www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

JOELEN PROFEZIA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Joel, Fatuelen semeari egindako Jaungoikoaren itza.

        2. Aditu ezazute, o zarrak, eta zuek Judako lurrean bizi zeratenak ere, zaudete arretaz. Onelako gauzarik zuen egunetan, edo zuen gurasoen denboran gertatu al da?

        3. Bere gañean itz egingo diezute zuen semeai, eta zuen semeak beren semeai, eta oien semeak beste gizaldiari.

        4. Beldarrak utzi zuena, langostak jan zuen; eta langostak utzi zuena, galdernak jan zuen; eta galdernak utzi zuena, gorniak desegin zuen.

        5. Esnatu zaitezte, o moskortuak, eta negar egin ezazute, altxatu ezazute deadarra ardoa edaten bozkarioz zaudeten guztiak, zeren zuen aotik kenduko zazuten.

        6. Zeren nere lurrerontz etorriaz dijoa erreñu sendo, eta kontaezin bat. Leoiarenak bezelakoak, alakoak dirade bere ortzak, bere agiñak leoe gazte batenak bezelakoak dirade.

        7. Berak nere mastia eremu biurtu du, desazaldu ditu nere pikuondoak, utzi ditu billosik, grano bat ere gabe, eta lurrera aurtikiak, bere erramak ortxikatuak eta igartuak, zuri biurtzen dirade.

        8. Negar egin ezazu, o Jerusalen, emazte batek bezela, zeña zilizioz jantzita malko jarioan dagoan, bere edade loretuan artu zuen senarragatik.

        9. Aitu ziran sakrifizioak eta libazioak Jaunaren etxean: Jaunaren serbitzari apaizak, negarrez daude.

        10. Alderria arrasatua dago, kanpoak negarrez daude, alorrak desegiñak izan diradelako, mastiak gelditzen dirade galduak, eta oliboak leortuak.

        11. Nekazariak buruz beera dabiltza, manstizaleak ai, tristeak egiten dituzte, galdu dalako kanpoko uzta, garia eta garagarra.

        12. Mastiak egoera negargarri batean daude, leortu dirade pikuondodiak, eta leorrak gelditu dirade mingrana, palma, eta sagarrondoa, eta landaetako zuaitz guztiak. Bozkarioa gizonen semeakgandik urrutira joan da.

        13. Jarri itzatzute gerrietan zilizioak, eta negar egin ezazute zuek, o apaizak, egin itzatzute deadar tristeak, o aldareko lanetan ari zeratenak. Atozte zilizioaren gañean auzpeztzera, o nere Jaungoikoaren ministroak, zeren aitu dan zuen Jaungoikoaren etxean sakrifizioa eta libazioa.

        14. Agindu ezazute barau egiteko; ots egin zaiozute erriari; bildu itzatzute zarrak, eta inguruetan bizi diraden guztiak zuen Jaungoikoaren Etxean, eta zuen deadarrak Jaunagana altxatu itzazute.

        15. Ai, ai, ze egun ikaragarria dan aldean datorren egun ori! Ai, ez dago urrutian Jaunaren eguna, eta etorriko da, guzia dezakeanak bialdutako ekaitz ikaragarri bat bezela.

        16. Ez al dezute ikusi zuen begiakin, nola Jaungoikoaren etxea janaririkan batere gabe, bozkario eta gozotasun gabe gelditu dan?

        17. Abereak gosez galtzen dira beren estalpetan, aletegiak utsak gelditu dirade, ezerere gabe janari gelak, zeren garia galdu dan.

        18. Nola da abereak adiaka daudela, eta taldeko beiak orroaka ari diradela? Bazkarik ez daukatelako, eta artaldeak ere galtzen daude.

        19. Zugana, o Jauna, jasoko ditut nere deadarrak, zeren suak eremuko landa eder guztiak galdu dituen, eta garrak alderriko zuaitz guztiak erre dituzte.

        20. Eta kanpoko pistirañokoak berak ere altxatzen dituzte begiak zuganontz, ur egarriz dagoan lurrak bezela, zeren uren jarioak leortu ziran, eta eremuko landa eder guztiak, suak iretsi zituen.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Jo ezazute tronpeta Sionen, asi zaitezte alarauak egiten nere mendi santutik, dardaraz jarri bitez lurean bizi diraden guztiak, zeren Jaunaren eguna alderatzen dan, zeren onezkero allegatzeko zorian dagoan.

        2. Illuntasuna eta argigabeko eguna; odei, eta aizebunbaden eguna, erri ugari eta sendo bat zabaltzen da Judeako mendi guztietatik, goizean argia zabaltzen dan bezela, ez da onen antzeko egunik izan asieratik, eta ez da izango ere asko gizalditan.

        3. Bere aurretik su iretsitzalle bat dijoa, eta bere ondoan gar erretzalle bat darama. Bera allegatu baño lenago, atseginezko baratza bat zan lurra, eremu arrasatu bat egiña utzitzen du, eta ez dago beragandik iges egin dezakeanik.

        4. Langosta talde orren irudia, zaldiena bezelakoa da, eta zaldidi agudoa bezela, ala korrika ibilliko da.

        5. Salto egingo dute mendien erpiñen gañera, gurdien irudiko ots batekin; garrak lastategiak erretzen dituztenean egiten duten otsa bezelakoarekin; jende armadun talde ugari bat gudarako prestatzen danean bezela.

        6. Bera allegatzen danean, erriak izuz illotzak geldituko dirade, eta arpegi guztiak eltze beltz baten kolorekoak geldituko dirade.

        7. Sendoak bezela korrika joango dira; gerrari errutsuak bezela igoko dira murruetara; iñor ere ez da irtengo bere errenkadatik, eta ez du batek ere bere bidetik alderik egingo.

        8. Ez diote elkarri eragozketarik jarriko; bakoitzak jarraituko dio zuzen bere bideari, eta erortzen diradenean, edo leioetatik salto egiten dutenean ere, ez dute miñik artuko.

        9. Sartuko dira erri batera, murruetatik korrika ibilliko dirade, igoko dira etxeetara, leioetatik sartuko dira lapurrak bezela.

        10. Berak allegatzen diradenean, lurra dardaraz jarriko da, zeruak mugituko dira, illunduko dira eguzkia eta illargia, eta izarrak beren argitasuna atzeratuko dute.

        11. Zeren Jaunak aditu erazi duen bere boza, bere ejerzituak allegatu diradenean, zeren bere martiztiak kontatu eziñak diraden, zeñak diraden sendoak, eta egiten dituen bere aginteak. Zeren Jaunaren eguna andia, eta txit beldurgarria dan. Eta nork sufritu dezake?

        12. Orain bada biurtu zaitezte nigana, esaten du Jaunak, zuen biotz guzitik, barauakin, negarrakin, eta suspirioakin.

        13. Eta urratu itzatzute zuen biotzak, eta ez zuen soñekoak, eta biurtu zaitezte zuen Jaun Jainkoagana, Jauna dan ezkero beraa, eta urrikaltsua, eta itxedopen andikoa, eta txit biguña, eta kastigatu gabe utziten zalea.

        14. Nork daki makurtuko ote dan biguñtasunera, eta barkatuko ote dizuten, eta utziko ote dizuten gozatzen bedeikazioan, eta emango ote dizuten eskubidea eskeñtzeko sakrifizioak eta libazioak zuen Jaun Jainkoari?

        15. Jo ezazute tronpeta Sionen, agindu ezazute barau santu bat, batzarre bat bildu ezazute;

        16. Batu ezazute erria, garbitu ezazute jende guztia, elkartu itzazute zarrak, etorri erazi zaiozute txikiai, eta bularreko aurrai; irten bedi senarra bere ezkontza oetik, eta emaztea bere eztoitik.

        17. Negar egin bezate apaiz, Jaunaren ministroak, atariaren eta aldarearen aurrean, eta esan bezate: Barkatu, Jauna, barkatu zure herriari, eta ez ezazu utzi zure herenzia lotsarian, jartzen dezula erreñuen mendean. Zergatik jendeak aitzakia idukiko dute esateko: Beren Jaungoikoa non dago?

        18. Jaunak bere lurrari amorio erazekiarekin begiratzen dio, eta bere erriari barkatu dio.

        19. Eta Jaunak itz egin du, eta bere erriari esan dio: Nik bialduko dizutet garia, eta ardoa, eta olioa, eta berakin beteak izango zerate, eta beñere berriz ez det utziko erreñuen irria izan zaiteztela.

        20. Eta zuekgandik urrutira aurtikiko det ifarretik etorri zan etsai hura, eta botako det iñor ere bizi ez dan toki eremu batera. Bere aurrea Sortaldeko itsasorontz, eta bere atzea itsasorik urrutienerontz; eta an ustelduko da, eta usai atsitu bat botako du, alako urgulleriarekin ibilli zalako.

        21. Ez daukazu zertan beldur izan onezkero, o Judako lurra, gozatu zaite, eta poztu zaite, zeren Jaunak zure alde mirari andiak egin dituen.

        22. Zuek, o kanpoko abereak, etzaitezte onezkero beldur izan, zeren eremuko landak belarrez estalitzera dijoazen, zuaitzak beren frutuak emango dituzte, pikudiak eta mastiak txit sendo moteatu dira.

        23. Eta zuek, o Siongo semeak, gozatu eta bozkariotu zaitezte zuen Jaun Jainkoagan, eman dizutelako, zuekgandik jaiotzea justiziaren Erakuslea, eta bialduko dizkizute udazkeneko eta udaberriko euriak anziña bezela.

        24. Eta larrañak gariz beteko dirade, eta dolareak ardoz, eta olioz gañez egingo dute.

        25. Eta emango dizutet ordaña iduki zenduzten urte urriakgatik, langosta, galderna, ta gornia, eta beldarra, zuen kontra bialdu nituen ejerzitu ikaragarriakgatik.

        26. Eta jango dezute ugaritasunarekin guziz ase arteraño, eta bedeikatuko dezute zuen Jaun Jainko, zuen alde gauza ain arrigarriak egin dituenaren izena, eta beñere onezkero ez da nere erria lotsatua izango.

        27. Eta ezagutuko dezute ni Israelen erdian bizi naizala, eta ni naizala zuen Jaun Jainkoa; eta ez dagoela besterik, ni baizik; eta iñoizere ez da berriz nere erria lotsatua izango.

        28. Eta oien ondoan gertatuko da, isuriko dedala nik nere espiritu Jaungoikozkoa gizon mota guztiaren gañera, eta zuen semeak eta zuen alabak profetizatuko dute, zuen zarrak ames miragarriak egingo dituzte, eta zuen gazteak ikusketak idukiko dituzte.

        29. Baita nere morroi mendeko, eta nere neskamen mendekoen gañera ere egun aietan nere espiritua isuriko det.

        30. Eta agertueraziko diet mirariai zeruan eta lurraren gañean, odola eta sua, eta keezko aizebunbadak.

        31. Eguzkia illuntasun, eta illargia odol biurtuko dira, etorri baño lenago Jaunaren egun andi eta ikaragarri hura.

        32. Eta gertatuko da, Jaunaren izenari ots egiten dion guztia, salbatuko da, zeren Judako erriko kutsuak, Jaunak esan duen bezela, Siongo mendian eta Jerusalenen salbazioa arkituko dute, zeñak Jaunak bere elizara ots eginak izango diraden.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Zeren egun aietan, eta denbora artan, nik, Juda eta Jerusalen katiberiotik ateratzen ditudanean;

        2. Emen bilduko ditut jende guziak, eta eramango ditut Josafaten ibarrera, eta an disputatuko det berakin nere erriaren alde, eta Israelko nere herenziaren alde, zeñak berak barreiatu zituzten erreñuetan, partitzen zutela beren artean nere lurra.

        3. Eta txotx eginda partitu zuten beren artean nere erria, eta ipiñi zituzten mutillak bordionen tokian, eta saldu zituzten neskatxak ardo piska batgatik edateko.

        4. Baña, zer da nik egingo dedana zuekin, inguru guztietako Tiroarrak, eta Sidontarrak? Nerekin bengatu nai al zerate? Eta nerekin bengatzen bazerate, laster berealaxe, zuen buruen gañera ordañari erori eraziko diot.

        5. Zeren zuek nere zillarra, eta nere urrea ostu dezute, eta gauzarik ederrenak eta baliotsuenak zuen tenploetara eraman dituzute.

        6. Eta saldu dieztezute Grieguai Judako eta Jerusalengo semeak, beren erritik urrutian berak idukitzeko.

        7. Jakin ezazute, nik aterako ditudala saldu zenduzten erritik, eta egingo det zuen buruen gañera ordaña erori dedilla.

        8. Eta jarriko ditut zuen semeak, eta zuen alabak Judako semeen mendean, zeñak salduko diezten Sabeotarrai, urrutiko erreñuari, zeren Jaunak ala esan duen.

        9. Esan zenezakete, nai badezute, erreñuen artean: Prestatu zaitezte gerrarako, alaitu itzazute mutil sendoak, etorri bitez, asi bitez ibiltzen gerrari guziak.

        10. Egin itzatzute zuen goldeakin ezpatak, eta zuen aitzurrakin lantzak, erriak ere esan beza: Badaukat nik indarra.

        11. Atera zaitezte kanpora, eta atozte, eta bildu zaitezte, o erreñuak, zeraten guztiak, Jaun Jaunak, zuen errutsu guztiak lurrera aurtikiko ditu.

        12. Jaiki bitez jendeak, eta betoz Josafaten ibarrera; zeren an eseriko naiz ni erreñu guztiak inguruan jarrita juzgatzeko.

        13. Bota ezazute igitaia, zeren onezkero uztak zorituak dauden, atozte, eta jetxi zaitezte, zeren dolarea betea dagoan, gañez egiten dute dolareak, au da, beren gaiztakeria gorengo mallaraño allegatu da.

        14. Erriak, erri kontatu eziñak, agertu zaitezte eriozko ibarrean, zeren Jaunaren eguna aldean dagoan, atozte ilkintzako ibarrera.

        15. Illunduko dirade eguzkia, eta illargia, eta izarrak beren argitasuna atzeratuko dute.

        16. Eta Jaunak orroa egingo du Siondik, eta bere boza Jerusalendik aditueraziko du, eta zeruak eta lurra dardaraz jarriko dirade. Baña Jauna bere erriaren itxedopena, eta Israelko semeen sendotasuna da.

        17. Eta ezagutuko dezute, ni naizala zuen Jaun Jainko, Siongo nere mendi santuan bizi naizana, eta Jerusalen orduan santua izango da; eta ez dute onezkero beñere bere barrenen arrotzak oñik ipiñiko.

        18. Egun artan gertatuko da, mendiak ezti jarioan egongo diradela; eta muñoai eznea erioko zaiote; eta Judako erreka guzietatik ur osasuntsuak bete betean korrika joango dirade. Eta Jaunaren tenplotik irtengo da iturri miragarri bat, arantzen ibarra ureztatuko duena.

        19. Ejipto ondamenean utzia izango da, eta Idumea biurtua izango da eremu izugarri batean, Judako semeak txit gaizki erabilli zituztelako, eta odol obengabea beren alderrietan isuri zutelako.

        20. Judean ordea jendea beti biziko da, eta Jerusalen beti beti jendez betea egongo da.

        21. Eta bengatuko naiz arako justoen odolaz, zeñaen bengantzarik ez nuen artu, eta Jauna berakin Sionen beti biziko da.

 

aurrekoa hurrengoa