www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXXVIIIgarren txatala

DORRONTSORO TA SANTA KRUZ

 

        Lizarraga gizagajo bat zala badakigu. Ona emen beste gizagajo bat: Dorrontsoro. Gizagajo ez ezik «masoi» ere ba zala esaten omen zun Santa Kruzek. Gezur borobilla: olakorik eztu esan egundaño Santa Kruzek. Ikus zer dion, aspaldi gabe ala ere, bere azken-urteetan egindako karta batean: «Noiz esan det nik olakorik? Gezur aundia; nik esan nuna au da: bera oartu gabe ta bere asmo on guziek arren, masoien eskumakil izan zala, edo saldukeria egin zuten aiena; nik ezpaitakit masoiak izan ba ziran ere».

        Kartan bertan iru bider aitortzen du Santa Kruzek, Dorrontsoro ori, oartu gabe izan zala saldukeriaren laguntzaile. Santa Kruzek irakurri zitun Dorrrontsorok aren kontra paperetan zabaldu zitun izugarrikeriak; baño ala ere Gipuzkoan zan gizonik aundiena zala esaten du: «la primera figura de Guipúzcoa». «Nor ta ziran nere etsaiak», galdegiten dio bere buruari Santa Kruzek. «Aipatu ditudanetaz gañera, Dorrontsoro, Lizarragaren egite ber-berekoa. Gizon ona zan, baño Lizarragak oso lilluratua ta tutulikatua zedukan. Gorputz-itzalez ere etzan gerrarako aukerako gizona: txiki, potxolo, sabel-aundia. Ezta arritzekoa, gizagajo au gerra bukatu baño len nere kontra ari izatea; baño bukatu zanetik, ainbeste saldukeri ikusitakoan, arritzen naiz, aurrera ere nere kontra ari izatea». «Gerrak ondatu zula Dorrontsoro? —Bai noski, jakiña; baño nik ez det esan, ez siñistu ere masoiei bere burua eman zienik. Gezur ori ta olako beste asko asmatu ditute nere kontra Pio Barojak eta zenbait liberalek, eta gizagajo on batzuk bai siñistu ere. Nai dutena esan dezakete: neri ajola gutxi aien esanarengatik. Karlisten gerra, eskuarterik ezta bukatu zala. Ta nork iretsi zitun eskuarte ta laguntza-bide oiek? Nik ondatu al nun Dorrontsoro? Nik enun egunekorik kobratzen, ez nere mutillek ere. Norekin gastatzen zun bada oinbeste Dorrontsorok beretik eta errikotik? Ojalatero alper aiekin kontu-kontari egonda, jana ta irabazia lasa zedukaten aiekin. Lizarragarekin eta bere mutil-taldearekin, eta Lizarraga bezelako buruzagi askorekin: ez nerekin eta nere mutillekin. Nik enun iduritu gaiztorik Dorrontsorengana, gizon zintzoa ta esaizunik gabekoa baitzan; baño gerrarako gauza etzala esatean, beste askok artaz esan zuna esan, besterik eztet egiten. Arrek bai nereganako idurituak ez ezen burutapen beltzak ere. Gogorrak eta latzak esanik dago neregatik molde-letraz. Gaizkiesaka ta belzkeri oiek barkatzen dizkiet gizagajoari. Bere buruz etzan gauza nere gerra-moduari antzemateko. Lizarragaren adiskide baitzan, kutsutu egin zan aren nereganako gorrotoaz. Saltzaille gaiztoari siñistu egin zien Dorrontsorok, eta orregatik galarazten zidan ezer egitea, ta bera ere aiek ondatu zuten, eta bai Gipuzkoa ere».

        Valde-Espinak berak ikus zer esaten dion Lizarragari: nere ustez sekulan ezta izan karlista Dorrontsoro; karlistazkoaz baliatu nai bai, bere burua aupatzeko. «Gerra-aurrean eta gerratekoan orrek artu dun joerarekin, kalte geigo egin digu Jovellarek eta Martinez Camposek eta Quesadak baño». Ta olakotxoak esaten ditu Valde-Espinak. Beaz apaiza etzan ari bere burutik, Dorrontsororen kontra ari zanean.

        Lizarragak eta gañerakoak ere, berak ezin eginda Santa Kruzi galarazi zioten beintzat, eta ala ondatu ziran karlistak eta Gipuzkoa ta Euskalerria.

 

aurrekoa hurrengoa