www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXVIIIgarren txatala

BEASAINGO ESTAZIOA KIXKALTZEA.SANTA KRUZ TA ERRITARRAK

 

        Liberalak eta karlista alperrak edo ojalateroak, Santa Kruzen izena nola belztu egiñalak egiñ arren, etzuten nai zutenik irixten. Arek egindako sarraskiak, eta gogorkeriak egi izan balira, eztakit noski alako txalorik eta auparik egingo ote zioten Gipuzkoako errietan. Ataunen, Lazkaun, Beasainen, erri ontako estazioari su ematea zijoala, erri osoak atera zitzaizkion txaloka ta aupaka. Ikus zer dion Kruz Otxoak: «Gu Ataunen geundela jakitea, naikoa izan zuten liberalak, andik Villafrankara usu ta arin aldegiteko. Ataundik ateratzean, bildu zitun Santa Kruzek egundañoko esku-zartak eta aupak eta oiuak. Lazkaura joan zan petrolio billa, ta ango erritarrez inguraturik, ba zijoan Beasain aldera, ta bidean jende-taldea aundituz ari zan ibaia bezela, guziak eztanda egiñ arte txalokatzen zutela. Illunabarrean sartu zan Beasaiñen, eta an ere era berean artu zun erriak, esan al diteken baño beroago. Jesus batean estazioa kixkaldu an zeuden tirogaiekin, eta len baño jende-pillo aundiagoaren erdian. Lazkaun gelditu gabe, atzera Ataunen sartu giñan gaberako. Jende aren poza ta ixtillua etzan nolanaikoa». Apaiza Portu-etxek, beste izenez Lasarte, Santa Kruzengandik aldeginda asmatu zitun aren kontra asmatzekoak eta ez asmatu-bearrak. Dorrontsorok eta Lizarragak ere zabaldu zituten ojalatero eziñ-eraman aiek esaten zizkien izketa zuriak eta gezur beltzak; baño ala ere Santa Kruzek su ta gar biurtzen zitun biotzak Euskalerriko auziaren alde.

        Bitartean Valde-Espinak bere emazteari esaten zion Naparroako Urdazubitik kartaz: «Santa Kruzekikoa geroago ta okerrago dijoa: esaiezu aren alde daudenai, burua galdu dutela...». Adierazi iezu oiei guziei, ortik eztirala gauzak emendik bezain argi ageri. Beaz, erritarren artean ez ezik Markes-andrearen inguruan zebiltzan aietatik ere, ba zitun Santa Kruzen aldekoak. Valde-Espinak bere aldetik begiratzen zun, bai Lizarragak ere, bai Dorrontsorok ere, bai apaizak ere. Nor zegoan zuzen?

 

aurrekoa hurrengoa