www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XIXgarren txatala

SANTA KRUZEN BIOTZ GOGORRA. BERE MUTILLEKIN

 

        Karlista buruzagi epel batzuk zillarra nai omen zuten, ez gerra. Mutil gizagajo batzuk, obe bearrez, Prantzira aldegin zuten, eta an ikusi zitun Santa Kruzek, gosea ta zarpilla zeritela. Santa Kruz bera, atxedenik gabe, arontza ta onontza zebillen, zibillengandik aldegingo ba zun. Soldadu gizagajoak, beren nagusiengan zintzotasunik ikusten ez ta, bakoitza bere aldera banatzen ziran. Tripazinkeria ta gaiztabidea besterik etzan ageri buruzagien artean, eta, nola maite izango zituten? Bai ordea bere mutillek Santa Kruz; maitetxo! Kolonbian zegoala, azken-aldean eskribitu zion Tolosar Pildain batek, eta apaizak bai erantzun ere: A zer aldi ona eman didakean ire kartarekin! Nere errialdeko aizeak artu zetiat irakurri bitartean. ni aztu nere mutil prestu aietaz? Egun latz aietan nere lagun ian ziran aietaz? Zuek asko maite ninduzuen bai, ta zintzo ibilli ziñeten nerekin; baño nik ere maite zinduedan, eta estimatzen zinduedan, zuek uste baño geiago. Ire kartan diokanez, alderdi oietan nitaz oroitzen dituk bat baño geiago. Guziz poztu natxok berri onekin, eta bakoitzarengana esker ona diat. Zuek betiko utzi-bearra bai neretzat erdiragarria...! Emaizkiek eskumuñak nere adiskide guziei bakoizka, ta esaiek, ortik aldegin ezkerokoan nere otoitzetan gogan iduki ditudala. Aspaldiko mutil oiek beren zartzaroan iskribitu diote apaizari, ta karta oietan ageri da maite zuten etzuten. Oietan Santa Kruztarrik sutsuena, bere Sekretario zan Kaperotxipi, eriotzara arte Argentinan bizi izana. 1914garreneko Azaroaren lenean ikus zer esaten dion kartaz: «Berrorez askotan galdegiten dit kartaz Eusebio Errandonea Beratarrak. Bai omen zuten etxean orretarako bat, kuttuna bezela gordeta zeukatena, baño Deustoko jesuitai bialdu omen zien. Neri eske ari zaizkit, arren eta arren baño, ez daukate arturik! Erretrato ori utzi baño beste edozer utzi naigo nuke». 1915garrengo Agorraren 6garrenean berak: «ogei edo berrogei legua bakarrik ba genduzke tartean, pozik etorriko nintzake berrorengana, sakristau bederik izateko. Baño, aldean dago berori!» Pedro Balentziagak Zumaiatik: «zenbatek atsegin lukete berori ezagutzea nik bezela! Oraindik etzaigu itzali berorrenganago maitetasuna, ta emen gaude Erregeari baño len berrori serbitzeko». Pildain gizagajoa il zan 1919garrenean, Santa Kruzen izena ezpañetatik zeriola. Lentxeago bialdu zizkion Santa Kruz mixiolariari 320 peseta, adiskideen artean bilduak. Oraindik ere ba zitun adiskideak, eta adiskide maiteak. Bilbaotik 1912garrengo Uztaillaren 16garrenenan eskribitu zion arekin gerrate osoan ibilli zan mutil aietako batek. «Orain dala gutxi, berorren soldadu Oiartzuar batekin ari nintzan izketan. Berorren erretratoa erakutsi nionean, negarrari ekin zion gizagajoak». Olako mutillak zitun Santa Kruzek. Erabat Prantzira aldegin bear zula esan zienean, baionetak lurrean sastakatuta esan zioten: «guk etzaitugu utziko bada». Makilkara ederrak ematen zizkiela zertanbait utsegiten zutenean? Bi aldiz guzia ere. Beiñola ostatu bateko etxekoandrearekin lotsagabetuxe zalako mutil bati, ta pagatu nai etziolako. Don Manuel, begira zer egin didan zure mutil batek. Ezagutuko zenduke? —Bai. —Ekarriazten ditu bere mutillek eta «au da», esan zun etxekoandreak. Bizkarra bero bero eginda bialdu zun. «Ik ez dek merezi nere mutillen artean ibiltzea». Beste bein moxkor bati. Geiago iñor astindu bearrik etzun izan.

        Santa Kruz begi begiko zuten Lizarragaren taldeak ere. Bein batez, Zarautzen zegoala, len esan degun bezela, Lizarragaren mutillak Viva Santa Cruz! otsegin zuten. Lizarragak Santa Kruzengana mutillek pasako zitzaizkion bildurrez, goragoko maillak eskeñi zizkien. Nik ikusi det Leturia ta Leturia kapitanaren garbitasuna, apaizarengana pasa etzalako gorago altxa zunekoa.

        Gipuzkoak ere maite zun noski, erri-jendeak beintzat. Il zan baño len atera zuten, jesuita zala, eriotz-ordurako Loiolara etorri nai zula. Etzait iduritzen ala danik, baño etortzeratu balitz, Gipuzkoan etzan geldituko noski anka jaso zezakenik ua ikustera joan gabe. Alako jende-talderik etzun bilduko noski Uzkudunek.

 

aurrekoa hurrengoa