www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXXVIIgarren txatala

KOLONBIAKO GERRAN

 

        Kolonbiako azkeneko biurrialdi edo matxinadan ere, jesuita izan baño lenago, gerran sartu zan gure Santa Kruz, Obispo jaunak aginduta. Ikusi zun batek esango digu zerbait, gutxi bederen: «Egun gatez gogor egin zion Santa Kruzek Velasco generalari, Guerrero katolikoa estu zala ta lagundu egin bear zitzaiola. Velaskok ezetz, galbidean sartzea besterik etzala ori; baietz, eta gerrari-talde osoarekin lagundu bear zitzaiola. Ari ziran etiketan, eta Santa Kruzek bere uste-bidea azaldu zunean, esaten dio Velaskok: "alper alperrik ari da Aita: emen zabaldietan degu gerra ta ez mendi-tartean, Gipuzkoan bezela". Asi zan Santa Kruz arontza ta onontza, gerra-batzarrera zuten gelan, eta zion: "zenbeit generalek, nere sotana artu bear lukete, ta nik aien ezpata. Zenbeit soldadu etxe-zuloan egon bear lukete. Ots, zenbeit soldaduk ez dakite soldaduzkoa zer dan". Asarretu ziran gogotik biek, eta elkarri eskañika ere asi ziran. Alako batean, general aietako batek esaten dio Santa Kruzi: "Aita, nerau noa nere gisa". Apaiza lasatu zan orduntxe, ta bai ondorenak arek esan bezela gertatu ere».

        Beste bein, Tuguerresko agintari nagusi zan Valderramak berri izan zun, bazetorrela ta bertan zala Jose F. Mata, biurrien buruzagia, sekulako saillarekin. Etzegoan ezeren laguntzarik. Eun gizon zitun guziak ere Alava koronelak, eta aiek ere zer-ikusi atera ziran, eta bear bada, berandutu egingo zitzaien etortzea. Gañera, Pastotik beste sail bat bialduko ziotela, ta etzan iñor ageri andik ere. Onetan Aita Loidi —Santa Kruz— datorrela. Zer egin dezakegu estuasun ontan? esan zion Valderramak. —«Ara, erantzun zion: bide-ertzean dauden arbola guziak botatzeko agindu iezu, ta bidera botatzeko, itxi nai balute bezela». Bai egiñerazi ere, kartzelan zeudenak artarako aterata. Urbiltzen da Mata biurria, ta iñor egon ez ta, etsaiak an izkutaturik zeudelakoan, kuzkur itzuli zan. Lengoan izan oraindik ere Santa Kruz.

 

aurrekoa hurrengoa