www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XIIIgarren txatala

IRUGARREN ALDIZ GERRARA. TRENA URREZ BERTARA TA LURREZ. BASERRITARRARI BEI BAT KENDU, TA BIZKARRA BEROTU

 

        Etzun etsi, etzan okildu bigarren aldiz porrot eginda ere. Berrogeitamar lagun aski zutuala zion atzera gerrari ekiteko, ta bai bildu ere luzaro baño len. Abenduaren lenengo illunabarrean Prantzi-muga igaro zuten andik onontza. Ixtillu gorri ikusi zuten gau artan. Bidasoa ibaia ur-ontzixka batzutan pasa zuten, eta gau artan naiko lan izan zuten Aritxulegiko arkaitzera igotzen. Auntzen oin-bidetik, bata besteari elduz, apoka, arkaitzulora arte. an tokitu ziran biaramon osoan, atertzeko bildurrez. Santa Kruz bizkortu zan berriz ere. Aren suarekin esnatu ziran Españiko katolikoak, amorratu ziran liberalak. Amadeo Erregeak ere, Santa Kruzen bildur igesegin bide zun. Laister bildu zitun Santa Kruzek bosteun mutil, eta gerra-modua erakutsi zien.

        Illaren irugarrena zan. Apaiza bere mutillekin Urnietara jetxi zan, eta baita aren atzetik Arana liberala ere. Etzan aren begira egon Santa Kruz, eta burni bidean autsi-lardaska bat egin, 101garren trena geldierazi ta Fagoiagan barrena, Pikoagan barrena, Arano-mendira jo zun. Zertarako geldierazi trena? Otsa atera zuten, alegia, Amadeok egundañoko urre-pilla zeramala Italira. Santa Kruz-tarrak, aldatzeko alkandoraz zaku eginda, baziojoazen trenaren billa. Trenaren kei-adarra ikusi zuteneai, aien poza! Aurrean jarri ta bat-batean geldierazi zuten makiñista. Arrituta zurbilduta gelditu ziran, Santa Kruzen mordoska zala sumatzean. Bat-banaka kotxe guziak arakatu ta, utsa topatu zuten.

        Santa Kruzen atzetik bazebillen Arana Komandantea Oiartzuenen, Añarben, Lizarregin, Benta-Atxurin barrena, ta atzera Pikoagatik, Fabollagatik Ernanira itzuli zan, ezeren usmorik artu gabe. Non zebillen Santa Kruz? Aritxulegi aldean iru egunez; baño baserriz baserri zebillen gabez, baserritar liberalai ta aien ispia edo konta-katilluai ikara emanez. Oni txekor bat kendu, ari bei bat il, beleen gisa ibilli ziran iru egun aietan. Alako baserri batean otsegin zuten. —Nor da? ta. —«mikeleteak»—. Atea zabaltzearekin ezagutu zun etxekoandreak, etzirala, ta ikara lauorrian gelditu zan. —«Jende prestua gera», ta ikulluan aurrera sartu ziran, beitegiraño. Bei eder bat jo ta bota zuten, egun batzutako aragia biltzen zutela. Otzak atera-naiean su-ondoan eseri ziran eta gaztaiñ erreak jan zituzten. Etxekoandrea larri izan bear zun, senarra etxera arte. Alako batean bildu zan. «Zenbat balio zun bei orrek?» galdegin zion apaizak. —Onenbeste. —«Geroago pagatuko diat: oraingoz makil-zartako ederrak artu bear dituk ispia edo kontakatillu egiten abillelako». Baita eman ere. Egun eta eguzki ez omen zan geiago ispiazkoan ibilli.

 

aurrekoa hurrengoa