www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XXgarren txatala

IRUNGO BELTXA, ZELATARIA, GEZUR-APAIZA. GERRA ATERTU GABE!

 

        Santa Kruzen burua diru ordez eskatu zutenean, gibelurdiñek bezain ugaritu ziran ispiak. «Enun uste esan oi zun Santa Kruzek, nere buruak 10.000 peseta balio zitunik». Diru ua eskuratu nai zutenak erne asi ziran bada. Irungo beltxa an azaldu zan Naparroan, Prantzi-mugako erri batean. Galdegiten dio Santa Kruzek: agindua betetzera al ator? —Zer agindu? —Azpi-suge ori, ixillik ezpai ago illaraziko aut bertan. Santa Kruz odolzale arek, zer egin zun? Ikara ederra eman besterik ez. Bere mutillen aurrean lotu, ta erriaren baztar batera atera «i bezelakoen bildurrik eztiat», eta atzeko aldean ostiko bat emanda utzi.

        Gurditarteetan, garopilletan, ibaietan izkutatzen ziran ispiak, Santa Kruz igaro bear zun tokitik. Orregatik bada zebillen erne apaiza. Bildurtia ta fiakaitza zala? nork azalduko luke burua lasai ario orretan? Bein ola, bialtzen diote apaiz-jantzian, norbait il zulako otsa zedukan bat, arekin konpiantza artuko zula, ta geroenean il egingo zula. Oi zun bezela, Santa Kruzek bi mutil tartean ekarriazi zun bere begietara, baionetak ageri zitutela. Ikusi orduko, Santa Kruz iduritu gaiztoak artu zun. Apaiza ote zan ez ote zan jabetzeko, latiñez galde errez batzuk egin zizkion. Tutik etzun erantzun gezur-apaiz arrek, eta tiroz botarazi zun lizar baten ondoan.

        Ixtillu pranko atera dute Santa Kruzek egin omen zulako bandera batengaz, «gerra atertu gabe», ziona. Orrek ikaratzen ditu beste aldeko batzuk, Bai gizon odoltzalea! Badakigu, Santa Kruzen buru ordez 10.000 peseta eskeñirik zeudela. Peseta oien atzetik ispiak non nai aterako zirala esan bearrik eztago. Aiek izutzeko zerbait bear zala ta Santa Kruzen berri gabe Hilario zeritzan batek egin zun bandera ori. Santa Kruzen bigarren mutil-taldea Hilarioren agindupean zebillen eta aiekin asi zun eramaten. Apaiza oartu zaneko gorderazi egin ziola dio Kaperotxipik: Santa Kruzek berak etzula ikusi ere. Ori da guzia. Ala ere Beran arrapatu zutenean, ori entregatzeko agindu zioten Balde Espina eta. Eztakigu berekin zerabillen, ala Hilariok zeraman. Dana dala, gerrakoan gerrakoan bezela ba zegoan gerra egin-bearra. Erregearen inguruan bizi modu lasaia ari zuten aiek, etzuten gerra aundirik nai. Etzuten aiek iñoren odolik ikusiko, ez berenik ere: ez Santa Kruzek adin bat izardi atera ere, Jaungoikoaren eta Euskalerriarengatik.

 

aurrekoa hurrengoa