www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

Xgarren txatala

BIGARREN ATERATZEA, LENA BEZAIN ALPERRIKAKOA: ERNIOTIK IGESI

 

        Amorebietako elkar-artze itxusi ori ikusita, apaiza Maiatzaren azkenetan berriz atzera Españira etorri zan Prantzitik amasei mutillekin, aien buruzagi. Etzeduken alderdi gaiztoa! Baño ala ere ez etsitzen. Bigarren aldi ontan. lengoan bezelatsu edo okerrago gertatu zitzaion. Urruñatik Oiartzungo mendietara jo zun, bere erabateko biltokia Aritxulegin egiteko. An eraso zioten tiroka mikeleteak eta an il zioten bere mutillik bizkorrenetakoa. Su bizik artu zun orduntxe Santa Kruz, eta bai bere mutillai egundañoko bizkortasuna eragin ere, mikeleteen kontra. Ankak arindu bearra izan zuten, errira sartzeko.

        Ta amasei lagunekin zer egin bear zun gobernuaren soldadu taldeen kontra? Etzien aurpegirik ematen ez; bera mendietan zebillela egiten zien kalterik aundiena. Lengo ekiñaldian bezela, oraingoan ere etzan jetxi errietara. Askotan bakarrik zebillen, zerbait aurreratuko ote zun, bideak laburtuz edo. Beiñola Ernio-mendian zebillen —ango zokoak ondo bazekizkin— eta gabez, ango nekazari prestu baten etxera bildu zan. Leku egin zion gogoz, baita diruz lagundu ere. Bazitun adiskideak Santa Kruzek, gero eskribitzailleak ukatu ba dizkiote ere. An zegoala, gobernuatarrak alajaña! Aren ondoan bazan beste baserri bat Santa Kruzen gordeleku zana, ta ara bide artu zuten liberalak; baño etzegoala ikusita, beste baserri ontara etorri ziran. Iñork ikusi etzulakoan, Santa Kruz lasai oeratu zan, inguru aietan begiratzailerik utzi gabe. Eguna argitu zunean «galdu gera Don Manuel» esanaz esnatu zun etxejaunak, «esiturik gaude». Orain ere igesegingo ote zun? Iges egin edo libratu beintzat bai. Etxejaunak aldegin zunean, leiora atera zan apaiza, nor-ta ote ziran. Tolosako txapelgorriak! Etxeko nexka igo zitzaion eta «Don Manuel, izkutatu bedi, emen dira ta», esan zion. Au lana! Etxea etzun ondo ezagutzen; nora aldegiñik etzeukan; zer egiñ estualdi artan? «Onoko beste oe ontan etzingo nauk», esan zion bere buruari. «Begien aurrean zegok baño morroin bat naizela usteko dite, ta oera sartu nadin». Ta arek uste bezela gertatu ere. Txapelgorriak aren aurretik igaro ziran, baño etzuten arengana begirik zorroztu ere: ez gogoak eman ere izkutatu gabe zegonik.

        Joan ziran Santa Kruz etzin zan oera, ta oea bero bero arrapatu zuten oraindik. «Nor etzin da emen?» galdegin zioten nagusiari, ta «ni» erantzun zien. Amorruz beterik atera ziran andik, an zegoala esan zitena armaz josi bear zutela ta. Gau guzian or ibilli gera alperrik aren billa, ta gezurra besterik eztigute esan. Nagusiak baso bana sagardo eman zien eta ala aldegin zuten.

 

aurrekoa hurrengoa