www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

ESTERREN LIBURUA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Asueroen egunetan, zeñak erreñatu zuen Indiatik Etiopiaraño eun eta ogeita zazpi probinzien gañean.

        2. Bere erreñuko tronuaren gañean eseri zanean, bere erreñuko nagusi eta burua Susan erria izan zan.

        3. Berak agintzen zuenetik irugarren urtean bada, eman zien bazkari andi bat, zeñean bera arkitu zan, prinzipe guztiai, bere agintari guztiai, Persaetatik sendoenai, eta Medoen arteko argitsuenai, eta probinzietako gobernatzalleai,

        4. Erakusteko bere erreñuko gloriaren aberastasunak, eta bere eskubidearen anditasun, eta arrokeria, denbora luzean, au da, eun eta larogei egunean.

        5. Zegoala bada bukaeraren aldean, konbidatu zuen Susanen arkitu zan erri guztia, andienetik txikieneraño, eta agindu zuen prestatu zekiela zazpi eguneko janedana, baratzeko eta basoko atarian, zeñ zegoan erregeren eskuz, eta anditasunarekin jarria.

        6. Eta zeuden esekita alde guztietatik zeru koloreko itzalkaiak, eta zuriak, eta ubelurdiñak, liño txit fiñezko eta purpurazko kordoeakin lotuak, zeñak iragotzen ziran marfillezko anilloetatik, eta marmolezko abe batzuei lotzen ziozkaten. Zeuden ere prestatuak urrezko eta zillarrezko etzintokiak, esmeralda koloreko, eta Parosko marmol koloreko arriz arlosatutako zelaien gañean; zeñak egiten zituen irudi mota askoak, txit edertzen zuten.

        7. Eta konbidatuak izan ziranak, urrezko ontzietan edaten zuten, eta janariak ekartzeko maiontziak beti aldatzen ziran. Ardoa ere, errege baten anditasunari zegokion bezela, ugari eta obena ipintzen zan.

        8. Etzion iñork edanerazitzen nai etzuenari, baizik bakoitzak artzen zuen nai zuenean, erregeak agindu zuenaren araura, zeñak onetarako bere andizkietatik bat jarri zuen mai bakoitzeko maipuruko.

        9. Basthi erregiñak ere eman zien bazkari bat emakumeai, Asuero erregea bizi oi zan jauregian.

        10. Eta zazpigarren egunean, egonik erregea pozagorik, eta geiegi edanarekin ardoz berotueguia, agindu zien Maumam, eta Bazatha, eta Harbona, eta Bagatha, eta Abgata, eta Zethar eta Txartxas, zazpi txikiratu bere inguruan serbitzen zutenai,

        11. Eraman zezatela bere aurrera Basthi erregiña, buruan koroea zuela, erri guztiai eta andizkiai bere edertasuna erakusteko, zeren txit ederra zan.

        12. Berak etzuen joan nai izan, eta txikiratuak erregearen agintea adirazi bazioten ere, mezpreziatu zuen. Argatik aserreturik erregea, eta guztia sumintasunean erazekirik,

        13. Galdetu zien, erregeak oi duten bezela beti inguruan zeuzkan jakintsuai, zeñaen esanaz egiten zuen guztia,zeren zekizkiten legeak, eta beren asaben oiturak.

        14. (Beren artean nagusienak eta alderengoak ziran, Txarsena, eta Sethar, eta Admatha, eta Tharsis, eta Mares, eta Marsana, eta Mamutxan, Persaen eta Medoen zazpi andizki, zeñak joaten ziran erregeagana nai zutenean, eta eseri oi ziran lenbiziak erregearen ondoan)

        15. Zer penaren mendean zegoan Basthi erregiña, etzuelako egin nai izan Asuero erregearen agindu, txikiratuen bitartez bialdu ziona.

        16. Eta Mamutxanek, erregeak eta andizkiak aditzen zutela, erantzun zuen: Basthi erregiñak ez bakarrik ofenditu du erregea, baitaere Asuero erregearen probinzia guztietan dauden erri eta jaun guztiak.

        17. Zeren erregiñak egin duenaren berria andre guztiak gana allegatuko da, beren senarrak mezpreziatu ditzaten, eta esan dezaten: Asuero erregeak agindu zion Basthi erregiñari bere aurrera etortzeko, eta berak etzuen nai izan.

        18. Eta ejenplu onekin Persiarren eta Medoarren andizkien emazte guztiak gutxitan idukiko dituzte senarren aginteak. Argatik erregearen aserrea bidezkoa da.

        19. Ongi baderitzazu, egin ezazu lege bat, eta eskribatu bedi, Persiarren eta Medoarren legeen, iñork autsi ezin ditzakenen araura, Basthi erregiña ez dedilla berriz iñoiz ere agertu erregearen aurrean, eta bere koroea artu dezala, bera baño obeago dan batek.

        20. Eta jakinerazi bizaiote au zure erreñu txit andiko probinzia guztiai, emazte guztiak ala andienak nola txikienak beren senarrak onratu ditzaten.

        21. Ongi iritzi zitzaien erregeari, eta andizkiai onen konsejua, eta erregeak Mamutxanen konsejuaren araura egin zuen,

        22. Eta bere erreñuko probinzia guztietara bialdu zituen kartak, izkuntza eta letra banaetan, erreñu bakoitzak aditu eta irakurri zitzakean eran, senarrak iduki bear zutela eskubide eta agintaritza guztia beren etxeetan, eta au aditzen eman zedilla erri guztietan.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Iragorik onela guza oiek, Asuero erregearen aserrea bigundu zanean, Basthirekin oroitu zan, eta egin zuenarekin, eta irago zituenakin.

        2. Eta erregearen morroe eta bere ministroak esan zuten: Billatu bitez erregearentzat neskatx donzella eta ederrak.

        3. Eta bialdu bitez probinzia guztietatik mandatariak autu ditzaten neskatx irudi onekoak eta donzellak: eta ekarri bitzate Susango errira, eta jarri bitzate emakumeen etxean, Ejeo txikiratuaren mendean, zeñaen kontura dauden erregearen emakumeak, eta artu bitzate emakumeen apaingarriak, eta bear duten gañerako guztia.

        4. Eta guztien artean erregearen gogokoen dana, hura izango da erregiña Basthiren lekuan. Ongi esana iruditu zitzaion erregeari, eta agindu zuen egin zezatela, adirazi zioten bezela.

        5. Bazan Susango errian gizon Judu Mardokeo zeritzan bat, Jairren semea, Semeiren semea, Zisen semea, Jeminiren jatorrikoa,

        6. Jerusalendik eramana izan zana, Nabukodonosor Babiloniako erregeak Jekonias Judako erregea katibu eraman zuenean,

        7. Onek azi zuen Edisa, bere anaia baten alaba, beste izen batez Ester zeritzana, eta zan umezurtza, ederregia, eta arpegi politekoa. Eta il zitzaiozkanean bere aita eta bere ama, Mardokeok bere alabatzat artu zuen.

        8. Zabaldurik erregearen agindua, nola ziran eramanak Susanera neskatx donzella eder asko, erregearen agintearen araura, eta jarriak Ejeo txikiratuaren mendean, emana izan zitzaion beste neskatx donzellen artean Ester ere, besteakin zaitua izateko.

        9. Au gogoan sartu zitzaion Ejeori, eta arkitu zuen grazia bere begietan. Eta agindu zion txikiratu bati, bereala prestatu zizazkiola emakumeen apaingarriak, eta eman zizaiola berari zegokiona, eta zazpi donzella erregearen etxekoetatik irudi obenekoak, eta ala bera, nola bere neskameak ongi tratatu zitzala, eta begiratu zezala beren apainduriagatik.

        10. Eta berak etziozkan adirazi nai, ez bere erria, ez bere erreñua, zeren Mardokeok agindu zion, gauza onen gañean txit ixillik egon zedilla.

        11. Mardokeo egunoro paseatzen zan, neskatx donzella autuak zaituak zeuden etxeko atariaren aurrean, Esterren osasunaren arduraz, eta zer gertatuko zitzaion jakin nairik.

        12. Eta allegatzen zanean denbora, zeñean donzella bakoitza, bere txandan, izan bear zan erregeagana eramana, egin ezkero emakumeen apainduriari zegokion guztia, izan oi zan amabigarren illabetea, zeren sei illabetean mirrazko olioaekin igortziten ziran, eta beste sei illa betean egon oi ziran apainduria arrotz eta aromazko asmazio batzuetan.

        13. Eta erregearen aurrera eramanak izango ziradenean, ematen zitzaioten, berak apaintzeko eskatzen zuten guztia, eta ongien zeritzaten eran galanturik, emakumeen bizilekutik erregearen barrungo gelara iragotzen ziran.

        14. Eta arratsaldean sartzen zana, goizean ateratzen zan, eta andik zan eramana beste bigarren bizileku, Susagazi txikiratuaren kontura zegoanera, zeñaen mendean zeuden erregearen bigarrengo emazteak, eta bera ezin berriz biurtu zitekean Erregeagana, Erregeak nai ez bazion, eta bere izenez etortzeko agintzen ez bazion.

        15. Iragorik bada denboratsu bat, alderatzen zan onezkero eguna, zeñean izan bear zan eramana erregearen aurrera Ester Abihailen Mardokeoren anaiaren alaba, zeñ onek artu zuen bere alabatzat. Esterrek etzuen eskatu emakumeen apaingarririk, baizik Ejeo txikiratuak, zeñaen kontura zeuden donzellak, eman zion apaintzeko, berak nai izan zuena. Zeren zan txit liraña eta sinistu ere ezin lezakean edertasunekoa, eta zirudian guztien begietan moduzkoa eta maitagarria.

        16. Izan zan bada eramana Asuero erregearen barrengo gelara, Tebeth deritzan amargarren illean, bere erregetzako zazpigarren urtean.

        17. Eta erregeak beste emakume guztiak baño geiago maitatu zuen, eta graziatan erori zitzaion, eta egin ziozkan beste emakume guztiai baño mesede andiagoak, eta jarri zion bere buruaren gañean erregiñaren koroea, eta egin zuen erregiña, Basthiren lekuan.

        18. Eta agindu zuen bazkari txit eder bat ipintzeko andizki guztientzat, eta bere serbitzarientzat Esterren ezkontza eta eztaiakgatik. Eta gutxitu zituen probinzia guztien kotizak, eta egin zituen, alako prinzipe bati zegozkion doañak.

        19. Eta bigarren aldiz birjiñak billatu eta toki baten biltzen ziran bitartean, Mardokeo zegoan erregearen atean.

        20. Esterrek, Mardokeok agindu zion bezela, etzuen oraindikan agertu, zeñ erreñutakoa, ez zeñ erritakoa zan. Zeren Esterrek egiten zuen Mardokeok agintzen zion guztia, eta gauza guztiak egiten zituen, egin oi zituen bezela, oraindik aurra zala bere osabak erakutsiak ematen ziozkanean.

        21. Mardokeo erregearen atean egon oi zan denboran bada, Bagathan eta Thares, erregearen bi txikiratu, atezaiak ziradenak, eta jauregiko lenbiziko sarreran agintzen zutenak, ez egonik ongi erregearekin, nai izan zuten jaiki erregearen kontra, eta berari bizia kendu.

        22. Jakiñik au Mardokeok, bereala adirazi zion Ester erregiñari, eta onek erregeari Mardokeoren izenean, zeñak eman zion gertakariaren gaztigua.

        23. Egin ziran azterrenak, eta agertu zan egia zala, eta biak izan ziran urkamendi batean esekiak. Gertakari au izan zan historietan jarria, eta eskribatua urteoroko berrietan, erregea begira zegoela.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Oiek irago ezkero, Asuero erregeak goratu zuen Aman Amadathiren semea, zeñ zan Agagen jatorrikoa, eta eman zion esertokia, zeuzkan jaun andi guztien gañean.

        2. Eta jauregiko atetan egon oi ziran erregearen serbitzari guztiak, belaunikatzen ziran, eta Aman adoratzen zuten erregeak ala agindu zuelako. Mardokeo bakarrik etzan belaunikatzen, eta bera bakarrik zan adoratzen etzuena.

        3. Eta jauregiko atetan agintzen zuten erregearen serbitzariak esan zioten: Zergatik besteen artean señalatzen zerala, ez dezu egiten erregeak agindu duena?

        4. Eta nola maiz esaten zioten au, eta berak etzituen aditu nai, Amani adirazi zioten, jakin nairik iraungo ote zuen, berak erabaki zuenean, zeren esan zioten Judua zala bera.

        5. Aditurik au Amanek, eta ikusirirk bere begiakin, Mardokeo etzala belaunikatzen, eta etzuela ere adoratzen, txit aserretu zan.

        6. Baña ezereztzat iduki zuen Mardokeori bakarrik eskuak egotzitzea, zeren aditu zuen esaten, Juduen erreñukoa zala. Eta naiago izan zuen, Asueroen erreñuan bizi ziran Juduen erreñu guztia galdu.

        7. Lenbiziko illean (zeñaen izena dan Nisan) Asueroen erregetzaren amabigarren urtean, bota ziran Amanen aurrean ontzi batean suerteak, hebreoz Phur deitzen zaiotenak, jakiteko zeñ egunetan, eta zeñ illatan izan bear zuten illak Juduak, eta irten zan amabigarren illa, Adar zeritzana.

        8. Eta esan zion Amanek Asuero erregeari: Bada erri bat, zure erreñuko probinzia guztietatik zabaldua, elkargandik berezitua, lege eta zeremonia berriak dauzkana, eta gañera erregearen aginduak mezpreziatzen ditu. Eta txit ongi dakizu zuk, ez datorkiola ongi zure erreñuari, sufritzea bere lotsagaldukeria.

        9. Ongi baderitzazu, agindu ezazu illa izan dedilla, eta nik pisatuko dieztet zure tesoruaren gordetzalleai, amar milla talentu.

        10. Atera zuen bada erregeak bere beatzetik, sillutzeko iduki oi zuen errastuna, eta eman zion Aman Amadathi Agagen jatorrikoaren seme, Juduen etsaiari,

        11. Eta esan zion: Eskeñtzen dezun zillarra zuretzat izan bedi: erri orren gañean berriz, egizu nai dezuna.

        12. Deituak izan ziran bada erregearen sekretarioak Nisan lenbiziko illean, illaren amairugarren egunean, eta Asuero erregearen izenean eskribatu zieten, Amanen aginduaren araura, erregearen agintari guztiai, eta zeuden probinzia, eta erreñuetako juezai, bakoitzaren izkuntzaren araura, erreñu bakoitzekoak irakurri eta aditu al zezaten. Eta kartak erregearen errastunarekin sellatuak,

        13. Eraman zituzten errege beraren korreoak probinzia guztietara, il eta desegin zitzaten Judu guztiak, gazteak eta zarrak, aurrak eta emakumeak, egun bat batean, au da, amabigarren il, Adar zeritzanaren amairuan, eta beren ondasunak arrapatu zitzaten.

        14. Eta au da kartetan esaten zana, probinzia guztiak jakin zezaten, eta esan dan egun artarako prestatu zitezen.

        15. Bialduak izan ziran korreoak arin zebiltzan erregearen agindua kunplitzen. Eta bereala ipiñi zan Susanen agirian agindua, erregea eta Aman bazkari andi baten zeudela, eta errian zeuden Judu guztiak, negar egiten zuten.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Aditu zituenean oiek Mardokeok, urratu zituen bere soñekoak, eta zilizioz jantzi zan, zabaltzen zuela autsa bere buruaren gañean, eta erriko plazaren erdian deadar andiak egiten zituen, bere biotzeko samintasuna agertzen zuela,

        2. Eta alarau oiekin joaten zan jauregiko ateraño. Zeren ezin iñor sartu zitekean erregearen jauregian zilizioz jantzita.

        3. Erregearen agindu gogorra allegatu zan probinzia, erri eta toki guztietan ere, zeuden Juduak txit izutuak, egiten zituzten barauak, ari oi ziran alarauka, eta negarrez, etzaten zirala asko zilizio eta auts artean oearen lekuan.

        4. Eta Esterren donzellak, eta txikiratuak sartu ziran, eta berria eman zioten. Eta aditurik au, arritua gelditu zan, eta soñeko bat bialdu zion, zakua kendurik jarri zizaioten, baña berak etzuen artu nai izan.

        5. Eta ots eginik Athatx txikiratuari, zeñ erregeak eman zion bera serbitzeko, agindu zion Mardokeogana joan zedilla, eta beragandik jakin zezala, zergatik au egiten zuen.

        6. Eta ateratzen zala Athatx, joan zan Mardokeogana, zeñ zegoan erriko plazan, jauregiko atearen aurrean.

        7. Zeñak adirazi ziozkan irago ziran gertakari guztiak, eta nola Amanek eskeñi zuen sartzea zillar asko erregearen tesoroetan Juduak iltzeagatik.

        8. Eman ere zion, Susanen jarria zegoen erregearen aginduaren kopia bat, erregiñari erakutsi zizaion, eta adirazi zizaion joan zedilla erregearen aurrera, bere erriagatik erregututzera.

        9. Itzulirik Athatx, adirazi ziozkan Esterri, Mardokeok esan ziozkan gauza guztiak.

        10. Zeñak erantzun zion, eta agindu zuen Mardokeori esan zizaiola:

        11. Erregearen morroe guztiak, eta bere agindura dauden probinzia guztiak dakite, edozeñere gizon edo andre, deitua izan gabe, sartzen danak erregearen barrungo gelan, bereala luzapenikan batere gabe izan bear duela illa, baldin erregeak, errukiaren siñaletzat, luzatzen ez badu beraganontz bere urrezko zigorra, onela biziarekin gelditu dedin. Nola bada ni sartu naiteke erregea dagoan tokian, ogeita amar egunean beragana deitua izan ez naizan au?

        12. Aditu zuenean au Mardokeok,

        13. Berriz bialdu zuen Esterri esatera: Ez dezazula uste izan erregearen jauregian zaudelako, zuk bakarrik bizia salbatu alko dezula Judu guztien artean,

        14. Zeren orain ixillikan bazaude, beste moduren batean salbatuko dira Juduak; baña zu, eta zure aitaren etxea, galduko zerate. Eta nork daki erregiña izatera allegatu ote zeran, onelako estutasunean serbitu gaitzazun?

        15. Eta berriz Esterrek bialdu zuen, itz oiek Mardokeori esatera:

        16. Zoaz, eta Susanen arkitzen dituzun Judu guztiak bildu itzatzu, eta nigatik otoiz egin ezazute. Ez ezazute jan, ez edan iru egunean eta iru gauean, eta nik nere neskameakin era berean barau egingo det; eta orduan sartuko naiz erregeagana, legea autsitzen dedala, bada sartuko naiz deitua izan gabe, jartzen naizala irriskuan, eta illa izateko zorian.

        17. Mardokeo bada joan zan, eta Esterrek agindu zion guztia egin zuen.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Irugarren egunean Esterrek jantzi zituen ergiñaren soñekoak, eta joanik erregearen barrungo bizilekura, gelditu zan, erregea bere tronuan eseria zegoan sala aurrean, zeñ zegoan salaren erdian atearen aurkez.

        2. Eta ikusi zuenean Ester erregiña geldituta, gogo onarekin begiratu zion, eta luzatu zuen beraganontz, eskuan zeukan urrezko zigorra. Alderatu zan Ester, eta muñ egin zion errege zigorraren juntari.

        3. Eta erregeak esan zion: Zer nai dezu Ester erregiña? Zer eskari da zurea? Erreñuaren erdia eskatzen badidazu ere, emana izango zatzu.

        4. Eta Esterrek erantzun zuen: Erregeari ongi baderitza, erregututzen diot etorri dedilla gaur nere bizilekura, prestatua daukadan bazkaria jatera, eta Aman berarekin eraman dezala.

        5. Erregeak bereala esan zuen: Agudo ots egin zaiozute Amani, Esterren borondaterari obeditu dizaion. Etorri ziran bada erregea eta Aman, erregiñak prestatua zeukaioten bazkarira.

        6. Eta esan zion Esterri erregeak, ardoa ugari edan zuenean: Zer ematea, nai dezu agindu dezadala? Zer gauza eskatzen dezu? Nere erreñuaren erdia eskatzen badezu ere, iritxiko dezu.

        7. Esterrek erantzun zion: Nere eskaria, eta nere erreguak oiek dirade:

        8. Erregearen aurrean grazia arkitu badet, eta erregeak nai badit eman eskatzen dedana, eta nere eskaria kunplitu. Etorri bitez erregea eta Aman prestatua daukaiotedan bazkarira, eta biar erregeari nere borondatea agertuko diot.

        9. Aman bada egun artan atera zan gozaro eta pozik. Eta ikusirik Mardokeo eseria jauregiko atetan, eta ez bakarrik etzitzaiola jaiki, ezta mugimenturik ere etzuela egin bere esertokitik, txit aserretu zan,

        10. Baña estalirik aserrea, itzuli zanean etxera ots egin zien bere gelara bere adiskideai, eta Zares bere emazteari.

        11. Eta adirazi zien zeñ andiak ziran bere ondasunak, nola zituen seme asko, eta zeñ gloria andira gañerako andizki eta bere serbitzarien artean erregeak goratu zuen.

        12. Eta gañera esan zuen: Ester erregiñak ere, ez dio besteri otsegin erregeari ematen dion bazkarira, niri baño, eta biar ere jango det bere gelan erregearekin.

        13. Baña oiek guztiak badauzkat ere, uste det ezerere ez daukadala, ikusten dedan artean Mardokeo Judua jauregiko ateen aurrean eseria.

        14. Eta Zares bere emazteak, eta beste adiskideak erantzun zioten: Agindu ezazu prestatu dedilla abe andi bat berrogeita amar beso alturakoa, eta esan zaiozu biar erregeari, berean esekia izan dedilla Mardokeo, eta onela pozik joango zera bazkaritara. Bere gogokoa izan zan konsejua, eta agindu zuen abe andi bat prestatu zezatela.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Erregeak gau hura irago zuen lorik egin gabe, eta agindu zuen ekarri zizazkiotela, irago ziran denboretako gertaera, eta berrietako liburuak. Zeñak izanik bere aurrean irakurriak,

        2. Allegatu ziran toki artara, non zegoan eskribatua, nola Mardokeok agertu zituen, Bagathan eta Thares txikiratuak Asuero erregea iltzeko zerabiltzaten asmazioak.

        3. Aditu zuenean au erregeak, esan zuen: Zer onra, eta zer ordañ artu du Mardokeok leialtasun augatik? Bere serbitzari, eta ministroak esan zioten: Ez du ordañikan batere artu.

        4. Eta bereala erregeak esan zuen: Zeñ dago gela aurrean? Zeren Aman sartu zan erregearen etxeko barrendiko gelan, eskatzeko erregeari, agindu zezala, esekia izan zedilla Mardokeo, prestatua zeukaion urkamendian.

        5. Morroiak erantzun zioten: Aman dago gela aurrean. Eta erregeak esan zuen: Sartu dedilla.

        6. Eta sartu zanean, esan zion: Zer egin bear da, erregeak onratu nai duen gizon batekin? Eta Amanek uste izanik bere biotzean, eta sinisturik erregeak etzuela naiko onratu besterik batere, bera baizik,

        7. Erantzun zuen: Erregeak onratu nai duen gizonak,

        8. Izan bear du errege soñekoakin jantzia, eta igo bear da, erregea igotzen dan zaldietatik baten gañera, eta bere buruaren gañean erregearen koroea eraman bear du:

        9. Eta erregearen prinzipe eta andizkietatik lenbizikoak eraman dezala bere zaldia bridari elduta, eta erriko plazatik dabillela, boz altuan esan dezala: Onela onratzen da, erregeak onratu nai duena.

        10. Eta erregeak esan zion: Arin ibilli zaite, eta arturik errege mantua, eta zaldia, egin ezazu esan dezun guztia Mardokeo judu, jauregiko atean dagoanarekin. Kontu gero, ez dezazula egin gabe utzi, esan dituzun gauzaetatik batere.

        11. Artu zituen bada Amanek errege mantua eta zaldia, eta jantzirik Mardokeori erriko plazan, eta zaldian igoerazirik, bazijoan bere aurretik, eta deadar egiten zuen: Onra onen diña da, erregeak onratu nai duena.

        12. Eta Mardokeo itzuli zan jauregiko atera, eta Aman joan zan arin bere etxera negarrez, eta burua estalirik.

        13. Eta kontatu zien Zares bere emazteari, eta adiskideai, gertatu zitzaion guztia. Eta konsejaritzat zeuzkan jakintsuak, eta bere emazteak erantzun zioten: Baldin Mardokeo, zeñaen aurrean asi zeran erortzen, Juduen jatorrikoa bada, ezin aurkeztuko zatzaio, baizik bere aurrean eroriko zera.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Erregea bada, Aman laguntzat zuela, sartu zan erregiñaren bazkarira.

        2. Zeñi esan ere zion erregeak bigarren egun onetan, ardoz berotu ezkero: Zeñ da zure eskaria, Ester, eta zer nai dezu eman datzakizun? Nere erreñuaren erdia eskatuko bazeneza ere, iritxiko dezu.

        3. Zeñi Esterrek erantzun zion: Baldin zure begietan grazia arkitu badet, o erregea, eta zuk nai badezu, utzi zadazu nere bizia, zeñagatik erregutzen dedan, eta nere erriarena, zeñaen bitarteko naizan.

        4. Zeren ni, eta nere erria izan gera emanak, desegiñak, illak, eta galduak izateko. Eta arren bada gizaseme eta emakumeok mendekotzat salduak bakarrik bagiña: gaitz iragokarri bat izango litzate, eta zizpuruz arita ixillik egongo nintzateke, baña orain, bada gure etsai bat, zeñaen gaiztotasuna erregearen gañera erortzen dan.

        5. Eta erantzuten zuela Asuero erregeak, esan zuen: Zeñ da ori, eta nolakoa da bere eskubidea, onelako gauzarik egiteko ausardia iduki dezan?

        6. Eta Esterrek esan zuen: Aman txit gaizto ori da gure persegitzalle, eta etsaia. Aman, au aditzean, arritua gelditu zan, erregearen eta erregiñaren begirakuneak sufritu ezinik.

        7. Eta aserreturik erregea, jaiki zan, eta bazkariaren lekutik baratzeko ariztian sartu zan. Aman ere jaiki zan, bere bizia gatik Ester erregiñari erregutzera, zeren ezagutu zuen, erregeak bera kastigatzea erabaki zuela.

        8. Itzuli zanean erregea baratzeko ariztitik, eta sartu bazkaltokian, arkitu zuen Aman, Ester zetzan oearen gañean eroria, eta esan zuen: Ni aurrean nagoala ere, nai dik neronen etxean, erregiña indarrez galdu. Erregearen aotik itz au atera zaneko, bereala arpegia estali zioten.

        9. Eta Harbona, erregea serbitzen zeuden txikiratuetatik batek, esan zuen: Amanen etxean dago jasota, berrogeita amar beso alturako abe bat, Mardokeo, erregearen alde itz egin zuenarentzat prestatua zeukana. Eta erregeak esan zion: Eseki ezazute bertan.

        10. Aman bada izan zan esekia, Mardokeorentzat prestatu zuen urkamendian, eta erregearen aserrea irago zan.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Egun artan Asuero erregeak eman zion Ester erregiñari Aman juduen etsaiaren etxea, eta Mardokeo sartu zan erregearen aurrean. Zeren Esterrek adirazi zion, zala aitaren aldeko bere osaba.

        2. Eta erregeak artu zuen, Amani kentzeko agindu zuen errastuna, eta Mardokeori eman zion. Eta Esterrek Mardokeo bere etxeko nagusi jarri zuen.

        3. Eta onenbesterekin gelditu gabe, erregearen oñetan etzin zan, negarrez itz egin eta erregutzen ziola, arren agindu zezala, egiztatu gabe gelditu zitezela Aman Agagen semearen gaiztakeria, eta Juduen kontra erabilli zituen asmazio biurriak.

        4. Eta berak, oi bezela, luzatu zuen bere eskuarekin urrezko zigorra, zeñ zan biguntasunaren siñalea, eta jaikitzen zala bera, jarri zan zutik erregearen aurrean,

        5. Eta esan zuen: Erregearen gogokoa bada, eta bere begietan grazia arkitu badet, eta nere eskaria bidegabea dala ez baderitza, erregututzen det, karta berriakin izan ditezela indargatuak, Aman juduen persegitzalle eta etsaiaren lenbiziko kartak, zeñakin agindu zuen arras desegiteko erreñuko probinzia guztietan.

        6. Zeren, nola nik sufritu nezake nere erriaren eriotza eta galmena?

        7. Eta Asuero erregeak erantzun zien Ester erregiñari, eta Mardokeo juduari: Nik eman diot Esterri Amanen etxea, eta agindu det au gurutzean ipiñia izan dedilla, Juduen kontra bere eskua luzatzen atrebitu zalako.

        8. Eskribitu zaiezute bada Juduai erregearen izenean, ongien deritzazuten eran, sellatzen dituzutela kartak nere errastunarekin. Zeren au zan oitura, erregeren izenean, eta bere errastunarekin sellatuta zijoazen kartai, iñor ere etzedilla ausartatu kontra egiten.

        9. Eta otsegiñik erregearen sekretarioai eta eskribariai (eta zan irugarren ill, Siban zeritzana) onen ogei ta irugarren egunean, izan ziran kartak eskribatuak Mardokeok nai zuen bezela, Juduai, eta prinzipeai, eta prokuratzalleai, eta Indiatik Etiopiarañoko eun eta ogeita zazpi probinziak gobernatzen zituzten juezai, probinziatik probinzia, erritik erri, beren izkuntza eta eskribatueraren araura, eta Juduai, irakurri eta aditu zitzaketean eran.

        10. Karta oiek berok, erregearen izenean eskribatuak, izan ziran bere errastunarekin sellatuak, eta korreoakin bialduak, zeñak ibillirik arin probinzia guztietatik, aurrea artu zizaiezteen lenbiziko kartai agindu berriakin.

        11. Eta erregeak agindu zien, erri bakoitzean joan zitezela juduakin egotera, eta agindu zizaietela, bildu zitezela guztiak batean, eta egon zitezela gertuak beren biziak zaitzeko, eta il, ta desegin zitzatela beren etsai guztiak, beren emazte eta semeakin, eta beren etxe guztiakin, eta arrapatu zitzaieztela beren ondasunak.

        12. Eta izendatu zan probinzia guztietan egun bat benganzarako, au da, Adar amabigarren illaren amairugarren eguna.

        13. Eta au zan kartaetan zegoana, Asueroren agintaritzaren mendean zeuden lur, eta erri guztiai adirazi dizaietela, Juduak prestatuak zeudela beren etsaiai bengatzeko.

        14. Eta korreoak arin atera ziran berriak zeramazkitela, eta erregearen agindua Susanen jarri zan.

        15. Eta Mardokeo ateratzen zala jauregitik eta erregearen aurretik, distiatzen zan errege soñekoakin, au da, jazintozko eta zeru kolorekoarekin, buruan urrezko koroe bat zeramala, eta sedazko eta purpurazko mantu batekin estalirik. Eta erri guztia gozatu eta poztu zan.

        16. Eta iduritzen zitzaien Juduai, jaioten zitzaiela argi berri bat, poza, onra, eta jostaketa.

        17. Erregearen aginduak allegatzen ziran erri, ziudade, eta probinzia guztietan, zegoan poz miragarria, janedanak, konbitak, eta festa egunak, ainbesteraño, non, beste erreñu eta sektaetako asko iragotzen ziran beren erlijio eta zeremonietara. Zeren andia zan, Juduen izenak guztiakgan sartu zuen izua.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Ala bada, amabigarren illaren amairugarren egunean, zeñi len esan degun bezala, zeritzan Adar, zegoanean prestatua ilkintza Judu guztientzat, eta beren etsaiak antsiaz nai zutenen beren odola, Juduen izaerak eginik trukada, asi ziran garai gelditzen, eta bere etsaiakin bengatzen.

        2. Bildu ziran bada ziudade, erri eta toki guztietan; beren etsai eta persegitzallai erasotzeko. Eta etzan iñor ausartatu kontra egiten, zeren erri guztiak zeuden beren anditasunaz beldurtuak.

        3. Zeren probinzietako juezak ere, eta gobernadoreak, eta prokuratzalleak, eta diñaderen bateko, toki bakoitzean zeuden lantegien begirale guztiak, goratzen zituen Juduak Mardokeoren beldurrez,

        4. Zeñ jauregiko lenena zala baziekiten, eta eskubide andia zeukala, eta bere izenaren ospea egunoro azitzen zan, eta guzien aoetatik egan zebillan.

        5. Onekin Juduak beren etsaietan galmen andi bat egin zuten, eta il zituzten, itzultzen zietela, berai egiteko prestatua zeukatena.

        6. Alako moduan, non, Susanen bertan il zituzten bosteun gizon, kontatu gabetanik Aman Agagen jatorriko, Juduen etsaien amar semeak, zeñaen izenak diran oiek:

        7. Farsandatha, eta Delphon, eta Esphatha,

        8. Eta Foratha, eta Adalia, eta Aridatha,

        9. Eta Fermestha, eta Arisai, eta Aridai, eta Jezatha.

        10. Eta il zituztenean, etziezten ukiturik egin nai izan beren atziendai.

        11. Eta bereala erregeari esan zioten, zenbat izan ziran illak Susanen.

        12. Zeñak erregiñari esan zion: Juduak Susango errian bosteun gizon il dituzte, Amanen amar semeez gañera. Zeñ andia bada uste dezu izango dala, probinzia guztietan egin izango duten ilkintza? Zer geiago eskatzen dezu, edo zer beste gauzarik nai dezu agindu dezadala?

        13. Eta berak erantzun zuen: Erregeren gogokoa baldin bada, utzi bizaiete Juduai, gaur Susanen egin duten bela, ala biar ere egin dezaten, eta Amanen amar semeak urkamendietan zinzilika jarriak izan ditezela.

        14. Eta erregeak agindu zuen, ala egin zedilla. Eta bere bereala Susanen jarri zan agintea itsatsita, eta Amanen amar semeak izan ziran zinzilika jarriak.

        15. Bildurik Juduak Adar illaren amalaugarren egunean, irureun gizon Susanen illak izan ziran, baña berak etzituzten artu aien ondasunak.

        16. Eta era berean erregearen mendean jarriak zeuden probinzia guztietan, Juduak beren biziak zaitu zituzten, beren etsai eta persegitzalleak iltzen zituztela. Eta ain asko non, illak izan ziranak allegatu ziran irurogeita bost millara, eta beren gauzaetatik bati ere etzion iñork ukiturik egin.

        17. Eta Adar illaren amairugarren eguna izan zan toki guztietan ilkintzaren lenbiziko eguna, eta amalaugarren egunean utzi zioten iltzeari. Erabaki zuten egun au jaia izan zedilla, eta beti geroko denboretan janedan, pesta eta konbitakin zelebratu zedilla.

        18. Eta Susango errian ilkintza egin zutenak, il beraren amairugarren eta amalaugarren eguna ilkintzan irago zituzten, eta amabosgarren egunean iltzeari utzi zioten. Eta argatik erabaki zuten, egun au ere jai izan zedilla, eta irago janedanetan eta jostaketetan.

        19. Baña murru gabeko ziudade eta errietan bizi ziran Juduak, izendatu zuten Adar illaren amalaugarren eguna janedan eta jostaketetarako, alako moduan, non, egun onetan dauzkate pesta andiak, eta elkarri bialtzen diezte beren janedanetako gauza batzuek.

        20. Mardokeok bada gauza guzti oiek eskribatu zituen, eta txartel batean jarririk, bialdu zien, erregearen probinzia guztietan, ala aldekoetan nola urrutikoetan bizi ziran Juduai,

        21. Adar illaren amalaugarren eta amabosgarren egunak jai egunen artean artu zitzaten, eta beti urteoro onra ospatsuarekin zelebratu zezaten.

        22. Zeren egun aietan Juduak beren etsaien benganza artu zuten, eta negarra ta tristeza, itzuli zitzaiezten gozotasun eta pozean, eta egun oiek janedan eta jostaketetakoak izan zitezela, zeñaetan elkarri bialdu bear zioten zerbait janari, eta doañtxoak beartsuai eman.

        23. Jarri zuten bada Juduak jai andi bat, denbora onetan egiten asi ziradenen, eta Mardokeok bere txartelean agindu zienaren araura,

        24. Aman Amadathiren seme, Agagen jatorriko, juduen etsai eta persegitzalleak, beren kontra gogoan erabilli zuen gaitzagatik, berak il eta arras desegiteko. Eta onetarako bota zuen Phur, gure izkuntzan suertea esango balitza bezela.

        25. Eta gero Ester erregeagana joan zan, erregutzen ziola, Amanen asmazioak utsean geldu zitezela, erregeren txartel baten bitartez. Eta Juduai egin nai izan zien gaitza, bere buruaren gañera erori zedilla. Geroenean bera eta bere semeak gurutze baten jarri zituzten.

        26. Eta denbora artatik, egun oiei itz egiten zitzaien phurim, au da, suerteetakoak, zeren phur, au da, suertea, izan zan egotzia ontzi batean. Eta irago ziran gauza guztiak daude txartel batean, au da, liburu onen izaeran,

        27. Eta sufritu zutenaren, eta gero izan zan aldakuntzaren oroipenean, Juduak artu zuten beren, eta ondokoen, eta beren erlijioratu ziradenen kontura, etzitzaiola iñori zillegi izan, egun bi oiek jai andi egin gabe iragotzea, eskribu onetatik agiri dan, eta urtetik urterako denbora izendatuak eskatzen duen bezela.

        28. Oiek dirade iñoiz aztuko ez diran egunak, eta munduko probinzia guztietan gizalditik gizaldira zelebratuko diranak, eta ez da erririkan batere, zeñean phurim, au da, suerteetako egunak, ez diran, Juduak, eta zeremonia oietara lotu ziranen jatorrikoak gordeak.

        29. Eta Ester erregiña, Abihailen alabak, eta Mardokeo Juduak, oraindikan bigarren karta bat bialdu zuten, ardurarik andienarekin egun au gelditu zedin jai anditzat geroko denboretarako.

        30. Eta Asuero erregearen eun eta ogeita zazpi probinziatan bizitu ziran Judu guztiai bialdu zien, pakean bizi zitezen, eta leialak izan zitezen eskeñia kunplitzean,

        31. Gordetzen zituztela suerteen egunak, eta bere denboran pozez zelebratzen zituztela. Obligatu ziran bada Juduak, Mardokeo eta Esterrek erabaki zuten bezela, zaitzera berak eta beren jatorrikoak, suerteen egunetako barauak, eta deadarrezko erreguak,

        32. Eta Esterrena deitzen zaion liburu onetako berrietan dagoan guztia.

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Eta Asuero erregeak egin zuen kotiztari lur guztia itsasoko islakin.

        2. Eta bere eskubidea eta agintaritza, eta zeñ anditasun goratura jaso zuen Mardokeo, Medoarren eta Persiarren liburuetan daude eskribatuak,

        3. Eta nola Mardokeo au, Juduen erreñukoa, izan zan bigarrena Asuero erregeraren ondoan: eta andia Juduen artean, eta bere anaien taldeak maitatua, bere erriaren ona billatzen zuena bezela, eta bere erriaren ongi izateari gogotik begiratzen ziona.

        4. Eta esan zuen Mardokeok: Jaungoikoa da oiek egin dituena.

        5. Oroitzen naiz egin nuela amets bat, zeñak au bera adirazten zuen, eta beretatik batere ez da gelditu kunplitu gabe.

        6. Iturri txiki azi zana ibai egiteraño, eta argi eta eguzki biurtu zana, eta ur txit ugari isuri zituena, da Ester, zeñ erregeak emaztetzat artu zuen, eta nai izan zuen erregiña izan zedilla.

        7. Eta dragoe biak, ni, eta Aman gera.

        8. Bildu ziran jendeak, dira, Juduen izena arras desegin nai zuten aiek.

        9. Eta nere jendea da Israel, zeñak deadarrez ots egin zion Jaunari, eta Jaunak bere erria salbatu zuen, eta gaitz guztietatik libratu ginduen, eta jendeen artean mirari eta biukarri andiak egin zituen.

        10. Eta agindu zuen jarri zitezela bi suerte, bata Jaungoikoaren erriarentzat, eta bestea gañerako erreñuentzat.

        11. Eta bi suerteak atera ziran kanpora Jaunaren aurrean jende guztientzat, denbora artatik izendatua zegoan egunean.

        12. Eta Jauna, bere erriarekin oroitu zan, eta bere herenziaren urrikalmendua iduki zuen.

        13. Argatik Adar illaren amalaugarren, eta amabosgarren egunak irago bear dira jai andiak bezela, debozio andiarekin eta erriaren pozarekin, zeñ bilduko dan batzarre batean beti, Israelko erriaren jatorririk dagoan artean.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Ptolomeo eta Kleopatrak erreñatzen zutenetik laugarren urtean, Dositheo, zeñak esaten zuen zala apeza, eta Lebiren jatorrikoa, eta Ptolomeo bere semeak, ekarri zuten Phurim karta au, zeñ esan zuten izan zala Lisimako Ptolomeoren semeak Jerusalenen azaldua.

        2. Bigarren urtean, Artajerjes txit andiak erreñatzen zuela, Nisan illaren lenbiziko egunean, Mardokeo Jairren semeak, Semeiren semeak, Zisen semeak, Benjamingo tribukoak, amets bat egin zuen.

        3. Zan Mardokeo Judua, Susango errian bizi zan, eta gizon altsu bat, eta erregearen jauregian lenenetatikoa izatera allegatu zan.

        4. Eta zan Nabukodonosor Babiloniako erregeak, Jekonias Judako erregearekin Jerusalendik eraman zituen katibuetatikoa.

        5. Eta bere ametsa au izan zan: iduritu zitzaion sentitzen zituela bozak, eta nasteak, eta turmoiak, eta lurrikarak, eta turbazioa lurraren gañean.

        6. Eta agertu ziran bi dragoe txit andi, elkarren kontra gudatzeko prestatuak.

        7. Zeñaen txistuetara erreñu guztiak mugitu ziran, justoen jendearen kontra gerran egiteko.

        8. Eta illuntasunezko, eta irriskuzko, eta naigabezko, eta antsiazko, eta beldur andikoa izan zan egun hura lurrarentzat.

        9. Justoen erreñua bere gaitzen beldurrez nastu zan, oroiturik illa izan bear zuela.

        10. Eta deadarrez Jaungoikoari ots egin zioten, eta berak deadarrez ari ziradela, iturri txiki bat azi zan ibai txit andi egiteraño, zeñak ur askoakgatik gañez egin zuen.

        11. Agertu ziran argi bat, eta eguzki bat, eta umillak izan ziran goratuak, eta iretsi zituzten argitsuak.

        12. Mardokeok ikusketa au iduki zuenean, oetik jaikirik, jarri zan pensatzen, zer ote zan Jaungoikoak egin nai zuena; eta bere gogoan itsatsia zeukan ametsa, jakin nairik zer adirazten ote zuen.

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Eta zegoan orduan erregearen jauregian Bagatha eta Thara erregearen txikiratuakin, zeñaen kontura zeuden jauregiko ateak.

        2. Eta aditurik beren gogorazioak, eta begiraturik osoz beren asmazioai, ezagutu zuen, Artajerjes erregeari bizia kendu nairik zebiltzala, eta eman zion bere gañean gaztigua erregeari.

        3. Zeñak azterturik biak, eta aitortzen zutela, agindu zuen, illak izatera eramateko.

        4. Eta eskribatueraso zuen urteoroko berrietan irago zana, eta Mardokeok ere jarri zuen eskribuz gertaeraren oroipenerako.

        5. Eta agindu zion erregeak, jauregian bizi zedilla, ordaindu ezkero salaketagatik.

        6. Baña Aman Amadathi Bujearraren semea, zan erregearen kutuna, eta gaitz egin nai zien Mardokeori, eta bere erriari, illak izan ziran erregearen txikiratuakgatik, eta artu zituzten beren ondasun, edo atziendak. Eta au zan kartaren kopiak esaten zuena.

 

AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Artajerjes errege txit andi, Indiatik Etiopiaraño erreñatzen duenak, bere agintaritzaren mendean dauden eun eta ogeita zazpi probinziatako prinzipe eta gobernariai, Osasuna.

        2. Idukirik nik erreñu askotako agintaritza, eta jarririk nere mendean lur guztia, ez det nai izan iñolaere nere eskubidearen anditasunaz gaizki usatu, baizik nere mendekoak erruki eta biguntasunarekin ongi gobernatu, atsedenez bizia iragorik, gizon guztiak opa duten pakea gozatu dezaten.

        3. Eta galde eginik nik nere konsejariai, nola au iritsi nezakean, besteak baño jakintsuago eta leialago batek, eta erregearen ondoan bigarrena zanak, Aman zeritzanak,

        4. Adirazi zidan, bazegoala erri bat lur guzitik zabaldua, lege berriakin gobernatzen zana, eta jende guzien oituraren kontra joanik, mespreziatzen zituena erregeen aginduak, eta bere asmazio besteenen kontrakoakin, erreñu guztietako elkartasuna galtzen zuena.

        5. Aditu genduenean au, ikusirik erreñu bat dijoala mundu guztiaren kontra, dauzkala lege txit gaizto batzuek, eta gure aginteai kontra egiten diela, eta gure mendean dauden probinzietako pake eta elkartasuna galtzen duela,

        6. Agindu degu, Amanek señalatzen dituen guztiak, zeñ dan probinzia guztietako begirale nagusia, erregeaz ostean bigarrena, eta aitaren lekuan onratzen deguna, bere etsaiak desegiñak izan ditezela, beren emazte eta semeakin batean, urte onetako Adar amabigarren illaren amalaugarren egunean, eta iñor ere ez dedilla berakin errukitu.

        7. Egun bat batean gizon gaizkille oiek infernuetara jetxirik, gure erreñuari itzuli dizaioten, kendu zioten pakea. Eta Mardokes joan zan, eta Esterrek agindu zion guztia egin zuen.

        8. Eta Mardokeok Jaunari otoiz egin zion, gogora ekarten ziozkala egin zituen mirari guztiak,

        9. Eta esan zuen: Jauna, o Jaun errege guztiz altsua, gauza guztiak zure eskubidean daude, eta ez dago zure borondateari gogor egin dizaiokenik, Israel salbatzea erabaki badezu.

        10. Zuk egin ziñituen zerua eta lurra, eta zeruaren inguruaren barrenen dagoan guztia.

        11. Gauza guztien Jauna zera, eta ez dago zure anditasunari gogor egin dizaiokenik.

        12. Guztia ezagutzen dezu, eta dakizu, Aman txit arroa ez adoratzea, ez dedala egin urgulleriaz, ez desdiñaz, ez gloriaren eresiaren batekin,

        13. (Zeren Israel salbatzeagatik, prestatua egongo nintzake bere oñazpiai pozik muñ egiteko ere).

        14. Baña ni beldur izan naiz, ematen gizon bati, nere Jaungoikoari zor zaion onra, eta nere Jaungoikoa baño besterik iñorere adoratzen.

        15. Argatik orain, o Jauna, erregea, Abrahamen Jaungoikoa, errukitu zaite zure erriarekin, zeren gure etsaiak galdu nai gaituzte, eta zure herenzia nai dute desegin.

        16. Ez ezazu mespreziatu zure herenzia, zuk Egiptotik erreskatatua.

        17. Aditu itzatzu nere erreguak, eta agertu zatzakio errukior zure herenziatzat autu dezun erreñu bati, eta gure negarra pozera biurtu ezazu, bizi gerala, zure izena adoratu dezagun; eta ez itzatzu itxi, zure alabanzak kantatzen dituztenen aoak.

        18. Israel guztiak ere deadarrez Jaunari otsegin zion, biotz bat batekin otoiz egiten zuela, ikusirik, guztiak ziertoro illak izan bear zutela.

 

AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Ester erregiña ere, izuturik aldean zegoan irriskuarekin, zuzendu zan Jaunagana.

        2. Eta utzirik erregiñaren janziak, negar eta zizpuruai zegokioten soñeko bat artu zuen; eta era askotako okenduen lekuan, autsez eta likiskeriaz bere burua estali zuen, eta bere gorputza barauakin umillatu. Eta burutik ateratzen zituen illez betetzen zituen, len poztu oi zan toki guztiak.

        3. Eta Israelko Jaun Jainkoari erregututzen zion, esaten zuela: O nere Jauna, zuk gure errege bakarra zeran orrek, lagundu zadazu arkitzen naizan bakartasunean, zeren ez daukat beste mesedegillerik zu baño.

        4. Nere peligroa aldean da.

        5. Nik aditu nion nere aitari kontatzen, nola zuk, o Jauna, autu zenduen Israel erreñu guztien artean, eta gure gurasoak beren anziñako guztien artean, izateko beti beren jabe zure herenzia bezela, eta eskeñi ziñien bezela, ala egin zenduen berakin.

        6. Guk zure aurrean bekatu egin genduen, eta argatik gure etsaien eskuetan jarri ginduzun,

        7. Beren Jaungoikoak adoratu giñituelako. Justoa zera Jauna.

        8. Eta orain ez dute asko idukitzea gu katiberio txit gogor batekin menderatuak, baizik egotzirik beren idoloen eskubideari beren besoen sendotasuna,

        9. Zure eskeñtzak desegin nai dituzte, eta zure herenzia ondatu, eta zu alabatzen zaituztenen aoak itxi, eta zure etxearen eta zure aldarearen gloria itzali,

        10. Jentillen aoak idikitzeko, eta beren idoloen eskua alabatzeko, eta aragizko errege bat beti zelebratzeko.

        11. Etzaiezute eman, o Jauna, zure zigorra, utsa diraden aiei, gure galmenagatik farra egin ez dezaten, baizik beren asmazioak beren kontra biurtu itzatzu, eta gu ain gogor persegitzen asi dan hura galdu ezazu.

        12. Oroitu zaite, Jauna, gurekin, eta gure naigabeko denboran erakutsi zaitzaguzu, eta eman zadazu sendotasuna, o Jaun, jainkoen eta eskubide guztiaren erregea.

        13. Jarri itzatzu nere aoan itz egokiak leoiaren aurrera noanean, eta bere biotza aldatu ezazu, gure etsaia gorrotatzera, galdu dedin au, eta bere gaiztakeriako lagun guztiak.

        14. Eta libratu gaitzatzu zure eskuarekin, eta lagundu zadazu neri, o Jauna, zuk nere laguntasun bakarra zeran orrek, zuk gauza guztiak dakizkizun orrek,

        15. Eta badakizu gaiztoen gloriari gorroto natzaiola, eta zirkunzidatu gabekoen, eta arrotz guztiaren oeari iguin natzaiola.

        16. Zuk dakizu nere premiaren berri, eta gorrotatzen dedala arrokeriaren eta nere gloriaren señale, eramaten dedana nere buruaren gañean nere argitasuneko egunetan, eta iguin dedala illodoldunaren oiala bezela, eta beñere ez dedala ipintzen nere bakartadeko egunetan;

        17. Amanen maiean ez dedala beñere jan, eta ez naizela ere gozatu erregearen bazkarietan, eta ez dedala ere edan libazioetako ardorik.

        18. Eta zure serbitzaria, onara ekarria izan nintzan egunetik orain artean, beñere ez dala poztu, baizik zugan, Abrahamen Jaun Jainkoagan.

        19. Jaungoiko sendoa guzien gañetik, aditu ezazu arren, beste itxedopenik batere ez duten aien boza, eta gaiztoen eskutik libratu gaitzatzu, eta nere beldurretik atera nazazu.

 

AMABOSGARREN KAPITULUA

        1. Eta bialdu zion esatera (duda gabe Mardokeo izango zan) erregearen aurrera joan zedilla, eta erregutu zizaiola bere erriagatik eta bere erreñuagatik.

        2. Oroitu zaite, esan zion, izaera umillean arkitzen ziñan denborarekin, eta nola nere besoen artean azia izan ziñan, zeren Aman, erregearen ondoan bigarrenak, gure kontra itz egin du, bizitza kendu datzakigun.

        3. Argatik zuk Jaunari ots egin zaiozu, eta erregeari gugatik itz egin zaiozu, eta eriotzatik libratu gaitzatzu.

        4. Eta irugarren egunean, utzi zituen zeramazkien soñekoak, eta bere gloriakoakin apaindu zan.

        5. Eta erregiña baten apaingarrien argitasunarekin distiatzen zala, ots egiten ziola Jaungoikoari, zeñ dan guztien gobernatzalle eta salbatzallea, bere neskameetatik bi artu zituen.

        6. Eta bazijoan batari elduta, argaltasun andi eta indarrik ezagatik, gorputza oñen gañean iduki eziñik bezela.

        7. Beste neskamea zijoan bere etxekoandrearen ostean, lurrean arrastaka zijoan falda zeramaiola.

        8. Berak berriz bere arpegiko arrosa kolorearekin, eta bere begietako modu on, eta argitasunarekin, estalitzen zuen bere biotzeko tristeza, beldur txit andi batekin estutua.

        9. Eta irago zituenean banan banan ate guztiak, allegatu zan erregearen aurrean jartzera, zeñ bere errege tronuan zegoan eseria, errege mantuarekin jantzia, urrez eta arri baliotsuz argi egiten zuela; eta bere begitartea beldurgarria zan.

        10. Eta jasorik berak arpegia, eta erakutsirik bere begi erazekietan bere bularreko sumintasuna, erregiña desmaiatu zan, eta kolorea ubeltasunean aldaturik, etzin zuen bere buru nekatua neskamearen gañean.

        11. Orduan Jaungoikoak aldatu zuen erregearen biotza, biguntasunera etzinerazitzen ziola; eta arin eta beldurturik, salto egin zuen tronutik, eta arturik Ester bere besartean beregandu zan artean, esaten ziozkan itz samur oiek:

        12. Zer dezu Ester? Ni naz zure anaia, etzaite beldur izan.

        13. Etzera ilko, zeren lege au etzan izan ipiñia zuretzat, baizik beste guztientzat.

        14. Alderatu zaite bada, eta zetroari ukitu zaiozu.

        15. Eta nola Ester ixillik zegoan, urrezko zetroa artu zuen, eta bere lepoaren gañean jarri zion, eta musu eman zion, eta esan zuen: Zergatik ez didazu itz egiten?

        16. Berak erantzun zuen: ikusi zaitut, Jauna, Jaungoikoaren aingeru bat bezela, eta nere biotza ikaratu da zure anditasunaren beldurrez.

        17. Zeren zu, Jauna, txit miragarria zera, eta zure arpegia graziaz betea dago.

        18. Eta oraindikan izketan ari zala, berriz desmaiatu zan, eta gutxi falta zitzaion kordegabetua gelditzeko.

        19. Eta erregea nastzen zan, eta bere ministro guztiak Ester konsolatzen zuten.

 

AMASEIGARREN KAPITULUA

        1. Artajerjes andi, Indiatik Etiopiarañoko erregeak, gure aginteari obeditzen dioten eun eta ogeita zazpi probinzietako gobernari eta prinzipeai, osasuna.

        2. Asko, arrotzeko, prinzipeen ontasunaz, eta eman zaioten onraz, gaizkirako baliatu dira.

        3. Eta ez bakarrik leiatzen dira erregeen mendekoak azpian sakatzen, baizik ez izanik diñak, eman zitzaien gloria oñean idukitzeko, dabiltza, eman ziotenen beren kontra saldukeriak egiteko asmazioetan.

        4. Eta ez dirade aspertzen mesedeetara esker txarrekoak izateaz, ezta berakgan gizatasunaren eskubideak autsiteaz; baizik arrokeriaz uste ere dute iges egin dizaioketela, Jaungoiko guztia ikusten duenaren juizioari.

        5. Eta erakeria ain andira allegatu ziran, non, beren gezurrezko asmazioakin desegin nai izan dituzte, eman zitzaiezten karguak txit ongi kunplitzen dituztenak, eta gauza guztietan portatzen diranak alako moduan, non, guztien alabantzen duiñ egiten diran,

        6. Engañatzen dituztela beren arte eta astruzia ezkutukoakin, prinzipeen belarri ziñ eta tolesgabeko, berak bezelakoak diradela besteak uste dutenak.

        7. Au egiztatzen da anziño berriakin, baitaere, egunoro gertatzen danarekin, nola erregeen borondate ona gaitzera biurtzen dan, batzuen konseju gaiztoakin.

        8. Argatik artu bear dirade, probinzia guztiak pakean idukitzeko neurriak.

        9. Ez dezute ere sinistu bear, lengo aginteen kontrakoak ematen baditugu, au datorrela gure buru ariñetik, baizik gure aginduak dirala, denboren izaera eta premiak eskatzen dituztenen araukoak, erreñuaren onerako egin bear dan bezela.

        10. Eta argiroago aditu dezazuten esaten dizuguna, Aman Amadathiren seme, biotzez eta jatorriz Mazedoniarra, eta Persiarren odolik etzeukana, eta bere odolgirotasunarekin gure biguntasuna kutsutu zuena, izanik arrotza, artu genduen gugan.

        11. Eta borondate ain ona erakutsi giñon, non, izan zan deitua gure aita, eta guztiak adoratua, erregearen ondoan bigarrena bezela.

        12. Au bada arrotu zan urgulleria ain andiarekin, non, erreñua eta bizia kendu nai zigun.

        13. Zeren Mardokeo, zeñaren leialtasun eta mesedez bizi geran, eta Ester gure erreñuko laguna, eta bere erreñu guztia, eskatu zituen illak izateko, asmazio berri eta iñoiz aditu gabeko batzuez baliatzen zala.

        14. Zeukala gogoa, oiei bizia kendurik, eta gu bakarrik geldituta, gure biziari zelatadak jartzeko, eta Persiarren erreñuari Mazedoniarretara iragoerazitzeko.

        15. Guk berriz ez degu arkitu kulparik txikienik ere juduen artean, zeñak zeuden, gizonik gaiztoenak eriotzara kondenatuak, baizik kontrara lege justoakin gobernatzen diradela;

        16. Eta diradela Jaungoiko txit goratu, txit andi, eta beti bizi danaren semeak, zeñaen mesedez emana izan zitzaien gure gurasoai, eta guri erreñua, eta gaurko eguneraño gugan irautzen du.

        17. Argatik jakin bear dezute, berak gure izenean bialdu zituen kartak utsa balio dutela.

        18. Eta gaiztakeria augatik, ala asmatu zuena bera, nola bere aideera guztia, urkamendietan zinzilika daude, Susan erri onetako atetan; ez izanik gu, baizik Jaungoikoa, diña zana eman diona.

        19. Eta orain bidaltzen degun aginte au, erri guztietan publikatuko da, bizi al ditezen juduak beren legeen araura.

        20. Zeñai laguntasuna eman bear diezute, Adar deritzan amabigarren illaren amairugarren egunean, il ditzaketen, berak iltzeko prestatuak zeudenai.

        21. Zeren Jaungoiko guztia dezakeanak, tristeza eta negarrezko egun au pozera aldatu zien.

        22. Argatik zuek ere kontatu ezazute egun au jai andien artean, eta jostaketa mota guziarekin zelebratu ezazute, gerokoak ere jakin dezaten,

        23. Persiarrai leialkiro obeditzen dieten guztiak, beren leialtasunaren diña dan ordaña artzen dutela, eta beren erreñuari zelatadak jartzen diozkatenak, beren erruz galtzen diradela.

        24. Eta jai andi onetan partill izan nai ez duen probinzia eta erri guztia, suz eta odolez galdua izan dedilla, eta arrasatua izan dedilla alako moduan, non, betiko gelditu dedilla bertatik irago ezin lezakean izaeran, ez bakarrik gizonik, ezta abererik ere, mespreziatzalle eta desobeditzalleen eskarmenturako.

 

aurrekoa hurrengoa