www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXXgarren txatala

SANTA KRUZ TA VALDE-ESPINA. ERREGEA IXILLIK

 

        Valde-Espina gizagajoak egiñ-alak egin nai zitun Santa Kruz ta Lizarraga adiskitzeko, baño Santa Kruzen aldetik zegoala kulpa uste. Esanik utzi degu, Lizarragak ere etzula konpontzerik nai Santa Kruzekin: nai bai ta nai ez biek ere. Sakristira sartu balitz betiko, barkatuko zion bai pozik Lizarragak; baño ori etzan izango konpontzea; ori, korapilloa askatu-bearrean, moztea izango zan. Ez al zegoan Santa Kruz bezelako baten bearrik karlistetan? Lizarragak eta Dorrontsorok ere, baztarrak erabilli zituten, Errege Karlosek Santa Kruz galdu zezan, eta erbestera bialdu zezan; baño Erregea ixilik zegoan. «Erregea ixilik badago, ontzat artzen du Santa Kruzek egiña, zion Valde-Espinak, eta ori ontzat artzen badu, ez det ibilli nai olako jende lapur gaiztoaren artean».

        Santa Kruzekin itzegin-naia zedukan Valde-Espinak, eta bai itzegin eta alkar ondo artu ere; baño andik iru egunera, su gaiztok artu zun Valde-Espina Santa Kruzen kontra. Joan zitzaion berriz, eta aditu omen zitun «iñorengadik aditu etzitunak, eta atzetik esaten ditutenak baño beltzagoak ere. Berak, Santa Kruzek, ez omen zun ezer nere kontra, gizon piña ta bizkorra nintzala ta; baño, berriketa gutxi; betiko mendera-gabe arrek gogoan jotzen nindula esan nion, eta karlisten alderdia berak ondatu zula».

        Orrela zebiltzen batera ta bestera; ezer aundirik atera gabe. Estradak gaztiatu zien Valde-Espinari ta, iraupen apur bat izateko, elkarrenganako gaizki-esaka ta ixtillu aiek uzteko, etsaien pozgarri baitziran; Erregeak erabat garbituko zula auzi ori. Erregeak izan ere egin zion karta Santa Kruzi Garagarrillaren 27garrenean. —Altzaten jaso zula ba dakigu—, baño zer esaten zionik eztakigu. Nonbait, adiskidetu zedilla aiekin, esango zion. Kartaren zantzurik eztegu sumatu.

        Azkenik, Santa Kruz arrapatu zuten Beran bere mutillekin. Lizarraga, mugaz arontzako erri batean omen zegoan gaixo. Iru gauz eskatu zizkion Valde-Espinak Santa Kruzi: zeraman bandera beltza baztarreratzeko; bere burua ta jendea Erregearen eskuetan jartzeko, agiri edo garbitasun baten bidez; eta Lizarragaren esanera etortzeko, beste agiri batez. Lenengo bi gauzak etzioten ainbeste miñ emango Santa Kruzi, baño bai irugarrenak. Ez al zan len ere bein baño geigotan Lizarragaren mendekotzat eskeñi? Valde-Espinak dio, au ere agindu zula, baño itza jan zula. Neri iduri zait, iru gauz oiek erabat aginduko zitula, baño bere buruan berexi egingo zula irugarren aukera ori, Lizarragaren mendean jartzeko ori. Gañera, garai artan, etzan Santa Kruz bere buruaren jabe, ta ordun emandako itzak etzun ainbestetaraño beartzen, bere buruaren jabe ta iñoren estutzerik gabe eman lezaken itzak bezela. Zer egin bear zun gizagajoak beste alderdirik ezpazeduken. Gero berriz, Santa Kruz Beran esiturik zedukatela entzun orduko, Lizarraga, gaitza botata an azaldu omen zan. Estuasun artan ez da arrigarri, Markesari paperak itzuli gabe Prantzira aldegitera. Lizarragak arrapatu balu, il zezaken, aren burua eskaturik baitzeduken. Inka ontan zer itz eta zer itz-ondo?

        Ez omen zun uste Valde-Espinak, Santa Kruzek itza jango zunik. Eztakit bada: garbi aski erakutsi zion apaizak, etzedukala itza betetzeko gogo aundi aundirik. Valde-Espinari iduri zitzaion txoria kaiolan zedukala, ta etziola oraingoan igesegingo: «baño kaiola-atea zabalik zedukala txoriarekin jolasean ibilli zan, eta txoriak igesegin oraingoan ere. Igande gabean egindako aginduak beteko zitula esan zidan astelenean eta bere mendezkoa firmatuko zula, baño Donibane Lohitzungo adiskide batzuen begira zegola...». «Asteartean bildur nintzan itza beteko ote zun. Isidro Urruela etorri zitzaion, eta arekin ere ez gendun ezer atera. Asteazkenean etorri zan Tolosako Bikarioa, ta okerrago; arro-antzean eta nagusi-antzean etorri zitzaidan Santa Kruzen aldetik. Ordun iru orduko tartea eman nion Santa Kruzi, ta errenditu zan, firmatuko zula. Gañera, atsalde artan bertan bere emengo mutil-taldeak neri utzi zizkidan, eta gabez zegoan etxean lo egiten utzi nion... eta igesi joan da». Ezinbesteko itza ta gogo txarrez emana. Txoriak igesegiten nai al zun Valde-Espinak? Beti arontza ta onontza, ta beti atzeraka Santa Kruz, igande gabetik asteazkeneraño, ta, ez al zion igarritzen aldegin-naia zedukanik? Edo etzun uste igesegin zezakenik, edo berak utzi zion, erdizka bederik etsita.

 

aurrekoa hurrengoa