www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

IIIgarren txatala

GERRAREN SORTZEA: JAUNGOIKOA; EUKALERRIA; ERREGEA

 

        Zerk ekarri ote zun gerra, ta aurrenekoaren urrena bigarrena? Batzuk erlijioa zala, besteak Erregea zala, besteak Fueroak zirala: nori sinistu? Orduko euskaldunen siñiste beroa ezaguna da. Liberalak ere esaten zuten «euskaldun zozo oiek, beren etxetik senideen bat apaiz ateratzea zutela espa guzia». Gipuzkoako Diputazio liberalak gerra ari «apaiza-gerra» izena eman zion. uste zuten, alegia, Don Karlos nagusi ateratzen ba zan, bai erlijioa ere. Gure Santa Kruz ere artan zegoen, eta amaika gau egin zitun, berak dionez, begiak ezin-itxirik! Ikus zer esaten zioten Diputaduak Amadeo Erregeari 1872 garrenean: «Erlijioaren banderapean bildu dira jende biurri oiek, eta uste ori ain zabaldua baitzegoen aspaldidandik, orrek bildu ditu zoro oiek, egiten dituztenak egitera. Vitoriako Obispadutik datoz biurri-aldi ori ta ezin-egon ori. andik zuzendu dira 1870garreneko matxinadak. Berrogeitik gora dira andik gerrara atera diran apaizak, eta Obispoak ez dite ezer esaten; ez eragozten».

        Españiko gobernua ta Isabel IIgarrena erlijioaren kontra ari ziran. Karlosen aldeko esnatzea 1865garrenean gertatu zan, ordudandik gerrara atera ezpaziran ere. Uda artantxe etorri zan Erregiña O'Donellekin Eukalerrira, ta noiztxo gero? Aita Santuaren alde izenak biltzen ari zirala, bere jabe ta Erromako Errege zala aitortzeko. O'Donellek Vitor Manuel Erromako Erregetzat ukatuko zulakoan da... utsa. Ordu ezkeroz gorroto artu zioten gobernuari ta Erregiñari, ta orduntxe birbiztu zan liberalen kontrako gorrotoa ere. Isabel IIgarrenak eldegin zun atzerrira, bere aldiko ixkanbilla emen uzten zula. Artatik erlijioari gerra eskañi zioten bein-beineko gobernu aiek, eta karlista zintzoak bai «eduki» ere.

        Euskalerria. Santa Kruzek Fuerorik gogoan ote zun gerrara joatean? Oraintsu, bere zarrean ere, Euskalerritik urruti zegoala ere, gogoan zeduzkan, eta gerrakoan eztago esan-bearrik. «Ni giputz gaiztoa naizela, eztedala giputz-izenik merezi? Nik adiña gau loak eziñ-artuz egin balitue, Marotoren eta gañerakoen saldukeriak entzutean! Au gaztetan —dio apaizak— eta oraintxe nere zarrean ere malkoak darizkit ainbeste edertasun galdurik ikustean. Ainbeste edertasun galduri! Beste itzez esaten eziñ asmatu det liberalak eta karlista gaiztoak Euskalerriari egindako kaltea». Ta biotzik ez omen zun. Euskalduna ua ere, ta Fueroena entzutean su ta gar egiten zitzaion biotza.

        Erregea. Jainkoa zan aurrena, gero Euskalerria, azkena Don Karlos. Maite zuten bai karlistak eta Santa Kruzek beren Erregea, erlijioaren eta Fueroen aldekoa baitzan. Don karlosek euskaldunetaz baliatu nai zun Errege-alkian eseritzeko; euskaldunak berriz, artaz, Fueroetarako, ta biek musu uts gelditu ziran. Arek beintzat Gernikan eta Billafrankan juramentuz agindu zun, gure Fueroai eutsiko ziela. Beste Erregek etzun beste oinbeste egin aspaldiko urtetan eta gizaldietan. Ez al zan aren alde jartzeko diña? Aurrena zuzen asi zan Erregea, gero okertu ba zan ere. Inguruan ba zitun izateko batzuk, eta aien esanera ta egiñera jarri zanetik etzun gauz onik atera. Ordun etsi zun Santa Kruzek ere; bai karlista zintzoak ere. Atzera zentzatu zan, eta etzuten erabat utzi.

        Don karlosek bein batez Ingalaterran topo egin omen zun apaizarekin eta tiroz ilko zula esan emen zion Espaiñian arrapatu balu. Aurrerago esango dizut ze gertatu zan. S. Kruzek ordurako ejertzizioak egin zitun eta etzion ajola aundirik il-bearra zan Errege batengatik. Indietarako asmoetan zebillen, basa-jende aiek Jainkoarengana bildu naiean. Ortarako laguntzarik eman baliote Erregeak, eskerrik askorekin artuko zun. Don Jaime Colombiara joan zan batez, apaizak karta bat egin zion, aren aita zanarentzat gerran ari izan zala, ta orain beste Erregerentzat ari zala, ta diru pixka bat bialtzen ba zion, esker onez artuko ziola bere inditarrentzat. Gaurko Españiko errege Alfonso XIII garrenak ere zerbait bialdu zion apaizari. Aspaldi gabe, Alfonso Loiolako etxea ikuskatzen ari zala, artaz itzegitea gertatu omen zan. Galdetu omen zun jakin-nai biziz, zer bizimodu zeraman Kolonbian, aren aitaren kontra gerran ari izan zanak. Erantzun omen zioten bada, an ere soldaduzkoan bezela ari zala inditarrekin, eta aiei dei egiteko turuta edo korneta batek bear egiten ziola, len zerabilena ausi bai zitzaion. Baita Erregeak esan ere: «oraintxe agintzera noa bada berria Parisera, Prantzikoak abo-ttutta legunagoa baitute». Ta zillarrezko deiadar edo turuta ori etzuten ikusi Santa Kruzen begiak: il baitzan ordurako. Erlijioak ematen zion Santa Kruzi ajolik aundiena, urrena Euskalerriak. Erregea gora bera, berdintsu zitzaion; baño Euskalerriak «ainbeste edertasun» galdu zitulako «oraintxe nere zar zarrean ere malkoak darizkit».

 

aurrekoa hurrengoa