www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XVIIIgarren txatala

ITZIARREN. DEBA ERRE-KEIÑUA. TO, BAÑO EKATZAK

 

        Aiatik Arruara jo zuten, goseak, eta auleriak akiturik. Otsaillaren lena zan. Larogeita amar lagun zitun Santa Kruzek oso biozgabetuak, Aiakoa ikusita. Ba zan biozgabetzekodiña. Gañera tiro-gairik ezta amar lagunentzat eskupeta bat. Andik Itziarrera sartu dira, ez noski an su-ondoan anka-zabal egoteko, elurrarekin su-ondo-giro ba zegoan ere. Ta elurra ba zan, esanik dago, aien atzetik izango zirala liberalak, oiñ-aztarna artuta. Santa-kruztarrai uxa-aldia eman zituenean, aien atzetik asi ziran, baño egesi zijoanak oiñak arin. Zer egin omen zun apaizak? Itziarko alkatea deitu, errian ziran petrolio latak aterazi beste oinbeste gizonekin, eta goazen mutillak, Debako liberal-mordoa izutzera, erriari su arrerazteko zurrian. Biaramon goizeko lanetan Kandeleri egunean, meza entzun, gosaldu, ta elurraren gañetik Debara. Itziarko amalau gizonekin eun eta lau zeramazkin. Piralak dionez, zortzireun omen ziran.

 

                Debako liberalak,

                (Ernioko beltzak)

                Zazpi errialengatik

                Odola salduak,

                Madarikatuak.

 

        Tiroka atera bide ziran; baño Santakruztarrak, etxeen babesean, aurrera. Erriari su eman bear ziotelakoa egin; erria ikaratu; arren! erririk ez erretzeko. Santa Kruzek bi letra egin liberalai, beren buruak emateko. Liberalak baita Santa Kruzekin izketatu ta armak eman ere. Bost milla kartutxo Remington eta beste tiro-gai batzuetaz jabe egin ziran. Gizagajoak zegoan egueldiarekin, jantzi osorik ere ez ta, liberalai txamarrak kendu zizkien.

        Non ziran bitarte artan atzetiko liberalak? Ba zun Santa Kruzek zelatari edo ispia bat, izenez Erbiya: arek ekartzen zion etsaiaren berri, non zan eta nola zebillen. Debako liberalak etzekiten ezer. Urruti etzirala jakin izan balute... Santa Kruzek bazekin Erbiyaren bidez. Primo de Ribera Itziarren zala, aren atzetik etorrita. Bitartean atzezaken lorik egin. Ta ain zuzen ere, Primo de Rivera Debara mutur batetik sartzen asi ordukoxe, bestetik ateratzen apaiza. Ala dio Kaperotxipik. zergatik etzituten bada atxitu ainbeste libarelek?— Orain ezpaitzeuden esku-uts Aian bezela. Deban zeuden liberalak agitz gutxi bide ziran. Santa Kruzek ogeita amalau eskupeta besterik etzitun bildu, zitutenak kendu arren.

        Oraindio Deban ari zala, Olazabal jauna apaiz bat lagun zula etorri zitzaion, arren, Lesakan zeduzkan iru liberal zaurituak aien eskuetan ipintzeko. Apaiz ori Gurutze Gorriarena esaten zaion elkartasunekoa zan. Asi zitzaion Santa Kruzi, alakoa ta olakoa zala «Cruz Roja» ori, elkartasun errukitsua zala zaurituentzat, eta orretara. Gauz ederra, esan zun Santa Kruzek. —Ala derizkiozu? erantzun zion Olazabalek. Ainbestekoak esaten ditute zuregatik eta... Erdirik ere ez det siñisten nik. —Neri ajola gutxi esan oiengatik, ni zuzen ibilli ezkero, esan zun Santa Kruzek. —Biotz onekoa ta barkakorra izatea gauz ona da. —Zer bear dezu bada, Olazabal? —Lesakan zauri dauzkazun iru liberal aiek. —Bai, baño lenik emaizkidatela iru nereak. —Bai al ditute bada? —Bai noski. —Ala ere emaizkiguzu, arren. —Eztago ematerik Santa Kruzenak Kubara bialdu zituten.

 

aurrekoa hurrengoa