www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIIIgarren txatala

LIZARRAGA ARAGOARA: SANTA KRUZ PRANTZIAN

 

        Lizarraga asi zan Dorrontsororengandik okertzen, len adiskide ba ziran ere. Diputazioaren inprenta zala edo, erabat asarretu ziran: Lizarragak Bergarara eraman bear zala, ta Dorrontsorok, zegoan tokian ondo zegoala. Diputazioa ere aspertu bide zan Lizarragaz, eta Erregeari ala adierazi zion. Erregeak Aragoara aldatu zun Lizarraga, Gipuzkoako soldaduen agintari nagusi Ceballos egiten zula. Laister asi zan Lizarragaren kalbarioa. «Mingarri zait, esaten dio Erregeari, ni bezela gerran zartutako gizonari geigo kasorik ez egitea». Orain etzedukan bada Santa Kruzik ondoan. Andik illabetera: «berriz ere berorrengana jo bearra det, nere izena itxusiturik gelditzen da ta. Lazzarini dalako arrotz batek Judas saltzalle nintzala esan zidan soldaduen eta morroien aurrean. Ekin nion nik ere, baño atzeko aldea eman da an utzi nindun... Erregearen anaiak siñistu alare, nik utsegin niola: au naigabea!» Andik luzaro gabe Lizarragak bere eginbidea utzi-bearra izan zun.

        Bitartean, Santa Kruzen auzia gerogo ta okerrago zijoan. Jendarmeak aren atzetik zebiltzen, eta Jorraillaren 22garren goizean atxitu zuten eta Baionara eraman, andik Prantzian barrenago sarrerazteko. Goiz batean, ordu biek aldera, an azaldu ziran Santa Kruz bizi zan tokian, Donibane Lohitzungo Madame Del Porteren etxean, soldadu bakar batzuk.

        Igeslekua ba zun Santa Kruzek, eta izkutatu ziteken, baño etzun nai izan. «Eztegu geigo ixtillurik bear», esan zun. «Jainkoaren eskuetan nago: ni izkutatzen ba naiz, or dauden bi mutil zauritu oiek atxituko diute ta galdurik daude, oiek itzularazi baitzuten gerrara, andik aldegin zun bat. Nik nere burua ematen ba det, oiek ondo aterako dira, ta ala obe da». Soldaduak etxera sartzean, bera agertu ta eskuetara zitzaien. Eramaten dute Baionara, ta an iru edo lau egun eginda Parisko Prefecturera eraman zuten. Baionara trenean zeramatela, tunel batean sartzerakoan, ondoan zeramatenak estutu egiten zuten, igesegingo ote zien bildurrez. Apaizak berak dio: «Baionako kartzelan ere, goien goienetako gela batean sartu ninduten. Andik ere igesegingo nulakoan, paretak ondo begiratu besterik etzuten egiten, nondik atera nindeken...». «Parisera ninderamatela Burdeosen, Parisko gobernuaren ordeko bat atera zitzaidan eta esan zidan: zaude lasai, Prantzian estimatzen zaitue ta. Parisen errepublika-zaleak beren arterako nai ta Gobernuaren jauregira eraman ninduten. An ari ziranak, ni ikustean, zuti jarri ziran, eta soldadu-agurra egin zidaten; erakutsirik bide zeuden non nintzan. Guzien erditik, iñori begiratu ere gabe Buru zagia zegoan tokira joan nintzan: eseriazi nindun, eta izketan ari izan giñan. Andik Lilara bidea artu nun».

        Iru illabete osoetan eztegu apaizaren berririk, baño Uztaillean asi ziran berriz ere aren etsaien espak eta arazoak: mugara urbildu zala berriz ere; ikusi zutela au ta ori egin zula. Etzegoan ezeren bildurrik. Santa Kruzek erabaki zun noizpait ere, Aramaioko ibaiean egin izan zun ziña: misioetarako asmoan zan.

 

aurrekoa hurrengoa