www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio-mixterio
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ichtorio michterio, Jean Barbier. Imp. du Courrier, 1929

 

aurrekoa  

17.
BAIGURAKO AINGERUA

 

        Hasi zen beraz artzaina eta, begiak argi argia, beharriak xut, huna zer aditu nioen:

        «Hamazazpi urthe behar nituen izan, orai aspaldi. Baigurako Aingeruaz aipatzen entzuna nuelakotz edo bertzela, sekulan ez nintzen etxetik atherako, nere Aingeru begiraleari othoitz bat eginik baizen.

        Goiz batez, argi-hasteko jeikirik, nere othoitza eginik, laudeta, kantuz, iguzkiari buruz altxa eta altxa ari zelarik, joan nintzen Baigurako mendira, mazelaz mazela nere ardiak eremaiten nituela.

        Goiz ederra iragan zen, ezin gehiago, eta urrundik nere herriari begira egonik, batean galtz-erdi orratzak, bertzean arrosarioak eskuan, ametz eder baten azpian egin nuen nere otruntza ttikia. Aldeko ithurrian xurga xurga edanik, badut uste lo kuluxka bat ere egina nuela, noiz eta ere iduritu baitzitzautan, burrunba mutu ilhun bat, urrun urrundik heldu, entzuten nuela. Xutitu nintzen, eta, hainbertzenarekin, burrunba sumatu nuen nere ganik hurbilago. Duda-muda batean egon nintzen ixtant bat, arratsalde erditan ez ginelakotz oraino.

        Bainan, orroa bethi eta handiago, bethi eta hurbilago entzuten nuen. Nere buruaren gaineko ametz hostoak, farra farra, mugitzen ikusten nituen; ardiak, azken ahamenak doblezka egin nahi izan baluzte bezala, harat hunat zoazin orai, alhan, bee eta bee marrakaz. Gorria, gure xakur ernea, aintzinerat ethorria nuen, niri begira, ardiak bildu behar zituenez galdatzeko bezala.

        Bertzerik ez zen, kalerna gainean ginuen; eta banakien kalernarekin ez dela jostatzerik mendian. «Hoa, hoa laster, Gorria! Ta, ta, ta, ta!». Eta xakur gaixoa joan zen firurikan, ardi bat hemen haika, bertze bat hantxet erdi ausik, mendi guzia bere saingaz bethetzen zuela eta inharrosten. Arthalde guzia han nuen zalu zalua, nere ondora bildua, elgar kasik ithotzen zutela bide-xendra hertsian.

        Anhartean, kalerna lehertu zitzaukun gainera, eta ortzanz ximixten erdian, uria turrustan heldu zen, oro itho beharrez.

        Gorria bazterretik, ni gibeletik, ardiak bagineramatzan aintzinean, ahalik eta lasterrena; eta bazoazin, bazoazin gaixoak, marrakaz eta marrakaz.

        Bat batean, ihurzuri bat egiten du izigarria, eta niri hurbil, garbi garbia, entzuten dut oihu bat: «Alda!!...».

        Nere arrosarioa eskuan, harritua gelditu nintzen. Uri uharraren artetik, nere beldurrarekin, ongi ikusten ere othe nuen? Ez dakit. Bainan, iduri zitzautan, han, hamar hurratsetan, xut xuta banuela halako molde xuri bat, ez jende, ez lanho... nik dakita zer, xuxen erraiteko. Eta, daldara batek hartua, han berean nindagon mututua, noiz eta ere aiphatu mixteriozko molde xuria hurbiltzen ikusten baitut oraino gehiago. Eta, hainbertzenarekin, lehen aldian baino borthizkiago, kexuago, oihu bera entzuten dut berriz ere: «Alda!!...».

        Hurrats bat ez nezaken gehiago. Orduan, iduritu zitzautan garbiki, xuri xuri zerbait, ximixta bezala heldu zitzautala gainera, eta —Jainkoa, zuk barka!— zuek orai ni bezen ongi, han berean, nere beharri ondoan, mehatxu batean bezala, boz bera entzun nuen hirugarren aldikotz, bainan zoin saminki. «Alda, alda bada hortik!...». Jauzi bat egin nuen bazterrera, jakin ere gabe zer ari nintzen, eta, karraska izigarri batean, ihurzuria erori zen, han berean, doi doia ni xutik nindagon tokian, alimaleko zilo bat egiten zuela lurrean...

        Eta, orduan berean, bere azken oldarra hortan botatu balu bezala, kalerna barreiatu zen burrunbaka, eta iguzkia, halako iguzki hits hits bat, agertu zen hedoien artetik.

        Bainan, banuen aski izialdura arratsalde hartako, eta, haia haia, nere ardiak aintzinean, harritua sartu nintzen herrian. Eritua bezala egon nintzen, zonbait egunez. Sendatu nintzen, gazte nintzelakotz; bainan, sinhesten ahal duzue handik harat ez nuela othoitz gutiago egiten nere aingeru begiraleari eta... Baigurako Aingeruari, etxetik atheratzean, bereziki mendira behar nuelarik.

aurrekoa