www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXIVgarren txatala

KAPEROTXIPI KARTZELAN. SANTA KRUZEK EGOZKUE PUSILERAZTEN DU

 

        Badakigu nor zan Kaperotxipi: Santa Kruzen ixilgordari edo Sekretarioa, ta aretaz ainbeste berri on utzi dizkiguna.

        Berak esanda dakigu, Apirillaren lenetan, Illarratsuren ondoko baserri batean zegoala, Arrillaga gudari-burua azaldu zitzaiola Lizarragaren aginduz. Lekunberrira joateko. Igesegin omen zezaken Kaperotxipik, baño ezer gaiztorik etzula egin ta, ala lagun egin zion Lizarraga zegoan tokiraño. «Lekunberrira giñanean —dio Kaperotxipik— sarrerazi nindun Lizarragaren gelan. An zegoan gizon bizar-zuri bat. Aurreneko aldiz ordun ikusi nun nere nagusi Santa Kruzen etsaia. Bertatik bertara adierazo zidan, atxitua nintzala nere zazpi mutillekin, eta aren kontra ezertxo ere egiten ba nun, pisilaraziko nindula. Nedukan kartera kendu zidan, amar amabi milla errealekin artu-agiririk eman gabe. Kartzela zain nere adiskide aundi bat zegoan: Enparan, gerrari-burua. Esan zidan ixilka, agindu zorrotzak zitula ta alditxo batean irauteko; luzaro baño len izango nula igesegiteko aukera; Lizarragaren eta Iturberen mutilletan ba zitula adiskideak, asko ta zintzoak ala ere. Enun igesegiteko asmorik, baño ikus zer gertatu zan: Lizarragak bere mutil-sailla Azpeititik Zumarragara aldatu nai ta asi zan bidean bere aiekin Gerra-Batzarre nagusia ta diru-zaia aurretik bialtzen zitula. Pazkoa Maiatzeko zan ain zuzen ere. Eibarko beltzak Elosura ta inguruetara atera ziran, beren mendi-bazkari aietako bat egitera. Baño an patxaran egon-bearrean karlistai galarazi egin zien bidea ta atxitu egin zituten bakar batzuk, eta aien artean diru-zaia, ogei milla pesetarekin. An zeramazkin nere iru milla pesetak ere. Liberalantzat azkenean! Nik bitartean igesegin nezaken baño ez nai, igeslaritzat artu ez nintzaten. Araotzen geundela, egun batzuetako baimena eskatu nion Lizarragari, oñetatik gaizki nengoala ta. Ala izan ere. Sendagilleak ikusi nintzala agindu zun, eta arek, atxeden-bear gorri-gorrian nengoala. Zoaz bada, Kaperotxipi, esan zidan Lizarragak, eta itzuli zintzo, nere mutillen artera. Nik aterako zaitut gizon. Nik enion itzik eman. Andik bi egunera Leitzara bildu nintzan Santa Kruzengana, ta nagusiak esan zidan ikusi ninduenean: "gizona, ez aiz-bel-bela etorri". Eneduken asmorik Lizarragarengana itzultzeko. Enijoala oartu zanean, igarriko niola esan omen zun; baño Santa Kruzek erabat aldeginda Don Karlosen alde jarraitu nunean, etzidan ezer egin, soldadu-maillan ez igotzen eragoztea baizik. Eztakit gero igoerazi ba nindun ere. Nantesen nengoala gaztiatu zidaten Komandante egin nindutela; baño badakit ori zergatik ziteken: Erregeak berekin batean erbestera jo zuten buruzagiei ta kargudunei egin zioten mesedea baitzan. Ajola gutxi neri igotze orrengatik, ezpainun gogorik soldadutzarako. Ederki nengoan ni Aizarnan eskola-maisu ta organista, gerra asi zanean».

        Konta dezagun Egozkueren pusilatzea. Valle-Inclanek asmatzen ditu sekulakoak, baño santa Kruzek berak esango digu egia: «Egia da bai, Egozkue fusilarazi nula, baño zertako agindu zun arek nere Olarra ta Errotari fusilatzeko, ta zertako ari zan azpitik dirua ematen ni illarazteko? Ni iltzeko agindua zutenak berak esan zidaten zer asmo zun, eta aiek etzutela alakorik egingo. Egozkuek aitortu zun bere utsegiña, ta arren, barka nezaiola eskatu zidan. Nik barkatzen diat, baño gerrak ez dik barkatzen, esan nion. Damuturik eta konpesaturik il zan». Kaperotxipik ateratzen du gañera, Irungo beltzakin adiskidegoan zebillela Egozkue ori; berak ala aitortu zula, parkatuko ziotelakoan. Santa Kruzek berak il zula? Ez; berak etzun iñor il. Egozkue au, alako Hilario Zendoia begi-okerra esaten ziotenak txarotu zun.

 

aurrekoa hurrengoa