www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

OSEASEN PROFEZIA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Jaunaren itz, Oseas Beerien semeari esanak, Ozias, Joatan, Akaz, Ezekias, Judako erregeen denboran, eta Jeroboam Joasen seme, Israelko erregearen egunetan esanak.

        2. Jauna asi zan Oseasi itz egiten, eta esan zion: Zoaz, eta artu ezazu emaztetzat bizitza gaiztokoa izan dan emakume bat, eta bere fornikazioetako semeak, zureak egin itzatzu, zeren Israelko lurrak Jaunaren kontra fornikatzeari ez dio utziko.

        3. Joan zan bada, eta ezkondu zan Gomer, Debelaimen alabarekin, zeñ gelditu zan aurdun, eta seme batez erdi zan.

        4. Eta Jaunak Oseasi esan zion: ipiñi zaiozu izena Jezrael, zeren denbora gutxiren barrenen nik Jehuren errege- etxearen bengantza artuko det, Jezrahelko errian isuri duen odolagatik, eta Israelko etxeko tronua arras desegingo det.

        5. Eta egun artan zatituko det nik Israelko uztaia Jezraelko ibarrean.

        6. Berriz ere Gomer aurdun gelditu zan, eta alaba batez erdi zan. Eta Jaunak Oseasi esan zion: ipiñi zaiozu izentzat, ez geiago urrikaltasunikan. Zeren ez naiz ni berriz, emendikan aurrera urrikalduko Israelko etxekoakin; baizik txit aztuta idukiko ditut.

        7. Baña Judako etxearekin urrikalduko naiz, eta salbatuko det bere Jaun Jainkoaren bitartez, eta ez uztaien eta ezpaten bitartez, ez gudaen, ez zaldien, ez zaldizkoen bitartez.

        8. Eta titigetu zuen Gomerrek bere alaba Ez geiago urrikaltasunik izena zuena; eta berriz aurdun gelditu zan; eta erdi zan aur seme batez.

        9. Eta Jaunak Oseasi esan zion: ipiñi zaiozu izentzat, etzera nere erria, zeren zuek onezkero etzerate izango nere erria, eta ni ere zuen Jaungoikoa ez naiz izango.

        10. Baña egunen batean Israel egiazkoaren semeak izango dirade, itsasoko ondar, neurririk, ez zenbatik ez daukatena adiña. Eta gertatuko da, berai esana izan zaten lekuan: Zuek nere erria etzerate; esango zaiote: Zuek Jaungoiko biziaren semeak zerate.

        11. Eta Judako semeak, eta Israelko semeak batean bilduko dirade, eta autuko dute agintari bakar bat, eta beren katiberioko lurretik aterako dirade. Zeren egun artan, Jezraelko batzarrea andia izango dan.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Ots egin zaiezute zuen anaiai, o nere erria, eta zure aizpari, zeñak urrikaltasuna iritxi duen.

        2. Juzgatu ezazute zuen ama, juzgatu ezazute, zeren bera nere emaztea ez dan, ezta ni ere bere senarra. Kendu bitza bere fornikazioak beragandik, eta aurtiki bitza bere adulterioak bere bularren erditik,

        3. Nik arropagabetu, eta larrugorrian utzi ez dezadan, eta jarri ez dezadan jaio zan egunean bezela, eta utzi ez dezadan eremu bat egiña, eta iñor ere bizi ez ditekean lur bat bezela, eta egarriz illerazi ez dizaiodan.

        4. Ez det bere semeen errukirik idukiko, zeren fornikazioko semeak diraden;

        5. Beren ama adultera bat dan ezkero, desonratua gelditu da berakaz erdi zana. Zeren berak esan zuen: Joango naiz nere maitatzalleen ondoren, zeñak diran ematen didatenak nere ogia, eta nere ura, nere ardi illea, nere linoa, nere olioa, eta nere edaria.

        6. Argatik, ona emen non nik itxiko diodan irteera arantzazko esi batekin, itxiko diot paret batekin, eta bere bidetxidorrak ez ditu arkituko.

        7. Eta jarraituko die bere maitatzalleai, eta ez ditu arrapatuko; eta billatuko ditu, eta ez ditu arkituko; eta esango du: Joango naiz eta biurtuko naiz nere lenengo senarragana, zeren orduan, orain baño obeto zijoadan.

        8. Eta etziekiten berak ni nintzala, eta ez idoloak, eman ziotenak garia, eta artoa, eta olioa, eta eman ziona, Baali eskeñi zioten zillarraren eta urrearen ugaritasuna.

        9. Argatik beste era batera portatuko naiz, eta bere denboran bilduko ditut nere garia, eta nere ardoa, eta kenduko ditut bere eskuetatik nere ardi ille, eta nere lino bere lotsariak estalitzen dituztenak.

        10. Eta orain agertuko det bere premia bere maitatzalleen beren aurrean, eta iñork ere ez du nere eskuetatik libratuko.

        11. Eta geldirik jarri eraziko diet bere bozkario guztiai, bere egun andi guztiai, bere Neomeniai, bere larunbatai, eta bere jai egun guziai.

        12. Eta desegingo ditut bere mastiak, eta bere pikodiak, zeñakgatik berak esan zuen: Oiek dirade nere maitatzalleak eman zizkidaten doañak; eta nik arantzadi batean biurtuko det, eta kanpoko pistiak iretsiko dute.

        13. Eta bengatuko natzaio berari Baalim serbitu zuen egunakgatik, zeñatan eskeñtzen zion inzensua, eta apaintzen zan bere zirzilluakin, eta bere edergarriakin, eta joan oi zan bere maitatzalleen ondoren, eta nerekin aztutzen zan, esaten du Jaunak.

        14. Alaere gero nik bozkarioak egingo diozkat, eta bakartadera eramango det, eta biotzera itz egingo diot.

        15. Bere erriko mastizaleak emango diozkat, eta Akorko Ibarra, itxedopenean sartu dedin, eta an kantatuko diozka himnoak bere Jaungoikoari, bere gazte denborako egunetan bezela, Ejiptoko lurretik atera zan egunetan bezela.

        16. Eta hura izango da eguna, esaten du Jaunak, zeñean berak bere esposoa ots egingo didan, eta ez dit berriz Baali ots egingo.

        17. Eta Baalimen izenak kenduko ditut bere aotik, eta ez da geiago biurtuko idoloen izenakin oroitzen.

        18. Eta egun artan ipiñiko det nik pakea beren, eta kanpoko abereen, eta zeruko egaztien, eta lurreko arrastakarien artean, eta ausiko ditut errian uztaiak, eta ezpatak, eta gelditu eraziko diet gerrai, eta egingo det, beldurrikan gabe lo egin dezatela.

        19. Eta esposatuko zaitut nerekin betiko, eta esposatuko zaitut nerekin justiziaren, eta juizioaren bitartez, eta urrikaltasun eta biguñtasunaren bitartez.

        20. Eta esposatuko zaitut nerekin fedearen bitartez, eta ezagutuko dezu, ni naizala Jauna.

        21. Eta orduan izango da, esaten du Jaunak, noiz nik adituko diedan zeruai, eta oiek lurrari adituko dioten.

        22. Eta lurrak adituko du emateko guria, eta ardoa, eta olioa, eta gauza oiek adituko dute Jezrael gozatzeko.

        23. Eta ereingo det nik an neretzat azi baliotsua bezela lurraren gañean, eta urrikalduko naiz Ez geiago urrikaltasunik izena iduki zuenarekin.

        24. Eta esan nionari, nere erria etzala, esango diot: Nere erria zera zu; eta berak esango du: Nere Jaungoikoa zu zera.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Jaunak esan zidan: Zoaz oraindikan, eta maitatu ezazu, bere adiskideak maitatua eta adultera izan dan emakume bat, nola Jaunak Israelko semeak maitatzen dituen, eta berak beren begiak jainko arrotzetarontz itzulten dituzten, eta matsen mintza maitatzen duten.

        2. Nik neretu nuen amabost ziklo zillarrezko, eta koro bat eta erdi garagargatik.

        3. Eta esan nion: Egun askotan itxedon bearko dezu, bitartean ez dezu adulterioko bekaturik egingo, eta ez dezu gizaseme batekin ere artu emanik idukiko; eta nik ere zuri itxedongo dizut.

        4. Zeren Israelko semeak denbora luzean egongo diraden erregerik gabe, agintaririk gabe, sakrifiziorik gabe, aldare gabe, Efod gabe, eta Therafinik gabe,

        5. Eta oien ondoan Israelko semeak biurtuko dirade beren Jaun Jainkoaren, Dabiden jatorrikoaren, beren erregearen billan, eta billatuko dituzte beldurrarekin Jauna, eta bere ondasunak denboren atzenean.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Aditu ezazute Jaunaren itza, o zuek Israelko semeak, zeren Jauna datorren, alderri onetan bizi diradenak juzgatzera, zeren ez dagoan egiarik, ez dagoan urrikaltasunik, ez dagoan Jaungoikoaren ezaguerarik lurrean.

        2. Madarikazioak, eta gezurrak, eta erallak, eta lapurretak, eta adulterioak guzia bete dute gañez egiteraño, eta gaiztakeria batek bestea iritxitzen du.

        3. Argatik lutuz estaliko da lurra, eta bertan bizi diraden guziak desalaituko dira, eta kanpoko pistiak, eta zeruko egaztiak, eta itsasoko arraietarañokoak galduko dirade.

        4. Alaere iñork ez beza besterik juzgatu, eta iñori ere ez bizaio erriertarik egin, zeren zure erria apaizari kontra egiten diona bezelakoa dan.

        5. Zu berriz, o Israel, gaur, aurki galdua izango zera, eta zurekin zure gezurrezko profetak ere galduak izango dirade. Gau artan zure ama ixiltasunean jarriko det.

        6. Nere erria itzikan gabe gelditu zan, illa balego bezela; zeren jakinduria gabe arkitzen zan. Zuk jakinduria zugandik aurtiki dezulako, nik zu nigandik aurtikiko zaitut, nere apaiztzako lanetan ari etzaitezen, eta zure Jaungoikoaren legearekin aztu zeran ezkero, ni ere zure semeakin aztuko naiz.

        7. Nere laguntasunarekin berak ugaritu diraden anbestean, beren bekatuak ere nere kontra ugaritu dirade. Nik beren gloria lotsarian itzuliko det.

        8. Nere erriaren bekatuen doañak jaten dituzte; eta onek bekatu egiten duenean, alaitzen dute.

        9. Argatik apaiza erria bezela tratatua izango da, eta nik kastigatuko det beragan bere biziera gaiztoa, eta bere asmazioen ordaña emango diot.

        10. Eta jango dute, eta ez dirade aseko. Aspertu gabe legea ausitzen ari dirade, utzi dute Jauna, bere lege santari ez diotela obeditzen.

        11. Zikinkeriak, eta ardoak, eta ordikeriak biotza zentzugabetzen dute.

        12. Argatik nere erriak zur zati bati galdetu dio, eta bere ziorrak erantzunak eman diozka geroko gauzen gañean, zeren fornikazioko espirituak llilluratu ditu, eta beren Jaungoikoari atzea eman die.

        13. Egin dituzte eskeñtzak mendietako erpiñen gañean, eta erretzen zuten inzensua muñoen gañean, eta artearen, eta ezkiaren, eta terebintoaren azpian, beren itzala gogokoa zalako berentzat. Argatik zuen alabak aragizko bekatuetan eroriko dira, eta zuen emazteak adulterak izango dirade.

        14. Nik utziko diet ibilli ditezela beren erara; ez ditut kastigatuko zuen alabak, bekatu egiten dutenean, ezta zuen emazteak ere, adulterak egiten diradenean; zeren aitak eta esposoak berak galotzakin artuemanak dauzkaten, eta gizaseme emetuakin doañak eskeñtzera dijoazelako. Argatik, aditu nai ez duen erri au, azotatua izango da.

        15. Zu, o Israel, aragizko bekatuetan ari bazera; o Juda, zuk bederik, ez ezazu bekaturik egin; eta etzaitezte Galgalara joan, eta etzaitezte Bethabenera igo, eta ez ezazute ere juramenturik egin, esaten dezutela: Jauna bizi dan bezela.

        16. Zeren Israel barreiatu dan bei ezigabea bezela, baña laister Jaunak zuzenduko ditu bazkatzera, bildots beldurtiak bezela, landa zabaletan.

        17. Efraimek egin du elkartasuna idoloakin. Zuk, o Juda, alde egin ezazu beragandik.

        18. Berezian egiten ditu berak bere jateketak, eta egin ditu fornikazio txit andiak, bere laguntzalleak lotsatutzen dirade berak lotsariz betetzean.

        19. Jaungoikoaren aserrearen aizeak bere egoetara lotuta eramango du Israel, eta beren semeak beren eskeñtzakgatik lotsariz estaliak geldituko dirade.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Aditu ezazute au, o apaizak; zuk, o Israelko etxea, arretaz entzun ezazu. Ongi konprenditu ezazu zuk, o errege-etxea, zeren zuek zoazten juzgatuak izatera: zeren erriaren bealari batzuek izan bearrean, lazoak jarri dituzute, eta izan zerate beretzat sare zabaldua bezela Taborko mendiaren gañean.

        2. Eta lizean erori erazi diozute doañari; nik berriz, guztiai erakutsiak eman dizkizutet.

        3. Ezagutzen det Efraim, etzat Israel ezezagutua. Badakit Efraim orain idolatra dala; badakit Israel kutsutua dagoela.

        4. Ez dute berak beren Jaungoikoagana biurtzeko gogoraziorik artuko, zeren fornikazioetako espiritua beren erdian dagoan, eta Jauna etzutelako ezagutu.

        5. Eta Israelen urgulleria bere arpegian agertuko da, eta Israel eta Efraim beren gaiztakeriagatik galduko dira, eta Juda ere galduko da berakin.

        6. Beren artaldeetako eta beitaldeetako eskeñtzarekin Jauna billatzera joango dirade, eta ez dute arkituko, berakgandik alde egin zuen.

        7. Jaunari fedea ausi diote, zeren besteenak izan diraden, berakgan sortuak izan ziraden semeak. Orain il batean desegiñak izango dirade dauzkaten gauza guztiakin.

        8. Jo ezazute txaranbela Gabaan, jo ezazute tronpeta Raman, jaiki bedi alaraua Betabenen, zure bizkarren atzean, o Benjamin.

        9. Kastiguko egunean Efraim arrasatua izango da. Egiatia agertu naiz, Israelko tribuai dagozkien profezietan.

        10. Judako prinzipeak, mugarriai alde erazitzen diotenak bezelakoak dirade. Ugolde bat bezela, nere aserrea beren gañera isuriko det.

        11. Gezurrak asmatzen diozkate Efraimeri; eta juizioan estutua da; idoloen zikinkerien billan joan zalako.

        12. Eta ni Efraimentzat sitsa bezelakoa izango naiz, zerrena bezelakoa izango naiz ni Judako etxearentzat.

        13. Eta ikusi zuen Efraimek bere desalaitasuna, eta Judak ikusi zituen bere kateak, eta Efraim joan zan Asiriatarragana, eta Judak ots egin zion errege bati berari laguntzeko, baña onek ez dizute eman alko osasuna, eta etzaituzte libratu alko kateetatik.

        14. Zeren ni efraimentzat leoi eme bat bezelakoa naizan; eta leoi gazte bat bezelakoa Judako etxearentzat. Nik, nik arrapatuko det, eta joango naiz; nik artuko det, eta ez da egongo, neri kenduko didanik.

        15. Joango naiz, eta itzuliko naiz nere bizilekura, aliketa desalaituak argitu zaitezten, eta nere billan etorri zaitezten artean.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Beren atsekabean goiz jaikiko dira, nigana etortzeko. Atozte, esango dute, Jaunagana biurtu gaitezen,

        2. Zeren berak katiberioan jarri gaitu, eta berak gure aukeran ipiñiko gaitu. Berak zauritu gaitu eta berak sendatuko gaitu.

        3. Berak bi egunen ondoan bizitza itzuliko digu, irugarren egunean, berriz biztuko gaitu, eta bere aurrean biziko gera. Ezagutuko degu Jauna, eta jarraituko diogu, bera ezagutzeko. Prestatua dago bere etorrera egunsentia bezela; eta Jauna etorriko da gugana udazkeneko, eta udaberriko euria lurraren gañera bezela.

        4. Zer da nik zurekin, o Efraim, egin dezakedana? Zer egingo det, o Juda, zurekin? Zuen urrikaltasuna goizeko odeia bezelakoa, eta goizean goizeko intz, bereala desegiten dana bezelakoa.

        5. Nere profeten bitartez garlopatu zinduztedan, nere aotik ateratako itzakin, zeñakin eriotza ekarri dieztedan. Ala zure kondenazioa, argia bezin argia agertuko da.

        6. Zeren urrikaltasuna da nik nai dedana, eta ez eskeñtza, eta Jaungoikoaren ezagera, holokaustoak baño geiago.

        7. Baña berak nere elkartasuna urratu dute, Adanek bezela. An ausi zuten fedea nere kontra.

        8. Galaad da orain idoloegilleen erri bat, odol obengabez betea.

        9. Bere eztarria lapurrena bezelakoa da, elkartu da apaiz gaizto, Sikemdik dijoazen jendeak iltzen dituztenakin. Egiaz arrigarriak dira egin dituzten gauzak.

        10. Izugarria da Israelko etxean ikusi dedana, an ikusi ditut Efraimen idolatriak. Israel kutsutu zan.

        11. Eta zu ere, o Juda, igitaitzeko denborarako prestatu zaite, aliketa atzenean nere erriari katiberiotik itzulierazi dizaiodan artean.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Nik Israelko gaitzak sendatu nai nituenean, Efraimgo barrendiko gaiztakeria, eta Samariako dongatasuna agertu ziraden; zeren ordu artan gezurrak esaten ari ziraden; eta ala sartuko da bere etxean lapurra, berai daukatena ostutzeko, eta kanpotik bide-ebasleak egingo du.

        2. Eta noaski esan ez dezaten beren biotzetan, ni beren gaiztakeria guztiakin berriz oroitzen naizala, gaur oraindik daude berak beren gaiztakeriaz ingurutuak. Nere begien aurrean ari dirade berak egiten.

        3. Beren gaiztakeriakin bozkariotu zuten erregea, eta beren gezurrakin prinzipeak.

        4. Nere erriko guztiak adulteroak dirade, labezaiak erazekitako labea bezelakoak dirade. Geldirik jarri zan erria denbora piska batean, legamia nastuta gero bezela, guztia legamiatua zegoan artean.

        5. Gure erregearen eguna da, esaten zuten Israeltarrak. Prinzipeak ardoz beteta asi ziraden txorakeriak egiten, eta erregeak eskua ematen zien farragarri aiei.

        6. Beren biotza idolatriara itsatsi zan, labe bat bezela erazekia, bera azeloan zegoan artean. Gau guztian lo egin zuen, berak egositzen ziraden artean. Goizean bera erazeki zan suzko gar bat bezela.

        7. Guztiak erazeki ziran gaiztakerian labe bat bezela, eta erazeki zituzten berarekin beren juezak. Beratan erori ziran bere errege guztiak. Ez dago beren artean, bere boza niganontz altxatzen duenik.

        8. Efraim erreñoakin nastutzen zan, etorri zan izatera Efraim suillean erretzen dan ogi bat bezelakoa, eta zeñ ez dan jiratzen.

        9. Bere ondasunak arrotzak iretsiko dituzte, eta oraindikan ez da bera kontuan erori, ala ikusi da laster ille urdiñakin; eta argatik ere ez da ezageran sartzen.

        10. Eta Israelen urgulleria umillatuko da bere begien aurrean; eta alaere ez da bere Jaun Jainkoagana biurtuko, eta gauza guzi oien ondoan ere, ez dirade bere billan joango.

        11. Efraim egin da, uso argal, ezauera gabeko bat bezelakoa. Ejiptoarrai ots egiten zioten, Asiriatarrakgana joan ziran.

        12. Eta joaten diradenean, nik nere sarea beren gañean zabalduko det, eta zeruko egazti bati bezela erori eraziko diet. Ondamen bat egingo det beretan, beren batzarretan esan zaioten bezela.

        13. Ai beren doakabeak, nigandik alde egin zutelako! Desegiñak izango dirade, zeren nere kontra jaiki ziran; eta izanik ni asko alditan beren salbatzallea, berak nere kontra gezurrak esan zituzten.

        14. Ez dute deadar egin, neri ots egiten didatela biotzetikan, baizik uluak egiten zituzten beren oietan; gariaren gañean eta ardoaren gañean ausnar egiten zuten. Nigandik urrutiratu ziraden.

        15. Eta nik erakutsiak eman niezten, eta nik beren besoai indarra eman nien; berak ordea bakarrik gogoan erabilli zuten, nola nere kontra gaitz egingo zuten.

        16. Nere legearen uztarri gabe, berriz bizi nai zuten. Uztai engañakor baten irudikoak egin ziraden. Beren prinzipeak ezpataren puntaz galduak izango dirade beren mingañ gaiztoagatik. Onelakoa da Ejiptoko lurrean neri egin zidaten irria.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Zure eztarria tronpeta bat bezelakoa izan bedi, eta adirazi ezazu etsaia eroriko dala Jaunaren etxearen gañera, agila bat bezela, zeren nere erri oiek nere elkartasunetik aurrera irago dirade, eta nere legea ausi dute.

        2. Ots egingo didate esaten dutela: O gure Jaungoikoa, guk Israelkoak ezagutu zaitugu!

        3. Baña Israelek, esaten du Jainkoak, utzi dio obra onak egiteari, eta argatik bere etsaiak desegingo du.

        4. Berak erreinatu zuten; baña ez nigatik. Prinzipeak izan ziraden; baña nik ez nituen ezagutu. Beren zillarrarekin eta beren urrearekin egin zituzten idoloak beren galmenerako.

        5. Lurrera aurtikia izan da zure idiskoa, o Samaria. Nere aserrea beren kontra erazekia izan da. Noizarteraño ezin izango dirade garbituak?

        6. Zeren idisko hura Israelen lana ziertoro izan zan. Langille batek egin zuen, eta ez da Jaungoikoa, armiarma baten euta bezela, Samariako idiskoa ala izango da.

        7. Aizea ereingo dute, eta txirimolak bilduko dituzte beren galmenerako. Ez da izango an buruskarik zutik iraungo duenik, eta beren granoak ez dute iriñik emango; eta baldin ematen badute, jango dute arrotzak.

        8. Israel iretsia izan da. Etorri da bera izatera, erreñuen artean edanontzi zikin bat bezelakoa.

        9. Zuzendu zan Asiriatarren erregeagana, basoasto bakarrik dabillana, Efraimen semeak, beren adiskide Asiriatarrai doañak eskeñi diezte.

        10. Baña erreñuen laguntasuna diru askogatik iritxi ta gero, orduan nik bilduko ditut Asirian, eta izanik katibuak, geldituko dirade denbora zati batean erregeari ta prinzipeai pagatzen dioten kotiza gabe.

        11. Efraimek ugaritu dituelako bere aldarean bekatu egiteko, eta bere obenen jatorria aldarak izan diradelako,

        12. Nik ere ugarituko ditut bere kontra nere legeak, zeñai begiratu dien, berentzat ez balirade bezela.

        13. Eskeñiko dituzte doañak, ilko dituzte abereak sakrifiziorako, zeñatatik jango duten; baña Jaunak ez ditu ontzat artuko; baizik orain oroituko da beren gaiztakeriakin, eta beren bekatuak kastigatuko ditu. Orduan Ejiptora biurtuko dira.

        14. Israel bere Egillearekin aztu zan, eta egin zituen tenploak idoloentzat. Judak ugaritu ditu erri murrutuak, eta nik sua aurtikiko det bere errietara, eta bere etxe guztiak iretsiko ditu.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Etzaite alako moduan bozkariotu, o Israel, etzaite bizi dantzetan, jentillak egiten duten bezela; zeren zuk zure Jaungoikoa utzi dezun. Ordañean larrañ gariz beteak nai izan dituzu.

        2. Baña ez larrañak, ez dolareak, ez die emango zerekin bazkatu; eta mastiak beren itxedopenak utsean utziko ditu.

        3. Jaunaren lurrean ez dirade biziko. Efraim Ejiptora itzuliko da, eta Asiriatarren artean janari kutsutuak jango ditu.

        4. Ez diozkate Jaunari eskeñiko ardozko libazioak; eta beren doañak ere, ez dirade bere gogokoak izango. Beren sakrifizioak proguetako jateketak bezelakoak izango dirade. Beretan jaten duen guztia kutsutua geldituko da. Gorde bezate berentzat beren ogia, ez bedi sartu Jaunaren tenploan.

        5. Zer egingo dezute orduan egun andian, Jaunaren jai andian?

        6. Nik onezkero ikusten ditut iges egiten alderri arrasatutik. Ejiptok bilduko ditu, obiratuko ditu Memfisek, berak nai zituzten ondasunen gañean osina aziko da; eta beren bizilekuetan sasilarrak ikusiko dirade ernetzen.

        7. Etorriko dirade bisitako egunak, kastiguko egunak allegatuko dirade. Jakin ezazu, o Israel, zure profetak txoro batzuek diradela, zerutik argituak daudela uste diran oiek, zentzugabeko batzuek dirade, zure gaiztakeria askoen, eta zure zorakeria andiaren kastiguan.

        8. Apaiza, Efraimgo bealaria nere Jaungoikoaganako, profeta, bide guztietan zabaldutako lazo bat egin da erriaren galmenerako, bere Jaungoikoaren tenploan gorrotoz begiratzen zaio.

        9. Bekatu txit andiak egin dituzte, Gabaontarrak bekatu egin zuten egun aietan bezela. Jauna beren gaiztakeriakin oroituko da, eta beren bekatuak kastigatuko ditu.

        10. Matsak eremu leor batean bezela, alako gogoarekin nik Israel artu nuen. Piku ondo baten errama goratuen lenbiziko frutuai bezela, ala begiratu nien beren gurasoai. Baña berak Beelfegorren tenplora joan ziran, eta alde egin zuten nigandik, beren lotsarirako, gorrotogarriak egiten ziradela, maitatu zituzten gauzak bezela.

        11. Joan zan Efraimen gloria, egan egin duen txori bat bezela; beren semeak jaiota bertatikan galduko dirade; amaren sabeletik, edo beren sortzetik.

        12. Eta beren semeak azitzera allegatuko balirade ere, nik egingo det, mundu onetan berak gabe gelditu ditezela. Baña, ai beren doakabeak, nik osotoro utzitzen ditudanean!

        13. Efraimek, nik ikusi nuen bezela, zirudian Tiro aberatsa, toki txit eder batean zegoana, eta Efraimek aterako ditu bere semeak iltzalleagana.

        14. Eman zaiezu, o Jauna, Baña eta zer emango diezu? Eman zazkiezu sabel soillak, eta bular ugatz gabeak.

        15. Bere gaiztakeria igo zan Gorengo mallara Galgalen, an nik gorroto artu nien. Aurtikiko ditut nik nere etxetik beren obra gaiztoakgatik. Beñere ez ditut berriz maitatuko. Beren prinzipe guztiak, igeslari batzuek dirade.

        16. Efraim zauritua izan da, bere sustraia leorra dago, ez dute berak frutu geiago emango, eta semerik baleukate, nik beren erraien maitatuenak illeraziko ditut.

        17. Nere Jaungoikoak aurtikiko ditu, etzutelako bera aditu, eta erreñuen artean batetik bestera ibilliko dirade.

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Zan Israel masti ostotsu bat, zegozkion frutuak eman zituena. Zenbat ugariagoak ziran bere aberastasunak, anbat idoloen aldare geiago zeukan, eta zenbat ugariagoa zan bere lurra, jainko gezurrezkoen irudi geiago iduki zuen.

        2. Beren biotza partitua dago, eta laster galduko dirade. Jaunak beren jainko irudiak zatituko diozkate, eta beera artikiko ditu beren aldareak.

        3. Zeren berak orain esango dute: Ez daukagu erregerik, zeren Jaunaren beldur ez geran, eta erregeak zer egingo digu?

        4. Esan itzatzute orain berriz, zuen profeten ikusketa gezurrezkoaren itzak, egin ezazute elkartasuna asiriatarrarekin, alaere Jaungoikoaren aserreak botako ditu moteak, belar gaiztoak kanpo erein bateko ildasketan bezela.

        5. Samarian bizi ziradenak Betharengo beiak adoratu zituzten, eta erri hurak eta bere apaizak, idisko aren onran jaia zelebratzen zutenak, malko jarioan daude, beren gloria utsean gelditu zalako.

        6. Idiskoa bada Asiriara eramana izan zan, gordetzalletzat artu zuen, erregeari doañ bat egiteko. Efraim lotsariz betea geldituko da, Israel bere gura gaiztoakgatik izango da desonratua.

        7. Samariak bere bekatuakgatik iragoeraziko dio bere erregeari uraen gañeko apurra bezela.

        8. Desegiñak izango dirade toki goratu, idoloari konsagratuak, zeñ dan Israelen bekatua. Arantzak eta sasilarrak aziko dira bere aldaren gañean. Orduan Israelko semeak mendiai esango diote: Estali gaitzatzute, eta muñoai: Erori zaitezte gure gañera.

        9. Gabaako gertakarien denboratik dago Israel idoloakin bekatu egiten, bekatuan iraun dute, idukiko dute gerra bat, Gabaako gaiztakeriaren semeak iduki zutena baño kaltegarriagoa.

        10. Nere guraren neurrian kastigatuko ditut nik. Erreñuak beren kontra bilduko dirade. Orduan kastigatuak izango diradenean beren gaiztakeriak, bi alditan anbatekoagatik.

        11. Efraim, uztak gogoz traillatzen oitutako bigaia. Ni iragoko naiz bere lepo ederraren gañetik, igoko naiz Efraimen gañera. Juda goldeatzen ariko da, Jakobek ildaskak idikiko ditu.

        12. Erein itzatzute zuentzat birtuteko aziak, eta urrikaltasuna ugari igitaituko dezute. Landu itzatzute, landu gabe dauden lurrak; zeren Jauna billatzeko denbora dan, aliketa etorri dedin artean justizia erakutsiko dizutena.

        13. Goldeatu zenduten gaiztakeria ereitzeko, eta obra biurriak igitaitu dituzute, eta jan gezurrezko frutu bat. Zuen itxedopena, zuen asmazioetan ipiñi zenduten, eta zuen indartsuen ugaritasunean.

        14. Zuen errian matxiñadak jaikiko dirade, eta desegiñak izango dira zuen gazteluak, nola desegin zuen Salmana gudako egunean Jedeonen martiztiak, zeñak artu zuen Baalen bengantza, ama bere semeakin batean eraioa gelditzen zala.

        15. Au da Bethelek egin dizutena. Au da, zuen gaiztakeria biurrien ordaña.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Nola iragotzen dan goiztabarra, ala irago zan Israelko erregea. Asieran Israelko etxea aur bat zan, nik maitatu nuen, eta nik ots egin nion, eta nik nere semeari Ejiptotik etorri erazi nion.

        2. Nere profetak ots egin zien berai; baña oiek berakgandik geiago urrutiratu ziran. Baali doañak eskeñtzen ziezten, eta egiten ziezten sakrifizioak idoloai.

        3. Ni egun nintzan Efraimen aurzaia bezelakoa; nere besoetan erabilli nuen, eta Efraimen semeak etzuten ezagutu, ni naizala beren osasunagatik begiratzen dedana:

        4. Nik ekarri nituen niganontz gizasemeai dagozkien lokarriakin, karidadeko lokarriakin, ni izandu nintzan berentzat, beren matrallezurrak estututzen ziezten uztarria jasotzen niena bezelakoa, eta jatekoa eraman nien.

        5. Ez dirade onezkero berak Ejiptoko lurrera itzuliko; baizik Asiriatarra beren erregea izango da, ez dutelako konbertitu nai izan.

        6. Badabil ezpata bere errietan, eta bertan bizi diradenen lorea desegingo du, eta beren agintariak iretsiko ditu.

        7. Bitartean nere erria ari bat bezela egongo da, antsiarekin itxedotzen duela nere itzuliera, baña guztiai jarriko zaiote uztarri bat betiko.

        8. Zer egingo det zurekin, o Efraim? Zure laguntzallea izango al naiz ni, o Israel? Nik tratatu natzakizuteket Adama bezela, edo ipiñi Seboim ipiñi nuen bezela? Ah! Nere erraiak nere barrenen mugitzen dirade, ni arkitzen naiz damutua bezela.

        9. Ez diot utziko obratzen nere sumintasunaren aserreari, ez naiz erabakiko Efraim desegitzera; zeren ni Jaungoikoa naizan, eta ez gizon bat. Santua zure erdian bizitu izan da; eta ala, ez naiz sartuko errian bera desegiteko.

        10. Berak Jaunari jarraituko diote, leoiak bezela orroa egiten duenean. Berak orroa egingo du, eta itsasoaren semeak izutuko ditu.

        11. Eta egan egingo dute Ejiptotik egazti batek bezela, eta uso agudo bat kabiara bezela etorriko dirade Asiriako lurretik, eta nik berriz ipiñiko ditut beren bizilekuetan, esaten du Jaunak,

        12. Estutu nau Efraimek ni ukatzearekin, eta Israelko etxeak bere engañioakin. Juda, alaere etorri da bere amorioaren aitorrera Jaungoikoari ematera, eta santuen bideari leialkiro jarraitzen dio.

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Efraim aizez bazkatzen da, eta Ejiptogan itxedotzen duela, aize beroz asnasa artzen du. Egun guztian ari da gezurrak eta ondamena ugaritutzen. Asiriatarrakin elkartu da, eta bere olio ederrak Ejiptora eraman ditu.

        2. Jauna etorriko da, Juda juzgatzera, eta Jakob kastigatzera, eta bere obrak, eta bere burutazioak diña diraden ordaña emango dio.

        3. Jakobek amaren sabelean bere anaiari orpotik eldu zion, eta bere sendotasunarekin, aingeruarekin burruka egin zuen.

        4. Eta aingerua baño geiago izan zan, eta garaitu zuen. Negar egin zuen, eta erregutu zion, Bethelen arkitu zuen, eta an itz egin zuen gurekin.

        5. Eta Jauna, zeñ dan ejerzituen Jaungoikoa; Jauna Jakobek bere gogoan beti iduki zuen.

        6. Zu, bada, zure Jaungoikoagana biurtu zaite, urrikaltasuna eta juizioa zaitu itzatzu, eta zure Jaungoikoagan beti itxedon ezazu.

        7. Baña Kanaantar onek bere eskuetan balanza engañakorra dauka: gezurrezko asmazioa maitatzen du.

        8. Eta Efraimek esan zuen: Dana dala, ni aberastu naiz, arkitu det idoloa neretzat. Nere arazo guztietan ez da arkituko gaiztakeriarikan batere nik egin dedanik.

        9. Alaere ni oroitzen naiz, Ejiptoko lurretik atera zindudanetik, zure Jaun Jainkoa naizala. Oraindikan ere zure bizilekuetan atsedetzen utziko dizut, jai andi artako egunetan bezela.

        10. Ni naiz itz egin nizuna profeten bitartez, zeñai, etortzeko zeuden gauza asko, ikusi erazi niezten, eta profeten bitartez zuei agertu nintzatzuten.

        11. Galaadko hura idolo bat bada; beraz Galgalan alperrik idiak il, ta eskeñtzen ziran, eta egiaz onezkero beren aldareak, kanpoko ildaisken aldeko arri montoiak bezelakoak dirade.

        12. Jakobek Siriako lurrera iges egin zuen: eta Israelek Laban serbitu zuen emazte batgatik; eta beste batgatik artzaitzan serbitu zuen.

        13. Gero Jaunak profeta baten bitartez atera zuen Israel Ejiptotik, eta beste profeta baten bitartez salbatu zuen.

        14. Efraimek bere naiezakin aserretu erazi dit. Bere gañera erori eraziko dio bere Jaunak odol isuriari, eta egin diozkan irrien ordaña emango dio.

 

AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Jeroboam Efraimgo erregeak esan zituen itzetara, Israel beldurtu zan, eta bekatu egin zuen Baal adoratzen zuela, eta onenbesterekin illa bezela gelditu zan.

        2. Eta orain bekatuak bekatuai itsatsi diezte, eta urtu dute beren zillarra, eta berarekin egin dituzte idoloen irudiak. Guztia langilleen obra da. Arako adoratzalleai oiek esaten die: Zuek, idiskoak jainkotzat adoratzen dituzutenak, giza doañak il, eta eskeñi zaiozkazute.

        3. Argatik berak izango dirade odei bat egunaren sentian bezela; eta goizeko intz, bereala desegiten dana bezela, eta aize bunbada batek larrañatik eramaten duen autsa bezela, eta tximinia batetik irtetzen dan kea bezela.

        4. Baña ni naiz zure Jaun Jainkoa, Ejiptoko lurretik atera ziñanetik, eta ez dezu ezagutuko beste Jaungoikorik, ni baizik, eta ez dago ere beste Salbatzallerik, ni baizik.

        5. Nik ezagutu zindudan semetzat eremuan, lur soill batean.

        6. Zeudela Israeltarrak biziteko eman nien erri gozatsuaren aldean, bete ziran eta ase ziran, eta urgulluturik beren biotza, aztu ziran nerekin.

        7. Baña ni izango naiz berentzat leoi eme bat, edo leoiarrea Asiriara dijoan bidean bezelakoa:

        8. Aterako naiz berai erasotzera, bere umeak ostu diozkaten artz eme bat bezela; eta zatituko ditut beren erraiak biotzaren barrendieneko tokiraño, eta an iretsiko ditut, leoi batek egiten duen bezela, pistiak desegingo dituzte.

        9. Zure galmena, o Israel, zu zerorigandik dator, eta nigandik bakarrik zure laguntasuna.

        10. Non dago zure erregea? Non daude zure Juezak? Orain da berak zu, eta zure erriak salbatzeko era, zuk esan ziñidan ezkero: Eman zazkidazu errege bat, eta prinzipeak.

        11. Nere sumintasunaren erdian errege bat eman nizun; eta nere aserrearen erdian kenduko dizut.

        12. Bilduaz joan naiz Efraimen gaiztakeriak, bere bekatuak gordeak dauzkat.

        13. Aurregiten ari dan andrearen oñazeak etorriko zaiozka, erri ori seme zentzugabeko bat da, eta orain ezin iraunko du bere semeen galmenaren erdian.

        14. Alaere, nik eriotzaren eskutik libratuko ditut, eriotzaren atzaparretatik erredimituko ditut. O eriotza! ni ire eriotza izango nauk. Ire galmena izango nauk, o infernua! Ez det ikusten gozatu nazakean gauzarik.

        15. Zeren berak anaia batzuek besteetatik berezituko ditu. Jaunak bialduko du aize erretzalle bat, zeñ jaikiko dan eremutik, zeñak leortuko dituen bere jarioak, eta bere iturriak agortuko ditu. Salmanasar erregeak tesoru balio andienekoak arrapatuko ditu.

 

AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Galdua izan bedi Samaria, bere Jaungoikoari aserretu erazi diolako. Galduak izan bitez guztiak ezpataren puntaz. Bere aurrak lurraren kontra eraioak izan bitez, eta beren andre aurdun daudenen sabelak idikiak.

        2. O Israel, zure Jaun Jainkoagana biurtu zaite, zeren zure gaiztakeriakgatik erori zeran!

        3. Pensatu ezazute Jaunari esango diozutenean, biurtu zaitezte beragana, eta esan zaiozute: Kendu ezazu gugandik gaiztakeria guztia, artu ezazu gure gurari on au, eta gure alabantzen eskeñtza aurrean ipiñiko dizugu.

        4. Ez degu onezkero itxedongo, Asiriatarrak salbatuko gaituztela. Ez gera igoko zaldietan. Emendikan aurrera ez diegu emango gure Jaungoikoen izena gure eskuen lanai, zeren zu, o Jauna, erri onekin urrikalduko zeran, zure eskuetan jartzen dan umezurtz batekin bezela.

        5. Nik beren zauriak sendatuko ditut, (erantzuten du Jaunak) doan maitatuko ditut, zeren nere aserrea beren kontra bigundu dan.

        6. Izango naiz intza bezela Israelentzat, zeñ moteatuko dan lirioa bezela, eta zeñak botako dituen sustraiak Libanoko zuaitz batek bezela.

        7. Bere erramak zabalduko dirade: izango da ederra, oliboa bezela; eta usaitsua, inzensuaren zuaitza bezela.

        8. Beragana biurtuko dira, eta bere itzalaren azpian atsedengo dute, gariz bazkatuko dirade, ugarituko dirade aiena bezela. Bere izenaren usai gozoa, Libanoko ardoa bezelakoa izango da.

        9. Orduan Efraimek esango du: Zer daukat nik onezkero idoloakin zer ikusi? Eta nik onez adituko diot, eta nik azi eraziko diot abeto goratu, eta berde bat bezela. Zure frutuak, o Israel, nigandik jatorria idukiko dute.

        10. Zeñ da gauza oiek aditzen dituen jakintsua? Nork dauka oiek konprenditzeko aditza? Zeren Jaunaren bideak zuzenak diran, eta justoak beretatik ibilliko diran; fedea austen dutenak berriz, beretan beren galmena arkituko dute.

 

aurrekoa hurrengoa