www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

VIIIgarren txatala

GERRARA ATERA-ALDIA AURRENEKOZ

 

        Lau atera-aldi egin zitun Santa Kruz gerrara: lenengoa, 1872 garrengo Apirillaren erdi-aldetik azkenera bitartean, karlistak Donoztaben armak utzi zituzten arte; bigarrena, urte artako Maiatzetik, Agoztuaren 12garrenera arte; irugarrena, 72garrengo Abendutik 73garrengo Uztailla arte; laugarrena, urte artako bertako Abenduaren erditik azkeneraño: guzira, amar illabete armetan. Prantzian emezortzi illabete egin zitun Españiara gabe, auzipetua baitzegoan. Karlistak esnatu zirala ikusita itzuli zan Españira, Errekondoren agindupean kapellau izatera. Beaz aurrena kapellau izan zan. Nola gogoak eman ote zion soldadu-nagusi izatea? Lenengo atera-aldi artan ikusi zitunak ikusita, buruzagiak edo jefeak soldaduai nekea ta gosea ematen zizkiela: ler egiñeraztea erabaki zutela zirudin. Naparroako Leitzan lotan zeudela, gaberdiz, etsaia ba zetorrela ta, turuta-soñua jo, ta Donoztabera jotzeko. Euri-jasa izugarria ari zun mendi illun aietan. Donoztabera ziranean, Errekondo ta aren aldameneko mutillak asi ziran, gobernuaren soldadu-taldea ara etorri-berria zala, ta alper-alperrik zala aiei buruzkatzea, ta eskuak eman obe zutela... ta olakoak adierazten. Bitartean errira baño len buruzagiak aldegin zuten, eztakigu nora ta nola. Karlista-mutil bizkor aiek amorruak artu zitun, beren buruak nagusirik gabe ikustean. Ala gerrarik etzitekela egin, eta bere artan armak utzi zituzten. Ez ordean Santa Kruzekin ziran Ernialdeko mutil batzuk eta beste bakar batzuk: oek Prantzira sartu ziran, Urruña deritzaion errira. An arontza ta onontza zebillen, Españiko gobernuak zelatariak bialtzen baitzitun ua arrapatzeko. Bein batez, bi lagunekin Urruñara joan zan txango batean, an atsaldekoa egiteko asmoan. Bidean bi jendarme prantsesekin topo egin zuten, eta ezer etziten egin, ezpaitzituten ezagutu. Andik ateratzean, bere aiekin buru egin zuten, eta aiek bakoitzari Prantzirako garbitasunak eskatu; jakin izan baitzuten, Santa Kruz aien artean zala. Non dezu garbitasun-papera? galdegin zioten. —Ez deramat beñere nerekin: olako etxetan daukat, bear ba dezute. —Goazen ara, ta besotik eraman zuten. Etxera ziranean, nagusia aldegiña zan, eta an zeuden emakumeai, aren garbitasunak ego paperak ateratzeko agindu ziten. Gaxo aiek ikararen ikaraz, etzekiten zer egin. Alako batean rras! besoa askatuta, ekiten dio lasterrari, ta atzeko atetik igesegin zun usu ta arin. Jarrai zioten atzetik jendarme zapataundi aiek: etzeuketen arrapaturik! Ordu beteko lasterraldia eginda, baserritar batek geldierazi zun, eta jendarmeen eskuetara egotzi. Nantesera eraman zuten, eta an ezpaitzuten agindurik aren kontra, askatu egin zuten. Egun artan bertan Burdeos aldera artu zun, eta andik atzera Donibane Lohitzunera, Maiatzera arte an egoteko.

        Apaiza dantzaldi aietan zebillela Don Karlos Españira sartu zan Beran barrena, Maiatzaren bigarrenean, Naparroako mutillen buru jartzeko. Baño etsaia erne zegoan-da, indar-talde ua, gerrarako oitu baño len menderatu nai izan zun. Andik bi egunera Orokietako erasoan Moriones liberalak an urratu zitun karlistak 700 preso egiten zizkiela. Ala ere etziran ikaratu ta atzeratu karlistak. Ill arren 14garrenean Mañarian bizkaitarrak sekulako mutil-sailla galduerazi zioten Letonari, ta 15garrenean Oñatin giputzak «Mendigorriko eiztariena» zeritzaion batalloiari.

 

aurrekoa hurrengoa