www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

JONASEN PROFEZIA-2

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Eta Jonas Amatiren semeari itz egin zion Jaunak, esaten zuela:

        2. Jaiki zaite eta zoaz Ninibeko erri andira, eta an predikatu ezazu, zeren bere gaiztakerien deadarra eldu da nere aurreraño.

        3. Eta jaiki zan Jonas, Jaunaren esana egiteari utzita Tarsisera iges egiteko, eta jetxi zan Jopera, eta arkitu zuen Tarsisera zijoan ontzi bat, eta pagatu zuen bere eraman saria, eta sartu zan bertan berakin, Tarsisera joateko Jaunagandik igesi.

        4. Baña Jaunak bialdu zuen aize andi bat itsasoaren gañera, eta jaiki zan itsasandi bat, eta ontzia zatitua izateko irriskuan zegoan.

        5. Eta itsasgizonak beldurtu ziran, eta bakoitzak bere Jaungoikoari ots egin zion, eta itsasora bota zuten ontziko zama, arindu zedin bere pisutik. Jonas berriz jetxia zan ontziaren barrena, eta lo gogorrean zegoan.

        6. Eta alderatu zan beragana pilotoa, eta esan zion: Nola zaude zu orrela lotan? Jaiki zaite, eta zure Jaungoikoari ots egin zaiozu, gurekin oroitu nai ote dan, eta galdu ez gaitezen.

        7. Eta elkarri esan zioten: Atozte, eta txotx egin dezagun, eta jakin dezagun zergatik etorri zagun gaitz au. Eta txotx egin zuten, eta suertea Jonasen gañera erori zan.

        8. Eta esan zioten: Adirazi zaguzu, zergatik gaitz au gertatu zagun. Zeñ langintzakoa zera? Nongoa zera, eta nora zoaz? Zeñ erreñutakoa zera zu.

        9. Eta esan zien: Hebreotarra naiz ni, eta zeruko Jaun Jainko, itsasoa eta lurra egin zituenaren beldur naiz.

        10. Eta txit beldurtuta gelditu ziran gizon aiek, eta esan zioten: Zergatik au egin dezu? (zeren gizon aiek ezagutu zuten Jaungoikoaren igesi zijoala, bere agindua ez egitearren, zeren berak adirazi zien).

        11. Eta esan zioten: Zer egingo degu zurekin itsasoa baretu dakigun? Zeren itsasoa goratuaz eta arrotuaz zijoan

        12. Eta esan zien: Artu, eta itsasora bota nazazute, eta itsasoa baretuko zazute, zeren nik ongi dakit nigatik itsasoa txit aserretua jarri zazutela.

        13. Eta arraunean egiten zuten itsasgizonak leorrera biurtzeko, baña ezin ziran; zeren itsasoa gora zijoan, eta arrotuaz beren gañean.

        14. Eta Jaunari ots egin zioten, eta esan zuten: Erregututzen dizugu, o Jauna, ez gaitzazula illerazi, gizon oni eriotza eman diogulako, eta kulpa gabeko odolari etzaiozu erorierazi gure gañera, zeren zuk, Jauna, egin dezu, nai izan dezun bezela.

        15. Eta eldu zioten Jonasi, eta itsasora bota zuten, eta itsasoa bereala baretu zan.

        16. Eta gizon aiek Jaungoikoaren beldur andi bat artu zuten, eta Jaunari doañak eskeñi ziozkaten, eta botoak egin zituzten.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Eta Jaunak zeukan prestatuta arrai andi bat, zeñak Jonas iretsi zuen, eta egon zan Jonas arraiaren sabelean iru egunean, eta iru gauean.

        2. Eta arraiaren sabeletik erregutu zion Jonasek bere Jaun Jainkoari,

        3. Eta esan zuen: Nere naigabean Jaunari deitu nion, eta aditu ninduen, sepulturaren barrendik deadarrez ots egin nuen, eta aditu zenduen nere boza.

        4. Eta bota ninduzun itsasoaren barrenenera, eta urak inguratu ninduten. Zure jiraboilla guztiak, eta zure baga guztiak irago dira nere gañera.

        5. Eta nik esan nuen: Aurtikia izan naiz zure begien aurretik, alaere oraindikan berriz ikusiko det zure tenplo santua.

        6. Urak inguratu ninduten animaraño, osiñak ingurutu (sic) ninduen, itsasoak estali zuen nere burua.

        7. Jetxi nintzan mendien ondoetaraño, lurreko morrolloak itxian jarri ninduten betiko, baña zuk, nere Jaun Jainkoa, gordeko dezu usteltasunetik nere bizia.

        8. Nere animak iragotzen zituen antsiaen artean, zuzendu naiz zugana, o Jauna, allegatu dedin zugana nere erregua zure eliza santura.

        9. Arrokeriak alperrik gordetzen dituztenak, utziten dute bere urrikaltasuna.

        10. Baña nik eskeñiko dizkizut doañean alabanzazko kantak, kunplituko diozkat Jaunari, nere osasunagatik egin diozkadan boto guztiak.

        11. Eta Jaunak esan zion arraiari, eta onek gonbitatu zuen Jonas leorrean.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Eta Jaunak bigarren aldiz itz egin zion Jonasi, esaten ziola:

        2. Jaiki zaite, eta zoaz Ninibeko erri andira, eta an predikatu ezazu nik esaten dizudana.

        3. Eta jaiki zan Jonas, eta joan zan Ninibera Jaunak agindu zion bezela, eta Ninibe zan erri andi bat, iru eguneko bidea zeukana.

        4. Eta asi zan Jonas errian sartzen egun bateko bidean, eta deadar egin zuen, eta esan zuen: Emendikan berrogei egunera Ninibe desegiña izango da.

        5. Eta Ninibetarrak sinistu zuten Jaungoikoagan, eta predikatu zuten baraua, eta saioz jantzi ziran andienetik txikieneraño.

        6. Eta allegatu zan berria Ninibeko erregeagana, eta bere tronutik jaiki zan, eta beragandik bota zituen bere soñekoak, eta saioz jantzi zan, eta eseri zan autsean.

        7. Eta deadar egin zuen, eta esan zuen Niniben, erregearen eta bere prinzipeen aginduz, esaten zuela: Gizonak, eta zamariak, eta idiak, eta abereak ez bezate ezerere jan: eta ez bitez ere bazkatu, ezta urik ere ez bezate edan.

        8. Eta gizon ta abereak saioz jantzi bitez, eta txit gogotik aiek ots egin bizaiote Jaunari, eta alde egin beza gizonak bere bide txarretik, eta beren eskuetan dauden obra gaiztoetatik.

        9. Nork daki onela aldatuko ote duen Jaunak bere erabakia, eta barkatuko ote digun; eta bere aserrearen sumintasuna bigunduko ote dan, eta onela galdu gabe geldituko ote geran?

        10. Ikusirik bada Jaungoikoak egiten zituzten obrak, nola beren bide txarretatik alde egin zuten, errukitu zan, eta etziozkaten bialdu erabakita zeukan gaitzak.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Eta Jonasek txit naigabe andia iduki zuen, eta aserretu zan.

        2. Eta otoiz egin zion Jaunari, eta esan zuen: Erregututzen dizut, o Jauna, esan zadazula, gauza onen beronen beldur ez al nintzan ni, oraindikan nere errian nengoala? Argatik aurreratu nintzan Tarsisera iges egiten. Zeren nik ongi dakit zu zerala Jaungoiko biotzberaa, eta urrikaltsu, pazienzia andiko, eta biguntasun askoko, eta bekatuen barkatzalle bat.

        3. Eta orain, Jauna, erregututzen dizut, kendu dizadazula bizia, zeren onezkero neretzat obe da iltzea, bizitzea baño.

        4. Eta Jaunak esan zion: Aserretzeko arrazoia dezula uste al dezu?

        5. Eta Jonas erritik atera zan, eta erriaren sortaldeko atearen aurkez eseri zan, eta txaola bat egin zuen an, eta bere azpian itzalean eseria egon oi zan, erriari zer gertatuko ote zitzaion ikusi artean.

        6. Eta Jaun Jaungoikoak prestatu zuen untz bat, eta Jonasen buruaren gañera igo zan, bere buruari itzala egin, eta bera estaltzeko, zeren txit nekatua zegoan, eta Jonasek untz hura gatik poz txit andia iduki zuen.

        7. Eta biaramonean egunsentian bialdu zuen Jaungoikoak ar bat, zeñak ortzka eginik untzari, igartu zan.

        8. Eta eguzkia irten zanean, agindu zuen Jaungoikoak atera zedilla aize bero eta erregille bat. Eta eguzkiak jotzen zuen Jonas bere buruan, eta erretzen zan, eta bere anima guztitik eskatu zuen eriotza, eta esan zuen: Obe da neretzat iltzea, bizitzea baño.

        9. Eta esan zion Jaunak Jonasi: Uste al dezu ona dala zuk untzagatik daukazun aserrea? Eta esan zuen: Ona da nere aserrea, eriotza opa izateraño.

        10. Eta Jaunak esan zuen: Zuk daukazu untz baten, beragatik lanik batere egin ez dezunaren, eta azi ere zuk egin ez diozunaren damua. Bada gau batean azi da, eta gau batean galdu da.

        11. Eta ez ote diot nik barkatuko Ninibeko erri andiari, zeñean dauden eun eta ogei milla gizon baño geiago, ez dakitenak zeñ dan beren eskuiko eskua, eta zeñ ezkerrekoa, eta abere asko?

 

aurrekoa hurrengoa