www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

SALOMONEN PROBERBIOETAKO LIBURUA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Salomon Dabiden seme, Israelko erregearen parabolak.

        2. Ikasteko jakinduria, eta dotriña.

        3. Aditzeko prudenziako itzak, eta artzeko dotriñaren jakinduria, justizia, eta zentzua, eta berdintasuna.

        4. Emateko aurrai astruzia, gazteari jakinduria, eta aditza.

        5. Aditurik jakintsuak, jakintsuago izango da, eta konprenditzen dituela, izango da lemaen jabe.

        6. Azertatuko du parabola, eta azaldaera, jakintsuen itzak, eta beren galde nastuak.

        7. Jakinduriaren asiera Jaunaren beldurra da. Zentzugabeak mezpreziatzen dute jakinduria, eta dotriña.

        8. Aditu ezazu, ene semea, zure aitaren erakutsia, eta ez ezazu utzi zure amaren legea.

        9. Berak izango dira zuretzat koroe bat bezela zure bururako, eta apaingarri bat zure leporako.

        10. Ene semea, bekatariak balakuak egiten badizkizute, etzaite berakgandu.

        11. Esaten badute: Atoz gurekin, jarri gaitezen azeloan lagun urkoa iltzeko, ezkutatu ditzagun eizareak, zergatik iduki gabe, kulpa gabearen kontra.

        12. Iretsi dezagun bizirik, sepulturak gorputz illak iresten dituen bezela, eta guztia osorik leize batean eroriko balitza bezela;

        13. Arkituko degu ondasun mota guztia, eta beteko ditugu gure etxeak ango gauza ederrez.

        14. Elkartu zaite gurekin; bat bakarra izan bedi gure guztioen bolsa:

        15. Ene semea, etzaite berakin ibilli, ez ezazu zure oñik ipiñi beren bideetan.

        16. Zeren beren oñak korrika dijoaz gaitzera, eta arin egiten dute odola isuritzera.

        17. Baña alperrik botatzen da sarea, egoak dauzkatenen begien aurrean.

        18. Berak ere ipintzen dituzte ezkutuan beaztopoak beren bizitzen kontra, eta asmatzen dituzte engañuak, beren animen kontra.

        19. Ala zikoitz guztiak dabiltzan bideak, daramazki beren animak, gogorki arrapatuta, betiko galmenera.

        20. Jakinduriak kanpoan predikatzen du, eta karrikaetan jasotzen du bere boza.

        21. Jende taldeen buruan deadar egiten du, erriko ateen sarreretan ateratzen ditu bere itzak, esaten duela:

        22. Noizarteraño, o aurrak, maitatuko dituzute aurkeriak, eta zentzugabeak idukiko dituzte, berentzat kaltegarriak diraden gauzen gurariak, eta prudenziagabeak gorroto izango diote jakinduriari?

        23. Konbertitu zaitezte nere errierten indarrera. Begira nere espiritua itsatsiko dizutedala, eta erakutsiko dizutet nere dotriña.

        24. Ots egin nizutelako, eta esan zendutelako ezetz, luzatu nizuten nere eskua, eta etzan izan nork begiratu.

        25. Mezpreziatu zenduten nere konseju guztia, eta nere erriertai etziñioten kasorikan egin.

        26. Nik ere zuen eriotzan farra egingo det, eta iseka egingo dizutet, beldur ziñioten hura etortzen zatzutenean.

        27. Ustekabean erortzen zatzutenean atsekabea, eta etortzen zatzutenean galmena, ekaitz bat bezela zuen gañera datorrenean estutasuna, eta ansia.

        28. Orduan ots egingo didate, eta ez ditut adituko. Goiz jaikiko dira, eta ez naute arkituko,

        29. Gorroto iduki ziotelako erakutsiari, eta Jaunaren beldurra etzutelako artu,

        30. Etzituztela aditzen nere konsejuak, eta gaizki esaten zutela nere errierta guztiakgatik.

        31. Jango dituzte bada beren bideko frutuak, eta beren konsejuz aseko dirade.

        32. Alde egiteak aur biurtutako oietatik, ilko ditu, eta zentzugabekoen ongi izateak, galduko ditu.

        33. Ni aditzen nauenak berriz, beldur gabe atsedengo du, eta ugaritasunean igeri egingo du; gaitzen beldurra kendurik.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Ene semea, artuko baziñitu nere itzak, eta ezkutatuko baziñitu zure barrenen nere aginteak,

        2. Zure belarriak jakinduria adituko duten eran, etsigi ezazu zure biotza prudenzia ezagutzera.

        3. Zeren ots egingo baziñioke jakinduriari, eta makurtuko bazeneza zure biotza prudenziarontz,

        4. Billatuko bazeneza dirua bezela, eta aterako bazeneza obitua dagoen tokitik tesoroak bezela,

        5. Orduan adituko dezu Jaunaren beldurra, eta arkituko dezu Jaungoikoaren jakinduria.

        6. Zeren Jaunak ematen du jakinduria; eta bere aotik prudenzia eta ezaguera.

        7. Bera da zuzenen osasunaren gordetzallea, eta tolesgabetasunean dabiltzanen laguntzallea,

        8. Iraunerazitzen diena zuzentasuneko bidetxidorrai, eta santuen bideak gordetzen dituena.

        9. Orduan adituko dezu bidetxidor on guztiaren justizia, eta juizioa, eta berdintasuna.

        10. Zure biotzean jakinduria sartuko balitza, eta jakinduria balitza zure animaren gogoko gauza,

        11. Konsejuak zaituko zaitu, eta prudenziak irauneraziko dizu.

        12. Bide txarretik libratu zaitezen, eta gauza gaiztoak esaten dituen gizonagandik.

        13. Bide zuzena utzitzen dutenak, eta bide illunetatik dabiltzanak.

        14. Gaizki egiten dutenean gozatzen diranak, eta pozez gora goraka ari diradenak gauza txit gaiztoetan.

        15. Zeñaen bideak biurriak diraden, eta beren pausoak desonratuak.

        16. Besteren andreagandik libratu zaitezen, baita ere itz labañak esaten dituen andre arrotzagandik,

        17. Eta bere larrañarako gialaria utzitzen duenagandik,

        18. Eta bere Jaungoikoaren elkartasunarekin aztu danagandik. Zeren bere etxea eriotzarontz makurtua dago, eta bere bidetxidorrak infernuetarontz.

        19. Beragana sartzen diraden guztiak, ez dira itzuliko, eta ez dituzte berriz artuko bizitzako bideak.

        20. Bide onean zu ibilli zaitezen, eta justoen bidetxidorrak zaitu ditzatzun.

        21. Zeren zuzenak diradenak, biziko dirade lurrean, eta tolesgabeak beratan iraungo dute.

        22. Gaiztoak berriz lurretik desegiñak izango dirade; eta gaiztakeria egiten dutenak, beratatik kenduak izango dirade.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Ene semea, nere legeaz etzaite aztu, eta gorde itzatzu zure biotzean nere aginteak,

        2. Zeren berak geituko dizkizute bizitzako egunak, urteak, eta pakea.

        3. Ez bitzate zugandik alderik egin urrikaltasunak eta pakeak. Ipiñi itzatzu zure eztarriaren inguruan, eta jarri itzatzu itsatsita zure biotzeko oletan,

        4. Eta arkituko dezu grazia eta iritzi ona Jaungoikoaren eta gizonen aurrean.

        5. Zure biotz guzitik iduki ezazu itxedopena Jaunagan, eta etzaite irozo zure zentzuan.

        6. Zure bide guzietan bera gogoan erabilli ezazu, eta berak zuzenduko ditu zure pausoak.

        7. Etzaite jakintsua izan zerorregan, Jainkoaren beldur izan zaite, eta alde egin ezazu gaitzetik.

        8. Onela idukiko du zure aragiak osasun sendoa, eta zure ezurrak ezadez beteak egongo dirade.

        9. Onratu ezazu Jauna zure aziendarekin, eta eman zaiozkazu berari zure frutuen lenbizietatik,

        10. Eta asetasunez beteko dira zure aletegiak, eta zure dolareak ardoz gañez egingo dute.

        11. Ez ezazu, ene semea, zugandik bota Jaunaren itz, gaitza zuzentzen duena, eta etzaite ere desalaitu, berak errierta egiten dizunean.

        12. Zeren, Jaunak, maitatzen duena kastigatzen du, eta aita bat bere semeagan bezela, ala gozatzen da beragan.

        13. Zorionekoa, jakinduria arkitu duen gizona, eta zentzua ugari daukana.

        14. Bere jabe eginik gelditzea, obe da, zillarraren merkataritza baño, eta bere frutuak, urrerik onenaren eta garbienarenak baño obeagoak.

        15. Balio andiagokoa da aberastasun guztiak baño, eta gura izan ditezken gauza guztiak, ezin litezke berarekin konparatu.

        16. Bere eskuiko eskuan dakar bizitza luzea, eta bere ezkerreko eskuan aberastasunak, eta gloria.

        17. Bere bideak, bide ederrak, eta bere bidetxidor guztiak paketsuak.

        18. Bizitzako zuaitza da, iritxiten dutenentzat, eta zorionekoa da bera itsatsita daukana.

        19. Jaunak jakinduriarekin fundatu zuen lurra, jarri zituen eginda zeruak zentzuarekin.

        20. Bere jakinduriagatik jarioan jarri ziran urezko jatorri ugariak, eta odeiai intza dariote.

        21. Ene semea, ez bezate alderik egin zure begien aurretik gauza oiek; gorde ezazu legea eta nere konsejuak.

        22. Eta zure animak idukiko du bizia, eta zure eztarriak grazia ederra.

        23. Orduan ibilliko zera itxedopenarekin zure bidean, eta zure oñak ez du beaztoporik egingo.

        24. Lo egiten badezu, etzera beldur izango, atsedengo dezu, eta gozoa izango da zure loa.

        25. Ez ezazu batbateko izuaren beldurrik iduki, ezta zure gañera etorri litezken gaiztoen eraso sendoenik ere.

        26. Zeren Jauna egongo da zure aldean, eta zaituko du zure oña, arrapatua izan etzaitezen.

        27. Etzaiozu galerazi on egitea, al duenari. Al badezu, zuk ere egin ezazu.

        28. Etzaiozu esan zure adiskideari: Zoaz, eta itzuli zaite, biar emango dizut, gaur eman zenezaiokenean.

        29. Etzaite ibilli zure adiskideari gaitz egiteko asmazioetan, berak zugan itxedopena daukan ezkero.

        30. Etzaite elean aritu arrazoi gabe, gaitzik batere egin ez dizun gizon huraren kontra.

        31. Ez ezazu gizon gaiztoaren enbidiarikan iduki, eta etzaiezu ere bere bideai jarraitu.

        32. Zeren Jaunaren nazka da burlari guzia, eta bere izketa tolesgabeakin.

        33. Jaunak sartzen du premia, gaiztoaren etxean; justoen bizilekuak berriz bedeikatuak izango dirade.

        34. Berak burla egingo die burlariai, eta otsanai emango die grazia.

        35. Gloriaren jabe izango dira jakintsuak, jakinduria gabeen gora igoera, lotsaria.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Aditu itzatzute, ene semeak, aita baten erakutsiak, eta arretaz zaudete zentzua ikasteko.

        2. Doai on bat emango dizutet, ez ezazute nere legea utzi.

        3. Zeren ni ere nintzan nere aitaren semea, samurtxoa, eta bakarra nere amaren aurrean.

        4. Eta ematen zizkidan erakutsiak, eta esaten zidan: Artu bitza zure biotzak nere itzak, gorde itzatzu nere aginteak, eta biziko zera.

        5. Egin ezazu alegiña jakintsua izateko, eta zentzua iritxitzeko, eta etzaite aztu nere aoko itzakin, eta ez ezazu beretatik alderik egin.

        6. Ez ezazu utzi jakinduria, eta berak zaituko zaitu. Maitatu ezazu, eta bera izango da zure salbazioa.

        7. Jakinduriaren asiera da bere jabe izatera allegatzeko nekatzea, eta dauzkazun gauza guztiakin egin ezazu alegiña, zentzutua izatera allegatzeko.

        8. Zugan dan guztia egin ezazu bera iritxitzeko, eta berak goratuko zaitu. Berak gloriaz betea izango zera, bera laztantzen dezunean.

        9. Emango dizkizu zure bururako apaingarri ederrak, eta ipiñiko dizu koroa txit argitsu bat.

        10. Aditu ezazu, ene semea, eta artu itzatzu nere itzak, zure bizitzako urteak ugaritu ditezen.

        11. Erakutsiko dizut jakinduriako bidea, berdintasuneko bidetxidorretatik zuzenduko zaitut,

        12. Zeñaetan zu sartu ezkero, ez dira estutuko zure pausoak, eta korrika ibillirik, ez dezu beaztoporik idukiko.

        13. Iduki itzatzu elduta erakutsiak, etzaiozkazu utzi, gorde itzatzu, zeren berak dirade zure bizia.

        14. Etzaite gozatu gaiztoen bidetxidorretan, eta ez bedi ere izan zure gogokoa gaiztoen bidea.

        15. Iges egin ezazu beratatik, eta etzaite andik irago. Alde egin ezazu, eta utzi ezazu.

        16. Zeren gaiztoak ez dute lorik egiten, lenago gaitzen bat egin ez badute, eta lenago norbait galdu ez badute, ezin loak artu ditu.

        17. Gaiztakeriako ogia jaten dute, eta biurrikeriako ardoa edaten dute.

        18. Justoen bidetxidorra berriz da argi eder, geituaz dijoan, eta egunaren erdiraño azitzen dan bat bezelakoa.

        19. Gaiztoen bidea illuna da, non eroriko diran ez dakite.

        20. Ene semea, aditu itzatzu nere itzak, eta zeartu ezazu zure belarria nere esanetara.

        21. Ez bezate alderik egin zure begietatik, gorde itzatzu zure biotzaren erdian.

        22. Zeren arkitzen dituztenentzat bizitza dirade, eta aragi guztiarentzat osasuna.

        23. Arreta guztiarekin gorde ezazu zure biotza, zeren beratatik dator bizitza.

        24. Alde erazi zaiozu zugandik mingañ gaiztoari, eta ezpañ murmuratzalleak zugandik urrutian egon bitez.

        25. Zure begiak gauza zuzenak ikusi bitzate, eta zure betazalak joan bitez zure pausoen aurretik.

        26. Zuzendu ezazu bidetxidorra zure oñentzat, eta zure bide guztiak sendoak izango dirade.

        27. Etzaite zeartu eskuiera, ez ezkerrera. Alderazi zaiozu zure oñari gaitzetik, zeren Jaunak maitatzen ditu eskuiean dauden bideak; ezkerretik dauden bideak berriz galmeneko bideak dirade. Berak berriz egingo du zure bidea zuzena izan dedilla, eta zure bidean aurrera ongi joan zaitezela.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Zaude arretaz, ene semea, nere jakinduriak erakusten dizunera, eta zeartu ezazu zure belarria nere zentzuaren esanetara;

        2. Nere konsejuak gorde ditzatzun, eta nere erakutsiak zure ezpañetatik alderik egin ez dezaten. Ez itzatzu aditu emakumearen labañkeriak.

        3. Zeren bordionaren ezpañak dira, eztia darioten abaraska bat bezela, eta bere itzak dira olioa baño leunagoak.

        4. Bere atzenak berriz dira samiñak asensioa bezela, eta zorrotzak ao biko ezpata bezela.

        5. Bere oñak eriotzara jetxitzen dirade, eta bere pausoak sartzen dirade infernuetaraño.

        6. Bizitzako bidetik ez dabiltza, aldakorrak dira bere pausoak eta aditueziñak.

        7. Orain bada, ene semea, aditu nazazu, eta ez ezazu alderik egin ematen dizkizudan erakutsietatik.

        8. Urrutira iges egin ezazu beragandik, eta etzaite alderatu bere etxeko ateetara.

        9. Etzaiozu eman zure onra besteren emakumeari, ezta ere zure urteak emakume biotz gogorreko bati,

        10. Baldin ez badezu nai arrotzak aberastu ditezen zure ondasunakin, eta beste baten etxera joan ditezela zure izerdiakin irabaziak.

        11. Eta negar egin ez dezazun zure atzeneko egunetan, galdu dituzunean zure aragiak, eta zure gorputza, eta esaten dezunean:

        12. Zergatik gorrotatu nuen nere gaiztakeriak zuzentzen zituena; eta etziena oben egin nere biotzak erriertai,

        13. Eta ez nuen ere aditu erakutsiak ematen zizkidatenen boza, eta ezta ere zeartu nere belarria erakusleakgana?

        14. Gauza gaizto guztian baño ez asko gutxiagoan arkitu nintzan, elizaren eta sinagogaren erdian.

        15. Edan ezazu zure urpetegiko ura, eta zure putzuko jario ugariak.

        16. Gañez egin bezate zure urjatorriak; eta zabaldu bitez zure urak plazetatik.

        17. Iduki itzatzu zuk bakarrik, eta arrotzak ez bitzate izan beretan partale.

        18. Izan bedi bedeikatua zure zaña, eta poztu zaite zure gazte denborako emaztearekin.

        19. Izan bedi oreñ emea bezela txit maitatua, eta oreñkumetxo ar txit polita bezelakoa. Bere pozkeriak orditu zaitzala denbora guztian; bere amorioan billatu ezazu beti zure gozotasuna.

        20. Zergatik, ene semea, utziko zera besteren emakumeak engañatzen, eta atsedengo dezu besteren emakumearen altzoan?

        21. Jauna dago arretaz begira gizonaren bideai, eta astiro dauzka gogoan bere pauso guztiak.

        22. Bere gaiztakeriak arrapatzen dute gaiztoa, eta bere bekatuen lokarriakin da estutua.

        23. Bera ilko da, etzuelako iduki erakutsi onik, eta bere zorakeria ugarian engañatua izango da.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Ene semea, zure adiskidearen fiatzalle jarri bazera, lotu dezu zure eskua arrotz batekin.

        2. Zure aoko itzakin izan zera lakioan nastua, eta zure esanakin arrapatua.

        3. Egin ezazu bada, ene semea, esaten dizudana, eta libratu zaite zerori, zure projimoaren eskuetan erori zeran ezkero. Korrika aritu zaite toki batetik bestera, ibilli zaite arin, esnatu ezazu zure adiskidea.

        4. Etzaiezu utzi lorik egiten zure begiai, ez itxiten logalez zure betazalai.

        5. Iges egin ezazu oreñak bezela bere eskutik, eta egaztiak bezela eiztariaren eskutik,

        6. Zoaz txindurriagana, o alferra, eta konsideratu itzatzu bere bideak, eta ikasi ezazu jakinduria.

        7. Txindurriak ez idukirik zuzentzallerik, ez erakuslerik, ez gialaririk,

        8. Prestatzen du beretzat janaria udan, eta uztako denboran biltzen du jango duena.

        9. Noizarteraño, alferra, egongo zera lotan? Noiz jaikiko zera zure lotatik?

        10. Piskatxo batean egongo zera lotan, piskatxo batean egongo zera logalez, piskatxo batean idukiko dituzu eskuak gurutzez lo egiteko,

        11. Eta ona non etorriko dan zure gañera premia bideko lapurra bezela, eta pobreza gizon armadun bat bezela. Zurra bazera berriz, zure uztak, iturrija bezelakoak izango dirade, eta premiak urrutira zugandik iges egingo du.

        12. Fedea ausi duen gizona da gizon txit kaltegarri bat, ez du gaiztakeria baizik esaten.

        13. Begiakin keñu egiten du, oñakin egiten ditu siñuak, beatzakin itz egiten du.

        14. Biotz gaiztoarekin gaitz egiteko asmazioetan ari da, eta denbora guztietan da pakegaltzalle bat.

        15. Oni ustekabean bere galmena etorriko zaio, eta batbatean piskatua geldituko da, sendagarririkan onezkero idukiko ez duen eran.

        16. Sei dirade Jaunak gorrotatzen dituen gauzak, eta zazpigarrena aier du bere animak,

        17. Begi goratuak, mingañ gezurtia, obengabeko odola isurtzen duten eskuak,

        18. Gauza gaiztoak nola egin asmatzen egon oi dan biotza, gaitzera korrika joateko ariñak diraden oñak,

        19. Gezurrak esaten dituen testigu falsoa, eta anaien arteko pakegaltzallea.

        20. Gorde itzatzu, ene semea, zure aitaren aginteak, eta ez ezazu utzi zure amaren legea.

        21. Iduki itzatzu beti lotuta zure biotzean, eta ipiñi itzatzu zure eztarriaren inguruan.

        22. Ibiltzen zeranean, joan bitez zurekin; lotan zaudenean, zaitu zaitzatela; eta esnatzen zeranean, berakin itz egin ezazu.

        23. Zeren agintea, zuzia da, eta legea argia, eta onean iraun erazitzeko errierta, bizitzako bidea.

        24. Gorde zaitzaten emakume gaiztoagandik, eta besteren emakumearen mingañ labañetik.

        25. Ez beza iduki zure biotzak bere edertasunaren gurarik, eta etzaitezela ere izan bere keñuak arrapatua.

        26. Zeren bordion baten balioa ozta da ogi batena: emakumeak berriz mendean artzen du gizonaren anima baliotsua.

        27. Gizonak ezkutatu al lezake sua bere kolkoan, bere soñekoak erazekiak geldituko ez diran eran?

        28. Edo ibilli txingarren gañean, bere oñazpiak erre gabe?

        29. Ala bere projimoaren andreagana sartzen dana, ez da garbi egongo ukitzen dionean.

        30. Ez da bekatu ain andia batek zerbait ostutzea, zergatik eze ostutzen du bere gosea asetzeko.

        31. Alaere arrapatzen badute, pagatuko du zazpitan anbat, eta gañera bere etxean daukan guztia emango du.

        32. Baña adulteroa danak bere biotz txikiagatik bere anima galduko du.

        33. Biltzen du beretzat izen gaiztoa, eta desonra, eta bere lotsaria ez da beñere borratuko.

        34. Zeren senarraren zeloak eta sumintasunak ez diote barkatuko, bengatzeko era arkitzen duenean.

        35. Ez da ere paketuko iñoren erreguakgatik, eta ez ditu ere artuko doañak ordañean, oiek txit asko izan arren.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Ene semea, gorde itzatzu nere itzak, eta zure barrenen nere aginteak ezkutatu itzatzu. Ene semea,

        2. Gorde itzatzu nere mandamentuak, eta biziko zera, eta nere legea zure begiko ninia bezela.

        3. Lotu ezazu zure beatzetan, eskribitu ezazu zure biotzeko oletan.

        4. Esan zaiozu jakinduriari: Nere arreba zera zu; eta zentzuari, zure adiskidea deitu zaiozu,

        5. Emakume arrotza gandik gorde zaitzan, eta bere itzak gozotzen dituen besteren emakumeagandik.

        6. Zeren nere etxeko leiotik begiratu nuen leiakeretatik,

        7. Eta ikusirik aur gizon batzuek, nago mutil gazte zentzugabeko bati begira,

        8. Zeñ iragotzen zan plazatik kantoiaren aldetik, eta zebillan batetikan bestera emakume gaizto aren etxearen aldean.

        9. Illunean, eguna gautuaz zijoanean, gabaren illuntasunetan eta argigean.

        10. Eta ona non irtetzen zaion bidera emakume bat, bordion baten apaindurian, animak arrapatzeko prestatua, berritsua, eta ibiltatua,

        11. Atseden ezin duena, zeñaen oñak etxean geldirik egon ezin ditezken.

        12. Azeloan egon oi dana batzuetan kanpoan, beste batzuetan plazetan, eta beste batzuetan kantoietan.

        13. Eta eldurik mutil gazteari, musu ematen dio, eta arpegi lotsagalduko batekin, egiten diozka pozkeriak esaten duela:

        14. Doañak eskeñi ditut zure osasunagatik, gaur kunplitu ditut nere botoak.

        15. Argatik irten natzatzu bidera, zu ikusi nairik, eta arkitu zaitut.

        16. Nere oea egiñik daukat kordoien gañean, eta gañetik ipiñi diozkat Egipton lorez apaindutako estalkiak.

        17. Nere gela intzatu det mirraz, eta zabilaz, eta zinamomoz.

        18. Atoz, bada, atsegiñez ase gaitezen, eta gozatu gaitezen ain gura ditugun amorioakin, eguna zabaldu artean.

        19. Zeren nere senarra ez dago bere etxean, txit urrutira joan da.

        20. Diruzakutxo bat berarekin eraman du, illargibetea dan egunean bere etxera itzuliko da.

        21. Itz askorekin nastu zuen, eta bere ezpañetako labañkeriakin arrastaka eraman zuen.

        22. Bereala jarraitzen dio emakumeari, iltzera daramaten idiak bezela, eta pozez goraka ari dan bildotsa bezela, eta zentzungabeko arek ez daki zepora daramatela,

        23. Aliketa saieta batek iragotzen dion artean batetik bestera bere gibela, lakiora arin dijoan egaztia bezela, begiratu gabe, bere animako bizitza galtzeko asmoetan ari dirala.

        24. Orain bada, ene semea, aditu nazazu, eta arretaz entzun itzatzu nere aoko itzak.

        25. Etzaiozu utzi zure biotzari bere bideetatik arrastaka joaten, eta bere bidetxidorretan etzaite engañañatua izan.

        26. Zeren asko zaurituta bota zituen, eta sendoenak izan ziran berak illak.

        27. Bere etxea infernurako bideak, sartzen diradenak eriotzaren erraietaraño.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Jakinduria ez al dago deadarrez, eta zentzuak ez al du jasotzen bere boza?

        2. Zutik jarrita erpiñik altuenetan eta goratuenetan, bidearen gañean, bidetxidorren erdian,

        3. Erriko ateen aldean, ateetan beretan itz egiten du, esaten duela:

        4. O gizonak, zuei nagotzute deadarrez, eta nere boza zuzentzen da gizonen semeakgana.

        5. Ikasi ezazute, o aurrak, jakinduria, eta zuek, zentzugabeak, arretaz aditu nazazute.

        6. Entzun ezazute, zeren gauza andien gañean noa itz egitera; eta nere ezpañak idikiko dirade gauza zuzenak adirazteko.

        7. Nere aoak zabalduko du, gogoan erabilli dedan egia, eta nere ezpañak gorrotoz begiratuko diote gaiztakeriari.

        8. Justoak dirade nere itz guztiak, ez dago beretan gauza oker, ez gaiztorikan batere.

        9. Zuzenak adituentzat, eta justoak jakinduriaren billan dabiltzanentzat.

        10. Artu itzatzute nere erakutsiak, dirua artuko bazenezakete baño gogo obeagoarekin. Naiago izan ezazute jakinduria, urrea baño.

        11. Zeren obeagoa da jakinduria ondasun txit eder guztiak baño, eta gura izan litezkean gauzetatik batere ez dago berarekin konparatu ditekenik.

        12. Ni jakinduria bizi naiz konseju onetan, eta nago gogorazio jakintsuak dauden tokian.

        13. Jaunaren beldurrak gorrotatzen du gauza txarra, ni aier natzaio urgulleriari, eta arrokeriari, eta bide gaiztoari, eta bi mingañeko aoari.

        14. Nerea da konsejua, eta berdintasuna, nerea da zentzua, nerea da sendotasuna.

        15. Nigatik erreñatzen dute erregeak, eta Legegilleak erabakitzen dituzte gauza justoak.

        16. Nigatik agintzen dute Prinzipeak, eta Juezak egiten dute justizia.

        17. Nik maitatzen ditut, maitatzen nautenak, eta goiz dabiltzanak nigana etorteko, arkituko naute.

        18. Nerekin daude ondasunak, eta gloria, aberastasuna, eta zuzentasuna.

        19. Zeren obeagoa da nere frutua urrea, eta arri baliotsuak baño, eta nik nigandik ematen ditudanak zillar autua baño.

        20. Justiziako bideetan nabil, zentzuko bidetxidorren erdian,

        21. Aberastuteko maitatzen nautenak, eta beren gordairuak betetzeko.

        22. Jaunak berarekin iduki ninduen beren obren asieran, asieratik, gauzarik batere egin baño lenago.

        23. Betikoiraunetik daukat nik agintaritza, eta anziñatik, lurra egiña izan zan baño lenagotik.

        24. Oraindikan etzeukaten izaterik zakontasunak, eta ni ordurako sortuta nengoan. Oraindikan etziran irten urezko iturriak.

        25. Mendi pisu andikoak ere etzeuden tokietan jarriak, muñoak baño lenago nintzan ni argitara emana.

        26. Oraindikan etzuen berak lurra egin, ez ibaiak, eztaere lur biribillaren ardatzak.

        27. Berak zeruak prestatzen zituenean, an nengoan, lege zierto batekin zarratutzen zituenean itsasoak inguru biribil baten erdian,

        28. Goian zeruak sendotzen zituenean, eta urezko iturriak pisu berdiñean jartzen zituenean,

        29. Jartzen zuenean itsasoa bere mugaen barrenen, eta ipintzen zienean legea urai irago etzitzaten beren atzeneko bazterrak, zinzilika ipintzen zituenean lurraren zimenduak.

        30. Berarekin nengoan ni guztia erabakitzen nuela; eta poztzen nintzan egun bakoitzean, gozatzen nintzala bere aurrean denbora guztian.

        31. Gozatzen nintzala lurraren biribiltasunean, eta nere atsegiñak gizonen semeakin egotea.

        32. Orain bada, ene semeak, aditu nazazute, doatsuak nere bideai jarraitzen diotenak.

        33. Aditu itzatzute nere erakutsiak, eta jakintsuak izan zaitezte, eta ez itzatzute aurtiki.

        34. Zorionekoa, ni aditzen nauen gizona, eta nere etxeko atetan beti bellan dagoena, eta nere ateko atalburuetan azeloan dagoena.

        35. Ni arkitzen nauenak bizitza arkituko du, eta iritxiko du salbazioa Jaunagandik.

        36. Nere kontra bekatu egiten duenak berriz, bere animari kalte egingo dio. Gorrotatzen nauten guztiak, eriotza maitatzen dute.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Jakinduriak egin zuen etxea beretzat, ebaki zituen zazpi abe.

        2. Il zituen doañtzat bere abereak, nastu zuen ardoa, eta prestatu zuen bere maia.

        3. Bialdu zituen bere neskameak, ots egin zezaten gaztelurako, eta erriko murruetara.

        4. Aurra dana, betor nigana. Eta jakinduriagabeai esan zien:

        5. Atozte, nere ogia jan ezazute, eta edan ezazute prestatu dizutedan ardoa.

        6. Utzi itzatzute aurkeriak; eta bizi zaitezte eta ibilli zaitezte juizioko bideetatik.

        7. Ematen diozkanak erakutsiak burlariari, dakar bere gañera lotsaria; eta gaiztoari ontzeko errierta egiten dionak, loitzen du bere burua.

        8. Etzaiozu errierta egin burlariari, gorroto iduki ez dizazun. Errierta egin zaiozu jakintsuari, eta maitatuko zaitu.

        9. Eman zaiozu jakintsuari ikasteko era, eta jakintsuago egingo da. Erakutsi zaiozu justoari, eta prestatua egongo da ikasteko.

        10. Jakinduriaren asiera Jaunaren beldurra da, eta santuen jakindea, zentzua.

        11. Zeren nigatik ugarituko dira zure egunak, eta itsatsiko zazkizu bizitzako egunak.

        12. Jakintsua bazera, zuretzat bakarrik izango zera; baña burlaria bazera, zuk bakarrik eramango dezu gaitza.

        13. Emakume ero, deadarti, eta balakuz beteriko bat, eta ezerere etziekiena,

        14. Eseri zan bere etxeko ateetan silla baten gañean, erriko toki goratu batean.

        15. Ots egiteko kaletik iragotzen ziradenai, eta zijoazenai beren bidera.

        16. Aurra dana, betor nigana. Eta zentzungabeko bati esan zion:

        17. Ur ostuak eztitsuagoak dirade, eta ezkutuko ogia gozoagoa.

        18. Eta etzuen jakin an zeudela eraldoiak, eta bere konbidatuak infernuko zakonean.

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Seme jakintsuak aita poztzen du; seme ezjakiña berriz bere amaren tristeza da.

        2. Ezerere ez dute balioko gaiztakeriako ondasun ugariak; justiziak berriz eriotzatik libratuko du.

        3. Ez du Jaunak gosearekin atsekabetuko justoaren anima, eta desegingo ditu gaiztoen arte txarrak.

        4. Esku alferrak ekartzen du eskale izatera; esku langilleak berriz, biltzen ditu ondasunak.

        Gezurra zimendutzat daukana, au aizez bazkatzen da, eta onek beronek egan dijoazen egaztiai jarraitzen die.

        5. Uztako denboran biltzen duena, seme jakintsua da, baña udan lotan zurrunga dagoena, lotsariaren semea da.

        6. Jaunaren bendizioa justoaren buruaren gañean; gaiztoaren arpegia berriz, gaiztakeriak estalitzen du.

        7. Justoen oroipena alabantzakin zelebratua izango da; gaiztoen izena berriz izango da nazkagarria.

        8. Biotzez jakintsuak, aginteak artzen ditu; zentzungabea berriz, ezpañetatik zauritua da.

        9. Tolesgabe dabillana, beldurrik gabe dabil, baña bere bideak gaiztotzen dituena, agertua izango da.

        10. Begiarekin keñu egiten duenak, gaitza beragana ekarriko du; eta ajolagabea, ezpañetatik azotatua izango da.

        11. Justoaren aoa bizitzako zaña da, eta gaiztoen aoak gaiztakeria ezkutatzen du.

        12. Gorrotoak ipintzen ditu erriertak; eta karidadeak utsegite guztiak estalitzen ditu.

        13. Jakintsuaren ezpañetan jakinduria arkituko da, eta zentzunik ez daukanaren bizkarrean, zigorra.

        14. Jakintsuak ezkutatzen dute jakinduria; ezjakinaren aoa berriz, lotsariaren aldean dago.

        15. Aberatsaren idukia, bere sendotasunaren erria da; beartsuen premiak, izuz betetzen ditu.

        16. Justoaren obra, bizitzarako da; gaiztoaren frutua berriz, da bekaturako.

        17. Egiten zaion errierta artzen duena, bizitzako bidetik dijoa; egiten zaiozkan erriertak utzitzen dituena berriz, galduta dabil.

        18. Ezpañ gezurtiak, gorrotoa ezkutatzen dute, itz gaiztoa besteari bere aurrean esaten diona, zentzun gabea da.

        19. Itz ugaria, ez da bekatu gabe arkituko; bere ezpañetan begiratua berriz, txit zentzu andikoa da.

        20. Justoaren mingaña zillar autua da; gaiztoen biotzak berriz, utsa balio du.

        21. Justoaren ezpañak txit askori erakutsi onak ematen diezte; ezjakiñak diradenak berriz, beren ezjakiñean ilko dirade.

        22. Jaunaren bendizioak aberatsak egiten ditu; eta atsekabeak ez die beñere lagunduko.

        23. Zentzungabeak egiten du gaiztakeria farraz bezala; jakinduriak berriz, egiten du gizona zentzu andikoa.

        24. Etorriko da gaiztoaren gañera, beldur zaion gaitza, justoai, beren gura emango zaiote.

        25. Ekaitz iraitzekoa bezela joango da gaiztoa; justoa berriz betiko zimendua bezelakoa da.

        26. Nola dan ozpiña ortzentzat, eta kea begientzat, ala da alferra bialtzen dutenentzat.

        27. Jaunaren beldurrak luzetzen du bizitza, eta gaiztoen egunak, laburtuak izango dirade.

        28. Justoen itxedopena, poza da; gaiztoen itxedopena berriz, galdua izango da.

        29. Jaunaren bidea, sendotasuna da obengabearentzat; eta izua, gaizki egiten dutenentzat.

        30. Justoa ez da iñoiz mugitua izango; gaiztoak berriz, ez dute iraungo lurraren gañean.

        31. Justoari aotik jakinduria jarioko zaio, gaiztoen mingaña galdua izango da.

        32. Justoaren ezpañak, gogoko itzak esaten aritu oi dirade; gaiztoen aoa berriz, gauza txarretan.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Balanza engañatzallea, nazka da Jaunaren aurrean, eta pisu berdiña, da bere borondatea.

        2. Urgulleria dagoan tokian, an desonra ere egongo da; umiltasuna dagoan tokian berriz, an jakinduria ere.

        3. Tolesgabetasuna izango da justoentzat zuzentzallea bezelakoa, eta tolestasunak ekarriko die bekatariai beren galmena.

        4. Utsa balioko dute aberastasunak, benganzako egunean; justiziak berriz, eriotzatik libratuko du.

        5. Tolesgabearen justiziak zuzenduko du bere bidea, eta gaiztoa, bere gaiztakerian eroriko da.

        6. Zuzenen justiziak libratuko ditu, eta beren zelatadetan arrapatuak izango dirade gaiztoak.

        7. Il ezkero bein gaiztoa, ez du geiago itxedopenik idukiko; eta besteen gauzeen gura txarra daukatenak, galduko dirade.

        8. Justoa izango da ansiatik libratua, eta bere lekuan gaiztoa ipiñia izango da.

        9. Beste gauzarik iduritzen duenak aoarekin, engañatzen du bere adiskidea; justoak berriz, beren jakinduriagatik libratuak izango dirade.

        10. Justoai ongi dijoakenean, poztuko da erria, eta gaiztoen galmena, kantakin zelebratuko da.

        11. Justoen bendizioarekin, izango da erria goratua, eta desegiña, gaiztoen aoz.

        12. Bere adiskidea mezpreziatzen duena, biotz txikikoa da; gizon zentzunduna berriz, ixillik egongo da.

        13. Fede txarrarekin dabillanak, agertzen ditu ixilgauzak, baña biotz leialekoa danak, ixillean idukiko du, adiskideak adiskideari bezela agertu ziona.

        14. Gobernatzallerik ez dagoen tokian, erria eroriko da, baña osasuna dago, konseju askoetan.

        15. Arrotzaren fiatzalle jartzen danak, kaltea idukiko du, baña lakioetatik alde egiten duena, beldur gabe biziko da.

        16. Emakume sonak, gloria arkituko du, eta gizaseme sendoak, aberastasunak idukiko dituzte.

        17. Gizon urrikaltsuak, bere animari ongi egiten dio; biotz gogorrekoak berriz, aideak ere botatzen ditu.

        18. Gaiztoaren obrak, iraupen gabekoak dirade; justiziako obrak ereitzen dituenari berriz, ordañ ziertoak itxedotzen dio.

        19. Biguñtasunak prestatzen du bizitzarako, eta gaiztoen jarraipenak eriotzarako.

        20. Biotz gaiztoa, Jaunarentzat nazkagarria da, eta ziñez dabiltzanak, dira bere gogokoak.

        21. Eskua eskuaren gañean egon arren, ez da gaiztoa obenikan gabe arkituko; justoen jatorria berriz, salbatuko da.

        22. Nola urrezko errastuna urdearen muturrean, ala da emakume eder, eta zentzugabea.

        23. Justoen gurari guztia onera zuzentzen da, gaiztoen itxedopena, beren sumintasuna agertutea.

        24. Batzuek ematen diezte besteai beren ondasunetatik, eta aberatsago egiten dira. Besteak ostutzen dute berena ez dana, eta beti daude premian.

        25. Anima ongillea, onez betea izango da, eta orditzen duena, bera orditua izango da.

        26. Garia ezkutatzen duena, errietan madarikatua izango da; saltzen dutenen buruaren gañera berriz, etorriko da bendizioa.

        27. Ordu onean goiz jaikitzen da, ongi egin nairik dabillana, baña gaizki egin nairik dabillana, gaitzak mendean artu eta sakatuko du.

        28. Bere aberastasunetan itxedotzen duena, eroriko da; justoak berriz, osto berdezko zuhaitzak bezela, loretuko dira.

        29. Gaizki darabillana bere etxea, aizeen jabe izango da, eta zentzugabeak jakintsua serbitu bearko du.

        30. Justoaren frutua, bizitzako zuaitzarena bezelakoa da, eta animak Jainkoarentzat irabazten dituena, jakintsua da.

        31. Justoa kastigatua bada lurrean, zenbat geiago izango dirade gaiztoa eta bekataria?

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Zuzendua izatea maite duenak, jakinduria maite du; egiten zaiozkan erriertak gorrotaten dituena berriz, zentzugabea da.

        2. Ona danak, artuko du grazia Jaunagandik, bere gogorazioetan fiya danak berriz, gaizki egiten du.

        3. Ez da sendotua izango gizona gaiztakeriagatik; justoen sustraia berriz, ez da mugitua izango.

        4. Andre langillea, bere senarraren koroa da, eta lotsariaren diña diran gauzak egiten dituena, bere ezurretan usteltasuna izango zaio senarrari.

        5. Justoen gogorazioak zuzenak dirade, eta gaiztoen konsejuak engañatzalleak.

        6. Gaiztoen itzak, odolari azeloak jartzen diozkate, justoen aoak, libratuko ditu.

        7. Goibetu itzatzu gaiztoak, eta ez dira izango; justoen etxeak berriz, iraungo du.

        8. Bere erakutsitik ezagutua izango da gizona; urgullutsua eta zentzugabea berriz, mezpreziatua izango da.

        9. Obe da beartsu, beretzat bear duena irabazten dakiana, panparroi, ogiaren premian dagoena baño.

        10. Justoak begiratzen du bere abereen biziagatik; gaiztoen erraiak berriz, gogorrak dirade.

        11. Bere lurra landutzen duena, ogiz aseko da; alferrerian bizi dana berriz, da txit zentzugabea.

        Bere gogoa ardoan egotean daukanak, bere gazteluetan utzitzen du lotsaria.

        12. Gaiztoen guraria da, gizonik gaiztoenak sendotu ditezela, baña justoen sustraia, aziaz joango da.

        13. Ezpañetako bekatuakgatik, alderatzen zaio galmena gaiztoari: baña justoak, iges egingo du naigabetik.

        14. Bere aoko frututik onez betea izango da bakoitza; eta bere eskuetako obren araura, ordaña emana izango zaio.

        15. Zentzungabekoaren bidea zuzena da bere begietan; jakintsua danak berriz, aditzen ditu konsejuak.

        16. Txoroak bereala agertzen du bere aserrea, baña injuriari ez aditua egiten dionak, zentzua dauka.

        17. Dakiana esaten duena, da justiziaren agertzalle bat; gezurra esaten duena berriz, da testigu engañatzallea.

        18. Bada eskeñtzen duena, eta konzienziak akulutua da ezpatarekin bezela; jakintsuen mingaña berriz, osasuna da.

        19. Egiaren ezpaña, beti iraunkorra izango da, baña testigu ajolagabea dana, gezurrezko izketa asmatzen ari da.

        20. Engañioz betea dago, gaitza asmatzen ari diradenen biotza, baña pakeko konsejuetan tratatzen dutenai, pozak jarraitzen die.

        21. Ez da tristetuko justoa gertatzen zaion edozeñere gauzagatik; gaiztoak berriz, gaitzez beteak egongo dirade.

        22. Ezpañ gezurtiak, nazka dirade Jaunarentzat, baña leialkiro obratzen dutenak, oriek dirade bere gogokoak.

        23. Gizon begiratuak, estalitzen du bere jakinduria, eta zentzugabekoen biotzak, kanpora ateratzen du beren jakiñeza.

        24. Sendoen eskuak aginduko du, baña esku nagia, izango da petxaria.

        25. Biotzeko tristezak, azpiratzen du gizona; eta izketa onarekin, poztuko da.

        26. Kaltea mezpreziatzen duena adiskideagatik, justoa da; gaiztoen bideak berriz, engañatuko ditu.

        27. Engañalariak, ez du irabazirik arkituko; gizon onak daukana berriz, urre txit baliotsu izango da.

        28. Justiziako bidetxidorrean, dago bizitza; bide gaiztoak berriz, eriotzara eramaten du.

 

AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Seme jakintsuak, aditzen ditu aitaren erakutsiak; gaiztoak berriz, ez die kasorikan egiten bere erriertai.

        2. Gizon ona, aseko da, bere aoko irabazien ondasunez; fedea austen dutenen anima berriz, gaiztoa da.

        3. Bere aoa zaitzen duenak, bere anima zaitzen du, baña itz egiteko arretagabea danari, gaitzak etorriko zaiozka.

        4. Nai du, eta ez du nai alferrak; lanzaleen anima berriz, gizendua izango da.

        5. Justoak gorrotatuko du gezurrezko itza; gaiztoak berriz lotsatzen du, eta lotsatua izango da.

        6. Justiziak gordetzen du obengabearen bidea; gaiztakeriak berriz, lurrera botatzen du bekataria.

        7. Bada aberatsa dirudiana, ez idukirik ezerere; eta bada pobrea dirudiana, ondasun andiak idukirik.

        8. Gizonaren bizitzaren erreskata, bere ondasunak dira; baña pobrea danak, ez du sufritzen zemairik.

        9. Justoen argiak, poza ematen du; gaiztoen argiontzia berriz, itzaliko da.

        10. Urgullutsuen artean, beti daude erriertak; gauza guztiak konsejuz egiten dituztenak berriz, jakinduriarekin zuzentzen dira.

        11. Arin bildutako ondasunak, gutxituko dira; berriz, geldika geldika eskuarekin irabazten diradenak, ugarituko dira.

        12. Luzetzen dan itxedopenak, atsekabetzen du anima, bizitzako zuaitza, kunplitzen dan guraria.

        13. Aitzakiatzen duena gauzaren bat, bera lotzen da geroko; agintearen beldur dana berriz, pakean bizituko da.

        Anima malmutsak, galduak dabiltza pekatutik pekatura; justoak ordea, biguñak dirade eta urrikaltzen dirade.

        14. Jakintsuaren legea, bizitzako iturria, zeartutzeko eriotzako galmenetik.

        15. Erakutsi onak, gizona maitegarria egingo du, mezpreziatzalleen bidean, lurzuloa dago.

        16. Begiratuak, gauza guztiak konsejuarekin egiten ditu; zentzugabea danak berriz, bere zentzugabetasuna agertzen du.

        17. Gaiztoaren mandataria, gaitzean eroriko da; mandatari leialak berriz, osasuna dakar.

        18. Pobreza eta lotsaria, korrekzioa utzitzen duenarentzat; berriz ontzat artzen duena egiten zaion errierta, gloriaz betea izango da.

        19. Gurariak, kunplitzen bada, anima gozatzen du. Zentzun-gabeak gorrotoz begieratzen diote, gaitzetatik iges egiten dutenai.

        20. Jakintsuakin dabillana, jakintsua izango da, zentzungabekoen adiskidea, berak bezelako bat egingo da.

        21. Gaitzak jarraitzen die bekatariai, eta justoak ondasunakin izango dirade ordañduak.

        22. Gizon onak, utzitzen ditu herederotzat bere semeak, eta illoba txikiak, eta justoarentzat gordetzen da bekatariaren hazienda.

        23. Gurasoak goldeatutako lurretan ogi asko dago; eta biltzen da, beste zentzungabeko batzuentzat.

        24. Zigorra gutxitan darabillanak, gaizki nai dio bere semeari; eta maitatzen duenak, maiz kastigatzen du.

        25. Justoak jaten du, eta asetzen bere gogoa; gaiztoen sabela berriz, ase eziña da.

 

AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Emakume jakintsuak, sendotzen du bere etxea; zentzungabeak berriz, egindako etxea ere bere eskuakin desegingo du.

        2. Bide zuzenetik dabillana, eta Jainkoaren beldur dana, mezpreziatzen du pauso txarretan dabillanak.

        3. Zentzungabearen aoa, urgulleriaren zigorra da; jakintsuen ezpañak berriz, zaitzen dituzte.

        4. Idirik ez dagoen tokian, gainbela utsa dago, baña uzta asko dagoen tokian, an agirian dago idiaren indarra.

        5. Testigu leialak, ez du gezurrik esaten; testigu engañalariak berriz, gezurra esaten du.

        6. Burlariak, jakinduria billatzen du, eta ez du arkitzen: zentzudunen dotriña, erraza da.

        7. Gizon zentzungabearen kontrara joan zaite, berak ez dakizki zentzuko itzak.

        8. Zentzundunaren jakinduria da, aditzea bere bidea; eta zentzugabekoen zentzugabetasuna, bidea uts egiñik dabil.

        9. Zentzugabeak irri egingo dio bekatuari; eta justoen artean, grazia egotez egongo da.

        10. Bakoitzaren biotza da, bere animako mingoiztasuna sentitzen duena; bere atsegiñetan arrotzak zer ikusirik ez duen bezela.

        11. Gaiztoen etxea, arrasatua izango da; justoen bizilekuak berriz, loretuko dira.

        12. Bada bide bat, gizonari zuzena deritzana; bere atzenak ordea, eriotzara eramaten du.

        13. Farra negarrararekin nastua dabil, eta pozaren bukaera, pena da.

        14. Gizon zentzugabeak aseko ditu bere gura gaiztoak, baña gizon ona, hura baño obeto biziko da.

        15. Tolesgabeak, itz guztia sinisten du, baña gizon begiratuak, ikusten du non ipintzen duen bere oña.

        Seme engañalariari, ez dio ezerk ere ongi irtengo, baña mirabe begiratuari guztia ongi etorriko zaio, eta bide zuzenetik ibilliko da.

        16. Jakintsua beldur da, eta gaitzetik alde egiten du. Zentzungabea aurrera dijoa, eta itxedotzen du.

        17. Zazpikia danak, zorakeriak egingo ditu; eta gizon solapatua gorrotogarria da.

        18. Aurrak izango dira zentzugabetasunaren jabe; eta begiratuak, jakinduria itxedongo dute.

        19. Gizon onen oñetan etzinik egongo dira gaiztoak; eta biurriak, justoen ateen aurrean.

        20. Bere aideentzat ere izango da eskalea gogaikarria; aberatsak berriz, adiskide asko dauzkate.

        21. Bekatu egiten du, bere lagun urkoa mezpreziatzen duenak; baña beartsuarekin urrikaltzen dana, zorionekoa izango da.

        Jaunagan sinistzen duenak, urrikaltasuna maitatzen du.

        22. Gaizki dijoaz, gaitza egiten dutenak. Urrikaltasunak eta egiak, ondasunak prestatzen dituzte.

        23. Lan guztian izango da ugaritasuna; baña itz txit asko dagoen tokian, an maiz premia egon oi da.

        24. Jakintsuen ondasunak, koroa dira berentzat; zentzugabeen erotasuna, zentzugabetasuna da.

        25. Testigu leialak, animak libratzen ditu; engañatzalleak, gezurrak esaten ditu.

        26. Jaunaren beldurrean itxedopen sendoa dago; eta beren semeak, itxedopena idukiko dute.

        27. Jaunaren beldurra bizitzako iturria da, eriotzako galmenetik zeartu ditezen.

        28. Erriaren ugaritasunean, dago errege baten gloria; eta erriaren urritasunean, Prinzipe baten lotsaria.

        29. Sufritua dana, gobernatzen da zentzu andiarekin; baña sufritua ez danak, agirian ipintzen du bere zentzugabetasuna.

        30. Biotzeko osasuna, da aragiaren bizia; ondamua, da ezurren usteltasuna.

        31. Beartsuari gezurra asmatzen diona, bere Egilleaz lotsagabetzen da; beartsuarekin urrikaltzen danak berriz, honratzen du.

        32. Gaiztoa bere gaiztakeriagatik izango da botatua; justoak berriz, bere eriotzan itxedotzen du.

        33. Zentzundunaren biotzean, jakinduriak atsedetzen du, eta ez dakiten guztiai erakutsiak emango diezte.

        34. Justizia, da erreñuak goratzen dituena; bekatuak berriz, zorigaiztokoak egiten ditu erriak.

        35. Ministro aditua erregearen gogokoa da; gaiezari ordea, aserrez begiratuko dio.

 

AMABOSGARREN KAPITULUA

        1. Erantzute biguñak, gozatzen du aserrea; itz gogorrak, biztutzen du sumintasuna.

        2. Jakintsuen mingañak, argitasuna ematen dio jakinduriari; txoroen aoak, barbullkeriak baizik ez ditu esaten.

        3. Toki guzietan Jaunaren begiak onai eta gaiztoai begira daude.

        4. Mingañ paketsua, bizitzako zuaitza da; mingañ luzeak berriz, biotza ausitzen du.

        5. Zentzungabeak farra egiten dio bere aitaren erakutsiari; korrekzioa aditzen duena, begiratuagoa izango da.

        Justiziaren ugaritasunean, bertute txit andia dago; gaiztoen gogorazioak berriz, arras ateratuak izango dirade.

        6. Justoaren etxea, gaztelu txit sendoa da, eta gaiztoaren irabazietan beti dago kezka.

        7. Jakintsuen ezpañak, jakinduria ereingo dute, ez ala barbullen biotzak.

        8. Gaiztoen eskeñtzak, gorrotogarriak dira Jaunarentzat, justoen botoak, biguñtzen dute.

        9. Nazka da Jaunarentzat, gaiztoaren bidea; justiziari jarraitzen diona, berak maitatua da.

        10. Bizitzako bidea utziten duena, ez da erakutsi onaren zalea, korrekzioari gorroto diona, galduko da.

        11. Infernua eta galmena Jaunaren aurrean daude, zenbat geiago gizonen biotzak?

        12. Izurrituak, ez du maitatzen zuzentzen duena, eta ez dijoa ere jakintsuen billan.

        13. Biotz gozotsuak, poztutzen du arpegia; biotzeko tristezarekin, espiritua erortzen da.

        14. Jakintsuaren biotzak, erakutsia billatzen du, eta zentzugabeen aoa, barbullkeriakin bazkatzen da.

        15. Beartsuaren egun guztiak, nekatsuak dirade, anima garbia, beti irautzen duen konbit bat bezelakoa da.

        16. Geiago balio du gutxitxok Jainkoaren beldurrarekin; ondasun ugari, iñoiz asetzen ez dutenak baño.

        17. Obeago da deitua izatea barazkietara, amorioarekin; txal zebatua jatera, gorrotoarekin baño.

        18. Gizon aserrekorrak, erriertak ipintzen ditu; sufritua danak, ipiñiak ere kentzen ditu.

        19. Nagien bidea, elorrizko esia bezelakoa. Justoen bidea, beaztopo gabekoa.

        20. Seme jakintsuak, aita poztutzen du, eta gizon zentzungabeak, mezpreziatzen du bere ama.

        21. Barbullkeria, pozgarria da zentzungabearentzat; gizaseme begiratuak, bere pausoak zuzentzen ditu.

        22. Utsera biurtzen dirade gogorazioak, konsejurik ez dagoen tokian; konsejari asko dagoen tokian berriz, sendotzen dirade.

        23. Gizona zaletzen da, agertua daukan iritzira; itz onena berriz da, ongien datorrenean esaten dana.

        24. Gizon jakintsua, goirontz zuzentzen da bizitzako bidetik; tokirik zakoneneko infernutik alde egiteko.

        25. Botako du Jaunak urgullutsuen etxea, eta sendotuko du, andre alargunaren soroa.

        26. Jaunak gorrotatzen ditu gogorazio gaiztoak, eta itz garbia, txit ederra bezela, berak ontzat emana izango da.

        27. Zikoiztasunari jarraitzen dionak, bere etxea nastutzen du; eskeñtzai gorroto diena berriz, biziko da.

        Urrikaltasunarekin eta fedearekin garbitzen dira bekatuak, eta Jaunaren beldurragatik guziak gaitzetik alde egiten dute.

        28. Justoen biotzak, obedienzia dauka gogoan; gaiztoen aoak, gaitzez gañez egiten du.

        29. Gaiztoakgandik urrutian dago Jauna, eta justoen erreguak adituko ditu.

        30. Begietako argiak, anima poztutzen du. Fama onak, gizentzen ditu ezurrak.

        31. Errierta mesedegarriak aditzen dituen belarria, jakintsuen artean egotez egongo da.

        32. Instrukzioa artu nai ez duenak, bere anima mezpreziatzen du, baña korrekzioak artzen dituzana, bere biotzaren jabe da.

        33. Jaunaren beldurrak, erakusten du jakinduria; eta umiltasunak ibilli bear du gloriaren aurretik.

 

AMASEIGARREN KAPITULUA

        1. Gizonari dagokio, anima prestatzea, eta Jaunari, mingaña gobernatzea.

        2. Gizonaren bide guztiak agirian daude bere begietan, Jaunak pisatzen ditu espirituak.

        3. Agertu zaiozkazu Jaunari zure obrak, eta zure gogorazioak zuzenduak izango dirade.

        4. Gauza guztiak egin ditu Jaunak beretzat, eta gaiztoa bera ere egun txarrerako.

        5. Jaunak gorrotatzen du urgullutsu guzia. Eskua eskuaren gañean duela egon arren, ez da obengabea.

        Bide onaren asiera, justizia egitea da, zeñ Jaungoikoaren gogokoagoa dan, doañak eskeñtzea baño.

        6. Urrikaltasun eta egiarekin pagatzen da bekatuaren zorra, eta Jaunaren beldurrarekin gaitzetik alde egiten da.

        7. Gizonaren bideak Jaunare gogokoak diradenean, etsaiak berak ere pakera itzuliko ditu.

        8. Obe da gutxi justiziarekin, irabazi asko gaiztakeriarekin baño.

        9. Gizonaren biotzak egiten ditu bere erabakiak; baña Jaunari dagokio, bere pausoak zuzentzea.

        10. Jaungoikoaren itza dago erregearen ezpañetan. Bere aoak ez du utsik egingo juizioan.

        11. Pisua eta balanza dira Jaunaren juizioak, eta bere obrak zakutxoko arri guztiak.

        12. Gorrotogarriak dira erregearentzat, gaizki egiten dutenak, zeren justiziarekin izan oi da tronua sendotua.

        13. Erregearen gogokoak dira, justoa dana esaten duten ezpañak. Zuzen dana itz egiten duena, maitatua izango da.

        14. Erregearen aserrea, eriotzaren mandatariak; eta gizon jakintsuak, bigunduko du.

        15. Erregearen arpegiko pozean, dago bizitza, eta bere biotzeko biguntasuna, beluko euria bezelakoa da.

        16. Jarraitu zaiozu jakinduriaren jabe izateari, zeren urrea baño obeagoa da, eta zureganatu ezazu zentzua, zeren zillarra baño balio andiagokoa da.

        17. Justoen bidea, gaitzetik berezitua dago, ez du beratatik alderik egiten, bere anima gordetzen duenak.

        18. Erortzearen aurretik, dabil urgulleria, eta galmena baño lenago, goratuko da espiritua.

        19. Obe da otsanakin umillatua izatea, urgullutsuakin ondasunetan partale izan baño.

        20. Aditua danak lanbide batean arkitzen ditu ondasunak, eta Jaunagan itxedotzen duena, doatsua da.

        21. Biotzez jakintsua danari, deituko zaio gizon zentzuduna; eta bere izketan gozoa danak, gauza andiagoak artuko ditu.

        22. Bizitzako iturria da jakinduria, bere jabe danarentzat; zentzugabekoen erakutsia, txorakeria da.

        23. Jakintsuaren biotzak, emango diozka erakutsiak bere aoari, eta itsatsiko die grazia, bere ezpañai.

        24. Itz ederrak ezti abaraska dirade; animako gozotasuna, ezurren osasuna.

        25. Bada bide bat gizonari zuzena deritzana; eta bere atzenak, eriotzara eramaten dute.

        26. Lanean ari dan gizonak, beretzat lan egiten du, zeren bere aoak onetara beartzen du.

        27. Gizon gaiztoak aitzurtzen du gaitza, eta bere ezpañetatik sua ateratzen da.

        28. Gizon biurriak auziak ipintzen ditu, eta berritsuak berezitzen ditu prinzipeak.

        29. Gizon gaiztoak balakatzen du bere adiskidea, eta ona ez dan bidetik darama.

        30. Begi ikaratuakin gaitzak egiteko asmazioetan dagoenak, bere ezpañai utsikika ari dala gaitza egiten du.

        31. Diñadeko koroa da, justiziako bideai jarraitu dienaren zartza.

        32. Obeagoa da gizon sufritua, sendoa baño, eta bere biotzaren jabe dana, erriak menderatzen dituena baño.

        33. Zorteak sartzen dira kolkoan; baña Jauna da berakin zer izango dan agintzen duena.

 

AMAZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Obe da ogi siku mokadu bat pozez, etxe bat bete doañ erriertakin baño.

        2. Mendeko jakintsuak, seme zentzugabeai aginduko die, eta anaien artean herenziaren partale izango da.

        3. Nola zillarra probatua dan suan, eta urrea sutegian, ala Jaunak probatzen ditu biotzak.

        4. Gaiztoak obeditzen dio mingañ biurriari; eta engañalaria elkartzen da ezpañ gezurtiakin.

        5. Premiatsua mezpreziatzen duena, bere Egillearekin lotsagabetzen da, eta bestearen galmenaz poztutzen dana, ez da kastigu gabe geldituko.

        6. Zarren koroa, semeen semeak dirade, eta semeen gloria, beren gurasoak.

        7. Ez datorkio ongi gizaseme zentzugabeari izketa ederra, ezta Prinzipe bati ere, ezpañ gezurtia.

        8. Estimatua da arri baliotsua bezela, doañ gura biziarekin itxedon zana, itzultzen dan edozeñere tokitan, begiratzen du beratan zentzuarekin.

        9. Besteen utsegiteak ezkutatzen dituenak, egiten ditu adiskideak; kontatzen duenak, baita berriz, berezitzen ditu elkartuta zeudenak.

        10. Probetxu geiago ateratzen du zentzundunak errierta batetik, zentzungabeak eun zauritik baño.

        11. Gaiztoa beti dabil errierten billan, baña aingeru biotz gogorrekoa bialdua izango da bere kontra.

        12. Obe da arkitzea norbait, umeak ostu diozkaten artz eme batekin; bere zentzungabetasunean itxedotzen duen zentzun gabeko batekin baño.

        13. Ez du gaitzak alderik egingo, mesedeakgatik kalteak biurtzen dituenaren etxetik.

        14. Ura soltatzen duena, errierten jatorria da, eta gaitzik egin baño lenago, utziten dio auziari.

        15. Gaiztoa justotutzen duena, eta justoa kondenatzen duena, biak dira gorrotogarriak Jaungoikoaren aurrean.

        16. Zer balio dio zentzugabeari ondasunak idukitzea, ezin badu erosi jakinduria?

        Bere etxea goratua egiten duena, galmenaren billa dabil, eta ikasi nai ez duena, gaitzetan eroriko da.

        17. Denbora guztietan maitatzen du adiskidea danak, eta anaia estutasunetan ezagutzen da.

        18. Gizon zentzugabeak txaloak egiten ditu,bere adiskidearen fiatzalle jarri danean.

        19. Auziak ipiñierazitzen dituena, errierten adiskidea da; eta bere atea goratzen duena, galmenaren billan dabil.

        20. Biotz gaiztokoa danak, ez du onik arkituko; eta mingaña biurtzen duena, gaitzean eroriko da.

        21. Zentzugabea bere lotsarirako jaioa da, bada aita bera ere ez da poztuko seme zentzugabeagan.

        22. Biotz gozotsuak iraunerazitzen dio edade loretsuari, espiritu tristeak, ezurrak leortzen ditu.

        23. Gaiztoak artzen ditu doañak kolkotik, juizioaren bidea biurritzeko.

        24. Zentzudunaren arpegian jakinduriak argi egiten du; zentzugabeen begiak lurraren atzenetan.

        25. Aitaren aserrea da, seme zentzugabea, eta egin eban amaren samintasuna.

        26. Ez da gauza ona justoari kalte egitea, ez otsak ematea, zuzen juzgatzen duen Prinzipeari.

        27. Gizon jakintsu eta zentzudunak bere itzak neurtzen ditu, eta gizon aditua ixiltasunaren zalea da.

        28. Jakiñeza ere, ixillik badago, jakintsutzat iragoa izango da, eta aditutzat, ezpañak itxiten baditu.

 

EMEZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Aitzakiak billatzen ditu, adiskideagandik alde egin nai duenak. Denbora guztian lotsarien diña izango da.

        2. Zentzugabeak ez ditu artzen zentzuko itzak, bere biotzean iragotzen danaren araura itz egiten ez badiozu.

        3. Gaiztoak allegatu ezkero bekatuen ondora, ez du kasorikan egiten, baña desonrak eta lotsariak jarraitzen dio.

        4. Ur andi eta zakon bat bezelakoak, gizon jakintsuaren aotik ateratzen diran itzak, eta jakinduriako iturri au erreka andi bat da.

        5. Ez da ongi lotsaz begiratzea gaiztoari, juizioaren egiatik zeartzeko.

        6. Zentzugabearen ezpañak, erriertetan nastutzen dirade, eta bere aoak, eleak ipintzen ditu.

        7. Zentzugabea aoak galtzen du, eta bere ezpañak dira bere galmena.

        8. Gizon tolesaren itzak tolesgabeak dirudite, baña berak erraien barreneraño sartzen dirade.

        Beldurrak beeratzen du nagia; emetuen animak berriz gosea idukiko dute.

        9. Bere lanetan alperra eta nagia dana, bere obrak desegiten dituenaren anaia da.

        10. Jaunaren izena, dorre txit sendo bat da. Beratan sartzen da gizon justoa, eta goratua izango da.

        11. Ondasunak aberatsarentzat gaztelu sendo bat bezelakoak dirade, eta inguruan daukan murru gogor bat bezelakoak.

        12. Gizonaren biotza arrotutzen da, beeratua izan baño lenago, eta umillatzen da, gloriaz betea izan baño lenago.

        13. Aditu baño lenago erantzuten duenak, erakusten du zentzugabea dala, eta lotsariaren diña.

        14. Gizonaren espirituak sendotzen du bere argaltasuna, baña nork sufritu dezake aserretzen erraza dan espiritu bat?

        15. Biotz zentzuduna jakinduriaren jabe izango da, eta jakintsuen belarria, jakinduriaren billa dabil.

        16. Gizonaren eskeñtzak bidea zabaltzen dio, eta Prinzipeen aurrean egiten dio leena.

        17. Justoa da bere lenbiziko salatzallea, badator bere adiskidea eta esamiñatuko du.

        18. Suerteak bukatzen ditu ezbaiak, eta erabakitzen ditu andizkietan ere.

        19. Anaia anaiaren laguntasunarekin uri sendo bat bezelakoa da, eta bere iritziak errietako morrolloak bezelakoak dira.

        20. Gizonaren sabela bere aoko frutuakin betea izango da, eta aseko da bere ezpañetako irabaziakin.

        21. Eriotza eta bizitza mingañaren eskuetan, maitatzen dutenak, beren frutuak jango dituzte.

        22. Andre on bat arkitu duenak, onera andi bat arkitu du, eta artu du Jaungoikoagandik pozezko jatorri bat.

        Andre ona botatzen duenak, onera andi bat botatzen du; andre adultera berarekin daukana berriz, txoro eta gaizto bat da.

        23. Erreguakin itz egingo du beartsuak; eta aberatsak garraztasunarekin itz egingo dio.

        24. Lagun artean maitagarria dan gizona, izango da anaia bat baño adiskideago.

 

EMERETZIGARREN KAPITULUA

        1. Obeagoa da beartsu, bere toleskabetasunean dabillana, aberats bere ezpañak izurtzen dituena eta zentzungabea baño.

        2. Animako jakinduriarik ez dagoen tokian, ez dago gauza onik, eta oiñ ariñetakoa danak, beaztopo egingo du.

        3. Gizonaren zentzugabetasuna da galmenerontz bultzakada ematen diona, eta bere biotzean Jaungoikoaren kontra irakitzen dago.

        4. Ondasunak, geitzen dituzte adiskideak; beartsuagandik berriz len zeuzkanak ere, alde egiten dute.

        5. Testigu falsoa ez da kastigu gabe geldituko; eta gezurrak esaten dituenak ez du igesik egingo.

        6. Asko dirade eskubide andia daukana ingurutzen dutenak, eta doañak ematen dituztenen adiskideak.

        7. Beartsua bere anaiak ere gorrotatzen dute; eta adiskiderañokoak urrutiratuaz dijoaz beragandik.

        Ez du iñoiz ezerere idukiko, itzak bakarrik billatzen dituenak;

        8. Gizon begiratu eta zentzundunak berriz, orrek bere anima maitatzen du; eta zentzuari iraunerazitzen dionak, ondasunak iritxiko ditu.

        9. Testigu falsoa ez da kastigu gabetanik geldituko; eta gezurrak esaten dituena, galduko da.

        10. Zentzugabeari ez dagozkio ongi atsegiñak, ezta mendekoari ere Prinzipeai agindutea.

        11. Gizonaren dotriña pazienziatik ezagutzen da, eta bere gloria da gauza gaiztoen gañetik iragotzea.

        12. Leoiaren orroa bezela, alakoa da erregearen aserrea; bere arpegi argia berriz belarraren gañeko intza bezelakoa.

        13. Seme zentzugabea aitaren miña da, eta beti itozuraz betetako tellatua, andre erriertaria.

        14. Etxea eta ondasunak gurasoak ematen dituzte, baña emakume zentzuduna, Jaunak bakarrik ematen du.

        15. Nagitasunak logalea dakar, eta anima ajolagabeak idukiko du gosea.

        16. Aginteak gordetzen dituenak, bere bizia gordetzen du, baña bere eginbearretan arretagabea dana, iltzeko irriskuan arkitzen da.

        17. Beartsuarekin urrikaltzen danak, Jaunari prestatuta ematen dio; eta onek pagatuko dio bere irabaziakin.

        18. Eman zaiozkazu erakutsiak zure semeari, ez ezazu desesperatu, baña ez ezazu eraman zure gogortasuna, bera iltzeraño.

        19. Pazienziarikan ez duena, gaizki biziko da, eta kentzen duenean, beste bat itsatsiko dio.

        20. Aditu ezazu konsejua, eta artu ezazu korrekzioa, zure atzenetan jakintsua izan zaitezen.

        21. Gizonaren biotzean gogorazio asko daude; Jaunaren borondateak berriz, iraungo du.

        22. Premian dagoen gizona urrikaltsua da, eta obeago da beartsua, gezurtia baño.

        23. Jaunaren beldurra bizitzarako da, eta justoak ugaritasunean igeri egingo du, gaitz batek ere ukitu gabe.

        24. Nagiak bere eskua galtzarbearen azpian ezkutatzen du, eta ez du bere aora eramaten.

        25. Azotatu ezkero gizon gaiztoa, zentzungabea jakintsuago izango da, baña ematen badiozu erakutsia jakintsuari, onek adituko du.

        26. Aita atsekabetzen duena, eta amari iges erazitzen diona, desonratua da eta doakabea.

        27. Aditu ezazu dotriña, ene semea, aspertu gabe, eta etzaite egon jakin gabe jakinduriako itzak.

        28. Testigu gaiztoak juizioari burla egingo dio; eta gizon biurrien aoak, gaiztakeria iretsitzen du.

        29. Prestatuak daude juizioak burlarientzat, eta mallu mallumariak, zentzungabekoen gorputzentzat.

 

OGEIGARREN KAPITULUA

        1. Ardoa lujuriazko gauza da, eta moskorra matxiñadaria. Gauza oietan gozatzen diradenak, ez dirade jakintsuak izango.

        2. Leoiaren orroa bezela, ala erregearen aserrea, aserretu erazitzen dionak, bere animaren kontra bekatu egiten du.

        3. Honra da gizonarentzat erriertetatik alde egitea; zentzugabeko guztiak, aserreetan nastatzen dira.

        4. Alferrak etzuen goldeatu nai otzagatik, eskean ibilliko da bada udan, eta etzaio emana izango.

        5. Ur zakona bezela, ala konsejua gizonaren biotzean, baña gizon jakintsuak aterako du.

        6. Asko gizon dirade urrikaltsuak deituak, baña gizon leial bat, zeñek arkituko du?

        7. Bere tolesgabetasunean dabillan justoak, seme zorionekoak bere ondoan utziko ditu.

        8. Justiziako tronuaren gañean esertzen dan erregeak, bere begirakune bakar batekin gaitz guzia desegitzen du.

        9. Zeñek esan dezake: Garbia dago nere biotza, bekatuaren orbanikan gabe arkitzen naiz?

        10. Pisu eta neurri bat emateko, eta pisu eta neurri bat artzeko, Jaungoikoak gorrotatzen dituen bi gauza dirade.

        11. Bere griñaetatik ezagutzen da aur bategan, bere obrak garbiak eta zuzenak izango ote diran.

        12. Aditzen duen belarria, eta ikusten duen begia, biak egin zituen Jaunak.

        13. Etzaite izan lo zalea, premiaz estuturik ikusi etzaitezen. Idiki itzatzu zure begiak, eta ogiz ase zaite.

        14. Txarra da, txarra da, esaten du erosle guztiak; eta alde egiten duenean, orduan gozatuko da.

        15. Bada urrea eta badirade arri baliotsu asko, eta jakinduriaren ezpañak, dirade ontzi baliotsuak.

        16. Artu ezazu arrotz baten fiadore irten zanaren soñekoa, eta eraman ezazu bere etxetik prendaren bat arrotzaren zorragatik.

        17. Gozoa da gizonarentzat gezurreko ogia, eta gero bere aoa ondarrez beteko da.

        18. Erabakiak konsejuakin sendotzen dirade, eta gerrak zentzuarekin tratatu bear dirade.

        19. Etzaite adiskidetu ixill gauzak agertzen dituen, marroz dabillan, eta eskeñtza andiak egiten dituen gizonarekin.

        20. Bere aitari, edo bere amari maldizioa egiten dionari, kandela itzaliko zaio, illuntasunen erdian.

        21. Asieran arin biltzen dan herenziak, ez du atzenean bedeikaziorik idukiko.

        22. Ez ezazu esan: Bengatuko natzaio, baizik Jaunagan itxedon ezazu, eta libratuko zaitu.

        23. Nazkagarriak dira Jaunarentzat pisu falsoak, balanza engañatzallea, ez da ona.

        24. Jauna da gizonen pausoak zuzentzen dituena, eta ze gizon da, ezagutu dezakeana, ze bide eraman bear duen?

        25. Gizonarentzat galmena da santuak iretsitzea, eta eskeñtzak eginda garbatutzea.

        26. Errege jakintsuak desegiten ditu gaiztoak, eta beren gañetik iragoerazitzen du uztaia.

        27. Gizonaren espiritua da Jaunaren zuzi bat, barreneko gauza ezkutu guztiak esaminatzen dituena.

        28. Urrikaltasunak eta egiak zaitzen dute erregea, eta bere tronua sendotzen da biguntasunarekin.

        29. Gazteen poza, beren indarra da, eta ille zuriak dirade zarren diñadea.

        30. Gaitzak garbitzen dira zauriakin, eta erraietaraño sartzen diran epaiakin.

 

OGEITA BATGARREN KAPITULUA

        1. Erregearen biotza dago Jainkoaren eskuan; toki batetik aldamen askotara dijoan ura bezela, nai duen edozeñ tokitarontz makurtuko du.

        2. Zuzenak iritzitzen zaiozka gizonari bere bide guztiak, baña Jaunak pisatzen ditu biotzak.

        3. Urrikaltasuna eta justizia egitea Jaungoikoaren gogokoago da, eskeñtzak baño.

        4. Begiak gora erabiltzea biotzeko arrokeriatik dator, eta gaiztoen argitasuna bekatua da.

        5. Gizon egillearen gogorazioak beti dakarte ugaritasuna; alper guztiak berriz beti bizi dira premian.

        6. Mingañ gezurtiarekin tesoroak biltzen dituena, ezjakin eta zentzugabeko bat da, eta eriotzako lakioetan topo egingo du.

        7. Gaiztoen lapurretak beren galmena izango dira, etzituztelako egin gura izan beren obrak justiziaren araura.

        8. Gizon biurriaren bidea besterena da, baña gizona garbia bada, bere obra zuzena da.

        9. Obe da bizitea sabaiko zoko batean, etxe batean emakume erriertari batekin baño.

        10. Gaiztoaren animak, gaitza opa du, eta berak ez du bere lagun urkoaren errukirik idukiko.

        11. Kastigatu ezkero eskandalosoa, aurra begiratuago egingo da, eta jakintsuagana alderatzen bada, jakinduria ikasiko du.

        12. Gaiztoaren etxeko justoak gogorazioa artzen du, alde erazitzeko gaitzari gaiztoakgandik.

        13. Beartsuaren deadarrari belarriak zarratzen diozkanak, deadar egingo du berak ere, baña ez da aditua izango.

        14. Eskeñtza ixillekoak, biguñtzen ditu aserreak; eta doañ besteren kolkoan sartuak, sumintasunik andiena.

        15. Poza da justoarentzat justizia egitea, eta izua, gaiztakerietan ari diradenentzat.

        16. Dotriñako bidetik alde egiten duen gizona, eraldoien batzarrean egotera joango da.

        17. Janedanak ematen zalea dana, eskale biurtuko da; ardoa eta mokadu ona maitatzen dituena, ez da aberastuko.

        18. Gaiztoa da justoagatik emana: eta zuzenak gatik biurria.

        19. Obe da lur eremu batean bizitea, emakume erriertari eta aserrekor batekin baño

        20. Badago tesoro opagarri bat, eta olioa justoaren etxean, baña gizon zentzugabeak, guztia ondatuko du.

        21. Justiziari eta urrikaltasunari jarraitzen dienak, arkituko ditu bizitza, justizia eta gloria.

        22. Maiz gizon jakintsua, gerrariz betetako erri baten jabe egin da; eta erri hurak itxedopena zeukan indarrak desegin ditu.

        23. Bere aoa eta bere mingaña gordetzen dituenak, gordetzen du bere anima ansietatik.

        24. Urgullutsu eta arroari zentzugabearen izena ematen zaio, sumintasunaz beteta, erokeriak egiten dituztelako.

        25. Gurariak iltzen dute nagia, bere eskuak lanik batere egin nai etzutelako.

        26. Egun guztian dago gurari eta naietan; justoa danak berriz, emango du, eta ez da aspertuko.

        27. Gaiztoen doañak nazkagarriak dirade, gauza txarretatik eskeñiak diradelako.

        28. Testigu gezurtia galduko da; gizon esanekoak garaipena kontatuko du.

        29. Gizon lotsagaldukoak ez dio beñere utziten bere asmo gaiztoari, baña zuzena dana, bide onera biurtzen da.

        30. Ez dago jakinduriarik, ez dago zentzurik, ez dago konsejurik Jaunaren kontra balio duenik.

        31. Gudako egunerako prestatzen da zaldia, baña Jaunak ematen du osasuna.

 

OGEITA BIGARREN KAPITULUA

        1. Obe da izen ona, ondasun andiak baño, eta kleitu onak, urreak eta zillarrak baño geiago balio du.

        2. Aberatsak eta pobreak elkar arkitu zuten, Jauna da bataren eta bestearen egillea.

        3. Gizon zentzudunak ikusi zuen gaitza zetorrela, eta ezkutatu zan; ajolagabea aurrera irago zan, eta kaltea etorri zitzaion.

        4. Modu onaren atzena da Jaunaren beldurra, ondasunak, eta gloria, eta bizitza.

        5. Armak eta ezpatak gaiztoaren bidean, baña bere anima gordetzen duenak, beretatik urrutira iges egiten du.

        6. Esangia da: Gazteak asieran ibiltzeko artu zuen bidetik, andik beratatik ibilliko da zartuta ere.

        7. Aberatzak agintzen die pobreai, eta zerbait prestatuta artzen duena, prestatzen dionaren mendekoa da.

        8. Gaiztakeria ereitzen duenak, gaitzezko uztak izango ditu, eta bere aserreko zigorrarekin desegiña izango da.

        9. Urrikaltasunerontz makurtua dana, bedeikatua izango da, bere ogietatik pobreari eman ziolako.

        Garaitza eta honra irabaziko ditu, doañak ematen dituenak, zeren artzen dituztenen animak arrapatzen ditu.

        10. Kanpora bota ezazu gaizto burlaria, bada berarekin irtengo dira erriertak, eta geldituko dira auziak, eta irainak.

        11. Biotzeko tolesgabetasuna maite duenak, bere izketa gozo eta maitagarriagatik Erregea adiskidetzat idukiko du.

        12. Jaunaren begiak jakin..x..itzen dute, eta gizon gaiztoaren itzak, oñazpietan ipiñiak dirade.

        13. Esaten du alperrak: Leoia dago kanpoan, plazen erdian ilko nau.

        14. Leize zakona da besteren andrearen aoa, Jaungoikoa berarekin aserretuta dagoena, eroriko da beratan.

        15. Itsatsia dago mutillaren biotzari zentzugabetasuna; baña kastiguaren zigorra, kanpora botako du.

        16. Gezurrak asmatzen diozkanak pobreari bere ondasunak ugaritutzeko, berak emango dio aberatsagoari, eta premian geldituko da.

        17. Zeartu ezazu zure belarria, eta aditu itzatzu jakintsuen itzak; eta egon bedi arretaz zure biotza nere dotriñara,

        18. Zeñ izango zatzu ederra, zure biotzean gordetzen dezunean, eta gañez egingo du zure ezpañetatik,

        19. Jaunagan ipiñi dezazun zure itxedopena; eta argatik erakutsi dizut gaur zuri ere.

        20. Ona non adirazi dizudan iru eratara gogorazioakin eta jakinduriarekin,

        21. Ezagutuerazitzeko zuri beren ziertotasuna, erantzun dizaiezun arrazoi oiekin, bialdu zaituenai.

        22. Etzaiozu egin gogortasunik pobreari, pobrea dalako, eta ez ezazu galdu atean premian dagoena.

        23. Zeren Jaunak juzgatuko du bere kausa, eta traspasatuko ditu, bere anima traspasatu zutenak.

        24. Etzaite izan gizon aserrekorraren adiskidea, eta etzaite ere ibilli gizon sumiñarekin,

        25. Bere bideak ikasi ez ditzatzun, eta artu ez dezazun eskandaloa zure animarako.

        26. Etzaite egon beren eskuak estututzen dituztenakin, eta eskeñtzen diradenakin zorren fiadoretzat,

        27. Zeren baldin ez badaukazu zerekin pagatu, zer arrazoi dago zure oeko estalkia kendu ditzatzun?

        28. Ez itzatzu irago anziñako muga, zure gurasoak jarri zituztenak.

        29. Ikusi badezu bere lanean begiratua dan gizon bat? Erregeen aurrean egongo da, eta ez da egongo jendediaren aurrean.

 

OGEITA IRUGARREN KAPITULUA

        1. Esertzen zeranean jateko Prinziperen batekin, arretaz begiratu ezazu, zer ipintzen dizuten aurrean.

        2. Eta ipiñi ezazu kanibet bat zure eztarrian; baldin zure animaren jabe bazera.

        3. Ez ezazu iduki, gezurrezko ogia beragan daukanaren janarien gurarik.

        4. Etzaite lanean ari aberastutzeko; baizik jarri zaiozu neurria zure zentzuari.

        5. Ez itzatzu goratu zure begiak, iduki ez ditzakezun ondasunetara, zeren berak egingo dituzte agilarenak bezelako egoak, eta zerura egan egingo dute.

        6. Etzaite joan jatera enbidia daukan gizonarekin; eta ez ezazu ere bere maiaren gurarik iduki.

        7. Zeren azti eta igarlearen gisara, ez dakiana juzgatzen du.

        Jan zazu, eta edan zazu, esango dizu, ta bere biotza ez dago zugan.

        8. Gonbitatuko dezu jan dezun guztia; eta zure izketa ederrak, galduko dituzu.

        9. Ez ezazu itz egin zentzugabeen belarrietara; zeren zure itzen dotrina, mezpreziatuko dute.

        10. Etzaiezu ukiturik egin aurtxoen mugarriai, eta etzaite ere sartu umezurtzen kanpoan:

        11. Zeren beren aidea sendoa da, eta berak juzgatuko du beren kausa zure kontra.

        12. Eman bizaio sarrera zure biotzak dotriñari, eta zure belarriak jakinduriko itzai.

        13. Etzaiozu urritu mutil gazteari kastigua, zeren zigorrarekin otsak ematen badiozkazu ere, ez da ilko.

        14. Zuk zigorrarekin joko dezu, eta libratuko dezu bere anima infernutik.

        15. Ene semea, zure anima jakintsua bada, nere biotza zurearekin gozatuko da.

        16. Eta nere erraiak txit gozatuko dira; zure ezpañak gauza zuzenak esaten dituztenean.

        17. Ez beza zure biotzak bekatarien enbidiarik iduki, baizik egun guztian zaude sendo Jaunaren beldurrean,

        18. Zeren zure atzeneko orduan itxedopena idukiko dezu, eta zure itxedopena ez zatzu kendua izango.

        19. Aditu ezazu, ene semea, eta izan zaite jakintsua, eta zure biotza bidean zuzendu ezazu.

        20. Etzaite arkitu edaleen konbitetan; eztaere elkarrekin jateko aragizko eskoteak eramaten dituztenen janedanetan.

        21. Zeren denbora iragorik edaten eta eskoteak ematen, ezerere gabe geldituko dira; eta beren bizitza lotia, soñeko zatarrez jantzia izango da.

        22. Aditu zaiozu sortu zinduzan zure aitari, eta ez ezazu mezpreziatu zure ama, zartzen danean.

        23. Egia erosi ezazu, eta ez ezazu saldu jakinduria, ez dotriña, ez aditza.

        24. Pozez gora goraka ari da justoaren aita, seme jakintsua sortu zuena, beragan gozatuko da.

        25. Poztu bediz zure aita eta zure ama, eta txit gozatu bedi sortu zinduzan emakumea.

        26. Eman zadazu, ene semea, zure biotza, eta zure begiak nere bideak zaitu bitzate.

        27. Zeren leize zakona da bordiona, eta putzu estua, besteren andrea.

        28. Azeloan egon oi da bera bidean lapurra bezela; eta ilko ditu ikusten dituenak arretagabe daudela.

        29. Zeñaentzat dirade aiak? Zeñ gurasorentzat dirade zorigaitzak? Zeñaen kontra izango dirade erriertak? Zeñaentzat amiltokiak? Zeñaentzat biderikan gabeko zauriak? Zeñak darabiltzki begiak erazekiak?

        30. Ez al dirade oiek luzaro daudenak ardoa edaten; eta kopak ustutzen beren atsegiña ipintzen dutenak?

        31. Etzaiozu begiratu ardoari gorri dagoenean, ez bere koloreak zist egiten duenean bidrioan. Bera leunkiro sartzen da,

        32. Baña azkenean utsikiko du sugeak bezela; eta pozoia isuriko du, ersugearen gisara.

        33. Zure begiak besteren andreak ikusiko dituzte, eta zure biotzak gauza gaiztoak esango ditu.

        34. Eta izango zera, itsasoaren erdian lo egiten duena bezelakoa; eta piloto loak artua bezelakoa, galdurik lema.

        35. Eta esango dezu: Azoteak eman zizkidaten, eta ez nuen miñik artu. Eraman ninduten arrastaka, eta ez nuen sentitu. Noiz iratzartuko naiz, eta berriz ardoak arkituko ditut?

 

OGEITA LAUGARREN KAPITULUA

        1. Ez ezazu iduki gizon gaiztoen enbidiarik, eta ez ezazu ere iduki berakin egoteko guraririk.

        2. Zeren beren adimentua dago lapurretak nola egin asmatzen, eta beren ezpañak engañatzeko gauzak esaten dituzte.

        3. Jakinduriarekin etxea egingo da, eta sendotuko da zentzuarekin.

        4. Dotriñaren bitartez beteko dira ganbarak gauza baliotsu eta txit eder guztiarekin.

        5. Gizon jakintsua sendoa da, eta gizon asko dakiana, indartsua eta azkarra,

        6. Zeren neurri egokiak artuta gerran egiten da, eta konseju asko dagoan tokian, an gauzak ongi joango dira.

        7. Zentzugabearentzat gauza gaitza da jakinduria, ez du berak aoa atean idikiko.

        8. Zentzugabearen izena emango zaio, gaitz egiteko asmazioetan dabillanari.

        9. Bekatu egiten du zentzugabeak, bere gogoraziorañokoetan, eta gaizki esalea, gizonentzat nazka da.

        10. Itxedopena galtzen badezu desalaitzen zerala atsekabeko egunean, zure sendotasuna laburra da.

        11. Libratu itzatzu eriotzara eramanak diraden aiek, eta etzaite aspertu alegiñak egitez, libratzeko bizia kentzera arrastatuak diranak.

        12. Esango bazeneza: Nere indarrak ez dirade orretara allegatzen; biotzak ikusten dituenak ezagutzen du; eta etzaio ezerere ezkutatzen zure animako gordetzalleari, eta emango dio ordaña gizonari bere obren araura.

        13. Jan ezazu eztia, ene semea, zeren ona dan, eta abaraska zure eztarriarentzat txit gozoa izango da.

        14. Alakoa ere izango da jakinduria zure animarentzat, zeñ arkitzen dezunean, itxedopena idukiko dezu zure atzenetan, eta zure itxedopena ez da utsean geldituko.

        15. Etzaite egon azeloan, eta etzaite ere ibilli gaiztakeriaren billan justoaren etxean, eta etzaiozu galerazi bere atsedena.

        16. Zeren zazpi alditan eroriko da justoa, eta jaikiko da; gaiztoak, gaitzera amilduko dira.

        17. Zure etsaia erortzen danean, etzaite poztu; eta ez bedi ere gozatu zure biotza bere galmenean:

        18. Au ikusten duen Jainkoak gaizki eraman ez dezan, eta bere aserrea huragandik apartatu ez dezan.

        19. Etzaite elean jarri gizaseme biurriakin, eta ez ezazu ere iduki gaiztoen enbidiarikan:

        20. Zeren gaiztoak ez daukaten etorkizunaren itxedopenik, eta dongen kandela itzaliko dan.

        21. Izan zaite, ene semea, Jaunaren eta Erregearen beldur; eta gaizki esaleakin etzaite nastu.

        22. Zeren batbatean eroriko da beren gañera galmena, eta nork dakizki iragoko dituzten penak?

        23. Gauza oiek ere jakintsuentzat, begiratzea juizioan bakoitza nor dan, ez da ongi egiña.

        24. Esaten diotenak gaiztoari: Ona zera zu; izango dirade erriak madarikatuak, eta tribuak gorrorotatuak.

        25. Errierta egiten diotenak, alabatuak izango dirade; eta beren gañera bendizioa etorriko da.

        26. Itz zuzenakin erantzuten duenak, ezpañen gañean musuak emango ditu.

        27. Prestatu ezazu zure kanpoko obra, eta egin itzatzu arreta andiarekin zure kanpoko lanak, gero zure etxea egin dezazun.

        28. Etzaite testigu falsoa izan zure projimoaren kontra, eta etzaiozu ere iñori lausengarik esan.

        29. Ez ezazu esan: Nola berak ni tratatu ninduen, ala nik bera tratatuko det, bakoitzari bere obraren araura itzuliko diot.

        30. Gizon alper baten kanpotik irago nintzan, eta zentzugabeko gizon baten mastitik,

        31. Eta ikusi nuen guztia zegoala asunez beterik, eta arantzak estalia zeukatela bere gaña, eta arrizko esia desegiña zegoan.

        32. Au ikusirik, jarri nintzan nere biotzean gogoratzen, eta ejenplo onekin dotriña ikasi nuen.

        33. Lo gutxi egin ezazu, esan nuen, etzaite luzaro arrauzika egon; eta gutxitxo batean idukiko dituzu eskuak gurutzez, atsedetzeko.

        34. Eta gero etorriko zatzu premia korreoa bezela, eta eskale ibilli bearra, gizon armaduna bezela.

 

OGEITABOSGARREN KAPITULUA

        1. Oiek ere dirade Salomonen parabola, Ezekias Judako erregearen gizonak bilduta, eskribatu zituztenak.

        2. Jaungoikoaren gloria da bere itza ezkutatzea, eta erregeen gloria, billatzea esan nai duena.

        3. Nola zerua bere alturan, eta lurra bere zakontasunean, ala Erregeen biotza da aditu eziña.

        4. Kendu zaiozu zillarrari sarra, eta irtengo da ontzi txit garbi bat.

        5. Alde erazi zaiozu gaiztakeriari erregearen aurretik, eta bere tronua sendotua izango da justiziaren bitartez.

        6. Ez ezazu andi egin zure burua erregearen aurrean, eta etzaite jarri andizkien tokian.

        7. Zeren obe da, esan dizazutela: igo zaite onara, eta ez humillatua izan zaitezela Prinzipearen aurrean.

        8. Etzaite joan bereala korrika kontatzera, erriertaren bat izan dezulako, zure begiak ikusi dutena, zure adiskidea desonratuta, arkitu etzaitezen erremediatu ezin dezun eran.

        9. Zure gauzen gañean tratatu ezazu zure adiskidearekin; eta zure ixillgauza arrotz bati ez zaiozu agertu.

        10. Onek aditzen dituenean, iñakindu etzaizan, eta arpegira botatzen zuri aspertu gabe ari ez dedin.

        Mesedeak eta adiskidetasunak libratzen dute gizona. Gorde itzatzu zuretzat, mezpreziagarri eginik jarri etzaitezen.

        11. Urrezko sagarrak zillarrezko oetan bezela, bere denboran itza esaten duena.

        12. Urrezko zirzillua, eta perla argitsua, zuzentzen duena gizon jakintsua, eta belarri esanekoa.

        13. Elurraren otsak uztako denboran bezela, ala mandatari leialak, bialdu zuenari, atseden erazitzen dio bere anima.

        14. Euririk ez dakarten aizezko odeiak bezelakoa da, gizon panparroi, bere eskeñtzak kunplitzen ez dituena.

        15. Pazienziarekin bigunduko da prinzipea, eta mingañ leunak autsiko du gogortasuna.

        16. Eztia arkitu dezu? Jan ezazu, asko dan beste zuretzat, berarekin aseta, gonbitatu ez dezazun.

        17. Kendu ezazu zure oña zure auzoko etxetik, zugaz aseta gorrotatu ez zaitzan.

        18. Dardoa, eta ezpata eta saieta zorrotza, bere projimoaren kontra gezurrezko testimonioa esaten duen gizona.

        19. Atsekabeko egunean desleialagan itxedotzen duena, da ortz usteldua, eta oiñ giltzagetua.

        20. Eta kapa galtzen du, otz egiten duen egunean.

        Ozpiña gatzuan, kantak kantatzen diozkana biotz txit gaizto bati.

        Sitsak soñekoari, eta zerrenak zurari bezela, ala tristezak kalte egiten dio gizonaren biotzari.

        21. Zure etsaia gose bada, eman zaiozu jaten; egarri bada, eman zaiozu ura edateko.

        22. Zeren bere buruaren gañera txingarrak bilduko dituzu, eta Jaunak ordaiñduko zaitu.

        23. Ifar aizeak desegiten ditu euriak, eta arpegi tristeak mingañ murmuratzallea.

        24. Obe da bizitea sabaiko zoko batean, andre erriertari batekin etxe batean baño.

        25. Urrutitikan datorren albista berri bat, da egarri danarentzat ur freskoa bezelakoa.

        26. Bekatuan erortzen dan justoa, gaiztoak ikusten duela, da iturri bat oñakin loitua, eta jatorri atsitua.

        27. Nola eztiak gaitz egiten dien, beratatik geiegi jaten dutenai; ala Jaungoikoaren anditasuna aztertzen sartzen dana, bere gloriaren pisuak azpian sakatu eta estutua izango da.

        28. Nolakoa dan erri idiki eta murruzko esi gabekoa, alakoa da izketan bere espiritua mendetu ezin duena.

 

OGEITA SEIGARREN KAPITULUA

        1. Nola elurra udan, eta euriak uztako denboran, ala ez dagokio ongi gloria, zentzugabeari.

        2. Norbaiten kontra, biderik eman gabe, egiten dan madarikazioa, iragoko da bere gañetik, egan beste toki urruti batera dijoan egaztia bezela, eta nai duen lekura dijoan txoria bezela.

        3. Latigua zaldiarentzat, eta kabrestua astoarentzat, eta zigorra zentzugabekoen bizkarrarentzat.

        4. Etzaiozu erantzun zentzugabeari bere barbulltasunaren araura, bere antzeko egin etzaitezen.

        5. Erantzun zaiozu zentzugabeari bere barbulltasunaren araura, jakintsua dala berak sinistu ez dezan.

        6. Oñetatik errena, eta gaiztakeriaren edalea, bere itzak mandatari zentzugabearekin bialtzen dituena.

        7. Nola erren batek alperrik dauzkan berna ederrak, ala gaizki datorren gauza da parabola, zentzugabearen aoan.

        8. Merkurioen montoian arri bat botatzen duena bezela, ala zentzugabeari honra ematen diona.

        9. Moskortutako baten eskuan arantza erneko balitza bezela, ala itza zentzugabeen aoan.

        10. Juizioak erabakitzen ditu auziak, eta zentzugabea ixiltzen duenak, aserreak biguntzen ditu.

        11. Nola berak gonbitatu duenera itzultzen dan txakurra; ala bere barbullkeria berriz esaten duen zentzugabea.

        12. Ikusi badezu gizon bat, bera jakintsua dala sinistzen duena? Berak baño, ezjakin batek itxedopen andiagoa idukiko du.

        13. Nagiak esaten du: Kalean zeagok leoia, eta leoi emea bideetan.

        14. Nola ateak bere opoaren gañean jira egiten duen, ala alperrak bere oean.

        15. Nagiak ezkutatzen du eskua bere galtzarbearen azpian, eta nekea dauka, bere aora eramango badu.

        16. Iduritzen zaio nagiari, jakintsuago dala, zazpi gizon, sentenziak esaten dituztenak baño.

        17. Nolakoa dan txakur bati belarrietatik eldutzen diona, alakoa da, iragotzean, aserretzen dana, eta nastutzen dana beste baten erriertan.

        18. Nola dan obenduna, aurtikitzen dituena saetak eta lantzak iltzeko,

        19. Ala bere adiskidea marroz engañatzen duen gizona. Eta arrapatua danean, esaten du: Txantxetan egin ziat.

        20. Egurra aitzen danean, itzaliko da sua, eta kendurik txismeroa, ez da izango erriertarik.

        21. Nola ikatzak txingar egiteko, eta egurra sutarako, ala da gizon aserrekorra eleak ipintzeko.

        22. Txismeroaren itzak gaitzgabeak dirudite; baña berak sartzen dirade erraien tokirik barrendikoeneraño.

        23. Naiko bazeneza bezela apaindu lurrezko ontzi bat zillar erdoitsuarekin; alakoak ezpañ anditu, biotz txit gaizto batek laguntzen dienak.

        24. Bere ezpañetatik da ezagutua etsaia, biotzean engañatzeko asmazioak darabiltzkianean:

        25. Bere boza beeratzen duenean, etzaiozu sinistu, zeren zazpi gaiztakeria dauden bere biotzean.

        26. Bere gorrotoa engañuz ezkutatzen duenaren gaiztakeria, agertua izango da batzarrean.

        27. Zuloa egiten duena, bertara eroriko da, eta arria eroriko da mugitzen duenaren gañera.

        28. Mingañ gezurtia, ez da egiaren zalea, eta ao lausenkariak galmenak dakarzki.

 

OGEITA ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Etzaite gozatu biarko egunean egingo dezun gauzaren gañean; bada ez dakizu, zer emango duen beragandik, etortzeko dagoen egunak.

        2. Alabatu zaitzala bestek, eta ez zure aoak, arrotzak, eta ez zure ezpañak.

        3. Pisutsua da arria, eta pisutsua da ondarra, baña gauza oiek baño oraindikan pisutsuagoa da zentzugabearen sumintasuna.

        4. Aserre eta sumintasun goratuak ez diote ematen lekurik urrikaltasunari, baña gizon zeloz urduritu baten erasoa, nork sufritu dezake?

        5. Obe da korrekzio agiria, amorio ezkutua baño.

        6. Obeagoak dira maitatzen duenaren zauriak, norberari gorroto dionaren musu engañatzalleak baño.

        7. Ongi janda dagoenak eztiari ere iguiaz begiratzen dio, baña gose danari, mingoitza ere gozo iruditzen zaio.

        8. Bere kabiatik beste toki batera iragotzen dan egaztia bezela, ala bere lekua utzitzen duen gizona.

        9. Biotza gozatzen da okenduakin, eta usai mota askorekin; eta anima gozatzen da adiskidearen konseju onakin.

        10. Etzaiozu utzi zure adiskideari, ez zure aitaren adiskideari; eta etzaite sartu zure anaiaren etxean atsekabeko egunean.

        Obe da auzoa aldean, anaia urrutian baño.

        11. Ikasi ezazu jakinduria, ene semea, eta poztu ezazu nere biotza, erantzun dizaiokezun, arpegian ematen dizunari.

        12. Gizon zentzuduna ikusirik gaitza, ezkutatu zan; ajolagabeak, aurrera iragorik, iduki zituzten kalteak.

        13. Kendu zaiozu bere soñekoa arrotzaren fiatzalle atera zanari, eta atera zaiozu kanpotarrakgatik eman zuen prenda.

        14. Deadar andiakin bedeikatzen duena bere auzoko gizona gauaz, jaikita, madarikatzen duenaren antzekoa da.

        15. Neguko denboran itozurak dauzkan etxea, eta emakume erriertaria, elkarrekin dijoaz.

        16. Nai izatea au onera ekartzea, da, aizea gelditu nai izatea bezela; edo nekatzea, estututzeko olioa bere eskuaren barrenen.

        17. Burnia burniarekin zorroztzen da; eta gizonak zorroztzen du bere adiskidearen aditza.

        18. Pikoa zaitzen duenak, bere frutua jango du, eta bere nagusia ongi zaitzen duena, honratua izango da.

        19. Nola ikusten diran uretan, an begiratzen dutenen arpegiak; ala gizonen biotzak zentzugabeentzat agirian daude.

        20. Infernua eta eriotza ez dirade beñere betetzen; ala gizonen begiak ere ase eziñak dirade.

        21. Nola zillarra probatzen dan urtutzeko tokian, eta urrea sutegian, ala da gizona probatua alabatzen duenaren aoz.

        Gizon gaiztoaren biotzak, gaitzak billatzen ditu; baña gizon zuzenaren biotzak jakinduria billatzen du.

        22. Piskatuko bazeneza ere zentzugabea motrairu batean, eskuz piskatutako garagar aleak bezela; etzaio kenduko berari bere zentzugabetasuna.

        23. Ongi ezagutu itzatzu zure ardiak, eta iduki itzatzu begien aurrean zure artaldeak.

        24. Zeren ez dezu idukiko beti, egiteko indarra, baña beragatik artuko dezu betiko koroa bat.

        25. Zure agindura dauzkazu larreak, belar berdeak erne dira, eta bildu da mendietako elbitza.

        26. Bildotsak zure jantzirako, eta antxumeak kanpoaren pagurako.

        27. Asko dezu zure auntzen esnea zure janarirako, eta zure etxeko gauza premiatsuetarako; eta zure neskameai jaten emateko.

 

OGEITA ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Gaiztoak iges egiten du, iñork ere persegitzen ez diola; justoa berriz itxedotzen duen leoia bezela, beldur gabe egongo da.

        2. Lurreko bekatuakgatik izan oi dira bertan prinzipe asko, bizitza laburrekoak, baña luzeagoa izango da prinzipearen bizitza, jakintsua bada; eta ikasten badu, emen erakusten diran gauzen aditza.

        3. Gizon pobre, pobreai gezurrak asmatzen diztena, da eurijasa gogor bat bezelakoa, zeñak dakarren gosea.

        4. Legeari utzitzen diotenak, alabatzen dute gaiztoa; gordetzen dutenak, bere kontra erazekitzen dira.

        5. Gizon gaiztoak ez dute juizioan pensatzen; Jauna billatzen dutenak berriz, gauza guztiai arretaz begiratzen die.

        6. Obeagoa da pobre, bere tolesgabetasunean dabillana, aberatza bide gaiztoetan baño.

        7. Legea gordetzen duena, seme jakintsua da, baña tripontziai jaten ematen dienak, bere aita lotsatzen du.

        8. Ondasunak montoitzen dituenak lukuru eta bidegabeko irabazien bitartez, biltzen ditu pobreentzat ugaria danarentzat.

        9. Itxiten dituena bere belarriak, legea ez adituteko, Jaungoikoak madarikatua izango da bere orazioa.

        10. Justoak bide txarrean engañatzen dituena, bere galmenean eroriko da, eta tolesgabeak bere ondasunen jabe izango dirade.

        11. Aberatsari iduritzen zaio bera jakintsua dala, baña pobre zentzudunak, bere barrena ezagutuko du.

        12. Justoak goratuak izatean, dago erreñoen gloria andia; gaiztoak erreñatzen dutenean, gizonak korrika dijoaz beren galmenera.

        13. Bere gaiztakeriak ezkutatzen dituena, ez da ongi zuzendua izango; baña konfesatzen dituenak, eta utzitzen dituenak, urrikaltasuna iritxiko du.

        14. Zorionekoa, beti beldurrez dagoen gizona, baña biotz gogorrekoa dana, gaitzean eroriko da.

        15. Leoi orroakaria, eta artz goseak illa, da Prinzipe gaizto, erri pobre baten gañean agintzen duen bat.

        16. Zentzugabeko Prinzipeak, asko gaizki erabilliko du bidebageakin; zikoiztasuna gorrotatzen duena berriz, urte askotan biziko da.

        17. Gezurrezko asmazioakin iñoren odola isurtzen duen gizonari, leize baten ertzera igesi joaten bada ere, iñork ez dio elduko erori ez dedin.

        18. Tolesgabetasunarekin dabillana, salbatuko da; bide okerretik dabillana, noizbait eroriko da.

        19. Bere lurra lantzen duena, ogiz aseko da; baña alperreria maitatzen duena, premiaz beteko da.

        20. Gizon leiala txit alabatua izango da, baña arin aberastu nai duena, ez da bekatu gabe egongo.

        21. Juizioan arpegiari begiratzen dionak, ez du ongi egiten: onek ogiaren mokadurañoko bat gatik, utziko du egia.

        22. Arin aberastu nai duen, eta besteen ... daukan gizonak, ez daki gero premia etorriko zaiola.

        23. Gizon bat zuzentzen duenak, arkituko du gero beraganako grazia andiagoa, mingañaren balakuakin engañatzen duenak baño.

        24. Bere aitari eta bere amari zerbait kentzen dionak, eta esaten duenak ez dala au bekatu, gaiztakeria au da gizona iltzen duenaren gaiztakeriaren antzekoa.

        25. Urgullutu eta arrotzen danak, erriertak iminten ditu, baña Jaunagan itxedotzen duenari, guztiak ongi irtengo dio.

        26. Bere konsejuan fiatzen dana, zentzugabea da, baña jakinduriaren erara dabillana, au salbatuko da.

        27. Pobreari ematen dionari, etzaio ezerere faltatuko, baña erreguz eskatzen duena mezpreziatzen duena, premian arkituko da.

        28. Gaiztoak jaikitzen diranean, ezkutatuko dira gizon onak. Aiek galtzen diradenean, justoak ugarituko dira.

 

OGEITA BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Lepo gogorreko gizon, bera zuzentzen duena mezpreziatzen duenari, batbatean bere galmen osoa etorriko zaio, iñoizere ez da sendatuko.

        2. Justoen ugaritasunean jendedia poztuko da; gaiztoak agintaritza artzen dutenean, erriak negar egingo du.

        3. Jakinduria maitatzen duen gizona, bere aitaren atsegiña da, baña emakume galduak mantentzen dituenak, galduko du daukan guztia.

        4. Errege justoak egiten ditu zorionekoak bere erriak; gizon zikoitzak, galduko ditu.

        5. Bere adiskideari itz biguñak eta labañak esaten diozkanak, sarea bere oñetan zabaltzen dio.

        6. Gizon bekatari eta gaiztoa bere lazoan eroriko da, eta justoak kantatuko ditu alabantzak eta gozatuko da.

        7. Justoak begiratzen du pobreen gauzak gatik; gaiztoak ez du onelakorik egiten.

        8. Gizon gaiztoak, erriaren galmena dirade; jakintsuak berriz galmenetik salbatzen dute.

        9. Gizon jakintsua zentzugabearekin elean ari bada, naiz aserretu dedilla, naiz farra egin dezala, ez du atsedenik arkituko.

        10. Gizon odolzaleak, tolesgabea gorrotatzen dute; justoak berriz, beren anima billatzen dute.

        11. Zentzugabeak bereala esaten du bere bularrean daukan guztia, baña jakintsuak atzeratzen du, eta utzitzen du geroko.

        12. Gezurrezko itzak pozik aditzen dituen Prinzipeak, konsejari guztiak gaiztoak dauzka.

        13. Pobrea eta artzekoduna arkitu ziran. Biak argitzen ditu Jaunak.

        14. Egiaren araura pobreak juzgatzen dituen erregeak, betiko bere erreñua sendotzen du.

        15. Kastiguak eta erriertak jakinduria ematen dute, baña bere borondatera utzia dan mutillak, lotsatzen du bere ama.

        16. Gaiztoen ugaritasunean gaiztakeriak ugaritzen dira, eta justoak aien galmena ikusiko dute.

        17. Asi ezazu ongi zure semea, eta izango da zure atsegiña, eta zure animako gozotasuna.

        18. Profezia faltatu ezkero, erria arretagabea izango da, baña zorionekoa izango da, Legea gordetzen duena.

        19. Mendekoa ez da allegatuko jakintsua izatera itzakin, esaten diozuna aditzen duelako, baña ez du erantzun nai.

        20. Ikusi badezu gizon urduri bat itz egiteko? Obetoago itxedongo dirade beragandik barbulkeriak, emendatzea baño.

        21. Aur denboratik bere mendekoa mizkinkerietan azitzen duenak, gero muker arkituko du.

        22. Gizon aserrekorrak, erriertak ipintzen ditu; eta erraz sumindutzen danak, errazago bekatu egingo du.

        23. Urgullutsuari humillazioak jarraituko dio; espirituz humilla, gloriaz betea izango da.

        24. Lapur batekin elkartzen danak, bere anima gorrotatzen du, aditzen dio, juramentoa artzen dionari, eta ez du ezerere agertzen.

        25. Gizonaren beldur dana, laster eroriko da; Jaunagan itxedotzen duena, goratua izango da.

        26. Askok Prinzipearen arpegia billatzen dute, baña bakoitzaren juizioa Jaunagandik aterako da.

        27. Justoak gizon gaiztoa gorrotatzen dute, eta gaiztoak gorrotatzen dituzte bide zuzenean daudenak.

        Dotriña au gordetzen duen semeak, ez du zertan iduki galtzeko beldurrikan.

 

OGEITA AMARGARREN KAPITULUA

        1. Biltzen dituenaren, jakinduriak gañez egiten dionaren semearen itzak.

        Jaungoikoa berarekin dagoan gizon batek azaldu zuen ikusketa, eta berarekin dagoen Jaungoikoak sendotua izanik, esan zuen:

        2. Gizonik zentzugabeena ni naiz, eta gizonen jakinduria ez dago nerekin.

        3. Ez nuen ikasi jakinduria, eta santuen aditza ez det ezagutzen.

        4. Zeñ igo zan zerura, eta jetxi zan? Zeñek iduki zuen aizea bere eskuen barrenen? Zeñek bildu zituen urak soñeko batean bezela? Zeñek jaso zituen lurraren muga guztiak? Zeñ da onen izena? Eta nolako izena dauka bere semeak? Esan ezazu zuk, baldin badakizu.

        5. Jaungoikoaren itz guztia, erazekia sua bezela, da, beragan itxedotzen dutenen ezkutua.

        6. Etzaiozu ezerere itsatsi bere itzai, errierta egin ez dizazun, eta izan ez zaitezen gezurrean arkitua.

        7. Bi gauza eskatu dizkizut, etzazkidazu ukatu ni il nadin baño lenago.

        8. Urgulleria eta itz gezurtiak urrutiratu itzatzu nigandik.

        Eskale izateko biderik, ez aberastasunik etzadazu neri eman, baizik eman zadazu biziteko bear dedana:

        9. Asetzen naizanean, tentatua izan ez nadin zu ukatzera, eta esan ez dezadan: Zeñ da Jauna? Edo premiaren indarrez egin ez dezadan lapurretan, edo nere Jainkoaren izenagatik gezurrarekin juramentu egin ez dezadan.

        10. Ez ezazu salatu mendekoa bere Jaunaren aurrean, madarikatu etzaizan, eta erori etzaitezen.

        11. Bada jende mota bat, bere aita madarikatzen duena, eta bere ama bedeikatzen ez duena.

        12. Bada jende mota bat, berak bera garbitzat daukana, eta alaere ez dago bere orbanetatik garbitua.

        13. Bada jende mota bat, zeñaen begiak diran arroak eta betazalak gorontz dauzkatenak.

        14. Bada jende mota bat, ortzen lekuan ezpatak dauzkana, eta bere agiñakin maskatzen duena, jateko nork lagundurik lurrean ez daukatenak, eta gizonen arteko beartsuak.

        15. Bi dirade izaiaren alabak, esaten dutenak: Eman zadazu, eman zadazu.

        Iru gauza daude ase eziñak, eta laugarrena beñere esaten ez duena: Asko da.

        16. Infernua, emasabelaren aoa, eta iñoiz urez asetzen ez dan, lurra, gañera suak ez du iñoiz esaten: Asko da.

        17. Bere aitari farra egiten dionari, eta bere amaren aurregitea mezpreziatzen duenari, erreketako belak atera bizaieztela begiak, eta agila kumeak jan.

        18. Iru gauza dirade neretzat gaitzak, eta laugarrena batere ez dakit.

        19. Agilaren bidea airean, sugearen bidea aitzaren gañean, ontziaren bidea itsasoaren erdian, eta gizonaren bidea gazte denboran.

        20. Alakoa ere da andre adulteraren bidea, zeñak jaten du, eta bere aoa garbiturik, esaten du: Ez det gaiztakeriarik egin.

        21. Iru gauzagatik mugitzen da lurra, eta laugarrena ezin sufritu du.

        22. Mendekoagatik, erreñatzen duenean, zentzugabeagatik, janariz aseta dagoenean,

        23. Andrekume gorrotatuagatik, ezkontzen danean; eta neskameagatik bere etxekoandraren heredera danean.

        24. Lau dirade lurreko gauza txikitxoak, eta oiek dirade, jakintsuak berak baño ere jakintsuagoak.

        25. Txingurriak, erri erkiña, uztako denboran bere janaria prestatzen duena.

        26. Erbitxoa, erri indar gutxikoa, zeñak egiten duen bere oea aitzean.

        27. Langostak ez dauka erregerik, eta alaere irtetzen dira guztiak batera, eta berdin, beren taldetan.

        28. Larjalea, zeñ dijoan bere oñen gañean, eta bizi dan erregeen jauregietan.

        29. Iru gauza dirade ongi dabiltzanak, eta laugarrena bidean ederki dijoana.

        30. Leoia, zeñak, nola dan abere guztietatik sendoena, ez daukan beldurrik edozeiñ arkitu arren.

        31. Ollarra, zeñ dabillan bera danaz betea; eta aria; eta erregea, zeñarekin iñork ezin ditzaken indarrak neurtu.

        32. Bada agertu zuena zentzugabeko bat zala gora jasoa izanda gero; eta aditu balu, bere aoan eskua ipiñiko zuen.

        33. Gogor estututzen duenak errapea, esnea ateratzeko, guria ateratzen du, eta indar andiarekin txintx egiten duenak, ateratzen du odola, ala aserrerako bideak ematen dituenak, ipintzen ditu aierkuneak.

 

OGEITA AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Samuel erregearen itzak. Zeruko ikusketa, zeñarekin bere amak erakutsiak eman ziozkan.

        2. Zer gauza, nere maitea, zer gauza nere erraietako maitea, zer gauza nere gurarien maitea?

        3. Etzaieztezu eman dauzkazun ondasunak emakumeai, eta ez bediz ere izan zure aberastasunak erregeen galmenerako.

        4. Etzaiezu eman, o Samuel, etzaiezu eman ardorik erregeai, zeren ez dago ixilleko gauzarik ordikeriak erreñatzen duen tokian.

        5. Eta gertatu ez dedin, ongi edanda egonik, aztu ditezela justizia egiteaz, eta alabatu ez dezaten pobreen kausa.

        6. Eman zaiezute garagar ardoa triste daudenai; eta ardoa, biotzeko mingoiztasunean daudenai.

        7. Edan bezate, eta aztu bediz beren premiarekin, eta ez bediz geiago oroitu beren miñarekin.

        8. Idiki ezazu aoa mutuarentzat, eta bideante guztien semeen gauzetan.

        9. Idiki ezazu zure aoa, erabaki ezazu justo dana, eta juzgatu itzatzu nork begiratu ez daukana eta pobrea.

        10. Emakume sendo bat, nork arkituko du? Balio andiagokoa da, urrutitik, eta lurraren atzeneko mugetatik ekarritako gauzarik ederrenak baño.

        11. Beragan ipintzen du itxedopena bere senarraren biotzak, eta kondarren premiarik ez du idukiko.

        12. Ongi egingo dio, eta ez dio gaitzik egingo bere bizitzako egun guztietan.

        13. Billatu zituen ardi illea eta liñoa, eta bere eskuetako mañarekin egin zituen lanak.

        14. Egin zan merkatariaren ontzi, urrutitikan bere ogia dakarrena bezelakoa.

        15. Eta gauaz jaiki zan, eta eman zien aragi zatia etxekoai, eta janaria neskameai.

        16. Ipiñi zituen begiak kanpo batean, eta erosi zuen. Bere eskuz egindako irabaziakin jarri zuen masti bat.

        17. Gizonkiro sendotu zan, eta indartu zuen bere besoa.

        18. Probatu eta ikusi zuen bere merkataritza ona zala. Bere argia gauaz ez da itzaliko.

        19. Eldu zien bere eskuakin etxeko lan neke andikoai, eta bere beatzak liñaia artu zuten.

        20. Idiki zuen bere eskua eskalearentzat, eta zabaldu zituen bere besoak premiatsuari laguntzeko.

        21. Ez da elurraren otzen beldur izango etxekoentzat, zeren bere etxeko guztiak daude forrodun soñekoakin.

        22. Egin zuen beretzat soñeko koltxatu bat. Liño txit fiñez eta purpuraz jantziten da.

        23. Bere senarra ezagutua izango da ateetan, lurreko Senadoreakin.

        24. Egin zituen eun txit fiñak, eta saldu zituen, eta eman ziozkan gerrikoak Kanaantarrari.

        25. Sendotasuna eta garbitasuna dira bere apaingarriak, eta pozez egongo da atzeneko egunean.

        26. Bere aoa jakinduriari idiki zion, eta biguntasuneko legea dago bere mingañean.

        27. Begiratu zuen nola bizi ziran bere etxekoak; eta etzuen ogia alperrik jan.

        28. Jaiki ziran bere semeak, eta ao batez esan zuten, txit doatsua zala, bere senarrak ere; eta alabatu zuen.

        29. Askok bildu zituzten ondasunak: zuk atzera utzi dituzu guztiak.

        30. Engañakorra da irudi ona, eta utsa balio duena edertasuna. Jaunaren beldur dan andrea, hura izango da alabatua.

        31. Eman zaiozute bere eskuen frututik, eta bere obrak ateetan alabatu bezate.

 

aurrekoa hurrengoa