www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa  

XXXIXgarren txatala

EUSKALDUNA TA EUSKAERRIA

 

        Euskalduna.— Ama Euskalerria; zurekin itz-aspertu bat egitera nator.

        Euskalerria.— Esazu, seme.

        Euskalduna.— Askok esaten dizugu maite zaitugula, ta zure izena abotan derabilgu.

        Euskalerria.— Biotzean baño geiago, seme. Betiko leloa da au.

        Euskalduna.— Zer diozu karlistetaz?

        Euskalerria.— Ba ziran eta ba dira oietan euskaldun onak, banakak badere. Oiei zor diezute gaurko euskaldunak euskaldun-legeen ezaguera ta maitasuna. Gure errian itzalirik zegoan aspaldi Fueroenganako sua. Gizaldietan eta gizaldietan Erregeak etzuten ziñ-itzik ematen Don Karlos etorri arte. Onek ere, Errege izateko euskaldunetaz baliatu nai ta agindu zizkigun: euskaldunak Erregeaz baliatu nai Fueroai eusteko, ta biek musu-uts gelditu.

        Euskalduna.— Ta zer diozu oraingo euskaldunetaz.

        Euskalerria.— Oien artean ere ba dira euskaldun zintzoak, banakatxoak oiek ere; baita Ni baño beren buruak maiteago dituztenak.

        Euskalduna.— Zer bear du euskaldunak Zu maite izateko?

        Euskalerria.— Jainkoaren mendean egotea. Zer lege nai dituzu zere errirako? Beste noren mende egon nai? Zere buruaren mende? Begira ez ote zabiltzan oker! Jainkoak bere eskuan dauzka erriak: Arek azaltzen ditu, Arek ondatzen uzten ditu erriak. Aren mendean gauden arte, ez gera ondatuko.

        Euskalduna.— Ortan nago ni ere: Eukalerrian Jainkoaren legeak bear ditegula aurrena. Baño zer gaitz zer makar degu gaurko euskaldunak?

        Euskalerria.— Sabela dezute etsairik aundiena. Aberastu ziñeten, askorekin oitu, ta orain asko-bearra. Lanerako etzerate oraiñ ere besamotz, baño atzeko bat etortzen bada, zuen irabaziarekin errezago biziko da, ta etxetik bialduko zaituzte. Atzekoak ditezue nagusi, oien Amerika zuen erria da, ta zuek itxasoz arontzeko Amerikara joan-bearra, edo beintzat etxetik aldegin-bearra.

        Euskalduna.— Sabelak, jan-edanak ondatu gaitu, bai. Urrena?

        Euskalerria.— Urrena, euskera baztarreratzeak. Gizon bizardunak eta neska apaiñak, lotsa artzen dute beren izkuntzaz. Mutil gazte zoroak ere, ostikoka ta arrotz-jokua pranko, ta buruan muin gutxi, Euskalerria gorabera. Egi garratzagoak ere esan-bearra nintzake, baño gauza bat gogoan idukazu: Jainkoaren legepean nagon arte, Ni enaiz itzaliko; ta Arengandik aldegiten badet, errukarri naiz. Zuzentasunak eraikitzen ditu erriak; pekatuak ordea errukarri egiten ditu.

        Euskalduna.— Jainkoaren legea ta euskera nai ditut Zuretzat, Ama Euskalerria: gañerakoa Jainkoaren kontu. Bera baita errien jabe ta jaun.

aurrekoa