www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XIgarren txatala

AMADEO ERREGEAREN BILLA: LIBERALAI ARMAK KENTZEN: ARRAPATZEN DUTE BERRIRO

 

        Gure apaiza estualdi oetan zebillela, Euskalerrian zebillen Amadeo Erregea, Españian alditxo batez Errege izana. Etzan noski Karlosen aldekoa. Amorebietako elkar-artzea baño ordu batzutaz lenago, Serranorekin ari izan omen zan, andik urruti gabe. Santa Kruz Oñatin zegoala jabetu omen zan, Amadeo Bilbaorakoa zala kotxean. Alako batean begiztatu omen zuten kotxe bat, Oñatira ta Elgoibarrera asten dan bidegurutzean. Begien atzetik oñak. Kotxea miatu omen zuten-da an etzijoala ikusita, pakean utzi omen zioten. Arrapatu balu, etzion noski eskuan muñ emango.

        Oraiñ Oiartzunen, gero Ernion, dagoeneko Oñatin, dantzatzen zan apaiza. Bearko, karlistai biotz pixka bat emango ba zien. Jakin izan zun Santa Kruzek, karlistak Amorebietan utzi zituzten armakin, Bergaratik Mondraura zijoazela liberalak, beren mutil-sailentzako. Bide berriaren bi aldetan pareta zegoan-da an izkutarazi zitun Santa Kruzek bere mutillak, eta bera arontz-onontza asi zan, etsaia noiz etorriko. Ba zetorren bada urbil, eta artetik igarotzean, Santa Kruzen keñu batera, tiro-jasarekin bere biziko zalaparta ateratzen zutela, izutu ta aizatu zituen liberalak. Ogeita bost lagun ziran, Prantzitik atera ziranean baño bederatzi geiago. Santa Kruzek agindu zien oju-zalaparta aundia ateratzeko, asko zirala usteko zutela-ta. Lenengo tiro-jasa entzun-orduko, laisterka igesegin zuten liberalak zamak utzita, bertantsu zegoan etxe batera, Santa Kruzek, aiek utzitako armak artu bizkarrez bere mutillekin, ta aldegin zun. Berrogei ta bat eskupeta, iru kutxa bete balarekin. Liberalak etziran talde aundia, baño bai Santa Kruzena baño mordoxka aundiagoa: lau mikelete aurretik, eta ogeitasei soldadu, gerra-tresnak zekaztenai lagun egiten. Andik amar minutura ogeita amar gizon, eta atzeraxego soldadu-taldea. Gañera, ba ziran liberalak Oñatin, Bergaran, Mondragun, Aramaion eta Elorrion, eta danak erabat asi ziran elkarren berri zutela, mugitzen. Etzedukan bada Santa Kruzek geldi-egonik.

        Andik Kanparzako aduanara jo zun. an zeuden bi mikeleteri armak kendu, besterik ezer egin gabe, ta andik Anbotora. Ara iritxi zanean, bi minutu besterik etzan, etsaiak andik aldegin zutela. Norekin? da Ernialden preso atxitu zun kapitanarekin berarekin! Etsai-bildurrik gabe an eseri ziran bazkaltzera. Baño aien poza etzan luzarorako. Bazkaltzen ari zirala, mutil bati oarkabean eskupeta zartatu zitzaion, eta eskua zulatu. Bere mutillak Soroetaren mende utzita, apaizak berak izkutatu zun mendiatarte aietan, zauritu gizagajoa. Berak baitzekin iñork baño obeki mendi aietako berri. Onetan, bere mutilletara bildu nai ta, asi ziran komeriak. Andik emendik soldadu-talde beltzak; batzungandik igesi ta besteakin topo egin: sasitik aldegin eta loiean sartu. Sata-lurra baño usuago azaltzen zan etsaia mendi-baztar guzietatik. Sumatu zuten, arrapatu zuten zelataria zalakoan, eta galdegin zion kapitan batek: zergatik abill igesi? —Soldadu-talde batekoa naiz. —Noren agindupean abil? —Santa Kruzenean. —Eta orain non da Santa Kruz? —Eztakit. —Bazeramaten Axpe-Arrazola aldera, ta bidean errebolberaz eta gaizki-esanaz eskainka ari zitzaizkion; baño Santa Kruz etzan asko estutzen. Ala bear ta, ara beste oztopoa: saietsetik bi mikelete, bata bere lengusua. Bere bururik ezin gorde ta aitortu egin bear: «Ni naiz Santa Kruz apaiza», otsegin zun bildurrik gabe. Au entzutearekin, ezpata aterata galdegin zioten: non dek mutil-taldea? —Etzekiat, erantzun zien. Axpe-Arrazolara biltzekoak ziran liberalen mutil-saillak. An zegoan Urdapilleta aipatua. Apaiza atxitu zutela jakitean «ez dekartela gero», esan zun; «il dezatela onera baño len». Mikelete bat, baioneta zorroztuta atera zan apaizaren billa; baño erdian zeramatenak etzioten utzi. Ala ere gaizki erabilli zuten soldaduak jo ta tira; bekodia kolpeka itxusitu zioten alik eta ebakiondoak bere aldirako izango zitun arte. Urdapilletak bere aurrean ikusi zunean «non dek ire mutil-mordoska?» galdegin zion. «Aitortzen ezpadek, ordu erdi beteko bizia daukak: kaikua aiz, kaikua izan aiz, eta kaiku-legez il-bearra aiz». Santa Kruzek doi doi erantzun zun, apaiza etorri al diteke? Aurrena Jainkoarekin, kontuak egin bear ditut. Izan ere etorri zitzaion apaiza, bere ikas-lagun izana. «Ilko autela deizkiok?» eta, «bai noski. Etzegok beste alderdirik. Ez dek ik ezagutzen jendetxo au». Konpesatu zan bada al bezain ondo, ta belauniko jarri ere bai, eriotza artzeko; baño oraindik etzan garaia. Urdapilletak, bai, ilko zun, baño atxitu zutenak etzioten utzi, ta ala eraman zuten Aramaiora. apaiza zeramatenak, agindurik zeukaten, aren mutil-sailla azaltzen ba zan, aurreneko tiroa Santa Kruzi emateko. Bearrik etzan azaldu, arruti ez ba zan ere! Ezbaitzekin nola zeramaten.

 

aurrekoa hurrengoa