www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMOSEN PROFEZIA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Amosen, Tekueko artzai bat izan zanaren itzak, zeñean dauden, ikusi zituen gauzak Israelen gañean, Ozias Judako erregearen denboran, eta Jeroboam, Joas Israelko erregearen semearen denboran, lurdardara baño bi urte lenago.

        2. Esan zuen bada: Jaunak Siondik orroa egingo du, eta aditueraziko du bere boza Jerusalendik, eta zimelduko dira bazkarik ederrenak, eta Karmeloko erpiñak leortuko dira.

        3. Oiek esaten ditu Jaunak: Damaskok egin ezkero iru, lau gaiztakeria, ez det konbertituko; zeren berak traillatzeko gurdiakin Galaadko Israeltarrak zatitu dituen.

        4. Nik su emango diot Azaelen etxeari, eta Benadaben etxeak iretsiko ditu.

        5. Eta Damaskoren eskubide guztia desegingo det, eta idoloaren landaetan bizi diradenak arras kenduko ditut; eta eskuan zetroa daukana, aurtikiko det gozotasunetako etxetik; eta Siriako erria Zirenera eramana izango da, esaten du Jaunak.

        6. Oiek esaten ditu Jaunak: Gazak egun ezkero iru, lau gaiztakeria, ez det nik konbertituko; zeren berak Israelko jende guztia katibu eraman duen, Idumean itxian idukitzeko.

        7. Nik Gazako murruen kontra bialduko det sua, zeñak bere etxeak auts biurtuko dituen.

        8. Eta desegingo ditut Azoton bizi diradenak, eta Askalonen zetroa daukana, eta aurtikiko det nere eskua Akaronen gañera; eta ezereztuko ditut Filistintarren kutsuak, esaten du Jaun Jainkoak.

        9. Oiek esaten ditu Jaunak: Tirok iru, lau gaiztakeria egin da gero, ez det nik konbertituko; zeren katiberioan zarratu duen, Idumean, nere erriko jende guztia, anziñako anaien arteko elkartasunarekin oroitu gabetanik.

        10. Nik Tiroko murruen kontra bialduko det sua, zeñak bere etxeak auts biurtuko dituen.

        11. Oiek esaten ditu Jaunak: Edomek iru, lau gaiztakeria eginda gero, ez diot barkatuko; zeren ezpata eskuan duela bere anaia Israel persegitu duen, eta ukatu dion, berarekin iduki bear zuen urrikaltasuna, iraunerazitzen diola bere kontrako aserre eta sumintasunari atzeneraño.

        12. Nik Temanen kontra bialduko det sua, zeñak Bosrako etxeak geldo biurtuko dituen.

        13. Oiek esaten ditu Jaunak: Ammontarrak iru, lau gaiztakeria eginda gero, ez ditut konbertituko; zeren berak jabe ziraden lurrak zabaltzeko, Galaadko andre aurdunen sabelak idiki zituzten.

        14. Nik Rabbako murruetara bialduko det sua, zeñak erreko dituen bere etxeak, gudako denborako alarauen, eta nastearen erdian galmeneko egunean.

        15. Eta Melkomgo idoloa katiberiora joango da, bere Prinzipeakin batean, esaten du Jaunak.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Oiek esaten ditu Jaunak: Moabek iru, lau gaiztakeria egin ezkero, ez det nigana konbertituko, zeren Idumeako erregearen ezurrak erre zituen, auts biurtzen zituela.

        2. Nik bada Moaben kontra sua bialduko det, Kariotko etxeak iretsiko dituena, eta Moab tronpeten dunbots, eta otsaren erdian galduko da.

        3. Eta bere erditik kenduko det bere Jueza, eta berarekin batean bere Prinzipe guztiak ilko ditut, esaten du Jaunak.

        4. Oiek esaten ditu Jaunak: Judak iru, lau gaiztakeria egin ezkero, ez diot barkatuko, zeren Jaunaren legea aurtiki duen, eta bere aginteak zaitu ez dituelako, zeren engañatu duten bere idoloak, zeñaen ondoren beren gurasoak ibilli ziraden.

        5. Nik Judaren kontra bialduko det sua, zeñak Jerusalengo etxeak iretsiko dituen.

        6. Oiek esaten ditu Jaunak: Israelek iru, lau gaiztakeria egin ezkero, ez diot barkatuko, zeren justoa diruagatik, eta beartsua pare bat oñetako gatik saldu dituen.

        7. Beeratutzen dituzte lurreraño beartsuen buruak, eta umillakin ez dute nai artuemanik iduki. Eta semea, eta aita joan ziran neskatx bat batgana, nere izena desonratzeko.

        8. Eta beartsuari prendan kendutako soñekoen gañean etzitzen ziran, edozeñ aldararen aldean jateketak egiten zituztela; eta berak kondenatu zituztenen ardoa, beren Jaungoikoaren etxean edaten zuten.

        9. Ni izandu nintzan berriz, desegin nituena beren aurrean amorreoak, zeñak ziraden altuak, zedroa bezela; eta sendoak, artea bezela. Nik desegin nituen beren frutu, lurraren gañera irtetzen diranak, eta bere azpian dauden sustrairañokoak.

        10. Ni naiz Ejiptoko lurretik atera zinduztedana, eta zuzendu zinduztedana eremutik berrogei urtean, Amorreoen lurraren jabe egiñik zuek ipintzeko.

        11. Eta atera erazi nien profetai zuen artetik, eta nazarenoai zuen giza gazteen artetik. Ez al da au ala, o Israelko semeak, esaten du Jaunak?

        12. Eta zuek egin zenduten, nazarenoak ardoa edan zezatela; eta profetai agindu ziñien, esaten ziñiela: Ez dezute profetizatuko.

        13. Eta ona non noan ni zuek lerdatzera, egiten duen bezela gabillaz txit kargatutako gurdi batek, iragotzen dan toki guztietan.

        14. Eta gizonik agudoenak ere igesik ezin egingo du, eta sendoak alegiñak alperrik egingo ditu, eta errutsua ezin salbatuko da.

        15. Eta uztaia daukana, ezingo da geldirik egon; eta oiñ ariñetakoa, ezin salbatuko da; eta zaldizkoa bere biziarekin ezin geldituko da.

        16. Eta biotz sendokoen artean sendoenak, billosik iges egingo du egun artan, esaten du Jaunak.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Aditu ezazute, Israelko semeak, Jaunak zuen gañean, Ejiptoko lurretik atera zuen erreñu guztiaren gañean esan zuen itza, esaten zuela:

        2. Lurreko etorki guztien artean zuek bakarrik zerate nik ezagutu ditudanak. Beragatik geiago kastigatuko zaituztet zuen bekatu guztiakgatik.

        3. Joan al litezke bi elkarrekin bidean, iritzi batekoak ez badirade?

        4. Leoiak basoan orroa egingo al du, zerbait ikusten ez badu arrapatzeko? Leoitxo gazteak altxatuko al du bere orroa, bere kobaren barrenen, zerbait arrapatu ez badu?

        5. Lurraren gañean zabaldutako lazoan eroriko al da txoria, iñork ere ipintzen ez badu? Eta, lazoa lurretik kenduko al da, zerbait arrapatu baño lenago?

        6. Erri batean tronpetari ots egin eraziko al zaio, jendea mugitu gabetanik? izango al da errian gaitzik, Jaunak egin ez duenik?

        7. Baña Jaun Jainkoak ez ditu gauza oiek egiten, bere serbitzari profetai bere ezkutuko gauzak agertu gabetanik.

        8. Judako leoia orroaka ari da. Zeñ ez da beldur izango? Jaun Jainkoak itz egin du, nork ez du profetizatuko?

        9. Jakinerazi zaiezute Azotoko, eta Ejiptoko lurreko familiai, eta esan zaiezute: Samariako mendien gañean bildu zaitezte, eta ikusi itzatzute an egiten diran gaiztakeria guztiak, eta bere barrenetan daudenak gezurrak asmatzen diozkatela.

        10. Ez dute jakin zer dan justizia egitea, esaten du Jaunak, gaiztakeria eta lapurretako ondasun ugariak, beren etxeetan montoitu dituzte.

        11. Argatik oiek esaten ditu Jaun Jainkoak: Atsekabetua izango da lurra aldamen guztietatik; eta kenduko zatzu, o Samaria, zure indar guztia, eta zure etxeetako gauzak arrapatuak izango dirade.

        12. Oiek esaten ditu Jaunak: Nola artzai batek salbatuko balitu leoiaren aotik, iretsitzen duen aberearen zanko biak, eta belarri baten mamiezurra bakarrik, ala libratuko dira Asirioakgandik arako Israelko seme, Samarian bizi diradenak, atsedeten dutela oearen bazter batean, edo Damaskoko etzalekuan.

        13. Aditu ezazute, eta adirazi zaiozkazute gauza oiek Jakoben etxeari, esaten du ejerzituen Jaun Jainkoak,

        14. Esan zaiozute, ni Israeltarren gaiztakeriak kastigatzen asitzen naizan egunean, bera ere kastigatuko dedala, eta Betelgo aldarak desegingo ditut, eta aldarearen aldeak ebakiak, eta lurrera aurtikiak izango dirade.

        15. Eta arrasatuko ditut neguko bizilekuak udakoakin batean, eta desegiñak geldituko dirade marfilezko bizilekuak, eta asko izango dirade beera aurtikitako etxeak, esaten du Jaunak.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Aditu ezazute itz au zuek, Samariako mendiko bei gizenak, zuek menderatzen dituzutenak premian daudenak, eta beartsuak ostikopean darabilzkizutenak, zuek zuen nagusiai esaten diezutenak: Ekarri ezazute, eta edango degu.

        2. Juramentu egin zuen Jaunak bere izen santuagatik, zuentzat etorriko diradela egun batzuek, zeñatan sartuko zaituzten pikaetan, eta zuen gorputzaren zatiak eltzeetan irakitzen ipiñiko dituzten.

        3. Eta irtengo zerate bretxa idikietatik aldamen batetik, eta bestetik, eta Armonera aurtikiak izango zerate, esaten du Jaunak.

        4. Zoazte ordu onean Betelera zuen gaiztakeriai jarraitzera, zoazte Galgalara fedeauslariak ugaritutzera, eta eraman itzatzute ara goizean abere illak idoloentzat, eta zuen amarrenak iru egun andietan.

        5. Eta eskeñi zaiezute idoloai alabantzako sakrifizioa, ogi legamituarekin, eta agertu, eta jakinerazi itzatzute borondatezko eskeñtzak; zeren au dan zuen gogoko gauza, o Israelko semeak! esaten du Jaun Jainkoak.

        6. Argatik egin det nik, ortz zorroztuakin egon zaiteztela zuen erri guztietan, ogirik ezagatik zuen leku guzietan, eta oiekin guziokin ere etzerate zuek nigana biurtu, esaten du Jaunak.

        7. Orobat nik galerazi nuen zuekgana euria etorri zedilla, oraindikan iru illa bete zeudela uztara; eta egin ere nuen erri batean euria egin zezala, eta beste batean ez zezala egin euririk. Toki bati euria eman nion, eta beste bat leortu zan, eman etzitzaiolako.

        8. Eta etorri ziran bi, eta iru erri beste erri batera uraen billa edatzeko, eta ezin ase izan ziraden, eta argatik ere etziñaten nigana biurtu, esaten du Jaunak.

        9. Nik atsekabetu zinduztedan aize erretzalle batekin, eta gorniarekin, beldarrak iretsi zituen zuen baratz, eta zuen masti, eta zuen olibodi, eta zuen pikodi ugariak. Eta argatik ere etzerate nigana biurtu, esaten du Jaunak.

        10. Bialdu nuen ilkintza zuen kontra Ejiptoko bidean; zuen gazteriari ezpataren puntaz illerazi nion, eta zuen zaldirañokoak arrapatuak izan ziraden; eta zuen etzauntzetako kiratsari zuen sudurretaraño igoerazi nion; eta argatik ere etziñaten nigana biurtu, esaten du Jaunak.

        11. Nik arrasatu zinduztedan, arrasatu zituen bezela Jaungoikoak Sodoma eta Gomorra, eta gelditu ziñaten sualdi batetik arrapatzen dan ilinti bat bezela, eta alaere etziñaten nigana biurtu.

        12. Argatik gauza oiek egingo dizkizut zuri, o Israel; baña nik zuri oiek eginda gero, prestatu zaite, o Israel, zure Jaungoikoari bidera irtetzeko.

        13. Zeren ona emen non datorren mendiak egiten dituena, aizeai izatea ematen diena, zeñak gizonai bere itza adiraztzen dien, goizeko lañoa egiten duena, eta lurraren alturak bere oñakin zapaltzen dituena, izentzat daukana: Ejerzituen Jaun Jainkoa.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Aditu itzatzute itz oiek, zeñakin noan ni zuen gañean lamentazio bat egitera: Israelko etxea erori zan, eta ez da berriz jaikiko.

        2. Israelko birjiña lurrera aurtikia izan da, eta ez dago iñor ere bera jasotzeko.

        3. Zeren oiek esaten ditu Jaun Jainkoak: Israelko erria, zeñatatik ateratzen ziraden milla gizon, geldituko da eunean, eta eun ateratzen ziran erria, geldituko da amarrean. Au da Israelko familian gertatuko dana.

        4. Baña Israelko etxeari Jaunak esaten dio: Billatu nazazute, eta biziko zerate.

        5. Eta ez ezazute Betel billatu, eta Galgalan etzaitezte sartu; eta Bersabeetik etzaitezte irago, zeren Galgala katiberiora eramana izango dan, eta Betel geldituko da utsik.

        6. Billatu ezazute Jauna, eta bizitza idukiko dezute; zorigaiztoan Joseren etxea sua bezela izekia jarri ez dedin, eta Betel iretsi ez dezan, itzalitzeko iñor ere arkitzen ez dala.

        7. O zuek, juizioa asensio biurtzen dezutenak, eta utzitzen dezutenak justizia lurrean!

        8. Billatu ezazute Arkturo eta Orion egin zituena; illuntasunak goizeko argian itzultzen dituena; eguna gau biurtzen duena; itsasoko urai goirontz ots egiten diena, eta gero lurraren gañera isuritzen dituena, eta zeñaen izena dan, Jauna.

        9. Jostaketan ari dala bezela, sendoak lurrera botatzen dituena; eta egiten duena, almentsuak, daukaten guztiaz gabetuak gelditu ditezela.

        10. Gorrotoz begiratu zioten Israelko etxekoak, atean erakutsiak ematen zieztenari, eta nazkaz, egia esaten zienari.

        11. Argatik zuek beartsua ezerere gabe utzitzen zenduten ezkero, eta kentzen ziñioten ezkero zeukan gauzarik onena, egingo dituzute arlanduzko etxeak; baña etzerate beretan biziko; eta ipiñiko dituzute masti ederrak; baña beren ardorik ez dezute edango.

        12. Zeren badakizkit zuen gaiztakeria ugariak, eta zuen oben, gaitzbidez beteak. Justiziaren etsaiak zerate, doañak artzen zaleak, beartsuen menderatzalleak, tribunaletan.

        13. Argatik zentzuduna ixillik egongo da denbora artan, zeren denbora larria dan.

        14. Billatu ezazute gauza ona, eta ez gaiztoa, bizia iduki dezazuten: eta ala ejerzituen Jaun Jainkoa zuekin egongo da, esaten dezuten bezela.

        15. Gorrotatu ezazute gauza gaiztoa, eta maitatu ezazute gauza ona, eta berriz jarri ezazute justizia tribunalean, eta gertatu liteke ejerzituen Jaun Jainkoak, Joseren etorkiaren kutsuen urrikaltasuna idukitzea.

        16. Argatik oiek esaten ditu ejerzituen Jaun jainkoak, munduko Agitariak: Plaza guztietan egingo dirade negarrak, eta erritik kanporako toki guzietan adituko dirade ai-ak; eta ots egingo die nekazariai negar egitera, eta progua egitera, erostak egiten dakitenai.

        17. Eta masti guztietan negarrak adituko dira, zeren ni zuen erditik iragoko naiz, esaten du Jaunak.

        18. Ai Jaunaren eguna irriz nai dutenen doakabeak! Zergatik nai dezute? illuntasunetakoa izango da egun hura zuentzat, ez argitasunekoa.

        19. Gertatuko zatzute, leoe batgandik igesi joanik, artz batekin topo egiten duen gizonari bezela; edo sarturik bere etxean, eta paretean bere eskua ipiñirik, suga batek usikituko balio bezela.

        20. Jaunaren egun hura, ez al da izango illuntasunetakoa, eta ez argitasunekoa, eta ez al da izango txit illuna, argitasunaren piskarik ere gabe?

        21. Nik gorrotatzen ditut, eta aurtikitzen ditut zuen jai egunak, eta ez da nere gogokoa zuen batzarretako eskeñtzen usaia.

        22. Eta zuek nere aurrean jartzen dituzutenean zuen holokaustoak, eta doañak, ez ditut nik ontzat artuko, eta ez ditut ere nere begiak itzuliko, botoz eskeñtzen dizkidazuten doañ gizenetarontz.

        23. Urrutira dijoala nigandik, zuen himnoen nastea, ez ditut nik adituko kantak zuen liraren otsera.

        24. Baizik nere bengantza ura bezela isuriko da, eta justizia ugolde andi bat bezela.

        25. Zuek, o Israelko etxea, eskeñi al ziñidaten eremuan berrogei urtean ugaritasunarekin doañak eta sakrifizioak?

        26. Zuek bada, eramaten zenduten Molok zuen Jaungoikoaren tabernakuloa, eta zuen idoloen irudiak, zuen Jaungoiko Saturnoen izarra, zuen eskuen lanak.

        27. Nik bada, egingo det Damasko baño arontzago eramanak izan zaiteztela, esaten du Jaunak, Jaunak, zeñaen izena dan, ejerzituen Jaungoikoa.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Ai zuen, Sionen erdian igeri egiten dezutenen, eta Samariako mendian kezkarikan batere gabe bizi zeratenen doakabeak! O zuen, errietako andizkirik nagusienen, Israelko batzarretan urgulleriarekin sartzen zeratenenak!

        2. Irago zaitezte Kalaneko errira, eta zaudete an arretaz, eta andik zoazte Emat andira, eta jetxi zaitezte Palestinatarren Jetera, eta oien mendean dauden erreñurik obenetara. Berak zuek baño lur zabalagoa al daukate?

        3. Baña zuek naigabeko egunerako gordeak zaudete, eta gaiztakeriaren agintaritzara alderatuaz zoazte.

        4. Zuek marfillezko oetan lo egiten dezutenak, eta gozatzen zeratenak zuen oe biguñetan, artaldeko bildotsik oberenak jaten dituzutenak, eta beitaldeko txalik autuenak,

        5. Salterioaren otsera kantatzen dezutenak, uste zendutenak zenduzkatela Dabidek bezelako musikako erremientak,

        6. Kopa zabaletan ardo usai gozoz betea edaten dezutenak, Joseren atsekabearekin urrikaltzen etzeratela.

        7. Beragatik oiek aurrenak joango dirade katiberiora, eta zikiñen talde zatarra barreiatua izango da.

        8. Jaun Jainkoak bere biziagatik juramentu egin du, ejerzituen Jaun Jainkoak esan du: Ni Jakoben urgulleriari aier natzaio, eta bere jauregiak gorrotatzen ditut; eta erria bertan bizi diradenakin besteen mendean jarriko det.

        9. Amar gizon etxe batean geldituko balirade, berak ere galduak izango dirade.

        10. Eta bere aideren batek artuko ditu bata bestearen ondoan, eta erreko ditu, eta aterako ditu ezurrak etxetik kanpora obiratzeko, eta esango dio gero etxearen barrenen dagoanari: Badaukazu oraindikan emen barrenen besterik?

        11. Eta barrendikoak erantzungo du: Ez dago besterik. Eta aide hurak esango dio: Zaude bada ixillikan, eta onezkero ez daukazu zertan aitatu Jaunaren izena.

        12. Zeren ona emen non, Jaunak erabaki duen, eta berak kastigatuko du etxe andia galmen osoarekin; eta etxe txikia zorigaitz andiakin,

        13. Zaldiak aitzartean korrika ibilli al ditezke, edo goldeatu al lezake idiaketzakin? Zuek biurtu dezute mendetasunean juizio justoa, eta asensio justiziaren frutua.

        14. Zuek zuen bozkarioa utsaren gañean ipintzen dezute, eta esaten dezute: Gure sendotasunak ez al gaitu egin almentsuak?

        15. Baña ona emen non nik, o Israelko etxea, jaiki eraziko diodan zuen kontra erreñu bati, esaten du ejerzituen Jaun Jainkoak, zeñak desegingo zaituzten Ematko sarreratik Eremuko errekaraño.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Oiek dirade Jaun Jainkoak erakutsi dizkidan ikusketak: Ona emen non Jaunak azitzen zuen langostazko talde andi bat asieran, beranduko euriak belarrari azi erazitzen dionean; eta au da beranduko euri moteatu erazitzen diona, erregearentzat igitaitua izanda gero.

        2. Eta gertatu zan, langostak kanpoetako belar au jan zuenean, esan nuela nik: Erregututzen dizut Jaun Jainkoa, arren urrikaldu zaitezela. Nork berriztatuko du Jakob, alako moduan argaldua dagoan bezela?

        3. Onenbesterekin urrikaldu zan Jauna, eta esan zuen: Zu beldur zerana, ez da gertatuko.

        4. Oiek ere erakutsi zizkidan Jaun Jainkoak: ikusten nuen nola Jaun Jainkoak ots egiten zion suari, bere bitartez justizia egiteko, zeñak lize zakon bat, edo ur ugariak leortu zituen, eta denbora berean erriaren zati bat desegiten zuen.

        5. Eta esan nuen nik: Erregututzen dizut Jaun Jainkoa, arren biguñdu zaitezela. Nork sendotuko du Jakob, alako moduan argaldua dagoena?

        6. Bigundu zan onenbesterekin Jaun Jainkoa, eta esan zuen: Oraingo aldian ere, ez da bere galmena izango.

        7. Erakutsi ere zidan Jaunak irugarren ikusketa au: ikusten nuen Jauna, murru lokaztu baten gañean zegoala, eta kisuariaren plaunkai bat bere eskuan zeukala

        8. Eta esan zidan Jaunak: Zer da ikusten dezuna, Amos? Eta nik erantzun nuen: Kisuariaren plaunkai bat. Bada ona emen non, esan zuen Jaunak ni noan nere erriaren erdian plaunkaia aurtikitzera, eta beñere berriz ez ditut bere murruak lokatzaz beteko.

        9. Desegiñak izango dirade idoloaren toki goratuak, eta arrasatuak Israelko santuarioak, eta elduko diot ezpatari nere eskuarekin, Jeroboamen etxearen kontra.

        10. Onenbesterekin Amasias Betelgo idoloen apaizak, bialdu zuen esatera Jeroboam Israelko erregeari: Amos dabil zure kontra jendeari jaiki erazitzen Israelko erriaren erdian, jendeak ezin sufritu litzake esaten dituen gauza guztiak.

        11. Zeren Amosek onela itz egiten du: Jeroboam ezpataren puntaz illa izango da, eta Israel bere lurretik kanpora katibu eramana izango da.

        12. Eta Amasiasek Amosi esan zion: O, zu, ikusketak dauzkazuna, zoaz, iges egin ezazu Judako lurrera, eta an jan ezazu zure ogia, eta an profetizatu alko dezu,

        13. Baña ez ezazu berriz Betelen profetizatu, zeren au erregearen Santuarioa, eta erreñuko errege-erria dan.

        14. Onetara Amosek Amasiasi erantzun zion: Ez naiz ni profeta, ez profetaren semea; baizik bei batzuek zaitzen ditut, eta pikozoroen billan noa.

        15. Baña Jaunak artu ninduen abereen ondoren nijoala, eta Jaunak esan zidan: Zoaz, Israel nere erriari profetizatzera.

        16. Eta orain zuk, o Amasias, Jaunaren itza aditu ezazu, zuk neri esaten didazu: Israelen kontra ez ezazu profetizatu, eta ez ezazu orakulorik esan idoloaren etxearen kontra.

        17. Argatik oiek esaten ditu Jaunak: Zure emaztea errian desonratua izango da, eta zure semeak, eta alabak ezpataz iragoak izango dirade, eta zure erria partitua izango da neurtzeko soka batekin, eta zu ilko zera erri idolatra batean, eta Israel bere erritik kanpora katibu irtengo da.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Jaun Jainkoak oiek erakutsi zizkidan: ikusi nuen frutak arrapatzeko kako bat.

        2. Eta esan zidan: Zer da ikusten dezuna, o Amos? Erantzun nion nik: Frutak arrapatzeko kako bat. Eta Jaunak esan zidan: Israel nere erriaren atzena allegatu da, ez diot onezkero denbora geiagoan kastigatu gabe utziko.

        3. Eta egun artan tenploko opak ots andi bat egingo dute, esaten du Jaun Jainkoak, asko izango dirade galduko diradenak; eta toki guztiak ixiltasun andi batean egongo dirade.

        4. Aditu itzatzute oiek, zuek beartsua menderatzen dezutenak, eta erriko premiatsuak lerdatzen dituzutenak,

        5. Eta esaten dezutenak: Noiz iragoko da illa, eta merkaderiak salduko ditugu; eta iragoko da larunbata, eta aleak kanpora aterako ditugu; txikituko degu neurria, eta aziko degu sikloaren pisua, jartzen ditugula beren lekuan balanza engañalariak,

        6. Diruarekin egin gaitezen urrikigarrien jabeak, eta oñetako pare batekin beartsua mendekotzat erosteko eta gariaren kutsurañokoak garesti saltzeko?

        7. Juramentu au egin du Jaunak Jakoben semeen urgulleriaren kontra. Nik juramentu egiten det, egin duten guziarekin beñere ez naizala aztuko.

        8. Eta alako gauzen ondoan, ez al da ikaraz jarriko lurra, eta bertan bizi diraden guziak ez ote dira negarrez asiko? Atsekabezko ibai batek guztia ondatuko du, eta arrasatua geldituko da, eta Ejiptoko ibaiko urak itsasora allegatzean bezela, ezkutatuko da.

        9. Eta gertatuko da egun artan, esaten du Jaun Jainkoak, eguzkia sartuko da egerdian, eta egingo det, lurra illuntasunez estalia izan dedilla egunaren argitasunik andienean.

        10. Eta zuen egun andiak negarrezko egun biurtuko ditut, eta zuen kanta guztiak suspirioetan, eta zuei guzioi ipiñiko dizutet bizkarren gañean ziliziozko zakua; eta burua moiztu eraziko dizutet, eta Israelko alaba proguan ipiñiko det, jartzen dan bezela seme bakar bat galdu duena, eta egingo det, bere atzena mingoiztasuneko egun bat izan dedilla.

        11. Ona emen non datorren denbora, esaten du Jaunak, zeñatan nik bialduko dedan lurraren gañera gosea; ez ogiaren gosea, ez uraren egarria, baizik Jaunaren itza aditzekoa.

        12. Eta guztiak nastuak geldituko dira, itsaso batetik bestera, eta ifarretik Sortalderaño. Ibilliko dira toki batetik bestera, Jaunaren itz bat aditu nairik, eta ez dute iritxiko.

        13. Egun artan egarriz deslaituko dira donzella ederrak, eta mutil gazte galantak;

        14. Samariako bekatuagatik juramentu egiten dutenak, eta esaten dutenak: Bizi dedilla, o Dan, zure Jaungoikoa, eta bizi dedilla Bersabeeko bidea, eta eroriko dirade lurrera, eta ez dirade iñoizere berriz jaikiko.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Nik ikusi nuen Jauna aldarearen gañean zegoala, eta esan zuen: Jo ezazu opoa, eta atalburuak mugituko dirade. Zeren ez dagoan batere zikoiztasunak menderatua ez daukanik, eta nik ezpataren puntaz illeraziko det beretatik atzenerañokoa. Ez du batek ere igesik egingo: iges egingo dute; baña iges egiten dutenetik bat ere ez da bizirik geldituko.

        2. Infernuaren tokirik barrendikoenera jetxiko balirade ere, andikan nik nere eskuz aterako ditut; eta zeruraño igoko balirade ere, andik aterako ditut.

        3. Eta Karmeloko erpiñetan ezkutatuko balirade ere, ni ara joango naiz beren billan, eta andik aterako ditut; eta nere begietatik ezkutatuko balirade itsasoaren barrenen, an nere aginduz itsas sugulnak usikiko die.

        4. Eta katiberiora eramanak diradenean beren etsaien aurrean, an ezpataren puntaz illeraziko ditut, eta nere begiak beren gañean ipiñiko ditut, baña beren kalterako, ez beren onerako.

        5. Eta Jauna ejerzituen Jaungoikoa da, lurrari ukituaz dardaraz jartzen duena. Negarrez asiko dirade bertan bizi diraden guztiak. Ondatua utziko du ibai andi batek bezela, eta bera ezkutatua geldituko da, Ejiptoko ibaia itsasora allegatzean bezela.

        6. Berak egin du bere esertokia zeruan, eta jarri du lurraren gañean anbeste gauzaen batzarrea. Berak ots egiten die beragana itsasoko urai, eta lurraren gañean isuritzen ditu. Jauna, au da bere izena.

        7. Zuek bada, o Israelko semeak, esaten du Jaunak, ez al zerate neretzat Etiopiako semeak diradena? Ez al nion nik Israeli Ejiptoko lurretik atera erazi, Palestinatarrak Kapadoziatik, eta Siriatarrak Zirenetik atera nituen bezela?

        8. Baña Jaunaren begiak erreñu bekatari orri begira daude, eta nik lurraren gañetik kenduko det, baña alaere ez det osoz desegingo Jakoben etxea, esaten du Jaunak.

        9. Bada, ona emen non nere aginduz txit mugitua izango dan Israelko etxea erreñu guztien erdian, garia galbae batean artzatua dan bezela, eta granotxo bat bakarra ere ez da lurrera eroriko.

        10. Ezpataz iragoak izango dirade nere erriko bekatari guztiak, zeñak ari diraden esaten: Ez da gaitzikan batere gure gañera alderatu, ez etorriko.

        11. Denbora artan berriz jasoko det Dabiden Tabernakulo, lurrera eroria zegoana, eta zarratuko ditut bere murruetako zuloak, eta berriz egingo det desegiña zegoana, eta berriz jarriko det anziñako denboran zegoan eran:

        12. Idumeako, eta beste erreñuetako guzien jabe izan ditezen, zeren beretan nere izenari ots egingo zaio, esaten du Jaun, alako mirarien egingilleak.

        13. Ona emen non etorriko diraden denborak, esaten du Jaunak, zeñatan oraindikan goldeatzen ari danak ikusiko du bere ostean igitaitzen ari dana; eta matsak zapaltzen ari danak, ikusiko du bere ostean azia ereitzen duena. Mendiak egongo dira gozotasunak darieztela, eta muño guztiak landuko dirade.

        14. Eta Israel nere erria katiberiotik aterako det, eta egingo dituzte utziak zeuden erriak, eta beretan biziko dirade, eta ipiñiko dituzte mastiak, eta beren ardoa edango dute, eta egingo dituzte baratzak, eta beretako frutak jango dituzte.

        15. Eta nik egotez jarriko ditut beren errian, eta iñoizere ez ditut berriz nik eman nien lurretik aterako, esaten du zure Jaun Jainkoak.

 

aurrekoa hurrengoa