www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXIIIgarren atala

LIZARRAGAK SANTA KRUZ ILTZEKO AGINTZEN DU

 

        Lizarraga, Gipuzkoako soldadu karlista guzien agintaria, gizon bizkorra ta ernea zala esaten dute batzuek; ezereza ta gizagajoa beste batzuk. Ikus zer dion Murgiondok: «gizon zaiñ illa ta oartugabea, berrogeita amasei urte zitun gerran sartu zanean, eta asmo onez sartu zan karlistetan; baño pake-denboran ua soldadu ona. Beti Elizbarrenean zegoan: mojan kapillautako geigo balio zun gerrarako baño. Oso sarritan Jauna artzen zun, eta bere soldaduei errosario errezarazten zien beti. Katoliko ona ta Elizkoia zan noski». Santa Kruzek dio gizon ona ta piña zala, baño gizagajo siñis-errex bat. Orregatik ojalateroak maite omen zuten. Ba zun berekin indarra ta dirua ta naiko guzi, baño etzun ezer aundirik egin. Bizkorra izan balitz, geroko Diputazio karlistak etzun bialduko Aragoara karga arekin berarekin: etxean ere gerrari onan bearra ba zegoan. Asteasu alde artan egonari ederretsi omen zion, eta gastatu besterik ez omen zun egiten. Liberalakin belaxka samarra zan beintzat, ondo etortzen zalakoa egia ezpada ere. Bein batez txarki omen zegoan pulmoni-miñez. Bere soldaduak oetxoan erabilli omen zuten zenbait egunez eta oso txarki zegoala oartuta, Elgoibarko gaixo-etxean utzi. Elgoibarko liberalak jakin, norbaitek aopetik esanda, Lizarraga an gelditu zala gaixorik. Jo dute Elgoibarko gaixo-etxera, bi aldiz irauli dute azpikoaz gora, ta... ez arkitu zantzurik ere. Etxeak zitun zoko, ardandegi, ganbara ta gañerako, begiratu omen zituen, baño txoria zegoaneko gelarik ez iriki, begien agerian ba zegoan ere. Nonbait liberalak etzuten oso etsai Lizarraga. Santa Kruz izan balitz, azkar billatuko zuten noski. Libaralakin ondo etortzen zalako ori beltz samarra da, ta baliteke Santa Kruzen iduritu gaiztoen bat izatea, baño zerbaiten itxura ba du. Pazkoa Garizumeko egunez, Apirillaren 14garrenean, Lizarraga Astigarretan omen zegoan 1.600 gizonekin. Ba zitun etsaiak Azpeitin, Azkoitin, Zumarragan, eta gizatalde bat atzetik zetorkion. Etzeduken bada Elosu-mendian barrena, Pagotxuetako tontorretik aldegitea besterik. Oinbesterik ere entzun egin gizagajoak, eta etsaiak eraso egin zion. Egiñalak egin aldegiñaz, Artetxerrekara jo omen zuten gizon ta zaldi amilka. Elosuko apaizak ikusi ta aitortu. Zergatik etzuten liberalak bere artan esitu Lizarraga? Kastillo liberal buruzagiak nai izan etzulako, adiskide baitzun. Zumarragan egon ainbeste gizonekin eta Artetxerrekan aldegitea galeraziz bere artan itxi zerakela, ez ta mugitu ere Zumarragatik. Marmari pranko atera omen zuten gañekoak egite ontaz. Ojalateroak ere aren inguruan ederki bizi ziran pake goxoan, Eukalerriaren ondapenerako. Nolabait maite zuten Lizarraga, ta eziñ ikusi Santa Kruz! Lizarragak edozein mutil jasotzen omen zun bere taldean: ala sortu zan nabarkeri ta gaiztakeri pranko karlisten soldaduetan. Lizarraga geldi-egonean eta Santa Kruz beti ibillian: okerrik egiteko biderik ere etzien ematen. Lizarraga, gizagajo bat zan gizona zanez; baño soldaduz aul ezerez bat. Santa Kruz bezain biozgabea ta odoltzalea etzala? arengatik ere esaten ditue bada, liberalik etzula il alerik ere, baño bai lau karlista gutxienez tiroz josi: Patxi Arbelaitz, Esteban Indart, Goiaz-Bidaniko Intxusa esaten ziotena, ta beste karlista gazte bat. Intxusa ori Santa Kruzi erauntsia zalako omen. Entzun gizajoaren azken-itzak: «nere pamili guzia karlistengatik gorriak ikusirik egon, ni aurrenetik atera gerrara, ta orain tiroztu egiten naute. Etsaiak ez ta geronak! Auxe det damurik aundiena». Liberalakin bioz-beragoa zan. Ba zan alako Osta tenientea, Andres eta Esteban Arteaga ta Prantxisko Beloki il zituna. Lizarragak barkatu egin zion bada, ta gañera soldadu karlisten erakustun egin. Azkenean Santa Kruz eskuetan erori zan, gero ikusiko degunez.

        Lendanik ere badakigu nola zebiltzen Lizarraga ta Santa Kruz. Apaizari agindu izan zion, mutilletako batzuk, Azpeitiko saillera aldatzeko, ta kendu ere ba zizkion; Nantestik ekarritako kañoitxoaz ere jabetu zan Lizarraga; ta batez ere, Aiako erasoan etzion lagundu agindu bezela. Lizarragak, Gerra-Batzarre nagusirako zula ta bereganatu nai zun apaiza; baño ark igarri zion, etzala artarako. Karlista nagusien adieraziz joan zitzaizkion Santa Kruzi Berara, Luziano Mendizabal jauna, Patrizio Orkaiztegi jauna ta Andoaingo Larreta gazteena, arren, zetorrela Lizarragaren menpera, ta batean geigo egingo zutela. Baño bitartean adierazi ziten Santa Kruzek, Montserrat koronela preso atxitu zula, ta Lizarragaren paper bat kendu ziola, arren, Santa Kruz atxitzeko ta tiroz botatzeko, ziona. azkenik agerian, eriotzarako galdu zun Gipuzkoako Gerra-agintari nagusi orrek Santa Kruz, biurria ta eskurakaitza zala ta: arrapatzen zutenetik bi orduko beta emateko, ondo iltzeko prestatu zedin.

        Ajola gutxi ala ere Santa Kruzi. Tolosan iru liberal pusilatu zitula esaten dio Lizarragak Eliori, berari berri eman gabe, bere eskubidez, eta odolzale bat zala. Liberalak bera ezin arrapatu baitzuten, aren adiskide ta lagunekin makur jokatzen ziran. Albizturko baserri batean Santa Kruzen adiskide aundi bat bizi zan, Mugertza izena. Adiskide zulako, ez bestegatik il omen zuten beltzak. Ordañak artu zituzten apaizarengandik. Goiz batean Tolosara jo zun sei mutillekin. Tolosako Zumardi txikian iru begirari edo zentinela atera zitzaizkion. Gaizki-esaka ta eskainka ta ekin-naiean asi omen ziran, eta Santa Kruzenak tiroz bere artan utzi. Tiro-otsetara zerkausi aldetik an datoz beltzak. Eriosuar aldegiten du apaizak Zumardi aundi aldera. Bidean dagon pabrikako leio betetik beltzetako batek eskupeta zuzentzen du Santa Kruzengana, ta , asmatutko ote du? —Etzun utsegingo noski, emakume batek besotik elduta saiestu ezpalio. Bidea gora Gaztelura sartu zan apaiza.

 

aurrekoa hurrengoa