www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

SOFONIASEN PROFEZIA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Sofonias Kusiren semeari, Godoliasen semeari, Amariasen semeari, Ezeziasen semeari adirazitako Jaunaren itza, Josias, Amonen seme, Judako erregearen denboran.

        2. Nik kenduko det lurretik, bertan dagoan guztia, arrasatuko det dana, esaten du Jaunak.

        3. Arras kenduko ditut beratatik gizasemeak, eta abereak, arras kenduko ditut zeruko egaztiak, eta itsasoko arraiak, eta galduak izango dirade gaiztoak; eta arras kenduko ditut lurretik gizasemeak, esaten du Jaunak.

        4. Eta luzatuko det nere besoa Judaren kontra, eta Jerusalenen bizi diraden guztien kontra, eta arras kenduko ditut toki onetatik Baalen idolatriaren kutsuak, eta bere ministroen eta apaizen izenak eta oroipena;

        5. Eta sabaien gañean zeruko gudartariak adoratzen dituztenak; eta adoratzen dutenak, eta juramentu egiten dutenak Jaunagatik eta Melkomgatik,

        6. Eta Jaunari jarraitzeari utzi diotenak, eta Jauna billatzen ez dutenak, eta arkitzeko ere aleginik egiten ez dutenak.

        7. Zaudete ixillik Jaun Jainkoaren aurrean, zeren Jaunaren egun ikaragarria aldean dan. Prestatua dauka Jaungoikoak bere justiziaren doaña, eta santutuak berak ots egiñak.

        8. Eta Jaunaren doañeko egun artan, nik kastigatuko ditut, esaten du Jaungoikoak,prinzipeak, eta Jerusalengo erregearen semeak; eta arrotzak bezela jantzitzen diraden, eta bizi diraden guztiak.

        9. Eta nik kastigatuko ditut orduan, urgulluz eta arrokeriaz Tenploko atalburuetatik sartzen diraden guztiak, beren Jaun Jainkoaren etxea ezbearrez eta engañioz betetzen dutela.

        10. Izango dira egun artan, esaten du Jaunak, deadar andiak Arraien atetik, eta asko suspirio Bigarrenetik, eta muñoen gañean ansia andia.

        11. Ari zaitezte alarauka, o Pilan bizi zeratenak. Kanaango erri guztia mututua dago, eta aberastasunean igeri egiten zuten guztiak, galduak izan dirade.

        12. Eta orduan izango da, noiz joango naizan ni kandela erazeki bat eskuan daukadala, aratutzen Jerusalen, eta ibilliko naiz beren zikinkerietan ondatuak dauden gizonen billan, zeñak beren biotzetan ari diran esaten: Jaunak iñori ere ez dio egiten onik, eta ez dio egiten gaitzik.

        13. Eta beren ondasunak arrapatuak izango dirade, eta eremu biurtuko dirade beren etxeak, eta egingo dituzte bizileku ederrak; baña ez dirade beretan biziko; ipiñiko dituzte mastiak, baña beren ardorik ez dute edango.

        14. Jaunaren egun andia aldean dago. Aldean dago, eta badijoa allegatuaz arintasun txit andiarekin. Boz mingoitzak izango dirade Jaunaren egunean aditzen diradenak, almentsuak orduan estutasunetan ikusiko dirade.

        15. Aserreko eguna da hura, atsekabeko eguna, eta antsiakoa, naigabe eta doakabetasuneko eguna, illuntasun eta argigetasuneko eguna, odei eta ekaitzetako eguna,

        16. Tronpeta ots ikaragarriaren eguna erri murrutuen kontra, eta dorre goratuen kontra.

        17. Nik atsekabetuko ditut gizonak, zeñak itsuak bezela ibilliko diran, Jaunaren kontra bekatu egin dutelako, eta beren odola autsa bezela barreatua izango da, eta beren gorputz illak, lokatza bezela aurtikiak.

        18. Eta ez zillarrak, ez urreak libratu alko ditu egun artan Jaunaren aserretik, zeñaen zelo erazekiak lur guztia iretsiko duen, zeren berak txit agudo bertan bizi diraden guztiak arras desegingo ditu.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Atozte guziok, bildu zaitezte, o erri, ez maitagarriak,

        2. Jaunaren aginduak ekarri dezan baño lenago arako egun, aize bunbadak bezela autsa zabaltzen duena; Jaunaren sumintasunaren aserrea zuen gañera etorri dedin baño lenago; bera aserreko eguna allegatu dedin baño lenago.

        3. Billatu ezazute Jauna, zuek guztiok lurreko umillak; zuek bere aginduak zaitu dituzutenak; zoazte justiziaren billa, otsantasunaren billa, ikusteko, Jaunaren aserreko egunean, estalian jarri ote zintezken.

        4. Zeren desegiña izango da Gaza, eremutua geldituko da Askalon, Azoto izango da soilldua egunaren erdian, eta arrasatua geldituko da Akaron.

        5. Ai zuen doakabeak, itsasoko kostan bizi zeratenak, galmeneko erria, zure kontra zuzentzen da Jaunak esaten duena, o Kanaan Filistintarren lurra, nik arrasatuko zaitut alako moduan, non, zugan iñor ere bizirik geldituko ez dan.

        6. Eta itsasoko kosta izango da artzaien egonlekua, eta abereen etzalekua.

        7. Eta esan dan kosta, Judako etxetik gelditzen diradenena izango da. An idukiko dituzte beren bazkak, eta gauaz Askalonen etxeetan atsedengo dute, zeren Jaun Jainkoak bisitatuko dituen, eta katiberiotik itzuli eraziko dien.

        8. Nik aditu ditut Moaben irainak, eta Ammon semeak nere erriaren kontra esan dituzten gaizkiak, zeñak andi egin diraden, sartzen diradela aien mugetan.

        9. Argatik juramentu egiten det nik (esaten du ejerzituen Jaun Jainkoak, Israelko Jainkoak) Moab, Sodoma bezela izango dala; eta Amonen semeak, Gomorra bezela, arantza leorren, eta gatzezko montoien tokia, eta betiko eremu bat; arrapatuko diezte beren gauzak nere erriko kondoak, eta nere jendearen kutsuak beren jabe egingo dirade.

        10. Oiek gertatuko zaiezte, beren urgulleriagatik; zeren blasfematu zuten, eta arrotu ziran ejerzituen Jaunaren erriaren kontra.

        11. Ikaragarria agertuko da beren kontra Jauna, eta lurreko jainko guztiak ezereztuko ditu, eta gizon guztiak adoratuko dute, nork bere lurrean, eta jendeen ugarte guztiak.

        12. Zuek berrik, o Etiopiatarak, nere ezpataren puntaren azpian eroriko ere zerate,

        13. Zeren Kaldeatarrak luzatuko du bere eskua ifarreko aldamenaren kontra, eta arras desegingo ditu Asiriatarrak, eta Ninibeko erri ederra bakartade batean, eta erri jende gabeko, eta eremuan biurtuko du.

        14. Alako moduan, non, etzango diran bere erdian artaldeak, eta aldeetako jendeen abere guztiak; eta beren etxeetan ezkutatuko dira astorroa, eta trikua; adituko da kanpoko egaztien kanta bere leioetan, eta belak kabiak egingo dituzte beren atalburuen gañean. Bada nik bere eskubide guztia utsean utziko det.

        15. Au da arako erri, gloriaz beteriko, ezerk ere beldurtzen etzuena, eta esaten zuena bere biotzean: Ni naiz, eta ez dago besterik ni baizik. Nola etorri da eremu bat, eta pistien ezkutatoki bat eginik gelditzera? Andik iragotzen dan guztiak txistu egingo dio, eta irri egiten diola, esku bata bestearekin joko du.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Ai zure doakabea, o erri, aserretu erazitzen dezuna, eta ori erreskatatua izan ezkero, o uso zentzugabea!

        2. Berak ez du aditu nai izan, itz egiten ziona, eta erakutsiak ematen ziozkana. Bere itxedopena etzuen Jaunagan ipiñi, bere Jaungoikoagana etzan alderatu.

        3. Bere prinzipeak bere erdian daude leoe orroakariak bezela. Bere Juezak gaueko otsoak bezelakoak dirade. Ezerere ez dute biaramonerako utzitzen.

        4. Bere profetak gizon sumiñak, eta fedegabekoak dirade, bere apaizak santuarioa kutsutu dute, legearen kontrako obrak egin dituzte.

        5. Jaunak, zeñ dan justoa, eta bere erdian dagoanak,ez du ezbearrik egingo; baizik bereala bere juizioa egingo du, eta au ez da ezkutatua geldituko, baña gaiztoak lotsa zer dan ez daki.

        6. Nik desegin ditut etsaien erreñuak, eta beren gaztelu guztiak arrasatuak gelditu dirade, bere karrikak eremutuak utzi ditut, eta beretatik anima bat ere ez da iragotzen. Bere erriak soillak gelditu dira; gizonik, ez bertan bizi zanik gabetanik.

        7. Eta esan nuen: Noizbait, o Israel, nere beldur izango zera, eta nere erakutsiak artuko dituzu, zure etxea desegiña izan ez dedin, zure bekatu guztiak gatik, zeñgatik kastigatu zindudan. Baña zure semeak beren alegiñak guztiak egin zituzten, beren gura guztiak gaiztotutzeko.

        8. Argatik itxedon zadazu, esaten du Jaunak, etorriko dan nere biztutze berriko egunean, zeren nere borondatea dan biltzea jendeak, eta batzea erreñuak; eta orduan isuriko det beren gañera nere aserrea, eta nere sumintasun eta gogortasun guztia, alako moduan, non, nere zeloaren berotasunak lur guztia iretsiko du.

        9. Zeren orduan erreñuen ezpañak garbituko ditut, guztiak Jaunaren izenari ots egin dizaioten, eta uztarri baten azpian serbitu dezaten.

        10. Etiopiako ibaiak baño arontzagotik, andik etorriko dirade nere adoratzalleak, nere erri barreiatuaren semeak, beren doañak nere aurrean ipintzera.

        11. Egun artan, o Jerusalen, etzera nastua izango zure obra guztiakgatik, zeñakin ausi zenduen fedea nere kontra; zeren orduan nik kenduko ditut zure erditik arako erakuslak, zure urgulleriari bazka ematen diotenak, eta etzera berriz arrotuko Siongo nere mendi santua daukazulako.

        12. Eta utziko det zure erdian erri beartsu eta umill bat, zeñak bere itxedopena Jaunaren izenean ipiñiko duen.

        13. Israelko erriaren kutsuak ez dute ezbearrik egingo, ez dute ere gezurrik esango, eta ez dute ere beren aoan mingañ engañakorrik idukiko; zeren bazka ederrak idukiko dituzten, eta atsedenean gozatuko dira, eta ez da ere iñor izango beldurtuko dituenik.

        14. Esan itzatzu himnoak, o Siongo alaba, kantatu itzatzu alabantzak, o Israel, poztu zaite, eta gozatu zaite biotz guzitik, o Jerusalengo alaba.

        15. Jaunak borratu du zure kondenazioa, zure etsaiai iges erazi die. Jauna, Israelko erregea, zure erdian dago. Ez dezu zertan beñere gaitz baten ere beldurrik iduki.

        16. Egun artan Jerusaleni esango zaio: Ez ezazu beldurrik iduki; eta Sioni: etzaite desalaitu.

        17. Zure erdian dago Jauna, zure Jaungoikoa, Sendoa. Berak salbatuko zaitu, berak bere gozotasuna, eta poza zugan arkituko ditu, berak iraungo du zu amatzean, bozkariotuko da, eta zure alabantzak zelebratuko ditu.

        18. Nik bilduko ditut arako gizon arro, legea utzi zutenak, zureetatikoak ziraden ezkero; berakgatik berriz lotsaririk irago ez dezazun.

        19. Ona emen non nik bizia kenduko diedan denbora artan atsekabetu zinduzten guztiai; eta errenga zebillan erreñu hura salbatuko det, eta berriz ots egingo diot, utzia izan zanari, eta lotsaria irago zuten lur guzi artan, gloria eta izen otspatsua emango diet.

        20. Denbora artan, nik ekarriak zeratenean, eta biltzen zaituztedanean, egingo det izen otspatsua iduki dezazutela, eta lurreko errege guztiak alabatuak izan zaiteztela; orduan, zuen katiberiotik nere bitartez askatuak ikusten zeratenean.

 

aurrekoa hurrengoa