senar baten andreari etzaiozu begiratu; eta etzaiozu bekatuan erortzeko biderik eman bere neskameari, eta etzaite ere bere oera alderatu.

        28. Ez itzatzu zure adiskideak itzez iraindu; eta zerbait eman badezu, etzaiozu arpegira egotzi.

 

BERROGEITA BIGARREN KAPITULUA

        1. Ez ezazu zabaldu aditu dezun izketa, agertzen dezula ixillean iduki bear dan gauza, eta ez dezu idukiko zergatik lotsatu; eta arkituko dezu abegi ona gizon guztien aurrean. Etzaite lotsatu esatera noatsun gauzakgatik, Eta iñoren begiruneagatik, dana dalakoa, ez ezazu bekaturik egin.

        2. Etzaite lotsatu Jaungoiko txit goratuaren legeagatik, ez bere testamentuagatik, ezta ere juizioan justotzeko gaizto bat.

        3. Etzaite ere lotsatu erabakitzen bide dana, zure lagunak zerbait daukatenean arrotz bideanteakin; ez adiskideen artean haziendak berezitutzean.

        4. Pisuaren eta pisuen berdintasunaren gañean, asko edo gutxi irabaztearen gañean,

        5. Erosleen eta merkatarien engañoen gañean, eta semeai erakutsi andiak ematearen gañean, ez morroi mendekoaren sorbaldak odoldutzeaz.

        6. Ongi da emakume gaiztoa etxean zarratuta idukitzea.

        7. Esku asko dagoen tokian, giltzpean iduki ezazu guztia; eta ematen dezun guztia kontatu eta pisatu ezazu; eta ematen eta artzen dezun guztia eskribitu ezazu.

        8. Zuzentzeaz txoroa eta barbulla, eta jartzeaz zarren alde, gazteak kondenatzen dituztenean, ala jakintsua agertuko zera guztian, eta bizilari guztien artean izango zera ongi ikusia.

        9. Alaba ezkongaiak bere aita bellan dauka; bada beragatik daukan arretak loa galerazitzen dio, ezkontzeko edadea irago ez datzakion beldurrez, eta gorrotogarria izan ez dedin, edade andikoa dala senarra artzen duenean.

        10. Baitaere birjiña dagoan artean, bere garbitasuna zikindua izan dedin beldurrez, eta aitaren etxean aurdun dagoala arkitu ez dedin, edo ezkonduta dagoala, bekatu egin ez dezan, edo aurki izan ez dedin soilla.

        11. Alaba nabarmena txit ongi gorde ezazu, noizbait izanerazi ez dizazun zure etsaien iseka, erriko ipuia, eta jendetzaren irauna; eta lotsatu etzaizan jende askoren aurrean.

        12. Etzaiozu iñori ere begiratu edertasunagatik, eta etzaite egotez egon emakumeen artean.

        13. Zeren soñekoetatik irtetzen da sitsa, eta emakumeagandik gizonaren gaiztakeria.

        14. Zeren kalte gutxiago egingo dizun gizon baten gaiztakeriak, emakume marroz ongigilleak baño, zeñak desonra eta lotsaria ekarten dizun.

        15. Orain oroituko naiz ni Jaunaren obrakin, eta agertuko det ikusi dedana. Jaunaren itzagatik diraute, eta izan ziraden egiñak gauza guztiak.

        16. Nola eguzki argitsuak gauza guztiak argitutzen dituen, ala Jaunaren obra guztiak bere anditasunez beteak daude.

        17. Ez al zuen egin Jaunak santuak kontatu zitzatela bere mirari guztiak, Jaun guztia dezakeanak iraunkorrak egin zituenak, bere gloria betikotutzeko?

        18. Bera sartzen da leizen barrenen, eta gizonen biotzetan, eta dauzka ezagutuak gizonen astruziak.

        19. Zeren Jaunak dakian, jakin bear dan guztia, eta ikusten ditu bereziro denboren siñaliak. Azaldutzen ditu gauza igaroak eta etortzekoak, eta agertzen ditu ezkutatuak daudenen aztarnak.

        20. Ez dio igesik egiten gogorazio batek ere, eta etzaio ere ezkutatzen itz bakar bat.

        21. Edertu zituen bere jakinduriaren mirariak. Berak dauka izatea, gizaldiak baño lenago, eta gizaldi guztietan, eta ezerere ez lezakio itsatsi,

        22. Ezta gutxitu ere, eta ez dauka iñoren konsejuaren premiarik.

        23. Zeñ maitagarriak diraden zure obra guziak! Eta beretatik ezagutu genzakeana, txinpart bat bezela bakarrik da.

        24. Gauza guzti oiek bizi dirade, eta irautzen dute betiko, eta premia guzietan guziak obeditzen diote berari.

        25. Gauza guztiak dirade bi alditan anbatuak, bata bestearen kontrakoak, eta etzuen egin, ezerere faltatzen zitzaienik.

        26. Bakoitzaren onerak sendotu zituen. Eta zeñ aseko da bere gloria ikustez?

 

BERROGEITA IRUGARREN KAPITULUA

        1. Zeru txit goratuaren edertasuna da firmamentua. Zeruaren edertasuna da irudi bat, zeñean ikusten dan Egillearen gloria.

        2. Eguzkiak irteeran bera ikusiaz adirazten du argia, da ontzi miragarria, Jaungoiko txit goratuaren obra.

        3. Egunaren erdian lurra erretzen du; eta bere berotasunaren aurrean, nor sendo egon diteke? Labe erazeki bat daukana bezela, su txit bizia eskatzen duten lanetarako.

        4. Iru alditan anbat da mendiak erretzen dituen eguzkia, zeñak aurtikitzen dituen suzko oñazkarrak, eta distiatzen dala bere errañuakin itsututzen ditu begiak.

        5. Andia da bera egin zuen Jauna, eta bere aginduz agudo ibiltzen da bere bidean.

        6. Eta illargiak gauza guztietan bere denboran, erakusten ditu denborak, eta siñaltu urteak.

        7. Illargiak señalatzen ditu jaiak, argikari bat gutxitzen asitzen dana, bere betetasunera allegatuta bereala.

        8. Illak beragandik artzen du izena, bera miragarriro azitzen da, betea egoteraño.

        9. Izarrezko ejerzitu bat dago goietan, berak gloriaz betea argi egiten du zeruko firmamentuan.

        10. Izarren argitasuna zeruko edertasuna da. Jauna da andikan goietatikan mundua argitutzen duena.

        11. Santuaren itzetara juiziora etorriko dira, eta ez dirade aspertuko bellan egotez.

        12. Begiratu zaiozu ostrellakari, eta bedeikatu ezazu bera egin zuena, txit ederra da bere argitasunean.

        13. Jira egin zion zeruari bere gloriako inguru osoarekin, Jaungoiko txit goratuaren eskuak zabaldu zuten.

        14. Jaunak bere agintearekin agudo etorrierazitzen dio elurrari, eta aurtikitzen ditu txit arintasun andiarekin oñazkarrak, bere erabakien araura.

        15. Argatik bere tesoroak idikiak izan ziraden, eta egan egin zuten lañoak, egaztiak bezela.

        16. Bere eskubide andiarekin ipiñi zituen odeiak, eta ausi ziran kaskabarraren arriak.

        17. Bere begirakune batekin dardaratuko dira mendiak, eta berak nai duenean Egoia erabilliko du.

        18. Bere turmoiaren bozak mugituko du lurra ifarreko urakanak, eta aizeen jiraboillak,

        19. Eta beere jetxitzen dan egaztia bezela, bere oñak ipintzeko, zabaltzen du elurra; eta bere jetxiera, lurrerontz beeratzen dan langosta bezela.

        20. Begia mirarituko da bere zuritasunaren edertasunarekin, eta biotza arrituko da bere euriaren gañean.

        21. Jela isuriko du lurraren gañera, gatza bezela, eta izotza egiten duenean, sasillarren puntak bezela jarriko da.

        22. Ifarreko aize otza atera zuen, eta izoztu zan ura kristala bezela, zeñ egongo dan uren batzarre guztien gañean, eta jantziko da urez loarikaz bezela.

        23. Eta iretsiko ditu mendiak, eta erreko ditu eremuak, eta leortuko du berdea, suarekin bezela.

        24. Guztien sendagarria izango da, laster agertuko dan odei bat; eta gero etorriko dan intz epel batek, urtuko du.

        25. Bere itz batera gelditzen dira aizeak, eta bere naiarekin bakarrik baretu zituen itsasoak, zeñaen erdian ipiñi zituen Jaunak isla batzuek.

        26. Itsasoz dabiltzanak kontatu ditzatela beren irriskuak, eta aditzen ditugunean gure belarriakin, arrituak geldituko gera.

        27. An daude obra andi eta miragarriak, abere mota asko, eta era guzietako pistiak, eta gauza arrigarriak.

        28. Berak erabaki du bere bidearen atzena, eta bere itzarekin guztia gelditu zan zuzenduta.

        29. Danik geien esaten degula ere, asko geldituko zaigu esateko; baña esan al lezakean guztia da esatea, bera dagoala gauza guztietan.

        30. Berari gloria emateko, zer balio degu guk? Zeren bera dan guztia dezakeana bere obra guztiez gañetik.

        31. Ikaragarria da Jauna, eta txit andia, eta bere eskubidea miragarria da.

        32. Alabatu ezazute Jauna, al dezuten geien; bada oraindikan bera zuen alabantza guztiez gañetik geldituko da; izanik, dan bezela, arrigarria eta berdinikan gabea bere anditasuna.

        33. Bedeikatu ezazute Jauna, goratu ezazute al dezuten guztia, zeren alabantza guztien gañetikoa dan.

        34. Bera goratutzeko, bildu itzatzute zuen indarrak, eta etzaitezte aspertu; zeren iñoizere etzerate atzeneraño allegatuko.

        35. Nork ikusi du, adirazi al izateko nolakoa dan? Eta azaldu bere anditasuna, betiko iraunetik bera dan bezela?

        36. Oiek baño asko gauza andiagoak ezkutatuak daude; bada gutxi da bere obretatik ikusi deguna.

        37. Baña Jaunak egin zituen guztiak, eta ontasunean bizi diradenai, jakinduria eman zien.

 

BERROGEITA LAUGARREN KAPITULUA

        1. Alabatu ditzagun gizon argitsuak, gure asabak, zeñai izatea zor diegun.

        2. Gloria andiarekin betea izandu zan Jauna, berakin egin zituen gauza andiak gatik, munduaren asieratik.

        3. Berak agintzen zuten beren erreñuetan, izan ziran gizon andiak bertutean, eta zentzuz apainduak, eta nola profetak ziran, adirazi zuten profeten diñadea.

        4. Eta agintzen zioten beren denborako erriari zentzuarekin, ematen zieztela erakutsi txit santuak beren mendekoai.

        5. Beren jakinduriarekin asmatu zituzten musikako tonuak, eta konpondu zituzten liburu santuetako kantak.

        6. Gizon aberatsak birtuteetan, elizetako edertasunean begiratuak, paketsuak beren etxeetan.

        7. Oiek guziok beren denboretan gloria iritxi zuten, eta onratu zuten beren gizaldia.

        8. Beretatik jaio ziradenak, utzi zuten izen bat, beren alabantzakin oroitu erazitzen duena.

        9. Eta badira beste batzuek, zeñaen oroipenik ez dagoan, galdu ziran iñoiz izan ez balira bezela; eta jaio ziran, jaio ez balira bezela, ala berak, nola beren semeak.

        10. Baña aiek gizon urrikaltsuak izan ziran, zeñaen obra onak ez diraden aztu:

        11. Beren ondokoakin irautzen dute beren gauza onak.

        12. Beren illobak erri santu bat dira, eta beren jatorriak sendo iraun zuen Jaungoikoaren elkartasunean;

        13. Eta beren semeak aien amorioagatik irautzen dute beti, beren jatorria eta beren gloria beñere ez dirade galduko.

        14. Beren gorputzak pakean obiratuak izan ziran; eta beren izena, bizi da mendez mende.

        15. Zelebratu bezate erriak beren jakinduria, eta adirazi bitza elizak beren alabantzak.

        16. Henok izan zan Jaungoikoaren gogokoa, eta paradisura eramana izandu zan penitenzia predikatzeko.

        17. Noe osotoro justoa arkitua izan zan, eta asarreko denboran egiña izan zan bitarteko.

        18. Argatik bizirik utziak izan ziraden batzuek lurrean, etorri zanean ugoldea.

        19. Berarekin egiña izan betiko elkartasuna, ez lezakeala desegiña izan ugoldearekin aragi guztia.

        20. Abraham jende askoren aita andia, eta etzan arkitu bere antzekorik glorian, zeñak gorde zuen Jaungoiko txit goratuaren legea, eta berarekin elkartasunean egon zan.

        21. Bere aragian berriz egin zuen elkartasuna, eta tentazioan leiala arkitua izan zan.

        22. Argatik juramentu egin zion Jaunak bere familian gloria emango ziola, bera aziko zala lurreko autsa bezela,

        23. Eta bere ondokoak goratuak izango ziradela izarrak bezela, eta herenziaz idukiko zuela itsasotik itsasorañokoa, eta Eufrates ibaietik lurraren mugetaraño.

        24. Eta Isaakrekin orobat egin zuen, bere aita Abrahamen amorioagatik.

        25. Berari eman ziozkan Jaunak erreñu guztietako bendizioak, eta gero sendotu zuen bere elkartasuna Jakoben buruaren gañean.

        26. Zeñ ezagutu zuen, eta zeñi eman ziozkan berarizko bendizioak, eta eman zion herenzia; partitutzen ziola amabi tribuen artean.

        27. Eta eman zion, bere jatorrian arkitu zitezela beti gizon on, jende guztiak maitatuak ziradenak.

 

BERROGEITA BOSGARREN KAPITULUA

        1. Moises Jaungoikoak eta gizonak maitatua; zeñaen oroipena dagoan bendizioan.

        2. Jaungoikoak egin zuen Santuen antzekoa glorian, eta goratu zuen; eta egin zuen etsaien izua; eta berak bere itzarekin gelditu erazi zituen mirari ikaragarriak.

        3. Gloriaz bete zuen Erregeen aurrean, eta mandamentuak eman ziozkan bere erriaren aurrean, eta erakutsi zion bere gloria.

        4. Bere fedeagatik eta bere otsantasunagatik santutu zuen, eta autu zuen aragi guztiaren artetik.

        5. Argatik Moisesek aditu zuen Jauna, eta bere boza, eta Jaungoikoak odeiaren barrenen sartuerazi zion.

        6. Eta eman ziozkan aginteak arpegiz arpegi, eta bizitzako eta dotriñako legea, Jakobi bere elkartasuna erakutsi zezaion, eta bere erabakiak Israeli.

        7. Goratu zuen Aaron, Moisesen anaia, eta bere antzekoa, Lebiren tribukoa.

        8. Egin zuen berarekin betiko elkartasun bat, eta eman zion erreñuko apaiztza, eta doatsua egin zuen glorian,

        9. Ipiñi zion bere gerrian gerriko txit eder bat, eta jantzi ziozkan gloriako soñekoak, eta onratu zuen anditasun goratuko apaingarriakin.

        10. Ipiñi zion soñeko luzea, eta barrendiko tunika, eta Efoda, eta ipiñi ziozkan gerriaren inguruan urrezko eskillatxo txit asko,

        11. Ots egin zezaten zebillanean, eta beren otsa tenploan aditua izan zedin, bere jendearen semeen oroipengarritzat.

        12. Ipiñi ere zion soñeko santua urrezkoa; eta jazintozkoa, eta purpurazkoa; gizon jakintsu, zentzuz eta egiaz apaindutako batek eotako lana.

        13. Maesu andiaren lana, purpurazko ari biurtuz egiña, arri baliotsu, urrean tinkatuz, arrigin txit jakintsuaren eskuz itsatsitakoz, anbatez zenbat ziran Israelko tribuak, eta oien oroipenerako.

        14. Bere mitraren gañean ipiñi zion urrezko koroa bat, santutasunezko silluz, eta onrazko gloriaz otallutua, lan txit eder eta apainduriaz betetako, begiak bere ondoren zeramazkiana.

        15. Ez da iñoizere ikusi au baño lenago gauza aiñ ederrik, mundua mundu danetik.

        16. Beste jendeko gizonak etzuen beñere jantzi; baizik bakarrik bere semeak, eta bere illobatxikiak beti beti.

        17. Bere sakrifizioak suaz konsumituak ziraden egunoro.

        18. Moisesek eskuak bete ta konsagratu ziozkan, eta igortzi zuen olio santuarekin.

        19. Berari eta bere etorkiari emana izan zitzaioten betiko elkartasun batekin zeruaren egunak bezela, apaiztzako lanak egitea, eta alabantzak kantatzea, eta bere erria bere izenean bedeikatzea.

        20. Bera autu zuen bizilari guztien artean, Jaungoikoari doañak eskeñtzeko, inzensoa, eta usai ona, bere erriarentzat biguñtzeko oroipenean.

        21. Eta eman zion eskubidea bere aginteen, eta bere elkartasunaren eta erabakien gañean, Jakobi mandamentuak erakusteko, eta emateko argia Israeli bere legean.

        22. Baña jaiki ziran bere kontra gizon arrotz batzuek eremuan, eta ondamuz ta aserrez eraso zioten, datan eta Abironekin zeudenak, eta Koreren taldekoak.

        23. Ikusi zuen Jaun Jainkoak, eta etzan bere gogokoa izan, eta desegiñak izan ziran aserrearen bultzakadarekin.

        24. Egin zituen beretan mirari arrigarriak, eta desegin zituen suzko garretan.

        25. Eta geitu zion gloria berriz Aaroni, eta herenzia izendatu zion, eta eman ziozkan lurreko frutuen lenbiziak.

        26. Lenbiziakin ipiñi zuen, ogia ase arteraño zeukala; eta gañera jango dituzte Jaunak berari eta bere jatorriari eman ziozkan eskeñtzak.

        27. Baña ez da izango jendeen herederu lurrean, eta ez dauka ere anorikan bere erruñukoen artean: bada Jaungoikoa bera da bere anoa, eta herenzia.

        28. Finees Eleazarren semea da irugarrena glorian, imitatzen zuela hura Jaunaren beldurrean.

        29. Eta egonik sendo erreñuaren lotsarian, bere animako ontasun eta prestasunarekin bigundu zuen Jaungoikoa Israelen alde.

        30. Argatik egin zuen Jaungoikoak berarekin pakeko elkartasun bat, santuarioko eta bere erriko Prinzipea izan zedin, eta berak ta bere jatorriak iduki zezaten betiko Apaiztzako diñadea.

        31. Onen antzekoa zan egin zuen elkartasuna Dabid errege, Jeseren seme, Judako tribukoarekin, egin zituenean erreñuko herederu bera ta bere jatorria, gure biotzak jakinduriaz betetzeko, eta bere erria justiziaz gobernatua izan zedin, bere zoriontasuna galdu ez zezan. Onekin egin zuen, beti iraun zezala gizon oien gloriak beren jendeen artean.

 

BERROGEITA SEIGARREN KAPITULUA

        1. Jesus Naberena sendoa gerran, Moisesen ondorengoa profezian, bera izan zan andia bere izenaren araura.

        2. Txit andia salbatzean Jaungoikoaren autatuak, aurrean jartzen zitzazkion etsaiak desegitean, Israelek herenzia iritxi zezan.

        3. Nolako gloria iritxi etzuen, bere besoa jasorik zeukala, eta zerabillala ezpata erri aien kontra?

        4. Nor bera baño lenago ala gudatu zan? Zeren Jaunak berak ipiñi ziozkan bere eskuetan etsaiak.

        5. Ez al zan gelditu eguzkia bere sumintasunaren indarrez, eta izan zan egun bat bi bezelakoa?

        6. Ots egin zion Jaungoiko txit goratu eta guzia dezakeanari, aldamen guzietatik etsaiakin gudan ari zala, eta aditu zuen Jaungoiko andi eta santuak, bidaltzen zituela kaskabarrezko arri txit andi, eta astunak.

        7. Aurtiki zan sendotasunarekin jende etsai baten gañera, eta desegin zituen Betorongo jetxieran kontrioak,

        8. Ezagutu zezaten erreñuak bere eskubidea, zeren ez dan gauza erraza Jaungoikoaren kontra gudatzea. Eta joan zan Jaungoiko guzia dezakeanaren ondorik:

        9. Eta Moisesen egunetan egin zuen obra txit on bat, Kaleb, Jefoneren semearekin batean, erabakitzen zutela etsaiari kopeta erakustea, eta gelditzen zuela erria bekatu egitetik, eta paketzen zutela murmull matxinaria.

        10. Oiek biok izan ziran, irrisku guzietatik kalterikan gabe irten ziradenak seireun milla gizon aietatik, zuzentzeko erria, esnea eta eztia dariozkan lur aren jabetasuna artzera.

        11. Eta Kalebi berari eman zion Jaunak indarra, eta sendaro iraun zuen zartzaraño, lurreko toki goratu batera igotzeko, eta bere jatorria herenziaz aren jabe izandu zan.

        12. Ikusi zezaten Israelko seme guztiak, zeñ gauza ona dan obeditzea Jaungoiko santuari.

        13. Alabatuak izan ere bitez Juezak, bakoitza bere izenez, aiek, zeñaen biotza etzan gaiztotua izan, etzutelako Jaunagandik alderik egin.

        14. Beren oroipena bedeikatua izan dedin, eta beren ezurrak berriz berdetuak izan ditezen beren tokitik,

        15. Eta beren izenak beti iraun dezan, beren semeetara iragotzen dala, gizon santu aien gloriarekin.

        16. Samuel, bere Jainkoaren maite, eta Jaunaren profetak, ipiñi zuen gobernatzeko modu berri bat, eta olioz igortzi zituen Erregeak bere erreñuan.

        17. Juzgatu zuen Sinagoga Jaunaren legearen araura, eta Jaungoikoak urrikariz begiratu zion Jakobi, eta Samuel bere leialtasunagatik profetatzat ezagutua izan zan,

        18. Izanik leiala arkitua bere itzetan, ikusi zuelako argiaren Jaungoikoa.

        19. Eta gudan ari zala, aldamen guzietatik estututzen zuten etsaiakin, ots egin zion Jaun guzia dezakeanari bildots orbanikan gabeko baten eskeñtzarekin.

        20. Eta turmonada bat egin zuen Jaunak zerutik, eta ots andi batekin adituerazi zuen bere boza,

        21. Eta desegin zituen Tirotarren Prinzipeak, eta Filisteoen gialari guztiak.

        22. Eta bere bizitza ta gizaldiko denboraren atzena baño lenago, esan zuen agirian Jaunaren eta bere kristoaren aurrean, etzuela iñorgandik artu dirurik, ezta oñetako batzuk ere, eta iñork ere ezin salatu izan zuen.

        23. Eta oiek iragota il zan, eta agertu zitzaion erregeri, eta bere bizitzaren atzena erakutsi zion, eta lurretik altxatu zuen bere boza, profetatzen zuela, erreñuko gaiztakeria desegiña izango zala.

 

BERROGEITA ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Oien ondoan jaiki zan Natan Profeta Dabiden egunetan.

        2. Eta nola doañ paketsuaren gantza berezitzen dan aragiagandik, eta Jaunari eskeñia zaion, ala Dabid berezitu eta autua izandu zan Israelko semeen artetik.

        3. Bere gazte denboran jostatu zan leoiakin, bildots batzuek balirade bezela; eta orobat egin zuen artzakin bildotstxo atxuriak balirade bezela.

        4. Ez al zuen goiantea il, eta ez al zuen kendu erreñuko lotsaria?

        5. Jasotzen zuela eskua, abailko arriarekin beeratu zuen Goliaten urgullua,

        6. Ots egin ziolako Jaun guzia dezakeanari, zeñak eman zion indarra bere eskuieko eskuari, iltzeko gerran sendoa zan gizon bat, eta bere erreñuko indarrak goratzeko.

        7. Ala Jaunak gloriaz bete zuen amar millatan, eta argitsu egin zuen bere bendizioakin ematen ziola gloriako koroa,

        8. Zeren desegin zituen aldamen guzietako etsaiak, eta azpiratu zituen Filistintarrak gure kontrakoak gaurko eguneraño; desegin zituen betiko beren indarrak,

        9. Bere obra guztietan gloria eman zion Jaungoiko santu, eta goratuari itz gloriaz beteakin.

        10. Bere biotz guztitik alabatu zuen Jauna, eta maitatu zuen, izatea eman zion Jaungoikoa, zeñak eman zion indarra etsaien kontra.

        11. Eta ipiñi zituen kantariak aldarearen aurrean, eta bere kantai tonu gozoak eman ziozkan.

        12. Geitu zuen jaietako anditasuna; eta bere bizitzaren atzeneraño ederkiago ipiñi zituen denbora bakoitzeko jaiak, alabatuerazitzen zuela Jaunaren izen santua, eta zelebratua izan zedilla Jaungoikoaren santutasuna goiz goizetik.

        13. Jaunak bere bekatuetatik garbitu zuen, eta goratu zuen betiko bere eskubidea: eta berriz sendotu zuen erreñuaren elkartasuna, eta Israelko tronu gloriaz betea.

        14. Bere ondoren jaiki zan seme jakintsua, eta aren amoriogatik desegin zuen etsaien indar guztia.

        15. Salomonek agintatu zuen pakeko egunetan, zeñaen mendean jarri zituen Jaunak etsai guztiak, bere izenean etxe bat egin zezan, eta betiko santuario bat prestatu zezaion, nola izan ziñan erakutsia zure gazte denboran,

        16. Izan ere ziñan jakinduriaz betea ibaia bezela. Berarekin zure animak agertu zituen lurreko gauza estaliak.

        17. Eta zure paraboletan bildu ziñituen galde nastu askoren azaldaerak; Zure izenaren ospea allegatu zan islarik urrutienetaraño, eta maitatua izan ziñan zure agintza paketsuan.

        18. Jende guziak mirarituak zeuden zure kantakin, eta esangiakin, eta parabolakin, eta galde nastuen azalduerakin.

        19. Alabatzen dutela Jaun Jaungoiko, Israelko Jaungoikoa, izengoitiz daukanaren izena.

        20. Bildu zenduen urrea latoia bezela, eta montoitu zenduen zillarra beruna bezela.

        21. Baña gero emakume arrotz zale izan ziñan, eta zure gañean nork agindu zezan iduki zenduen.

        22. Bota ziñion natu bat zure gloriari, eta ezaindu zenduen zure jatorria, zure semeen gañera aserrea erakarteko, eta aurreratzen zenduela zure zentzugabetasuna,

        23. Alako moduan, non, berezitu zenduen erreñua bi zatitan, eta egin zenduen Efraimdik atera zedilla matxiñarien erreñu bat.

        24. Baña Jaungoikoak ez du desanparatua utziko bere urrikaltasuna, eta ez ditu desegingo, ez ezereztuko bere obrak, eta ez ditu ere sustraitik aterako bere autuaren illobak, eta ez du desegingo, Jauna maitatzen duenaren jatorria.

        25. Argatik utzi ziozkan Jakobi ondorengoak, eta Dabidi bere jatorrikoa.

        26. Atzenean Salomon irago zan atsedetera bere gurasoakin,

        27. Eta bere ondoan utzi zuen Roboam, bere semeetatik bat, zentzugabetasunaren irudia bere erreñuarentzat.

        28. Eta adimen gabeko gizona, zeñak bere kontseju gaiztoarekin alde erazi zion beragandik erriaren biotzari;

        29. Eta Jeroboam Nabaten seme, Israeli bekatu egin erazi ziona, eta idiki ziona Efraimi bekaturako bidea, eta txit andia izan zan beren bekatuen ugaritasuna gañez egiteraño,

        30. Zeñakgatik asko alditan izan ziran beren erritik aurtikiak.

        31. Eta asmatu zuen gaiztakeria mota guzia, aliketa etorri zan artean beren gañera benganza, eta libratu zituen bitartean beren bekatuetatik.

 

BERROGEITA ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Eta jaiki zan Elias profeta sua bezela; eta bere itzari zitzekan eskozuzi bati bezela.

        2. Suari etorri erazi zion beren gañera, eta gutxi batzuetara ekarriak izan ziraden, ondamuz persegitzen ziotenak. Zeren ezin sufritu zituzten Jaunaren aginteak.

        3. Jaunaren itzarekin zerua itxi zuen, eta suari erorierazi zion zerutik iru alditan.

        4. Alako moduan izan zan goratua Elias bere mirarietan. Eta zeñ besterik gozatu diteke zu bezela?

        5. Zuk Jaun Jainkoaren itzaren indarrez, atera zenduen bizirik obitik illa zegoan bat, arrapatzen ziñiola eriotzari.

        6. Zuk aurtiki ziñituen erregeak amiltokitik, eta desegin zenduen nekerik artu gabe beren eskubidea, eta beren anditasunaren erdian eraman ziñituen oetik obira.

        7. Zuk aditu zenduen Sinaiko mendian Jaunaren juizioa, eta Horebkoan bere bengantzaren erabakiak.

        8. Zuk olioarekin igortzi ziñituen erregeak, kastigatu zitzaten gaiztoak, eta zure ondoan utzi ziñituen zure ondoko profetak.

        9. Zu izan ziñan eramana suzko txirimola batean, suzko zaldizko gurdian.

        10. Zu zaude eskribitua geroko denboren erabakietan, biguntzeko Jaunaren aserrea, adiskidetutzeko gurasoen biotzak semeenakin, eta berriztatzeko Jakoben tribuak.

        11. Doatsuak ikusi zindutenak, eta zure adiskidetasunarekin onratuak izan ziradenak.

        12. Zeren gu bizitza onetan bakarrik bizi gera; baña eriotzaren ondoan ez da gure izena izango zurea bezelakoa.

        13. Atzenean Elias txiribolak estalia izan zan, eta Eliseogan gelditu zan bere espiritua oso osorik, zeñ bizi izan zan artean etzuen Prinzipek beldurtu; eta iñor ere etzan bera baño almentsuagoa izan.

        14. Eta etzion ere geiagorik egin mundu onetako gauzak; eta il ezkero ere bere gorputzak mirariak egin zituen.

        15. Bere bizitzan egin zituen gauza arrigarriak, eta eriotzan mirari andiak.

        16. Gauza guzti oiekin ere etzuen erriak penitenziarik egin, eta etzuten beren bekatuetatik alderik egin, aliketa beren erritik aurtikiak izan ziran artean, eta barreiatuak mundu guzitik.

        17. Eta jende txit gutxi gelditu zan, eta Prinzipe bat Dabiden etxean.

        18. Beretatik batzuek egin zituzten Jaungoikoaren gogoko gauzak: baña beste batzuek bekatu asko egin zituzten.

        19. Ezekiasek murrutu zuen bere erria, eta bere erdira ura ekarri zuen, eta zulatu zuen burniz aitz bat, eta egin zuen urpetegi bat uraentzat.

        20. Bere egunetan igo zan Senakerib, eta bialdu zuen Rabsazes, zeñak jaso zuen bere eskua Juduen kontra, eta altxatu zuen bere eskua Sionen kontra, eta urgulluz bete zan bere indar andiarekin.

        21. Orduan ikaratu ziran beren biotzak, eta beren eskuak, eta iduki zituzten aurregiten ari diran emakumeak bezelako oñazeak.

        22. Eta Jaun urrikaltsuari ots egin zioten, eta luzaturik beren eskuak, jaso zituzten zerurontz, eta Jaun Jainko santuak bereala aditu zuen beren boza.

        23. Beren bekatuakin etzan oroitu, eta etzituen ere etsaien eskuetan jarri, baizik garbitu zituen Isaias profeta santuaren eskuz.

        24. Desegin zituen Asiriatarren etzauntzak, eta Jaunaren aingeruak piskatu zituen.

        25. Zeren Ezekiasek egin zituen Jaungoikoaren gogoko obrak, eta ibilli zan sendaro bere aita Dabiden bidetik, agindu zion bezela Isaias profeta andi, eta Jaungoikoaren aurrean leialak.

        26. Bere egunetan atzerontz biurtu zan eguzkia, eta berak erregeari bizitza luzatu zion.

        27. Ikusi zituen Isaiasek bere espiritu andi profetenarekin atzeneko egunak, eta gozatu zituen Sionen negar egiten zutenak.

        28. Lendanaz adirazi zituen, gero gertatuko ziraden gauzak, eta ezkutatuak zeudenak egiñak izan zitezen baño lenago.

 

BERROGEITA BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Josiasen oroipena alakoa da, nolakoa dan lurrinkaigille jakintsu batek asko aroma motarekin egindako konposizio bat.

        2. Bere oroipena guztien aoan gozoa izango da eztia bezela, eta janedan ugarietan musika bezela.

        3. Au izan zan Jaungoikoak izendatua erria onera ekarteko, eta kendu zituen gaiztakeriaen nazkagarriak.

        4. Eta bere biotza Jaungoikoagana zuzendu zuen, eta bekatuen egunetan sendotu zuen ontasuna.

        5. Salbu Dabid, eta Ezekias, eta Josias, beste guztiak bekatu egin zuten.

        6. Zeren Judako erregeak utzi zuten Jaungoiko txit goratuaren legea, eta Jaungoikoaren beldurra mezpreziatu zuten.

        7. Argatik utzi zien beren erreñua beste batzuei, eta beren gloria erreñu arrotzai.

        8. Su eman zioten santutasuneko erri autuari, eta bere karrikak eremutu zituzten, Jeremiasek lendanaz adirazi zuen bezela.

        9. Zeren gaizki tratatu zuten, bere amaren sabeletik profetatzat konsagratua izan zana, goibetutzeko, ateratzeko, eta desegiteko, eta gero berriz egin eta berriztatzeko.

        10. Ezekiel da ikusi zuena arako gloriako ikusikizun, Jaunak erakutsi ziona, Kerubinen gurdian.

        11. Eta itz egin zuen gero euriaren irudiarekin Jaungoikoaren arerioen kastigen gañean, eta Jaunak bere bide zuzenetik dabiltzanai egiten diezten mesedeen gañean.

        12. Berriz berdetu ere bitez amabi profeten ezurrak, dauden tokian: zeren berriztu zuten Jakob, eta berak salbatu ziran beren fedearen indarrez.

        13. Nola goratuko degu Zorobabel? Zorobabel, zeñ izan zan Jaungoikoaren eskuieko eskuan errastun eder bat bezela?

        14. Eta orobat, zer esango degu Jesus, Josedek-en semeagatik? Zeñak beren egunetan egin zuten etxea, eta jaso zioten Jaunari tenplo satua, autatua betiko gloriarako.

        15. Nehemiasen oroipenak ere denbora luzean iraungo du, zeñak jaso zituen gure murru eroriak, eta berriztu zituen ateak eta morrolloak, eta altxatu gure etxeak.

        16. Etzan lurrean jaio beste gizonik Henok bezelakorik, zeñ ere lurretik eramana izan zan.

        17. Ezta Jose bezelakorik ere, zeñ jaio zan izateko bere anaien Prinzipea, erreñuaren sostena, anaien gobernaria, erriaren irozgarri sendoa.

        18. Zeñaen ezurrak bisitatuak izan ziran, eta ala il ezkero ere profetizatu zuten.

        19. Seth eta Sem izan ziran gizonen artean zelebratuak beren bertuteak gatik, eta guztien gañetik Adan bere jatorriagatik.

 

BERROGEITA AMARGARREN KAPITULUA

        1. Simon, Oniasen seme, apaiz andiak, bera bizi zan artean, egin zuen berriz Jaunaren etxea, eta bere denboretan tenploaren berriztatzallea izan zan.

        2. Berak egiña ere izan zan tenploaren altuera; lan, birritan anbatekoa, eta tenploaren murru goratuak.

        3. Bere egunetan zerioten urezko putzuai, eta txit bete ziraden, itsaso bat bezela.

        4. Onek zaitu zuen bere erria, eta galmenetik libratu zuen.

        5. Iritxi zuen erria andiago egitea; erreñuarekin zeuzkan artu emanetan gloria iritxi zuen, eta etxearen eta atariaren sarrerak zabaldu zituen.

        6. Argi egiten du egunsentiko izarrak lañoaren erdian bezela, eta illargi beteak bere egunetan bezela.

        7. Eta eguzki argitsuak bezela, ala berak argi egiten zuen Jaungoikoaren tenploan.

        8. Ostrellakak, odei goitargietan argi egiten duena bezela; eta arrosaren lorea udaberriko denboran bezela; eta azuzenak beerontz iragotzen diraden uren aldean bezela; eta inzensoaren zuaitza bezela, zeñak usai gozoa botatzen duen udako denboran.

        9. Gar argitsua bezela; eta inzenso suan dizekana bezela.

        10. Urre uts gabeko, arri baliotsu mota guziaz apaindutako, ontzi batek bezela.

        11. Olibo moteatzen dana bezela, eta gora igotzen dan zipresa bezela; alakoa zan Simon, berak ipintzen zuenean mantu gloriaz betea, eta jantziten zanean bere diñadeko apaingarri guztiakin.

        12. Igotzen zala aldare sagradura, santutasuneko jantzia onratzen zuen.

        13. Eta orobat artzen zuenean apaizen eskuetatik anoa, zutik zegoala bera aldarearen aldean. Eta bere anaien koruak ingurutzen zuenean, zan, Libanoko mendian zedrozko landara bezela,

        14. Ala bere inguruan, palmaren erramak bezela, zeuden Aaronen seme guztiak beren glorian.

        15. Zeñak zeukaten beren eskuetan, Israelko batzarre guztiaren aurrean Jaunari egiña izango zitzaion eskeñtza, eta berak bukaturik doaña aldarearen gañean, errege goratuaren eskeñtza apaintzeko,

        16. Luzatu zuen eskua libaziora, eta isuri zuen matsaren likura;

        17. Isuri zuen aldarearen oñean, Prinzipe txit goratuarentzat, usai txit gozorako.

        18. Orduan Aaronen semeak goratzen zituzten beren bozak, eta asitzen ziraden, malluz egindako tronpetak jotzen, eta adituerazi zuten deadardi andi bat Jaungoikoaren aurrean oroipenerako.

        19. Orobat erri guztia bat batean agudo joan zan, eta auzpeztu ziran guztiak beren arpegien gañean, beren Jaun Jaungoikoa adoratzeko, eta erreguak eskeñtzeko Jaungoiko guzia dezakean eta goratuari.

        20. Eta kantariak jaso zituzten beren bozak, eta etxe andian geituaz zijoan usai gozoz betetako ots bat.

        21. Eta erregutu zion erriak Jaun goratuari eskariakin, Jaungoikoari egiten zitzazkiokan elizkizunak bukatu artean, eta onela atzena eman zioten beren lanari.

        22. Orduan jetxi zan, eta jaso zituen bere eskuak eta ipiñi Israelko semeen batzarre guztiaren gañean, bere ezpañakin Jaungoikoari gloria emateko, eta gozatzeko beraren izenean.

        23. Eta bere orazioa berriz egin zuen, Jaungoikoaren bertutea erakutsi nairik.

        24. Eta orain erregutu zaiozute guztien Jaunari, zeñak egin zituen gauza andiak mundu guztian; zeñak geitu zituen gure egunak gure amaren sabeletik, eta egin zuen gurekin bere urrikaltasunaren araura.

        25. Eman dizagula biotzeko poza, eta pakea izan dedilla gure egunetan Israelen betiko egunetan.

        26. Sinistu dezala Israelek, gurekin dagoala Jaungoikoaren urrikaltasuna, libratzeko gaitz guzietatik, bere egunetan.

        27. Bi jende gorrotatzen ditu nere animak, eta irugarren gorrotatzen dedana, ez da erri bat,

        28. Sierko mendian bizi diradenak, eta Filistintarrak, eta Sikemen dagoan erri zentzugabea.

        29. Oiek dirade jakinduria eta oitura onen gañeko erakutsi, utzi zituenak eskribatuta liburu onetan Jesus Sirak-en seme, Jerusalentarrak zeñak berriztu zuen jakinduria bere biotzetik isurtzen zuela.

        30. Doatsua konseju on oietan gogoa daukana. Bere biotzean gordetzen dituena, beti jakintsua izango da.

        31. Zeren gauza oiek egiten baditu, guztirako balioko du, zeren Jaungoikoaren argia da bere aztarna.

 

BERROGEITA AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Jesus, Sirak-en semearen orazioa: Eskerrak emango dizkizut, o Jaun, eta erregea, eta alabatuko zaitut neure Jaungoiko eta salbatzallea bezela.

        2. Eskerrak emango diozkat zure izenari, zu izan zeralako nere laguntzallea, eta nere bitartekoa.

        3. Eta libratu zenduelako nere gorputza galmenetik, mingañ gaiztoaren lazotik, eta gezur asmatzalleen lazotik, eta nere salatzalleen aurrean, jarri zeralako egiñik agirian nere gordetzalle.

        4. Eta zure urrikaltasun andiagatik, zeñagandik artzen dezun izena, libratu nazu, orroaka ari ziran, eta ni iretsitzeko gertutuak zeuden leoietatik,

        5. Neri bizitza nola kendu zebiltzaten aien eskuetatik; eta ingurutu ninduten atsekabe taldetik,

        6. Ingurutu ninduen garraren bizitasunetik, eta suaren erdian ez nuen iduki berotasunik,

        7. Infernuko leizearen barrendik, eta mingañ zikiñetik, eta itz gezurrezkotik, errege gaizto batgandik, eta mingañ gaiztotik.

        8. Nere animak eriotzaraño, Jauna, alabatuko du,

        9. Zeren nere bizitza egon zan infernura erortzeko zorian.

        10. Ingurutu ninduten aldamen guzietatik, eta ez zegoan iñor ere neri laguntzeko. Nengoan gizonen laguntasunaren begira, eta ez zegoan.

        11. Oroitu nintzan, o Jauna, zure urrikaltasunarekin, eta munduaren asierako zure obrakin,

        12. Zeren libratzen dituzu, o Jauna, itxedotzen dizutenak, eta ateratzen dituzu erreñu etsaien eskuetatik.

        13. Goratu zenduen lurraren gañean nere bizilekua, eta nik erregutu nizun libratu ninzazula guztia desegiten duen eriotzatik.

        14. Ots egin nion Jaun, nere Jaunaren aitari, ez ninzala desanparatu nere naigabeko denboran, eta urgullutsuak agintzen duten artean.

        15. Alabatuko det aspertu gabe zure izen santua, eta zelebratuko det esker andiakin, nere orazioa aditua izan zalako,

        16. Eta libratu ninduzulako galmenetik, eta atera ninduzulako gaiztakeriako denboratik.

        17. Argatik eskerrak emango dizkizut, eta kantatuko dizkizut alabantzak, eta bedeikatuko det beti Jaunaren izena.

        18. Oraindikan gaztea nintzala, nere erritik irten baño lenago, billatu nuen agirian jakinduria nere orazioan.

        19. Ni egon nintzan bera billatzen tenploko atarian, eta esan nuen nere artean: Billatuko det nere atzeneko asnasaraño. Bera laster loretu zan nigan, goizetiko matsa bezela.

        20. Nere biotza poztu zan beragan. Nere oña bide zuzenetik ibilli zan, nere gazte denboratik ninjoan bere aztarnari jarraituaz.

        21. Zeartu nuen piskatxo bat beraganontz nere belarria, eta aditu nuen.

        22. Jakinduria asko arkitu nuen neregan, eta beragan aurrerapen andiak egin nituen.

        23. Jakinduria ematen didanari, gloria emango diot.

        24. Erabaki nintzan, bada, bere araura obratzera, izan nintzan onaren zelotsua, eta ez naiz lotsatuko.

        25. Nere anima beragatik gudan ari zan, eta bera obraz egiten nuela, sendotu nintzan.

        26. Nere eskuak gora jaso nituzan, eta negar egin nuen bere ezjakiñagatik.

        27. Zuzendu nuen beragana nere anima, eta arkitu nuen ezagueran.

        28. Berarekin bereala izan nintzan nere biotzaren jabe. Argatik ez naiz Jaunak utzia izango.

        29. Nere erraiak mugitu ziran bere billa. Argatik ondasun aberats onen jabe izango naiz.

        30. Jaunak mingaña eman zidan nere ordañean, eta berarekin alabatuko det.

        31. Alderatu zaitezte nigana zuek, o jakinduria gabekoak, eta bildu zaitezte erakutsiak ematen diran etxean.

        32. Zergaitik zaudete oraindikan geldirik? Eta zer esaten dezute gauza oien gañean? Zuen animak egarri andia daukate.

        33. Idiki nuen nere aoa, eta esan nuen: Erosi ezazute zuentzat zillarrikan gabe,

        34. Eta jarri ezazute zuen lepoa uztarriaren mendean, eta zuen animak artu beza erakutsia, zeren txit aldean dagoan bera arkitzeko.

        35. Ikusi ezazute zuen begiakin, gutxi nekatu nintzala, eta arkitu nuela neretzat atseden andia.

        36. Artu itzatzute erakutsiak, zillarra txit ugari, balirade bezela; eta berakin idukiko dituzute urre txit ugaria baño obeagoak diraden ondasunak.

        37. Poztu bedi zuen anima Jaungoikoaren urrikaltasunean; eta bera alabatzen badezute, iñoiz ere etzerate lotsatuak geldituko.

        38. Egin ezazute egin bear dezutena denbora irago dedin baño lenago; eta berak bere denboran emango dizute zuen ordaña.

 

aurrekoa hurrengoa