www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Kruz apaiza
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Kruz apaiza, Nikolas Ormaetxea Orixe. Gero, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

XVIIIgarren txatala

SANTA KRUZEN ITZAK AIAKO ERASOAZ

 

        Egite ortaz ikus zer dion Santa Kruzek berak: Liberalai astiñaldi ederra eman bear geniela, an ekiteko gogotik, etorriko zitzaizkidala laguntzera. Etsaia urbil zan eta guk tirogai gutxi, baño geigoren itxaropenez, naikoa izango gendulakoan. Begira egon giñan aiek gure ondora arte, ta bertatik bertara ekin genien. Tiro-gaiak aitu zitzaizkigunean, ara beste etsai-taldea eskuietik. Ekin genion laisterrari, ta aiek gu esitu naiean asi ziran. bala-jasaren tartetik al gendun bezela igesegin gendun: ni nintzan azkenetan. Alabearrez, etsaien eta gure tartean sakan bat zegoan eta, bearrik! Bitartean illundu zun eta bakoitza bere gisa, susmoz bezela, baserri batera bildu giñan. Ni ere bildu nintzan noizpait, denetan azkena. Ikusi nindutenean, aien poza! Oraintxe ondo gera, esan zuten. Nik berriz: mutillek, esiturik geudek! eta ala zan. Alde batetik ibaia, ta bestetik etsai-taldeak. Gaberdia zan, eta biaramonerako ezer egiten ezpagendun, ez genduken iges-biderik. Zer egin? Gaberdiz asi giñan, batzuk ibai barrenetik, besteak legorrez. Primo de Rivera Zarautza itzuli zan, eta aien atzetik, minutu gutxiz atzetik igaro giñan, eta ala igesegin esi aren barrenetik. Zirriku gutxi aski zun Santa Kruzek igesegiteko. Aramaioko erriko etxearen goiko sapaillotik jauzi egitea baño errezago zan ibaiaren erditik igarotzea. Uretan etzuten ots aundirik aterako, ibaiak berak zerbait ateratzen ba zun.

        Lizarragari geroxego egin zion kartan, garbi aski ari da. Otsaillaren 4garrenean bi karta bialdu zizkion Lizarraga Komandanteak Santa Kruzi, ia zer egin zun: trenbideetaz eta Aiako erasoaz etziola berririk eman. Santa Kruzek 19garrenean erantzun zion: «Burnibidea urratzen alegiña egin det, eta Aiako erasoaz ere berri eman dizut: galdu egin bide da. Gañera elurrak galarazi egiten du mendiz ibiltzea». urrena erantzuten dio, Aiakoan bi mutil il zizkiotela, ta bakar batzuk zauritu iges-egitean. Garbi esaten du apaizak berak ere erri-gizon batzuk illerazi zitula, zelatarizkoan arrapatu zitulako. Liberalak gau guzian su-galda aundia iduki omen zuten, eta bear ba da, gizon illak an erre. Gero, Aian egindakoaren txeetasunak ematen dizkio Gipuzkoan ari zan mutil-saldoentzat gerratoki bikaña zala ta Santa Kruz eta Soroeta an tokitu ziran. «An egon giñan amabi egunez kartutxoen begira, ta ez ageri. Noren aitzakiz? Enaiz oraindio jabetu, baño jabetzeko bidea izango da», esaten dio ausarki Lizarragari. Aiako erasoaren bezperan etorri omen ziran Zarautza 1.500 gizonekin, Naparroako ta Gipuzkoako soldadu agintariak. Esan omen zion generalari, kartutxoak aski zitutela erri ua ez galtzeko. Denen artean itza artu zuten urra-aldi ederra eman bear zitzaiela liberalai. Santa Kruzek esan zien, biltokirik obeena Aia zutela, ta, arren, kartutxoak bialtzeko. Gabez bialduko zizkiotela. Ixil-mandatarien bidez jabetu zan, etsaia iru aldetatik zetorkiola. Berriro Santa Kruzek kartutxoak eskatu, ta etzala kartutxorik. Naparroako Komandanteari argibideak eman zizkiola bear zana egiteko, bera gaixo baitzegoan. «Geroago bialdu nitun bi edo iru mandatari, nondik zetozen adierazteko, ta gure atze-aldetik su egiteko. Bazetozela uste gendun, ezpaitziguten gaztiatu andik aldegitekorik, gaztiatu bear ziguten bezela. Aiako zorigaitzen, eriotzen eta lapurreten kulpa, dunari bota bekio...». (Apaizak Lizarragari botatzen zion, eta emen ere ala adierazi nai du). «Ba dira Gipuzkoan mutil-saillak, iñor atzetik izan gabe, beren buruzagiekin igesi dabiltzanak, eta eraso bear luketenean ekin gabe gelditzen diranak». (Zu ta zureak, Lizarraga). «Liberalen artean ere bizi izan dira, ta pakean utzi diete. Nik generalari (zuri, Lizarraga) bear zaion begirapena ba diot; baño ez du ezagutzen Gipuzkoa, "ojalatero" alper oiei siñistu egiten baitie. Oartu bedi, ta alegiñak egin bitza, Bergarako ta Amorebietako ta alakorik gerta ez dedin...». Emen ageri dira Santa zen idurituak Lizarragarengana.

        Zer ziran «ojalatero» oiek? Beti «ojala» ta «ojala» ari ziran, irabaziko al diagu, baño alperkeri goxoan egon: au ta ori egin bear, eta beti geldiegonean. Murgindok dionez, gure Gipuzkoaren lepotik jan edan egiteko, bestetako ez omen ziran, eta ala ere Lizarragak karguak eta bizibideak eman aiei. Erri batean gertatu omen ziran bost menpekoekin. Gero berriz Lizarraga zoratzen zuten berrizukerien bidez karlista gaiztoak eta liberalangandik etorri ziranak. Santa Kruzek etzun ordea nai ondoan alperrik eta ojalaterorik: zarrak, aduana kobratzeko; ankokerrak eta ankamotzak kartutxoak kargatzeko; ta gazte bizkorrak suari erasotzeko. Bildur ematen zien bai Santa Kruzek ojalatero aiei; orregatik, gezurrik aski zabaldu zuten aren kontra. Erritarrak ere oartu ziran, janda edanda gastatu ugari egiten zutela aien bizkar, eta Santa Kruzen kontra esan alak esan arren, etziten siñisten. Esan zioten erritarrak Santa Kruzi, an gezurra besterik etzutela esaten, eta Lizarragaren aginduaz au ta tu eskatzen zutela, ta ojalateroen kontra dei bat egiteko. Santa Kruzek bialdu zun dei ori erri guzietara, berak agindu gabe, «ez jatekorik, ez dirurik emateko iñori». Orduntxe arnasa artu omen zuten erritarrak eta aldegin ojalateroak.

        Baliteke Santa Kruzek gogortxo itzegitea ta iduritu geiegi izatea Aiako ontaz; baño zerbait ba zan, eta garbi aski esan zion Lizarragari berari. Elkar artzeko bide txarrak izan ziran aiek. Santa Kruzek egiten zuna obe bearrez egiten zun, beti asmatzen ezpazun ere.

 

aurrekoa hurrengoa