www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXVIIgarren txatala

ENDARLATZA

 

        Santa Kruzek Prantzira egin zitun joan-etorrietan, Nantesen zurezko kañoi kaxkar bat erosi zun. Julio Urkijok esaten du, Isidro Ortiz Urruelak eman ziola esku-ekusitzat Santa Kruzi. Eztakigu nondik atera dun berri ori. Baliteke Isidrok emandako diruarekin erosi izatea. Apaizak berak Nantesen erosi zula dio beintzat. Karabineroak aurrenean ixeka egin zioten kañoiari, baño geroan bai negar ere. Erri-jendeari emorrarazi besterik ez omen zuen egiten mugazai oiek, eta parrari eraso zioten, bai baitzekiten balarik etzerabillela aukeran Santa Kruzek. Laister ekarri zitun Beratik, eta goizeko bostak aldean eraso zien karabineroai. Sei orduz an ari izan ziran su ta su, angoak eta emengoak. Berrogei ziran etxe barrenean, ezeren kezkarik gabe, Irundik aiei laguntzera etorri-bearrak baitziran. Baño Santa Kruzen mutil-mordoska batek galarazi ezpalie, etorriko ziran noski. Beren buruak galdurik ikusi zitutenean, bandera zuria atera zuten pake-zantzuan. Aurreratzen dira Santa Kruzen mutil batzuk, eta, alajaña, tiroka asten dituzu. bai omen zan mutill aietan Santa kruzen antz-antzekoa, ber-bera zirudina, Txistulari. Nonbait, bera zalakoan, egiten dute su batzuk, besteak etxe-atzetik Prantzira igesegiten dutela. Ordun Santa Kruzek kañoi-dunbada bat botatzen du. Lau ez beste guziak an gelditu ziran zerraldo. Lau aiek iges egin, bide-bazterreko kunetetan sartu ta edo. Bi ibaiean ito ziran, Prantzira pasa-naiean. «Nere mutilla balaz ziztatuta ikustean, ordaña artu zuten», dio Santa Kruzek. Etxe-barrenean bizirik gelditu ziranak (eztakigu zenbat) atera ta urruti gabe an illarazi nitun, prestatzeko beta emanda.

        Oraindik bizi da Benabides igesegin zuten lau aietakoa. Ark dionez karlistak etxea inguratu egin zuten. baño ori ez ditekena da. Ez Santa Kruzek, ez Otxoak, ez Kaperotxipik ez dute olakorik esaten, eta gañera era txarrean zegoan etxea: aldapa aundia igo-bearra, ta arkaitzetan lauoinka ta apoka ibilli-bearra, Jaime Orbek dionez, Benabidesek ez omen zun aipatzen bandera zuriarenik, baño norbaitek galdetuta ikus zer asmatu dun: mikelete-etxean batzuk goiko bizitzean eta besteak beikoan ari zirala, ta bear ba da, goikoak bandera zuria atera zutela, baño beikoak etzirala oartu ta berriz tiroka asi zirala. Ez du onek egiaren itxura aundirik. Zertako atertu ziran tiroak? Eta goiko bizitzetik beikora etortzerik ez al zegoan elkarren berri izateko ta bandera zuria ateratzeko? Karabineroak etxe-barrenean elkarren berri ezpazuten, Santa Kruzek etzezaken jakin elkar artu zutenik etzutenik. Baietz irudituko zitzaiola esan bearrik eztago. Jaime Orbek ikus zer dion: geroago ta garbiago ageri da Santa Kruzen egite au, arentzat baño karabineroantzat lotsagarrigo dala.

        Piralak eta gañerakoak asmatutako gauzetaz ari gintezke luzaro, baño dana dan bezela esatea askiko da.

 

aurrekoa hurrengoa