www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXIgarren atala

BERASTEGIKO ALKATEA FUSILATZEN DU

 

        Oraindik gogoan daukate inguruko zarrak, Berastegiko alkatea pusilarazi zula Santa Kruzek. Zergatik ote? Salatarizkoan ari zalako. Murgiondok dionez, inguruko errietako alkateai eriotza eskañi ziten, beren errietara karlistarik azaltzen zanean gaztiatzen ezpazioten. Alkate au zan bada liberalen konpiantzazkoena, ta aiekin ixil-gordeka zebillen jauntxorik nagusiena. Murgiondoren esanarekin batera dator Batista Ormaetxeak aitortzen duna. Santa Kruz Berastegin zegoala agindu zion alkateari goardi bakar batzuk ipintzeko Gaztelu-aldeko gañetan, liberalik ba zetorren ere. Zer egin zuten aiek? Korneta jo, liberali adierazteko. Ordun arrapatzen du Santa Kruzek alkatea, ta San Lorenzo-gañera eramanda lau tiro emanerazi zizkion.

        Emen gertatzen dan Batista Ormaetxea au nere aita da. Aurrenean esan dedan tolosar aren paperetan eta garbitasunetan irakurri nun aitaren aitortza ori, ta berari galde-nai aundia sortu zitzaidan. «Etorri al zaizu norbait, Berastegiko alkateaz, Santa Kruzek pusilatu zunaz, galdegitea?» —«Bai gizona bai, eztakit zenbat etorri diran ori galdetzera: nekarazi naute». Len esan dedana, irakurlea, Santa Kruz etziteken etorri Gipuzkoara eriotzaren azpian, eta ala ere baserritarrak aren bildur. Ustekabean eta ez-ezagunean etorri izan balitz, Aramaion edo Ernion edo Oiartzunen edo beste zokondoen baten etzitzaion ostaturik paltako. Ua Ameriketan zala ze bildur dute? Ta galde ta galde ibilli diran oiek, zer garbirik atera dute aren kontra? Ibilli dira, bai; egiñalak egin ditute. Ta ez esan nere aita Santa kruztarra danik. Lizarragarekin ibillia da ta Santa Kruzengatik amaika gauz entzuna. Bein galdegin nion, ia zer zerizkion Santa Kruz apaizaz, eta makur samarra izan bear zula. Zergatik? eta, eztakigu bada guk, ainbeste gauz esaten due ta. Ortatik atera da Santa Kruz gaiztoa: liberalak eta karlista giztoak asmatu ditutenetatik. Arritzekoa da! Piralaren gezurrak, arek asmatu beriala, entzun ditugu Euskalerrian eta euskeraz. Gezur oiek aizatzen naiko lana badago, ta ez dira berealakoan ixilduko; baño goiz edo berandu, egia nagusi aterako da.

 

aurrekoa hurrengoa