www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

VIIgarren txatala

ERNIALDEN PRESO ATXITZEN DUTE: IGESEGITEN DU

 

        Santa Kruz zergatik atxitu zuten preso? Batzuk alde batera ta besteak bestera ari dira ontan ere. Bere apaiz lanetan oso begiratua izan arren, Tolosan zeuden gobernu-mutillei salatu egin zioten, pulpitutik gobernuaren kontra ari zala. Deitu omen zuten beregana, baño apaiza ageri ez ta, Ernialdera joan omen zitzaizkion. Baño ez bide da au bakarra. Bere sekretario Kaperotxipik ikus zer dion. Gipuzkoako Goierrin diru-mordo aundia bilduta Prantzian armak erosi zitula. Tolosako apaiza Orkaiztegi zanak askotan esan oi zun, gabez erri-ingurura ateratzen zala, konpiantzazko jendeak errietatik zekartzioten armak biltzera. Bai gorde ere eramaten zizkiotenak, beraiek ere sumatuko etzuten tokian. Mutil mordoxka ornitzen ari zala gobernua oartu, ta batalloi bat bialdu zun Ernialdera mikelete askorekin, bera preso artzera. 1870garrengo Agorraren seigarrena zan. Meza ematen ari zala, «Segorbeko eiztariena» zeritzaion batalloia azaldu. Uzten diote Meza bukatzen. Meza-ondoan sakristira zijoala antzeman zion zer ziteken, eta sakristauak adierazi zion zer zan, baño buruz belarri egin zion sakristauari, bai baitzekin karlisten etsai aundia zala, ta arrek berri eman zitela liberalai. Sartzen da kapitana sakristira, ta preso dala esan dio. Apaizak, uzteko beintzat Meza-ondoko eskerrak ematen Jainkoari. —Baietz kapitanak. Aldare aurrean belauniko zegoan bitartean, nola igesegingo asmatzen ari zan. Andik preso zeramatela, eskatu zion kapitanari, barua austen uzteko seroaren etxean; eta baietz. Etxe ontan artzen zun egunero txokolatea, neke baitzitzaion beeko Olatzako baserrira joatea; ordu laurdeneko bidea, berriz Parrokira igotzeko. Apaiz-etxea erreta zegoan, eta argatik bizi zan Olatzan. len esan dedan serora-etxe ori, Urrutietxea da. Orduko jabea Antonio Ategi, seroraren senarra. Soldadu bakar batzuk etxe onen atze aurreko ateetan tenkatu ziran. Santa Kruz, beti bezain lasa, etxe barrenean zegoala, esaten dio seroraren senarrari, galtzak eta abarkak ateratzeko. Jantzi du bizkar-saski bat buruan; artu du eskuan itaia, ta irugarren atetik atera zan, ate nagusiaren ondotik, soldaduei agur eginda, kantari. Etzuten ezagutu, ez bear bezela begiratu. Nori gogoak eman apaiza zitekenik?

        Egon da egon, eta apaizarik ageri ez. Igo dira gosal-tokira, ta txokolatea an zegoan oso osorik; baita sotana ere, alkiaren adarrean. Asten dira aren atzetik, baño, joanda arrapazak! Mendi aietan barrena, jo zak Bidanira. Illundu arte ango apaizak iduki zun gordeta, ingurumarin zebillen ala-olako jendearengatik. Gauaren laguntzapean, atzera Ernialdera etorri adi, soldaduak armak usmatuko ote zizkioten bildurrik, beste norabait aldatzera. Azari batek bezain ondo jakin bearko zun bidea maldar aietan; oztopo ederrik egin ere bai. Bitartean zer ote zioten Tolosan? Apaiza lotuta ekarriko zutelakoan, atera da erria geiena, ta, ara zer dakarten soldadu zozo aiek: txorikumeak artzera joanda, kabia utsa eskuetan: eskopeta-muturrean banderatzat, apaizaren soña ta kapela. Lotsa bear zuten. Andik zuzen, gau artan bertan, Zarautza bidea urratu zun mendiz. An egun batzuk eginda, alkatea lagun zula, kotxean Donostira jo zun. Alkate ori liberala zan, baño etzion oztoporik jarri. Donostitik, ordu gutxiren buruan, Prantzira sartu zan trenaz, gerra-gaiak inguratzera. An bizi zan urte-terdiz, eta bitarteko berririk eztakigu. Ama gaixoa, 1871garrengo Azaroaren 13garrenean il zitzaion, eta eztakigu eriotz-ordurako etorrik zanik. Ara joanda bi illabetera, Zarauzko alkate liberalai kartaz berriro eskerrak eman zizkion. Zarautzen bi egun egin izan zitun Luis Arregi apaiz Laguntzallearen etxean.

 

aurrekoa hurrengoa