www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIVgarren txatala

KOLONBIAN: ERIOTZA

 

        Kolonbiara 1891garren urte-azkenean aldatu zan, eta Sybundoiko ibarrean iru parroki eman zizkioten zaitzeko. andik lau illabetera, Pastora eraman zuten Jesuitak, erakusten arierazteko. Ogeita lau urtez ari izan zan erakusketan: ogeita iruz ingeles erakusten, eta amar urtez aldi berean prantzez erakusten, beste jakin-gai batzukin. Bitarte ortan ere joan-etorri batzuk egiten zitun berak egindako erri batera: San Iñazioko errira. Zazpi urte bear izan zitun ango Eliza egiteko, ta azkeneko urteetan, erabat ango lanetara lotu zan. Inditar aiei dotriña ta kantak erakusten neke ederrik artu zun gizagajoak. Etxea ere biziro zarpilla ta kaxkarra; oea ere berak arbaz ta zaborrez egiña, gaberako ez estalki ez berogarri zula. 1922garrengo san Inazio egunean jesuita egin zan, eta andik lau urtera il, 1926garrengo Agoztuaren 10garrenean.

        Eriotzaren berri laburra emango dizut. Urtero bezela bere San Iñazioko errira joan zan, Elizkizun eder bat atera bear zula ta. San Iñazio egunean bertan ezinda andik bederatzigarrenera joan zan beste jesuita euskaldun batekin Antonio Egaña bera, Bizkaiako Maruriko semea. Egun artan gaizki arkitu zun bere burua, ta Meza ere, besteren besoetan atsedena artuta esan bear izan zun. Gero, Meza-nagusira nolabait arrastatu zan, baño etxera-bearra izan zun. Pastora joateko gogoa erakutsi zien, eta Agoztuaren 10garrenean ba zeramaten berrogeita amar gizon inditarrek; baño San Iñaziotik legua bat bidera edo, iltzera zijoala ikusita, bere artan tenk egin zuten. San Iñaziora itzuli zezatela esanda, mendian il zitzaien. Gizon aiek bereala Pastoko jesuiten nagusiari gaztiatu zioten: «Aita Loidi —Santa Kruz— il da. Gorputza San Iñaziora deramagu atzera. Arren eta arren eskatzen diogu berorri aren semeok guziok, gorputza utzi dizagula ango Elizan barnen, obiratzeko». Jesuitak Obispoari eskatu zioten baimena, ta bai eman ere. Il zanetik obira sartu-bitartean, Elizatxoa jendez beterik egon zan egun guziz. Inditar gaxo aiek, errosario ta kanta pranko esan zuten beren Aitaren alde; urrengo egunean bai Jauna artu ere makiña-batek. Illaren 28garrenean elizkizun aundigoak egin zizkioten, eta asmoetan daukate oroitzarri bat altxatzea aren izenean. An dago illaren gorputza, ondo ilda oraingoan.

 

aurrekoa hurrengoa