www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

VIgarren txatala

SANTA KRUZ ERNIALDEN. GERRARAKO ASMOETAN

 

        1866garreneko Maiatzaren 25garrenean apaiztu zan, eta aurrena Ernialdera bialdu zun. Obispo jaunak, Parrokoaren laguntzaille; urrena, bere artako Parroko egin zun, eta an ari izan zan, liberalak 1870garrenean preso artu zuten arte. Ta zer diote artaz Ernialdetarrak? Orain dala gutxi bizi ziran zarrak —onozkero eztakit aietan iñor bizi dan— abo batez aipatzen eta aupatzen dute: langillea zala; elizkizunetara jendea ekarriazten zula; Eliz-barrena txukun edukitzea gustatzen zitzaiola, ta bera ere Elizerako loreak egiten aritzen zala. Ernialden bi urtez egon zan. Makal-samar iritxi zan ara, dakigunez, baiño ango aizeak oso gogortu omen zuten. Aurrenetik zaldi-gañean ibiltzen omen zan, oso aul baitzegoan; tisiko ote zegoan ere atera omen zuten, abotik odola atera zula esan baitegu.

        Andik bi urtera etzun zaldi-bearrik emendik Prantzira juan-etorriak egiteko. Nonbait indarra ba dute Ernialdeko aizeak.

        Gizagajoa an bizi zan pake pakean, baiño barrena irauli ta nastu egin zion Euskalerriaren aldi txarrak. Askotan aipatzen zun lenengo karlista-gerraren joera: Marotoren saldukeria; Bergarako besarka edo laztana ta olakoak, ezin burutik uxatu; gabez lorik ezin egin. Esna-aldi oietan zertara joko, ta apaiza Merino gerrariaren bizitza irakurtzera jo zak. Orrela sortu zan aren biotzean gerra-naia. Pakea nai zun Euskalerriarentzat, errekara bidean ari zan Euskalerri gaixoarentzat.

        1872garreneko uda-lenean jeiki ziran karlistak berriz ere bizkor; baiño bear adiña laguntza ez. Probintzietan zeuden soldaduak, gobernua utzita karlistengana etorriko zirala agindu, baiño uts egin. Itza jan ezpalute laister jabetuko ziran erri nagusietaz eta gazteluetaz; baiño gobernuaren soldadu-taldeak, anai-antzean ez baiño, tiroka artu zitun karlistenak. Karlista gizagajoak mendiak eta baserriak zituten beren mende, besterik ez. Ontaz gaiñera, Orokietako erasoan —Maiatzaren laugarrenean— apurturik gelditu ziran, eta illaren beraren azken-aldera, Amorebietako elkar-artze lotsagarria liberalakin.

        Gobernuari Karlistak aurrenetik bildur eman ba zioten ere, arrezkero etzegoan bildur-biderik. Millaka gazteak il, preso atxitu, Kubara bialdu. Karlistak ere beren soldadu-nagusien konpiantza galdu zuten, eta len beren artean bat egiñik ezpazeuden, ezago ordun. Alare, negu artan bertan —Abenduan— altxa ziran berriz ere kataluñiarrak eta euskaldunak. Oraingoan ez lengoan bezela, zar edo gazte, makilla ta guzi, edo zuzenago esateko, makill utsez, asko beintzat. Oraingoan bai gazte bizkorrak, eta zegokion bezela. Iru illabete-garrenean gobernuak etzun ezer iritxi, karlistak geiagotzea ta indartsuagotzea besterik. Gure apaiza etzegoan aisa bere txokoan, atari zabalera atera gabe.

 

aurrekoa hurrengoa