www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio-mixterio
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ichtorio michterio, Jean Barbier. Imp. du Courrier, 1929

 

aurrekoa hurrengoa

16.
MARRO BELTZ ARDI

 

        Orai berrogoi eta hamar bat urthe, Uztaritzeko eta Senpereko mugan bazen etxe bat, Hamalauenea deitzen baitzuten orok, hamalau seme bazirelakotz etxe hartan.

        Ikazkinak ziren sortzez eta izaitez. Ikazkingoatik guziak hazteko sobera izanez, Ameriketarat joan ziren zonbeit. Eta, etxean gelditu ziren Pepe Handi zaharrena eta Pepe Ttiki gazteena; batto handi bezen bertzea ttiki.

        Hor, igande arratsalde batez, aitak erraiten diote Pepe Handi eta Pepe Ttikiri:

        «Badakizue zer egin behar zindukuten, haurrak?

        —Ez, aita.

        —Zoazte Menttara, eta ekharratzue handik bi xahako arno eta hamabi xardina. Bi ikaztoi egin behar ditiagu helduden astean, eta, gisa hortan, izanen diagu zer jan eta zer edan.

        —Ba, aita, gure xahakoak hartu eta, berehala bagoazi».

        Hola egin ere baitzuten.

 

* * *

 

        Pepe Handi eta Pepe Ttiki, gainez gain joanik, menttara heldu izan ziren arte laburrez.

        Menttan xahakoak betherik, beren dotzena xardina golkoan sarturik, ahamen bat doi-doia ithoka janik, kopa bat agorient hurrup eta klik iretsirik, draga draga bazoazin beraz etxe-alde, ilhuna kasik zutelakotz han berean.

        Eta, Okilaueko patarra goiti heldu ziren jada, solas eta solas, maiteki:

        «Gure aitaren loria, sarri!

        —Ba, gaur norbeit loriatzekotz, hura eginen duk, puska hauk oro guk etxerat eremaitearekin!».

        Baietz eta baietz, heltzen dire holaxet Kamieten-bordako parrera.

        Hor, bet-betan, Ilitxipiko Haitz Handiaren aldean iragaitearekin, halako oihu bizi bat entzuten dute:

        «Huntza othe zuan hoi, Pepe Ttiki?

        —Ez... Izaitekotz ere, gau-belea!».

        Hainbertzenarekin, biek betan, behatzen diote Haitz Handiari, eta zer ikusten dute? Haitza, beheretik eta gaineraino, floka gorri ilhun batzuz aphaindua!...

        «Ai, ai, ai! Toki onean gaituk to, Pepe Ttiki!... Sorginak dituk hemen! Guen aitari nihaurek entzuna diat, lehen, sorgin horietarik hiru hemen nonbeit egoki direla: Marie-Martin, Maria-Biperbeltx eta Atso Katero. Mogitzen ahal gaituk hemendik, eta zalukara!...».

        Eta, hori hek erran orduko, mamu-bulto bat jauzian heldu zaiote aintzinerat, oihuka, karrasiaka:

        «Hattikun, hai, hai, hai!»

        Eta bertze mamu batek, bere aldetik:

        «Akhelar, bai, bai, bai!».

        Pepe Handik, berehala, beso-gibelka, bere xahakoarekin, jotzen du sorginetarik bat, eta hortan galtzen... bere xahakoa. Sorginak ebatsi alabainan.

        Egin ahala laster, ixil ixila, berritz bazoazin gure bi anaiak. Eta Jazarketako ondoraino heldu ere izan ziren, deus bertzerik gabe.

        Bainan gero, han (haste eta gure!) oihu bera berritz ere:

        «Hattikun, hai, hai, hai!

        —Akhelar, bai, bai, bai!».

        Xahakoarekin, Pepe Ttikik du arthikitzen, oraikoan, hurbilegi atrebitu zaioten sorgina... Bainan, adio bere xahakoa! Sorginak eremana dio hari ere!

        Bi xahakoak galdurik, xardinak gelditzen zitzaizkoten beraz doi-doia!... Gogoa ilhunik, ixil ixila heldu ziren beraz etxe-alde...

        Eta, Ur-Onttoko ithurrira heltzearekin, huna berritz traba bera, huna karrasi lazgarria:

        «Hattikun, hai, hai, hai!

        —Akhelar, bai, bai, bai!».

        Pepe Handik, den gutieneko durduzarik gabe, hartu bere xardinak eta, besagainka bota ziozkan hirugarren sorginari... Eta hunek, arrapalamako, guziak ereman berekin...

 

* * *

 

        Doi-doiako beren atsegina suntsiturik, harrituak heldu ziren beraz orai Pepe Handi eta Pepe Ttiki. —Aitak zer erranen othe zioten? Eta futxo, ez zen gibelerat itzultzerik! Sobera izituak ziren hortako!...—

        Hola, jin, jin, jin heldu zirelarik, bere ardien alharazten ari, Larre-Luxeko malda gainean, ikusten dute Manuel, Artzain Handia. Eta Manuel, gure bi anaiak ezaguturik, hasten zaiote galdeka:

        «Non zabiltzate tenore huntan, Pepe Handi eta Pepe Ttiki?

        —Ez sobera bide onean, naski, Manuel!

        —Nik ez zakiat bizkitartean hobeagorik. Zer gerthatzen zaitzue beraz gaur bieri?

        —Zer gerthatzen?... Bide hortan guk ikusi ez dugun jostetarik ez da...».

        Eta Pepe Handik guziak hantxet erraiten diozka Artzain Handiari.

        «Eta, zer zaizte ala izituak hortako, eta lotsatuak ere etxerat itzultzeko? Zaudete beraz hemen berean, eta, ene Marro Beltzekin, guziak bilduko dauzkitzuetet nik, arte laburrik barnean... Nontsu utzi ditutzue zuen sorginak?

        —Ur-Onttoko ithurrian, azkenik...

        —Ongi duk. Bego neri gaineratekoa... Goazen, Marro-Beltz!...».

 

* * *

 

        Eta, gau ilhunean, horra Manuel Handia, Marro Beltzekin joaki, Ur-Onttoko ithurrira buruz... Hurbilduxe delarik, kantaz ari entzuten ditu hiru sorginak; Marie-Martin lehenik:

 

                «Xardina begi gorria,

                Itsasotik ethorria!».

 

        Gero, Maria Biper-Beltx:

 

                «Badiagu mama ona,

                Pepe handiarena!».

 

        Atso Katero azkenik:

 

                «Nik bertze mama ona,

                Pepe Ttikiarena!...».

 

        Han zituen beraz hiru prendak. Manuelek, berehala, oihu egiten dio bere marro alimaleari:

 

                «Marro Beltz Ardi,

                Hiru, bi, bortzeko!...».

 

        Eta, hitz horiek entzutearekin, lur guzia aztaparrez harrotzen duela, hiru urhats egiten ditu marroak gibelerat.

 

                «Bortz, hiru, biko!...»

 

        Eta jauzian joanik, Marro Beltzek ataplau botatzen du lehenbiziko sorgina.

        Eta manu bera emaiten dio berriz Manuel Artzainak:

 

                «Hiru, bi, bortzeko!...

                Bortz, hiru, biko!»...

 

        Ataplau, plau... jo oraikoan bertze sorgina!...

        Eta gero azken manua, aire berean:

 

                «Hiru, bi, bortzeko,

                Bortz, hiru, biko!»...

 

        Eta, Marro Beltzek, oldar izigarrian, lau hatzez gora arthikitzen du hirugarren sorgina... Adios Akelarre! Suntsitu ziren gure sorginak, eta suntsitu sekulakotz!...

 

 

* * *

 

        Manuel Artzain Handiak, orduan, bildu zituen bi xahakoak. Ez ziren arras arras betheak; bainan deus guti zuten eskas, edaten hasi berriak oraino zirelakotz sorginak. Xardinak aldiz han berean utzi behartu zitzaizkon, erdi janak hek izanez, eta sorginek eta marro mixteriozkoak aztapar-zangopetan zikinduak.

 

* * *

 

        Pepe Handi eta Pepe Ttikiren loria, Manuel Handiri xahakoak ikustearekin!...

        «Huna zuen xahakoak! Arno gehiena ere hor duzue... Xardinak, hatik, han berean utzi behar izan ditiat; sobera fundituak zituan...

        Hirriz, orai, aitari kondatuko ahal ditutzue egungo zuen gerthakariak.

        Eta gero, berriz ere nitaz behartzen bazaizte sekulan, orhoit Artzain-Bordan egoiten direla Manuel Handi eta Marro Beltz Ardi».

 

aurrekoa hurrengoa