www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIgarren txatala

ERREGEAREN AGINDUA.SANTA KRUZEK ALDEGITEN DU. MUTILLEI, AGUR!

 

        Erregeak ala agindu zion azkenean, eta bere mutillek utzi-bearra izan zun. Apaizaren itzak aterako ditugu. «Lizarraga Prantziko muga-erri batean zegoan gaixo-idurian, eta bere mutil guzien agintarizkoa Valde-Espinari eman zion, eta ni atxitu nenzala agindu. Iru edo lau aldiz itzegin gendun eta noizpait ere burua makurtu nun. Lizarragaren mutillak eta nereak bateratu ziran, aiek armadun eta nereak gabe. Arenak atera ziran sapailloetara ta leioetara, tiro-ikasten ari bear balute bezela. Ni bakarrik nengoan, eta ni ere atera nintzan sapaillora edo balkoera, ta esan nien. Emen negok; zer bear dezue? aul ezerezak! Ordun tiroka asi nai zuten nereak. Debekaturik daukazue, esan nien; galdu gera. Erregeak aldegiteko agintzen dit. Ordun, Lizarragaren mutil-nagusi batzuk ni ikustera etorri ziran eta esan zidaten: Don Manuel, gu zein prestuak geran ikusi dezan, emen uzten degu bere goardiarekin. Eneduken goardi txarra, etsaiez oso inguraturik nengoan da! Ojalatero aien asmoa agerian zegoan.

        Biaramon goizean etorri zan Berara Lizarraga, gaixo omen zegoana, baño orain bizkor zegoan, ni eskuetan arrapatuko nindulakoan. Bere lau mutilli, ni atxitu ta arengana eramateko agindu ziten. Eztago emen ordea, erantzun zioten. Atzo igesegin zun orroko ate ortati. —Ez diteke! Orrenbeste goardi inguruan zeduzkala? Asmatzekoa ka Lizarragaren asarrea ta amorrua, txoriak igesegin ziolako! Jainkoak ez nai ni pusilatua izatea. Beste munduko eginkizunetarako ta misioetarako nai nindun. Aietatik aldegiterik etzidan aginduko betiko Erregeak. Alaxe bada mutillei azken-agurra egin zien: «Galdu gaituk mutikoak, nik etzezakeat ezer egin. Adierazi nizuen, lenengo karlistaldian gertatu zana gertatuko zala oraingoan ere. Lengo saldukeriak. Alper alperrik ariko gaituk. Zuek egizue nai dezuena. Ameriketara joan nai ba dezue, bidekoa pagatuko dizuet». Mutillak erantzun zioten, baionetak lurrean sartzen zituztela: «ez, nagusi, guk etzaitugu utziko». Baño apaiza, irugarren aldiz, ustez azkenekoz, Prantzi-mugan arontza izkutatu zan.

        Lizarragak arnasa artu zezaken arrezkero. santa Kruzek etzion aurrera galaraziko, ta gerra irabaziko al zun.

 

aurrekoa hurrengoa