www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIIgarren txatala

ATZERA GIPUZKOARA

 

        Bost illabete terdi egin zitun Prantzian, Euskalerrian zer gertatzen oten zan begira. Etzegoan lasai gizagajoa. Erri-jendea asperturik omen zegoan ainbeste lapurreta, etxe-erretze ta eriotz ikusita. Amorru bizia zeriola, ezkeneko alegiña egitea erabakitzen du. Bera Gipuzkoan zegoan bitartean, kuzkur ibilli ziran liberalak eta erritar gaiztoak. «Don Manuel emen balego, elukete olakorik egingo», zioten giputzak. Lizarraga Asteasun omen zegoan alperkeri goxoan, eta mutillek nai zuten bezela, soldadukeriak egiten. Gauz oek Santa Kruzi onik egiten ezpazioten, beste berri latz batek oso bere onetatik atera zun: Lizarragak Esteban Indart eta Patxiko Arbelaiz pusilatu zitun, Santa Kruzekin mutil-nagusi ibilli ziranak. «Pensamiento Español»etik otsegin zien Santa Kruzek karlistai, eman zezatela gauz orren garbitasuna; berak burua aterako zula aien alde. Ixildu bai danak. Karlista aiek liberalik pusilatu zutenik eztakigu, dio Murgiondok; aien jokabidea, iñor ez pusilatzea omen zan da; baño berenetakoak bai, bizkor aiek.

        Santa Kruz etorri-aurreko agunetan iskritu bat azaldu zan «Ernai gipuzkoarrak» ziona, Dorrontsororen eta Lizarragaren egite batzuk itxusitzen zituna. Dorrontsoro, bildurturik, Oñatin indartu zan eta Lizarragari adierazi zion, Tolosari erasotzeko, jendearen esamensak ixiltzearren. Eta itzetik ortzera ara non azaltzen dan Santa Kruz Beobin, Abenduaren seigarrenetik zazpigarrenera gaubean. Ba zun azala! Emen Lizarragak eta liberalak, bakoitzak bere aldetik aren burua eskaturik zedukaten; baztar guziak etsaiez ta zelatariz baterik; Prantzian ere agindua zuten, aren usmorik balinba zuten, atxitzeko ta ekartzeko. Ainbeste jendarmeren, karabiñeroen eta etsairen artetik, itzal utsa balitz bezela, Berrobiko zokora jo du bere buruarekin. Ikaratia omen zan Santa Kruz. Au ere entzuteko geunden. Artzen du preso Iturbe Villabonan, eta bialtzen ditu lau mutil-mordoska Asteasura Lizarragaren kontra. Laister bildu zitun Santa Kruzek lagunak. Aien atzetik bera joaterako, Lizarragak armak kendu zizkien. Gañera, oartu zan Santa Kruz, Moriones liberala bere mutil-talde aundiarekin Lizarragaren kontra zijoala, ta pakean utzi zion gizagajoari, karlista-odolik ixuri etzedin. Etzegoan ezer egiterik, eta atzera Prantzi-bidea artu zun: oraingoan erabat noski.

        Berriz ere muga pasa-bearra ta oinbeste mugazai ta jendarmeren artetik. Gabez sartu zan Irunen, ez-ezagun, adiskide asko ba zitun ere. Gau itxian kaleetan zebillela, sereno bat zetorkiola oarturik, bera aurreratu zitzaion iduritua kentzeagatik. Apaiza jaun Klaudio Etxeberria non bizi zan galdegin zun, aita txarki zedukala ta, Elizakoak emateko. Serenoak etxera erakutsi zion, eta bere arrek atea jo ere. Baño serenoak alde batera egin zuneko, Santa Kruzek bestera. Ari zun otzarekin, ikullu batean sartu zan, eta eguna zabaldu baño len, Prantzira bidea artu zun. Muga pasatzen zeuden orain ere lanak. Baño orain ere zerbait asmatuko zun eta bearra ere bai, lepoa moztuko ezpazioten. Endarlatzako karabineroen lagunak arrapatzen ba dute! Mugara urbildu zanean, eserita, pardela askatuta gosaltzen asi zan. Karabineroak asi zitzaizkion axekan, eta Santa Kruz itzerdika, baserritarra balitz bezela. Puska jan zunean, berriz pardela bilduta bidez bide asi zan estuasunik gabe. Iñork etzion ezeren eragozpenik eman. Nor zan jakin izan balute!

        Donibane Lohitzunen bizi izan zan alditxo batez, Isidro Urruelaren etxean; luzaroago berriz Nangleten, Andoaingo Larretarrak zuten etxe batean. Bere artan zeuden Mendizabal eta Orkaiztegi apaizak karlistengandik igesi, Santa Kruztarrak ziralako.

 

aurrekoa hurrengoa