www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIVgarren txatala

SANTA KRUZ LILAN, LONDRESEN

 

        Paristik Lilara eraman zuten ango itzal-etxe edo kartzelara. An luzaro gabe bere esku utzi zuten eta ango jende katoliko onan artean adiskidezkoak egin zitun. Apaiza Santa Kruzen entzutea ba zuten noski, ta maite zuten Prantzian aditze utsez. Saint Maur deritzaion jesuiten etxean egin zitun San Iñazioren ejertzizioak, eta berak dionez, beste gizonik biurtu zan. Mr Therrik dionez, Trapan ere egin zitun ejerzitzioak. Andik misioetarako asmoa artu zun. Bitarte artan etorri zitzaion Erromatik, gerran sartzen diran apaizai bialtzen zaien barkapena. «Adiskide ta diruak uzteak, ekarri zizkidan adiskide ta diru berriak», dio apaizak. «Baionatik Lilara, Lilatik Bruxelasera, Bruxelastik Londresera, Londresetik Jamaikara, bestek emanarekin, txanponik ere gastatu gabe joan nintzan».

        Gogora dezagun Londresen gertatua. Jaime Orbe, Valde-Espinaren billobak esango digu: «Egun batez, Don Karlos Londresen zegoala, Meza entzuten ari zan bere agintari-orde Jose Mari Orberekin. Meza ematen ari zana entzuleengana itzuli zanean, ukondoz jo zun Don Karlosek Orbe, ta esan zion: "ez aiz oartu? Apaiz meza-emalle ori Santa Kruz dek". Meza bukatutakoan Don karlosek bere laguntzalea sakristira bialdu zun, izan ere ala ote zan, eta ala ba zan, ekarriazteko, elkarrekin gosaldu bear zutela ta. Apaizak ederretsi zun, eta gosaldu bitartean an ari izan ziran edozer gauzaz izketan. Gosaldutakoan, ondoko gelara sarrerazi zun Don Karlosek Santa Kruz, eta an igaro zituten ordu batzuk izketan. Zer itzegin zutenik ez du iñork ere jakin, ez batak eta ez bestek ezpaitzun aipatu ere ango berririk. Bear ba da, Santa Kruzek, bere egiteen garbitasuna emango edo zion. Badakigu ala ere, andik aurrera Don karlosek Santa Kruzekiko iduritze obea izan zula». Apaizak berak ikus zer dion: «Londresen bizi zan etxera eraman nindunean esan nion: ni bezain menpeko zintzorik ez du izan berorrek. Don Karlosek erantzun zidan: len jakin izan banu. —Onozkero eztago bada oker ori zuzentzerik, esan nion».

        Ari danean, beste bitan ere elkar ikusi zuten Santa Kruzek eta Don Karlos Londresen. Praille karmelita etxean bizi zan ez ote zan alditxo batez entzun izan nun, baño oraintxe bialdu didate berri au. Santa Kruzek Don Karlos Londresen karmeliten bizitetxean ikusi zun aurrenekoz. Aita Liborio, Markinarra, Txarakako baserrikoa zan Londresen karmeliten nagusi. Emen dijoana ari entzuna da, karmelita askok dakiten bezela. Aita Liborio ori Kalahorran il zan. Entzun bada nola kontatu izan zun: «Santa Kruz gutartean bizi zan alditxo artan, karmelita balitz bezela. Bein batez, Don Karlosekin ari nintzala, Santa Kruzekin adiskidetu-naiean, onela esan nion: badakit, nik aintzat daukadan batekin asarre dagoala berori. —Bai, erantzun zidan; iru Kruz gorrotatzen ditut, eta batez ere apaiza, ta emen ba neduke, ezpata sartuko nioke alderen alde. —Eta nik noizpait aurrera ekarriko banio, ta kristau-legez barkatzeko eskatuko banio, ez al lioke barkatuko? —Gizona... kristau naizenez barkatuko nioke. —Tira bada, ondo artuko dula agintzen ba dit, oraintxe bertan azalduko da emen Santa Kruz. —Itza ematen diot bada, ez diotala ezer egingo. —Joan nintzan Santa Kruzengana, ta ola ta ola esan nion, eta eramanerazi nun Erregearen aurrera. Apaiza ikustean Don Karlos naastu zan pranko, baño azkenik eskua lauzatu zion. Santa Kruzek, bere erabakitasuna utzi gabe esan zion: ba dakit berorrek gorroto didala; baño berori bizi ba da, neri zor dit. Berorrengana zijoazen korreoak nik miatzen nitun: zazpi pusilatu izan nitun, berori iltzeko argibide bereziak bein baño geiagotan arrapatu nizkielako. Au aditzean, biotzak zirrara egin zion Don Karlosi. Onezkoak egin zituten, eta elkarrekin gosaldu. Pakea osoagoa izan zedin jauki nien biei, urrengo igandean Santa Kruzek meza eman zezala, ta Don karlosek bere eskutik jauna artu zezala. Pozik etsi zun Don Karlosek, eta ala gertatu zan.

        Santa Kruz Ameriketara baño len Venecian egon zan iru egunez Don Karlosen etxean. Beaz, ordu ezkero elkarren adiskide gelditu ziran».

        Alde batera aundi samarra iduritzen zait berri au, baño bestera ez dezaket nolanai gezurtzat iduki. Karmelitaren esana. Portuges zeritzaion baten etxean egon zala jesuitengana bitartean, dioten batzuk, eta karmelitetan etzala bizi izan. Dana dala, egiari zerbait erauntsi ba zaio ere Aita Liboriorengandik gureganaño, aundiegia litzake guzia gezurra izatea.

 

aurrekoa hurrengoa