www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XVIgarren txatala

AIAKO ERASOA. LIZARRAGA TA SANTA KRUZ

 

        Emen asten dira okerrak. Aiako eraso ontan argi aski ageri da, Santa Kruzek etziola Lizarragari onik egiten. Egia da; Agirre liberalak Santa Kruz ekartzen zionari 10.000 peseta eskeñi zitunean, Lizarragak andik amar egunera 20.000 eskeñi zitun Agirre bereala ekartzen zunarentzat. Arteraño begi onez begiratu bide zion; baño Aiako atake edo eraso ontan ezta ezagun. Andik lau edo bost egunera Lizarragak Santa Kruzi bere buruaren garbitasuna emateko agindu zion Agirreren agindu artaz; bestela auzi laburra ta gerra-batzarrea eratuko zituala ta. Gañera Dorrontsorok ere tiro-gaiak ukatu egin zizkion. Nonbait espa zioten apaizari gizon aundi oiek. Santa Kruzek Aiako toki au aukeratu zun, bere mutillekin itxedoteko ta indarberritzeko ta armetan ikasteko. Ontarako, eun bat mutil arbolak botatzen ari izan zitun gordelekutako. Egin zuten gordeleku aren bidez, kartutxo milaka batzuk aski omen zituten etsaiari buru egiteko. Eskatu zizkion Dorrontsorori ta Dorrontsorok ez-aditu egin zion. Atakearen egun-aurrea zan, eta Santa Kruzek jakin izan zun alabearrez, Lizarraga Zarautza zetorrela. Lengo izketaz minberaturik egon arren joan zitzaion, tiro-gai ugari emango ziolakoan. Bai eskeñi ere, bizkor aritzeko esanda, karlisten bandera nabarbenago azaldu zedin. Oraindaño etzegoan gaizki, baño emendik aurrera... «Gero galdegin nion —Santa Kruzen itzak dira— zergatik nere buruaren garbitasuna eskatzen didazu liberalak nere ordez 10.000 peseta eskeñi ditutela ta?». Ezin itzegiñez gelditu zan alditxo batean.

        Geroxego, bereganatu zanean, esan zidan: zer egin dezu? Gobernuak zerengatik eskatu ditu zu arrapatu ordez 10.000 peseta? —Eta nik erantzun nion: nik gerra bear dan eran egiten det. Au esanda bere artan utzi nun. An zegoan Lizarraga, ni baño gizon geigorekin; etzan ordea ausartu neri ezer egitera. Orduntxe asi ziran Lizarragaren mutillak «Viva Santa Cruz»ka. Lizarragakin batean an ziran Najera ta Iñeste, ta aiek agindu zizkioten tiro-gaiak. Larunbat arratsaldean, lauterdik aldera eraso zioten suari, beren aurrez aurre zedukaten liberal-saillarengana. An ari ziran, gordeleku aren babesean, eta bostak aldera, eskuñeko saietsetik ara non datorren giza-sailla. Beretakoak ziralakoan biziago ekin zioten suari; baño laister ezagutu zuten kañoi-sua zeritela zetozela, ta etsaiak zirala. Ordun Zarautz aldera igesegin zuten, liberalen eskuetan amar bat gizon uzten zitutela. Karlistak su ta jo ari izan ziran etxe aietako iru etxe-gizon il egin zituzten liberalak, tiroka ari izan ziralakoan. Bai apaiz bat ere, eztakigu zergatik. Kaperotxipik dionez, arritzekoa, ta Jainkoaren milagroa da, danak liberalen atzaparretan ez erori izatea.

        Bitartean zer ari zan Lizarraga? —Okerreko aldera jo zak, Itziar aldera, Santa Kruz an utzita. Santakruztarren alderdiari kontu egingo ziola esanda, jotzeko tiro-gaiak bialduko zizkiola ta... nonbait zegoan. Jakin izan balu Santa Kruzek, etzun noski ekingo. Muniziorik ezpazuten Lizarragak eta, zertako etzioten gaztiatu andik aldegin zezala? Santa Kruzengana eziñ-eramanez ote zan? Gañera, Primo de Ribera, iru milla liberalekin Azpeiti aldetik Santa Kruzengana zetorrela Lizarraga ondo ondotik pasa, ta su egin-bearrean agur eginda utzi. Atsegin izango zan Santa Kruzekin! Aiako au saldukeri beltza zala esaten zun. Zarauzko izketa artan elkartzeko egon zirala esaten dute: Santa Kruz Lizarragaren menpean jartzeko zegoala. Etzegoan toki gaiztoan arrezkero!

 

aurrekoa hurrengoa