www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

TOBIASEN LIBURUA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Tobias Neftaliko tribu, eta errikoa (zeñ dagoan Galilea goikoan Naasonen gañean, Sartaldera dijoan bidearen ostean, ezkerretara daukala Sefetko erria),

        2. Izanik katibu egiña Salmanasar Asiriako erregearen denboran, katiberioan arkitu arren, egiaren bidea etzuen utzi,

        3. Alako moduan, non, iduki al zuen guztitik, ematen zien egunoro, bere jatorriko, berarekin katibu zeuden anaiai.

        4. Eta izanik gazteenetatikoa Neftaliko tribuko guztien artean alaere, bere egitetan aur usairik batere etzuen agertu.

        5. Atzenean, guztiak zijoazenean, Jeroboam Israelko erregeak egin zituen urrezko txalak adoratzera, onek bakarrik iges egiten zuen besteakgandik,

        6. Eta joan oi zan Jerusalenera Jaunaren elizara, non Israelko Jaun Jainkoa adoratzen zuen, leialkiro eskeñtzen ziozkala bere primizia, eta bere amarren guztiak.

        7. Alako moduan, non, iru urte bakoitzean ematen zien bere federa biurtuai, eta arrotzai, berai zegokien amarren guztia.

        8. Oiek, eta oien irudiko beste gauza, Jaungoikoaren legearen erakoak, gaztetxotatik gordetzen zituen.

        9. Eta allegatu zanean gizon izatera, ezkondu zan bere tribuko emakume, Ana zeritzan batekin, zeñagandik iduki zuen seme bat, zeñi jarri zion bere izena,

        10. Zeñi, oraindikan aurra zala, erakutsi zion Jaungoikoaren beldur izaten, eta bekatu guztitik alde egiten.

        11. Eta katibu eramana izan zanean gero, bere emazte, eta seme, eta tribu guztiarekin Ninibeko errira,

        12. Beste guztiak jentillen janariak jaten bazituzten ere, Tobiasek garbi gorde zuen bere anima, beren janariakin beñere kutsutu gabe.

        13. Eta Jaunarekin oroitu zalako, eta bere biotz guztitik maitatu zuelako, Jaungoikoak Salmanasar erregearen gogoko egin zuen,

        14. Zeñak eman zion, nai zuen tokira joateko, eta nai zuen guztia egiteko baimena.

        15. Joaten zan bada katibu zeuden guztiak gana, eta konseju onak ematen ziezten.

        16. Allegaturik bada Rajes Medotarren errira, eta idukirik amar zillarrezko talentu, erregeagandik artu zituen emaitzetatik;

        17. Ikusirik Gabelo bere tribukoa premian, bere erreñuko jende askoren artean, bere agiri batekin eman zion, aitatu dan zillarrezko dirua.

        18. Denbora askoren buruan, il ezkero Salmanasar erregea, bere seme Senakerib, Israeltarrak txit aier zituenak, aren lekuan erreñatzen zuela,

        19. Tobias egunoro joan oi zan bere aideak gana, eta gozatzen zituen, eta ematen zion bakoitzari al zuena bere ondasunetatik.

        20. Gose ziranai jaten ematen zien, billosik zeudenai soñekoak ematen ziezten, eta zeukan ardura andia, berez iltzen ziranak, eta bestek illak ziranak obiratutzeko.

        21. Eta nola Senakerib erregeak, itzulirik igesi Judeatik, Jaungoikoak bere blasfemiakgatik eman zion kastiguagatik, aserreturik, Israeltar asko iltzen zituen, Tobiasek obiratzen zituen beren gorputzak.

        22. Eta adirazi ziotenean au erregeari, agindu zuen il zezatela, eta kendu ziozkan bere ondasun guztiak.

        23. Tobias berriz, ezerere gabetanik, iges eginik bere emazte eta semearekin, ezkutatua egon zan; zeren askok ongi nai zioten.

        24. Berrogeita bost egun iragorik, il zuten erregea bere semeak;

        25. Orduan Tobias itzuli zan bere etxera, eta biurtuak izan zitzaiozkan bere ondasun guztiak.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Oiek iragota, Jaunaren jai egun batean, zeñean zegoan prestatua bazkari eder bat Tobiasen etxean,

        2. Esan zion onek bere semeari: Zoaz, eta ekarri itzatzu, onara gure tribuko, Jaungoikoaren beldurreko batzuek, gurekin jan dezaten.

        3. Eta joanik bera, itzuli zanean adirazi zion, nola Israelko semeetatiko, lepoa ebakita illa izan zan bat, zetzan karrikan. Eta bereala, maietik jaikirik, janaria utzita, joan zan korrika, mokadurik ere probatu gabe, gorputz illa zegoan tokira;

        4. Eta artzen zuela bizkarrean, eraman zuen ixiltxorik bere etxera, kontuz obiratzeko, eguzkia sartzen zanean.

        5. Eta ezkutatu zuenean gorputzilla, jarri zan jaten negarrez eta ikara,

        6. Oroiturik, Jaunak Amos profetaren bitartez esan zituen itz aiekin: Zuen jai egunak zizpuru eta negarrera itzuliko dira.

        7. Eta eguzkia sartu zanean, joan zan, eta obiratu zuen.

        8. Bere aide guziak berriz errierta egiten zioten, esaten zutela: Len gauza augatik agindu dute zuri bizia kentzeko, eta nekez libratu zera eriotzatik, eta berriz zoaz gorputz illak obiratzera?

        9. Baña Tobiasek, izanik erregearen baño Jaungoikoaren bildurrago, ostutzen zituen illak izan ziranen gorputzak, eta bere etxean ezkutatzen zituen, eta gau illunean obiratzen zituen.

        10. Gertatu zan bada egun batean, itzulirik bere etxera nekatua, obiratzen arita, etzitea pareta baten babesean, eta loak artu zuen;

        11. Eta lo zetzala, erori zitzaion enada kabi batetik zimaur zirin beroa begien gañera, eta itsutu zan.

        12. Eta Jaungoikoak nai izan zuen neke berri au berari etortzea, erakusteko gerokoai, zenbaterañokoa zan aren eraman, Job santuarenaren antzekoa.

        13. Zeren, nola bere aur denboratik bizi zan beti Jaungoikoaren beldurrean, eta gordetzen zituen bere aginduak, etzuen esparik eman Jaungoikoaren kontra, bialdu zionean itsutasuneko zorigaitza;

        14. Baizik sendo iraun zuen Jaungoikoaren beldurrean, bere biziko egun guztietan, eskerrak ematen ziozkala.

        15. Eta nola Job santuari erregeak erasotzen zioten, ala Tobiasi lotsabajekeriak esaten ziozkaten bere bizieragatik bere aide odoleko ta ezkontzakoak, esaten zutela:

        16. Non dago zure itxedopena, zeñagatik egiten ziñituen limosnak, eta obiratzak?

        17. Tobiasek berriz errierta egiten zien, esaten zuela: Ez ezazute arren orrela itz egin:

        18. Santuen semeak geran ezkero, eta itxedotzen degulako arako bizitza, Jaungoikoak emango diena beragan beren fedeari beti iraunerazitzen diotenai.

        19. Bitartean Ana bere emaztea joan oi zan egunoro eunetara, eta ekartzen zuen, bere eskuetako lanarekin, irabazi zezakean janaria.

        20. Eta ala gertatu zan, artzea onek ezneko antxume bat, eta ekartzea etxera,

        21. Zeñaen beekak aditu zituenean bere senarrak, esan zuen: Begira ezazute ez dedilla baldinere ostua izan, itzuli zaiezute bere jabeai, zeren etzagu zillegi gauza osturik jatea, ez berari ukiturik egitea.

        22. Zeñatara bere emazteak, aserretuta, erantzun zion: Txit gauza argia da, zure itxedopenak utsean gelditu dirala, eta orain ikusten da zure limosnen irabazia.

        23. Eta onelako eta oien antzeko itzakin lotsagabekiro erasotzen zion.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Orduan Tobias jarri zan zizpuruz, eta malkoak zeriozkiola asi zan otoitz egiten,

        2. Esaten zuela: Justoa zera, Jauna, eta zure erabaki guztiak justoak dira; eta zure bide guztiak urrikaritasuna, eta egia, eta justizia.

        3. Orain bada, Jauna, oroitu zaite nerekin, eta ez ezazu artu nere bekatuen benganzarik, eta ez ezazu berriztatu, nere, ez nere gurasoen gaiztakerien oroipenik.

        4. Zeren ez giñiotelako obeditu zure aginduai, argatik arrapatu digute geneukana, eta izan gera eramanak katiberiora, eta eriotzara, eta etorri gera izatera barreiatu gaituzun erreñu guztietako ipuia eta iseka.

        5. Eta andiak dira, Jauna, eta ikaragarriak orain zure erabakiak, zeren ez gera bizi zure aginduen erara, eta ez gabilza ere zuzen zure bideetatik.

        6. Eta orain, o Jauna, egin ezazu nerekin zure gogokoa dana; eta agindu ezazu nere espiritua pakean artua izan dedilla, zeren obetoago dagokit iltzea, bizitzea baño.

        7. Eta egun beratan gertatu zan, Sara Ragelen alaba, Rajes Mediako errian zegoanak, aditzea bere aitaren neskame batek esan ziozkan isekak.

        8. Zeren zazpi senar iduki zituen, eta Asmodeo zeritzan demonio batek il zituen, beragana alderatu nai zuten denboran.

        9. Errierta egiñik bada neskameari utsegiteren batgatik, onek erantzun zion, esaten zuela: Arren bada ez al dezanagu ikusiko igandik, ire senarren iltzalle orre gandik, jaiotako semerik, edo alabarik.

        10. Ni ere il al nai naun, il itunan bezela zazpi senarrak? Aditurik itz oiek joan zan Sara bere etxeko gelarik goratuenera; eta iru egun eta iru gau irago zituen ezerere jan, ez edan gabe,

        11. Baizik iraunik orazioan, negarrakin erregututzen zion Jaungoikoari, arren libratu zezala lotsari onetatik.

        12. Gertatu zan bada irugarren egunean, bukaturik bere orazioa, Jauna bedeikatzen zuela,

        13. Esan zuen: Bedeikatua izan dedilla zure izena, o gure gurasoen Jaungoiko, zure aserrearen ondoren errukitutzen zerana, eta naigabeko denboran bekatuak barkatzen dieztezuna, zuri ots egiten dizutenai.

        14. Zugana, Jauna, itzultzen det nere arpegia, zugana zuzentzen ditut nere begiak.

        15. Erregututzen dizut, o Jauna, askatu nazazula lotsari onen loturatik, edo gutxienez mundu onetatik atera nazazula.

        16. Zuk dakizu, Jauna, ez dedala iñoiz nai izan gizonik batere, eta aragiaren gurari zikin guztitik nere anima garbi gorde dedala.

        17. Beñere ez nintzan nastu jende lasaiarekin, eta ez det ere zer ikusirik izan buru ariñakin.

        18. Senarra artzeko baimena eman banuen, izan zan zure beldur santuan, eta ez aragiaren gura asetzeagatik.

        19. Ala bada, edo ni ez nintzan beren diña izan, edo menturaz berak etziran izan nere diña, zeren bearbada beste senarren batentzat gordea naukazu.

        20. Zeren gizonak ezin ditzake ezagutu zure erabakiak.

        21. Au da ziertotzat daukana zu adoratzen zaituen edozeñek; bere bizia probatua bada, izango dala koroetua; naigabean badago, izango dala libratua; eta kastiguaren azotea erortzen bada bere gañera, zuzendu daitekela zure urrikaltasunera.

        22. Zeren zu etzera gozatzen gure galmenean, zeren itsasandiaren ondoren, egiten dezu itsasbarea; eta negar ta zizpuruen ostean, itsasten dezu poza.

        23. Izan bedi beti bedeikatua, o Israelko Jaungoikoa, zure izena.

        24. Denbora artan adituak izan ziran bien eskariak Jaungoiko andi eta goratuaren aurrean.

        25. Eta Jaunaren aingeru San Rafael bialdua izan zan, biak libratu zitzan, zeñaen erreguak izan ziran eramanak denbora batean Jaunaren aurrera.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Tobiasek bada uste izanik Jaungoikoak aditua izan zala, mundu onetatik bera ateratzeko egin zion erregua, ots egin zion bere aldera bere seme Tobiasi,

        2. Eta esan zion: Aditu itzatzu, ene semea, nere aoko itzak, eta jarri itzatzu zure biotzean, zimendutzat bezela.

        3. Jaungoikoak nere anima artzen duenean, obiratu ezazu nere gorputza; eta honratuko dezu zure ama bere bizitzako egun guztietan.

        4. Zeren gogoan iduki bear dezu, zenbat irrisku eta zeñ andiak irago zituen zugatik, eramaten zinduela bere sabelean.

        5. Eta bera ere, bukatzen duenean bere bizitzako denbora, obiratuko dezu nere aldean.

        6. Zure bizitzako egun guztietan idukiko dezu Jaungoikoa zure gogoan; eta iduki ezazu ardura andia beñere ez egiteko bekaturik, eta ez ere autsitzeko gure Jaun Jaungoikoaren agindurik.

        7. Daukazunetik egin ezazu limosna, eta ez ezazu apartatu zure arpegia beartsu batgandik ere, zeren ala izango da, Jaunaren arpegia ere ez apartatzea zugandik.

        8. Al dezun adiñan izan zaite urrikaltsua.

        9. Asko baldin badaukazu, eman ezazu ugari; gutxi idukiko bazeneza, egin ezazu alegiña gutxia ere gogo onarekin emateko.

        10. Zeren ordañ andi bat biltzen dezu premiako egunerako.

        11. Zeren limosnak libratzen du bekatu guztitik, eta eriotzatik, eta ez du utziko erori dedilla anima illuntasunetan,

        12. Baizik limosnak emango dio itxedopen andia Jaungoiko goratuaren aurrean, egiten duen guztiari.

        13. Alde ezazu, ene semea, aragizko bekatu guztitik; eta zure emazteaz ostean, ez ezazu iñoiz egin, beste emakumerik ezagutuaz egiten dan gaiztakeriarik.

        14. Etzaiozu iñoiz utzi arrokeriari zure biotzaren, edo zure itzen jabe egiten, zeren beragandik artu zuen asiera galmen guztiak.

        15. Zuretzat lanen bat egin duenari, eman zaiozu bereala bere irabazia, eta iñolaere ez bedi gelditu zugan, zure alogerariaren saria.

        16. Iduki ezazu kontu andia ez egiteko iñoiz besteri, bestek zuri egitea nai ez dezun gauzarik.

        17. Jan ezazu zure ogia gosetsu eta premiadunakin, eta zure soñekoakin billosak estali itzatzu.

        18. Jarri itzatzu zure ogia eta zure ardoa justoaren obiaren gañean, eta ez ezazu jan, ez edan beratatik bekatariakin.

        19. Billatu ezazu beti konsejua gizon jakintsuagandik.

        20. Denbora guztian Jauna alabatu ezazu, eta eskatu zaiozu, zuzendu ditzala zure bideak, eta beragan iraun dezatela zure asmo guztiak.

        21. Jakin ere erazitzen dizut, ene semea, nola nik eman niozkan, oraindikan zu aurtxoa ziñala, amar talentu zillarrezko, Gabelori, Rajes Medoen errian, eta daukat nere mendean bere eskuz egindako agiria.

        22. Argatik egin ezazu ara joateko modua, eta kobratzeko beragandik, goian esan dan zillarrezko dirua, eta biurtuko diozu bere eskuz firmatutako agiria.

        23. Etzaite estutu, ene semea, egia da premian bizi gerala; baña ondasun andien jabe izango gera, Jaungoikoaren beldurra badaukagu, eta bekatu guztietatik alde egiten badegu, eta gauza onak egiten baditugu.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Orduan erantzun zion Tobiasek bere aitari: Aita, egingo det, agindu didazun guztia.

        2. Baña ez dakit nik nola kobratuko dedan diru ori. Zeren ez berak ezagututzen nau ni, ez nik ezagututzen det bera. Zer siñale emango diot? Oraindikan geiago, arako biderik ere ez dakit.

        3. Orduan aitak erantzun, eta esan zuen: Nigan daukat bere eskuz egindako agiria. Erakusten diozunean, bereala pagatuko dizu.

        4. Orain bada zoaz, eta egin ezazu alegiña billatzeko gizon leial bat, zurekin joan dedin, pagatzen diozula bere alogera; oraindik ni bizi naizela kobratu dezazun.

        5. Orduan aterarik Tobias, arkitu zuen galai galant bat, soñekoak gerrian lotuta, bideantea zirudiana.

        6. Eta ez jakinik Jaungoikoaren aingeru bat zala, diosal egin, eta esan zion: Kaixio, galai ona, nongoa zera?

        7. Eta berak erantzun zuen: Israelko semeetatikoa. Eta Tobiasek esan zion: Badakizu Medoen errirako bidea?

        8. Bai badakit, erantzun zuen, eta asko alditan ibilli naiz bide guzti aietatik, eta egon naiz ostatuz gure anaia Gabeloen etxean, zeñ bizi dan Rajes Medoen errian, zeñ dagoan Ekbatanako mendietan.

        9. Tobiasek esan zion: Egin zadazu mesede, piska baten itxedotzeaz, nere aitari au guzia adirazi dizaiodan artean.

        10. Onenbesterekin sarturik Tobias etxean, kontatu ziozkan gauza guzti oiek bere aitari. Mirariturik onekin bere aita, bialdu zuen erregututzera bere etxean sartu zedilla.

        11. Eta sartu zanean agur egin zion Tobiasi, eta esan zion: Poza izan bedi zurekin.

        12. Eta Tobiasek esan zuen: Ze poz iduki nezake nik illuntasunetan nagoan, eta zeruko argia ikusten ez dedan onek?

        13. Zeñatara erantzun zuen gazteak: Auzu biotz on, zeren txit aldean dago, Jaungoikoak sendatua zu izateko denbora.

        14. Esan zion orduan Tobiasek: Eraman al zenezake nere semea Gabeloren etxera, Rajes Medoen errian? Nik pagatuko dizut alogera itzultzen zeranean.

        15. Aingeruak erantzun zuen: Nik eramango det, eta itzulierazi (sic) diot zugana onara.

        16. Eta Tobiasek esan zion: Esan zadazu arren, zeñ familiatakoa, edo zeñ tributakoa zera zu?

        17. Eta Rafael aingeruak esan zion: Billatzen al dezu alogerariaren jatorria, ala zure semearekin joango dan alogeraria bera?

        18. Baña kezkaz egon etzaitezen, ni naiz Azarias, Ananias andiaren semea.

        19. Eta Tobiasek erantzun zuen: Jatorri goratukoa zera zu. Erregututzen dizut, ez dezazula txartzat eraman, jakin nai izan dedalako zure jatorria.

        20. Eta aingeruak esan zion: Nik eramango det osasunarekin zure semea, eta osasunarekin itzuliko dizut.

        21. Eta itz egiten zuela Tobiasek, esan zuen: Zoazte ordu onean, eta Jauna izan dedilla zuen bidean, eta bere aingeruak lagundu dizazutela.

        22. Onenbesterekin, prestaturik bidean eraman bear ziran gauza guztiak, agur egin zien Tobiasek bere aitari, eta bere amari, eta asi ziran ibiltzen biak batean.

        23. Eta joan ziranean, asi zan negarrez bere ama, eta esan zuen: Kendu diguzu, eta bialdu gugandik urrutira gure zartzako laguntza.

        24. Arren bada sekula izan ez balitza alako dirurik, zeñagatik urrutitu dezun gure semea.

        25. Zeren gu pozik geunden gure ezereztasunean, eta ondasun anditzat geneukan gure semea ikustea.

        26. Esan zion Tobiasek: Ez ezazu negarrik egin: Gure semea osasunarekin allegatuko da, eta osasunarekin itzuliko da gugana, eta zure begiak ikusiko dute.

        27. Zeren sinisten det Jaungoikoaren aingeru onak laguntzen diola, eta ongi begiratzen duela berari dagozkion gauza guztiakgatik, gugana pozik itzuli dedin.

        28. Itz oietara, utzi zion amak negar egiteari, eta ixildu zan.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Joan zan bada Tobias, eta txakurrak jarraitu zion, eta gelditu zan lenbiziko ostatuan Tigris ibaiaren aldean.

        2. Eta atera zan oñak garbitzera, eta ona non irten zan arrai txit andi eta izugarri bat bera irestera.

        3. Zeñ ikusita Tobiasek, ikaraturik, deadar andi bat egin zuen, esaten zuela: Jauna, iretsi bear nau.

        4. Eta aingeruak esan zion: Eldu zaiozu egatsetik eta ekarri ezazu zuganontz. Egin zuenean au, atera zuen arrastaka leorrera, eta ikaraz zegoan bere oñetan.

        5. Orduan esan zion Aingeruak: Atera zazkiozu arrai orri tripak, eta gorde itzatzu bere biotza, eta beazuna, eta gibela, bada gauza oiek premiazkoak dira asko gaitz sendatzeko.

        6. Au eginik, bere aragien zati bat erre zuen, eta eraman zuten berakin biderako; eta gañerakoari gatza eman zioten, iduki zezaten bear zutena, Rajes Medoen errira allegatu artean.

        7. Orduan Tobiasek galdetu zion aingeruari, eta esan zion: Esan zadazu arren, nere anaia Azarias, zeñ miñantz sendatzeko izango dira onak, gordetzeko agindu didazun arraiaren zati oiek?

        8. Eta erantzunik aingeruak, esan zion: Jartzen badezu txingarren gañean arraiaren biotzaren zatitxo bat, bere keak igeserazitzen dio demonio mota guztiari, ala gizonagandik, nola emakumeagandik, alako moduan, non, ez dira berriz alderatzen berakgana.

        9. Eta beazuna da, lausoa daukatenen begiak igortziteko, eta sendatuko dira.

        10. Eta Tobiasek esan zion: Zeñ ostatutan nai dezu gelditu gaitezen?

        11. Eta erantzuten zuela aingeruak esan zuen: Bada emen gizon bat Ragel deritzana, zure aidea, zure tribukoa, zeñak daukan alaba bat, Sara deritzana, eta ez du besterik, ez gizasemerik, ez emakumerik, berau baizik.

        12. Zuri dagokizu bere atzienda guztia, eta zuk emaztetzat artu bear dezu.

        13. Eskatu zaiozu bada bere aitari, eta emango dizu emaztetzat.

        14. Orduan Tobiasek erantzun, eta esan zuen: Aditu det zazpi senarrekin ezkondu dala, eta il diradela; baita aditu ere det, demonio batek il zituela.

        15. Beldur naiz bada, neri ere au bera gertatu ez dizadan; eta izanik ni nere gurasoen seme bakarra, bear baño lenago jetxierazi ez dizaiodan beren zartzari obira naigabearekin.

        16. Esan zion orduan aingeru Rafaelek: Aditu nazazu, eta nik erakutsiko dizut, zeñ diran beren gañean demonioak eskubidea daukan aiek.

        17. Ezkontzen diranak alako prestaerarekin, non, alde erazitzen dioten berakgandik, eta beren gogotik Jaungoikoari, eta beren aragiaren gurak ala ase nai dituztenak, adimenturik ez duten zaldi eta mandoak bezela. Oiek dira zeñaen gañean daukan eskubidea demonioak.

        18. Baña zu, artzen dezunean emaztetzat, sarturik gelan, etzaite allegatu beragana iru egunean, eta etzera beste gauzatan ariko, baizik orazio egiten berarekin batean.

        19. Eta gau artan berean, errerik arraiaren gibela, iges egingo du demonioak.

        20. Bigarren gabean izango zera artua aitalen santuen elkartasunean.

        21. Irugarrenean iritxiko dezu bendizioa, jaio ditezen zuekgandik seme osasuntsuak.

        22. Iragorik irugarren gaua, artuko dezu donzella, semeak izateko amorio geiagorekin, aragiaren gurak asetzeko baño; iritxi dezazun semeakgan, Abrahamen jatorriari dagokion bendizioa.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Sartu ziran bada Ragelen etxean, eta Ragelek pozez artu zituen.

        2. Eta begiraturik Ragelek Tobiasi, Anna bere emazteari esan zion: Nere lengusuaren, zeñ antz andia daukan galai onek!

        3. Au esanik, galdetu zien: Nongoak zerate, o gazte gure anaiak? Erantzun zioten: Neptaliko tribukoak, Ninibeko katibuetatikoak gera.

        4. Esan zien Ragelek: Ezagututzen badezute Tobias nere lengusua? Badazaugu, erantzun zuten berak.

        5. Eta esanik berak alabantza andiak Tobiasgatik, esan zion aingeruak Rageli: Tobias, zeñgatik galdez zauden, da onen aita.

        6. Orduan Ragelek artu zuen besoartean, negarrez laztandu zuen; eta zotinka ari zala eldurik bere lepoari,

        7. Esan zuen: Bedeikatua zera zu, ene semea, zeren zera gizon on baten, eta txit on baten semea.

        8. Eta Anna bere emazteak, eta Sara bien alabak ere, negar egin zuten.

        9. Izketan egon ezkero, agindu zuen Ragelek ari bat il, eta aparia maneatzeko. Eta leiatzen zitzaiela maiean esertzeko,

        10. Tobiasek esan zion: Ez det nik gaur jango, ez edango emen, eskatzen dizudana egiten ez badidazu, eskeñtzen dizadazula ematea zure alaba Sara.

        11. Aditurik Ragelek itz oiek, ikaratu zan, jakiñik zer gertatu zitzaien bere alabarekin ezkondu ziran zazpi senarrai; eta asi zan beldurtzen, zorigaitz bera oni gertatu etzekion. Zegoala bada zalantzan, eta erantzuerarik batere eman gabe,

        12. Aingeruak esan zion: Ez ezazu beldurrik iduki oni emateko; zeren Jaungoikoaren beldur dan au da, zeñi eman bear zaion zure alaba emaztetzat. Argatik ez da besterik onen diña izan.

        13. Orduan Ragelek esan zuen: Ez det dudatzen, Jaungoikoak bere aurrean ontzat artu dituela nere erregu, eta negarrak.

        14. Eta uste det, argatik ekarri zaituztela nere etxera, nere alaba onek artu dezan bere aideen arteko senarra, Moisesen legearen araura. Argatik ez ezazu onezkero, emango dizudan dudarik iduki.

        15. Eta arturik bere alabaren eskuia, jarri zuen ukitzen ziola Tobiasen eskuiara, esaten zuela: Abrahamen Jaungoikoa, eta Isaaken Jaungoikoa, eta Jakoben Jaungoikoa izan bedi zuekin, eta berak elkartu zaitzatela, eta kunplitu dezala zuekgan bere bendizioa.

        16. Eta arturik papera, egin zuten ezkontzako eskritura.

        17. Eta oien ondoan egin zituzten eztaiak, Jaungoikoa bedeikatzen zutela.

        18. Eta Ragelek ots egin zion bere aurrera Anna bere emazteari, eta agindu zion, beste gela bat prestatu zezala;

        19. Zeñean sartu zuen bere alaba Sara, eta negar egin zuen.

        20. Eta esan zion: iduki ezazu biotz on, ene alaba, Zeruko Jaunak pozez bete zaitzala, irago dituzun naigabeakgatik.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Eta apaldu zutenean eraman zuten gizon gaztea bere emaztea zegoan gelara.

        2. Eta oroiturik Tobias aingeruaren itzakin, atera zuen bere zakutxotik gibelaren zati bat, eta jarri zuen ikatz erazekien gañean.

        3. Orduan Rafael aingeruak eldu zion demonioari, eta ipiñi zuen lotuta Egipto goiko eremuan.

        4. Orduan Tobiasek, zuzenturik donzellagana, esan zion: Ea, Sara, jaiki zaite, eta egin dizaiogun otoiz Jaungoikoari gaur, eta biar, eta etzi; zeren iru gau oiek iragoko ditugu Jaungoikoarekin bildurik, eta iragorik irugarren gaua, biziko gera senar emazteen gisara,

        5. Zeren gu santuen semeak gera, eta ezin gintezke elkartu, jentil, Jaungoikorik ezagututzen ez dutenen gisatara.

        6. Eta jaikitzen zirala batean, txit gogotik erregututzen zuten biak batean, osasunean iraunerazi zizaiela Jaungoikoak.

        7. Eta Tobiasek esan zuen: Gure gurasoen Jaun Jainkoa, bedeikatu zaitzatela zeruak eta lurrak, eta itsasoak, eta iturriak, eta ibaiak, eta beretan dauden, zuk egindako gauza guztiak.

        8. Zuk egin zinduen Adan lurrezko lokatzatik, eta eman ziñion Heba bere laguntzat.

        9. Eta orain Jauna, zuk badakizu artzen dedala nere arreba au emaztetzat; ez lujuriagatik, baizik bakarrik semeen amorioagatik, zeñatan izan dedin bedeikatua zure izena gizaldien gizaldietan.

        10. Sarak ere esan zuen: Urrikaritu zaite arren gurekin, Jauna, urrikaritu zaite arren gurekin, eta biok batean zartu gaitezela osasunarekin.

        11. Eta gertatu zan ollarrak kantatzen duen denboraren aldean, agindu zuen Ragelek otsegiteko bere morroioai (sic), eta joan ziran berarekin batean sepultura bat idikitzera.

        12. Zeren esaten zuen: Noaski nere alabagana alderatu ziran beste zazpi senarrai bezela, gertatu izango zaio.

        13. Idikirik sepultura, itzuli zan etxera Ragel, eta bere emazteari esan zion:

        14. Zure neskame bat bialdu ezazu, il ote dan ikustera, enterratu dezagun, eguna argitu baño lenago.

        15. Berak bereala bialdu zuen bere neskame bat, zeñak, sarturik gelan, arkitu zituen ongi, eta osasunarekin, biak batean lo zetzatela.

        16. Eta itzuli zan albista ematera, eta orduan alabatu zuten Jaungoikoa, ala Ragelek, nola Anna bere emazteak,

        17. Eta esan zuten: Alabatzen zaitugu, Israelko Jaun Jainkoa, ez dalako gertatu, uste genduen bezela;

        18. Baizik urrikaritu zera gurekin, eta bota dezu gugandik, persegitzen ginduen etsaia.

        19. Eta urrikaritu zera bi seme alaba bakarrakin. Egin ezazu, Jauna, berak geiago eta geiago bedeikatu zaitzatela, eta eskeñi dizazutela alabanzako doaña, beren osasunagatik, ezagutu dezan mundu guztiak, zu zerala lur guztian Jaungoiko bakarra.

        20. Eta bereala agindu zien Ragelek bere morroiai, eguna argitu baño lenago, bete zezatela, egin zuten zuloa,

        21. Eta esan zion bere emazteari, prestatu zezala konbit bat, eta maneatu zezala, bideanteak jan bear duten guztia.

        22. Illerazi ere zituen bi bei gizen, eta lau ari, eta otsegin zien janedanera bere auzoko eta adiskide guztiai.

        23. Gero Ragelek juramentuerazi zion Tobiasi, berarekin bi astean geldituko zala.

        24. Eta Ragelek eman zion Tobiasi, zeuzkan ondasun guztien erdia, eta egin zuen eskritura bat, gelditzen zizaion beste erdiaren jabe izango zala Tobias, berak iltzen ziranean.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Orduan Tobiasek ots egin zion beragana aingeruari, zeñ berak ziertoro zeukan gizontzat, eta esan zion: Ene anaia Azarias, erregututzen dizut, arren aditu ditzatzula nere itzak.

        2. Zure mendekotzat jarriko banintzake ere, ezin pagatuko nituzke zure mesedeak.

        3. Alaere erregututzen dizut, artu ditzatzula zurekin abereak, eta morroiak, eta joan zaitezela Gabelogana Rajes Medoen errira, eta biurtu dizaiozula bere erreziboa, eta artu dirua, eta erregutu etorri dedilla nere eztaietara.

        4. Zeren zerorrek dakizu nere aita dagoala egunak kontatzen, eta egun bat geiago luzetzen badet, bere anima naigabetuko da.

        5. Ikusten ere dezu nola juramentu eginerazi didan Ragelek, eta juramentu au ezin nezake gutxitan iduki.

        6. Orduan Rafael, arturik Ragelen lau morroe, eta bi gamelu, zuzendu zan Rajes Medoen errira: eta arkiturik Gabelo, biurtu zion bere erreziboa, eta artu zuen, onek eman zion diru guztia.

        7. Eta adirazi zion, Tobias Tobiasen semearekin irago zan guztia, eta berarekin eztaietara etorrierazi zion.

        8. Eta sarturik Ragelen etxean, arkitu zuen Tobias maiean eseria zegoala, zeñ bereala jaikirik, elkar laztandu zuten; eta Gabelok negar egin zuen, eta bedeikatu zuen Jaungoikoa.

        9. Eta esan zuen: Israelko Jaungoikoak bedeikatu zaitzala, zeren gizon txit on, eta justo, eta Jaungoikoaren bildurreko, eta limosnak egiten dituenaren semea zeran,

        10. Eta bendizio au erori dedilla zure emaztearen gañera, eta zuen gurasoen gañera;

        11. Eta ikusi ditzazutela zuen semeak, eta zuen semeen semeak, irugarren eta laugarren giza aldiraño, eta zuen jatorria izan bedi, Israelko Jaungoiko, mendez mende bizi danak bedeikatua.

        12. Eta erantzunik guztiak Amen, maiean jarri ziran; eta zelebratu zituzten eztaiak, Jaungoikoaren beldurrean.

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Baña nola Tobiasi luzetzen zaion eztaiakgatik, bere aita Tobias zegoan arduratan, eta esaten zuen: Nork daki zergatik luzetzen zaion nere semeari, edo zergatik an gelditu dan?

        2. Gabelo il ote da, eta ez ote dago nork itzuli dizaion dirua?

        3. Eta asi zan txit tristetutzen, eta Anna bere emaztea berarekin, eta biak batean negarrez asi ziran, beren semea egun izendatuan berakgana etzetorrelako.

        4. Batezere bere amak, iñolaere poztu ezinik, negar egiten zuen, eta esaten zuen: Ai, ai nere zorigaiztokoa, ene semea! Zertako lur urrutietara bialdu zindugun gure begien argia, gure zarzaroko laguntza, gure bizitzaren pozgarria, gure ondorearen ustea?

        5. Zugan geneuzkan ezkero gauza guztiak batean, ez giñizun utzi bear gugandik joaten.

        6. Tobiasek berriz esaten zion: ixillikan zaude arren, etzaite estutu, gure semea osasunarekin dago. Txit leiala da gizon hura, zeñarekin bialdu genduen.

        7. Baña bera iñolaere ezin gozatu zan, baizik egunoro iges eginik kanpora, alde guztietara begiratzen zuen, eta ingurututzen zituen bide guztiak, zeñatatik itxedotzen zuen itzuli litekeala, ikusteko etortzen, al baldin bazan, urrutitikan.

        8. Ragelek berriz esaten zion bere suiari: Emen zaude, eta nik bialduko diot zure aita Tobiasi mandatari bat, zure osasunaren berriakin.

        9. Baña Tobiasek erantzun zion: Nik badakit nere aita, eta nere ama daudela orain egunak kontatzen, eta beren espiritua dagoela apurtzen berakgan.

        10. Eta itz askorekin erreguturik Ragelek Tobiasi, eta berak iñolaere ez nairik aditu, eman zion Sara, eta bere atzienda guztiaren erdia, mendeko gizaseme eta emakumeetan, abereetan, gameluetan, eta beietan, eta diru zati andi batean; eta utzi zion osasunarekin, eta pozik bere etxetik joaten,

        11. Esaten zuela: Jaunaren aingeru santua izan bedi zuen bidean, eta zuzendu zaitzatela osasunarekin, eta arkitu ditzazutela izaera txit onean zuen gurasoak, eta beren gauza guztiak, eta nere begiak ikusi ditzatela zuen semeak, il nadin baño lenago.

        12. Eta arturik gurasoak beren alaba, laztandu zuten, eta utzi zioten joaten,

        13. Esaten ziotela: Ait-amagiarrabak onratu zitzala, senarra maitatu zezala, etxekoak zuzen azi zitzala, etxea zintzo gobernatu zezala, eta gauza guztiak barrendiko kezka gabe egin zitzala.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Jarririk bada bidean, allegatu ziran amaika egunean Txaranera, zeñ dagoan, Ninibera dijoan bidearen erdian.

        2. Eta aingeruak esan zion: Ene anaia Tobias, badakizu zer izaeratan utzi zenduen zure aita.

        3. Argatik baderitzazu, aurreratu gaitezen, eta geldika geldika betoz jarraituaz gure bideari morroiak, zure emazte eta abereakin batean.

        4. Erabakirik bada onela bidean joatea, Rafaelek Tobiasi esan zion: Ekarri ezazu zurekin arraiaren beazuna, zeren bearko da. Artu zuen bada Tobiasek beazun hura, eta joan ziran.

        5. Anna berriz joan oi zan egun guztietan esertzera bidearen aldean mendi baten tontorrean, nondik urrutira begiratu zezakean.

        6. Zegoala bada bein batean toki goratu artatik begira, ote zetorren bere semea, urrutitik ikusi zuen, eta berealaxe ezagutu zuen, eta korrika joan zan, bere senarrari berria ematera, esaten zuela: Begira ezazu, zure semea badatorrela.

        7. Eta Rafaelek Tobiasi esan zion: Zure etxean sartzen zeranean, bereala adoratu ezazu zure Jaun Jainkoa; eta eskerrak emanik, alderatu zaite zure aitagana, eta laztandu ezazu.

        8. Eta bereala igortzi itzatzu bere begiak, zurekin dakarzun, arraiaren beazun onekin, zeren jakin ezazu, laster idikiko zaiozkala bere begiak, eta ikusiko du zure aitak zeruko argia, eta zu ikusiarekin poztuko da.

        9. Orduan, biajean berakin joan zan txakurra, korrika aurreratu zan, eta albistarekin zetorren mandataria bezela, jostatzen zan, bere isatsarekin pozkeriak egiten zituela.

        10. Eta jaikitzen zala aita itsua, asi zan korrika joaten bere oñakin estropezuka, baña mutil bati eskua emanik, bere semeari bidera atera zitzaion.

        11. Eta laztandurik, musu eman zion, orobat egiten zuela amak ere, eta biak pozarren negarrez asi ziran.

        12. Eta Jaungoikoa adoratu, eta berari eskerrak eman ezkero, eseri ziran.

        13. Orduan Tobiasek, artzen zuela arraiaren beazuna, bere aitaren begiak igortzi zituen.

        14. Zeñ egon zan ala itxedotzen ordu erdi bezelatsu, eta asi zan irtetzen bere begietatik lausoa, arraultza baten mintzaren antzekoa.

        15. Eta eldurik berari Tobiasek, begietatik atera zion, eta bereala argitu zan.

        16. Eta Jaungoikoari eskerrak ematen ziozkaten, ala berak, nola bere emazteak, eta ezagututzen zuten guztiak.

        17. Eta Tobiasek esaten zuen: Bedeikatzen zaitut, o Israelko Jaun Jainkoa, zeren zuk kastigatu nazu, eta zuk sendatu nazu; eta nik onezkero ikusten det nere seme Tobias.

        18. Eta andik zazpigarren egunean, Sara bere semearen emaztea ere allegatu zan, eta familia guztia osasunarekin, eta abereak, eta gameluak, eta emaztearen diru asko, baitaere Gabelori kobratu zion diru hura:

        19. Eta kontatu ziezten Tobiasek bere gurasoai, bera bidean zuzendu zuen gizon aren bitartez, Jaungoikoagandik artu zituen mesede guztiak.

        20. Etorri ziran gero Akior eta Nabath, Tobiasen lengusuak, poztu eta gozatzera berarekin, Jaungoikoak egin ziozkan mesede guztiak gatik.

        21. Eta eginik jan edanak zazpi egunean, guztiak txit poz andiarekin jostatu ziran.

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Orduan Tobiasek ots egin zion beragana bere semeari, eta esan zion: Zer eman dizaiokegu, zurekin etorri dan gizon santu oni?

        2. Erantzuten zuela Tobiasek, esan zion bere aitari: Aita, zer ordaiñ emango diogu? Edo zer izan daiteke bere mesedeen duiñ?

        3. Berak osasunarekin eraman, eta ekarri nau, berak Gabeloren dirua eskuratu zidan, berak emaztea eratu dit, berak onegandik demonioa aienatu du, bere gurasoak poztu ditu, berak arraiaren ortz-agiñetatik gorde ninduen, zuri ere egin dizu ikusi dezazula zeruko argia, eta bere bitartez ondasun andien jabe egin gera. Oiekgatik, zer gauza duiñ eman dizaiokegu?

        4. Ala bada eskatzen dizut, ene aita, erregutu dizaiozula, artu naiko ote dituen beretzat, ekarri diran gauzetatik erdiak.

        5. Eta ots egiten ziotela, au da, aitak eta semeak, artu zuten bakarrean, eta asi zitzazkion erregututzen, ontzat iduki zezala artzea, ekarri zuten guztiaren erdia.

        6. Orduan berak ixillean esan zien: Bedeikatu ezazute zeruko Jaungoikoa, eta alabatu ezazute bizidun guztien aurrean, bere urrikaltasuna zuekin egin duelako.

        7. Zeren erregeak esandako ixilgauza ezkutuan idukitzea, ongi da; baña agertu, eta alabatzea Jaungoikoaren gauzak, da gauza onratsua.

        8. Ona da orazioa, baraua lagun duela; eta limosna ematea, urrezko tesoroak gordeta idukitzea baño asko obeagoa,

        9. Zeren limosnak libratzen du eriotzatik, eta bera da bekatuak garbitzen dituena, eta iritxitzen duena urrikaltasuna, eta betiko bizitza.

        10. Bekatu eta gaiztakeria egiten dutenak berriz, beren animaren etsaiak dira.

        11. Egia agertzen dizutet bada, eta ixilleko gauza bat ez dizutet estaliko.

        12. Erregututzen zenduenean malkoakin, eta obiratzen ziñituenean illak, eta utziten zenduenean zure janaria, eta ezkutatzen ziñituenean illak egunaz zure etxean, eta gauaz obiratzen ziñituenean, nik jartzen niozkan aurrean Jaunari zure erreguak.

        13. Eta Jaungoikoaren gogokoa ziñalako, gauza bearra zan tentazioak probatu zinzala.

        14. Eta orain bialdu nau Jaunak, zu sendatzera, eta Sara zure semearen emaztea demonioagandik libratzera.

        15. Zeren ni naiz Rafael aingerua, Jaunaren aurrean gauden zazpiretatik bat.

        16. Itz oiek aditzean, nasatu ziran, eta beldurrez ikara erori ziran lurrean beren arpegien gañean.

        17. Eta aingeruak esan zien: Pakea izan bedi zuekin, etzaitezte beldur izan.

        18. Zeren zuekin nengoanean, Jaungoikoaren borondatez nengoan. Bedeikatu ezazute bera, eta bere alabanzak kantatu zaiozkazute.

        19. Zirudian egiaz nik zuekin jaten eta edaten nuela; baña ni bizi naiz, ikusi ezin lezakean janari bat janda, eta gizonek ikusia ezin izan lezakean edari bat edanda.

        20. Denbora da bada, ni itzultzeko, bialdu ninduenagana; Zuek berriz bedeikatu ezazute Jaungoikoa, eta kontatu itzatzute bere mirari guztiak.

        21. Eta au esan zuenean, ezkutatu zan beren begietatik, eta ezin ikusi izan zuten geiago.

        22. Orduan auzpezturik beren aupegien gañean iru orduan, bedikatu zuten Jaungoikoa, eta jaikitzen ziradela, kontatu zituzten bere mirari guztiak.

 

AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Eta idikitzen zuela bere aoa Tobias zarrak, bedeikatu zuen Jauna, eta esan zuen: Andia zera, Jauna, betiko, eta zure erreñua mendez mende.

        2. Zuk zauritzen dezu, eta ematen dezu osasuna. Zuk eramaten dezu sepulturaraño, eta berriz biztutzen dezu, iñork igesik ezin egin dezakeala zure eskuetatik.

        3. Bedeikatu ezazute Jauna, Israelko semeak, eta alabatu ezazute jendeen aurrean.

        4. Zeren argatik zabaldu zaituzte, ezagututzen ez duten jendeen aurrean, zuek kontatu ditzazuten bere mirariak, eta jakinerazi dizaiezuten, ez dala beste Jaungoiko, guzia al dezakeanik, bera baizik.

        5. Berak kastigatu ginduen gure gaiztakeriak gatik, eta berak salbatuko gaitu bere urrikaltasuna gatik.

        6. Ikusi itzatzute, bada, gurekin egin dituen gauzak, eta beldurrez eta ikaraz alabatu ezazute, eta goratu ezazute mendeen erregea zuen obretan.

        7. Nik berriz nere katiberioko errian alabatuko det, erakutsi duelako bere anditasuna jende bekatari baten gañean.

        8. Itzuli zaitezte, bada, bekatariak, eta egin itzatzute gauza justoak Jaungoikoaren aurrean, sinisten dezutela, bere urrikaritasuna zuekin egingo duela.

        9. Bada ni, eta nere anima beragan poztuko gera.

        10. Bedeikatu ezazute Jauna bere autu guztiak, iduki itzatzute pozezko egunak, eta alabatu ezazute.

        11. O Jerusalen, Jaungoikoaren erria, Jaunak kastigatu zaitu zure eskuetako obrakgatik.

        12. Gloriaz bete ezazu Jauna, egin dizkizun mesedeakgatik, eta bedeikatu ezazu mendeen Jaungoikoa, berriz egin dezan zugan bere tabernakuloa, eta itzuli ditzan zugana katibu guztiak, eta gozatu zaitezen mendeen mendeetan.

        13. Distiatuko zera argi txit eder batez, eta adoratua izango zera lurreko muga guztietan.

        14. Urrutiko erreñuak zugana etorriko dira, eta ekartzen dituztela doañak, adoratuko dute zugan Jauna, eta zure lurra idukiko dute santutzat.

        15. Zeren zure barrenen ots egingo diote izen andiari.

        16. Madarikatuak izango dira mezpreziatzen zaituztenak, eta kondenatuak izango dira blasfematzen zaituztenak; eta berriz egiten zaituztenak, izango dira bedeikatuak.

        17. Eta zu poztuko zera zure semeetan, zeren guztiak izango dira bedeikatuak, eta bilduko dira Jaunarekin.

        18. Doatsuak maitatzen zaituzten guztiak, eta zure pakeagatik gozatzen diradenak.

        19. Nere anima, bedeikatu ezazu Jauna, libratu zuelako Jerusalen bere erria bere naigabe guzietatik, gure Jaun Jaungoikoak.

        20. Zorionekoa izango naiz ni, nere jatorriko kutsuren batzuek gelditzen badira, ikusteko Jerusalenen argitasuna.

        21. Jerusalengo ateak safiroz, eta esmeraldaz egiñak izango dira, eta bere murruen inguru guztia arri baliotsuz.

        22. Bere karrika guztiak arri zuriz eta garbiz izango dirade arlosatuak, eta bere alde guzietan kantatuko da Aleluia.

        23. Bedeikatua izan dedilla goratu duen Jauna: eta mendez mende erreñatu dezala bertan. Amen.

 

AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Onela bukatu zuen Tobiasek bere kantatxoa. Berrogeita bi urtean bizi izan zan Tobias, begiak argituak izan zitzaiozkan ezkero; eta ikusi zituen bere illoben semeak.

        2. Kunpliturik bada eun eta bi urteak, obiratua izan zan Niniben onra txit andiarekin.

        3. Zeren berrogeita amasei urtekoa zan itsutua gelditu zanean, eta irurogei urtekoa zala, argitua izan zan.

        4. Bere bizitzaren gañerako denbora guztia, pozezkoa izan zan, eta txit asko aurreraturik Jaungoikoaren beldurrean, eriotza on bat izan zuen.

        5. Eta bere eriotzako orduan ots egin zien beragana bere seme Tobiasi, eta zazpi galai, onen seme, bere illobai, eta esan zien:

        6. Aldean egon bear bide du Niniberen galmenak, zeren Jaunaren itza ezin gelditu daiteke utsean, eta gure anaia, Israelko lurretik kanpora barreiatuak daudenak, itzuliko dira bertara.

        7. Eta bere lur, eremutua dagoan guztia, izango da berriz jendez betea, eta bertan errea izan dan Jaungoikoaren etxea, izango da berriz egiña. Eta Jaungoikoaren beldurra daukaten guztiak ara itzuliko dira,

        8. Eta jendeak utziko dituzte beren idoloak, eta Jerusalenera etorriko dira, eta bertan biziko dira.

        9. Eta an gozatuko dira lurreko errege guztiak, Israelko erregea adoratzen dutela.

        10. Aditu nazazute bada, ene semeak, ni zuen aita. Serbitu ezazute Jauna biotz ziñarekin, eta ikasi ezazute nola egingo dituzuten bere gogokoak diran gauzak.

        11. Eta agindu zaiezute zuen semeai, egin ditzatela justiziako obrak, eta eman ditzatela limosnak, Jaungoikoa gogoan erabilli dezatela, eta bedeikatu dezatela denbora guztietan biotz ziñarekin, eta alegin guztiarekin.

        12. Ea bada, nere semeak, aditu ezazute esaten dizutedana, eta etzaitezte emen gelditu, baizik zuen ama nere aldean sepultura batean obiratzen dezuten egunean, egun orretan zuzendu itzatzute zuen pausoak emendik ateratzera.

        13. Zeren ikusten nago, bere gaiztakeriak daramatela erri au bere galmenera.

        14. Ala bada Tobiasek, bere ama il zitzaionean, alde egin zuen Ninibetik bere emazte, seme, eta bere semeen semeakin, eta biurtu zan bere Ait-amagiarrabakgana.

        15. Eta arkitu zituen osasunarekin zartza onean, eta zaitu zituen, eta berak itxi ziezten begiak, eta Ragelen etxeko gauza guztien jabe izatera allegatu zan. Eta ikusi zituen bere semeen semeak bosgarren gizaaldiraño.

        16. Atzenean kunpliturik larogeita emeretzi urte Jaunaren beldurrean, pozez obiratu zuten.

        17. Eta bere aide guztiak, eta bere jatorriko guztiak iraun zuten bizitza onean, eta obra onak egiten zituztela, alako moduan, non, izan ziran Jaungoikoaren, eta gizonen, eta lurrean bizi ziraden guztien gogokoak.

 

aurrekoa hurrengoa