www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

JONASEN PROFEZIA-1

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Jaunak itz egin zion Jonas, Amatiren semeari, eta esan zion:

        2. Jaiki zaite, eta zoaz Ninibe, erri andira; eta an predikatu ezazu; zeren beren gaiztakerien deadarra nere aurreraño allegatu dan.

        3. Jonasek ordea artu zuen Tarsiserako bidea, Jaunagandik iges egiten zuela, eta jetxi zan Jopera; eta Tarsisera zijoan ontzi bat arkitu zuen, eta pagatu zuen ugasaria, eta sartu zan ontzian beste lagunakin Tarsisera joateko, Jaunaren serbitzotik iges egiten zuela.

        4. Baña Jaunak bialdu zuen aize andi bat itsasora, eta ekaitz txit andi bat jaiki zan itsasoan, alako moduan, non, ontzia zatitua izateko irriskuan zegoan.

        5. Eta itsasgizonak beldurtu ziran, eta bakoitzak bere Jaungoikoari deadarrez ots egin zion, eta ontzian zegoan karga itsasora bota zuten, onela ontzia arindutzeko. Eta Jonas ontziaren barrendiko tokirik zakonenera jetxi zan, non zegoan lozorro gogorrean.

        6. Eta joan zan beragan pilotoa, eta esan zion: Nola zaude orrela lotan? Jaiki zaite, eta zure Jaungoikoari ots egin zaiozu, ikusteko, gurekin oroitzen ote dan, eta eriotzatik libratzen ote gaituen.

        7. Eta alako batean batak besteari esan zion: Atozte, eta txotx egin dezagun ezagutzeko zorgaitz au nondik datorkigun. Eta txotx egin zuten, eta suertea Jonasen gañera erori zan.

        8. Esan zioten bada: adirazi zaguzu, zergatik zorigaitz au gertatzen zaigun. Zer lantegi da aritu oi zerana? Nongoa zera? Eta nora zoaz? Zeñ erreñutakoa zera zu?

        9. Erantzun zien Jonasek: Ni hebreotarra naiz; eta itsasoa eta lurra egin zituen zeruko Jaun Jainkoa adoratzen det.

        10. Eta txit izutuak gelditu ziraden jende aiek, eta esan zioten: Nola egin dezu zuk ori? (Zeren ezagutu zuten gizon aiek, Jonas joiala igesi Jaungoikoari ez obeditzeagatik, zeren berak adirazi zien).

        11. Orduan esan zioten: Zer egingo degu zurekin, itsasoa guretzat baretu dedin? Zeren itsasoa aserretuaz zijoan geroago geiago.

        12. Eta Jonasek erantzun zien: Artu nazazute, eta aurtiki nazazute itsasora, eta itsasoa baretuko zatzute, zeren nik ongi dakit nigatik ekaitz andi au etorri zatzutela.

        13. Bitartean itsasgizonak arraunez ari ziran lanean kaira allegatzeko; baña etzitezkean; zeren itsasoko bagak beren gañera igoaz zijoazen.

        14. Eta deadarrez ots egin zioten Jaunari, esaten zutela: Erregututzen dizugu, o Jauna, arren ez gaitzatzula gu il, gizon au iltzen degulako, eta odol obengabea ez dezazula gure gañera aurtiki, zeren zuk, o Jauna, suerteari erori erazi diozun, nai izan dezun bezela.

        15. Eta artu zuten Jonas, eta itsasora bota zuten, eta bereala itsasoa baretu zan.

        16. Orduan jende aiek Jaunaren beldur txit andi batez bete ziran, eta eskeñi ziozkaten doañak, eta botoak egin ziozkaten.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Eta Jaunak arrai andi bat prestatua zeukan, Jonas iretsi zezan, zeñ egon zan iru egunean eta iru gauean arraiaren sabelean.

        2. Eta Jonasek arraiaren sabeletik bere Jaun Jainkoari orazio egin zion;

        3. Eta gero esan zuen: Ots egin diot Jaunari atsekabean, eta aditu nau. Obiaren barrendik ots egin det, eta zuk entzun dezu nere boza.

        4. Eta zuk, Jauna, aurtiki nazu ondora, itsasoaren tokirik barrendikoenean, eta urak ingurutu naute; zure jirabolla guztiak, eta zure baga guztiak, nere gañetik irago dirade.

        5. Eta esan nuen: Aurtikia izan naiz zure begien ikusmenetikan urrutira, baña ez; oraindikan zure tenplo santua berriz ikusiko det.

        6. Urak ingurutu ninduten, neri bizia kentzeko zoriraño, itsasbarrenen sartua ikusi naiz; itsaso zabalak nere burua estali du.

        7. Mendien sustraietaraño jetxi naiz; lurraren morrolloak sartua utzi naute an barrenen betiko, baña zuk, o nere Jaun Jainkoa, aterako dezu nere bizia usteltasuneko tokitik.

        8. Nere animak iragotzen zituen antsien erdian, oroitu naiz, o Jauna, zurekin, nere orazioa zure gloriako tenplo santura zuzentzen dizudala.

        9. Utsa balio duten gauzai alperrikan itsatsiak daudenak, bere urrikaltasuna utzitzen dute.

        10. Baña nik eskeñiko dizkizut sakrifizioan alabantzazko kantak, kunplituko diozkat Jaunari, nere osasunerako egin diozkadan boto guztiak.

        11. Jaunak atzenean agindu zion arraiari, eta onek, okaeginda, aurtiki zuen Jonas leorrera.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Eta Jaunak bigarren aldiz Jonasi itz egin zion, esaten ziola:

        2. Jaiki zaite, eta zoaz Ninibe, erri andira, eta predikatu ezazu an, nik esaten dizudana.

        3. Joan zan bada Jonas, eta zuzendu zan Ninibera, Jaunak esan zion bezela. Zan Ninibe erri txit andi bat, inguruan iru eguneko bidea zeukana.

        4. Eta asi zan Jonas erritik ibiltzen, eta ibilli zan egun batean deadarrez esaten zuela: Emendikan berrogei egunera Ninibe desegiña izango da.

        5. Eta Ninibetarrak Jaungoikoaren itzean sinistu zuten, eta agindu zuten guztiak baruak egiteko, eta guztiak, txikiak eta andiak zakuz jantzi ziran.

        6. Eta Ninibeko erregeagana allegatu zan berri au, eta tronutik jaiki zan, eta kendurik bere soñeko erregeenak, jantzi zan zakuz, eta autsaren gañean eseri zan.

        7. Bereala adirazi zan Niniben erregearen eta bere andizkirik nagusienen aginte bat, esaten zuena: Ez gizonek, ez aberek ez beza jan, ez beiak, ez abereak ez bitez atera bazkatzera, ez edatera.

        8. Gizonak eta abereak zakuz estali bitez, eta aiek dedarrez eta indar guziarekin ots egin bizaiote Jaunari, bakoitzak utzitzen diola bere bizitza gaizto, eta beren eskuetako biurrikeriari.

        9. Nork daki onela eginda Jaungoikoak beste asmoren batzuek artuko ote dituen, eta barkatuko ote digun, eta bere aserrearen sumintasuna bigundu ote dan, eta galduak izan gabe geldituko ote geran?

        10. Ikusirik bada Jaungoikoak, egiten zituzten penitenziako obrak, eta nola utzi zioten beren bizitza gaiztoari, urrikaltasunez mugitu zan, eta etzietzen bialdu, erabakita zeuzkan gaitzak.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Jonas berriz txit atsekabetu zan, eta aserretu zan.

        2. Eta erregutu zion Jaunari, eta esan zion: Erregututzen dizut, Jauna, esan zadazula arren, ez al da au nik esaten nuena, oraindikan nere errian nengoala? Gauza augatik erabaki nuen Tarsisera iges egitea. Zeren nik ongi dakit, zu zerala Jaungoiko bat biotzberaa, eta urrikaltsua, sufritua, eta txit biguña, eta bekatuen barkatzallea.

        3. Orain bada ongi, o Jauna, erregututzen dizut, bizia kendu zadazula; zeren onezkero neretzat obeago da iltzea, bizitzea baño.

        4. Eta erantzun zuen Jaunak: Arrazoia daukazula al deritzatzu aserretzeko?

        5. Eta Jonas Ninibetik irten zan, eta gelditu zan erriaren Sortaldean, eta egiñik an txaola bat, bere barrenen bizi zan, ikusi arteraño erriari zer gertatzen ote zaion.

        6. Jaunak prestatu zuen untz bat, zeñ azi zan Jonasen burua estalitzeraño, berari itzala egiteko, eta berotasunetik bera zaitzeko. Zegoan Jonas txit nekatua, eta untz arekin atsegin txit andia artu zuen.

        7. Biaramonean, egunaren sentian bialdu zuen Jaungoikoak artxo bat, zeñak ortxikatu zuen untzaren sustraia, eta au igartu zan.

        8. Eta eguzkia irten zanean, erabaki zuen Jaunak, atera zezala egoi aize erretzen zuen bat. Eguzkiak jotzen zuen buruan Jonas, zeñ kiskalitzen zan, eta eriotza opa zion bere buruari, esaten zuela: Obeago zat neri iltzea, bizitea baño.

        9. Baña Jaunak Jonasi esan: Sinisten al dezu arrazoia daukazula aserretzean untzagatik? Eta berak erantzun zuen: Arrazoia daukat aserretzeko, nere buruari eriotza opa izateraño.

        10. Eta Jaunak esan zuen: Zu damuz zaude untz bat galdu dalako, zeñ lanikan batere kostatu izan ez zatzun; eta zeñi zuk azi erazi ez diozun; zeren gau batean azi da, eta gau batean galdu da.

        11. Eta, ni ez al naiz urrikalduko Niniberekin, erri ain andi batekin, eta zeñean dauden eun eta ogei milla lagun baño geiago, ez dakitenak oraindikan zeñ dan eskuieko eskua, eta zeñ ezkerrekoa, eta abere talde andi bat?

 

aurrekoa hurrengoa