www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

HABAKUK-EN PROFEZIA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Berri garratz, Habakuk profetari adirazia izan zitzaiona.

        2. Noizarteraño, Jauna, egongo naiz deadarrez, zuk neri aditzen ez didazula? Noizarteraño ariko naiz zuri bozak zuzentzen arkitzen naizan larritasunean, zuk ni salbatu gabe?

        3. Zergatik ez didazu ikusi erazitzen nere aurrean beste gauzarik, baizik gaiztakeria, nekeak, lapurretak, eta bidegabeak? Berenakin irtetzen dira diruagatik auzilariak, eta erriertariak.

        4. Argatik legea burlatua ikusten da, eta ez da justiziarik egiten, zeren gaiztoak indar geiago daukan justoak baño; argatik egiten dirade juizio gaiztoak.

        5. Ipiñi itzatzute begiak erreñuetan, eta zer iragotzen dan begiratu ezazute. Mirarituak eta arrituak geldituko zerate. Zeren zuen egunetan gertatu dan gauza bat, iñork ere sinistu naiko ez duena, kontatzen danean.

        6. Bada ona emen non nik etorri eraziko diedan Kaldeatarrai, erreñu garratz eta agudoa, lur guzitik dabillana besteren gauzak arrapatzen.

        7. Bera da izugarria eta ikaragarria. Berak berenez emango du sentenzia, eta kastigatuko du.

        8. Bere zaldiak dirade leoinabarrak baño agudoagoak, eta korrika arinago egiten dute, otsoak gauaz baño. Beren zaldidia aldamen guzietatik zabalduko da, bere zaldizko gudariak urrutitikan etorriko dirade, arrapatu nai duen gauzaren gañera agilia aurtikitzen dan bezela, egan egingo dute.

        9. Guztiak etorriko dira arrapatu diran gauzatara; beren arpegiak aize erretzalle bat bezelakoak izango dirade, eta katibuak ondarra bezela montoituko dituzte.

        10. Eta Babiloniako erregeak garaituko ditu beste erregeak, eta andizkiai irri egingo die, farra egingo die gaztelu guziai, eta egingo ditu bateriak, eta arrapatuko ditu.

        11. Orduan nastuko da bere espiritua, eta zorabiatuko da, eta eroriko da. Alakoa da arako jainkoaren eskua, zeñagan itxedotzen zuen.

        12. Baña zer? Ez al daukazu zuk izatea asieratik, o nere Jaun Jainkoa, nere Santua, eta eriotzatik libratuko gaituzuna? O Jauna, zuk autu dezu Nabukodonosor au, zure bengantza egiztatzeko, eta alako eskubide andia eman diozu, kastigatu gaitzan.

        13. Zure begiak beti garbiak dirade: ez dezakezu zuk gaitza ikusi; eta ezin sufrituko zenezake zure aurrean gaitakeria. Zergatik bada zaude obra gaiztoak egiten dituztenai begira, eta egon oi zera ixillikan, gaiztoak bera baño justoagoa dana iretsitzen duenean?

        14. Eta zuk utzitzen dezu, gizonai gertatu dizaietela, itsasoko arraiarena, eta patari arrastakariena, zeñak erregerik ez daukaten, berak zaitzeko?

        15. Guztia kanpora atera du bere amuarekin, arrastaka eraman du bere txingarekin, eta bildu bere sareakin.

        16. Argatik eskeñiko diozka doañak bere txingari, eta sakrifizioak bere sareai; zeren oiekgatik ugaritu ziran bere aberastasunak, eta bere janari autatua.

        17. Argatik bere txinga beti zabaldua dauka, eta aspertu gabe ari da erreñuak arrasatzen.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Bitartean ni kontuan egongo naiz, nere beilla egiten dedala, eta sendo egongo naiz murruaren gañean, ikusteko zer esango zadan, eta zer erantzun bearko ote diodan errierta egiten didanari.

        2. Jaunak bada erantzun zidan, eta esan zidan: Eskribitu ezazu ikusketa, eta eskribitzeko oltxoetan ipiñi ezazu, erraz irakurri ditekean.

        3. Zeren ikusketa, oraindikan urrutian dagoan gauza baten gañean dan; baña atzenean bera kunplituko da, eta ez da utsean geldituko. Berantzen bazaio, itxedon zaiozu; zeren etorriko dana, etorriko dan, eta etzaio berandu egingo.

        4. Begiratu ezazu sinisgaitza danak, bere barrenen anima justo bat ez daukala. Justoa bada bere fedean biziko da.

        5. Baña nola ardoak engañatzen duen edaten duena; ala gertatuko da gizon arroarekin, zeñ onra gabe geldituko dan; urgullutsuarekin, zeñak zabaldu zuen bere eztarria infernuak bezela, eta da ase eziña eriotza bezela; eta bildu nai lituzke bere mendean erreñu guztiak, eta montoitu bere aldean erri guztiak.

        6. Zer! Ez al da bera izango oien guzioen ipuia, eta beren esate zirikari guztiak ez al diozkate berari zuzenduko? Eta, ez al zaio esango: Ai, bereak ez diraden gauzak montoitzen dituenaren doakabea! Noizarteraño bilduko du berak bere kalterako aberastasunen lokats trinkoa?

        7. Ez al dirade supituan jaikiko utsikiko dizutenak, eta ez al dirade irtengo, zatituko zaituztenak, eta zeñak arrapatua izatera zoazan?

        8. Zuk ezerere gabe utzi dezulako jende asko, zu ere ezerere gabe utziko zaituzte, zuk ala ipiñi dituzunak, zuk isuri erazi dezun giza odolaren kastiguan, eta lurraren kontra egin dituzun ezbearren kastiguan, baitaere erriaren kontra, eta bertan bizi diraden guztien kontra egin dituzunen kastiguan.

        9. Ai zikoiztasuneko frutuak biltzen dituenaren doakabea! Kaltegarria bere etxearentzat, bere kabia toki goratuagoan egiteagatik, eta onela gaitzaren atzaparretatik iges egiteko.

        10. Ez dirudi, baizik, zure etxearen galmena nola egiztatuko dezun ibilli zerala. Asko erri arrasatu dituzu, eta zure animak bekatu egin zuen.

        11. Zeren arriak paretatik deadar egingo du; eta etxeetako giltzen artean dagoan zurak, erantzungo du.

        12. Ai, etxe bat, isurtzen duen odolaren bitartez egiten duenaren, eta bere zimenduak bidegabetasunaren gañean ipintzen dituenaren doakabea!

        13. Ez al daude gauza oiek ejerzituen Jaunak lendanaz esanak? Zeren alperrik, esaten du Jaunak, arazoz ibilliko dirade erriak, eta jendeak bilduko dituzte ondasunak, su andi baten bazkatzat, eta desalaituko dirade.

        14. Zeren lurra etsaiz ondatua izango dan, itsasoa urez estalia dagoan bezela. Jaunaren gloria ezagutua izan dedin.

        15. Ai, bere adiskideari edaten ematen dionaren doakabea, nastutzen duela edanontzian beazuna, eta moiskortzen duena, larrugorrian ikusteko!

        16. Gloriaren lekuan, desonraz estalia geldituko zera. Zuk ere edango dezu, eta lotsatua geldituko zera. Jaunaren eskuieko kalizak moiskortuko zaitu, eta zure gloriaren gañera lotsarizko oka bat etorriko da.

        17. Zuk Libanoren gañean egindako gaiztakeriak, berriz zure kontra eroriko diran ezkero; eta pisti oiek egindako galmenak, izutuko ditu, gizonen odola isuri ez dezaten, eta gaiztakeriarik egin ez dezaten lurraren kontra, eta erriaren eta bertan bizi diradenen kontra.

        18. Zertarako balio du langille batek egin zuen irudi utsak, eta brontzearekin egin zuen otallu, edo irudi utsak? Alaere langilleak bere itxedopena ipintzen du bere irudian, egin duen otallu mutuan.

        19. Ai doakabea, zur bati esaten diona: Esnatu adi; eta arri mutu bati: Jaiki adi, eta lagundu zadak. Otalluak erakutsi al dezakezu zer egin bear dezun? Begiratu ezazu; bera urrez eta zillarrez estalia dago; baña barrenen espiriturikan batere ez dauka.

        20. Baña Jauna, gloriako bere tenplo santuan dago, bere aurrean lur guzia ixilik egon bedi.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        Habakuk profetaren orazioa, jakinezakgatik.

        1. Aditu nuen, o Jauna, zure berria, eta beldurtu nintzan.

        Jauna, zure obra hura, urteen erdian egiztatu ezazu.

        2. Bai, urteen erdian agirian jarriko dezu. Aserretzen zeranean, zure urrikaltasunarekin oroituko zera.

        3. Jaungoikoa Egoeko aldamenetik etorriko da; eta santua Farango mendiaren aldamenerontztik.

        Bere gloriak, zeruak estali zituen, eta lurra bere alabantzaz betea dago.

        4. Berak dist egingo du argiak bezela, bere eskuetan atzen gabeko eskubide bat idukiko du, an bere sendotasuna estalia dago.

        5. Bere aurrean eriotza eramango du, garaitza erakusten duela,

        6. Eta deabrua bere oñen aurrean, gelditu zan, eta lurra neurtu zuen.

        Begiratu zuen, eta giltzagetu zituen erreñuak, eta mendi txit goratuak auts biurtuak gelditu ziraden.

        Makurtu ziran munduko muñoak, Jaun betikoa iragotzean.

        7. Nik ikusi nuen biltzen ziradela gaiztakeriaren alde Etiopiako dendak, baña laster Madiango etzauntzak desegiñak izan ziraden.

        8. Zure aserrea, o Jauna, ibaien kontra izan al zan? izan al zan zure kolera ibaien kontra, edo itsasoaren kontra zure sumintasuna?

        Zu, zure zaldien gañera igotzen zerana, eta zure gurdian salbazioa daramazuna,

        9. Zuk erruz artuko dezu zure uztaia, Israelko tribuai egin ziñien juramentuen araura,

        Zuk lurreko ibaiak berezituko dituzu.

        10. Ikusi zinduzten mendiak, eta dardaraz jarri ziraden, ibai arroak atzerontz biurtu ziran.

        Leizeak beren boza altxatu zuten, itsasondoak jaso zituen bere eskuak.

        11. Eguzkia eta illargia geldirik egon ziran beren tokietan. Joango dirade aiek zure saieten argitasunera, zure lantza distiatzallearen argitasunera.

        12. Zuk, aserretuta, lurra zapalduko dezu, eta zure sumintasunarekin, erreñuak arrituta utziko dituzu.

        13. Irten ziñan zure erria salbatzeko, salbatzeko zure kristoaren bitartez.

        Zauritu zenduen gaiztoaren etxeko burua, agertu ziñituen bere zimenduak goitik beera.

        14. Aurtiki zenduen madarikazioa bere gerrarien agintariaren gañera, zeñak zetozten aizebunbada bezela, ni desegitera.

        Beren bozkarioa onezkero bazan, toki ezkutu batean, bideante gaxo bat iretsiten duenarena bezelakoa.

        15. Idiki ziñion bidea itsasoan zure zaldidiari, ur zakonen loien erditik.

        16. Aditu nuen zure boza, eta dardaraz jarri ziran nere erraiak, alako zure bozera nere ezpañak ikaratu ziran.

        Sartu bedi usteltasuna nere ezurretan, eta nere barrena ar jarioan egon bedi,

        Nik atsekabeko egunean atsedena iritxi dezadan, eta joan nadin biltzera, prestatua dagoan gure erriarekin.

        17. Zeren piko ondoa ez da loretuko, eta mastiak ere ez dira moteatuko.

        Oliboaren fruturik ez da izango, kanpoak ez dute emango bazkarik.

        Arrapatuak izango dirade arditegitik ardiak, eta ganbelak abere gabe geldituko dira.

        18. Ni ordea Jaunagan gozatuko naiz, eta bozkarioz gora goraka ariko naiz nere Jesus Jaungoikoagan.

        19. Nere sendotasuna Jaun Jainkoa da, eta berak emango dizkit oreñarenak bezelako oiñ agudoak.

        Eta Jesus garailariak zuzenduko nau nere bizilekuko toki goratuetara, nik bere alabantzan himnoak kantatzen ditudala.

 

aurrekoa hurrengoa