www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXVgarren txatala

SANTA KRUZ LIZARRAGAREN MENPERA: LEKUNBERRIN

 

        Lekunberrin izketatu ziran Lizarraga ta Santa Kruz, elkar artuko ote zuten, baño itzegin da itzegin da etziran konpondu. Lau egunez gero, kartaz esaten zion Lizarragari Santa Kruzek:

 

        «Lesakatik, 1873garrengo Maiatzaren 11garrenean.

        Adiskide prestua:

        Ogei bat egun dira nik eskribituz nere burua Lizarragaren mendean uzten nula (bigarren aldiz) eta poztu ziran danak, konponduko giñalakoan. Lizarragak ala itzeman omen zien nere adiskide batzuri. Baño egunak joan, egunak etorri, ta nere eriotzako sententzirik entzun atzeratu. Abarzuzako erasoaldiaren berri garai artantxe izan nun, eta ala ere laguntzera atera nitzaion, liberal-saill aundia zala ta. Baño Iribasera iritxi nintzanean jakin izan nun Lizarraga Lekunberrin zegoala, ta ara jetxi nintzan. Atsalde artan luzaro itzegin gendun biok, baño ez gendun elkar aditu, alko eskeak egiten baitzizkidan, alako aukerak eskatzen. Bere artan gau egin gendun biok, eta biaramonean ezer neri agindu gabe, bere mutillekin aldegin zun. Ordubetegarrenean nik ere aren joera artuz, Uitziko gaña artu nun. Laguntzale bat bialdu zidan, aren atzetik Leitzara joan nendila. Uitziko gañetik ofizio bat bialdu nion, itzez konpondu ez giñen ezkero, eskribituz adierazten niola, erabat elkar artuta gerra egin genezan. Au esaten nion alde aldera:

        1. Nere eriotz-epaia atzeratzeko eskribituz. 2. Nerekin beren gisa etorri nai zuten mutillek uzteko neri. 3. Itzez Lekunberrin neri esan zizkidan salaketak gezur utsa zirala ta eskribituz ipintzeko, nik ere bereala erantzun nezan; bestela enula ibilbiderik aldatuko.

        Mandataria bialduta Uitzira jetxi nintzan, eta an egon nintzan erantzunaren begira, atsaldeko bostak arte. Alper-alperrik: nere gogo ona ta menpera-naia aintzat artu gabe, Goizuetara jo zun eta nik Leitzara gau egitera. An nere lagunak esan zidaten, nere eskabideetara etzala etorriko; apaizak beren egitekoetan ari bear omen dutela. Muziñ ori neri egiñ arren, atzetik joan nitzaion, bidean okerren bat gertatu litioken bildurrez, giputz gazte gizagajo aietaz kupituta. Gabeko amarretarako Lesakan nintzan, eta biaramon goizeko zortzi terdietan Lizarragak dei egin dio nerekin etorri dan buruzagi bati, dijoala Yantzira, ni aipatu ere gabe.

        Beraz, nerekin adiskidetzeko noiz edo noiz azaldu dun gogoa, azal-uskeria ta itxurakeria da. Garbi garbi itzegingo det oi bezela: ez det eramango aurrerakoan olako muziñik, eta ez diot bururik makurtuko. Jakiñaren gañean jartzen det, eta adierazi dezaiela nere adiskideai ta etsaiai, nere jakabidea.

        Zure adiskide,.

M. SANTA KRUZ».

 

        Santa Kruzen itzalak ez bide zion atsegiñ ematen Lizarragari. Iru aldiz batak eta besteak ere elkartu-naia azaldu zuten, baño nork bere aukerara nai. Santa Kruzek bere erara egin nai gerra, ta Lizarragak eziñ eraman, berak baño ikara geigo sartzea apaiz kozkor batek. Sar zedila Elizan. Orregatik etziran konpontzen. Santa Kruzek gerrari utzi balio ta bere egitekoetan sartu izan balitz, etzun etsai izango Lizarraga. Beraz, etzun nai Lizarragak gerrarako biek elkar artzea, baizikan apaizak andik aldegitea, beiñ baño geigotan adierazi zunez.

 

aurrekoa hurrengoa