www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXIXgarren txatala

SANTA KRUZ ETA LIZARRAGA ALDE BANATARA

 

        Lenago ukitu degu Santa Kruzen eta Lizarragaren elkarrengandik alde-banatzea. Nork ote zeukan kulpa? Joan da billa! Elkartzea, biek nai ta biek ez nai. Bakoitzak bere aukerak eskatzen elkar artzeko, ta ortan zegoan giltza. Santa Kruzek bere gisa ta bere erara egin nai gerra, Gipuzkoan bear omen zan bezela; Lizarragak berriz, apaiza Elizan sartu zedila, ta gerrari utzi zezaiola. Len gutxi izan karlistak, eta elkarrekin asarre. Gerra irabazteko, zer alderdia!

        Dun kulparik eztiogu kenduko Santa Kruzi, baño ez Lizarragari ere. Gerran sartzea oker egin zula jakiña da; baño ez noski iñork egundaño egin ez dun eta egingo ez dun okerra. Europa-gerran eunka ta millaka ba ziran apaizak, ez erlijioa gordetzeagatik Santa Kruzek bezela, baizik errik erriari dion gorroto utsaren eragiñez: «aleman guziak txarotu bear ditegu», entzun nion praile prantzes bati. Lotsagarrigoa noski. Ta ala ere ba ziran prailleak, Ameriketatik misioetatik etorri ta, beren jaioterriarekin Santa Kruz baño itxuagotu ziranak. An utzi zituten ainbeste gizagaxo siñesgabe, berriz basa-jende biurtzeko zorian. Santa Kruzek bere buruari siñistarazi zion erlijio-gerra zala ua, ta ala zan aldez aldez, liberalak berak aitortzen zuten bezela. Ala ere debekaturik zedukan gerrara joatea, kapillautako ezpada. Ortan lilluratu zan gizagajoa.

        Ta nork zan Lizarraga, Eliz-legeak ezin zezakena Santa Kruzi egiñarazteko? Ajola izango zitzaion ari Lizarragarengatik! Arek erlijioa ta Euskalerrria zeduzkan gogoan eta etzitzaion beste legerik burutara ta begien aurrera etortzen. Lizarragak utzi egin bear zion bada, ta ez ari etiketan. Baño zergatik etzun ikusi nai apaiza? Itzal pixkaren bat egiten ziolako noski; bera baño azkarragoa zalako. Santa Kruzek ere ba dirudi egiz eta benaz nederatu naiean zegoala Lizarragari; baño ua ere bere tankeran egon: ala gerrarik etzitekela egin, eta Lizarraga ta Dorrontsoro, etsaiarekin adiskideketan zebiltzala, ta abar. Valde-Espinak egiñalak egin zizikion Santa Kruzi, arren, Lizarragaren eskura zedila; baño alperrik: «anka au mozten utziko nuke, omen zion, Santa Kruzek eta Lizarragak elkar artzeagatik». Bere emazteari egindako karta batzutan ageri danez, arren, eskatzen dio Santa Kruzi, elkar artuz etsaia urratuko dutela; baño apaizak ez-aditu egiten; bai baitzekin Lizarragarekin etzeukala konpontzerik. Adiskideak ere esaten zioten, Lizarragak ez omen zedukala konpondu-nairik, Eliz-lanetara aldegiten ezpazun beintzat. Ikus zer dion Valde-Espina markes jaunak Urdazubitik: «emen daukagu jendea, erdiak armarik gabe, ta armakin diranak ere eztute tiro-gairik. Santa Kruzen laguntzarekin autsi genezake beltza, baño Santa Kruzek ez erantzun egin du ofizioari». Urrengo goizean au zion: «armarik ez degulako gaude emen geldi, ta ia Jainkoak Santa Kruzen biotza ukitzen ote dun: oraintxe bialdu diot mandataria». Atsalde artan bertan: «eguna galdu besterik eztegu egin, Santa Kruzek ezpaitigu lagundu, ta gañera arro-antzean etorri da, Erregearengatik eta neregatik ajolik ez diola. Zorabioturik gauzka. Gaur menderatu genezaken Sunbilla». Gera Santa Kruzek ez omen zun ezer balio. Balio izan ezpalu etzuten orrela itzegingo maite etzutenak ere. Ta Lizarragak berak, agintarizkoa utzi nai ta esan zion Erregeari: «Santa Kruz edo Lizarraga: bietan bat».

        Dana dala, negargarri da ordun gertatu zana. Batzuek ezer egiten ez, eta egiten zutenai utzi nai ez, eta besteak beren buruz ari nai. Santa Kruz etzegon bakarrik. Orduan Tolosako apaiz nagusi zan Luziano Mendizabalek eta gero izango zan Orkaiztegi ere gaiñak ematen zizkioten Santa Kruzi. Oien bidez Santa Kruz eskuratuko ete zun ibilli zan Valde-Espina, baño okerrago oraindik.

 

aurrekoa hurrengoa