www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXXVgarren txatala

MISIOETAN: JAMAIKAN

 

        Gerraz aspertuta, mundu gaizto onek gogoan jota joan ote san Santa Kruz siñisgabeen misioetara? Ez: lenagotik ere asmoetan zan. Etxean izaten zuten Errebista bat, misio-gauzetaz barri ematen zuna. Ua irakurriz sortu zitzaion biotzean ara joateko sua. Gerran asi zanean asmoa artu zun, Jainkoaren mesede ori galaraziko ziokenik ezer ez egitea. Artarako, bere egiteko guziak aitortu lezazken begirari bat aukeratu zun. Iñora ere etzan joaten aren berri gabe ta aren lagungoa gabe. Bearrik! Gañera, gerrara joan zanetik, egunero errezatu oi zitun iru Agur Mari, misioetarako asmo orrekin berarekin. Ain gaiztoa izan balitz, etzan gerratik misioetara joango. Gerran sartzen diran apaizak, biziera lasari ederretsitzen diote, baño Santa Kruzek biziera latzari ta gogorrari eldu nai izan zion.

        Asmo oiek zitula ta zertako sartu zan bada gerran? —Euskalerriko fedea galtzerik nai etzualako. Egiñalak egin zitun, eta etzun belakoan etsi gizagajoak; baño beste alderdirik etzegoala ikusita, noizpait ere utzi zion gerrari, ta joan zan beste Errege baten serbitzura. Errege arek ez dio iñori «aldegitekorik agintzen».

        Jotzen du bada Jamaikara, ta an ari izan zan lanean amabost urtez jesuita ingelesakin. Bitarte artan jesuita sartzeko mesedea, aspertu gabe eskatzen zion Jainkoari, ta geroago ta asmo aundiagoz.

        Jamaikan 1875garrengo Azaroan sartu zan Kingstonen, eta an urte betetsu eginda, Belizera bialdu zun misiolarien Nagusi-buruak. Ango egurastaro latzaren bidez, gaizberatu, erkitu, bere buruari aski kontu artu gabe zapart egin, oso auldu, ta atzera Jamaikara jo zun. Jamaikako adiskideak atsekabe artu ba zuten Santa Kruzek andik aldegitean, atsegin zuten noski orain, zetorrela jakitean. «Nere adiskideak —dio berak— bidera atera zitzaizkidan, eta aurreneko biotz-zarrazta pozezkoa izan ba zun ere, nere auleri ta arnasgabea ikusita, estutu egin ziran, bear baño geigo. Jesuiten Etxean kontu artu zidaten egundañoko begi onez ta maitez». Indarberritu zanean, ekin zion berriz ere lanari. Sei Elizatxoren zai ipiñi zuten. Illero ikusi bat egiten zien. Elkarrengadik oker aski egonarren. Berak ere beste Eliz berri batzuk egin zitun. Txabol estu bat zun etxetako, ta gabez eltxoakin ezin-burutu aundia. Gero bialdu zuten Jamaikako Basaburura edo tokirik menditsuenera ta an ere asi zan bizkor lanean. Baño bere burua bakar-antzean ikusten an da, Kolonbiara aldatzeko baimena eskatu ta iritxi ere egin zun.

 

aurrekoa hurrengoa